Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

 

Dena doa eztenaren bidean

eta egun batean ezer ezta izanen, ezpada

ezer eztena.

                                      Gabriel Aresti

 

 

Diz-diz egin zuten Emmaren begiek.

        — Fernandok urte asko eman dik hemen, baina sortzez Iruñekoa duk.

        Begi biziak ziren, ume bihurri batenak bezalakoak. Galderrek pentsatu zuen Fernando baten beharrean egon zitekeela. Edo Angel baten beharrean. Edo Carlos baten beharrean. Edo Ben Capon baten beharrean.

        — Egunkariak kazetari bat behar dik Espainian. Hara joan hadin nahi diagu. Zer deritzok?

        Zuzendariaren eskaerak ez zuen Capon ezustean harrapatu. Bazekien halakorik eskatuko ziola goiz edo berandu: nahi diagu... Abisiniatik bueltatutakoan beste gerra batean ez zela murgilduko adieraziagatik ere. Nahi diagu... Ez zuen oihu lazgarririk entzun nahi. Ez zituen soldadu italiar engainatuen gorpuak usaindu nahi. Ezikusiarena egin gura zien gizonen miseriei. Odola etorri zitzaion gogora. Pamplona ezagutzeak kitzikatu egiten zuen, baina eskarmentuak ziotson ez zuela Hemingwayren hiriaren arrastorik topatuko.

        Fernandoren etxe aitzinean gelditu ziren. Bere luze-zabalean presondegi zahar baten tankera zeukan, lohi eta goibel. Basauri Martutene Nanclares San Roke. Auzune pobreenetan etxeek beti dute presondegi tankera. Santoña.

        — Gure kartzeleak lau pisu eukazan. Ziegeak lau metro luze eta bi zabal ziran, eta leiho txiki bana eukien goian. Bakotxean zortzi edo gengozan. Ez genduan oherik, zementu gogorra eta hotza baino.

        Etxeak hiru solairu zeuzkan. Hegal batetik bestera, korridore luze batek errektangulu itxura ematen zion. Pisuetako ateak ziegetakoak izan zitezkeen. Pasabide estuan talde bateko mutil luzangak borroka plantak egiten ari ziren. Neska batzuk barreka eta garrasika oiloturik. Galderrek bazekien beltzak zirena aurpegirik ikusi gabe. Auto deportibo bat aparkaturik zegoen aurrealdean.

        — BMW duk Londresko beltzen autoa. Black Men on Wheels esaten zieagu —esan zuen Emmak.

        Muker itxurako gazteak salatzen zituzten hainbat graffitik janzten zuten iruindarraren pisuko egurrezko ate erdi puskatua. Kanpoan hezetasuna zitala zen, negua. Londres negua da. Atepostan Fernandok bere burua aurkeztu zuen. Galderrek hirurogeita hamabost urte bota zizkion lehen behakoan, laurogei, agian gehiago. Jose Urkidi bera zitekeen. Edo Ben Capon.

        — Gerrako kazetari bat. Ingelesa. Iparraldeko frontean ibili zen batik bat, Bilboko erasoaldian.

        — Ez dot haren akordurik, Galder.

        Manuel Ziarsolo. Estepan Urkiaga. Iñaki Eizmendi. Jesus Intxausti. Jose Maria Arizmendarrieta. Alejandro Mendizabal. Agustin Zubikarai. Eguna eta Euzkadi-koak bazter batera, Josek bazekien 36ko kazetari guztiak gezurti hutsak zirela.

        — Guk Barazar eta Dimako lubakietan, bernak ederto lokazturik, irakurri ohi genduzan. Halan jakiten genduan zenbaterainoko triskantzeak egiten eben geure kaskoen ganetik Bilborantz abiatzen ziran Heinkel eta Junker doixtarrak. —Joseri lokiak nabarmentzen zitzaizkion hunkitzen zenean; sorbaldak goratzen zituen, berriz, Galderrek kanpoko kazetariez galdetzen zionean—. Handik hona, mutil, gauzak goitik behera aldatu dira, zorionez aldatu be.

        Capon nor zen Josek ez jakiteak ez zuen Galder harritzen. Ez zuen zertan jakin. Euzko Gudariak behar den moduan abesten ere ez zekien. Agian, horregatik ez zen Euzko Alderdi Jeltzaleak antolatu omenaldietara joaten. Caponek, ostera, bere senideak balira bezala gogoratzen zituen ikasitako izen guztiak: politikarienak ofizialenak kazetarienak hildakoenak. Den-denak. Agirreak sanjurjoak largo caballeroak castilloak serrano suñerrak. Denak.

        Emmari begiratu zion azalpen baten eske, baina zegoeneko bizkarra erakusten ari zitzaion, barrurako bidean. Baldartasunik gabe zebilen Fernando, urteak gorabehera. Argala izateak zerikusia izango zuen hartan. Pozik nabaritzen zitzaion. Pozik zirudien Emmak ere. Egongelara sartu orduko, zapata beltzak zein galtzerdiak erantzi eta elkarren gainean jarri zituen oinak. Deseroso sentitu zen Galder. Gelak anabasaren aldarri egiten zuen. Mila gauza zeuden han-hemen sakabanaturik. Zoruak astebeteko inbentarioa eskatuko zukeen. Fernandok bazuen zer idoro eta zer sailkatu: liburuak paperak kaierak egunkariak. Hormek ere ez zuten zorte hoberik ezagutzen. Hantxe zeuden gizon txiki hark bizitzan metatutako grabatuak margoak argazkiak. Gehienak ez ziren liburuen orrialdeak baino handiagoak. Ehun pasa izango ziren eskegita, ageriko ordena bati erreparatu gabe.

        Arratsaldea aurrera joan zen ohartu barik. Neguko arratsaldeak ez dira arratsaldeak. Arratsak dira. Bilbon udaberriak ez bide zuen agertzeko asmorik. Caponek lehendik zekien urte osoa zela negu gerra batean. Hala ere eskertzen zuen bere herrian baino beluago iluntzea. Gerretan alde batean arratsaldeak direnak, arratsak dituk beste batean. Aurreko hilabeteak ekarri zituen gomutara. Abenduan Jose Ramon Aiestaranek barrengorri batzuk eraman zituen moilan harrapaturiko katua goxo maneatzeko; urtarrilean Torrontegi hoteleko emakume aberats batek Elegantes erre zuen gorde-gordeka; otsailean Pakita Mendiluzek ez zuen Erriberako merkatuko bere saltokia zabaldu; martxoan gero eta nekezagoa zen itsasontzi britainiarren txopak Punta Galeatik ikustea. Santoñan harrapatu zuela artritisa esaten zuen Josek. Eta gero artrosia. Galderrek sinetsi egiten zion. Baita benetako bataila gerra amaitutakoan jokatu zela esaten zuenean ere.

        — Gerrea amaitu ostean be beharko leukez hamabi hilabete ofizial neguak. Aurrekoek ondasun estimagarriak itxi euskuezan. Mantak eta erre behar izan genduzan. Zorriketan ibili beharrean gengozan. Lehen Mundu Gerrako lubakietan lez, sekula ez dakizu noiz urtengo dozun edo, urten ezkero, zelan urtengo dozun. Eta, bien bitartean, astiro usteltzen zara.

        Galderrek argazki bat bota zuen lurrera, zuri-beltzezkoa eta zaharra. Fernandok ez arduratzeko esan zion. Herri bateko etxe deuseztatuek itxura ezin beldurgarriagoa erakusten zuten. Bakan batzuk soilik zeuden tente, baina hutsik barrutik, inork edo ezerk arima ostu balie bezala. Toki gehienetan hormak eta zutabeak bakarrik gelditzen ziren. Harrizko etxeen kanposantua ematen zuen. Egun eguzkitsu batean ateratakoa zen argazkia, harriak itzala hedatzen baitzuen kaleetara. Bitxia zen kaleen itxurazko garbitasuna. Enparantzaren erdian iturri bat zegoen eta alboetan, zauririk gabe, zuhaitz batzuk. Harri-metak lo zeuden mendi baten begiradapean. Isilik zegoen herria. Oso argazki isila zen. Argazki mutua.

        Handik gutxira Emmak amaitutzat eman zuen bisita. Inori deus esateko betarik eman gabe, galtzerdiak eta zapatak jantzi eta kalera abiatu zen. Galderri tabernakoan baino woman politagoa iruditu zitzaion. Ordu hartan sakelako telefonoz eztabaidan ari ziren auzuneko gazteak, zein baino zein. Autoa joana zen. Negua ari zuen. Londres negua da.

        — Ez egin kasurik hire lagun horri. BMW Bob Marley and the Wailers duk —esplikatuko zioten gerora Galderri etxekoek.

        Waterlooko geltokian inor ez zen arratsaldeaz mintzo. Hiritik kanpora eroango zituzten trenen zain zeuden bidaiariak, elkarrekin berbarik trukatu gabe.

        — Fernando testu bat idazten ari duk. Badituk urte batzuk lan egiteari utzi ziola, eta orain testu bat idaztea erabaki dik.

        Galderrek irri egin zuen bere artean. Hark azaltzen zuen Fernandorenean horrenbeste paper handik eta hemendik egotea. Gelako anabasak ez zion besterik adierazten. Joserekin gogoratu zen.

        — Neuk be eskribidu beharko neuke bat, ez dozu pentsetan?

        Aitortu ohi zion kartzelaratutakoan hasi zela gerra galtzen, eta ez sartu orduko. Oraindik, gaur egun ere, askotan iruditzen zitzaion galtzen jarraitzen zuela.

        — Jakiterik badago zertaz ari den?

        Emmak denbora tarte bat hartu zuen erantzun aurretik.

        — Bere heriotzaz. Edo Fernandok dioen moduan, idazkia bera duk bere heriotza. Gaixorik zagok, luze gabe hilko duk. Testamentu bat utzi gura dik.

        Koadro eta argazki bakoitzari zentzua ematen hasia zen. Edonoren begietara, izuaren galeria zen Fernandoren gela. Zirraragarriak ziren liburu koadro argazki haiek guztiak, espantagarriak. Errazago ulertzen zituen gerra eta hondamendien argazkiak. Irudi apokaliptikoak. Edonon agertzen zen haragirik gabeko gizajendea enbata baten erdian, hamaika fusilatu behin-betiko erorikoaren aurretik, piltzarrez jantzitako umeak ogi-pusketa bategatik borrokan, gizon-emakume lepamoztuak. Usaintzeko modukoa zen. Kiratsa zegoen gela hartan, zokondo bazter apal horma bakoitzean, koadro liburu argazki bakoitzean. Arnasaldi bakoitzean sartzen zen kutsatzaile. Hilgarri. Londresko Dorreko tortura tresnak baino ankerragoak ziren gela hartako apaingarriak.

        Hiriko langarrak Emmaren trenaren ipurdia irentsi zuenean sartu zen metrora Galder. Thamesko gezurrezko lainoa barneratua zen lur azpiko tuneletara. Arratsaldea iragana zen ordurako. Fernandoren iragana. Emmaren arratsaldea. Gerretan, batean arratsaldeak direnak arratsak dituk beste batean, esaten zuen Caponek. Londres iluntzea zen. Emma, emakume pretty bat. Konturatu zen Fernandok nolabaiteko lotura mantentzen zuela jaioterriarekin. Gertatzen ari zenarekin. Ordu hartan oro zen lauso laino lurrun. Oro irudi. Oro mito. Oraina ari zuen. Negua ari zuen. Londres negua duk. Urte osoa duk negu gerra batean. Galderrek uste zuen hil-hurren zegoenak iraganaz bakarrik idatz zezakeela. Bagoian, aurreko trabestiari erreparatu zion. Tate galerian ikusitako Roy Lichtensteinen zezenekin gomutatu zen, non sei koadrok animaliaren abstrakzio-prozesua jasotzen zuten.