Paperezko hegazkinak
Paperezko hegazkinak
2002, nobela
152 orrialde
84-95511-50-9
azala: Belen Ibarrola
Lutxo Egia
1969, Santander
 
2011, narrazioak
2007, nobela
2005, nobela
 

 

 

...egunkarietan gaude,

baina mapetan ez...

    Zarama - J.L. Lafuente

 

 

Bravo Spain. Come to Bilbao. Don't expect to find a single museum, here the newest is inside and outside. Metroa ohi baino beranduago heldu zen Victoriako geltokira. Lanak ei zeuden Seven Sisters eta Tottenham Hale-ren artean. Bozgorailuetako ahotsak ez zekarren larririk. Lanak ziren. Londres lana da.

        Neguak lehena du gaur. Londresek lehenbiziko belarrondokoa eman ziola aste batzuk baziren arren, hiriko orrazkerez sorgindurik segitzen zuen Galderrek. Are gehiago, erabat sinetsita zegoen ezingo ziela sekula ihes egin. Lur azpiko pasabideek kalpar bilduma ederra aurkezten zuten: afaritarako orrazkerak sakelako telefonoei itsatsitako orrazkerak iruzur egiteko orrazkerak maltzurkeriarik gabeko orrazkerak zoko batean maitatzeko orrazkerak... Emakume beltzen orrazkerak ederresten zituen gehien. Gainerako bidaiariei bezain garestia ateratzen zitzaien baina bazen alderik batzuen eta besteen artean.

        — Artea barrenean eta kanpoan? Guggenheim??? Afroingelesok kasko gainean eramaten diagu gau eta egun.

        Art inside eta art outside.

        Warren kalean langarra ari zuen. Metro-geltoki inguruan oro zen euritako beltz euritako koadrodun euritako gorri-berde euritako zahar. Ezinezkoa zen eraikinen goialdeetako publizitatea ikustea, guardasolek dena estaltzen baitzuten. Jose Urkidi, Erandioko gudari zaharra, ikaragarri haserretzen zen Galderrek esaten zionean Bilboko eta Londresko eguraldia antzekoa zela.

        — Ingelesak eta bankuak dira bardinak. Eguraldi ederra egiten dauenean guardasola eskainten deutsue eta eguraldi txarragaz, ostera, kendu. Amarru eta traizinoa daroez odolean.

        Geltokiko sarreraren ondoan kiosko batek munduko gertaerak ematen zituen egunkari berdinetan, gertaera berdinak balira bezala. Ez zegoen zorioneko museoaren aipamenik. Hura barik, ertz batean euriak Espainiako kazetetako orrialde deigarriei erasotzen zien. Gertaerak ematen zituzten haiek ere, gertaera espainiar berdinak. Titularrak irakurtzen ari zela, Galderrek egunkari-saltzaile pakistandar baten begiak sumatu zituen bizkarrean, aizkora baten gisa. Ez zen zaila antzematea kanoi-zuloetako balek zekarten sutautsa:

        — Espainiarrak eta italiarrak berdinak zarete.

        Egia duk.

        Pakistandarrari nekeza zitzaion asmatzen begiluzea espainiarra ala italiarra zen. Londresen oro da euri fin zirimiri langarra rain. Galderrek berak ere ez zekien Espainiako ala Italiako euskalduna zen. Euskal Herriko prentsa ez zen haraino iristen eta garestia zen Madrilgoa. ¿A dónde quiere llegar Pujol? No se puede imponer el aprendizaje de una lengua.

        Taberna batean elkartu zen Gerra Zibileko kazetari ingeles ospetsuenaren bilobarekin. Emma. Pintak egonean zeuden artean. Almortzuaren ordua zen, desordua eta desordena. Gustura ziruditen bezeroek. Ez zioten elkarri deus ere esaten. Denek lepoa makurtzen zuten bakon zati baten bila eta denei errepidearen nekea nabaritzen zitzaien mugimendu dorpeetan. Londresko autobus-geltoki nagusia zegoen aurreko espaloian. Bidaiariak ziren bezero gehienak. Bidaiaria zen Galder ere. Bidaiari mutua edo mutuarazia. Espainiar edo italiarra.

        Oso dotore jantzita agertu zen neska ingelesa. Lanetik bide zetorren. Liverpool kalean zeukan bulegoa, eta han marra batek bereizten ditu dotore janzten direnak eta praka maiztuak janzten dituztenak. Janzkerak egiantzekotasuna ekarri gura zion topaketari. Behar zuen. Benedict Caponen biloba zen Emma. Gerra Zibileko kronikaririk garrantzitsuenaren biloba. Espainiako gerra hogeigarren mendeko gerrarik ankerrenetarikoa izaki.

        Emakume polita duk, neska beautiful.

        Begitandu zitzaion egundoko mesedea egiten ari zitzaiola. Ederki aski ezagutzen zuen irribarre ingeles gezurrezko hura. Londresko aldi baterako lan-bulegoetan ikasia zuen. Kanpotar bat atetik sartu orduko egin ohi dute irribarre hori lukurreru zeken abarizios berriek. Lana da. Londres lana da.

        Margaret Astor haragitsuak tabernatik alde egiteko gogoa ezkutatzen zuen. Galderrek ere bere egin zuen handik urruntzeko nahia. Capuccino negargarri bana edan ondoren, mahai gainean utzi zuen neska agertu aurretik irakurtzen ari zen egunkaria. Astunegiak iruditzen zitzaizkion hitz ingeles adigaitzak.

        — Lagun bat ikustera joan gura diat —esan zion Emmak—. Fernando dik izena.

        Galderri bestelako asmoak bururatu zitzaizkion. Hausnar egin zuen. Ben Caponek eta Gerra Zibilak eraman zuten Londresa. Emmak, haren bilobak, eroan zuen taberna hartara. Neska ala emakumea. Girl ala woman. Zinez eskertzen zuen hark gazteleraz ederto egitea.

        Ofizial errepublikarrak benetan eskertu zuen Capon gazteleraz ederki mintzatzea. Begitarte hitsa zeukan. Ebakiondo belztu batek ezker-eskuin zeharkatzen zion bekokia. Nekez ageri zitzaion erakutsi nahi zuen begikotasuna. Berba ingeles adigaitzak korapilatsuegiak ziren.

        Oinez zihoazen, Tetuan de las Victoriasen gora. Ofizialak aitortu zion faxistek, fraideek, dirudunek eta susmopean zeudenek bazekitela, CNTko miliziarrekin topo eginez gero, aukera gutxi zegoela paseotik libratzeko. Tetuanen bertan ematen zieten tiro garondoan, Legazpiko hiltegietako sarreretan Casa de Campon Maudesko errepidearen ondoan Chamartinen Fuencarralen Villaverden. Kordobako frontetik zetorren heriotza-treneko dozenaka prisionero metrailatu zituzten Pozo del Tio Raimundon. Vallecasko lur-emaileak 189 gorpu zenbatu zituen. Ez zegoela ados hilketa haiekin. Aukeran txekak nahiago zituela, baina egia entzun gura bazuen, haietako sasi-epaiketak ere ez ziren ba oso fidagarriak. Gezurra zirudien arren, matxinatuen lagunentzako tokirik seguruena kartzela zela. Caponek burua mugitu zuen zalantza adierazi nahian. Modeloko hilketak ekarri zizkion gogora ofizialari. Porlier eta Ventasen egokitutako kartzelak. Ventaskoak Aravacan fusilatzen omen zituzten; Ramiro de Maeztu ABCko kazetariak aurpegiratu ei zien ez zekitela zergatik hiltzen zuten. Ofizialak gogo txarrez onartu zuen harena, baina kontuz ibiltzeko informazioarekin. Faxistek ankerrago jokatzen zuten beti, garbi geratu behar zitzaion.

        — Londresen baino hobeto ez duk inon jaten —ausartu zen Emma.

        Galderrek barregurari eustea lortu zuen nola edo hala. Edukazio oneko agertu gura zuen. Ez zekien xedea iritsi zuen. Ematen zuen Emma ohartua zela astakeria zeritzola aipatutakoari. Kanpoan oro zen euritako beroki eskularru umbrella presa. Tabernatik ikusita zentzugabea zen presa. Alferrikakoa zen euriari ihes egiten ahalegintzea. Alferrikakoa zen barregura irensten saiatzea.

        — Londresko Meson Bilbaon ondo ematen diten jaten, hori besterik dun.

        Emmak bereari eutsi nahi zion. Gerra guztiek bere setak dituzte. Halaber, gerra guztiek beren goseteak dituzte, beren urkiditarrak beren gudariak beren otserriko berriemaileak. Jose Urkidi gudari erandioztarrak ez zuen Caponen aditurik. Kazetaria Arenaleko Torrontegi hotelean bizi zen. Erran zioten Carlton hobea zela baina, tamalez, Agirreren gobernuaren egoitza bilakatua zen, bonba bat Bilbaina Soziedadean jausi ondoren. Kazetari ingelesek, ordea, bazekiten oso toki gutxitan jaten zela Torrontegin baino hobeto. Bilbo goseak zegoen eta horrek konponbide hobea zuen hotelean, non Asturias eta Santanderko errefuxiatu eskuindarren eta kazetarien diruak mirariak egiten zituen. Caponek susmoa zuen hotel hartan berdin jango zela Bilbao erori ostean.

        Galderrek Jose ekarri zuen gogora. Haren iritziz, Santoñako ziegetan zomorroek hobeto jaten zuten Euzko Gudarosteko gizonek baino.

        — Behin bakailaoa jan genduan guk. Gerrea amaitu barria zan. Eta amaierek garaileak eta garaituak dakarrez. Batzuk nahiz besteok jan genduan gauza bera egun haretan. Tira ba, gutariko batzuk uko egin geuntsan garaileen janari. Alferrik, ba. Kanposantuetan eta presondegietan garaileak eta garaituak ezin deutsie alkarri ihes egin.

        — Santoñññ?

        Bistan zegoen Emmak ez zuela Kantabriako herriaren berri. Gerrak azkentzen diren heinean hasten dira gainezkatzen kartzelak. Bost mila bederatziehun eta laurogeita hemeretzi gehi Jose, esan zuen Galderrek. Hark ez zuen adierazi nahi haren aitonak ezagutu ez zuenik. Ezagutu egin zuen, barrura gabe. Capon Ajuriagerrarekin zegoen Seven Seas itsasontzia soldadu errendituak jasotzera etorri zenean. Joseren ustez, Ajuriagerra Miarritzetik itzuli izanak frogatzen zuen eurek, abertzaleek, ez zutela ezelako traiziorik egin. Emmari Bilbo erori baino lehenagoko gertakizunez baizik ez zion galdetu behar. Eta Galderrek detaile ugari zeukan itauntzeko.

        — Bai, Santoña.