Euskal karma
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
azala: Garbiņe Ubeda
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
aurkibidea
 

 

—15—

 

Euskaltzaleen Batzorde Iraunkorra nire zain bildurik zen Arantzazura itzuli nintzenean —zeren, azkenik, Berlusgoñik joaten utzi baitzidan, inguruotatik desagertzeko eta Artximandritaren bahiketaz ezer ez esateko baldintzapean—, etsia, nekea eta zaputza nagusi ziren giroan. Nazkaturik gaude B-12rekin, esan zidaten. Ez da mutil txarra baina tematia da, ekina. Pentsa nola egongo diren gauzak: batzuek edateari ere utzi diote. Bestela ere badaukagu txupatzeko nahikoa. Baina hori baino ez balitz, gaitzerdi; halako batean hasi zen esaten gramatika generatiboa erakutsiko ligukeela... atzeko latinetik emanda! Harrezkero gramatika sailekoak eseri ezinik dabiltza. Ikasi ote duten, ez dakit; ez dute ezetzik esaten, jakina, baina irribarrea egiten saiatzen direnean ere muturra agertzen dute. Eta B-12k, hitz onak bai, hiztun aparta bai, baina, horretaz landa, sekulako gordetegiak bide dauzka, badago denentzako aski eta abasto, ez da sekula nekatzen. Gainera, badu halako ziri berdexka bat, oker samarra, eta hazia edo dena delakoa ere berdexka eta halako mingostasun puntuarekin... Ez nuela xehetasunik jakin nahi esan nion.

        Eta zu? galdetu zidaten orduan. Ekarri duzu kanonik? Egon zara Mitxoletarekin? Zer moduz dago? Egia da dena paripé dela esaten duela? Egin zidaten galdera-uholdeak argi erakusten zuen ni nintzela dohakabe haien azken itxaropena.

        Hori horrela, ez nuen bihotzik eduki Mitxoletarekikoak ziren-zirenean kontatzeko. Alderantziz, alimoak jasotzeko ahalegina egin behar nuela iruditu zitzaidan. Beraz, denak bildu nituen eta dohakabe horien izpiritua aupatzeari ekin nion. Ezer baino lehen, esan nien, Mitxoletak zuentzat eman zidan mezua emango dizuet.

        Denak nik zer esango zain geratu ziren.

        Mitxoletak egin bezala, «Aleeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeeetí!!!» oihukatzea pentsatu nuen, baina hori arriskutsuegi zen, ondorio larriak eta kontrolagaitzak eduki zitzakeen. Orduan, beste hau esan nien:

        Mitxoletak esan dit zuei guztiei iragartzeko derbirako sarrerak dituela, guztientzat!

        Iragarpenak denen bihotzak alaitu zituen, baita ortodoxoen, jakintsuen eta defendatzaile porrokatuenenak ere, bozkarioa nonahi barreiatuz. Gero, honela segitu nuen:

        Paripé, diozue?, asmatu nuen, ez neska-mutilak, alderantziz. Berak dioena da paripé hitza euskaratik datorrela, hain zuzen, eta ez ijitoen mintzairatik edo are sanskritotik, espainiarrek esaten duten bezala. Eta esaten du —mintzatu ahala ari nintzen asmatzen— bizkaieratik datorrela.

        Entzuleak adi-adi nituenez, fikziozko elkarrizketa hau jarri nuen bi bizkaitarren ahotan: 1.- bizkaitarra: Ederrrra, neskia! 2.- bizkaitarra: Hori neski hori? Ez dauko titirik, baina. 1.- bizkaitarra, ostera: Titirik barik be... (titirik paripé). Eta hortaz, bukatu nuen nire azalpena, hortik zetorrela —esaerak eta hitzak jatorrizko esanahitik apur bat desbideratzen dituzten fenomeno soziolinguistikoak medio— paripé hitzaren bidez zerbaitetik eduki ez eta edukiko balitz bezalako plantak egitea, edo simulatzea, faltsutzea, eta faltsukeria sinesten delakoa egitea. Ez dut esango azalpena jeniala zenik, baina ataka hartatik ateratzeko asmatu nuela aintzat hartzen bada, ez zitzaidala hain gaizki gelditu esango nuke. Bide batez, entzuleengan sorraraziriko onespenezko giroa profitatu nuen Mitxoletak emandako kanona jendaurrean aurkezteko. To, esan nien, eta hau da Kolko Mitxoletak eman didan kanona. Hurrondo-makila hartu eta buru gainetik altxatu nuen, denen bistan.

        Makilari, ordea, ez zioten hain harrera ona egin. Hori!!?? Orain hori!!?? egiten zuten oihu batzuek, bortitz. Hori ez, hori ez!!! Batzuek gaizki ulertu zuten, antza, eta hortik oihuak; azalpen bat beharrezkoa zen. Eta hala, kanon hura ez zela ipurditik sartu behar (nork bere borondatez izan ezik) azaldu behar izan zitzaien oihulariei.

        Batzorde batek hartu zuen bere gain kanona B-12ri aurkezteko ardura. Neu denen buru, noski.

        B-12k feriara baino lehen artatutako zezena zirudien, nik esan beharko banu. Oso itxura ona zuela, alegia. Kotoizko irribarre bat zebilkion musuan, eta potoloago zegoen. Orain ikusteko zegoen zer egingo edo eginaraziko zuen, zer mirakulu obratuko zuen hurrondo-makila harekin.

        Gure harridurarako —harridura erlatiboa; besteak bai, harrituta zeuden, baina nik nire dudak neuzkan aldez aurretik—, B-12k hasperen egin eta makila alde batera bota zuen, kasik begiratu ere egin gabe.

        Hau? esan zuen. Barkatu lagunak, baina uste dut ez duzuela gauza handirik uler... azken unean iritziz aldatu eta beste mutur batetik ekin zion: Bon, ikasi duzue kanon, kanon literario bat edukitzeko beharrezkoa dela ulertzen den hizkuntzarik, idazlerik, hiztunik, unibertsitaterik, erakunderik... Eta libururik! Liburuak, batez ere! Liburuak, noski! Hori guztia ikasi duzue. Tira, zer edo zer bada. Orain, horrelakorik eduki gabe ere, edo erdizka edukirik, nonbaitetik hasi beharko duzue. Esaterako: ez al zaizue Filologia Fakultate bat antolatzea bururatu? E? Zergatik ez? Ea, ekin gogor. Eutsi goiari. Ezina ekinez egina. Gora gu eta gutarrak. Ni banoa. Hor zehar, galaxiaren luze-zabal osoan, badaude hizkuntza gutxituak dituzten planeta asko, eta segitu behar dut nire mezu askatzailea barreiatzen. Ez zenuten uste izango betiko geldituko nintzela, ezta? Gora munduko gutxituak! Lortu egingo dugu, bukatu zuen, ukabila goian.

        Hau esanik, bere gauzak prestatzen hasi zen, gu han ez bageunde bezal-bezala. Partitzeko tenoria.

        Zerbaitek agindu zidan, barru-barrutik, gauzak ezin zitezkeela horrela gelditu. Ezin nion tirriari eutsi. Hurbildu eta B-12ren larru berdea ukitu nuen. Ukitu bezain pronto, larru berde hura zenbait tokitan altxatu egiten zela konturatu nintzen, arrain bati ezkatak kentzen zaizkionean bezala. Are, larru berdea haragitik bereizten hasten zela iruditu zitzaidan, halako moldez non laster soinetik bereiz, zintzilik, dilindan zegoen bost-hamar zentimetro luzerako larru berde-muturra haztatu nuen. Tira egin nuen mutur hartatik. Susmatu bezala, larru berdea desitsasten hasi zen, pegatina txar bat bailitzan. Azpian larru zuriko gizon antiojodun bat agertu zen.

        Horrorea izan zen.

        Baina, baina, baina!!!???... Ez zen posible!!!

        Ez al zen... Jo... Jo... Jo... Jo... Jua... Jua... Jua... Juaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaaarrrgggsssfff!!!!!