Euskal karma
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
azala: Garbiņe Ubeda
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
aurkibidea
 

 

—10—

 

Berbalapiko haren ondoan, eta haren esanetan, geldituz gero ez nuela sekula Mitxoleta topatuko egin zitzaidan susmo. Hori guztia oso ongi dago, baina liburua bukatzerako Amazoniako zuhaitz guztiak moztuko dituzte, esan nion Berlusgoñiri, neu nintzela egoeraren jabe konpreniaraziz, eta nik nahi dudana Mitxoleta aurkitzea da. Nola bilatuko dut Mitxoleta Amazoniako oihanean, jada oihanik ez dagoenean?

        Konforme, esan zuen Berlusgoñik, Balzacen obrak gordetzen zituen eta ni poliki-poliki igotzen ari nintzen poltsari zeharka begiratuz, baina ez inori esan, gero, eraman zaitudanik. Berarekin ordubete utziko zaitut eta gero zuk libre utziko nauzu.

        Baldintza horietan konformatu ginen.

        Mitxoletarengana iristeko iturbururaino egin behar omen zen Amazonas ibaian gora. Gondola bat alkilatu genuen. Ba omen genuen bidaia puska baterako. Ibaian gora egitea, nolabait esan, munduaren hasierako garaietara itzultzea bezalakoxea zen.

        Gondoleroak hagitz hankabiko alaia zirudien; atorra zerrendaduna eta txano xingoladuna zeramatzan, eta belarri bat falta zuen.

        Berlusgoñi ongi loturik utzi eta gero, belarrian zer gertatu zitzaion galdetu nion gondoleroari, eta honek, hori ez ezik, toki apartatu eta ogibide harrigarri horretara eraman zuena, hau da, bere historia, kontatu zidan.

        Begira, esan zidan, hasieran ni gizon guztiz normala nintzen: pisu oso txiki eta zahar baina aldi berean izugarri garesti batean bizi nintzen, hirian, emakume bakar batekin, izatez poligamoa banaiz ere, eta lan egiten nuen zortzi orduz ezertarako ere gustatzen ez zitzaidan lan batean, pisua eta gainerako kontsumogaiak pagatu ahal izateko, beti zorpean ibiltzen nintzen arren. Hau da, zoriontsua nintzen. Baina zoriontasunaren hegoak laburrak dira. Laster hasi ziren gauzak nahasten, batez ere konturatu nintzenean kalkulua gaizki egin eta gustatzen ez zitzaidan zortzi orduko lanean irabazten nuenarekin ezin nituela hilero kontsumogaiek sortzen zituzten zor guztiak estali. Orduan, emazteak bultzatuta, beste lan osagarri bat bilatu nuen. Beste ezertarako talenturik ez eta nire herrikideek, auzokideek eta abarrek egiten zutenaren berri ematen hasi nintzaion guztion bizimodua kontrolatzen duen Espioi Agentzia bati, hemendik aurrera, eta laburtzeko, Agentzia, besterik gabe, deituko dugun bati. Hasieran, Agentziako lan osagarrian irabazten nuenak nire bizimodua hobetzeko, hau da, gehiago zorpetzeko bidea eman zidan. Orduan pisu berri bat eta kontsumogai berriak erosi nituen, eta gazteagotan edukiriko amorante bat mantentzen hasi nintzen, sexua serio, benetan, helduen moduan praktikatzeko asmoz. Baina luze gabe, arazoak agertzen hasi ziren. Arazoak eta zoritxarrak ez direla banaka etortzen esan ohi da, eta egia handia da hori; are, etortzen, emeki-emeki eta konturatu gabe etortzen direla esango nuke, punta txikiko izeberg txiki bat bailiran, ezer ez direla ematen dutela, gero konturatzen zaren arte, izebergaren kasuan bezala, agerian dagoena halako hamar, edo hogei, edo ehun dela azpian dagoena. Nire kasuan, izebergaren punta pisu berriko paperak egiten hasi nintzenean ikusi nuen. Joan nintzen aholkularitza fiskala ematen duen nire ezagun batengana, eta kontua azaldu nion. Ongi da, esan zuen, baina pentsatu duzu paperak nola egin? Ezkonduta zaudete? Bai edo ez? Elizatik? Epaitegitik? Ezezkoan, izatezko bikotea egingo duzue? Noren izenean jarriko duzue pisua? Bion izenean? Zure izenean? Emaztearen izenean? Bion izenean jarriz gero, erdi bana jarriko duzue? Bakoitzak portzentaje ezberdina duela? Nola eskrituratuko duzu/duzue pisu berria? Egiatan ordaindu duzuen prezioan? Ordaindu duzuena baino merkeagoan? Zenbat merkeago? Ehuneko hamar? Ehuneko hogei? Kontuan hartu horiek guztiak nola egiten dituzun, eta errenta aitorpenean diferentzia izugarriak eduki ditzakezula, alde edo kontra. Legeak pixka bat begiratzea ere komeni zaizu. Nire ezagun aholkulariarekin hitz egin eta gero gau luzeak pasatu nituen kalkulagailua esku batean, gora eta behera, kontuak egiten, eta zerga-legeak zein nire aurreko urteetako aitorpenak bestean, egokiena zena aukeratzeko. Egin nituen paperak noizbait, aholkularien aholkuak eta nire aldetik ikasitakoa aintzat hartuz. Gero joan nintzen aholkulariarengana berriz, eta egindakoa azaldu nion, pozik eta harrotasunez betea. Aholkulariak ere kalkulagailua astindu zuen eta azkenean bertako bisorean azaltzen zen zenbakia erakutsi: 2.345.567. Ikusten, esan zidan, ergel memelo erabateko batekin ari bailitzan, hauxe da galdu duzuna gauzak nik esan bezala ez egiteagatik.

        Gondoleroak bizkarrak harrotu eta hizketan segitu zuen.

        Pisu berriarekin nahikoa ez eta ongizatearen gizarteko hipermerkatu oparo hornituriko guztietan eduki zuten gure berri: bideoa, telebista, bideokamera, ordenagailua, auto berria, mikrouhinak, airezko labea, hozkailua, argazki makina, proiektorea, mendiko bizikleta, sei kasko diferente —pilotan aritzekoa, bizikletan ibiltzekoa, eskalatzekoa, rafting egitekoa, motorrean ibiltzekoa, parapente egitekoa—zein makina bat arrisku-kiroletan aritzeko material espezializazio handikoa, diseinuzko altzariak, pattarrak eta likore exotikoak, urterik onenetako ardoak eta markako jantziak erosi genituen, besteak beste. Behialako garai batean nire erosteko ahalmena zuhurki administratzen zekien erosle irizpideduna nintzela amestu banuen ere, orain dena zen diferente, eta makina bat galderak galarazten zidaten loa: hiru edo lau erreprodukzio-buru? Alboetako airbag-a, bai ala ez? Aire girotua edo klimatizadorea? TDI? TDI, jakina, baina, 110 zaldikoa edo 150 zaldikoa? CD edo DVD? 25 edo 35 hazbete? Dolby System, bai edo ez? Neoprenoa, 5mm-koa edo 7 mm-koa? Gerezia ala pagoa? Tempranillo edo Cabernet-Sauvignon? 40 edo 60 mega? Aluminioa edo karbono-zuntza? Lihoa edo artilea? Laster konprenitu nuen nire kontsumo-mailak bost bizitza bizi izanda ere ikasiko ez nituen hamaika trebetasun eta jakintza menderatzea exijitzen zidala. Are, trebetasun eta jakintza horiek denak edukita ere, sekula ez nuela denborarik edukiko, inolaz ere ez, baina are gutxiago plurienpleoarekin, egunean hamalau eta hamabost orduko lanaldiak egiten bainituen, nire jostailu guztiekin jostatzeko. Benazko erdeinua profident hortzen atzean ezkutatzen zuten makina bat saltzaile irribarretsu eta gorbatadunen jostailu baino ez nintzen; haiek eramaten ninduten, eskutik helduta, hiperazoka globalaren iraganbide ez beti erabat zuzen eta gardenetatik barna, ibiltzen doi-doi dakien ume bat eramaten den modu berean, ezertarako ere ulertzen ez nituen argibideak eman eta gero, beti «Ados?» irribarretsu eta prefabrikatu batez galdetzen zidatela ea ulertzen nuen. Nik beti baietz esaten nien, kortesiak hori eskatzen duelako, baina benetan ulertzen nuen bakarra zen saltzaile horiek denak ikastaro berbera eginda zeudekeela, ikastaro estatubatuarra, ausaz, zeinean beraiek bezalako beste saltzaile gorbatadun irribarretsu batek, Ameriketatik etorriak, jakina, azalduko baitzien, Texasko azenturik onenarekin, jada ez duela balio garai batean bezala saltzeak, saltzaile erasokorraren garaiak joan direla, bezeroaren unetik unerako adostasuna lortzea ezinbestekoa zela, eta unetik unerako adostasun bakoitzak O.K. (Ados? De acuerdo?) baten bidezko baieztapena behar zuela. Horixe zen nik ulertzen nuen bakarra, baina hortik aurrera ez nintzen tutik ere ez nuela ulertzen esatera ausartzen; hobeto esanda, bai, bitan ausartu nintzen: lehenean, bideo bati buruzko xehetasun batzuk esplika zitzala eskatu nion saltzaileari, eta laster geratu zen argi berak ere, su artifizialezko lau memelokeria alde batera utzita, ez zekiela ezer, eta gainera, nahikoa zipotza zenez, niri mehatxua eginda bukatu zuen azalpen-saioa; bigarrenean okerragoa izan zen, bigarrenean morroiak informatikaz bazekien, eta lau orduz jardun zuen bere produktu informatikoen xehetasunak, gorabeherak eta inguruabarrak azaltzen, halako sakontasunaz eta egia bilatzeko nahiaz non, une jakin batetik aurrera, denboraren etengabeko isurtzeaz, bizitzaren laburraz, Newtonen sagarraz eta itzalaren itzalaz baizik ez baitzitzaidan mintzatu. Bi kasuotan, zipotzarenean bezala filosofoarenean, emaitza praktikoa berdina izan zen: ez nintzen gauza izan bideoa, ez ordenagailua, martxan behar bezala jartzeko. Bestalde, hala gertatzen zitzaidan tresna guztiekin; beti okerreko botoia sakatuta, egunak txandriotik txandriora joaten zitzaizkidan.

        Une horretan gondoleroa isildu zen, eta ordura arteko mintzatzeko hari logikoa galdurik, automata bat bezala hasi zen, begietan humanotik zeukakeen guztia galduta: «Nola zuen izena Elvis Costelloren Watching the detectives kantuan ari zen baxu-jolea?». Horixe esan edo galdetu zuen. Gero, inork matapaxarekin jo izan bailuen, eta kolpeak bere onera ekarri izan bailuen, mukiak, zapi batez, hots handitan kendu eta lehengo tonu logiko eta hotzean segitu zuen.

        Ulertuko duzunez, handik aurrera «Ados?» galdetzen zidaten bakoitzean nik baietz erantzuten nuen, ahalik eta bizkorren. Etsi nuen eta su piztekoak erosten hasi nintzen, su piztekoen mekanismoa ongi menderatzen nuelakoan; estankoetan bada makina bat modelo itxuroso eta diseinuzko, merke gainera, eta betiko moduan funtzionatzen dutenak, baina horiek ere badute akatsa: hamargarrenetik-edo aurrera ez direla berriro pizten; orduan itzuli behar duzu estankora, eta harria edo gasa, edo biak, aldatzen dizkizute; ateratzen zara oso pozik, eta, berriz ere, beste hamar bat aldiz edo piztu ondoren, metxeroa izorratzen da; orduan estankora itzultzen zara eta beste metxero bat ematen dizute. Luza dezakezu ariketa estankoko metxero guztiak probatu arte, eta azkenean baieztatuko duzu egiatan ez dagoela akatsik, 300 edo 400 pezetako su pizteko dotore-dotore horiek hamar piztualdirako pentsatuta daudela. Aspergarria da, zinez.

        Gondoleroak isilunea egin zuen, belarrietan hazka egiteko aprobetxatuz.

        Enfin, estres hauetan nengoela, Agentziak lan zail bat egiteko eskatu zidan; bagenuen KAOSeko agente garrantzizko bat harrapatzeko aukera, eta plan bat egiteko. Ez genekien gauza handirik agente garrantzizko horri buruz, baina bai bi gauza funtsezko: bagenekien KAOSeko agente garrantzizko horrek itsuki maite zuela piku-mermelada, batetik, eta bagenekien bere listuaren ADNko nukleotidoen sekuentzia zifratua. Hauxe izan zen prestatu nuen plana: proposatu nion Agentziari akzioak eros zitzan piku-mermelada egiten zuten enpresa guztietan, poliki-poliki gure agenteak enpresotan sartu ahal izateko, halako moldez non, hilabete gutxiren buruan, Agentziak menperatuko baitzuen, denen oharkabean, baina efektiboki, piku-mermeladaren mundu osoko merkatua; gure agenteek, produkzio-kateetan zitalki maskaraturik, txip, txip berezi bat, sartuko zuten mermelada poto bakoitzean. Txip horren berezitasuna zen berau KAOSeko agentearen listuarekin kontaktua egitean hasten zela seinale elektroniko batzuk igortzen, Agentziako satelite batek hartu eta berriz igortzen zituenak gure postu, bulego eta estazioetara, zeinetatik gaztigua pasatzen baitzitzaidan niri. Modu sinple, merke eta erraz honetan espero genuen KAOSeko agentea, bost kontinenteetako edozeinetan piku-mermelada jaten zegoelarik ere, kontrolatu eta, komeni zitzaigunean, harrapatzea. Problemak sortu ziren, ordea: KAOSeko agentearen listuaren ADNko nukleotidoen sekuentzia zifratua, goi mailako sekretua zenez, neronek ikasi nuen buruz, eta gero zenbaki sekretua idatzirik eduki zuen papera jan nuen, segurtasun-arazorik izan ez zedin. Ordea, oroimen-lapsus ezin sinesteko bat eduki nuen, eta zenbakia ahaztu. Orduan, ariketa horrek ahaztutako zenbakia gogoraraziko zidalakoan, pertsona arruntak erabili ohi dituen eta buruz jakin ohi dituen zenbaki pertsonalak errepasatzen hasi nintzen: etxeko telefonoa, lanekoa, senitarte hurbilenak, sakelako telefonoa, kreditu-txartelak —VISA ikastola, SERVIRED, 4B eta American Express—, autoaren matrikula, gizarte-segurantzako txartela, NAN, euskalduna eta espainola, hainbat datu-basetan eta laneko ordenagailuetan sartzeko klabeak, Athleticeko bazkide-zenbakia, autoko irratia sintonizatzekoa, elkarte gastronomikoko atea irekitzen duen txartelarena, azken analisietako leukozito eta hematien zenbakia, diru-kutxa automatikoa, segurtasunezko kutxa, nire amona zena lurperaturik dagoen hilobiarena, lanera joateko autobusa, mailu-jaurtiketako munduko errekorra —gizonezkoetan—, nire jaioteguna, kontu-korrontea, kolesterol-neurria, altuera/zabalera/pisua erlazio egokia, golf-klubean erabiltzen dudan takilla, etxeko garajean sartzeko klabea... Alferrik izan zen: denak elkarrekin nahasten nituen, eta ariketa bukatzerako nire zapata neurria baizik ez zitzaidan seguru-seguru bururatzen; etsirik, hala esan nion mermelada potoetako txip berezian KAOSeko agentearen ADNko nukleotidoen sekuentzia zifratua sartu behar zion agenteari: 40, bai, berrogei, horixe baita nire oinetakoen neurria. Esan beharrik ez dago ez genuela KAOSeko agentea harrapatu. Uste nuen kritika gogorrak entzungo nituela zenbaki zifratua ahazteagatik, baina txipa prestatu behar zuen agentea —gaztea zen, ofizioan berri samarra—, errua elkarren artean banatzeko prest azaldu zen: jakina, esan zuen, nik dut kulpa: ez diot galdetu 40a amerikanoa edo europarra ote zen.

        Gondoleroaren aurpegia, kontakizunean aurrera egin ahala, gero eta tristeagoa zen; puzker egin eta bere kontakizunari segida eman zion.

        Kontuak kontu, eta ikusiak ikusi, ordura arteko guztia ahaztu eta sexuan gogor —heldu, erabateko— jarduteko agindu nion nire buruari, amorante ohiarekin hitz eman bezala. Nire amorante ohia arduratu zen. Hasteko, ordurako nahikoa etsirik bide zegoen bere lehengusina bati deitu zion. Gero puto bati deitu zioten, eta ni armairu batean sarrarazi. Putoa beltza zen, Vladimir deitzen zen, ez dakit izen artistikoa izango ote zen baina. Jakina, zuk orain uste duzu mandingoak kristoren zuztarra zeukala esango dudala, baina hala uste baduzu, ez dakizu zer den sexu adultoa. Vladimirrek aparailuak zeuzkan, aparailu elektrikoak ez ezik zafran eta, orokorrean, azukrearen industrian erabiltzen diren tresna tradizionalak, eta aparailuak eta tresnak bakarrik ez, botikak, jesarleku bereziak, errobotak, belarrak, pilulak eta ukenduak ere bai, halako moldez non, etxera iritsi eta parafernalia guztia hedatu zuenean, edozeinek sinetsiko zukeen dentista zela, ezen ez puto. Zuztarra gutxienekoa zen. Hasi zen han jardunean bere tramankulu guztiak martxan jarrita, eta nik neuk, nire amorante ohiaren etxeko armairuan nengoela seguru-seguru jakin izan ez banu, labe garai batean nengoela sinetsiko nukeen, edo makina-erreminta hain sona handikoaren erakustaldi horietako batean, han ateratzen zen soldadura eta zerra metaliko hotsa, txinparta, su artifizial, eta sirena-soinuak entzun eta ikusirik. Hasierako plana zen ezen, gelakoak goren puntutik gertu zeudela, ustekabean ni aterako nintzela armairutik, ñaka-ñakan aritzeko gogoz lehertzen. Baina izan zen gauza ezen, Vladimirren industria pirogenikoak kontrako efektua eragin eta, inkietaturik, nire txilibitua ez zela neguetako kaxernetatik ateratzera deliberatzen; badaezpada ere, kieto gelditu nintzen armairu barruan mekaniko protesiko haren saioa bukatu zen arte. Vladimirrek, bere tresneria guztia erabili eta gero, ordura arte intzirika eta garrasika ibilitako bai nire amorante ohia, eta bai haren lehengusina ere, plazeraren paroxismoan, bi eskultura postmoderno eginda utzi zituelarik, zupoarekin ekin zien, txandaka, untxi maniako baten gisara, eta batari nola besteari espermazko txorro koloreaniztun emankor, oparo, naro bana oparitu zien, eskuzabal (pitozabal?). Ekinaren une gogoangarriena iruditu zitzaidan, txikitan Montjuich-en ikusiriko iturria gogorarazi zidan ber. Espektakuluak kemenak oro galarazirik, unaturik, isil-isilik gelditu nintzen armairu barruan sexu adulto eta helduaren hiru metalurgikoak elkarri besarkaturik lo gelditu ziren arte; gero, goizetik, lo zeudela, poliki-poliki atera nintzen; mekaniko beltzak begi bat ireki zuen, baina maiordomoa nintzela estakuruarekin ospa egin nuen etxe hartatik betikoaren betikoz. Behin kalean, belauniko jarri nintzen bidearen erdian, kotxerik edo autobusik edo bizikletarik edo motorrik edo patineterik edo beste edozein ibilgailurik etorriko ote zen ezaxola, eta besoak zabaldu nituen, gurutzea eginez, eta halaxe hasi nintzen, aldarri handietan: «Jainko guztien Jainkoa, klitoria hatzaz eragitetik harantz joan ez den gizontto ezdeusa naiz!». «Unibertsoko Indar Sortzaileak, erruki zaitezte, apenas idazten eta irakurtzen baizik ez dakien ezjakin honetaz!». «Ama Lurreko Energia Telurikoak, barka ezazue proteina multzo desitxuratu hau!». «Zeru Goienetako Arkitekto Nagusia, birrin eta deusezta, zabal eta heda ezazu kosmosean barna naizen izaki preteknologiko eta frakasatu honen hautsa!».

        Gondoleroa, puntu honetara iritsirik, lehen gertatu bezala, automataren hitz egiteko moduaz hasi zen, lehen bezala bururik eta hankarik gabeko gauzak esateko: «Nor zen baxua jotzen zuena Elvis Costelloren Watching the detectives izeneko kantan? El País Semanal-en begiratu beharko dut». (Gizabanano hura arras tentelduta zegoen; zer bertsioez ari zen galdetu izan balu, behintzat). Lehen bezala gertatu zen orain ere, ordea: zoroaldia bat-batean pasaturik, potroak jorratu zituen eta lehengo tonuan ekin zion ostera ere:

        Ulertuko duzunez, gorabehera horiekin guztiekin ez nengoen oso nire onean, eta bizitza normala egiteko azken saioa egin nuen: ni bezalako batentzat gelditzen zen esparru bakarra gastronomia zela iritzi nion, eta hasi nintzen pintxoak jaten, eta sona handiko jatetxeetara joaten. Oso oroitzapen onak dauzkat nire bizitzaren aldi honetatik (hemen oroitzapenak onak zirela adierazten zuen korroskada samurra egin zuen). Inoiz ez nekien zer jaten ari nintzen, zehatz, baina, orokorrean, jatekoak oso goxo zeuden. Alabaina, laster utzi behar izan nuen zaletasun hau, eta ez gibel sobera handitzen, osasun arazorik sufritzen edo loditzen ari nintzelako, ez, prezioak edonor disuaditzeko modukoak zirelako baizik. Ilusio guztia galdurik, izarpeak niretzat gordetzen zuen tokia zein zen ezin kausiturik, une kritikora iritsi nintzen: suizidatzeko tentazioak eduki nituen, baina hala edo nola, aldi latza gainditu nuen. Lana, emaztea, adiskideak, hiria, hots, bizimodua errotik aldatzea erabaki nuen; oihan honetara etorri nintzen, oihan osoa elektrifikatu eta Mark Knopfflerren kantak etengabe entzunarazteko asmoa duen konpainia batentzat lan egitekotan, elektrika jartzen laguntzeko. Zoritxarrez, kortozirkuitu batek belarria erre zidan; belarria moztu zidaten, lan hori utzi behar izan nuen eta hemen naukazu, gondolero.

        Gondoleroaren bizitza hagitz inpresionagarria iruditu zitzaidan.

        Gondoleroa oso nire begikoa zen, bere kamiseta zerrendaduna eta txoto xingoladunarekin. Poliki baino etengabe eragiten zion arraunari. Halako batean, ordea, gelditu egin zen, eta zerbait murduskatu. Ekinak dira, gero, bota zuen, ibaian gora seinalatuz. Setatiak, tematiak, burugogorrak, egoskorrak, biribildu zuen, nire begietan idatzita zegoen galdera erantzunez.

        Hasieran ez nuen ezer ikusi; gero, laster ikusi nuen antropofago beldurgarrien txalupa batzuek ibai-bidea ixten zigutela.