Euskal karma
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
azala: Garbiņe Ubeda
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
aurkibidea
 

 

—9—

 

Proposamena ez zen oso erakargarria, baina hankabikoak aukera bat merezi zuela erabaki nuen, zerbait erabakitzeagatik.

        Izan ere, aitortu zuen Berlusgoñik, zure kanona osatzeko idatzi behar duzun liburu eginda dago, ia-ia, baina ez dut bukatzerik lortu; eszena batzuk falta ditut, azkena batez ere. Zuk bukatzen laguntzen badidazu, liburua zurea da. Bestela, inorentzat ez da izango, heroi bat eta traidore bat eduki behar dituen baina sekula bukatuko ez dudan argumentu hau irudikatu baitut:

        Edozein herrialdetako hiritan eta edozein garaitan gertatzen da. Gauzen izenak, zaletasunen deskribapenak, jakien prestaerak, izen propioak... denak konbentzio hutsak dira; edozein izan zitezkeen.

        Alegia, kontakizunean «erlojua» hitza agertuko da, edo «pioleta», baina berdin agertzen ahal zen «klepsidra» edo «makila»; agertuko da «auto» hitza, agian, edo «igogailu», baina berdin agertzen ahal zen «koadriga», edo «eskailera», edo «HKZ propultsorea», edo «zoru hegalaria»; agertuko da edo ez, «Pello» izena, edo «Arrieta» deitura, baina berdin agertzen ahal zen, edo ez, «Mortimer» edo «Absalon»; protagonistek patata-tortilla jaten ahal dute, edo arraina gordinik, edo pilula energetikoen nahasketa. Azken hau askozaz ere hobea kolesterol-maila txikiagotzeko, noski (hemen esan behar dut, maleziatsuen ahotsak isilarazteko, «kolesterol-maila txikiagotzeko» esaten den tokian berdin-berdin joaten ahal zela, esaterako, «pandemia zabal ez dadin»). Are, liburuko hizkuntza bera ere kasualitate hutsa da, munduan dauden milaka hizkuntzatako edozein izan litekeelako; hau hainbati iraingarria iruditzen bazaio ere, kasualitate hutsa da, berriz diot (bestetik, zer jende-klasek bizi dezake nire aukera hau berei eginiko irain moduan? Zer izen dagokie halakoei?)

        Liburuko pertsonaia nagusia Bazofias da, Roger Bazofias, eta hiri honetako —erosoa izate aldera, eta goian definitzen saiatu naizen konbentzioaren babesera etorriz, aurrerakoan Buenos Aires deituko duguna— edozein espioi-taldeko, publiko zein pribatu, espioia da. Adibidez, Agentzia Dermoestetikoaren espioia, morroia. Agentzia Dermoestetikoa Barne ministro Harrisonen agindupean dago.

        Bazofiasek nagusi bat dauka, jakina: Jules Tribuno. Garai nahasiak dira hauek, eta gertaera lazgarriak gertatzen dira. Jendeak, beti bezala, elkar hiltzen du; arrazoiak ere ez dira falta, eta euren osagaiak betikoak dira: dirugosea, boterea, sexua, bekaitz izatea, handinahia, grina politikoa...

        Biolentzia politikoaren aroa bizi da; aste honetan bertan jakin ahal izan da zalditeria inperiala eraso nahi zuen hirukotearen istripua (sare telematikoaren bidez halaxe barreiatu da galaxia guztietan, eraso egin baino pixka bat lehenago beren koadriga amildegitik jausi eta hirurak hil zirela) ez dela benetan istripua izan; aitzitik, poliziak bazekien komandoaren berri; segitu zituen, iritzi publikoaren ezkutuan atxilotu, torturatu, mintzarazi eta hil egin zituen; eta, behin hil eta gero, koadrigan sartu eta amildegitik behera bultzatu, harritzaren aurka hartutako zartakoek sorraraziko ubelduak, matxurak, koskak eta mailatuak poliziaren lana ezkuta zezaten.

        Halaber, terroristek mendekua hartu dute, eta banku bateko zuzendari bat, bi jeneral, artzapezpiku bat, ministro bat, hiru enpresari, bost iturgin, mandatari bat, bi txofer eta zerbitzari bat garbitu dituzte: hamazazpi lagun, denetara.

        Zalditeria inperialaren nagusia Harry Harrison Barne ministroa da. Terroristek Borges deitzen duten jefe bat daukate. Borges munduko espioi agentzia guztietako agente guztien helburua da; horrek bere baitan hartzen ditu, noski, Roger Bazofias eta bere agentzia.

        Hau da haria, hari orokorra, konforme? galdetu zidan Berlusgoñik. Ildo hau garrantzizkoa da, eta buruan ongi atxikitzea beharrezkoa da gainerakoa ulertu ahal izateko.

        Hemen, ordea, lehen arazoarekin egin dut topo: pertsonaia hauek, hau da, Harrison eta Borges, antitetikoak dira. Eta hala, Borges heroia baldin bada behartsu, lurrean kondenatu eta pobreen begietara, Ministroarentzat erabateko etsaia da; eta alderantziz, Ministroa ordena bermatzen duen heroia baldin bada, Borgesentzat akabatu beharreko deabrua da. Alabaina nik, obra honen idazlea naizen aldetik, heroi bakarra behar dut, eta heroiaren aukerak nire jarrera markatuko du aldez aurretik; hau da, beste hitzetan esanda, jarrera, posizio bat hartu behar dut liburuari buruz, aldez aurretik. Bon, honek hainbat gauetako loa galarazi zidan arren, azkenean posizioa hartu nuen, Ministroaren alde. Ministroa da heroia, bere herriak maitatua eta Borges ankerraren aurkako borrokan bekainetaraino, buru-belarri, erabat murgilduta, konprometitua. Alabaina, saiatuagatik, Ministroak ez du sekula Borges harrapatzea lortzen. Azkenean —ez dugu ahaztu behar hasieratik esan dugula traidore bat ere izan behar dela—, ondorio samin honetara iristen da: traidore bat dago Borges harrapatu nahi duten espioien artean.

        Bon, esan bezala, antitesi hau liburuaren parte garrantzizkoenetakoa da, baina ez da bakarra. Bestalde, galdetuko diozu zure buruari zergatik ezarri dugun hasierako konbentzioa, hots, gauza guztiak nahi erara izendatzekoa. Truku honekin zure liburuari kanonean sartzeko eskatuko zaion lehen baldintza bete nahi dugu. Zein den baldintza hori? Unibertsaltasuna. Hau da, objektuen, herrialdeen, izenen eta gainerako elementuen erabilera itxuraz anakroniko horrek frogatzen du kontatzen ari denak edozein garaitan eta edozein tokitan balio duela, hau da, unibertsala dela. Jarri diren izenak ere ez dira arbitrarioak, baina horiek jartzeko arrazoiak maila desberdinetakoak dira, eta horregatik, testuan sortu dezaketen oihartzunen eragina ere desberdina da. Beste ohar bat: lehen pertsona gramatikala erabiliko dugu idazteko.

        Nik baietz esan nion guztiari, eta adi-adi jarri nintzen, Berlusgoñik segitzen baitzuen bere liburu bukatugabe eta korapilatsua nolakoa zen adierazten.

        Baina bestelako bortxa-adierazpenak ere badira, jakina —zioen—. Beste hilketa batzuk ere izan dira, bestelakoak. Adibidez, hondartza ondoan tatuaje bat zeukan morroi bat aurkitu dute, hilik, itota, agian. Arrainek aurpegi guztia janda. Bizkarreko edo besoko tatuajeak honako hau esaten omen zuen: INFERNUA IRAULTZEKO JAIO NAIZ. P.P. Carbayo detektibe ezaguna arduratzen omen da kasuaz.

        Izan dira, noski, beste hainbat hilketa: epaileak garbitzen jo eta ke dabilen hiltzaileak beste bat akabatu du, adibidez. Baina ez dugu orain hilketa-zerrenda osoa hona aldatuko; azken finean, Agentziako nagusiari, Jules Tribunori, ez zaio horietako bakar bat ere interesatzen, beste bat, oso berezia, baizik: Mendizalearen kasua. Tribunok, Borgesen atzetik ibiltzetik kendu, eta Mendizalearen kasuan lanean jarri du Bazofias.

        Berlusgoñik eten zuen bere kontaketa, berriz ere. Harrapa itzazu beste bi izen hauek: P.P. Carbayo garrantzizkoa da pertsonaia bilakatuko zaigulako, eta Mendizalearen kasua, Pioletadun Hiltzailearen kasua beste izenez, garrantzizkoa da, baita ere, haria aurrera eramateko balioko digulako.

        Ni nahasten hasia nintzen, eta apunteak hartzeko baimena eskatu nion. Egin erosoen iruditzen zaizuna, erantzun zidan, eskuzabal, ostera ekin baino lehen:

        Bazofiasek lanari ekin dio; Mendizalearen kasua honela deitzearen arrazoia da hiltzailea pioleta batez kalitzen dituela bere biktimak. Pioleta pasioaz, pasio hutsez erabiltzen duelako hipotesia zabaldu da. Hau da, hain gorroto ditu hiltzaileak bere biktimak non ez baitu nahikoa hiltze hutsarekin: behar du ikusi beren begietan pizten den beldurra, izuak sortu arnas estua entzun, usaindu esfinterren laxatzeak libratzen duen azken gorotzaren lurrina, odolaren gorria ikusi. Hots, hurbiletik hil behar du, toreatzaileek edo harpeetako bisonte-ehiztariek bezala. Horrek guztiak profil psikologiko zehatz bat margotzen du. Gizabanako basati, anker eta grinatsu batena, odolgose fanatiko batek bere egindako killer bero eta bertatik bertarakoa, edozertarakoa. Gizon izugarria, inondik ere. Pioleta erabiltze honek ekarri dio ezizena borrero ankerrari, noski: Mendizalea, edo eta, beste batzuek esaten zuten bezala, Pioletadun Hiltzailea.

        Luzea da Mendizalearen biktimen zerrenda: hamabi gizaseme eta lau emakume, hamasei pertsona, denetara, sei hilabetetan, hau da, ia hiru hilabeteko, bat hamar eguneko. Zerrendan dauden biktimak bizi diren lekuetako izenek erakusten dute Pioletadun Hiltzailea aise mugitzen dela ehun kilometroko erradioa duen zirkunferentzia imajinario baten barruan. Bestetik, nekeza da, hagitz, biktima horiek guztiak zerbaiten arabera antolatzea. Ezerk ez ditu hilketak elkarlotzen, elkarrengandik bereizten, pista baliagarririk ematen: ez biografiak, ez hamaseiren bizitzetatik inoiz pasatu zen gizon edo emakumerik, denak elkarlotuko zituenik. Maniako baten pentsamoldea agerian jarriko zuen nolabaiteko serie edo datu-sailik (deituren hasierako letraren harremana, krimenak gertatzen ziren asteko egunak, hilketako tokien artean ezar zitezkeen nolabaiteko erlazioak...) ez zen, edo ez zen inondik atzematen. Pioletak, biktimen buruan aurkitzen denean ere, ez du sekula hatz-markarik. Hainbat froga zirkunstantzialetatik —ate, eskailera edo leihoen tamaina, kolpeen angeluak eta abar— inferitzen den ondorio bakarra da Pioletadun Hiltzailea, segurutik, berrogei bat urteko gizon indartsua dela, ez oso altu eta ez oso baxu ere.

        Finean Bazofiasek itsumandoka ibiltzera kondenatuta dagoela ulertu du. Gauzak honela, logikoa dirudi, Mendizaleak pioleta erabiltzen zuela kontuan izanda, mendizaleen artean ikerketa batzuk egitea.

        Ikerketa-ildo honek argi-itzalak ematen ditu. Mendizaleak ez daude oso interesaturik Pioletadun Hiltzailearen kasuan, pioletaren erabilera guztiz halabeharrezkoa dela jotzen dute, hau da, uste dute hiltzaileak berdin erabil lezakeela beisbol-makila bat, edo labana, edo beste ezein tresna gogor edo zorrotz. Alde horretatik ez du ezer lortu. Alabaina, bere joan-etorrietan, Bazofiasek aurkitzen du Taigher izeneko mendizale historiko bat: begibakarra eta txikia, zahar samarra mendizalea izateko, baina eskarmentu handikoa. Makila batez ibiltzen da, baita kaletik ere. Baina larderiatsua da; hizketan hasten delarik, gainerakoak isiltzen dira. Gauza bitxiak esaten ditu, ustekabekoak; adibidez, mendizale denen ahotan dabilen Himalaya aipatzen duelarik, berak, ezpainak elkarrengandik bereizi gabe, eta «y» grekoa iksa edo «sh» bezala ahoskatuz, zera dio: «El Himalaya es la risa del dios Shiva. Zordun naiz izenez ere ezagutzen ez dudan jendearekin». Bazofiasek Taigher susmagarritzat jotzen du, eta haren inguruko ikerketak hastea erabakitzen du, baina ikerketa-ildo hau ixten da Taigher desagertzen denean, Ipar Polora doan espedizio batean izena emanda.

        Bon, laburbil dezagun orain arte ikusitakoa: batetik «trama politikoa» edo daukagu, Borges eta Harry Harrison ministroarekin; bestetik, «krimenezko trama», Pioletadun Hiltzailearekin eta Taigherrekin; bion erdian harrapatuta, Bazofias dago (eta bere jefea den Jules Tribuno ere bai, noski); Azkenik, P.P. Carbayo dugu, egia esan oraindik ez dakiguna honetan guztian zertan ari den. Apunta itzazu hauek denak zure oharretan, agindu zidan Berlusgoñik.

        Alabaina, hamazazpigarren hilketa gertatzen denean ustekabe bat gertatzen da Pioletadun Hiltzailearen kasuan: antza, hiltzaileak bere lehen okerra egin du, oker potoloa, gainera; biktima idazle bat da, eta Popescu Popafrescu literatur kritikaria eta unibertsitate irakasleak, kasualitate hutsez idazle horri bisita egitera joandakoak, hiltzailearen aurpegia, edo silueta, edo traza orokorra atzeman du. Aurpegia, aurpegi-zati edo silueta izan, poliziak uste du Popescu Popafrescuren laguntza erabakigarria izan daitekeela Pioletadun Hiltzailea, azkenik, identifikatu eta harrapatu ahal izateko.

        Egun haietan, Popescu Popafrescuk Tokisgradon egitekoak diren jardunaldi batzuk zuzendu eta koordinatu behar ditu. Jardunaldien izena honako hau da: «Traidorearen eta heroiaren gaia literaturan», eta espezialista mordo bat elkartuko ditu hiru egunetan zehar. Bazofias, bere jefearekin konforme jarri ostean, bertara doa Popafrescurekin elkarrizketatzera, aztarna berrien bila.

        Hona iritsita, Berlusgoñi, arizale trebatuaren gisan, isilune luzean abandonatu zen. Gero, orri batzuk luzatu zizkidan, esanez: Bon, Bazofias ikertzailea Tokisgradora heldu da Popafrescurekin mintzatzeko asmoz; hemen sartzen da P.P. Carbayo. Irakur ezazu:

        Bazkaltzeko aukeratu nuen jatetxean ustekabeko topaketa bat eduki nuen. Azelga batzuk jaten ziharduen, eta metal-ura edaten. Liposukzioa egin berri zirudien, baina burua sekula baino soilduago zeukan, eta zaharrago ematen zuen. Zehatz esateko, zotz batean ilkaturiko azeituna bat zirudien. Itxura patetikoa, benetan. Baina bera zen, espioi, detektibe eta polizien belaunaldi oso bat maisutzat hartutako espioia, aspalditik bere kabuz lanean ari zena, kasurik harrigarrienak argitutakoa: P.P. Carbayo. Sentimendu kontrajarriak nituen berarekiko. Zalantza egin nuen —izan ere, ez nekien nitaz gogoratuko zen—, eta Carbayok ere, hasiera batean, ez ikusia egin zuen. Azkenean biok konturatu ginen alferrik zela komediarekin segitzea, elkarren ondoan egonda, eta, batez ere, gatzontzia nire mahaian izanda. Agur protokolarioak trukatu genituen.

        Gero serio hasi ginen. Nahikoa diru irabazi dut, esan zuen. Urteak ere aurrera doaz. Nire azken lana da. Erretreta hartuko dut.

        Bere itxura eroriari kasu egitera, erraz sinesten ahal ziren bere esanak. Baina nik so egiten nion begietara, eta azerizko ninietan dantzan ari zen argi maleziazkoari erreparatzea nahikoa zen jakiteko ongi ikasitako posea baizik ez zela. Carbayo bezalako detektibeak ez du sekula erretreta hartzen; eraldatu, itxuraldatu eta mutatzen da, heriotzak azken erretreta harrarazten dion arte. Gibela zaindu beharko zuen, hori bai, dama segaduna agudoegi irits ez zekion.

        Zenbat miresten nuen esaten hasi nintzen. Carbayok aztertzen ninduen, isilik, esaten uzten zidan, partez asperturik bailegoen, partez nire ñimiñokeriak, nire xelebrekeriak libertituko bailuen. Zure sinplekeriak xamurtu egiten nau, Bazofias, bota zidan.

        Hitz horiek akuilatu ninduten.

        Orduan zenbat gorrotatzen nuen esan nion. Laidoen zerrenda aletu nion: lehena, eta barkaezina, hainbat errezeta gaizki emana, batez ere potxak babarrun gorriak balira bezala idatzi zueneko hura; bigarrena, analisi sozio-ekonomiko guztietan porrot egin izana; hirugarrena, oso irtenbide zaileko edo akaso irtenbiderik gabeko arazoen irtenbideak besteei larderiaz exijitzea, berak irtenbide horien bila porrot egin eta gero, porrota galaxia periferikoetako nazionalismo periferikoei egotziz; laugarrena komeni ez zaizkion errealitate hurbilak —tortura, esaterako—, ikusi nahi ez izana... nahi al duk segitzea, Carbayo? Hireak egin dik! Halaxe bururatu nuen nire predikua.

        Carbayo mihi-arrain bat jaten ari zen, lasai, hezurrak poliki-poliki bereiziz, ardo zuri eta hotzaren laguntzaz.

        Nirekin ez zara zuzen ari. Egozten dizkidazun horiek ez dira nireak, nire nagusia den Bartolo Márquez Tarambánenak baizik. Aspertuta nago, gogait eginda. Hirugarren mailako espioia baino ez zara. Eta badakizu zergatik?

        Zuk zergatia azaltzearen zain nago esatera joan nintzen, baina besteak aurrea hartu zidan, eta bere kabuz segitu zuen aurrera.

        Garai batean esaten zen informazioa boterea zela. Zuk falta duzu, esaterako, nik nahiko banu, aurrera egiteko gainezka dudan zerbait: informazioa, eta informazio-bide onak. Baina jada ez da aski informazioa edukitzea; horretaz gain, informazio hori maneiatzeko bideak behar dira. Zuk falta duzu informazioa, eta gainera, batez ere, informazioak maneiatzeko, manipulatzeko, errealitateak sortzeko aukerak. Adibidez, nik potxak babarrun gorriekin nahasten baditut, eta «hau potxa bat da» esaten badut, babarrun gorri bat seinalatuz, zer lortzen dut? Zer aldatu da? Nik esanagatik, potxak potxak dira, eta babarrunak babarrunak. Baina handik aurrera, hamar milioi pertsonak esango dute, nirekin batera, «hau potxa bat da», babarrun gorria seinalatuz. Nik esaten badut «Lizardi versolari bat zen», hamar milioi pertsonak errepikatuko dute; kontuan hartzen bada hamar milioi baino askoz ere gutxiago zaretela Lizardi poeta bat zela esaten duzuenak, Lizardi versolari bat izango da, edo ez da deus izango. Zuek kontra egiten saiatuko zarete, noski. Ulergarria iruditzen zait. Ulergarria iruditzen zait zerbait izan nahi izatea. Arrazoi pixka bat ematen ari natzaizue, zuena, neurri txiki batean bada ere, ulergarria iruditzen zaidala esaten ari naizenez; baina nik, beharrezkoa den une eta toki guztietan, ukatu egingo dut ulergarria iruditzen zaidanik zuen nahi izate ero eta tenorez kanpoko hori. Ez duzue zer eginik. Sinets ezazu, sistemaren barruan baizik ez da posible zerbait izan. Sistemak ezartzen dizkizun baldintza eta muga guztiekin, noski. Sistema zuek hartzeko prest dago, baina zareten bezalakoak ez izateko baldintzarekin; damurik, sistemako gaur egungo baldintza da zuek ez izatea.

        P.P. Carbayok ez zuen sekula irribarrerik egiten mintzatzen zenean.

        Guk jende askok, batera eta oso denbora laburrean, sinesten dituen erdizkako egiak edo gezur egiantzekoak sortzen ditugu, hau da, errealitate birtualak. Botere hori daukagu. Botere hori ez da berria, alderantziz, oso zaharra da, baina aurrerapen teknikoari esker, ikaragarri azkartu da. Botere hori izugarria da, orain arte sekula ezagutu den handiena, egoerak kontrolatzeko, Estatuburuak aldatzeko, komunitateak elkarren aurka jartzeko, santuak eta bekatariak izendatzeko eta beste makina bat gauza egiteko bidea ematen baitigu, biolentzia erabili gabe, eta horrek biolentzia benetan azken baliabidea izan dadin posible egiten du. Botere hau Jainkoaren antza handien ematen diguna da, giza-kontzientzia buztina bailitzan lantzeko abagunea ematen duen ber. Jakina, botere honek, hain izugarria izanik, berebiziko kontrola behar du. Piramide baten eitea duen egitura batek erabiltzen du botere izugarri hori: piramide horretan, zenbat eta gorago, orduan eta botere gehiago metatzen da esku gero eta gutxiagotan; zenbat eta beherago, botere gutxiago banatzen da esku gero eta gehiagotan. Esango dut zuk ulertzeko moduan: goiko erpinean, Jainkoak arrainak eta ogiak biderkatzeko boterea badauka, nik, beherago, apalago, potxak babarrun gorri bihurtzeko boterea daukat. Botereak jainkotu egiten du. Dena den, kontua piramidean egotea da. Ahalik eta altuen, jakina, baina beti ere bertan egotea, beheko aldean bada ere; goian arrainak biderkatzeko, edo behean, potxak babarrun egiteko, edo are beherago, potxak edo babarrunak jan ahal izateko, berdin da. Zeren, piramidetik kanpo, inor ez da ezer. Piramidetik kanpoko guztia ez da. Haiek, piramidetik kanpokoek, alegia, uste dute egiazkoak direla, baina errealitate birtualak baina alegiazkoagoak dira. Piramidetik kanpoko guztiak versolari dira. Edo, okerrago, etsaiak. Bai, piramidetik kanpo daudenak piramidearen aurka matxinatzen badira, etsai bihurtzen dira, eta, hortaz, suntsitu beharrekoak. Zeren, asko hitz egiten da lehiaz, baina piramide horrek ez du onartzen lehiarik, bakarra behar du; piramidean ez dago traidoreentzako tokirik. Horregatik da hain garrantzizkoa piramidearen kontrola.

        Carbayok arrazoi zuen. Segituan ulertu nuen alferrik ari nintzela, nire ardo txuria ez zela inoiz berea bezain ona izango, ez zela sekula berea bezain hotz egongo, ezta nire mihi-arrainak bereak bezain freskoak eta bezain ongi prantatuak, nire neskak bereak bezain eder eta interesgarriak, nire txortaldiak bereak bezain erotikoak, nire kasuak bereak bezain kilikagarriak eta nazioartekoak ere.

        Unaturik ikusiko ninduen, zeren, harrigarria bada ere, irribarre zinikoa egin baitzuen lehen aldiz. Lehen esan dizut azken lan bat egiteak ekarri nauela Tokisgradora, jarraitu zuen. Informazio bat eman didate, eta kontratatu naute hemen dagoen pertsona bati emateko. Badakizu zein den pertsona hori?

        Konforme, esan nion, zein da pertsona hori?

        Roger Bazofias.

        Ni, alegia. Begiak klikatu nituen, sinetsi ezinik.

        Bai, zu zeu, segitu zuen Carbayok, nire harridura bere artean dastatuz, gozamenez, baina berriro serio. Eta eman behar dizudan informazioa hau da: Borges Tokisgradon dago —isildu zen une batez, esaldiak zer eragiten zuen nigan ikusteko edo—. Bai, hemen dago, Tokisgradoko Jardunaldi hauetan.

        Elkor eta zurrun jarri nintzen, dentistaren aulkian banengo bezala. Borges Jardunaldietan. Hain denbora luzean alferrik bilatutako Borges. Egia izango al zen? Borges famatua, terroristen buru heroikoa, munduko kondenatu, legendun eta zorritsu guztien esperantza bakarra; sugea bezain zuhurra, aizkora bezain indartsua, idia bezain eraman handikoa, azeria bezain zorrotza, zaldia bezain azkarra, txorien txio-txioa bezain alaia, hartza bezain zabala, arkakusoa bezain zirikatzailea, mandeulia bezain nazkagarria, izurdea bezain argia, Akiles bezain heroikoa, odoluzkiak bezain desegokia. Borges hemen? pentsatu nuen, eta mesfidatu nintzen. Zera esan nion Carbayori:

        Borges hemen? Benetan ala birtualki?

        Marmarrean hasi zen. Benetan ala birtualki! Benetan, birtualki! Aurkia, ifrentzua! Leon, Kastillo! Bi termino baino gehiago dituen ekuazioa ezin ulertu izatea ere! Horrelako zer edo zer murmurikatu zuen.

        Carbayok marmarrean esanak nahasi ninduen apur bat. Zoritxarrez, ez nintzen galdera egokia egiten ari, baina orduan ez nekien. Ez naiz Borgesen asunto horretan lanean ari, esan nion, despistea ezkutatzeko. Borgesena batere ez zitzaidala interesatzen adierazi nahi nuen, nahiz eta hondarrean jakin alferrik zela. Izan ere, profesioko espioi, morroi, txibato eta begiko kanika emango zuketen Borges harrapatzearen truke. Antzerkiarekin segitu nuen, hala ere, txulo-txulo. Niri beste honako hau interesatzen zait: zer dakizu Pioletadun Hiltzaileaz? Ez al dakizu ezer Mendizaleaz? Kasu horixe argitzen saiatzen ari naiz egun.

        Beste informazio osagarri bat emango dizut —esan zuen, jaramonik egin gabe—. Borgesek plan perfektua du Harrison ministroaren biziaren aurkako atentatua egiteko.

        Hori ez zen posible. Ez dizut sinesten, Carbayo, esan nion. Tranpa usaina hartzen ari nintzaien bere hitzei.

        Carbayok, eskuineko hatzak klikatuz, zerbitzariari deitu eta Mango Sorbetea Marrubizko Saltsa Epelarekin eta Tolosako Teila Ostoratuarekiko errazio bikoitz bat eskatu zuen. Eta esaten badizut —orain niri zuzenduz—, Harrison akabatu baino lehen, Tukumango apezpikua akabatuko duela? Tukumango apezpikua akabatzen badu, sinetsiko al didazu? Nahiko froga izango al da zuretzat?

        Txorakeriak. Ganbara alkilatuta daukazu, P.P. Carbayo. Zerebroa da liposukzionatu beharko zizuketena. Horiexek izan ziren ganora galdutako zorigaiztoko horri esan nizkion azken hitzak».

        Irakurtzen bukatu nuen. Eta orain? galdetu nion Berlusgoñiri. Orain, arrapostu zidan, arazoak, nire arazoak, nire arazo literarioak hasten dira. Begira, hemendik aurrera ustekabe txiki bat daukat gordeta irakurlearentzat: gertatzen den lehen gauza da P.P. Carbayo bera dela pioletakada buruan duela agertzen dena, hilik. Popescu Popafrescuk aurkitzen du hilotza. Honela idatzi dut aurkikuntzaren pasartea; irakurri, irakurri:

        Segituan ohartu nintzen zerbait larria gertatu zela. Bere atzetik joateko eskatu zidan. Gertuko hotel bateko gelara eraman ninduen. Gaur, goizean goiz, aurkitu du gelari batek, jakinarazi zidan Popescuk. Gela hatz-arrastoak, neurriak, krokisak eta apunteak hartzen zituzten espioiez, poliziez, detektibez eta txibatoez mukuru zegoen.

        P.P. Carbayo zen. Zoruan eseririk zegoen, bizkarra gelako hozkailuko atearen kontra bermatuta. Pioletaren aurreko gako metalikoak burezurra erdibitzen zion. Juanjo Puigcorbek edo Carlos Ballesterosek sekula ezin imitatuko zuten keinu harritua margotzen zen bere aurpegian, zeinaren ahotik, porru gordin baten zuztarpeko bixarrak ateratzen baitziren.

        Baina ustekabeak ez dira hemen bukatzen; ondoren, segitu zuen Berlusgoñik nik ezer galdetu baino lehen, Tukumango apezpikua akabatzen dute, noski. Horrekin Bazofias konturatzen da Carbayok emandako informazioa zuzena dela. Baina, hala ere, gelditzen da intriga-puntu bat: Carbayok, Borgesek Tukumangoa akabatuko zuela jakinik, nola ez zekien, ordea, Mendizaleak edo Pioletadun Hiltzaileak bera akabatuko zuela? Baina orain, galderaren erantzuna jakin gabe ere —bihotz onekoa, finean—, gogoratzen zaion lehen gauza da Ministroari gaztigua ematea, bere bizitza arriskuan dagoela jakinaraztea. Horretara doala, ordea, beste ezuste bat pairatu behar du, nik modu honetan idatzi dudana:

        Arriskuaz ohartarazten zion ohar bat zirriborratu nuen eta korrika batean jausi nintzen hoteleko sarreraraino. Banindoan kalera eta harrerako mutilak geldiarazi ninduen, papertxo bat emateko. Paperak honako hau zeukan idatzita: «Bazofias, kontuz egiten duzunarekin. Zure arrastoaren atzean nabil, orpo-orpotik. Harrisoni gaztigua ematera bazoaz, egiten duzun azkena izatea litekeena da. Pasaportea emango dizut, ulertzen? Borges». Beraz, Borges Jardunaldietan zegoelakoa egia izatera ez ezik, niri zemaia egiteko ikara askorik ez zuen. Ongi, bada. Ez nintzen kikilduko, ez horratik. Damurik, une horretan ez nintzen konturatu lazoa nire lepo inguruan jartzen ari zitzaizkidala.

        Zer iruditzen? galdetu zidan Berlusgoñik. «Psssh» erantzun nion, ez nuelako nire iritzia konprometitu nahi. Berlusgoñik nire onespena ematen niola interpretatu zuen, edo agian ez zitzaion gehiegi inporta nire iritzia. Orain —zioen—, garai eta hizkuntza guztietako narrazioaren ataka oso ezagunean eta mila bider errepikatuan gaude, literatur tradizioaren autopista ezagunenetako batean daukagu liburuaren haria. Baina, paradoxikoki, honek berak jartzen du arriskuan liburuak, kanonikoa izateko, bete behar duen bigarren baldintza bete ahal izatea: originaltasunaren baldintza, hain zuzen ere. Lehena, unibertsala izatea, beharrezkoa bai baino nahikoa ez dela, bigarren baldintza hori ere bete beharko bailuke liburuak. Eta, kasu honetan, gainera, trama hain ezaguna izateak —heroiari hil nahi dutela gaztigatzea—, ez du horretarako batere laguntzen. Nik honela deskribatu dut arazoa nire liburuan. Demagun Bazofiasek Harrisonek kiroldegian emango duen mitin batera joateko asmoa duela, gaztigua eman ahal izateko:

        Harrisonen mitinera baino lehen bi aldiz aldatu nintzen taxiz, metro eta autobus batzuk hartu nituen, itzulinguruka ibili nintzen hainbat saihesbidetatik, zenbait egunkaritako orrien atzean ezkutatu nintzen, etxe bateko ate nagusitik sartu nintzen, gero atzeko atetik ateratzeko, ileordeak, postizoak, gabardinak eta bestelako mozorroak erabili nituen, eta, oro har, profesioaren eskuliburu denek agintzen dituzten guztiak bete nituen.

        Kiroldegira iritsi nintzen arazorik gabe, eta, behin bertan, ez zitzaidan zaila izan Ministroaren ondoan tokia hartzea, bere inguruan hesia egiten zuten bizkartzainak baizik ez zeudela bera eta nire artean. Baina oharra ematera nindoala, argia egin zitzaidan. Bazofias —esan nion nire buruari—, gaztigua emanez gero, ederki izorratu duzu gixajo hau. Oharra ematen ez badiozu, aukera bat geldituko zaio. Bestela, hilik dago.

        Lagundu nahi nuela, jakinaren gainean jarri nahi nuela, eta sekulako alukeria egiten ari nintzaion.

        Zergatik? Hona zergatik: literatur tradizio zabalak, Shakespeareren Julio Zesar-etik Traidorearen eta heroiaren gaia izeneko ipuinera doanak, erakusten du hiltzera doana hiltzeko, lehenik inork gaztigatu behar diola hilgaiari bere etsaiak bera hil asmotan dabiltzala. Hala, Julio Zesarri, Senatura bidean, han hilko zutela gaztigua («Ez zaitez Trebonioz fio, Brutok ez zaitu maite, Casio iraindu duzu...») eman nahi izan zion morroi batek, nire antzera, eta gero Zesar hil zuten Senatuan. Traidorearen eta heroiaren gaia izeneko ipuinean ere, hil eta gero, Kilpatrick-en poltsikoan aurkitu zuten gutun itxia, zeinean ohartarazten baitzitzaion gau hartan antzokira joatearen arriskuaz. Hortaz, neu, Borgesek hil nahi zuela Harrison ministroari esatera etorria, gidoiaren baldintza sine qua non bat betetzen ari nintzen. Beste modu batez esanda: trama azken bururaino joan zedin beharrezkoa zen morroi-papera betetzen ari nintzen; edo, hobeto esanda, nik betetzea nahi izan zuen Carbayok, horregatik eta horretarako emango baitzidan, beinke, Borgesek Ministroa hil nahi zuelako gaztigua.

        Hobe etorri izan ez banintz, bai. Unibertso infinituetako forma anitzeko denboraren zikloa ixtear zen. Zikloa betetzear zen berriz. Bizkartzainen lerroaz bestaldera begiratu nuen. Harry Harrisonek oso nekatuta zirudien. Bere egiazko ametsa Hollywoodeko musikal alai batean paper txiki bat edukitzea izan zitekeela otu zitzaidan. Harrisonek begiez itauntzen zidan.

        Ministroa nire oharraren zain zegoen, nire prebentzioaren aiduru, nire gaztigu larriaren begira. Orduan pentsatu nuen egindako akatsa hala edo nola konpontzen saia nintekeela. Agian horrela aukera bat edukiko luke.

        Alegia, literatur tradizio anker horrek ezartzen zuen patu saihetsezina saihesteko modua bilatu behar nuen.

        Berlusgoñik hasperen egin zuen. Hemen trabatu naiz, aitortu zuen; ez dakit hurrengo eszena nola idatzi. Zeren, honaino azaldu dizudan kasu literario honetan, originaltasuna ezinezkoa iruditzen zait. Aztertu ditut aukera guztiak, eta dagoeneko denak idatzita daude: abisu emaileak abisu eman nahi izatea, ezin ematea eta heroia hiltzea, horixe Shakespearerengandik landu izan da, hori bide klasikoa da, ezagunena, ibiliena. Abisu emaileak abisu eman nahi izatea, ezin ematea eta heroia bizirik ateratzea, abisu emaileak abisu ematea eta heroia hala ere hiltzea, abisu emaileak abisu ematea eta heroia salbatzea —hau ere oso maiz ikusten dena—, abisu emaileak abisurik ez ematea eta hala ere heroia hiltzea, edo abisurik ez ematea eta heroia salbatzea... aukera hauek denak, eta gehiago ere bai, idatzita daude. Matematika edo xake-problema baten antzekoa da, baina bariante guztiak aztertu dira. Dena dago idatzita. Orduan, zer egin? Demagun happy end-a eman nahi diogula liburuari, eta Ministroaren bizia salbatu nahi dugula, salbatuko dela erabaki dugula. Orduan, nire aburuz, abisua eman nahi izatea eta ezin ematea baldin bada heroiaren heriotzaren baldintza —Zesarren kasuan bezala, esaterako—, abisua eman nahi ez izatea, itxuraz, baina ematea, benetan, izan behar da heroiaren salbazioarena. Baina, gainera, zure, edo nire, edo gure liburua originala izatea nahi badugu, kasu honetan, eta dena idatzita dagoenez, originaltasun posible bakarra jada idatzita dagoen pasarte batez baliatzea da. Hau da, jada idatzita dagoen literatura unibertsaleko pasarte bat baliatzea Harrisoni gaztigua emateko, gaztigurik emango ez bagenio bezala, literatur tradizioaren patu saihetsezina saihesteko. Beste hitz batzuetan esanda, beste liburu batean, batzuetan agian, sartzea, gaztigua, oharra, eman ahal izateko egoera sinesgarri bat topatu arte; eta, egoera sinesgarri hori lortuz gero, hainbat teknikaz baliatzea, elipsiaz agian, iragarpena, gaztigua hitzik gabe emateko, baina, aldi berean, abisua ematen ari garela interesatuari eta, baita ere irakurleari oso garbi uzteko.

        Baina, zoritxarrez, honaino iritsi banaiz ere, ez naiz aurrera egiteko gauza.

        Trabatu zara? Jakin nahi izan nuen.

        Trabatu? —arrapostu Berlusgoñik—. Bai zera! Aukera gehiegi daukat, horixe da nire arazoa.