Euskal karma
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
azala: Garbiņe Ubeda
Jon Alonso
1958, Iruņea
 
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
1998, saiakera - nobela
1995, nobela
Euskal karma
2001, rapsodia
160 orrialde
84-95511-45-2
aurkibidea
 

 

—4—

 

Kaputxadunak Oximoron Leibnizbarrutiaren omenezko urteko Jardunaldi Printzipala egiten ari ziren. Nik ez dakit zein zen kaputxadun haien jokoa, baina zin dagit ez zitzaizkidala batere fidatzekoak iruditu. Mintzaldi luzeak, solas amaiezinak, platika betirakoak, ogirik gabeko eguna oinaztargi bihurtzen zuten diskurtso oparoak egiten zituzten berbalapikook, erretolika hanpatu, farfaila eta hutsalez. Izan zen bere hizketaldiaren muina ilustratzeko sarrera Prekanbrikotik gaur egunera doan tartean gertatutakoaren laburpena eginez burutu zuenik. Australiako basoan egurretan egon balitez! Pertsona normal batek nekez uler ditzakeen gauzak esaten zituzten, eta guztiz erotuta zeudela erabakiko nukeen, baldin eta beren jarduera estrainio horri probetxuren bat eta are plazera ateratzen ziotela konturatu izan ez banintz. Nola juzga psikiatrari ordaindu gabe bere buru arazoak garbitzen dituena? Kapirote zorrotzaren azpitik, izerdi tanta lodiek korritzen zuten nire burutik behera, kokots azpian bildu eta, finean, paparra pelaturik uzten zidatenak. Ez nuen gainerako entzuleen aurpegirik ikusterik, baina ikusi izan banitu, zahartuta zeudela sumatuko nukeen, ezbairik gabe. Aurpegirik ikusterik ez banuen ere, batzuen gorputz-jarrerek argi asko salatzen zuten entzuleria hinduismoko metodo zaharrek —Jogasutran sistematizaturik daudenek— azaltzen dituzten erlaxatzeko teknikak erabiltzen ari zela, nagusiki, eta are, bakarren batzuk hain ekialdekoak ez diren metodoak —siesta, kasu— praktikatzen ari zirela, beronek ohi dituen berezko soinu adierazpenei —zurrunga egiteari, alegia— muzin egin gabe.

        Noizbait egin zuten atsedenalditxoa, jardunaldi haren antolamenduak aske utziriko hariak —gauzatxo domestikoa, esan dezagun— lotzeko asmoz, eta, kapirotea kentzeko tentazioari eutsiz, eszenari begira jarri nintzen; berrehun edo hirurehun kaputxadun bazeuden, denak marmar betean. Hura anabasa zen: ez omen zegoen gelarik jardunaldietako parte hartzaile guztientzat, nonbait, hainbat akreditazio falta omen zen edo oker zegoen, areto hartako aire egokituak ez zuen behar bezala funtzionatzen (omenik gabe, neu lekuko), interpretarien zerbitzuak are eta gutxiago (baina, interpretariekin, artean esan dezadan, gauza jakina da...). Berandu iritsi eta gela eske borrokan ari ziren estatubatuar batzuk bazeuden. Han, denak kaputxadunak izanik, ez zegoen inor ezagutzerik, baina haiek behin eta berriz esaten zuten estatubatuarrak zirela, euren nazionalitatea adierazteak nolabaiteko eragin disuasorioa edukiko zuelakoan edo.

        Betikoa, esan zidan nire ondoan eseritako ni bezalako beste neofito batek. Amerikano puta horiek! —neofitoak paper-sorta bat gordetzen zuen bere altzoan; horretaz ohartu eta datua buruan gorde nuen—. Baina antolatzaileak luzitu dira, hori ere egia da. Kanpoko gonbidatuak ekartzen tematzen dira eta gero ez dira gauza jardunaldiak behar bezala antolatzeko. Ez al duzu entzun azkena? Interpretarietako bat autolesionatzen saiatu da saioa hasi aurretik, mikrofonoko kablea lepo ingurutik bi buelta eman eta kabinako goiko habetik eskegita.

        Atsedenaldia bukatu eta tortura saioarekin segitu zuten. Jarraipeneko lehen hitzaldiak tabarra hutsa izan ziren. Oximoron Leibnizbarrutiari buruzko datu oinarrizkoenez jabetzeko balio izan zidaten, bederen. Farfaila, zioen ondoko neofitoak, nirea askoz hobea duk. Eta hau esanda altzoko paper-sortaren gainean kolpetxo batzuk ematen zituen.

        Saioari bukaera eman zion mahai-ingurua xelebrea izan zen. «Heroiak eta Traidoreak Leibnizbarrutiaren obran», horixe zen gaia. Lau kaputxadunek hartzen zuten parte, eta Guebokinderrek moderatzailearen lana egiten zuen. Bitxi iruditu zitzaidan ikustea parte hartzaile guztiek —Guebokinder ere barne— kokotsa esku ahur gainean bermatzen zutela. Bestalde, mahaikide gehienek harriak ez eta iritziak baino gehiago topikotzarrak botatzen zizkioten elkarri, asmorik petralenarekin. Denak denboraz, zirkularitateaz, eternitateaz eta betiereko itzultzeaz mintzatu ziren, luze bai luze. Baina, hitz berberak erabili arren guztiz gauza kontrajarriak ulertzen zituztela zalantzari zirrikiturik utzi gabe baieztatu zenetik, moderatzailearen lana funtsezkoa gertatu zen. Guebokinderrek lortu zuen, laburpen gisa, denak puntu baten inguruan konforme jartzea. Puntua Oximoron Leibnizbarrutiak hainbat eta hainbat aldiz gogoraraziko gauza bat zen: ezen, idazleaz gaindi, irakurleak direla testua egiten dutenak. Nik, nire artean, marmo haiei entzunik, beste gauza bat pentsatu nuen: are, Leibnizbarrutiak inoiz esan ez zuen zerbait ere frogatu zela, alegia: zenbait irakurlek testua egin ez ezik, jasangaitz, enpagugarri, ezin aspergarriago ere egin dezaketela eta egin egiten dutela. Mahai-ingurua bukatu eta partaide guztien arteko solasari ekin zitzaion.

        Galderen txanda kanpoko gonbidatuetako batek ireki zuen. Nahiko nahasita zegoela zirudien, honelako zerbait galdetu zuenean: «Orduan, Heraklitok esan bazuen gizon bat ezin dela bainatu bi aldiz ibai berean, baina, beste aldetik, hemen entzun dugun bezala, baldin eta egia bada, baita ere, edozein gizon bainatu dela Ganges ibaian, igerian ez badaki ere —igerian ez badaki ere azpimarratu zuen berriz, halako tonu enigmatikoarekin—, esan nahi al du honek, hau da, ulertu beharko lirateke metafora hauek Arkimedesen printzipioaren aplikazio zuzena diren aldetik?».

        Adituak eta Aita Zaindariak ez zetozen bat, eta halako iskanbila sortu zen, zeinean publiko arteko askok ere bere iritzia eman baitzuen. Gangesen eman omen dugun bainuak bereganatu zuen jakintsuen arreta. Batzuek zioten hori heriotzaren metafora garbia zela, beste batzuek gizonaren berezko batasunaren adierazgarria zela. Orduan, ezin gaitezke Gangesen berriz bainatu? kezkatu zen, itxuraz behin bainatu zen zenbait. Izan zen gorabehera prosaikoagoetara jaitsi zena, esanez Ganges ibaia txikiegia zela denok batera bertan bainatzeko; beste batzuek Gangesen egon gabeak bildu nahi zituzten, bertara txango bat antolatzeko, sikiera behin bainatzeko. Ahots lodiko kankailu batek errotik moztu zuen eztabaida, hitz hauekin: «Gangeseraino joan gabe, inork esaten ahalko lidake, mesedez eta faborez, non arraio bainatu ahalko naizen, edo, besterik ez bada, dutxatu?». Arestian gela lortzeko borrokan ikusitako estatubatuarretako bat zen. Hasierako marmarrak buila eta algara bihurtu ziren, eta Guebokinderrek, eztabaida andeatzen ari zela ikusirik, moztu egin behar izan zuen dei honekin: has bedi neofitoen zeremonia!

        Mahaikideak altxatu eta beren tokietara joaten hasi ziren. Harrigarria iruditu zitzaidan ikustea ezen, mahaitik altxaturik ere, kokotsa esku-ahurrean bermatzen segitzen zutela, eskua kokotsari itsatsia edukiko bailuten, edo haginetako min larria.

        Behin isiltasuna eginda, eta Guebokinder guregana hurbildu zen, niri begira-begira gelditu arte. Orduan keinu bat egin zidan libre zuen eskuaz (bestea kokotsean pegatuta baitzuen), oholtzara hurbil nendin eskatuz.

        Hankak dardarez hasi zitzaizkidan. Ez ikusiarena egin nuen.

        Guebokinderrek bere keinua errepikatu zuen, baina orain hitzez, hitz apalez lagundu zuen keinua: zatoz, anaia, zure lehen bufandaren bila!

        Ez entzuna egin nuen.

        Publikoa berantesten hasia zegoen. Guebokinderrek ahotsa altxatu zuen, ni berriz deitzeko. Ondoko marmoak ere oholtzara joateko esaten zidan (zure sarrera hitzaldia emateko tenorea da!), eta esan ez ezik, bultzatu egiten ninduen. Gaixo ni! Sarrera hitzaldia! Zer esango nien, baina? Dentista ona ezagutzen nuela eta nahi bazuten telefonoa emango niela? Jendea marmarka hasi zen, zeharo luzetsita. Egoera lehertzeko puntuan zegoen. Dardararik gabeko keinu erabakigarriaz zutitu, eta eskukada lehor batez, nire ondoan eserita zegoenaren altzoko paper sorta hartu, oholtzara igo eta irakurtzen hasi nintzen:

        «Labur mintzatuko naiz —esan nuen, ekin nionean—. Ni kultura motz bateko ordezkari erudizio laburrekoa naiz, eta, segurutik, sinplekeriak irudituko zaizkizue esateko ditudanak. Oximoron Leibnizbarrutiaren lanak irakurtzeak sorrarazten dizkidan kezkak, inpresioak, iradokizunak eta galderak aletu nitzake neke askorik gabe: esaterako, oroimena, denboraren beste forma bat baizik ez da? Zenbat forma eduki dezake denborak, guk pertzibitzen dugunaz landa? Esaterako, Jainkoak bere irudiaren eta izaeraren araberako egin bagintuen, ez al da Jainkoa agure txotxoloa, edo haurra, edo, okerrago litzatekeena, ero ankerra? Esaterako, ez al da egia izango, Leibnizbarrutiak iradoki eta behialako poeta indiar batek esan zuen moduan, gizon handi bat dela mundua eta mundu txiki bat dela gizona, hau da, gizon guztiak, finean, gizon berbera garela? Horretaz guztiaz ari ninteke ahalegin handirik gabe, baina dagoeneko hori guztia topiko bat da. Horretaz guztiaz ari ninteke ahalegin handirik gabe, baina, aldi berean, bada beste arrazoi bat sobera alegeraki ez aritzeko; ariketa hagitz arriskutsua litzatekeela niretzat, zeren, inork ezin baitezake atzeman literatura-obra batean norberak duena baina filosofia gehiago, adimen gehiago, izpirituaren ñabardura gehiago; bestela esanda, nire jardunak nabarmen utziko ninduke zuen aurrean, naizenaren luze-labur eskasa argi bai argi geldituko litzateke zuen begietara, nire erretratu intelektuala edukiko zenukete. Ni kultura motz bateko ordezkari erudizio laburrekoa naiz: zer dakit nik heroiez eta traidoreez? Ezer ere ez. Heroiak eta traidoreak eduki ahal izateko, lehen-lehena kausa bat eduki behar da, kausa justu eta eder bat, zeren alde borrokatu; eta gero beharrezkoa da nazioarteko komunitateak —zuek ordezkatzen duzue komunitate hori, hemen eta gaur— zure kausa ederra eta justua dela onartzea, eta gero —hau berezkoa izaten da, ia— zure kausa eder eta justua famatzea. Bi osagarri horiek ez badira, kausarik ez badago, alegia, ez dago heroirik, ez traidorerik. Nik ez dut kausarik, eta ez dakit deus honetaz. Susmoa dut kausa bera benetan ederra eta justua izatea baino zerbait gehiago behar dela zuek hala dela aldarrikatzeko, baina hori gaurko sarrera-mintzalditik aparte gelditzen zaidan gaia da. Beraz, lehengoan geldi gaitezen: ez dut kausarik eta ez dakit ezer honetaz».

        Guebokinderren lehen zurrungak aditu ziren. Horrek konpreniarazi zidan gauza lasaitzen hasia zela berriro, eta agian, tentuz jokatuz gero, ataka horretatik onez atera nintekeela. Paperak kendu nizkion neofitoak kezkatzeko arrazoia ematen zidan, baina: oihurik-eta egiten ez bazuen ere, beso-keinuen bidez bere burua nabarmendu nahi zuen. Nik, tarteka, zirkinik egiten nion eskuz, atril azpitik, lasai zedin.

        «Ni kultura motz bateko ordezkari erudizio laburrekoa naiz —segitu nuen—, eta zuek, zuen kultura boteretsuetan, bizitza osoa egile bakar bati buruzko ikerketak egiten pasa dezaketen dozenaka pertsona, ehunka agian, daukazuen bezala, gure kultura laburrean, gutariko batek dozenaka idazleren ikertzailea izan behar du, ehunena agian, bizitza bakarrean. Horrek txiki, mugatu, ahul egiten gaitu. Baina, paradoxikoki, nire ahulezian datza nire indarra; nik oraindik deskubritu beharreko hodeiertzak ditut, zuek ortzimuga guztiak agortu dituzue. Nik zelai berde eta birjinak zanpatzen ahal ditut, basamortuan ibili behar izatea da zuen kondena. Haur bati begiratzen zaion aitakeriaz eta kondeszendentziaz begiratzen ahal didazue, baina ni oraindik emoziorako gauza naiz; zuengan, bitartean, emozioa ezinezkoa da, hil egin duzue emozioa, hitz zaparrada baten pean ehortzi duzue, milaka tona sintagma gainetik ezin kendurik dabilen gaixoa da, zuengan, emozioa; gehienez ere emozioaren planta tristeak egiten dituzue, simulakro hitsak, itxura patetikoak, antzezpen penagarriak. Agian, bidearen hondarrean, zuek bezalakoak izango naiz; are, oso litekeena da. Baina, zuek ez bezala, oraindik badaukat salbaziorako aukera bat, eta, azken-azkenean, bidea da niri benetan interesatzen zaidana. Bide hori zeharkatzeko eskubidea daukat. Eta nik neuk egiteko beharra daukat. Bai, ez naiz konformatzen besteren bidea ikustearekin; nire bidea behar dut. Asko hitz egin izan da Leibnizbarrutiaz. Gehiegi, agian. Milaka liburu idatzi dira bere obra interpretatzeko, bere estiloa disekzionatzeko, bere ideologia aztertzeko, bere gaiak zerrendatzeko, bere kezkak ikertzeko, bere psikoanalisia egiteko, bere filiak nabarmentzeko, bere fobiak zehazteko, bere mozkorrak deskribatzeko, zer janari zuen gustuko adierazteko, egunean zenbat aldiz joaten zen komunera zenbatzeko, bere gorozkien zenbatekoa eta nolakoa kalibratzeko, bere oinarrizko metabolismoa analizatzeko... Bai, gehiegi idatzi da Leibnizbarrutiaz. Idatzi den gehien-ge hiena zaborra da. Nire jardun pobreak badu zentzu bat. Zuenak aspaldi galdu zuen zeukan zentzu guztia».

        Publikoaren arteko batzuek protesta adierazi nahi zuten imintzioak eta eztulak egin zituzten. Guebokinderrek lo seko zirauen. Neofito papergabetuak oihu txiki batzuk bota zituen, baina, zorionez, gehienek isiltzeko eskatu zioten «sssshhhhh» luze batez. Ni paperean idatzita zegoena irakurtzen ari nintzen, besterik gabe.

        «Bai, gehiena zaborra da —nagusitu nintzen trumoi ahotsaz, marmarren eta zurrungen gainean, neure burua ere ustekabean harrapatu zuen pasioaz—. Zabor hutsa. Zuen artean, gutxi batzuek ulertu dute ('ulertu' honek zerbait esan nahi badu) Leibnizbarrutiaren obra, nahiz eta, zuzenago izango zen esatea, agian, ideia baliagarri eta interesgarri batzuk atera dituztela obra horretatik. Gutxi horien artean hiru klasetako kritikariak edo adituak zeuden: batzuek ulertu bai, baina ez ziren ulertu zutena adierazteko gauza; beste batzuek ulertu bai, baina gogotik saiatu dira ulertu dutena ahalik eta ilunen transmititzen, beste inork uler ez zezan, beren jakinduriari ahalik eta etekin handiena ateratzeko, beren burua kasta baten moduan iraunarazteko; pare bat baizik ez dira ulertu bai, garbi adierazten jakin bai eta, gainera, garbi adierazi nahi izan dutenak. Esan beharrik ez dago hauek idatzi eta esan dutela, aspaldi, idaztea eta esatea merezi zuen guztia. Gainerakoa zaborra da. Gehiago edo gutxiago eskukaturiko gorotz-pikorra, mila bider oratu den ore lika. Hortik aurrera, gainerako sasiaditu edo sasikritikariak maisu horien ildotik sartu dira; gehienek, maisu horiek esandakoa errepikatu dute, askotan ulertu ere egin gabe zer esaten zuten, eta bigarren, hirugarren edo are laugarren mailako iturriak erabiliz; beste batzuek, beren buruari listoago iritzirik, zerbait gaineratu nahi izan diote maisu zaharren lanari, eta Oximoron Leibnizbarrutiaren gaineko exegesia paroxismoraino luzatu dute, erridikuluaren eremura sartzeraino. Horixe da zuen kondena: hain listo zaretenez denak, eta hainbeste eta hainbeste zaretenez, jada ez dakizue zer txorrada esan, zer mozolokeria idatzi, zer txatxukeria asmatu, zer zentzugabekeria irudikatu gainerakoengandik bereizteko, gainerakoak epatatzeko, eskola-gelako lehenak izateko, debalde bazkaltzeko, dirulaguntzak kobratzeko eta kolpe zorririk jo gabe bizitzeko. Zuen exegesia besoez absurdoa besarkatzen duen olagarro erraldoia da; funsgabea eta alferrekoa atxikitzen ditu. Nire kultura urria den bezala, zuena gehiegizko —hau da, hanpatu, harro, faltsu— da, zuen gehiegizko kulturaren pisuak zanpatu egiten zaituzte, topikozko itsaso batean itotzen zarete. Benetan diotsuet: kultura urri eta pobre batekoa izan ezean, ez du merezi Leibnizbarrutiaz kezkatzea, Oximoroni arreta eskaintzea. Zuentzat topiko gogaikarria dena, niretzat esanezinari erauzten diodan harribitxi bat da. Beste modu batean esanda, zuena bezalako kultura aberats batekoa banintz, ez nukeen segundo bakar bat ere galduko Oximoron Leibnizbarrutiaren pitokeriekin. Eta adi, jendeak, jende arruntak arrazoia ematen dit, egunero ogia erosten duen jende arruntak bizkarra eman dizue, eta jada ez dizue kasurik egiten, den mendrenik ere. Horixe da zuen kondena. Zuen kondena justua».

        Diskurtsoaren puntu honetan protesta-oihuak eta asaldura-garrasiak nahiko orokortuta zeuden, jendearen ezin egona nabarmena zen. Irakurri nituen paperen jabea, neofitoa alegia, zutik, jauzi txikiak egiten zituen ukabilak biribil-biribil eginda. Baina ni suelto ari nintzen, bero. Inork bere barneko egia nire baitara aldatu izan balu bezala zen. Guebokinder iratzarri zen.

        «Galdu duzue, inoiz eduki baduzue, kultura abentura bat bezala bizitzeko gaitasuna. Galdu duzue edo, egokiago litzateke esatea, agian, zuen kulturaren egoera esklerotikoak ez duela abenturarako zirrikiturik uzten. Helburu militar guztiak bete dituen eta jada zer kolonizatu ez dakien armada hatsantu bat bezalakoa da zuen kultura. Nahikotasunaz begiratzen didazue ni txiki naizelakoan, eta ez zarete konturatzen nirean usu direla zuen sudurrentzat aspaldi debeku diren urrin gozoak. Nik baratzeko letxugak jaten ditut eta zuek hipermerkatuko lerrokada hits batean zaudete, tetrabrik bat eskuan, zain, eta, etiketa sozialaren gorabehera hutsal batengatik, nitaz errukitzeko kirola praktikatzeko behartuta ikusten duzue zeuen burua. 'Barbaroa', 'basatia' naiz zuen begietan, edo korromioak jandako erresumina, baina ez zarete konturatzen barne-muinetaraino ustelduriko sagar bat baizik ez daukazuela esku artean. Gogora zaitezte nola jausi zen Erromako Inperioa. Umoreak baizik ezin zintzaketen salba, edo agian kritikak, baina horretarako ere ez zarete gauza, serioegitzat hartzen duzue zeuen burua. Izan ere, horixe izan zen Leibnizbarrutiaren irakaspen interesgarrienetakoa; ez zela, ez bera eta ez bere lana ere, erabat seriotan hartu behar uneoro gaztigatzen zuen umore fin eta argigarri, argi-eragile bat. Zuek ez duzue horrelakorik usaindu ere egiten, eta hamar mila kongresu eginik ere ez duzue usainduko. Autokritika faltak lerdotu egin zaituzte, eta iseka zakarra, trufa mutiria, ahulari zartako ematea, itsuari lapurtzea, babesgabea zafratzea munduan den jardun distiragarri eta ohorezkoentzat dauzkazue, doilorkeria eta umorea gauza bera bailiran...».

        Hura gehiegi izan zen. Oximoron, Oximoron! —egiten zuten oihu, denek, ezin jasanez entzuten zutena—. Aski da! Aski da! Isilik! Oximoron, Oximoron! Txistuak, oihuak entzun ziren, ukabilak, ukabil itxi eta mehatxukorrak airean ikusten ziren, eta are, jende horrek, Guebokinder buru zutela, goizeko buffet-etik disimuluz ebatsitako fruitu-aleak hasi ziren erortzen nire inguruan. Aski da! Oximoron, Oximoron! Isil bedi! Oximoron! Oximoron, Oximoron!

        «Oximoron, Oximoron!». Jainko oso urrutiko bat deitzen ari zen artaldea zirudien. Doike ni lintxatzea helburu zuen talde bat eratzen hasi zen, baina ordurako bileraren hasieran nire ondoan eseririko neofitoa saltaka iristen ari zen oholtzara, eta niri bultzada bat emanez, mikrofonoaz jabetu zen: Hitzaldi hau nirea da! Lapur honek ostu egin dit! Hitzaldia nirea da! Nik idatzi dut! Nik ezin nuen ulertu inork, sortu zuen iskanbila ikusirik, hitzaldi haren aitatasuna erreibindikatu nahi izaterik. Inork ez, goitik beherako ero edo masokista erabateko batek izan ezik.

        Nirea da! tematzen zen, aulkiak eta are pupitreak hartuta lintxatzera zihoazenei ezaxola. Orduan, bere bizitzako goren unean, ausaz, amorraziozko keinu batez kapirotea kendu zuen, arrabiaz; honelako keinu erabatekoetan erakusten du bere burua egiazko artistak, bere obrari guztizko lehentasuna ematen dionean, munduko beste gauza guztien gainetik —bere hortzak barne— jartzen duenean, obrak eta obraren egile izatearen aldarrikatzeak beste ezer —makilaz eta labanaz armaturiko asesinatze-asmoko talde asaldatu eta jendetsu bat barne— baino garrantzi handiagoa duenean. Beraz, artista-puska horrek kapirotea kendu zuen, arrabiaz. Azpitik aurpegi beltz bat ageri zen.

        Txomin!!!!

        Bai, Txomin bermeotarra zen.

        Probokatzailea beltza zela baieztatzeak infinituraino piztu zuen Aita Zaindarien kolera. Txominenak egin dik, pentsatu nuen, guztientzat derbirako sarrerak izanda ere pulpa odoltsu bat eginda utziko zutela kalkulatuz, eta nire burua non babestu bilatuz. Eta orduan inork espero ez zuena gertatu zen.