Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Hitza zor

 

Bi gauza promestu nituen Fatima psikologoarekin egon zen bitartean eta biak bete ditut.

        Ahmedi bere arrebaren historia kontatuko nuela agindu nion, emakume harengan islatzen zen bere herriaren sufrimendua salatuko nuela kronika baten bidez.

        Baina garrantzitsuagoa zen neure buruari emandako hitza betetzea, horixe baitzen behar nuen barne bakea lortzeko era bakarra. Horregatik, Saiden etxean astepasa nengoen batean, España tabernara joan eta Andres kontratatu nuen, Hamid izeneko marokoar bat penintsulara eraman zezan. Ekintzaren zailtasunaz hitz egin zidan, eta bi egunetan izan zuen gizona kamioitik gurpilen aldera igarotzeko erabiltzen zuen zulo hartatik pasatzen.

        Ordaindu egin nion eta zain gelditu nintzen, neure buruarekin gero eta gusturago sentitzen nintzelarik. Serranoz pentsatzen nuen, eta berarekin egindako tratu zikinaz. Jezabel eta Adele, Kizzy eta Caroline saltzea izan zen hitzarmen lotsagarri hura. Baina, eta zergatik bete behar dira horrelako tratuak? Akaso haiek zintzo jokatzen dute?

        Ekintza hark loa eragozten zidan, haren modukoa ikusten nuen neure burua, Jezabelez eta gainerakoez pentsatzen nuen.

        Maletak prestatuta Saidengana hurbildu nintzen.

        — Ziur zaude? —berak.

        — Sekula ez naiz ziur egon, baina saiatu nahi dut —nik.

        — Inoiz behar banauzu, badakizu hemen izango nauzula, zakur bat bezain fidel.

        — Lelo hori!

        — Goraintziak eman Mikeli!

        — Zure partez.

        Azken begiratua bota nion mahai gainean zegoen egunkariari, «Poliziak, Juan Garcia, Luis Angel Serrano eta Ernesto Kamiruagaren heriotzen arteko lotura handia ikusten zuela» zioen albisteari.

        Ondo lo egin nuen.