Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

El Moro

 

Algecirasko jatetxe ospetsu baten jabea zen Juan Garcia. Bertan hiriko negozio gizon-emakumeak elkartzen ziren sarri askotan, euren gorabeherez mintzatzeko eta elkarren arteko loturak indartzeko. «El Moro» zuen ezizena: soldaduska Melillan egin zuen legionarioekin eta han, berak zioen bezala, lagun min ugari zuen, bai eta Ceutan ere.

        Algeciras osoak ezagutzen zuen Juan Garciaren jatetxea, eta Algeciras osoak ezagutzen zituen Juan Garciaren trebetasunak eta abileziak. 1987an atxilotu egin zuten, ustez marokoar bat hiltzeagatik.

        Ezagutu genuen egunean jatetxean zegoen, barraren mutur batean whisky hotz bat hartzen, praka koadrodun batzuk eta alkandora zuri bat soinean, zilar koloreko burezur deigarri bat lepotik zintzilikaturik. Kaskamotza, bistan uzten zuen ezkerreko belarritik gora ia buru erdia zeharkatzen zion orban eguzkiak gorritua. Buruko izerdi tantek dir-dir egiten zioten barrako argien azpian, masailetan behera egiten zuten bidea are nabariagoa egiten zutelarik. Izerdia zerion samari, kokotsean sortu eta bularrean zabaltzen zitzaiola. Whiskyan jarritako jelei eragiten ziharduen atzamar batekin, begiak izotzek likidoan marrazten zuten zirkuluan galdurik.

        — Zer diotsu Adjib izenak? —esan zion Saidek.

        — Adjibek?

        — Beharbada, lagunduko dizu marokoarra zela eta bide bazterrean bortxaturik eta hilik agertu zela jakiteak, 1996ko urtarrilean.

        — Nork jakin gura du?

        — Hilik agertu aurreko gauean zurekin ikusi zutela aitortzeko prest dauden morroi batzuen mandatariak.

        — Eta zer mandatu eman dizute puta alaen harekin ikusi nindutela dioten horiek?

        — Beno, nire lagun horiei ez zaie larregi interesatzen Adjib, ezpada haren laguna zen beste marokoar bat, eta, agian isiltasunaren truke, zeuk izango duzu zer kontatu —Said serio ari zen, Juan Garciaren ondoan jesarrita, hari artez behatu gabe, tabernariak ipiniriko kafe hormaduna lasai askoz hartzen zuen bitartean.

        Juan Garcia zutundu eta jatetxearen albo batean hasten ziren zurezko eskailerak igotzen hasi zen, tutik esan gabe. Saidek azken zurrupada eman zion kafeari, zutitu eta Juan Garciari jarraitu zion. Gora heldu eta «Pribatua» zioen ate baterantz jo zuen. Hantxe zegoen Juan Garcia, pareta ondoko armairutik harturiko botila whiskya eta bi edalontzi eskuan.

        — Atsegin dut negozioetan etortzen zaizkidan lagunekin trago bat hartzea. Izotzik bai?

        Edalontzia hurbildu zion Juan Garciak, esku iletsu haren atzamarren puntarekin astiro eramanez.

        Saidek trago bat hartu zuen. Whiskyak eztarria eta bularra erretzen zizkiola nabaritu zuen, ahoan utziriko zapore gustagarriak laketurik. Beste trago bat hartu zuen, edariak mihia askatzen lagunduko ziolakoan. Juan Garciak bere mahaiko kaxoia zabaldu zuen, bertan gorderik zeukan pistola begien bistan utzirik, eta poker karta batzuk atera zituen. Kartak eskuetan erabiltzen hasi zen, Saiden erantzunaren zain gogaitzen hasia zela adieraziz.

        — Nire lagunek Jezabel izeneko emakume baten berri izan nahi dute, Jezabel eta bere alabaren berri: Fatima.

        Batera egin zuten hurrup: batak, kezkarik eza erakusteko keinu aspertua eginez; esandako hitzek sorturiko lehorra bustitzeko, besteak. Eskuz garbitu zituen ezpainak Juan Garciak, eta eskuak elkartu zituen kokotsaren azpian. Isilik eman zuen hurrengo minutu erdia, Saidi begira, artez. Juan Garciak zapia atera zuen, kopetako izerdia lehortzeko. Ezkerreko hatz erakuslea hozkatu zuen, hitz egiten hasi aurretik:

        — Berton hilko bazintut, inork ez luke zure berririk izango. Oso erraza litzateke hementxe zu akabatzea eta zure gorpua bihar kaiaren ondoan agerraraztea. Egunkariek beste mairu zikin baten heriotzaren berri emango lukete, besterik gabe.

        — Alferrik ibiliko zinateke mandatari xumeok akabatzen, nire lagun horiek beste bat bidaliko lizukete eta kito —erantzuten ausartu zen Said, beldurtzeko hitzen aurrean makurtuz gero, benetako mehatxu hitzak etorriko zitzaizkiolakoan.

        — Alde hemendik, nazkagarri hori!

        Said altxatu eta aterantz jo zuen, mahai gainean Algecirasko posta kutxa baten zenbaki bat utzita.

        — Asteazkena arte zain izango naiz, gero nire nagusiei deituko diet —esan zion atea itxi aurretik.

        Eskailerak jaitsi eta bere atzetik joateko keinu bat egin zidan, gehiegi elkartu gabe hala ere. Beste espaloira igaro ginen, metro batzuen aldea bien artean utzirik. Handik jatetxe gaineko leihora begiratu nuen. Langelan zegoen Juan Garcia «El Moro», leihotik begira, beste bi gizonekin mintzatzen.