Lehorreko paterak
Lehorreko paterak
2001, nobela
152 orrialde
84-95511-43-6
azala: Garbiņe Ubeda
Iņaki Friera
1962, Barakaldo
 
2009, nobela
 

 

Angelica

 

— Jezabel diozu? Bai, utzi apur batean pentsatzen..., orain dela hiru urte hemen izan zen. Oso emakume atsegina. Eta liraina! Zer dela eta galdetzen didazue? Nortzuk zaretela esan duzue?

        — Kazetariak. Libération egunkariko kazetariak gaituzu. Artikulu bat egiten ari gara Espainian jaiotako umeei buruz, iheslarien umeei buruz. Jakin dugu Jezabel Ceutan erditu zela neska batez eta...

        — Bai, bai, neskatxo bat izan zuen. Zelan zeritzon? Utzidazue pentsatzen... Fatima! Bai, Fatima eta Jezabel.

        — Aizu, eta ez duzu jakingo non bizi diren egun, ezta? Ziur asko lanen bat aurkitu eta hemen geldituko ziren, Marokora ez baitziren itzuli.

        — Beno, bada, ez dakit. Artxiboetan begiratu beharko nuke, eta orain ez dut astirik. Gainera, duela hiru urte izan bazen hemen, ez dugu horren daturik izango, lana topatutakoan Barne Ministerioaren esku uzten dugu eta. Badakizue... jende asko igarotzen da etxe honetatik eta daukagun aurrekontuarekin ezin guztien jarraipena egin. Jezabel! Bai, ze emakume pertxenta!

        Besterik esan gabe, zutundu eta langelako ateraino lagundu gintuen, zeregin handiak zeuzkala behin eta berriro errepikatuz. Atearen ondoan gelditu ginen, elkarri begira, nora jo ez genekiela.

        — Zergatik ez diozu esan hedabideek desagerpenaz ziotena? —itaundu nion.

        — Ez zaizu iruditzen berak esan behar zigula? Jezabelen ederraz horren ondo oroitzen bada, ez duzu uste bat-bateko ihesaldi edo delako hartaz ere gogoratu beharko zela? Zer edo zer ezkutatu digu.

        — Zer?

        — Ez dakit ba, baina gogoan zituen biak, Jezabel eta Fatima. Hiru urte pasatu dira eta, berak esan bezala, horrenbeste jende igarotzen bada hemendik, ez zaizu berezia iruditzen bien izenak horren ondo gomutatzea? Gainera, ez zait batere gustatu Jezabel aipatzean erakusten zigun irri maltzurra, ia adurra zeriola zegoela iruditu zait!

        — Bai, konturatu naiz. Ez dirudi morroi garbia denik.

        Berbetan geniharduela, atetik urrundu gabe artean, emakume bat hurreratu zitzaigun. Gurutze gorriko uniformea zeraman soinean, eta ezkerreko bular gainean Angelica zela adierazten zuen txarteltxoa. Lotsati mintzatu zitzaigun.

        — Barkatu, baina... atrebentzia ez bada, jakin nahi nuke... zera... poliziak zarete?

        — Ez, kazetariak gara, Marokoko Libération egunkarikoak. Zer ba?

        — Ez... —bistan zegoen nahigabetuta zegoela. Keinu bat egin zigun zuzendariaren bulegotik urrun gintezen, korridorean aurrera—. Jezabel izena entzun uste dut.

        — Ondo entzun duzu. Zer diotsu izen horrek, bada?

        — Laguna nuen Jezabel, lagun mina. Baina... hau ez da hitz egiteko leku ona. Nahi baduzue, hiruretan, nire txanda amaitzen denean, udaletxeko plazan dagoen Isidro kafetegian elkartuko gara.

        — Ondo da!

        Hamabiak ziren. Etxera itzuli eta Ahmedi gure gestioen berri ematea deliberatu genuen, bertan utzi baikenuen, ez zitzaigun-eta oso segurua iruditu Algecirasen ibiltzea, normalean hirian ikusten dituzten atzerritar guztiei agiriak eskatzen dizkietelako. Hura hala, Said eta biok joatea erabaki genuen, Ahmedek hiriaren kanpo aldean zegoen etxean atsedena hartzen zuen bitartean.

        Ahmedek tristuraz entzun zituen zuzendariarekin izandako hitzak, eta jakinguraz Angelicari buruzkoak. Mahai gainean zeukan Saidek ekarririko gutuna, behin eta berriro irakurria, buruz ikasi arte irakurri ere.

        — Zergatik ez diozue galdetu Jezabelek aipatzen duen gizonaz?

        — Zuzendaria ez zaigu batere fidatzekoa iruditu. Alferrik ibiliko ginen hari galdezka. Gizon horrek ez digu ezer esan nahi, batek daki zergatik, baina bistan da. Bere jarrera ikusi bezain laster isiltzea erabaki dugu, ez baikenuen demaseko jakin-minik erakutsi nahi.

        Ez zen gustura gelditu mutila. Gutuna hartu zuen eta atzera ere irakurtzeari ekin zion, irakurri gabe ere, hitzez hitz behin eta berriz errepikatzen. Urduri zegoen Ahmed. Etxean itxirik egon beharrak ez zuen batere poztu. Arrebaren bila irten nahi zuen, gurekin batera, arriskuak arrisku. Ez zen Ahmed etxean zain gelditzen diren horietakoa. Itxaron beharrak barrua kiskaltzen zion, ezin zuen eraman.

        — Zuekin joango naiz Isidro kafetegira! Eta ez dit axola zer arrisku dagoen hor kanpoan!

        Isilik begiratu genion, kontrakoaz konbentzitzen saiatzea alferrik jardutea izango zela ulertuta. Bazkaria prestatzeari lotu gintzaizkion.

        Hirurak eta laurdenetan hurreratu zitzaigun Angelica kafea hartzen ari ginen mahaira: aulki bat hartu, gure artean ipini eta keinu bat egin zion Isidro izan behar zuen gizonari: «Betikoa!». Isidrok ogitarteko eta garagardo bat ekarri zizkion azpil batean.

        Tabernaria urrundu bezain laster lotu zitzaion gaiari:

        — Jezabelen lagun mina nintzen. Ospitalean ezagutu nuen, praktikak egiten ari nintzela, bera zaintzen laguntzea egokitu zitzaidalako. Fatima izan zen mundu honetan zaindu nuen lehendabiziko jaioberria, eta horrek izugarri lotu ninduen haiei. Jakin nuenean Etorkinentzako Harrera Etxera eraman behar zituztela izugarri poztu nintzen, bertako boluntarioa naizelako. Pentsa ezazue! Lehendabizi erditu berrian lagundu, eta gero hazten! Zoratzeko zorian nengoen, pozaren pozaz.

        Koska egin zion ogiari eta, ordu arte erreparatu ez balio bezala, Ahmedi begira gelditu zen, artez:

        — Zuk Ahmed izan behar duzu! Haren begi berdinak dituzu! Haren begirada! Jezabel asko mintzatzen zen etxekoez, etengabe. Ahaleginak egiten zituen zoriontsu izateko, baina bihotza han zuen, etxekoekin. Maiz errepikatzen zuen damu zitzaiola senarrari jaramon egin izana; berandu, baina.

        »Jezabelek arriskuan ikusi zuen bere burua, eta horregatik ihes egin zuen. Ziur nago! Ez dut orain kontatuko dizuedana frogatzerik, baina sinets iezadazue eta ez zaizue dolutuko. Gure artean eman zituen azkeneko egunetan izugarrizko aldaketa antzeman nion Jezabeli. Ez zen betikoa. Argi zegoen zerbaitek atsekabetzen zuela.

        — Zerk?

        — Ez dakit. Jezabelek egunero laguntzen zidan heldu berriekin. Etxeko arauak azaltzen eta hemen egon artean aintzat hartu behar zituzten gauzak adierazten. Egunero, Fatimari jaten eman ostean, sehaskan utzi eta heldu berriak elkartzen ziren sotoko gelara jaisten ginen biok, etorkizunaz eta iraganaz berriketan. Ondoren, iritsi berriak eramaten genituen geletara, familiak baziren elkarrekin jarrita, ume txikirik edo bazegoen, beheko solairuan, emakume bakanak baziren, behean ere; gizonezkoak, gora. Egunero berdin, hutsik egin gabe.

        — Noiz ohartu zinen Jezabelen aldaketaz?

        — Bera desagertu baino sei bat egun lehenago. Egun hartan ez zituen bere eginkizunak bete. Harrituta gelditu nintzen. Horregatik, nire beharrak amaitutakoan, haien gelara joan nintzen. Sehaskaren ondoan zegoen, umea zaintzen, begi beldurtu eta busti haiekin, horren adierazgarria zen haren keinua! Hasieran umea gaixorik zegoela otu zitzaidan eta halaxe galdetu nion. Ez zidan erantzun. Bere herriko kantak abesteari lotu zitzaion, sehaska hara-hona kulunkatzeari utzi barik.

        »Bakarrik utzi nuen, hala nahi zuelakoan, eta biharamunean bere ondoezaren zergatia azalduko zidalakoan; ez zen agertu, baina. Umearen ondoan ematen zituen egunak eta gauak, harengandik urrundu gabe, ezta jatorduetan ere. Zuzendariarekin hitz egitera joan nintzen eta modu txarrean erantzun zidan, haiek ez zirela nire betebeharrak, ni ez nengoela etorkinen sentimenduez kezkatzeko eta... Bost egun geroago desagertu zen.

        Eskua eraman zuen aurpegira, begi ertz busti berriak xukatzeko. Goibeldurik zegoen Ahmed, Angelicaren malkoak ikusita, Saiden itzulpenaren beldur.

        — Angelica —esan nion, muki zapia gordetzen ari zela—, Jezabelen gutun bat eskuratu dugu senarrarengandik. Artegatzen zuen gizon bati buruz mintzo da eskutitzean, gauza handirik esan gabe bada ere. Badakizu nortaz ari zen?

        Hausnartzen jardun zuen, hitzak ondo lotu nahi balitu bezala, esan behar zuenaren larritasunaz guztiz jabeturik zegoela.

        — Juan Garciaz.