% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Ez-binakoan gauza bakoitza berdintsua da;
deus ez dago hartarik kanpo. Edozein lekutan
zuhurrak printzipio nagusi horretara heldu izan dira.

 

Gauak argi zirrintatzen ziren aharrausika. Enetako are gehiago, iratzartzean ez nekiela, non eta zein egunetan bizi nintzen ere. Goizeko ordu txikietan, bidean gurutzatuak, susmatuak eta beldurrez ekidinak oro ingurutxo basatian zerabilzkidan gogoan. Bakarretan, punpean ateratzen nintzen ohetik, ustez lanera joatekoa nintzela; baina ez, igandea zen eta ohituraz igandeetan, oraindik, ez genuen produkzioaren segurtatzeko premiarik. Oraindik diot, geroan ez baitakigu nola biribilkatzen ahal diren gauzak. Behialako Marcel gaixoaren antzera, ohe gaietan nire modelo lehiatua, mihiseen artean egoten nintzen, zinez belhitu bitartean ametsetan, lurrean zehar ibiliaren erruz dastatu nituen "esnatze" anitzak zerrendatzen. Ardurenean, zainetan dabilkigun iratzartzeko hormona eraginkorrari konfiantza osoa eskaintzen nion.

        Alemaniako zientifiko batzuek muinean iratzar ordua programa zitekeela ongi frogatu zuten. Jaiki baino oren bat lehenago zuzen isurtzen zen adrenokortikotropina famatua. Jakintsuen arabera iratzartzeak sortzen zuen estresa ezabatzea eta lotarik kontzientziarako zubiaren erraztea zen hormona honen helburua. Hormona balios horri esker, oskorri gogorrenetan, fisikoki gutxienez, egokitzen zaigun tokian kausitzen gara, begiak idor eta aho zokoak lehor. Kasu horietan zorigaitzez, kafeak ez ditzake lo eskasaren gaitzak ezti: pitxertara bat hustu arren, iratzarria ez denak lotan jarraitzen du. Hau izan da, mundua mundu denetik, gauak bilkuretan higatzen dituztenen legea. Eta, non ez den legeen haustea herioaz sariztatzen, zoritxarreko Antigona hark irakatsi zigun eran, legeak aldaezinak dira.

        Goiz hartan in extremis iratzarri nintzenean, bezperako macadam drive aspergarrian gogoan ibili pentsamenduez oroitu nintzen. Denboraren iragateko, bidean frankotan beribila landerrean ezartzeraino, zenbaitek ametsa eta besteek delirioa deitzen zuten buru barneko elementuen putzuko ateak irekitzera uzten nituen. Orduak bihikatzea salbu, ez nuen ezer konpontzen edo egoera kordokatsurik askatzen. Ez zen neure helburua ere. Halatan noiztenka Otsoekin Dantzan harrapatzen nuela iruditzen zitzaidan eta Norma Jeanekin solasean gastatzen nituen kilometroak. Amoros baldin banintzan, maitasunaren arazoa aurki eta binperretik aztertzen nuen. Gaua hartan, negar hegian No Surrender kantua entzutean, bide ertzetan sahatsak lili ikusi nituela gogoratzen nintzen soilik. Eta aski zen.

        Jaikitzerakoan biologiaren kezkak gatibatzen ninduen eiki. Adibidez atzo adiskideak, bere sukaldean kuskusa jaten ari ginela kontatu zidana neukan zirurikan, goiti eta beheiti, ikuz baina zuri ez daitekeen bele baten antzera. Agian irri gutizia hazten zidatelako adiskidearen hitzak kolkoan iltzatuak neramazkien. Alabaina, kuskusa biziki gozoa zen. Kolega koziner bikaina zela onets nezakeen. Lagungarri zetorkigun ardoak ez zigun kalterik egin, are gutxiago auhariaren bururatzeko jazarri zitzaigun etxe gasna estimatuak. Erranen duzu irakurle, kuskusa ez dela aise ezkontzen ardi gasnarekin! Argiki ihardetsiko dizut, noizbait Kabilia eta Euskal Herri hau bat zirela, plaka tektonikoak hautsi eta elkarretarik bereizi aurretik hain zuzen. Orduan? Autotektonikatik gintonikara urrats bat baizik ez eta, ederki afaldu genuen, lagunaren sukaldetik trinkili-trankala edariek eragin burtzoroarekin atera baldin banintzen ere. Gerta daiteke, ez? Hordiaren xendetarik ibili ez denak bota biezat sala-harria. Nor da ausartuko?

        Adiskideak jasan menturaldiaren lerrootara ekartzera atrebituko naiz hondarrean. Aditzak arraposki hautatzen zituela, kuskuserako behar zuen ardikiaren erosten izan zelarik agitutakoa azaltzearren, eleak emeki ahoskatzen zizkidan. Supermerkatuan zebilen airean beraz, janari zerrendaren arabera, apalak husten eta mentalki bere karriotaren gastu orokorrak kalkulatzen. Gonbidatzen ninduen, baina ez zuen sobera sos xahutu nahi. Ulertzekoa zen naski, aitzineko egunetan jakinarazia niolako, baraualdian nengoenez ardi gasna puska batez lagunduriko antzara-gibel xerra batez asetzen nintzela. Hala ere, indar baten egitea deliberatu eta antzarakiaren ordez, kuskusa eskaini zidan.

        Haragi odoltsuz hanpatu horma gailu ireki hotzetara heldu zen, eta han, hogei libera edo hiru euro doientzat, bat hazta, bestea hunki, paper uher mehez estali lau ardiki zatiko kaxa baten eskuratzeko aukera eduki zuen. Merke eta on. Kaxaren atzealdeari begiratu eta zitzia Zeelanda Berriko zelaietarik zetorrela irakurri zuen. Lau haizeetara behatu zuen ikusteko ardiki ekoizle ezagunik inguruetan bazenez. Zorionez nehor ez. Eta kaxa orgaren zolaren zolan pausatu zuen, baratzeko eta sagardietako emaitza koloretsuen azpian plantan gorderik. Adiskidearen ahaideak ELB sindikatuko kideak ziren eta lekuan lekuko mozkinen partez, Zeelanda Berriko ardikia erosten atzematen baldin bazuten, bere barrabaskeriaren jakinean egongo ziren hiru egun baino lehenago Barnealdea deitzen zen eremuko lau kantonamenduetako jendeak. Egiaz beti norbait bazen kukuxkan. Deabrua zen. Aldion inor ez zegoen.

        Lasaitu zenean, lurralde australak itxuratzen zituela, besoa luza eta bil ari zen, jogurtak bost, ardi gasna, ekaazu Onetik otoi, badakizu naka bakarraz euskalduntzen gaituen hartarik, mila esker, bi pinta esne, AOC labela erdietsi duen Ezpeletako piper zakuño bat, garbi errautsa, tanpax pakete bat, ardoa, zenbat, zintzurra patar du Xek, hobe hiru botilaren hartzea, Sidi Brahimeko maxeletako mahastietarik bi eta Irulegikotik bat. Denboraz murritz eta zeozer ahanztearen fobia ariman iltzatua, burutazio nekeetan zebilen orduan adiskidea, salbatua hargatik.

        —X ez da difizila —kalkulatzen zuen—, eskaintzen diodana janen du, bestela etxean gera dadila, erantsiz pagatzeko unera abiatzen zela.

        Kontatu zidanez, bat-batean, ordaintokira huxtuka zihoala, Pattin eta Remi, euskal hiru koloreetan dekoratu erakuts mahaiaren gibelean, beren etxeko ardien ekoizpenak promozionatzen begimendu zituen. Ezin pasa bazterretik, arrotz eta ez ikusiarena eginez. Pattinek ez zuen adiskidea huts egin.

        —Zer ari xira hor?

        —Komixioneka —aitortu zion—, egin behar baitira noizbehinka, gosez ez hiltzeko. Zernahi saltzen duzue.

        —Etxu ardikirik nahi araiz?

        —Zomana uzie kiloa —eskatu zien interesa pizten balitzaio bezala.

        —Berrogeita hamar libera. Hautua uxu gero. Berrogeita hemeretzitan uzten dautxut. Xu baitxira!

        —A mertzi.

        Prezioa eta Pattinek libera bateko apaltzea oparitzen ziola entzutean, kuskus pikorrak gargailan amultsuki urtaraziz afaltzen ari ginela adiskideak zintzurra korapilatu zitzaiola aitortu zidan gero. Ahoa ireki zuen ironia eta gaiztakeria bilduz.

        —Pattin anitzetan behatu dut, edanaren kontura beharbada, dena oldar eta oilar, duela hogei urte nornahiri oihukatzen "Euskal Herria ez da salgai!" eta gaur egun Euskal Herria puskaz puska ahalkerik gabe saltzen duela mirets dezaket. Ironiaren zortea ala zortearen ironia? Pentsa, udako hilabeteetan aita eta ama ezinduak zaharretxean sakatzen ditu, hauen gelak turistei alokatzearren.

        —Bizi behar du gizonak, ez? —artekatu nion, izpirituz zabal, oroituz aitarekin axuri merkatura ostiraletan joatean, prezio urriegiarengatik salgai ez zitezkeen axuriak etxera ekartzen genituela, marrakari eta usaintsu—. Euskaldunak horrelakoak gara, neska —segitu nuen—, hastapenean oro txanpa eta garrasi, nehor so ez dagoela ustez zor zaiguna sakelaratzen dugula ondotik, boterea eta larderiaren jabe bukatzeko. Eta sekula ez aski.

        —O?

        Pattinen erakuts mahaiaren eta ordainlekuaren arteko eremu hertsian, fama eta ohorea salbatzeagatik, adiskideak ez zuen jada eskapatzerik. Tratuan hasi zen.

        —Bi kilo emazkidatxu orduan!

        —Baina eztixiu kiloka saltzen, xungo osoka baizik!

        —Xungo osoka?

        —Ba, konjelatzen ahal duxu, biziki ontsa egonen zautxu —azaldurik Pattinek xungoa paperean plegatu eta berrehun libera igurikatzen zituela iragarri zion.

        Supermerkatu honetan bertan, urrunetik etorria izan arren, kalitate berdinekoa menturaz, ardikia anitzez merkeago kausitu zuela ez zien bi ezagunei zer gerta ere salatu. Baserrietako xungoa gotorra zen eta adiskideak, bazterren ez sutzeko, laborarienganako elkartasunez bortxaz bezala erosi zuen. Ezpainak daldaraka mugitzen zituen.

        —Ze ase ederra eginen dudan!

        —Ez zautxu dolutuko...

        Pattin eta Remik arraiki, eskertu eta hurrengo klientera pasa aitzin, lau kiloko xungoa karriotean pausatu zioten. Adiskidea gaizki omen zen: zinez behar ez zuen haragi meta batekin ordaintzera abian, pentsatu baino gastu gehiago obratzen ene errezibitzeko, jakinez ez nuela ardikia maite eta lo eskasez etorriko nintzaiola ez hain gose. Pagatzeko unean, begiak zuloetarik punpaz, Kaietenia ostatuak eman moltsa berdean lehor aski ez izanez, Visa txartela atera zuen. Haserrez. Hargatik, auharia bukatzean, irri baketsuaz murmuratu zidan.

        —Orain hozkailuan hogei urteren ardikia badinat.

        —Badakin ardikia ez dudala patitzen ahal? Norbait atzeman beharko dun klikatzen laguntzeko.

        —Ene adinean?

        —Eta bai, helburu horrekin, zergatik ez?

        Arditik ardia...