% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Lilurak, batean lasaitasuna eta bestean
goibela ekar diezaguke; gohaina bezainbat,
argitasunak atxikimendu guztia suntsitzen du.
Jazargoak oro gure pentsamenduaren uztak dira.

 

Anitzetan, gaua jaustean, biziki urrun nago. Bilkurara bideratu arren, ezagunegiak zaizkidan eskualdeak etengabeko exiliogune zarpailez itxuraldatzen zaizkit. Ez dezaket burutik ken, oraindik ere lo dagidan bakarretan, burdinbideetako tren erroten zarata kaskoan oihar, tipus-tapasean iratzartzen naizela. Ohe gainean jartzen naiz orduan, bihotzeko taupadak ozen, hatsanka, non nagoen galdezka, etxean eta ohean naizela, baiesten dudaneraino. Halatan, errealitatea doi batez makurtuz, autoan sartzen naizen ber, iragana eta geroa elkarri mokoka hasten zaizkit. Badakit errealitatea den bezain hotz eta monolitiko kontsideratzea hobe dela, baina egunerokotasun dorpearen ñabardura zenbait, zorigaitzez, izugarri gustukoak ditut, errealitatearen aldatzeko jaidura daukan euskaldun gisa are maiteago naski.

        Sinesten dut adibidez kabalek, bereziki hegaztiek, hitz egiteko ahalmena daukatela. Ez nau lotsatzen demagun ardi trapatu gaixo baten aitzinean, belarjaleen miseriak kontatzen dizkidala, aberearen marraketan solasak ehuten saiatuz orduak eta orduak egoteak. Neure hogeita zazpi aditz pobreekin sortu aurreko arrain nostalgiatik, lurpeko zizare bazka bilakatzeraino, mamifero humano urrixaren destinoak ez duela nehongo gutiziarik sortzen ihardets diezaioket. Bitartean, bakardadea, bazterketa, su urriko suntsiketa... Marraka melengaz ardiak ulertzen nauela sentiarazten dit eta auhen luze batez, pentzean hedailo erortzen da. Sentimendu onek dirurik ematen ez duten arren irudi zait denak munduan gaudela, zelula mononuklearretik Nunavut herriko itsas aho hormatuetan bainatzen diren balea ikaragarrietara, lerro biologiko kate zatiak oro, hots, elkarren berri erdietsiz, bata bestearen laguntzeko. Amen.

        Uste dut halaber so soilaren indarra animalea dela. Behin goizeko ordu batak eta erditan etxeratzen nintzela, ttuku-ttuku, gertakari harrigarri baten lekuko izan nintzela aitortzea zilegi bekit: bidearen betean, liburuetan sekula ikusia ez nuen izengabeko kabala bat zegoen. Haren parean agitu nintzenean pentsa ez nintzenez gutxi izutu! Bere hegal erraldoiak zabal zabalik mugituz eta mokoa ene irensteko zorian zirudiela gelditzera bortxatu ninduen. Banekien jakin, ez zela aspaldian espero nuen eta "Marteko euskara" ezpainetan zeukaten estralurtar haietarik. Amerikar film askori esker egia erran, galaxiatik kanpoko izaki horien seinalakuntza zehatza baneukan: kuskandel larrua, suge mihi eztena, dinosauro beso eta zangoak, ezpata laserdunak eskuan zebiltzan eta bip-bip zaratatsuak kasko gainean. Gurutzatzen nuen mamua hegaztia zela laster batean ondorioztatu nuen, agian ez zirela amerikarrek erakusten zizkiguten piztiak ager zitzaizkigukeen bakarrak neurekiko eransten nuela. Ez nintzen lasai hargatik eta haur denboratik iragarri barbari baubau mamuaren aitzinean autoko motorra eho nuen.

        Beribiletik atera nintzen, daldaraka. Hegaztiaren behakoa gatibatu nuenean, zauritua zen hontz ahul bat bisean bis edukitzeak ederki jabaldu ninduela oroitzen naiz. Beldur handiak malgortu giharrak laxatu zitzaizkidan, eta soa zela medio, samurtasunez eta urriki latzez urtu nintzen. Zeru ilunari begirada bat bota nion: ene bihotz beratasun berriaren aterpea eraikiz, haize firfira arinek bulkaturiko laino uhargiak zirurikan bazebiltzan. Ipularrean utzi autotik aldenduz, hontz malerusa bide erditik jalgi nuen, izar ihintz eztiak busti belardian pausatzeko. Hontzaren ninikek eneak berriro jo zituzten. Mokoa ireki zuen eta eleka hasi zitzaidan:

        —Ez bazina etorri, hor berean hilen nintzen; mila esker!

        —Gautxorien artean noizbait behar genuen juntatu, ez?

        Gauaren mina inarrosiz irri sanoz urratu nintzen aspaldiko partez. Zangoa apurtua zuen arren, hizketaldi luzeegiaren ondotik akitua bailitzan, marmara etsia mokora lerratu zitzaion hontzari ene une zozoko zorionaren partekatzeko. Barrez ari nintzen eta amaren erranaz gogoratzeak buru zokoa harrotu zidan.

        —Egiazko hontza hi, ez hiza nehoiz ohatuko?

        —Ama... Gaua baizik ez dut maite.

        —Horretarako justuki...

        Ama halaz, kotxua besapean arditegira bazihoan, hango aire tepoak eta azienda marraka motelek nolabait mundua nahasmenduen zurrunbiloetarik salbatzera helduko balira bezala. Gaitzitua erretzen nintzen eta bizpahiru egun pasa nitzakeen, mutu, inorekin mintzatu gabe. Aldamenean gizonik —normaltasunaren neurriak errespetatzekoak ziren— atxiki ez nezakeela konturatzen nintzen garaia ere zen eta hil nahikunde zilarrez kopeta hormetan kolpeka nenbilen. Bide ertzeko hontzaren garrasi apalak errealitatera ekarri ninduen.

        Hegaztiaren zangoko dolorearen arintzeko bildu nintzen agudo. Hontzari artamendu baten egiteko, itsumandoka bi egur puskatto bilatu eta atzeman nituen. Makilatxoak oin hautsiaren inguruan jarri nituen, menda belarrez estekaturik. Brauki airatzen entseatu zen hontza, baina astunki lurrera panpalaharatu. Erizain eleak jauki zitzaizkidan.

        —Orain, lagun, hamar gaueko pausa, sendatzekotan ez hegalda otoi!

        —Asko da. Nork uhulatuko du hemen ilargi beteko ilunpeetan? Zuk agian? Duzun asti apurrarekin?

        —Egizu nahi duzuna azkenean —moztu nion hitza—. Ez dut zuk duzun bezala oihurako dohainik!

        —Egiazko hontza zara...

        Bi hamarkada beranduago hegaztia amaren antzera mintzo zitzaidan eta Munduen artean ez zela leizerik zabaltzen ohartzen nintzen, ez abererik eta ez jenderik, ez etsairik ez baitezpadako adiskiderik, bizidun minberak baizik.

        Bide hegiko sasiaren maldaren aterpean nolabaiteko sendagela naturalean amultsuki eta emeki pausatu orduko, gorputzeko luma guztiak harrotuz eskertu ninduen, bekan hala izan nintzen eran. Autoan sartu eta biharamunean, lankideen galdeei zer ihardetsiko nien pentsatzen jarri nintzen: ene bizimolde zarpailarekiko interes maltzurra erakusten zuten trunkiloek gaua ohean pasatzen zuten eta goizetan dena eskaera zeuden. Halatan deblauki erranen nien Hontz bat sufrikario latzetarik askatu nuela. Ene delirioen entzuteko ohitura zuten eta ohitura horren arabera ekitera uzten ninduten. Behin begi urdineko otso zuriak oihan beltz eta basamortu biluzietan, otso abiaduran otsoturik, elurrez estali eremuak eta larraitza abandonatuetan barna ibili nintzela agertu nien, neure molekula arteko izate totemikoaren bila. Noiztenka lagun trufari batek ene kontakizuna salbaiki hausten zuen.

        —Madonna gurutzatu ote duzu parrazar?

        —Ez —nioen ironia saihestuz—, John Dunbarekin egon naiz barda... —eta jarraitzen nuen bezperako agerindearen ildotik, bat-batean, nirekiko arranguraz hanpaturik: baina zer ari naiz ezer ulertu nahi ez duten hauei neure bizitza pribatu eta intimoaren azaltzen?

        Bizidunak, elkarren irudikoak ginen, handikoiak eta burlariak halaber, ADN firindila bikoitz zatiz moldatuak: biologiaren determinismoari zegokionez ihesik ez zegoen. Hargatik, hontzarekin, ardi trapatuarekin, otso zuriaren haragitzearekin frogatzen nuenez, hala nahi izanez gero, determinismoa ez zen muga, amodiozko elkartasunaren oinarri eta abiapuntu zehargi baino. Gaua heldu orduko gure uhartetasuna agerian geratzen zitzaigun.

        Egoera horretan, errealitatea, ipuin gasnatua zen.