% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Gauza batek kolpatzen ez baldin bagaitu,
ez balitz bezala da; deus ez da gertatzen,
izpiritu izpirik ez dago. Gauzaren ildotik ekilea
desagertzen da, gauza ekilearekin urtzen doa.

 

Bakoitzak bere paradisuak! Parnasoko frantses neurtizlariek artifizialak maite zituzten, kokainaz eta morfinaz hantuak. Guri, egia erran, morfina aski sakatzen eta txertatzen digute gizon politikoek, prediku aulki gisa eraiki aperitifa mahaien izkinetarik, txin-txin handik, krax-krax hemendik, herriaren geroaz mintzo diren oroz. Bitxiki hargatik ez dugu paradisuan gaudelako sentsaziorik, nahiz hiri animaleetan bizi direnek, hain zuzen horretako errabiaz gutiziatzen gaituzten. Baina bego! Ez gaitezen politikoekin gaiztoegiak izan, ene kolega batek errepikatzen duen eran, ez baitakigu bihar edo etzi nola itzulikatzen ahal garen. Ororen buru ondorioak argi dira: paradisua boteredunentzat bertan, eta behartsuentzat hil ondoko gero hipotetikoan.

        Bilkuratik etxerakoan behin, uda minean, eguna jadanik ekialdetik altxatzen ari zela, artizarra ilargi betearen bizkartzain erraldoi ageri zen orduan, Donapaleuko merkatuaren paretik pasatu nintzen. Barazki eta poalla saltzaileak beren autoak deskargatzen segitu nituen: kofreak espaloira husten zituzten, piperrak, tomate hirotuak, arrautza sailak, xitxak, ahate ondoak, piunak eta zangoetarik estekatu oilaskoak. Kakofonia horri minberaki begira egon nintzaion luzaz. Basamortu berde, idor eta mutuan nenbilen eta herriko azokaren aitzin irekitzearen ikuskizunak paradisua tanpez deitu zidan. Paradisu hotza naski.

        Ez pentsa nostalgikoetarik naizela! Ez horixe! Baina irudia daukat hargatik, aitarekin edo amarekin Donapaleuko merkatura abiatzen ginen garaiak, bereziki gozoak izan zitzaizkidala, eta ez dudala geroztik, nehon eta nehoiz horrelako eztitasunik dastatu. Salbu agian bidean nenbilen uneetan. Zazpi haurreko familia hartan ezagutu ezberdintasunen gainetiko elkartasuna bilatzen dut denetan: debaldeko ametsa, mundua dena baita, elkartasuna eta aniztasunaren onarpena ezik. Halatan, aitor dut, bakartia, bakartua, sekula ez barkatua sentitzen naizela. Zurrunbilo horretara eraman ninduen beraz, Donapaleuko merkatuaren aurretik iragateak, goiz hartan, haraitzineko ardi eta bildots marraka izoztuak kasko zokoan haiaka.

        Argia gaberik jaikitzen, presaka gosaltzen eta lau hankak sokaz bilduak zeuzkaten axuriak beso banaren puntan dilindan bide bazterrera lehiatzen ginen. Urtarrileko hormek ipularrak zuritzen zituzten eta zubitik lerratzean uraren murmurioan amodiozko kanta bilakatzen zitzaigun. Ilunean oraino, auzoa zetorren bere katrela handia puskilaz hanpaturik. Denak eremu hertsian kokatzen ginen, ahatekiak eta antzara-gibelak paper finean troxaturik, gure bildotsak barne. Auzoak caporal tabako bortitza erretzen zuen, kea autoko leiho zabaletik ihes zihoakiola aire hotzaren trukean. Kearen urrina jendeen eta kabalenarekin nahasten zen. Usain horrek dagoeneko beratzen nauela negar egin dezaket non-nahi.

        Gertatzen da zenbaitetan, lur azal honetan, arras zorigaitzeko nabaritzen dugula geure burua, Piarres Lafittek behin, axolagabezia osoz salatzen zituen "minduri herratsu goibel horietarik" bihurtzeraino. Gertatzen da berdinki, euskaldunak izanagatik Piarres jendeak gaituzu! uda betean hotza zainetan darigula. Bizkitartean, Donapaleuko goizalde karroindatu haietan, aita bildotsak pisatzen zegoela, eta gu lekuaren atxikitzen zutik daldaraka merkatu irekiaren erdian, pairatzen genituen haize mehe labankadez gogoratzen gara. Bildotsak auhenez ari ziren, zein besteak baino gorago, ozenago, ankerrago, jendeen solasen harramantzak, irri algarak eta autoen asotsak estaliz. Dolore hormatu horrek egiten gintuena bizidun?

        Tratulantak pasatzen ziren: lehen aldian, saltzaileei onomatopeiaka hitz eginez, bildots metatuei ez zieten behakorik ere botatzen, hauek otoi erosika hasi arte bederen. Bigarren inguruan, herrokan, beltzez jantzirik, txapela buruan makurturik eta erietan urrezko eraztunak eki sortu berriarekin jostetan dirdiran, ezpainez keinu aspertuak marraztuz, martxandiza eskuaz haztatzen zuten. Hirugarrenekoz aitzinetik lerratzen zitzaizkigunean, jadanik saltzeko esperantzaz etsiak ziren laborariei pisua eta ahalik preziorik merkeena idatzia zeramaten papertxoak barreiatzen zizkieten. Bildotsen jabeak, zilinki beren kamioien atzera gonbidatzen zituzten, eta han bukatzen zen, kasik goiz guztia iraun zuen erosiko dut/ez dut erosiko izeneko antzerkia.

        Saldu nahiak, edo premiak, alabaina ardiak esnetzean zergatik atxiki bildotsak etxean?— akuilatu laborarien hezikeria harrigarria zitzaidan: tratulantaren eraso bakoitzean prezioak oxka batez apaltzen zituzten, frankotan bildotsak galtzetan eskaintzeko. Guztiek jokoaren arauak eta erritualak ezagutzen zituzten eta eztabaidetan berotzen ziren, ni lekuaren gainean baino seguruago. Tratuaren bakardadearen bihotzean urturik bailitzan, ekintzak zirauen ordu luzeetan aitak ez zidan hitzik ere erraten.

        Bildotsak tratulantaren furgonetan pausaturik, auzoaren bila joaten ginen poalla eta gibel merkatu aterpetura. Han, kanpoan baino gozoago zen noski: oilo zahar eta ahate erlastuen uruku ezberdinen artetik, emazte karkara ahalkegabeak hautematen ziren, papo urguilutsuak dantzan eta toki eskasagatik ipurdi oparoak elkarri jo ozenka! Urte zaharreko gasnak, arrautza freskoak, antzara edo gita umeak, landatzeko aza, porru eta piper ondoak: denetarik kausitzen zen. Oroitzeak anartean, uda su garatu arren, hotza isurtzen dit gorputzean behera, hatsak, usainak eta azantzak bilduz. Hotz horrek galdu dudana laburtzen duela irudi zait, ezkorra naizenean, edo bilkuratik etxera baikor nabilenean, diot paradisu horren bila ibiltzen naizela etengabe. Ez dakit. Emadazue morfina, sentimendurik gabeko euskaldun zintzoa bilaka nadin.

        Gauaren bake bekaitz zirikaria.