% 100 basque
% 100 basque
2001, nobela
232 orrialde
84-95511-41-X
azala: Yves Klein
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

Baldin eta Bidearen osotasuna ulertzen ez badugu,
mugimenduak edo jabalak hutsegitera garamatzate.
Gertakariari urruntzen baldin bazatzaizkio,
honek itotzen zaitu; hutsa bilatzen baldin baduzu,
gertakariari bizkarrez zagozkio.

 

Joanes Balantsun osagarri handiko artzaina zen. Maiatz hondarretan, astoaren kalixtroak mukuru beterik, bortura abiatzen zen, ardiak aitzinean, zintzarriak zohargi airean, hiriak eta herriak zeharkatuz. Begien bazka hanpurusa zen, ederragoa oraino, denek Balantsun deitzen genuena kantan entzuteko aukera paregabea, edukitzen zenean. Dagoeneko bazterretan badira gizonaren ahots argiaz eta honek berak ondu abestien uhargiaz oroitzen direnak!

        Auzoek, errientak eta apezak nola ez, txiki-txikitandik ezagutzen zuten Balantsunen dohaina. Apezak partikulazki, horrelako botzak Jainkoaren laudatzeko balio zuela iritzirik, Balantsunen etxekoak balakatu zituen, mutiko koxkorraren Larresoroko seminariora igorrarazteko. Ordea, zazpi haurreko familia hartan jadanik lau apezgai baziren, eta bi neska, zaharrenak, Angeluko Servantes de Marieren komentuan sartuak. Balantsunen aitak, errotik fededuna izanagatik, semearen beharra zeukan artzaingorako, egoera ikusiz agian Jainkoak baino gehiago. Halatan, bere talentu guztiekin, mutikoa, ardiekin, kantuan bezainbat trebatu zen.

        Bigarren gerla denboran, Alemanian gatibu egon zen, gune librean bazebilen okupazio armadako buruzagiekin aitak akort eta apart egiten zuela, premian gasnak, ogi zakuak eta oilasko panpoxak Fritz anitzei oparituz. Balantsunek aitaren tratuez ez zuen nehoiz ezer jakin eta Stalag IV B hartan nola, hala erresistente fama erdietsi zuen Liberazio biharamunean. Ez zuten segur Balantsunen etxean mendekuz biloak mozteko emazterik, eta aita aspaldian kasko pelatua zen. Zena zela stalagean, presuner lagunak herriminez hantu abestiekin loriaturik uzten zituen Joanesek, hainbat non pribazioak, ondoko aterpe hertsietarik zetozen haragi erre usainak eta zaindarien bortizkeriak ahanztea lortzen zuten. Etxegorri bikarioak ez zuen Balantsun gogotik galdu haatik, Eskualzaleen Biltzarreko bazkarietara gonbidatu zuelako aldi oroz, gerla bukatzerakoan. Bortuan edo arditegian ez zegoenean, Balantsun publiko aurrean zen, eskuak gerrian, zango bat zuzen eta bestea plegaturik, txapela buruan trebes, Euskal Herriaren eta Euskararen amodioz zartatzeraino hanpatu testuak eskaintzen. Tradizionalak —odolaren, arrazaren eta izenaren garbitasunaren ideologia lehen jartzen zutenak— eta moderno zaleak —gerla ondoko Hegoaldeko errefuxiatuek ekarri kultura herrikoiaren maitasuna txertatua zeukatenak— konformismo berdinaz zoratzen zituen.

        Germaine ostatu batean gurutzatu zuen eta hutsik kometitu gabe, harekin ezkondu zen Balantsun Jainkoaren fedean, nola ez, lau apez familian ukanki. Biek bost haur altxatu zituzten, enfin biek, Balantsun, arrakasta handia zeukalako ez zen usu etxean, lana Germaineren gomendioan egon zela erratea egokiago litzateke naski. Osaba apezak igandeetan, arratsaldeko bezperak emanik, sortetxera etortzen ziren, haurrei Biblia Sainduko istorio harrigarriak kontatzera, beren apez esku xuri potoloak txirikordan eta ezpainak makur, bekatorosen magma ahalkegarria hoztearren miserikordia deituz. Sanson eta Dalilaren pasartea mahairatzen zenean, gasna irensten zuten apezek, behatz gotorrak gerezi konfitura ontzian deblauki sartuz. Aita ausentearen partez, Balantsunen bost ondokoek lau aita kanoniko zeuzkaten: ez ziren galduko.

        Osagarri handiko izanagatik, noizbait hil zen Balantsun, bihotzekoak emanik, supituki, publikoaren agurtzeko astirik gabe. Euskal Herriaren alde batetik bestera dolorezko auhenak hedatu ziren. Lurraldearen sei hegaletarik, kultur munduko Ospetsuak etorri ziren Balantsunen ehorzketara, prentsa idatzia, ahozkoa eta telebistako kamera bat segitu zen hilerriaren erraztatzen. Etxegorri bikario ohiak, ez hain aspaldi kalonje izendatuak egin zuen predikua, herriko haur koruak, artzain-artistak moldatu kanta deiadarkatzen zuela.

        —Zuk utzitako tokia nork beteko du? Zure sanotasunaren lehiaz dabil mundu hau eta partikulazki, Heskual Herria. Atxiki dezagun heskualdun odola garbi, eta hor gazteei mintzo naiz, hobe duzue hilik, kanpoko usaia likitsek kutsaturik baino, zioen kalonjeak goraki, haur mukuzu baten maxtikatzeko pasta borobil arrosak, aho artean zartatzean, hausten zuela elizan hedatu zen geroarekiko beldurrezko isiltasun dorpea.

        Hil eta hurrengo urtean, herriko plazan, gerlan bizia lapurtu zitzaien herritarren oroitarriaren parean, Balantsunen plomuzko itxura estreinatu zuten "poesiaren eta herriaren maitale sutsuek". Ospetsuek meza, mintzaldiak eta Herriko Etxearen kontu adelatu bazkaria zeuzkaten egitarauan. Plomuki hartan Balantsun agertzen zen, bildotsa bizkarrean zeramala, labrit xakurra saihetsean eta galtzarpa hutsalak sorbaldan. Tailuaren oinetan, urrezko hizki analfabetoz idatzia "Oi heskuarra gal es dadilla etchetan" irakur zitekeen, bere kantarik famatuenaren errepika. Germaine gaixoak, omenaldiz omenaldi, etengabe, senar zenaren dolua zekarren, negarrez hipaka, Xarlorekin bizitzen jarria zen arren. Baina hau sekretua zen.

        Osagarri handiko artzainen memoria ez zen erraz ezabatzen gure herrian. Bi hamarkadaren buruan, egiazko omenaldiaren garaia jin zitzaion. Euskaltzaindia, Euskaltzaleen Biltzarra, Euskararen Kontseilua, Euskal Konfederazioa, Euskara Zerbitzuak, denak oro bildu ziren Balantsunek merezi zuen Euskal ekitaldi erraldoiaren euskaldunki antolatzeko, noizbehinka euskaraz, partehartzailearen arabera. Ospetsuak, nor bere ordezkariaren bidez, Balantsunen bost haurretarik herrian gasna egiten geratu azken semearekin juntatu ziren, ekitaldiaren harat-honatak finkatzearren. Germainek, are gutxiago Xarlok, ez zuten iunfa izugarriko besta hau ezagutuko: bakea dela haiekin.

        Henry semea aitaz harro zegoen, askotan heskualdunak, espainolak anitz, aitaren fama estakuruz, baserrira trumilka zetozkiolako gasnaren erostera. Euskal Elkarteen Ordezkaria, euskaldun berria bera, harritu zen, Henry lehen aldikoz gurutzatu zuenean: gizon helduak ez zuen tutik ulertzen arbasoen hitzekin ari zitzaiolarik.

        —Je pige'pas là: qu'est-ce que tu dis? Parle-moi français...

        —Mais ton père disait...

        —Ouais mon papa était un fantastique chanteur.

        —Il écrivait qu'il ne fallait pas laisser le basque se perdre dans les maisons!

        —Chez les autres bien sûr! Nos parents ils nous parlaient en français pour ne pas que nous soyons handicapés à l'école.

        Gau eskoletan euskara xarmanki ikasi zuenak ez zuen nahikoa belarririk, hautematen zuenaren bereganatzeko, liseritzeko eta ondorioz ihardukitzeko. Mundu hori ez zuen nehoiz endelegatuko. Hargatik deus ez bailitzan, Henryk gero esplikatzen zion, lau haurrideek, handikapik jasan gabe, situazio politak erdietsi zituztela, estatuko funtzio publiko ezberdinetan, zein jendarmerian, zein irakaskuntzan, zein erizaintzan. Haietarik bat mediku bihurtu zen eta etxeko semeak agertzen zuen eran, Balantsun Parisera joan zen, alabaren tesi-irakurketaren behatzera, txapela eskuan, larruari josi bortuko ardi-usainak Sorbonako anfiteatroa betetzen zuela. Bihotzen operatzeko teknika modernoez ari zen Françoise alaba. Ezteiez geroztik, ez zen nehoiz hain fier sentitu, Balantsun. Txaloen artean, aurkezpena bururatzean Françoise hurbildu zitzaion.

        —Gaixo aita... Zerbait konpreitu'uxia?

        —Ez duxu araiz lohikeriarik erran!

        —Etxitela inketa...

        —Ba'uxia ezkontzeko ideiarik?

        Balantsunen azken perpausak alaba ahoa bete hortz utzi zuen, erabat zintzilik, kanpainetako jende horiek eztei aberatsen obsesionea kaskoan iltzaturik zeramatelako erdi kexu. Henry irriz ari zen, itsas ertzeko arrain malgu eta zurpail bilakatu Euskal Elkarteen Ordezkariaren sesitzeaz ohartu gabe. Haserrea bermatzen lagundu zuen mutiko desesperatuak eta Balantsunen semeak ulertu ez zezakeen ziuntan atera zen baserri hartarik, gasna mahai gainean ahantziz; hori bazen zinezko afruntua.

        Hiri nagusirako bidean, Ordezkaria autoan pentsatzen ari zen; Balantsunen kantuak oro biga bostetan txunditurik entzun zituela gogoratzen zuen. Egia bere latzean pairatu eta "Euskara etxean baino auzoan" erabiltzera deitzen zuten euskaltzale belaunaldiak madarikatu zituen. Ordezkari xifrituari, gohaina zerion kopetan behera. Elkarteko Buruzagi Handiari errealitatea aipatuko zion klarki:

        —Jaun Agurgarria, nola omendu horrelako gizon bat? Ez zien bere haurrei euskara irakatsi!

        —Eta zer? Uste duzu bakarra den ala? —ihardetsiko zion Jaun Agurgarriak, hainbeste inozentziaz nardaturik—. Eta gehiengoak alderantziz sinesten baldin badu, ez dugu noskiren noskiz bestelako bertsiorik zabalduko. Balantsun Balantsun da, leienda bat, eta aski zaigu, ereduak premiazkoak dira, perfekta ez izan arren, komertzioak iraun dezan. Horrela da eta kito!

        Erran gabe doa, Euskal Elkarteen Ordezkaria ez zela Balantsunen omenaldian egon, baina ezagutu zuen egoeraren berririk ere ez zuen eman. Isilik geratu zen, minaren samina heste bihurrietan hausnarrean hutsaren bola lekedatsua zeramala goiti eta beheiti. Han nintzen ni, hamar mila anonimoren gisa famak erakarria: hautetsien mintzaldien ondotik, aitor dut, Henryren erdarazkoak inarrosi ninduela. Euskararen geroa marrazten zuen, euskararenganako funtsezko amodio errepikaezina, paleolitiko arotik zetorkigun hizkuntzak ikastola neolitikoaren aterpea baino gehiago merezi zuela, euskaldun zintzoarentzat "publiko" hitza naski disgustuaren ortzadarrean "emazte publikoaren" kontzeptuarekin ezkontzen zela preseski "publiko" bilakatzear zeuden ikastoletan zela euskara hilarazten eta etxean bezain, nehon ez hobeki, blablabla etengabea, biba Frantzia, biba Errepublika oihuka bukatu zuen arte.

        Horrelako heskualdunekin, nioen haserre hitsaren mugetan, garen indigena autotektonikoekin ez bezala, Errepublika bera pikutara zihoakeen, kontrarioa sinesten zutelarik alta. Errepublikak ez zuela etxekoi nostalgiko horien beharrik errepikatzen nuen, kexuaren haguna ezpainetan behera zeridala. Adinaren errespetua salbu "Hauxe Pixtoleta!" huxtukatu nuen eta kultural killer plantaz aperitifa zerbitzatzen zen guneetarik urrundu nintzen.

        Gasna suerte hau ez zitzaidan laket.