Bazterrekoak
Bazterrekoak
2000, narrazioak
224 orrialde
84-86766-08-7
azala: Xabier Gantzarain
Xabier Aldai
1975, Azpeitia
 
1993, poesia
 

 

Harrabotsak

 

Jaiegun osoa hirian igaro ondoren, Armentiatarren gurdian etxera bidean, Julianek zortzi mozkor zenbatu zituen bidean zehar lo sakonean etzanda. Zortzigarrena ez zapaltzeko Florentinok gurdia balaztatu zuenean, zaldiak apoekin kolpatu zituen zuhaitzen sustrai biluziak eta, belarriak tente, estuasunez entzun zituen basoaren marmarrak. Urduri zegoen, trosta biziagotu nahian, etxera lehenbailehen itzultzeko. Bide-ertzeko mozkorra, ahuspez bil-bil eginda, ez zen ohartu ere egin Florentinok sastraka batzuetara narrastu zuenean.

      Julian gurdiaren atzealdean zetorren Armentiatarren bi semeekin batera.

      — Hori Beltza huen, ezta? —galdetu zion Luxiori, Armentiatarren seme gazteenari.

      Mutiko lodia zen, zena baino askoz zaharragoa zirudielako gizonezkoekin sagardotegira sarri joandakoa, gurasoek jakin gabe. Beldurra zioten auzuneko gainerako mutilek.

      — Ez diat ondo ikusi —esan zuen Joan Marik, Luxioren anaia nagusiak.

      Lau urte zaharragoa zen, baina inori galdetuz gero, Armentiatarren seme gazteentzat joko zukeen.

      — Suge bat gurpil artean itsatsita geldituko zela pentsatu diat —esan zuen.

      — Gaur gauean makina bat sugek egin behar dik lo errepide erdian —zirikatu zituen Florentinok, gazteen elkarrizketan parte hartu nahirik.

      — Mozkor zikinak! Lotsarik ez! —esan zuen emazteak.

      Juliani otu zitzaion anderea senarraren eta gazteen artean hesiak ezartzen saiatzen zela, eurekin kanpotar bat zeramatelako. Etxeko kontuak nola eramaten zituenaren arabera bere burua epaitzen zuen emakumea begitandu zitzaion Juliani, lehorte garaian edo txingorrak arto-sailak triskatzen zituenean bere burua ama, emazte eta etxekoandre moduan ukatzeraino. Julianek ez zekien haren izenik, eta lekuz kanpo sentitu zen familia itxiaren erdian.

      Ez zen erraza zaldi bakarrarentzat aurrera egitea. Oinez segitu zuten gazteek, nahiz eta zaldiak harrotzen zuen hautsak arnasa ondo hartzea eragozten zien. Muino gainera iritsitakoan Julianek burua atzera itzuli eta lau kilometro eskasek banatzen zituzten bi herriei begiratu zien. Hodei beltzen ertzak agertu ziren adaburu trinkoen gainetik, juxtu basoko argiunearen parean. Pinu abarrak astintzen zituen haizearen txistuak. Ozenago entzun zituen basoaren marmarrak. Florentinok adi-adi entzun eta Juliani beha esan zuen:

      — Zuhaitzen mintzaira ulertzen dut. Zuhaitzek ere beldurra sentitzen dute. Lertxuna, adibidez, beti auhenka ari da... baita haizeak jotzen ez duenean ere! Pinuek oskarbitan abesten dute gozo-gozo, baina marruka hasten dira haizea zakartzean. Entzun! Orain lizarrak ari dira kexuka. Nik ez dut urrutira ondo ikusten, baina sekulako entzumena daukat.

      Halaxe zen. Basoko ateak gordetzen zituzten lizarrek argiunearen erdian. Abar boteretsuak irabiatu eta pinuen erostetatik erraz bereiz zitezkeen garrasi isilak jaurtitzen zituzten.

      Eskolaren eraikin gorria antzeman zuen. Irriņo batek zabaldu zion aurpegia belarritik belarrira, eta eskua ezpainetara eramanez beste biak kontura ez zitezen ahalegindu zen.

      Gurdiak aurrera jarraitu zuen, maldan behera, baso artean. Florentino eta emaztea elkarren ondoan eserita aurreko eserlekuan. Julian berriro bi anaiekin, atzean, egun hartan herrian izandako fruitu eta barazki lehiaketan aurkeztu zituzten fardelekin batera. Basoko soilgune batera iritsi ziren, eta burua altxatu eta laino artean izar bakan batzuk zenbatu zituenean, ostera ere aurpegia alaitu zitzaion Juliani.

      — Hemen gure aitak azeri bat ehizatu zian aurrekoan —hautsi zuen isiltasuna Luxiok.

      — Bai zera, harantzago huen hori, motel! —aurka egin zion Joan Marik.

      — Edozein leku duk egokia azeri bat akabatzeko —amaitu zuen Florentinok semeen eztabaida, bururik itzuli gabe, aldi oro bideari begira.

      — Bi ikusi nituen bart, etxerakoan —esan zuen Julianek—. Erreka zuloan zebiltzan, arrain hilen bila edo.

      — Hik bai, bereiztuko huen azeria, hire ondoan ibiltzen den neska hori ezagututa! —jaurti zion bat-batean Luxiok.

      — Ixo, Luxio! —errieta egin zion amak.

      — Mutur berbera dute-eta —tematu zen Luxio.

      Florentinok barre algara egin zuen. Juliani biziki gorritu zitzaizkion masailak.

      — Ixo gero! —oihu egin zion emazteak Florentinori ere.

      — Neska batekin habil orduan? —galdetu zion Florentinok.

      — Ez —erantzun zion Julianek, urduritasunari eutsi ezinik.

      — Gezurra! —eten zion Luxiok—. Artzainaren alaba gazteena daukak andregai. Mendi puntan bakarrik luzaroan egoten ohitutako neska!

      Basoak milaka ahotsez egiten zuen deiadar; haizeak amorruz dantzatzen zituen bazterrak. Trumoi hotsak entzuten hasi ziren, urrutiko oihartzun.

      — Ez da egia! —asaldatu zen Julian; baina barru-ba­rrutik pozez gainezka zegoen, Luxioren hitzek neska beltzaranaren irribarre atsegina gomutarazi ziotelako—. Ez nabil inorekin.

      — Gezurra! Egunero ikusten haut haren gonapean sartuta!

      — Hiri aldiz ez ditek ijitoek ere jaramonik egingo —isilarazi zuen amak.

      — Luxiok ez du emakumeekin batere harremanik! —Joan Mari bere premutza erakusteko aukeraz baliatu zen

      Ukabilak atzera botatzeko itxurak egiten zituela, “kontuz edo bestela muturra jiratuko diat!” zioen begiradaz erantzun zion Luxiok.

      — Hiretzat hobe, seme —esan zuen Florentinok, seme bien arteko liskarra eteteko—. Emakumeak beti gertatzen dituk gizonezkoon kalte. Hire aita zaharrari begiratu besterik ez daukak.

      Gurasoak hiltzean seme bakoitzari ondasunen zati bat utzi nahi izateagatik pikutara joandako baserri ugari ezagutzen zituen, bere jaiotetxea esate baterako. Beldurtu egiten zuen zein erraz gailentzen zitzaion Luxio Joan Mariri. Emazteak ez zion inoiz ezer esan horren inguruan.

      — Julian honezkero lastategi batera baino gehiagotara igoko zen... —bota zuen Joan Marik.

      — Lepoa jokatzen diat aita behin ere ez zela ijitoekin ibili —bota zuen Luxiok, amaren erreakzioa ikusteko irrikaz eta Joan Mariri mehatxuz begira.

      Noizean behin ortzi osoa argitzen zuten tximistei esker alegiazko formez janzten ziren zuhaitzak. Trumoi danbateko izugarriak jarraitu zion tximistetako bati. Zestoako harrobian mendi gaina lehertu balute bezala ikaratu ziren. Etxekoandreak aitaren egin eta otoitzean hasi zen ahapetik.

      — Zaindu ezak neska hori kate motzean —esan zion Florentinok.

      Emazteak berehala xuxurlatu zion zerbait, eta Florentinok barre egin zuen ozen.

      — Gera haiteke hire neskato horrekin. Neure andrearekin nahikoa eta gehiegi badiat —oihu egin zuen algara betean.

      Zaldiak nekezago egiten zuen aurrera hautsez betetako bidean. Herritik abiatu zirenetik arnasa galdua zuela zirudien, urrats bat ematen saiatzen zeneko bere hanka boteretsuak behaztopatu egingo balira bezala. Florentinok zartailua astindu zuen ilunpean.

      — Ganoraz! —esan zion zaldiari, eta emazteari:— Bihar ezinezkoa izango da hemendik pasatzea!

      Trostan jaitsi zuten malda, gurdia alde batera eta bestera balantzaka. Baserriko atarira iritsi zirenean jada ez zen ezer ikusten. Bi anaiek jauzi egin zuten lurrera. Haien amak, etxetik kandela bat aterata, gurdia deskargatzen ari ziren aita-semeak argitu zituen. Julian, esker ona agertu nahirik, laguntzen hasi zitzaien, baina hiru gizonezkoek baztertu egin zuten hitzik egin gabe. Joan Marik gurdia ukuilura eraman zuen zaldia askatzeko. Julian sukaldera sartu zen. Andreak sua pizten ziharduen.

      — Mila esker ekartzeagatik —esan zien Julianek—. Ezertarako behar ez banauzue, etxera noa.

      — Biderako, nahi al duk jateko zerbait?

      — Ez, ez, mila esker. Gabon pasa.

      Julianek ia ukuiluko atetik bertatik hasten zen basabidea zeharkatu zuen oinutsik. Gozoa zen belarraren ukipena, ihintz egiten hasi berriaren freskura. Belardia mugatzen zuen hesola igaro, erripa lokaztutik ia erori beharrean jaitsi eta pinudi batetik joan zen, haizeak sorrarazten zituen harrabotsak entzuten. Gogor astintzen zituen bazterrak, ongi antzeman ez zuen zerbaitek ukondoan jo zuenean.

      — Nor dabil hor? Gizona bahaiz irten agudo! —oihu egin zuen Julianek.

      Eta erantzunik izan ez zuenez, atzera egin zuen, ilargiak lainoen artetik irtetean bidean zer zetzan argituko zuen itxaropenarekin.

      — Zer dabil hor! —oihu egin zuen berriro.

      Zuhaitzen kukuletan zerbait zabu egiten entzun orduko hanka egin zuen korrika, saguzarren bat abarretatik ihes egin ezinda geratu zela pentsatuta, harik eta etxeko sukaldeko argiak ikustera iritsi zen arte. Beiraren ostean ezagutu zuen aitaren irudia. Etxaurreko lizarrak itsaso uhinduaren antzera tolesten ziren. Aldi oro zer entzungo atezuan jartzen zen aita, norbaiten esperoan egongo balitz bezala. Julianek atea ireki zuenean mahaira eserita zegoen, apaizak utzitako liburuari begira.

      — Bahuen etxera etortzeko garaia. Aspaldi ilundu dik —esan zion, orkatila parean zituen odol arrastoei erreparatuz.

      Julianek urez bete zuen palangana oin azpiak garbitzeko. Aitak sobratutako oilaskoa eta txarro bat esne atera zizkion mahaira.

      — Gazta ere bazagok, nahi izanez gero.

      Aitak, besoak mahai gainean bermatuta, itzal erraldoia egiten zuen sukaldeko paretan. Ez zion begirik kendu jaten ari zen bitartean, baina Julianek ez zion hitzik egin. Amaitutakoan, edalontzia esnez bete eta trago bakarrean hustu zuen. Aitak gazta pusketa eder bat moztu zuen Julianentzat.

      — Zertan ibili zara gaur?

      — Goizean erreka ondoan egon nauk. Sargori egiten zian...

      — Arrantzan?

      — Ez, ez diat arrainik ikusi.

      — Eta arratsaldean?

      — Basoan ibili nauk.

      — Ezagunik ikusi duzu?

      — Bai zera! Kristo guztia herrira jaitsi duk mozkorrera!

      Kilker batek leiho ertzean ohiko kanta monotonoa abesten zuen bazetorren ekaitzari jaramonik egiteke. Milaka garrasi isil basoan lehian ari zirela zirudien, erauntsiaren indarraz baserria alde guztietatik erasotzeko prestatzen.

      — Orduan ez duzu inor ikusi?

      — Bai... hire neska-lagun hori ikusi diat.

      Aita-semeen artean sesio mingarriak sortzen zituen kontua zen. Horregatik jaitsi zen Julian aitari ezer esan gabe herriko jaietara. Baina ez zitzaion neskarik agertu.

      — Non ikusi duzu ba?

      — Basoan, Markeskoko seme gazteenarekin.

      Aitaren ahotsak semearenganako kezka adierazten zuen, ez ordea begitan hartuta zeukan neskarenganako inolako deitorerik. Begietara behatzera ausartu gabe hitz egiten zion.

      — Zertan?

      — Ez nauk haiei begira geratu. Nire bideari jarraitu zioat.

      Harrabotsak ozenagoak bihurtzen zirenean, etxeko ateak dardaraka hasten ziren, kanpotik bultzatuta bezala. Haizeak txistu urrikarriak sortzen zituen tximinian behera.

      — Esadazu, zertan ari ziren?

      — Ez zakiat. Barre egiten zitean... Eta ez diat begiratu.

      — Orduan nola dakizu eurak zirela? —urrutian itxaropen apur aurkitu nahi zuen.

      — Ikusi egin ditiat.

      Ekaitzak baretzera egin zuen. Une batez lehengo isiltasun astuna nagusitu zen sukaldean, baina laster lehertu zen erauntsia bortxaz: pinu zaharrak makurtu egin ziren, sustraiak lurretik jaregin eta ekaitzaren baitan espazio ezezagunetara hegaldatzeko asmoz.

      — Markeskoko gazteenarekin ikusi diat. Dirua zagok etxe horretan... Mirua eta oilanda: biak arrautzatik jaio dituk. Miruak zeruraino igo eta garrasi egindakoan, oilandak ez baina oilar zaharrenak ere beldurrez dardaraka jartzen dituk. Zergatik? Mirua handikia duk hegaztien artean; oilanda aldiz, baserritar arlotea...

      — Orduan... elkarrekin gustura ziruditela diozu? —Julian negar egitear zegoen.

      — Beste puxketa bat? —galdetu zion aitak, gazta ebakitzeko labana hartuta.

      — Ez.

      — Tira, behintzat ez gosez geratu.

      — Ez daukat gogorik.

      Aita mahai gaineko tresnak biltzen hasi zen.

      — Behiei neuk eman zieat jatekoa. Ohera joan haiteke nahi baduk.

      — Gabon.

      Burumakur eta oin biluziak herrestan irten zen sukaldetik. Arropak erantzi eta ohean sartu zen. Aitak ontziak nola garbitzen zituen entzun zuen. Ahuspez etzanda jarraitu zuen, aurpegia burkoan hondoratuta. “Sentitzen dudanarekin txikituta eduki behar dut bihotza” otu zitzaion.

      Zuhaitzak zehatzen zituen haize bolada entzun zuen. Leiho ertirekitik sartua, parrastada bat nabaritu zuen aurpegian bete-betean, hotzikara baten moduan. Hainbeste laket zitzaion neskaren bisaia ahaztu zuen.

      Ez zen oroitzen basoan aurrera egitea oztopatu zion hartaz ere. Beharbada lertxunetik bere burua urkatuz eskegitako inguruko baserritar baten gorpuarekin topo egin zuen.

      Gauerdia zen iratzarri zenean. Haizea entzun zuen izeien artean, eta nahi izanez gero gaueko zarata eta hots guztiak entzun zitzakeela bururatu zitzaion. Egiaztatzeko, ohean eseri eta adi-adi entzutera geratu zen: erreka zuloko uren marmarioak iritsi zitzaizkion, eta hots hura belarrietan bueltaka zebilkiola hartu zuen loak. Gero euri jasa bota zuen, eta Julian iratzarri berriro. Logelako itoginetatik usu erortzen ziren tantek erauntsiak astindutako pinu garaien marruak eta haizearen auhenak ito zituzten. Haizeak zakar jotzen zituen bazterrak. Errekan urak inoiz ez bezalako bortxarekin zetozen. Julian luzaro egon zen iratzarrita. Bihotza txikituta eduki behar zuela oroitu zen.