Bazterrekoak
Bazterrekoak
2000, narrazioak
224 orrialde
84-86766-08-7
azala: Xabier Gantzarain
Xabier Aldai
1975, Azpeitia
 
1993, poesia
 

 

Ehiztariak

 

 

—1—

 

Luis Huertas izeneko gizon batekin ibiltzen zen nire ama 1972an. Ama baino gazteagoa zen; zenbat ez dakit ordea. Nik hamasei urte egin berriak nituen. Aitak utzi zigun etxalde apalean bizi ginen ama eta biok, tren geltokiko errailak igaro eta Arauntza bidean Azpeititik bizpahiru kilometrora. Aitaren bizitza aseguruak utzitako xoxetatik bizi ginen garai hartan. Horretaz gain, juxtu herriaren bestaldean, Urrakiko bidean zegoen ostatu batean lan egiten zuen amak, zerbitzari. Arratsaldeetan Tolosako tabernetara joaten zen, Marijo lankidearekin batera. Badakit taberna haietako batean ezagutu zuela Luis. Batzuetan elkarrekin itzultzen ziren etxera, eta orduan elkarrekin oheratzen ziren amaren logelan, aitaren alboan etzan izan zen ohe berean.

      — Gaur ez naiz lotara etxera joango, Luisekin geratuko naiz —telefonatzen zidan besteetan amak, gaua Luisen apartamentuan igaroko zuela ohartarazteko.

      Halakoetan telefono zenbakia ematen zidan, baina ez nion sekula deitu beharrik izan. Egiten zuena gaizki zegoela pentsatuko nuela uste zuen, baina bere indarren gainetik zegoen eta ezin zuen eragotzi. Niri, aitzitik, bizitzaren afera arruntak iruditzen zitzaizkidan, eta iritzi berarekin jarraitzen dut oraindik. Emakume gaztea nuen ama eta aldi hartan ni neu ere jabetzen nintzen horretaz.

      Luis Huertas sindikalista zen bokazioz eta ehiztaria zaletasunez.

      — Aurreko batean eskopeta hartu eta, mendira bidean nindoala, oilagor bat ikusi nian hegan. Benetan zaila duk horrelakorik gertatzea. Bertan akabatu nian! Lumatu eta lagunekin jan nian elkartean. Argazki albumean gorde ditiat lumak.

      Abere mota guztietatik behinik behin ale bat tiroz eraitsia zuela esan ohi zuen.

      Garaia zen, begi ilun eta ile-adats beltz motzekoa. Umore onez egoten zen ia beti. Behin baino gehiagotan amak ni unibertsitatera bidaltzeko zeukan ametsa aipatzen zuenean, unibertsitateko ikasketak amaitu gabe utzi zituela erantzuten zuen. Nire amarekin harremanetan ibili zen bitartean pentzu biltegi batean egiten zuen lan, eta bere ordu libreetan tabernak zapaltzen zituen, sarri nire ama bezalako emakumeekin trago bat edo beste hartzeko.

      Bizimodua arrunta da mundu zabalean.

 

 

—2—

 

Azaroa zen. Denbora asko generaman Luisen berririk gabe. Bitartean amak beste gizon batzuk ezagutu zituen, baina gehienetan etxera itzultzen zen lanetik irten ondoren. Logelan ematen zituen orduak, telebistari begira eta ardo merkea edaten. Goiz batean gosaltzeko orduan Luisi buruz galdetu nionean, non ote zebilen arrastorik ez zuela ihardetsi zidan, eta nik liskarren bat izan eta alde egin zuela suposatu nuen. Balmasedan edo ba omen zuen seniderik.

      Luis gustukoa nuela onartu behar dut. Azkarra zen. Eta nik ezkertiartzat jotzen nuen.

      — Herrialdea aberatsek pozoituta zagok! —esan ohi zuen asaldatzen zen bakoitzean, mahaia kolpatuz.

      Garai hartarako neskak ezagutzen hasia nintzen, eta horregatik ez zitzaidan komeni ama beti nire zain etxean egotea; Luis agudo itzul zedila eskatzen nuen... edo etxetik urrun entretenituko zuen beste gizon bat ager zedila nire amaren bizitzan.

      Larunbat sargori batean arratsaldeko ordu bietan iritsi zen Luis. Ama eta biok atarira irten ginen, Renault urdina aitak haizea mozteko landatu zituen pinuen aurrean balaztatu zuenean. Nekea antzeman nuen amaren aurpegian. Urteko sasoi hotzak gainean genituen. Elurrak mendi gainak estaltzen zituen jada, baina egun hartan hego haizeak jotzen zuen, eta giroa udaberriko egunari gehiago zegokion udazken parteari baino, nahiz eta Xoxote tontorrean susmagarriak ziren urdin zilarrezko hodeiak zerua estaltzen hasiak izan.

      — Bizi haiz? —esan zion amak hoztasunez.

      — Nire arreba gazteena, mutua, hil egin dun —erantzun zion Luisek autoko atearen kontra zutik—. Hari lur ematera joan behar izan ninan —arras umore oneko zirudien.

      — Ziur —esan zion amak, iraindu balute bezala—. Ez duk deitzeko astirik ere izan?

      — Mutila ehizara eraman nahi dinat, Isa. Antzara saldoak jaitsi ditun mendi elurtuetatik. Bizkor ibili behar dinagu, bihar beste norabait hegaldatuko baitira. Orain ez zaukanat eztabaidan hasteko betarik. Gero ere nahi adina denbora izango dinagu hitz egiteko.

      — Ez dik hirekin joateko gogorik —amak, zakar.

      — Badut —aurka egin nion nik.

      Amak bekozkoa zimurtu zuen.

      — Zergatik? —galdetu zidan.

      — Arrazoi bat behar dun, ala? Ez dun nahiko ba heu baino handiagoa den mutil puska gonapean ezkutatzea, ezta?

      — Arrazoi bat? Ez huke, ez, gaizki etorriko arrazoiren bat hire ahotik —modu arraroan behatu ninduen amak—. Mozkortuta dagoela dirudi, seme.

      — Ez, ez; orain ez dinat edaten —esan zuen Luisek, nahiz eta sinesteko zaila gertatu.

      Bioi begiratu zigun, eta amak beheko ezpaina hozkatu zuen. Adi-adi begiratzen ninduen, amarru txar batean erortzen ari zela eta batere ondo iruditzen ez zitzaiola jakin nezan. Zer sentitzen zuen konturatu nintzela jabe zedin ahalegindu nintzen. Emakume ederra zen nire ama, baina haserre bizian ipintzen zenetan gogortu egiten zitzaion aldartea, eta orduan nekeak bisaia desitxuratzen zion.

      — Ongi zagok, joan hinteke nahi baduk —esan zuen, bereziki inori ariko ez balitzaio bezala.

      Bere gain hartu beharreko ardura zela zeritzon, neure ordez gehien zer komeni zitzaidan erabakitzea. Ez zuen kontrakarra atsegin.

      — Ehizatu, hil eta trenka itzak antzarak zein tximeletak! Hire aitak ere horretan jarduten zian kasketaldiak emandakoan! —itzuli eta etxeko atea zabaldu zuen.

      — Hator gurekin, Isa! —gonbidatu zuen Luisek. Barrez jarraitzen zuen, geroz eta alaiago.

      — Zertara? —zigarreta paketea soinekoaren patrikatik atera eta ahora eraman zuen ale bat.

      — Merezi din begira egotea.

      — Hildako txoriei begira egotea?

      — Lurralde hotzetatik datozen antzarak ditun, Isa; ez hemengo antzara arruntak. Eta gero beharbada, afaltzera gonbidatuko zaituztet —xaxatu zuen, nire adatsak igurzten zituela—. Zer dion?

      — Bai? Zer diruz gonbidatu behar gaituk ba?

      Ez nuen ulertzen zergatik zegoen hain haserre. Logikoagoa iruditzen zitzaidan Luis agertu zelako pozik egotea. Baina bazirudien Luisekin zerikusirik zuen guztia gorrotatzen zuela bat-batean. Maite zuelako beharbada.

      — Gaur gaueko afaria ordaintzeko nahikoa badinat behintzat.

      — Zorionekoa hi —esanez etxeko ate irekira abiatu zen berriro ama.

      Luisek ezer erantzuterako amak danbateko bortitz batez itxi zuen atea, eta egun ezintasunaren adierazgarri ulertzen dudan aurpegiera bitxiz begiratu ninduen Luisek. Ez ikusiarena egin nuen nik isil-isilik.

 

 

—3—

 

Renaultaren atzeko eserlekuan zihoan ama, aita zenaren kanoi bakarreko eskopeta aldamenean zeramala, baina ukitzera ausartu gabe. Ni aurrean, Luisek irten baino lehen bost kartutxoz bandatutako errepikari alemaniarra neraman hanka bien artean.

      — Bide ertzean piezaren batekin topo egiteko aukera ez diagu baztertu behar.

      “Arauntzatik Azpeitiko kanposanturako bidean ez da tiro egiteko aukerarik izaten” pentsatu nuen, baina ez nion ezer esan. Erbiak, faisaiak eta antzeko beste hegazti batzuk ehizatua nintzen lehendik, baina ez nuen sekula benetako ehizaldi batean parte hartu... zera, leku jakin batera joan eta zenbait erritu formalekin betetzea eskatzen duen ehizaldi horietako batean. Eta zeharo narritatuta nengoen.

      Luzaro egon zen ama hitzik egin gabe. Nik ere ez nuen erraizunik egin. Tren geltokiko errailak zeharkatu eta herriko auzune zaharretatik igaro ginen, parrokiaren ondoan hasten den kanposanturako bideari ekiteko.

      — Behin ere esan al dizut, seme, antzarek bizitza guztian eusten diotela bikoteari? —bota zidan amak; aurreko ispilutik Luisi begiratzen ziola jabetu nintzen—. Hegazti bereziak dira benetan.

      — Bazekinat, bai —erantzun zion Luisek, ispilutik atzera begiratu gabe, niregana destatu baina gezia berari jaurti ziola konturaturik—. Begirunerik handiena gordetzen zienat horregatik.

      — Non egon haiz orduan azken bi hilabete hauetan? Jakinminez galdetzen diat, besterik gabe.

      — Batetik bestera ibili nindunan egun batzuetan eta gero Galiziara jo ninan.

      — Zertara Galiziara?

      — Hura ezagutzeko gogoa ninan —eskuak urduri mugitu zituen bolantean.

      — Faltan bota haut —Luis bera ere ezustean harrapatu zuten hitzokin amaiera eman zion solasari.

      Antzekorik entzuten nion lehendabiziko aldia zen. Bere aurpegia ikusteko, nire aldeko atzeranzko ispilutik zerbaiti begira ari nintzela itxurak eginez itzuli nintzen, baina leihatilatik begira ari zen eta ez zen nire keinuaz ohartu.

      — Ez diat nire semeak inoiz ergel batzuek hezi zutela pentsa dezaten nahi —esan zuen amak, hiruroi deserosoa egiten ari zitzaigun isiltasuna apurtu asmoz, Luisek eta biok espero genuen bezala.

      — Inoiz unibertsitatera joan behar lukeela deritzot. Zer iruditzen zaik? —galdetu zidan Luisek.

      — Zoragarria iruditzen zaiola dio —amak erantzun zuen.

      — Zoragarria... —esan nuen nire txanda iritsi zenean.

      Pentze lau eta garaietara eraman gintuen Luisek. Telebistan miretsi ohi nituen altuera handiko gailur izoztuetako bat zirudien Xoxotek, behe-lainoak hartua. Zeruan gune urdin sorta zabalak bereiz zitezkeen eguna zela oroitzen naiz. Horizontearen lerroan galtzear Nuarbeko pantanoa izan behar zuena ikusi nuen. Zelai garaia zeharkatu eta alde bietara hesitua zegoen bidexka lokaztuan barneratu ginen, eta hiru bat kilometro bete genituenean Luisek balazta zapaldu eta iritsi ginela esan zuen.

      — Ez din ematen ezer dagoenik, ezta? —ispilutik begira eztiro galdetu zion amari.

      — Hemen gaudek... Hik ekarri gaituk.

      — Ez haiz damutuko —hitz eman zion Luisek, eta zertaz ari zen ederki zekiela iruditu zitzaidan orduan.

      Inguruan ez nuen ezer berezirik antzeman, ez landaretza usurik ez ezer ehizan egiteko leku egokian geundela adierazten zuenik. Sastrakak baino ez.

      — Ur putzu iraunkor bat zagok harantzago joanda —azaldu zidan Luisek—. Hemendik ezin duk ikusi, aldapa gogorra zagok. Baina antzarak lakuan itxaroten zauzkaagu! Ikusiko duk.

      — Ilargiaren traza ematen zioat honi guztiari —eraso zion berriro amak—. Ilargiaren alderdi ilunaren tankera dik, eta hala ere aukeran hura nahiago —adi begiratzen zien goldeak urratutako ordokiei, zerbait ikusi eta hari buruz gehiago jakiteko interesa balu bezala—. Nola aurkitu huen leku hau?

      — Aurreko batean pentzu kamioikada bat ekarri ninan.

      — Eta noski, lurraren jabeak nahi huenean ehizara etorri eta lagunak ekartzeko erregutu zian belauniko jarrita. Hik badakik hemen inguruko lur guztiak ehizaleku pribatuak direla. Tira, esadak, zer darabilkik esku artean?

      — Lurrek ez diten jabegorik. Baserritarrek landu eta bertatik jateko eskubidea diten, eta kito. Denok dinagu lurrak ustiatzeko eskubidea. Legeak dioena sinestunentzat bakarrik balio din.

      — Beno, seme, Luisek egin behar duenari azpipetiko ehiza deitzen zaio, eta epaileek gogor jazartzen duten lege haustea da. Hainbeste jakin dezazun nahi dut, harrapatzen bazaituzte ondorioei aurre egin beharko baitiezu.

      — Hire amak esandakoa ez duk erabat egia!

      Artean belazearen aurrean, Luisek uzkur behatu zuen mendietan galtzen zen zidor istiltsura. Amak zioena egia hutsa zelakoan nengoen, baina une hartan ez zitzaidan zipitzik axola. Nire gainetik antzarak ikusi eta tiroz haiek eraistea besterik ez zuen garrantzia une hartan.

      — Ongi duk, ni ez noak zuekin —esan zuen amak—. Dagoeneko soberan ditiat buruhausteak.

      — Nahi dunan bezala. Aintziraren gainetik hegaldatzen direnean ikusi ahal izango ditun. Hori dun nahi nuen guztia. Gu biok, ordea, hegazti errespetagarri horietariko batzuk botatzera joango gaituk, ezta?

      — Bai —erantzun nion, eta aitarena izandako eskopeta hartu nuen eskuetan.

      — Goazemak orduan. Bestela ilundu egingo dik guk ezer egin aurretik.

      Luisek zapatila deportiboak kendu eta maletategitik ateratako botak jantzi zituen. Hesia saltatu eta goldatutako zelaian barrena abiatu ginen. Urrats gutxi batzuk eman genituenean, ama zertan zen ikusteko itzuli nintzen, baina soilik lepotik gora ikustatzera iritsi nintzen, buru ttipi eta iluna, Renaultaren atzeko eserlekuan erdi ezkutatuta, inora soraio begira, ni oraindik hausnartzeko gai ez nintzen kontuei buruzko gomutetan galduta.

      Putzura bidean isildu gabe mintzatu zitzaidan Luis. Ez nintzen behin ere berarekin bakarka egon, eta amak kontatu zidanetik aparte oso gutxi nekien berari buruz: batzuetan gehiegi edaten zuela, bestetzuetan inoiz ezagutu zuen gizonik zoragarriena zela. Eta orduan Luis egunen batean norbaitekin ezkonduko zela pentsatzen zuen amak, nahiz eta norbait hori bera bezalako emakumea ez zela izango uste izan, eta hori pentsatzeak min ematen zion.

      Unibertsitateko ikasketak amaitu izan balitu zoriontsuagoa zatekeela aitortu zidan Luisek putzurantz hurbiltzen ginen bitartean, baina ordurako beranduegi zela, ganbara zahartu zitzaiola jada. Denboraldi batez herrialde komunista batean bizitzeak poztuko zukeela esan zidan ondoren, ustelkeriak jo ez zuen herrialde komunista batean, berdin zitzaion non. Hasieran izugarri bizimodu gogorra gertatu behar zuen, hemengotik zeharo ezberdina izango zelako, baina iritsi berria segituan ohituko zen hangora eta ez luke gehiago beste inon bizi nahi izango; bertakoek, gainera, anaiatzat hartzen zituzten hara bizitzera joandako atzerritarrak.

      — Komunistak —azaldu zidan— nonahi zaudek. Ez dituk oso ezagunak, baina hor zaudek. Azpeitian eta ingurumarietan ere inork uste baino gehiago dituk. Harremanetan nagok denekin. Arrisku bizian zaudek, bizi arriskutik gertuago igarotzen den egun bakoitzeko. Beren segurtasunaz arduratu behar diat.

      Eta orduantxe erakutsi zidan atorraren azpian azal biluziaren kontra zeraman pistola.

      — Orain bertan harrapatuz gero hil egingo nindukeen jendea zagok hortik zehar —geratu gabe jarraitzen genion bideari—. Ez zakiat hitaz gauza handirik, gazte. Ez hala nahita ordea. Ehizaz gain zer egitea atsegin duk?

      — Boxeozalea naiz —barre egin nuen—. Ni bezalakoentzat ezinbestekoa da borrokan jakitea.

      — Sinesten diat, bai, sinesten diat —esan zuen pentsakor.

      — Badakit neure burua zaintzen —ohartu nuen.

      Aurrera egin nuen belardiaren zedean hasten ziren zuhamuxka berdeen artetik putzua ikusiko nuen itxaropenarekin. Aintziratik etorri behar zuela iruditzen zitzaidan lurrun freskoa nabaritzen nuen airean; hala ere, ezer ikusi gabe jarraitzen nuen.

      — Nola ehizatu behar ditugu? —galdetu nion.

      — Ez duk zaila. Ehiza, gehienetan, ez duk tiro egitea besterik. Eta gaurkoan ere horrela izango duk. Beste toki batzuetan jendeak lurrean zuloak egin, haietan ezkutatu eta abetak ateratzen ditiztek antzarak erakartzeko. Baina orain ez diagu horretarako astirik.

      — Nola dakizu hemen daudela?

      — Hori ez duk galdetzen. Bazakiat hemen daudela! Hona oso gutxitan etortzen dituk. Baina, tira, zein den lehenbizikoa, arrautza edo oiloa eztabaidatu nahi baduk...

      — Ehiza furtiboki egin behar al diagu?

      — Benetan axola zaik?

      — Ez —erantzun nion; egia zen.

      — Hala nahi baduk, ez gaituk furtiboak.

      Puska batean jarraitu genuen hitzik gurutzatu gabe. Behin bakarrik itzuli eta autoa ikusi nuen urrutian, lautada zabalean ezdeusera murriztua. Ezin nuen ama ikusi; irratia piztuta, loak hartuko zuela suposatu nuen. Autotik harantzago, eguzkia hego-ekialdeko mendi tontor biribilen artean gordetzen ari zen, eta orduan jabetu nintzen eguzkia erabat ezkutatzen zenean giroa nabarmen hoztuko zuela paraje haietan. Ama gurekin etortzea gura izan nuen, eta une batez zeinen guti ezagutzen nuen konturatu nintzen.

      Beste bostehun metro egin genituen, harik eta txarrantxazko beste hesi bat saltatu eta otsatz artean ehun metro inguru egin genituen arte. Handik aurrera bideak are malda bortitzagoan jarraitzen zuen, muino moduko goragune artifizial bat eratu arte, ziurrenik inguruko baserritarrek euren zelaiak haizearen zakarraldietatik babesteko asmoz altxatua. Ordura arte txorien txilioak edo sugandilen mugimendu presatuak soilik iristen zitzaizkidan belarrietara, baina bat-batean haizea norabidez aldatu zen... eta handik aurrera antzarak bakarrik entzuten nituen. Izugarrizko saldoa zen, arramen arabera. Une batez geratu eta soinu oihukari bezain zoli hura entzun nuen, inoiz ere hain gertutik entzun ez nuena, bortitza izan gabe multzo ikaragarria salatzen zuena. Inguratzen ninduen orotarik baztertua sentiarazten ninduen soinua zen, gauzen kontzertu nagusian nik garrantzirik ez banu bezala. Birikak airez bete eta sorbaldak atezatu egin zitzaizkidan nire buruak osatu zituen iguripenengatik.

      — Entzuten al dituk karrankak? —geldi nendila seinalatzeko altxatu zuen eskua eta, belarriak erne, entzutera jarri ginen—. Soinuagatik zenbat izango direlakoan hago?

      — Ehun bat igual. Gehiago ere bai akaso.

      Luisek oker nenbilela adierazten zuen irribarre erdi isekari batez behatu ninduen.

      — Hoa begiratzera, baina ez ezak ipurdia lurretik bi zentimetro baino gehiago altxatu.

      Fusila lurrean utzi eta gorputza lurrari itsatsita lubetan gora herrestatu nuen neure burua, otsatz eta kardaberen artetik, putzua ikusi eta aldi berean antzarak begien aurrean izan nituen arte. Han zegoen, uretan pausatutako zintatzar zuri eta zabalaren antzera elurretako antzaren hedadura amaigabea, nigandik berrogei bat metrora, ezpondatik hasi eta ur azalean barneratzeraino. Berez estua zen putzua, agian ttipiegia antzara saldoarentzat. Kontrako ezpondan ezpata-belarren kanaberadi zarratuak; eta harantzago, hondoan, sastrakak zabaltzen ziren mendate azula.

      — Ikusten al dituk? —xuxurlatu zidan Luisek behetik.

      — Bai horixe! —erantzun nion, nire aurrean hedatutako paisaiari begirik kendu gabe. Ikusteko modukoa zen, alajaina: lehenagotik ezagutzen ez nuen zerbait eta ordudanik gehiago ikusi ez dudana.

      — Lurrean ere ba al zaudek? —galdetu zuen berriro.

      — Bai, kardaberen artean. Baina gehienak igerian dabiltza.

      — Ederki. Laster hegaldatu beharko ditek, baina guk ez zieagu aukera hori emango.

      Atzera egin nuen lubetatik Luis zegoen zuhaizpera iritsi arte. Nire eskopeta hartu nuen. Iluntzen ari zen eta haize freskatuak purpurazko giro bat eratzen zuen gure begiak iristen ziren ingurumarietan. Auto aldera so egin baina ezin izan nuen ikusi; ez nengoen ziur Renaultaren kokapenaz zeru suhartu haren pean. Antzarak elkarren artean borrokan eta aintziraren gainazalean karranka entzuten nituen. “Ez ote dakite honen gertu gaudela?”, galdetu nion neure buruari.

      — Norantz joko dute hegan hasten badira? —galdetu nion xuxurla batean, ez bainuen nahi nire hitzez edo ekintzez hura guztia alferrik galtzea.

      — Arto sailera. Edo agian behin betirako alde egingo ditek. Hire ama hemen egotea nahi nian. Gero, damutzen denean, beranduegi izango duk.

      — Ez da gure errua —bihotzak inoiz ez bezala egiten zidan taupa; ez nuen uste ama damutuko zenik.

      Luisen egitasmoa oso sinplea zen. Ni lubetan ezkutatuta geratuko nintzen, eta bera errepikapen-fusila hartuta zelaian zehar antzarei hurbilduko zitzaien. Gero, zutitu eta eskueran zituenei tiro egingo zien. Eta gainontzeko guztiak hegaldatzen zirenean, batzuk —zorte apur batez— ni nengoen aldera gerturatuko ziren haizearen norabidean. Nik tiroka eraso eta berriro ere Luisengana ondoratuko ziren, beste behin ere hari tiro egiteko egokiera aproposa eskainiz.

      — Zorte apur batez —esan zuen— hamar bat botako ditiat, eta hik bost.

      Ez zirudien oso zaila.

      — Hago ezkutuan. Itxaron besoa luzatu eta haiek ukitzeko gai izan arte, eta orduan jaiki eta egin su. Zalantzatan galtzen bahaiz, akabo. Ez diagu beste aukerarik izango.

      — Saiatuko naiz.

      — Behin eta berriro, gelditu gabe, tiro egin buru aldera. Erraza duk!

      Zapladatxo batzuk eman zizkidan bizkarrean eta irri egin zuen. Ondoren, eskopetarekin lubetan gora igo eta nire ikusmenetik kanpo geratu zen arte narrastu zen zelaian. Orduan, egun hartan lehendabiziko aldiz, bakar-bakarrik gelditu nintzen. Belar gainean kokorikatu, kanoi bakarreko zizpa bandatu eta bi kartutxo gehiago atera nituen patrikatik, eskuan eramateko. Hiru bider mugitu nuen segurua erabat ziurtatzeko. Sasiak astindu eta dardaran jarri ninduen haize arin bat altxatu zen, iparraldeko haize hotza, antzarek atzean utzi nahi zuten haize berbera. Amaren irudia etorri zitzaidan burura, bakardade hitsean autoan; berarekin zenbat urtez biziko nintzen pentsatu nuen, ni etxetik joateak zenbateraino eragingo zion. Luis Huertas noiz hilko zen bururatu zitzaidan jarraian. Ez nekien nire amarekin ezkonduko ote zen, eta horrela balitz nola hartuko nuen nik. Eta, zergatik jakin gabe, Luis Huertas eta biok sekulan ez ginela lagunak izatera iritsiko jakin nuen. Ez zitzaidan axola nire amarekin ezkonduko zen ala ez.

      Berriro entzun nituen antzarak; denak batean, doinu karrankariagoan, haizearen norabidea berriro aldatzean giro hotzak susmo txarrak ekarri balizkie bezala. Berehala entzun nuen danbatekoa, Luis antzara artera iritsi, zutitu eta tiro egiten hasi zen seinale. Antzaren hotsak ugaldu eta burrunbatsuagoak bihurtu ziren. Hatzak erretzera zihoazkidala iruditu zitzaidan, metalean egiten zuten presio bortitzagatik. Eskopeta jaitsi eta eskua ireki nuen erredurarekin amaitzeko, unea iritsitakoan gatua behar bezala senti nezan. Luisek berriro egin zuen su, eta kartutxoak fusiletik nola jauzarazten zituen entzun nuen. Nigana iristen ziren soinu guztiak puztuta zetozen: antzarak, tiroak, haizearen irabioa... Hirugarren eztanda bat entzun nuen. Punteria findu eta jopuntuan asmatzeko beharrezko denbora hartzen zuela nabaritu nuen. Nire aita zenaren eskopeta estutu eta lubetan gora abiatu nintzen lau hankan, antzarak nire gainetik igarotzen hasi zirenean. Lubeta gainetik Luis ikusi nuen belaze eremuan, ez oso tarte handira lurretik hegaldatzen saiatzen zen hego punta beltzeko antzara zuri bati tiroka. Tiro egin eta antzarak hegoak astintzeari utzi gabe erori zen zerraldo. Zertan nintzen ikusteko jiratu zen; harritu egin ninduen bere aurpegieraren espresio deslokatuak. Airea, bere inguruan, hegan zihoazen antzara zuriz betea... eta Luis, lehia bizian, denak eraitsi nahian.

      — Hire atzean! —oihukatu zuen—. Hire atzean dauzkak denak!

      Atzera begiratu eta ikusmena galtzen zen arte antzarez gainezka ikusi nuen zerua; astiro-astiro, hegoak luzatuta, patxadaz eta mantso astinduz mugitzen zen antzara saldoa, zeru zabalera algara zoriz asetzen. Karrankak ez ziren itxaroten nuen bitartean imajinatu bezain zoli eta etsituak. Hain gertu zeuden! Haizeak zakar astintzen zituen belarrak eta hegoen irabiatzea ekartzen zidan belarrietara; bala bakoitzeko antzara bat jaurtikiko nuela otu zitzaidan —ehunka, milaka— eskopeta altxatu eta edonora destatuz tiro egitean. Antzarak zirgit egin zuen airean, hanka zabalak sabelpean hondoratu eta hegoak aldiz harrotu egin zitzaizkion arnasari eusteko. Azkenik, gorputza berunezkoa bailuen erori zen, lurra kolpatuz hots trinko eta gorrotagarriarekin, giza gorputz batek egingo zukeen moduan. Berriro begirada altxatu eta beste antzara bati egin nion tiro; perdigoiak bularrean nola xartatzen zitzaizkion entzun nuen, baina ez zuen norabidea okertu ere egin, eta ez zen erori. Luisek berriro egin zuen tiro. Eta berriro.

      — Aupa mutil! —oihukatzen entzun nion—. Segi!

      Antzarak zeuden nonahi elkarren segidako ilaratan. Eskopeta bandatu bitartean, neure buruarengan konfiantza gehiago behar nuela errepikatzen nuen. Beste antzara batengana destatu eta buruan eman nion bete-betean. Aurrekoaren antzera erori zen, hegoak zabalduta eta sabelaz lurra seinalatuz. Zarata berdina atera zuen lurra jo zuenean.

      Lubetako belar gainean hankak gurutzatuta eseri nintzen eta nire gainetik igaro zitezen utzi nuen. Airean zen saldoa, hegoalderantz lerrokatuta. Eguzkiaren azken izpiak jasotzen zituzten lerro luzeetan, haizearen norabidean urruntzen ziren heinean zilar kolorekoak bihurtuta. Ikusgarria benetan! Antzara aldra amaigabe hura airean, inoiz entzundako ezeren parekorik onartzen ez zuen zalapartan. “Nire bizitzan berriro ikusiko ez dudan zerbait da hau” pentsatu nuen. Zuzen nenbilen.

      Luisek bi tiro gehiago jaurti zituen. Lehenak huts egin, baina bigarrenak une hartan ihes egitera zihoan antzara harrapatu zuen. Inpaktuaz irauli eta putzu hutsaren gainazalean pausatzera arte egin zuen hegan, eta uretara iritsitakoan ezer gertatu ez balitz bezala igerian eta karrankaka hasi. Luis, sastraken artean zutik, errepikaria jaitsita, begira geratu zitzaion erdi lelotuta.

      — Ez nion tirorik egin behar, ez duk uste?

      — Ez dakit —erantzun nion montorrean eroso eserita, aintziran igerian zebilen antzarari begira.

      — Ez zakiat zergatik hiltzen ditudan. Hain dituk ederrak... Agian antzarekin ez zagok beste zereginik —burua itzuliz antzara zaurituari begira geratu zen ostera, eta azkenik burua astindu zuen—. Honetarako sortuak izan dituk agian.

      Ez nekien zer esan, ez bainuen ulertzen nora iritsi nahi zuen. Apur bat nahastuta sentitzen nintzen neurrigabeko hegazti multzo haren aurrean. Gosearen antzeko sentimendu lainotsu bat zen.

      Luis berak botatako antzarak biltzen hasi zen. Zegozkidan antzara parearengana jaitsi nintzen ni. Elkarren alboan zeuden biak, bizi arrastoa desagertuta. Batek sabela irekita zeukan, erraiak kanpoan. Besteak ukitu gabea zirudien, sabel leuna burko baten irudiko; buruak eta moko koskadunak eta begi ņimiņoek oraindik bizitza bafada baten jabe ziruditen.

      — Zer moduz ehiztariak hor behean? —galdetu zuen ahots batek.

      Asaldatuta itzuli nintzen, lurren jabeak basozainak edo guardia zibilak bidali ote zizkigun begiratzeko. Ama zen, montorraren gainean, soineko arrosaren azpitik luzatzen zitzaion gorputza besoez inguratzen. Irri egin arren, aurpegiak ezin zion ezkutatu jasaten ari zen hotza. Tiroak hasi zirenetik ama erabat ahaztu nuela ohartu nintzen.

      — Nork eraitsi ditu pieza horiek guztiak? Zuk, seme?

      — Ez, nik bi baino ez; besteak Luisek bota ditu.

      — Ehiztariaren sena din mutilak, Isa —esan zuen Luisek—. Pazientzia zaukan... eta adorea.

      Lepotik oratzen zien antzara biri, esku bakoitzarekin banari. Nire amak eta Luisek pozez zoratzen ziruditen, loterian irabazle bakar eta milioidunak balira bezala.

      — Abila haiz —esan zuen amak; eraitsi zituen antzarengatik Luis miresten zuela pentsatu nuen—. Zoragarria izan duk. Inoiz ez diat antzekorik ikusi. Elurra zirudian.

      — Merezi izan din, ezta? —galdetu zion Luisek—. Gehiago ere hil nintzakenan, baina burua galdu dinat.

      Bat-batean, ni ere han nintzela ohartu zen ama.

      — Non dira zureak?

      — Hemen —nire oinetan zeutzan bi antzarak erakutsi nizkion.

      Lotsatu egin nintzen erraiak kanpoan zituenaz. Amak xamur egin zuen baietz buruarekin; nik uste, une horretan eguna ongi amaitu eta hirurok zoriontsu izan gintezela besterik ez zuen nahi nire amak.

      — Hamaika dira orduan, hamaika guztira.

      — Oraindik badago han beste bat —esan nuen, zirkuluak trazatuz putzuan igerian jarraitzen zuen antzarari beha.

      Luisek keinu bitxi batez so egin zidan, antzara hura ez nuela aipatu behar zioen imintzioz. Damutu nintzen isildu ez izanaz. Zeruan, barrauzaren argitara zilarrezko distirak jaurtitzen zituzten antzara ilara eskergak ikusi nituen. Presa handia sentitu nuen berehalakoan, handik alde egin eta etxera joateko.

      — Antzara hori izan dun nire hutsegite bakarra —esan zuen Luisek, irribarrea galdu gabe—. Ez nionan tirorik egin behar, Isa. Baina nire senetik atera naun azkenean.

      Putzura begiratu zuen amak, Luisengana itzuli zen ondoren, eta putzuari begiratu zion berriro.

      — Hegazti gaixoa. Nola egingo duk hartzeko?

      — Ezin dinat hartu.

      — Zer esan nahi duk?

      — Hor utziko dinagu.

      — Ez, ez, ezin duk hori egin. Hik egin diok tiro eta hik jaso beharko duk.

      — Ez —Luisen erantzuna lehorra bezain erabatekoa izan zen.

      Amak txandaka pausatu zituen begian gugan: nigan estreina, Luisengan ondoren.

      — Sar hadi uretan eta eskura ezak, Luis —erregutu zuen ahots doinu emean.

      Nerabe bat zirudien, zerbitzariaren mahuka motzeko soineko arin harekin, hanka mehe eta biluziak belarretan erdi ezkutaturik.

      — Ez! —lehen baino zorrotzago.

      Ez nuen ulertzen zergatik ez zuen antzararen bila joan nahi, lan erraza baitzen. Putzua ez zen oso sakona. Luisek bota handiak zeramatzan.

      Amak ezpondatik besoekin ez iristeko tarte juxtura zegoen antzara zuriari so egin zion: burua zutik zeraman eta zirkuluetan egiten zuen igeri, hegoak bilduta, punta beltzak begien bistan utziz.

      — Sar hadi uretan eta har ezak, Luis, mesedez —erregutu zuen amak ostera—. Heuk esan duk animalia bereziak direla!

      — Ez dun ulertzen, Isa. Gauza hauek gertatu egiten ditun. Ez diten hainbesteko garrantzirik.

      — Hain krudela duk!

      — Jaso hitzak besoak, gazte —agindu zidan Luisek—. Nik ez ditiat aingeru hegoak ikusten, eta hik... ikusten al dizkidak niri?

      Begira-begira geratu zitzaidan, eta nik begirada saihestu nuen.

      — Orduan zoaz zu, seme —eskatu zidan amak—. Zu behintzat ez zaitu jende ergelak hazi.

      Mugitzeko keinua egin nuen, baina Luisek bortxaz heldu ninduen sorbaldatik.

      — Ez dun inor joango, Isa.

      — Hik ez daukak bihotzik. Higan ez zegok maitatzeko moduko ezer. Putakume zikin bat baino ez haiz.

      Eta Luisek, orduan, baietz egin zuen buruaz, lehen ulertzen ez zuen zerbait orain guztiz aditzera iritsi izan balitz bezala; jakitea arras interesatzen zitzaion zerbait.

      — Ongi zagon. Oso ongi.

      Zilborrari itsatsita zeraman pistola atera, aurrez aurre keinatu, tiro egin eta kale egin zuen. Besoa jaitsi, berriro prestatu, tiro egin eta huts egin zuen bigarrenean ere. Antzara karranka hasi zen. Hirugarrenean balak burua erdibitu zion. Ur palastak eten egin ziren. Barruko bala guztiak agortu arte jarraitu zuen tiroka, burubako antzara putzuaren bestaldeko ertzera bultzatzen, ur berdeetan.

      — Eta orain badinat bihotzik?

      Baina Luisek burua jiratu zuenerako ama ez zegoen han. Autorantz abiatua zen, iluntasunean aienatuta ia. Luisek barre egin zidan. Lehenago antzemandako espresio deslokatua zuen aurpegian.

      — Dena ongi, seme?

      Baiezkoa egin nion buruaz.

      — Beti zagok muga bat edo beste. Ulertzen didak, ezta?

      Oinazez neukan sorbalda, Luisek oratu ninduen indarraren kariaz.

      — Emakume ederra duk hire ama, baina ez duk munduko emakume bakarra.

      Isilik jarraitu nuen

      — Min egin nahi didak, ezta? Ulertzen diat.

      Ez nekien zer egin. Jo eta astindu gura nuen, nire indar guztiaz aurpegia kolpatu eta ostikatu, lurrean odoletan eta negarrez, mesedez geldi nendila erregutzeraino. Baina une hartan ikaratuta zirudien, eta ordura arte ez nuen inoiz heldu bat ikaratuta ikusi. Pena sentitu nuen Luisengatik, hildako batek sorraraziko lidakeen pena. Eta ez nuen jo.

 

—4—

 

Gau hartan, goizaldera, ohean nengoen amak deitu zidanean:

      — Zatoz hona kanpora. Irten zaitez eta ikusi hau.

      Atarira irten nintzen, oinutsik eta galtzontzilotan. Tenperatura epela zegoen, udaberri parteko behe-lainoa nagusi zen azaroko gau hartan. Urrutira, Azpeitiko kaleetako argiak bereizi nituen. Antzarak entzuten nituela iruditu zitzaidan. Karranka zoriek oihu asaldatuak ziruditen, eta ikusi ezin nituen arren —entzun soilik—, zeru sabaia estaltzen zutela ematen zuen.

      Amak zerurantz altxatu zuen burua.

      — Entzuten? Ilargira doaz, behin ere iritsiko ez diren arren —esan zidan; dutxaren osteko ile bustien usaina etorri zitzaidan—. Lurralde honek erdi basatia izaten jarraitzen du.

      Hotzikara sentitu nuen bularrean, besoetako ileak laztu eta zutitu egin zitzaizkidan, erauntsia datorrenean bezala. Lipar batez mutu geratu ginen, entzuten.

      — Zure aitarekin ezkondu nintzenean, etxe batena baino ukuiluaren antz gehiago zuen txabola moduko batean bizi ginen. Baina niri jauregirik ederrena iruditzen zitzaidan. Ez zaizu axola orain kontu hauekin hastea, ezta?

      — Ez.

      — Bizitza aurrera darrai —hitzok puska txikitan ebakita ahoskatu zituen, esaten zuena sinestea kostatuko balitzaio bezala—. Gaur gauean ez naiz munduarekin bat sentitzen.

      — Ez kezkatu, lasai —kontsolatu nahi izan nuen.

      Haserre zegoen, disimulatzen saiatu arren.

      — Ez nuen larregi atsegin —esan zidan—. Egia esateko ez zait piperrik axola...

      Isiltasuna gorde zuen luzaro.

      — Galdera bat egiten badizut, konfiantza osoz erantzungo al didazu? Egia jakin behar dut!

      Baiezkoa egin nion buruaz.

      — Oraindik erakargarria izaten jarraitzen dudala esango zenuke?

      Zutik nengoen atarian, olibadien aurrean, zerura begira, behe-lainoa zeharkatu nahian. Ezin nituen antzarak ikusi, baina artean hego astintzeen oihartzunak entzun nitzakeen, hego zurien pean irabiatzen zen airea sumatzeraino. Erabaki azkar bat hartu behar nuela pentsatu nuen.

      — Nire ustez bai.

      Ez nuen besterik esateko ausardiarik eduki. Arreta beste zerbaitetan pausatzen ahalegindu nintzen, amak esaten zuenari jaramonik egin gabe.