Agur, Euzkadi
Agur, Euzkadi
2000, nobela
168 orrialde
84-86766-10-9
azala: Nikolas Lekuona, Garbiņe Ubeda
Juan Luis Zabala
1963, Azkoitia
 
2023, narrazioa
2022, poesia
2017, narrazioak
2006, narrazioak
1996, nobela
1994, ipuinak
Agur, Euzkadi
2000, nobela
168 orrialde
84-86766-10-9
aurkibidea
 

 

Mendietara

 

Lauaxeta zenik ez sinetsi arren, ezinegon bat piztu zuen nire baitan gizon arraro haren bisitak. Inori ezer esan gabe, dena neure barrurako gordeta, betaurrekodun misteriotsu hari buruzko mila burutazio izan nituen ondorengo egunetan. Nor ote zen? Zer nahi ote zuen benetan? Zer gertatuko ote zatekeen begien bistatik bidali beharrean haren proposamena astiro entzun eta baiezkoa eman banio? Telefonoz deitzen zidaten bakoitzean gizon hura izango zela pentsatzen nuen, eta ilusionatu eta urduritu egiten nintzen, nerabe maitemindu berri baten antzera. Ez zuen deitu, ordea, eta ez zen berriro joan erredakziora.

        Neuk zergatik jakin gabe, barruak astindu eta asaldatu egin zizkidan bisita hark. Barne-iraultza bat izan zen nire erraietan. Haurtzaroko eta nerabezaroko oroitzapenak etorri zitzaizkidan trumilka gogora ondorengo egunetan, aspaldiko partez, indartu eta biziberriturik. Margarenak batez ere, Margak Zeanurin, Gorbeiapeko sagasti hartan, "Ikusi nahi al dizkidazu?" galdetu zidan lehen egun urrun hartakoak bereziki.

        Barne-iraultza haren eldarnioan, ezinbestean eta lehenbailehen hartu beharreko erabakia zen ordura artean funtsik gabeko asmo lanbrotsua baino izan ez zena: lana utzi eta etxetik alde egin behar nuen, nora eta zertara ez banekien ere.

        Aspaldidanik nintzen ni, izan ere, federik eta ilusiorik gabeko kazetaria. Egunkarietako erredakzioetan, baita indar ekonomiko eskasenekoetan ere, etengabe jasotzen dituzte kazetariek mundu osoko berriak eta irudiak, milaka eta milaka egunero. Horietako asko eta asko artxibatuta geratzen dira, nahi denean eskuragai. Horretaz gain, telefonoek, faxek eta Internetek milioika ate gehiago zabal diezazkiokete, erredakziotik irten beharrik ere gabe, kazetariaren jakinminari. Baina, horrenbesteko erraztasunaren ondorioz, horixe izaten da azkenean kazetariari falta izaten zaiona: jakinmina. Azkenean, berdin zaio kazetariari zertaz idazten ari den ere, berdin zaio injustiziaren neurria, berdin torturatuen oinazea eta hildakoen kopurua. Azkenean, ez du ezerk harritzen, ezerk hunkitzen, ezerk mintzen. Eta, jakina, kazetariaren soraiotasun lazgarri hori berehala kutsatzen zaio irakurleari ere.

        Miguel Sánchez-Ostizen La gran ilusión nobelako pertsonaia bati iruditzen zaio heltzen zaigun oro "bigarren eskukoa" dela, ezagutzen dugun oro azaletik baino ez dugula ezagutzen, inoiz ezeren benetako muinera heldu gabe. Pertsonaia haren irudipena indartu egiten du, dudarik gabe, eguna egunkari baten erredakzio barruan emateak, etengabe mundu osoko berriak eta irudiak jasotzen. Nazka-nazka eginda nengoen teletipoen, telefotoen eta Interneten erraztasun beldurgarri eta tiraniko hartaz, eta nazka-nazka eginda iritzi-emaile eta intelektualen jardunaz ere, albisteen interpretazio eta iritzi-emailetza automatiko eta sistematikoaz. Nazka-nazka eginda nengoen hedabideek beren buruak munduaren laburpen orohartzaile gisa aurkezteko zuten handinahi ustelaz. Nazka-nazka eginda nengoen pertsona informatua izateaz. Nazka-nazka eginda nengoen errealitatea, baita gertukoena ere, geure ondo-ondokoa, geure-geurea, beti zeharka jasotzeaz, testu eta irudien bidez, edo inoren ahozko lekukotasun zuzenaren bidez asko jota. Nazka-nazka eginda nengoen omenka bizitzeaz. Neure oinekin ibili, lurra zapaldu eta lur gainean oinatza utzi nahi nuen; neure begiekin ikusi, neure belarriekin entzun, neure eskuekin ukitu, neure sudurrarekin usaindu, neure mihiarekin dastatu; eta ondorioz, ahal izanez gero, horixe izango baitzen inondik ere zailena, ezinezkoa seguru askorik ordurako, neure buruarekin pentsatu eta neure bihotzarekin sentitu.

        Horregatik guztiagatik, lana eta etxea utzi eta mendira jotzeko ideia nuen aspaldidanik buruan bueltaka. Lau pareta artean egoteari utzi eta lurrari lotu, lurra lantzeko eta eguneroko lagun egiteko ez bazen ere —beranduegi bainuen nekazari egiteko—, lurra neure oinekin zapalduz ibiltzeko gutxienez. Norabide jakinik gabe, noraino helduko edo noiz itzuliko nintzen jakin gabe, bidez bide, joan eta joan, euskal txara, zelai, baso, mendi eta herrietan barrena, aspaldiko partez bizitzarekin aurrez aurre topo egiteko esperantzan. Albiste ahalik eta garrantzitsuenen inguruan bizitzeari utzi eta bestelako albiste batzuen bila jo nahi nuen, albiste askoz txikiago baina batez ere askoz neureagoen bila.

        Lauaxetaren bisitaren ondorengo egunetan, argi ikusi nuen heldua zela tenorea. Erabakita zegoen. Urratsa ematea baino ez zen falta.

 

 

Lauaxetaren bisitatik artean astebeterik ez zela, gutun harrigarria jaso nuen erredakzioan, guztiz ustekabekoa eta ia-ia Lauaxetaren bisita bezain ezinezkoa: nire lehenengo maitalearen gutuna. Gutuna jasotze hutsa harrigarria zen, Margaren berririk ez nuela 23 urte zirelako eta ez nuelako uste gehiago sekula izango nuenik ere. Biziki harritu ninduen gutuna euskaraz idatzia zegoela ikusteak ere, ezagutu nuenean Margak ez baitzekien euskaraz. Marga Lanestosakoa zen baina, nik bezala, oporrak Zeanurin ematen zituen, gurasoekin. Gu izeko Ximonaren etxean bizi izaten ginen, eta Marga eta bere gurasoak aldameneko baserrian, Margaren aitonarenean. Etxe haietatik urrun antzean zegoen sagasti eder bat izan genuen ohiko topagune Margak eta biok. Han maiz galdetu zidan Margak titiak ikusi nahi al nizkion, baita erakutsiko zizkidala agindu ere makina bat aldiz, baina sekula ez nuen Margaren titirik ikusterik izan.

        Gutuna jasotzea eta gutuna euskaraz idatzia izatea oso kontu harrigarriak baziren ere, Margak gutunean esaten zidana zen harrigarriena, horixe izan zen barrua indarrik handienez inarrosi zidana:

 

Kaixo, aspaldiko:

        Urteek argi erakusten dute, gero eta argiago, eta ez dago dudarik jada: lehen amodioa da bizitzaren gailurra.

        Oroitu nahi al duzu zurea, gurea, gu biona? Etorriko al zara ni ikustera?

        Zatoz gure sagastira. Hemen aurkituko nauzu. "Ikusi nahi al dizkidazu?", galdetu nahi dizut, orduan bezala. Ikusi nahi al dizkidazu, Julen?

        Ez zaitez, haatik, berehala eta zuzenean etorri.

        Jolas ezazu jolasa. Jar ezazu are arrisku larriagoan zure lanbidea. Ez zaitez protagonista izan. Bila ezazu liskarra. Baina ez ezazu inongo xederik izan. Bigarren asmoak saihets itzazu. Ez ezazu ezer ere isilean gorde. Izan zaitez bigun eta gogor aldi berean. Izan zaitez azeria, sar zaitez gauzetan eta arbuia ezazu garaipena. Ez ezazu behatu, ez aztertu; baina, espiritu-argitasunez, izan zaitez beti zeinuen arretarako prest. Utzi zeure buruari hunkitzen. Erakuts itzazu zure begiak, egin keinuak besteei sakoneneraino, ardura zaitez espazioaz eta begira ezazu bakoitza bere irudian. Ez ezazu sekula erabakirik hartu gogoa sutan izan ezean. Lasai egin ezazu porrot. Batez ere, hartu denbora eta itzulinguruak egin. Utzi eraman zaitzaten zuk hartu nahi ez zenituen bideei. Egin itzazu, nolabait esateko, oporrak. Entzun itzazu zuhaitz guztiak eta ur guztiak. Joan zaitez maite ez dituzun tokietara eta ez zaitez eguzkirik gabe geratu. Ahantz itzazu ahaideak, emaiezu indarra ezezagunei, makur zaitez bigarren mailako gauzen aurrean, ihes egin ezazu eta gorde zaitez gizakien hutsean, barre egiozu patuaren dramari, arbuia ezazu ezbeharra, suntsi ezazu zeure barrearekin gatazka. Mugi zaitez zeure kolorerantz, bidezkoan egon arte eta hostoen zurrumurrua gozoa egin arte. Pasa zaitez txaretatik, zelaietatik, soroetatik, basoetatik, mendietatik, herrietatik.

        Tolosara jo ezazu aurren-aurrena, Mutitegi baserritik gora Urkizu auzora bidean Lizardiren omenez ezarria dagoen monumentuaren ondora, badakit-eta oso gustuko tokia duzula hura. Ez nauzu ni han aurkituko, baina beharbada aurkituko duzu nik utzitako arrastoren bat. Agian bai, akaso ez, neuk ere ez dakit.

Marga

 

        Arraioa! Zer zen hura ordea! Neuk neure buruari azken egunetan emandako aginduak ematen ez zizkidan ba Margak!: oporrak hartu eta lanbidea arriskuan jartzeko, lasai porrot egiteko, denbora hartu eta itzulinguruak egiteko, zuhaitz eta ur guztiak entzuteko, bigarren mailako gauzen aurrean makurtzeko, neure kolorerantz mugitzeko, txaretatik, mendietatik, herrietatik pasatzeko... Neuk idatzia zirudien gutun hark. Banekien, ordea, ez nuela neuk idatzi. Izkiriaturik aurkitu nuela, Joseba Sarrionandiak bere liburu ezagun bateko poemak bezala.

 

 

Irailaren amaierako egun batean utzi nuen lana eta biharamun goizean aski goizik alde egin nuen etxetik, bakarrik eta oinez, Inazio Loiolakoak bezala, hari buruzko liburu baten izenburuak dioenez. Ez nekien zenbat denbora emango nuen etxetik kanpo, eta ez nion inori abisurik eman. Nori emanik ez nuen, izan ere. Aspaldi umezurtz geratutako haurride bakar bizi-alarguna nintzen, eta ez nuen adiskide minik. Etxe hartara sekula gehiago itzultzen ez banintzen, nire ausentziaz ohartzen lehena etxe-jabea izango zela pentsatu nuen, nire kontu korrontetik hilero zuzenean eta automatikoki sartzen zioten dirua akitutakoan. Kazetari sena guztiz galdu gabea nintzenez nonbait artean ere, argazki-makina bat sartu nuen lozakuaren eta gainerako trasteekin batera bizkar-zorroan. Inor ere ez da guztiz aratz eta garbia.

        Lizardiren omenezko monumenturako bidea hartu nuen lehen egun hartan, Margaren gutun harrigarriari men eginez; baina ez, handik askoz gertuago egon arren, Tolosatik, Andoaindik abiatuta baizik, eta handik ere ez zuzenean, itzulinguru luze askoa eginda baizik. Gris zegoen zerua, eta tarteka euria ere egiten zuen, indar handirik gabe baina. Belkoain mendia igo nuen aurrena, eta Andazarrateko mendaterantz jo nuen gero handik. Ez ziren munduko parajerik ikusgarri eta miragarrienak, baina ezagunak eta maiteak nituen oso. "Eguraldia beti eta berez da ederra", nuen irakurria nonbait, ez nekien non, "eta gisa berean beti eta berez da ederra planeta osoko paraje oro ere han inoiz ezer sentitu duen inor bizi deino." Guztizko gogaide ninduen hori idatzi zuenak. Gustura sentitu nintzen, biziberrituta, zuhaitz guztiak eta ur guztiak entzuten, Margak bere gutunean agindurik zidan bezala. Hunkitu egin nintzen. Umetu. Negarra etorri zitzaidan begietara. Eta kantuak, ozen, ezpainetara. 462 urte lehenago, jaioterrira itzuli zenean, Inazio Loiolakoa pasatu omen zen inguru haiexetatik barrena, Iturriozko bentarako bidean. Nik une hartan nuena baino itxura serioagoa izango ahal zuen!

        Zarateko Benta izandako etxe zahar abandonatutik Zaskarate landaturismo baserri dotore berriturako tartean zegoen hilarriaren parera heldu nintzelarik, haren aurrean geratu nintzen pixka batean. 1925ean hildako gizon baten izena zegoen idatzia harrian, iragandako urte luzeek ia-ia irakurtezin bihurtzeraino higatua. Bizkar-zorrotik argazki-makina atera eta, zergatik edo zertarako jakin gabe, argazkia egin nion.

        Andazarratera heltzeko kilometro bat baino gutxiago falta zitzaidala, polizia-auto baten uluak entzun nituen. Nengoen tokitik ederki ikusten zen errepidea. Auto zuri dotore bat pasatu zen ziztu bizian mendate gainetik, eta haren atzetik ertzain-auto ulukaria, goiko argi urdin birakariak piztuta. Hari buruz deus ez jakin arren, neure artean zorterik onena opatu nion Bernardo Atxagak Obabakoak liburu ospetsuan aipatzen dituen errebueltetan zehar ertzainengandik ihesi zihoan gidariari.

        Mendateko tabernan haragi egosi pixka bat jan eta baxoerdi bat hartu nuen. Tabernan bertako ama-alabak eta bi baserritar baino ez zeuden. Autoen arteko jazarpenari buruz mintzatu ziren, baina inork ez zuen istilu hura zeren ondorio izan zitekeen aztarrenik ere.

        — Biharko egunkaria begiratu beharko diagu, ea zeozer badakarren —esan zuen baserritarretako batek.

        — Telebisioan ere esango ditek gaur, notiziarioan, kontu inportantea bada —ñabartu zuen besteak.

        Andazarratetik Zelatunera igo eta handik, Ernio eta Mendikute mendiak gailurrak zapaldu gabe inguratu ondoren —luze egiten ari baitzitzaidan ibilaldia—, Urkizura jaitsi nintzen. Inazio Mujikaren Azukrea belazeetan liburuko ipuinek paraje haietan zutela jatorria gogoratu nuen, belaze haiexek bide zirela Mujika gazteak zuriz jantzita begiekin ikusi eta bihotzean gorde zituenak. Urkizutik ez zen urrun Lizardiren omenezko monumentua, harriz osatutako bi metrotik gorako piramidea. Dama-Iturritik barrena egin nuen bidea, zurezko zutabeetan ezarritako Lizardiren poema puska ezagunak irakurriz bidean. Ergelkeria zentzugabea zen monumentuaren aurrean Margaren arrastorik aurki nezakeenik pentsatzea, berak gutunean hori esan arren, baina urduritzen ari nintzen gerturatu ahala.

        Harrizko piramidea begien aurrean agertzearekin bat, gizon gazte bat ikusi nuen haren aurrean, eskuak gorputzaren aurrean lotuta, serio, tente eta itun, begirada beherantz, otoitz sakonean ariko balitz bezala... Arranopola! Orrazkera hura, betaurreko haiek... Argazki zahar aspaldi horitutako batetik aterea zirudien gizon hura... Lauaxeta zen barren! Edo, tira, zehatzago esateko, bere burua Lauaxeta zela esanez aurkeztu zidan iruzurti absurdu hura! Oraingoan gorbata gabe zegoen, baina ez haatik zarpail, ezta hurrik eman ere.

        Ahoa zabal-zabal eginda geratu nintzaion begira, ezer esateko gauza ez nintzela. Pixkanaka-pixkanaka harengana hurreratu nintzen hala ere.

        — Hau poza, Lamarain jauna! —esan zidan ni ikusi eta ezagutzean—. Pozgarri jat zu ikustea, honen toki egoki eta esanguratsuan ganera, mendian, Lizardiren omenez iminitako harri sakratu honen ondoan...

        Eskua eman zidan, tinko eta indartsu, eta, aurreko aldian bezala, irri egin zuen elkarrekin lotutako esku biei begira.

        — Tira, garai batean Tolosan bizi nintzen eta toki hau oso maitea nuen... —esan nuen nik, artean ere neure onera guztiz etorri gabe—. Gainera, jakinekoa da —atera zitzaidan, solemnitate arrotz batez, eskuak askatu orduko— euskal bide guztiak Lizardirenganaino heltzen direla.

        — Halan da, bai, ez dozu txarto esan hori, adiskidea. Neu be sarritan etorten naz hona, astean behin gitxienez, adiskide zahar maiteari bisita egiten. Luzaz berba egiten dogu alkarregaz.

        — Ez da harritzekoa, ez —esan nuen, gizon hari Lauaxeta zela deblauki onartuz eta, horrenbesterekin, neure burua ere harrituta utziz—, zuek bion arteko solasa goizegi eten zuen heriotzak, artean ere elkarri esateko gauza asko zenituztela, artean ere etorkizunari itxaropen gazte miragarriz begiratzen zeniotela.

        — Halantxe izan zan, bai, Lamarain jauna, zeuk ondo dinozun legez. Poesia, adiskidetasuna, aberria, itxaropena...

        Sakon egin zuen hasperen.

 

 

Isil-isilik monumentuaren ondoan behera begira eman zuen Lauaxetak tarte bat, eta baita neuk ere haren ondoan.

        — Tolosara jaisteko asmoa dozu? —galdetu zidan isilunearen ondoren.

        — Ez dakit.... Tira, bai, horixe izango dut onena. Egia esan —arrazoitu nuen zeruetako hodei grisei begira—, eguraldi honek ez du kanpoan lo egiteko gogo handirik ematen. Zu ere Tolosara jaistekoa izango zara, noski.

        — Bai, alkarregaz jaitsiko gara ardura ez bajatzu.

        — Ondo da, ados, Lauaxeta jauna, ados.

        — Goazen ba Ixaka Lopez Mendizabal, Aitzol eta Antonio Maria Labaienen jaioterrira.

        — Goazen, bai, Joxemari Iturralde eta Karlos Linazasororen jaioterrira.

        — Egokia da, bai, hori be gogoratzea. Eta, bide batez esanda, Arantxa Iturbe eta Luis Haranburu Altuna be ez doguz urrinekoak.

        — Hara! Gaurko idazleak ere ezagutzen dituzu beraz! —komentatu nion harriduraz.

        — Ezagutu beharra dago, jauna. Hori oso garrantzi handikoa da.

        Abiatu aurretik, zahatoa eskaini nion eta hurrupa bana egin genuen. Ez nuen benetan sinesten gizon hura Lauaxeta zenik, baina atsegingarria zitzaidan Lauaxetaren antzeko gizon hark bereari eusten ziola ikustea. Nora eraman nintzakeen ez nekien bide batean sartua sentitzeak kilikatu egiten zidan barrena, ilusioa pizten zidan. Pozik nengoen. Aspaldidanik sentitu ez bezalako poz zabal bat nuen barrenean.

        Abiatu aurretik, bazter batean utzirik zuen bizkar-zorroa soineratu eta galtza barrenak jaso zituen Lauaxetak. Nik neure galtzei erreparatu nien. Alfer-lana izango nuen nik galtza barrenak jasotzea, lokatzez beteak bainituen ordurako. Isilik jaitsi ginen hasieran, jada arrats-hautsek iluntzen hasia zuten bide estuan zehar, Lauaxeta aurretik eta ni haren ondoren. Mutitegi baserrira heldu ginenean, handik behera hormigoizko bidea zegoela-eta, Lauaxeta oinetakoak aldatzera geratu zen; zapata pare dotorea atera bizkar-zorrotik eta, haiek jantzita, bota lokaztuak sartu zituen zapatak ateratako lekuan. Ez zegoen dudarik: mende hasierako olerkari, kazetari eta komandante ospetsu eta eredugarriaren aldean guztiz narras eta zarpail helduko zen Tolosara mende amaierako kazetari ohi gris eta ezezaguna.

        Bidea zabalagoa zela baliatuta, elkarren ondoan eta solasean ibiltzen hasi ginen. Jada ilunpean geunden arren, ez genuen galtzerik, aski baikenuen hormigoizko bidean behera jarraitzea Tolosako San Esteban auzoko espaloietara heltzeko.

        — Kanpoan lo egiteko asmoa zenduan? —galdetu zidan Lauaxetak.

        — Bai —erantzun nion—. Lozakua daukat bizkar-zorroan, eta etxera itzultzeko batere asmorik ez puska batean.

        — Eta egunkariko erredakziora?

        — Utzi egin dut lana. Betiko seguru askorik. Itzuli nahi izanda ere, ez dut uste berriro hartuko nautenik. Zaharregia naiz ofizio horretarako. Informatika asko jakin behar da orain, albisteak ordenagailuen bidez jasotzen baitira gero eta gehiago. Nik galdua dut ilusioa, eta ilusiorik gabe ezinezkoa da ikastea eta lan egiteko molde berrietara egokitzea.

        — Behar egin barik biziko zara?

        — Oraingoz badut diru pixka bat. Gero ikusiko dugu. Uste dut ez dela kalterako izango neure burua estuturik ikustea. Horren premian nago beharbada. Ez dakit...

        — Aurrekoan esan neutsun legez, nik gidari bat behar dot, gaurko Euskal Herria erakutsiko deustan lagun bat, eta uste dot zeu zarela egokiena. Badaukot dirua, eskatzen deustazuna ordainduko deutsut.

        — Ez, eskerrik asko. Ez dut dirurik nahi. Neureari eutsi nahi diot. Ni Zeanuriraino noa, bidez bide eta mendiz mendi, baina ez biderik zuzenenetik, biderik ederrenetik baizik, horixe baita beti, Joxean Artzek ederki dioen moduan, biderik laburrena. Eta iparrorratzik gabe. Abantaila handia du iparrorratzik gabe... —eskuak burura eraman eta ibiltzeari utzi nion bat-batean—. Ostia! Ahaztu egin zait!

        Lauaxetak harriturik begiratu zidan. Ustekabeko birao gordin hura aditzeak ez zion onik egin barrenean. Margaren gutunaz eta haren amaierako oharraz oroitu berria nintzen. Harrizko piramidearen aurrean izandako ezusteko topaketak eragindako asalduraren ondorioz, ahaztua nuen Margak inguru hartan akaso bere arrasto bat aurkituko nuela esan zidala gutunean, eta halakorik ba ote zen miatu gabe utzia nuen parajea.

        Tarte batez isilik geratu nintzen, pentsaketan, Lauaxetarekin nuen solasaldia etenda. Bidearen puska eder bat egina genuen ordurako eta ez nuen atzera gora igotzeko gogorik. Margak lasai porrot egiteko esan zidala ekarri nuen gogora gainera. Ez nuen, beraz, larritu beharrik.

        — Barkatu, Estepan. Seko ahaztua nuen zerbait etorri zait burura bat-batean eta...

        — Ondo da, Julen. Zeozer garrantzitsua zan ahaztu dozun hori?

        — Ez, egia esan, ez. Larritu egin naiz hasieran baina ez du garrantzirik. Agian hobe izango da ahaztu zaidana ahaztu izana ere. Ez dakit.

        — Iparrorratz barik bidaiatzeari buruzko zeozer esaten ari zinan —ekarri zidan gogora Lauaxetak, lehengo solasaldia berreskuratu nahian.

        — Iparrorratzik gabe? A, bai! Abantaila handia duela iparrorratzik gabe bidaiatzeak, ekialdearekin, mendebaldearekin, hegoaldearekin eta haien arteko konbinazio guztiekin topo egiteko aukerak zabaltzen dituelako. Ez dakit nork idatzia den. Akaso inork ere ez.

        — Baina jomuga bat badozu nolanahi be, arestian esan deustazunez: Zeanuri, ez da halan?

        — Bai, hala uste dut behintzat. Lehen nire izeko bat bizi zen han, baina etxea saldu eta Durangora aldatu zen. Badira urte batzuk hil zela.

        — Zergaitik hortaz Zeanurira halan be?

        — Sagasti eder bat oroitzen dut, aspaldiko partez berriro ikusi nahiko nukeena. Balio berezia du niretzat. Badakizu, aspaldiko oroitzapenak... Aipatu zenuen ba zuk behin Gustiz Ederrako zelaia: oroituko duzu, ezta?

        — Oroituko ez dot ba! —esan zuen Lauaxetak, irriz, berak aspaldi idatzitako ipuina ezagutzen nuelako sentitzen zuen poza agerian zuela—. Gorbeiapean egoan ha be, Zeanuri legez. —Konplizitate keinu bihurtu zuen irria—: Neska bat ezagutu zenduan zuk Zeanuriko dalako sagasti horretan, Landorrek Gustiz Ederrako zelaian Igone ezagutu zuan legez, ez da halan?

        — Horixe bera, oso ondo, bete-betean asmatu duzu, Lauaxeta jauna —berretsi nion, xehetasun gehiegizkoetan sartu gabe, Margak ni tentatze hutsarekin gozatzen zuela azaldu gabe, neuk ere ez bainuen alderdi horretaz oroitzeko gogo handirik—. Aspaldi galdu nuen neska haren arrastoa baina orain hara itzuli nahi dut, Gorbeiapeko sagastira, Marga eta bion Gustiz Ederrara. Dena dela, ez dakit nondik zehar helduko naizen hara, eta ez dakit ziurtasun osoz nire helmuga Zeanuriko sagasti hori izango ote den ere benetan. Ez da erraza azaltzen... Kontua ibiltzea da, lurra zapaltzea, zauden tokian egotea, baina benetan egotea, zuzen-zuzenean eta ez modu abstraktuan... Ez, ezin dut ondo azaldu.

        — Oinez beti?

        — Bai, hala uste dut, bai. Oinez beti. Zuzenago da, zintzoago, benetakoago, biziago...

        — Eta mendian egingo dozu lo?

        — Ez dakit. Batzuetan bai, beste batzuetan ez.

        — Gustatuko litzakit zeugaz joatea. Uste dot asko ikasiko neukeela.

        Horrexen zain nengoen. Horixe zen neuk nahi nuena, nahiz eta proposamena egiten ausartu ez.

        — Ondo da. Ados, Estepan, ados. Nahi baduzu, biok egingo dugu bidea elkarrekin. Ez dago arazorik.

 

 

Tolosako jatetxe batean afaldu genuen Lauaxetak eta biok. Ez genuen ezer apartekorik jan, zopa pixka bat eta bina arrautza patata frijitu eta hirugiharrearekin, baina ederki hartu zuten guztia gure gorputz nekatuek. Nireak bai behintzat, egun hartako ibilaldia jatunik eskasenaren gosea ere pizteko modukoa izana baitzen.

        Pertsonen artean gertutasun eroso bat sortzeko lagungarri onak izaten dira maiz askotan gustuko otorduak, eta Tolosako afari hura halakoxea izan zen gu biontzat. Bere piztueraren historia kontatu zidan Lauaxetak, patxada ederrean, xehetasunetan sartzeko ere nahikoa beta hartuta. Nik sinesten nuelakoa egiten nuen. Ez zitzaidan ardura Lauaxetak kontatutako abentura ezinezko hura benetan gertatutakoa edo zoro batek asmatutakoa izatea. Gustatu egiten zitzaidan, liluratu egiten ninduen, eta hori gauza handia zen, hori zen benetan ardura zuena. Zer gehiago eska niezaiokeen lagun bati, adiskide bati? Zer gehiago eska niezaiokeen artista bati, idazle bati, poeta bati? Aspaldian inork eman ez zidana ematen ari zitzaidan Lauaxeta.

        Mahaitik altxatzekotan ginela, pentsio batean hartua zuen gelan lo egitera gonbidatu ninduen.

        — Gela eskatu nebanean esan eustaen bakarkakorik ez ebela —azaldu zidan—, eta ohe biko gela baten nago.

        — Ondo, ondo. Ni Tolosan bizi izana naiz eta lagun asko ditut hemen, baina ez nioke inori enbarazurik egin nahi. Beraz, zuri ondo iruditzen bazaizu...

        — Lasai, gizona. Ohore bat izango da niretzat.

        Arropak eta betaurrekoak erantzi, pijama jantzi, ohean sartu eta isilean otoitz egin zuen Lauaxetak pentsioko gelan, argia itzali aurretik.

        — Zuk ez dozu otoitzik egiten loak hartu aurretik? —galdetu zidan, errezoak amaitu eta argia itzali ondoren.

        — Ni ez naiz fededuna.

        — Baneban, bai, susmoa. Egia esan, zuen egunkaria irakurri besterik ez dago guztiok fedegabeak zariela jabetzeko. Euskarazko egunkaria egiten nortzuk eta ateoak, alajainkoa! Nola iritsi zarie euskaldunak horretaraino?

        — Ez dakit, Estepan. Nazkatu egingo ginen denok hainbeste errezo eta sotanarekin, hainbeste arau eta debekurekin. Askatasuna behar genuen, askatasuna. Ez al da ba zerorrek idatzia "Dana emon biar yako / matte dan azkatasunari" famatu hura?

        — Ez nintzan ari zuk dinozun askatasunaz. Ez nintzan lapurreta egiteko, hilteko eta nolanahiko maitakeria lohietan narrasteko askatasunaz ari. Herri zintzo baten askatasun deunaz ari nintzan. Zuk badakizu hori, ez eizuz kontuak nahas.

        — Azken 60 urteak hilda eman dituzu. Izan al duzu Jaungoikoaren berririk? Ikusi al duzu? Mintzatu al zara berarekin?

        — Ez, baina ez dot horren preminarik Harengan fedea izaten jarraiteko. Jaungoikoak eroan ninduan hemetik eta Jaungoikoak ekarri nau ostera hona. Nork bestela? Zuen askatasun purtzil ganorabako horrek? Ez. Jaungoikoaren eginak baino ezin dira izan horreek.

        — Litekeena da, Estepan, litekeena da, ez haserretu. Agian arrazoia duzu. Agian bada Jaungoiko Ahaltsu bat, dena egin eta desegiten duena, gure poz eta oinaze guztien sorburu dena. Nahiago nuke neu ere hori guztia sinesteko gai izango banintz, nahiago nuke kontsolamendu hori izango banu nire gaurik beltzenetan. Baina...

        — Unamuno emoten dozu oraintxe —esan zidan burlaizez.

        — Unamunorena askorena da. Kristok ere izan zituen zalantzak, kristoren zalantzak gainera.

        — Alferrik da zugaz jardutea. Hara, nekatuta nago bai, eta bihar be izango dogu berba egiteko abagunea. Ondo lo egin, Julen. Bihar arte.

        — Bai, Estepan. Gabon pasa.

        Aurki hartu zuen loak olerkari eta kazetaria, zurrunga hots arin batek salatu zidanez. Ni, berriz, loak ez baina ezinegon urduri batek hartu ninduen. Pozik sentitzen nintzen, abentura kilikagarri baten aurrean ilusionatuta, baina banuen bakea eragozten zidan zalantza bat ere. Nora jo behar nuen hurrengo goizean? Lizardiren omenezko monumentuaren ondora itzuli behar nuen, Margaren balizko arrastoaren bila? Nondik barrena egin behar nuen bidaiaren jomuga izendaturik nuen sagastirainoko bidea? Denbora hartu eta itzulinguruak egiteko esaten zidan Margak gutunean, inongo xederik ez izateko. Baina ba ote zegoen nork bere burua horrela abandonatzerik, inongo xederik gabeko itzulinguruak eginez bidaiatzerik, erabateko noraezean ibiltzerik? Ba ote zegoen, azken batean, inongo xederik gabe deus ere egiterik? Ezta nahita ere. Edo, hobeto esanda, nahita ez behintzat.

        On Kixoteren erara abiatzea gustatuko litzaidakeela pentsatu nuen, jomuga zehatzik gabe, ongintza xede bakar, bidez bide, neure indar eta borondatez okerrak zuzentzeko eta behartsuei laguntzeko prest. "Sancho Panza bikain askoa etorri zaidak ondora, arranopola!", esan nion neure buruari burlaizez, ondoan zurrungaka nuen laguna gogoan. "Bilatu beharko diagu honentzako asto egokia!"

        Gorbeiapeko sagastian altxor bat nuela zain otu zitzaidan geroxeago, eta altxor hura eskuratzeko Margak bidean utzitako mapak bilatu eta interpretatu beharko nituela. Pausoz pauso, urratsez urrats egin beharko nuen bidaia hura, etapaz etapa, geltokiz geltoki, eta izen ederrak izango zituzten geltokiek, Urolako trenbide zaharrekoek zituztenak bezalakoak esaterako: Zumarraga, Villarreal de Urrechua, Aguinaga, Aizpurucho, Olozaga, Azcoitia, Loyola, Azpeitia, Lasao, Cestona Balneario, Cestona Villa, Iraeta, Arrona, Zumaya Empalme.

        Aktore nagusi Burt Lancaster zuen film batez ere oroitu nintzen gau hartako insomnioan. Luzaz kanpoan izan ondoren, Burt Lancaster etxera itzuli zen film hartan, baina zuzenean etxeratu barik oinez eta igerian egin zuen bidea, adiskide baten etxetik beste batenera pasatuz eta adiskide guztien piszinak igerian zeharkatuz, harik eta piszinarik piszina etxera heldu arte.

        Bernardo Atxagaren Etiopia inguratzen zuten hareazko bederatzi zirkuluez ere oroitu nintzen.

        Ondo aztertuta, ordea, nik ez nuen funtsezko heldulekurik, ez nuen zeri eutsirik nire bidaiari ekiteko. Ez nintzen On Kixote bezain ausart, bipil eta indartsu sentitzen, ez nintzen inori ezertan ganorazko laguntzarik emateko gauza; altxorraren maparik ez nuen, eta ez nekien zein geltoki izango nituen bidean zain; ez nuen piszinadun adiskiderik, ezta piszinarik gabe nituen urriak bisitatzeko gogo handirik ere; nire ibilaldiak ez zuen ez Etiopia lurralderik eta ez Etiopia poema libururik hartuko bere baitan, inongo etiopiarik ez... Margaren gutun harrigarri hura eta mendian bidez bide ibiltzeko neure gogo ganoragabea baino ez nituen. Eta bidelagun bat, gerra aurreko olerkari eta kazetari berpiztua, aldameneko ohean lo.

        Ez nekien biharamunean nora jo behar nuen ere.

 

 

Artegatasun itzarri horren ezinegonean kulunkan nengoela, Lauaxeta aldameneko ohetik jaikitzen sentitu nuen bat-batean. Ohe gainera igota, zutik, hizketan hasi zen handik, ozen eta eskuineko besoa indarrez astinduz, mitin bat ematen ariko balitz bezala:

        — Ez da alkarrengandik bananduta ibilteko garaia. Batasuna behar dogu, arrebok, anaiok! Batasuna! Egia da, bai: ez gara alor guztietan gogaide abertzale guztiok. Egia da, bai: gaurko abertzaleen artean asko dira Josuren fedea alde bat itxirik daukienak. Egia da, bai: Euskal Herriaren alde borroka egiteko moduen inguruan be ez gatoz bat abertzale guztiok, batzuei biderik eraginkorrena iruditen jakena beste batzuen iritziz kalterako baino ez da-ta. Baina denon arteko batasuna bilatu beharra dogu nahitaez, desberdintasun eta ezinikusi guztien ganetik, horrek geure barrenetan sor dagikegun amorrazioa aberriaren aldeko gure maitasunean urturik eta ezerezturik, hori egitea aberriaren aldeko urrats garrantzitsua izango dala jakinaren ganean. Zatituta ez dogu inoz ezer aurreratuko. Zatituta ez dogu inoz ezer irabaziko. Zatiketak antzu bihurtzen dauz aberriaren aldeko borroka mota guztiak, baita maitasunik handienez eta sakrifiziorik gogorrenez egiten diranak be. Batasunak egin eban, hain zuzen be, eraginkor gudarion suhartasuna guk bizi izan genduan gudan. Telesforo Monzon euskaldun handiak, 1936ko Euzko Jaurlaritzako Gobernazio sailburu izan zanak, ederto esan eban legez, Maltzagaraino alkartuta joan behar dogu guztiok, bidean eroritakoak otoitzaren laguntzaz lurperatuz, ezinduei lagunduz, alkarri animoak emanez, alkar maitez eta alkarri euskaraz berba eginez. Horixe da nik zuek ataka gaizto honetan ikusirik esaten deutsuedana, horixe dozue nire mezua, apala eta borondate onekoa, baina tinko eta sendoa, geure ikurrin doneari eusten deutson eskuak behar dauen lakoa...

        Gelako argia piztu eta, ohetik irten gabe, Lauaxetari begira geratu nintzen hasieran. Txundituta nengoen. Entzuna nuen Lauaxeta mitinlari suhar eta bikaina zela, baina ez nuen askorik uste hori hain gertutik baieztatzeko aukera izan behar nuenik.

        Aldameneko geletako batetik pareta jotzen hasi ziren eta Lauaxeta esnatu egin behar izan nuen, iskanbilarik izan ez genezan.

        — Ixo, Estepan, ixo! —esan nion—. Tolosa osoa esnatu behar duzu...

        Orduantxe zegoen hura, ordea, inoizko sutsuen.

        —... Kristoren legea haustea bakarrik ez, etsaiari indarra emotea be bada bestela jokatzea. Horixe baino ez dau gura etsaiak, geure etxeko neba-arrebak haserre, muturtuta eta alkarri mokoka ikusi...

        Ohe gainera igo eta, Lauaxeta inguratuz, bildu egin nizkion besoak soinaren inguruan.

        — Lasai, Estepan, amaitu da, amaitu da...

        —... Gure ezinikusiak dira etsaiaren pozik... pozik... pozik handiena... Puf! Zer da hau? Non nago? —Larriturik, gero eta larriago, gero eta izutuago—. Non nago? Ez! Ez! Barriro ez! Barriro ez!...

        — Lasai, Estepan, lasai... Ez da ezer gertatzen. Pasatu da... Tolosan zaude, nirekin, Julen Lamarainekin, Egunkaria-ko kazetari izandakoa... 1997an gaude, badakizu... Berpiztuta zaude...

        — Bai, bai, badakit, eskerrik asko, Julen, eskerrik asko...

        Poliki-poliki, bere onera etorri zen. Lauaxetaren ohe gainetik jaitsi eta nor bere ohean sartu ginen.

        — Sonanbulua naz —azaldu zidan—. Ez zenkian?

        — Irakurria nuen, bai, baina baita ahaztua ere. Ez nuen horrelakorik espero, egia esan.

        — Irakurria dozu beraz. Jakina, Jokin Zaitegik eta Plazido Mujikak esana eta idatzia itxi eben. Premina handi barik, egia esan. Ez dakit horrek zer interes izan daikeen inorentzat, hara!

        — Tira, Estepan, ez da inor lotsatzekoa...

        — Esaidazu gauza bat, Julen... Erdaraz ala euskaraz egin dot berba ametsetan?

        — Euskaraz.

        — Benetan?

        — Bai, bai, euskaraz mintzatu zara.

        — Pozgarria jat hori entzutea —irri egin zuen, poz hori agerian utziz—. Lehen, gaztetan, tira, badakizu, mende hasieran, gaztelaniaz berba egiten neban sarritan ametsetan. Jakina, mitinak be halan izaten ziran gehientsuenak. Baina orain askoz gehiago entzuten dira horrelangoak euskaraz, eta pozgarria da neuk be orain euskarazko berbaldiak egin ahal izatea... Tira, ametsetan baino ez bada be.

        Aurki entzun ziren berriro gela hartan Lauaxetaren zurrunga leunak, argia itzali bezain laster ia-ia. Nik loak ezin harturik jarraitu nuen artean ere luzaz, biharamunetik aurrera eman beharreko pausoez gogoetan. Nora jo? Margaren gutuneko beste hitz batzuk ekarri nituen gogora. "Utzi eraman zaitzaten zuk hartu nahi ez zenituen bideei", zioen Margaren gutunak. Neure baitako oinaze zahar batekin lotutako bihotz-borroka bat iradoki zidaten hitz haiek. Hitz haiei kasu egitera, Tolosatik gertu zegoen herri batera joan behar nuen. Neure buruari kontzienteki aitortu gabe, Lizartzara joateko ideia buruan bueltaka aspaldidanik nuela jabetu nintzen bat-batean. Ausartuko al nintzen, ordea, hartu nahi ez nuen bide hari eraman nintzan uzten?

 

 

Goizean, leihotik begiratu eta ateri zegoela ikusi ondoren, mendirako prest irten ginen pentsiotik, bizkar-zorro bana soinean. Lauaxetak azaldu zidanez, zorro hartan ekarriak zituen Tolosaldean egun batzuk pasatzeko behar zituen guztiak, eta eguartean lozaku bat erosiz gero haiexek aski izango zituen nirekin batera mendira abiatzeko. Gainerako arropak eta trasteak Bilboko pentsio batean zeuzkan gordeak, eta ez omen ziren asko guztiak ere. Azken batean, bi hilabete pasatxo baino ez ziren berpiztu zenetik, eta ez zuen traste asko inguratzeko betarik izan.

        Bezperan bezala, alde handia zegoen gu bion janzkeren artean. Nahiz eta mendirako jantzita egon, Lauaxetak txukun-txukun zituen arropa guztiak, lokatz arrastorik txikiena ere gabe, bizarra ondo egina eta ileak zuzentasun miragarriz orraztuak. Nik, aldiz, ile luze samarra nuen, aspaldian orraztu gabe eta nahasia, egun batzuetako bizar latza agerian eta bezperako lokatzak arropetan lehor itsatsiak. Ez nuen asmorik nire bidaian zehar horretaz kezkatzeko. Horretaz ere ez.

        Gure ibilkeran ere bazen alderik. Tente-tente ibiltzen zen beti Lauaxeta, urrats luzeak eginez; soina aurrerantz makurtuta, aldiz, ni.

        — Tira, adiskide, esango deustazu norantz joko dogun gaur? —galdetu zidan Lauaxetak—. Zein gailur dago gure oin zolien zain?

        — Egia esanda, oraindik ere ez dut erabaki. Ideia bat badut, baina ez naiz oso ziur...

        — Badakit bidea aukeratzea zuri jagotzula. Baina nik proposamen bat egin gura deutsut, ardura ez bajatzu...

        — Tira, entzuteko prest nago. Esan dizut, ez dut oraindik erabakia hartu.

        — Zugaz alkartu baino lehen, gaur Orexara joatekotan nintzan. Ez dago hemetik oso urrin.

        — Orexara? —harritu nintzen, Orexa, hain zuzen ere, Lizartzatik gertu zegoela oharturik.

        — Bai. Han Orixeren omenezko monolitoa dago eta berpiztu nintzanetik ez naz oraindino ha ikusten joan.

        — Hara, ez dago gaizki pentsatua. Atzo Lizardi, gaur Orixe...

        — Eta Lauaxeta beti...

        — Gerra aurreko hiru olerkari handiak! Pizkundea maite zenuten gerra aurrean, eta oraindik ere bai agi danez. Zuri begira hala esan liteke behintzat.

        — Ezin zara kexatu. Horri esker, Egunkaria-n behar egiten zenduanean baino jende interesgarriagoagaz harremanetan zabilz egunotan.

        — Ezin dizut hori ukatu.

        — Utzidazu esaten, nolanahi be, ez deutsodala bidezkoa irizten hiru izan ginala esateari. Loramendi be aitatzen dau Gabriel Arestik, gugaz batera, Euskal harria-n, eta olerkari gehiago be baziran gure garaian: Jautarkol, Utarsus, Tapia-Perurena, Jakakortajarena, Satarka, Mañariko...

        — Ondo dago apala izatea, Estepan, baina historiak ez du urrikirik. Zuen hiruron izenak gainerakoen gainetik daude.

        Hiruzpalau egunkari erosi zituen Lauaxetak kiosko batean. Hasieran ez nion utzi nahi izan, nik bidaia egunkaririk batere gabe egitea bainuen erabakia. Baina, eztabaida txiki baten ondoren, amore eman behar izan nuen, gizon harentzat egunkariak ezinbestekoak zirela jabetuta. Eta, egia esanda, neuri ere tentagarria egiten zitzaidan egunkariak, mundu zabalari buruzko txosten txiki eta eroso haiek, eskura izatea.

Egunkaria-ko tolosarrek gomendatu ohi duten kafetxe batean sartu ginen gero, gosaltzera. Esana nion Lauaxetari Egunkaria-ko zuzendaria, Martxelo Otamendi, ez zela handik urruti bizi, eta akaso hantxe aurkituko genuela. Kezkagarria ere izan zitekeen topaketa hori, jakina: Martxelok bazekien nor zen Lauaxeta, eta litekeena zen harentzat ere ikusezina, entzunezina eta ukiezina izatea, Jean Haritxelhar, Jon Kortazar, Edorta Jimenez, Koldo Izagirre eta abarrentzat bezalaxe. Baina aproba egiteko tentazioa ere kilikagarria egiten zitzaigun bioi, Lauaxetari bereziki, eta erakusleihoaren ondoan geratu ginen badaezpada ere, beiratik zehar kanpora begiratu ahal izateko. Inondik ere ahal balitz, Egunkaria-ko zuzendariarekin mintzatu ahal izatea gauza handia izango zen, dudarik gabe, Lauaxeta berpiztuarentzat.

        Gosaria amaitu, ordaindu eta kalera irtetear ginela ikusi nuen Martxelo kafetxe aurreko kalean. Erakusleihoko beiratik zehar ikusten genuen gizon hura nor zen adierazi nionean, niri aurrea harturik, kafetxetik irten eta harengana zuzendu zen berehala Lauaxeta, bostekoa eman eta bere burua aurkezteko prest, baina Martxelok ez zion jaramonik egin. Lauaxetak Martxeloren gorputza nola zeharkatzen zuen ikusi ahal izan nuen neure begiekin. Orduan neuk egin nion diosal Martxelori, kafetxeko atetik.

        — Ikusten diat ez duala denbora alferrik galtzen Egunkaria utzi duanetik —komentatu zidan, nire diosalari erantzun eta nire parera heldurik, egun batzuk lehenago arte nire zuzendari izandakoak—. Ez haiz leku txarrera etorri gosaltzera, alajaina!

        — Tira, zeozer ikasi diagu Egunkaria-n hainbeste urtez tolosar artean lan eginda —asmatu nuen esaten, urduri artean ere ikusi berri nuenak sortutako harriduraren ondorioz.

        — Ez dik kalterik egingo beste kafe bat hartzeak, Egunkaria-ko azken berriak entzunez. Zer deritzok? Neuk gonbidatuko haut.

        Lauaxeta Martxeloren ondoan zegoen. Ezkerraldetik eskuinaldera zeharkatu zuen haren gorputza, eskuinaldetik ezkerraldera ondoren, eta niri begira geratu zen, etsipenezko keinua eginez.

        — Ez, ez, eskerrik asko... Estimatua zagok. Mendira joateko asmoa diat eta badiat abiatzeko ordua.

        — Ondo, ondo, nahi duan bezala. Goraintziak behiei, ardiei eta ahuntzei, neuk ez ditiat aspaldi ikusi-eta.

        — Bai, hire partetik. Neure kontu.

        Espaloian aurrera abiatu eta tarte batean ez genion badaezpada ere ezer esan elkarri Lauaxetak eta biok, Martxelok gure aldera begiratuz gero bakarrik hizketan ari nintzenik pentsa ez zezan.

        — Hika berba egiten deutsozu Egunkaria-ko zuzendariari? —galdetu zidan, aldameneko kalexka batean sartu ginenean, Lauaxetak.

        — Zergatik ez ba? Hala da ohitura gure artean. Bai Aizarnazabalen eta bai Tolosan oso normala da hori. Beste toki askotako euskaldunen artean askoz bakanagoak dira hikako jardunak, baina inguru hauetan ez da harritzekoa.

        — Baina Egunkaria-ko zuzendari jauna da. Errespetua zor jako.

        — Eta zer nahi duzu? Berorika egitea? Amaitu ziren kontu horiek, gizona! Apezei ere hika mintzatzen gatzaizkie gaur egun!

        — Alajainkoa!... Aizu, eta gorbata barik joaten da beharrera be?

        — Gehienetan bai. Konpromiso berezi bat ez badu behintzat. Egun berezietarako baditu gorbatak.

        — Nik uste dot kontu horreek ardura handiagoz zaindu beharko zeunkiezala. Euskaldunak besteen mailan behar dau, gitxienez. Duin eta dotore.

        — Tira, hori berari esaiozu. Ni jada ez naiz Egunkaria-koa. Ni jada ez naiz inor.

        Balaztada lehor baten soinuak moztu zigun, bat-batean, solasaldia. Polizia-auto baten uluak entzun ziren ondoren. Auto gorri bat ikusi genuen, ziztu bizian, guregana etortzen. Aurrera tinko begira zihoan txoferra, neska gazte bat. Aldameneko bebarru batean sartu ginen, izututa. Bebarrutik irten gabe, auto gorriari segika zihoakion ertzain-auto ulukaria ikusi genuen gero, ziztu bizian hura ere. Bebarrutik irtetear ginela, tiro hots batzuk entzun ziren eta izuak barrura bultzatu gintuen berriro.

        Pixka bat geroxeago ausartu ginen bebarrutik irteten, autoen zarata entzuteari utzi genionean. Urrutira alde eginak ziren autoak ordurako. Ez zen haien arrastorik ageri.