Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiñe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

La Moraleja

 

Dueñaseko presondegi honek La Moraleja du izena. Kontu, ipuin, fabula edo istorio batetik ondorio gisa ateratzen dugun irakaspena edo antzeko zerbait da moraleja. Horixe izan behar du. Kartzela bakoitzean atera ditzakegu ondorio eta irakaspenak geure izateaz, kartzelaren funtzioaz, kartzeleroen lanaz... Horretara ezkero, egun bakoitzari aterako diozu bere ondorioa eta moraleja. Urte hauetako historiaren ondorio eta irakaspena bi mailatakoa aipatuko dizut: pertsonala bata, kolektiboa bestea.

      Su-etenaren aurretik atergabeko prediku sorgorgarrian aritzen zitzaizkigun denak, esanez: armak utziz gero, su-etena emanez gero, dena izango da posible, edozertaz hitz egin ahal izango da, edozer konpon liteke; beraz... zertarako luzatu! Orain, ETAren su-etena eta urtebetera, hurbilketa egin digute preso politikooi. Lehen dispertsioa deitzen ziotenari hurbilketa deitzen diote orain; eta horrela, neure iloba adibidez, Txemi Arteaga, Albacetetik Picasentera hurbildu dute, Valenciara alegia. Lehen lagunekin zegoen moduluan, orain bakar-bakarrik dago; lehen elkarrekin egiten zuten bisita Albaceten zeuden lagun guztiek, orain egun ezberdinetan egin beharra daukate Picasenten; lehen baino komunikazio okerragoak dauzka orain nire arrebak bere semea bisitatzeko. Eta abar, eta abar.

      Teo Izagirre Puertotik Jaenera hurbildu dute; Txonta Valenciatik Bonxera; Palo Valenciatik Ourensera... Zertarako jarraitu! Lehen kartzela berean zeuden senar-emazte edo bikote batzuk bereizi eta leku ezberdinetara hurbildu dituzte. Argi dago zein den hainbeste hitz eta pitz eta promesa aldarrikapenen ondorioa eta moraleja. Gezurra, faltsukeria eta joko zikina. Hori guztia da kolektiboa garen aldetik inposatzen diguten “generosidadea”.

      Alde pertsonalari dagokionez, berriz, hamazazpi egun egin ditut bidean, Castellondik modulu honetara. Sendagiletan nenbilen Castellonen, eta handik atera ninduten egunean, irailaren 13an, azken kontsulta izan behar nuen neurologoarekin. Kartzelako sendagilearekin, Hospital Provincialeko traumatologoarekin... ibilia nintzen. Aersa klinika pribatuan erresonantzia magnetikoa egin zidaten; erresonantzia horren arabera hernia lunbarra, deshidratazioa, eta alturaren merma dauzkat. Neurologoak plakak aztertzea eta ondorioak argitzea falta zitzaidan; horretarako neukan kontsulta irailaren 13an. Kontsultara eraman ordez, hona hurbiltzeko kundan atera ninduten. Hona heldu eta hamalaugarren egunean medikuak esan dit, Castellonera itzuli beharko dudala azken kontsulta hori egitera. Honetatik ere aise atera liteke beste ondorio bat Instituciones Penitenciarias-eko sendagileek euskal preso politikookin duten etika deontologikoaz.

      Dena den, gorabehera hauen guztien gainetik, beste bat da irakaspen eta ondoriorik sendoena. Alegia, euskal preso politikook sakabanaketa eta oldar mota orori aurre egiten asmatu dugula, zutik irauten eta eusten jakin izan dugula, geure izaerari tinko eutsi diogula. Eta hemen gaude. Jipoiei, gaixotasunei, jazarpenei gainditu gatzaizkie, eta hemen gaude. Gure ahaide eta lagunek ere eutsi egin diote urte luzeetako erasoari, eta hor daude, zutik.

      1982an, Carabanchelen geundela, Egineko kazetari hari esan nion: kalean jendeak, gazteek batez ere, borrokan jarraituz gero, guk eutsiko geniola barruan. Eta eutsi diogu. Orain berriro esan nezake, kalean jendeak eusten badio, guk eutsiko diogula barruan, behar den denbora guztian. Gure eusteak ekarriko du etsaiaren hertsitasuna haustea. Denbora lekuko, ikusten ari garenez.