Gatibu sortu nintzen
Gatibu sortu nintzen
2000, kronika
152 orrialde
84-86766-12-5
azala: Garbiņe Ubeda
Jokin Urain
1959, Mendaro
 
2010, saiakera
2006, kronika
 

 

Andazarrate

 

Urteak dira aurrez aurreko bisitarik egin ez duela Antxonek. Herreran horrelako bisitarik ez zegoelako, eta Castellonen arazoren batzuk jartzen hasi zitzaizkielako denei eta gehiago eskatu ez zuelako. Kontua da bere arrebaren biloba txikiak, adibidez, inoiz ez dituela besarkatu. Hemen badirudi ez dagoela arazo berezirik bisitetarako. Eskatu egin du, eta baita onartu ere. Larunbatean urduri sumatu dut, aurreko egunetan baino urduriago. Astean zehar, tarteka egin ditu larunbateko bisitaren aipamenak, nortzuk etorriko zaizkion, zelan izango ote den egoera... Goizetik dabil egon ezinik, arratsaldeko bisitan darabil gogoa, ez dugu zalantzarik. Koldok ere ordu berean izango duenez, elkarrekin joango dira.

      Bidea dago hemendik bisitetako egoitzara. Modulutik irten eta espaloi modukoan aurrera joan behar duzu, kiroldegiaren ingurutik igaro eta aurrera, espetxearen erdiguneko dorre handia ezkerrean lagata. Hormetan egindako pinturak ikusiko dituzu, paisajeak: aintzirak, mendiak... Hormetan margotuta dago errealitatean ageri ez dena.

      Bazkalondoan laster igo gara ziegetara. Ordu bietarako ixten dizkigute ateak, eta lau t’erdietan irekiko dizkigute ostera, patiora jaisteko. Siesta garaian joango dira eurak bisitara.

      Arratsaldeko bostak pasatxo, badatoz bisitatik Koldo eta Antxon. Irribarre zabala dakar Antxonek txapelpean. Serioago dator Koldo, haserre itxuran. Bisitara joanda, jende multzoa elkartu omen dira; hemen alboko moduluan dauden hiru nesketako bik ere aurrez aurreko bisita ei zuten ordu berean (Itziar geratu da moduluan, Onditz txikia zaintzen); elkar agurtzeko eta momenturen batean elkarrekin egoteko aukera izan dute, baina Maitanek eta Amaiak kasurik apenas egin omen diote Koldori; Antxonekin izan dituzte kontu eta mimo guztiak, musuak eta besarkadak. Antxonek barre egiten du, Koldok marmarrean kontatzen digun bitartean.

      Bisita zoragarria gertatu dela diosku Antxonek.

      — Arreba Nieves etorri zaidak, bere alabarekin eta suhiarekin... eta hauen bi haurrak ere bai!

      Auskalo zelako eskandalua sortu dioten txikiek. Ikusi bezain bizkor hurreratu omen zaizkio. Haurrek ba omen zuten mila kontu, helduek ez gutxiago. Pozez gainezka dago, poz kutsakorra dario.

 

 

Aitaordearekin ezin konpondua, etxeko itomena, adinaren ezinegona eta ihesi-nahia, dena nahastu zitzaidan apur bat. Gu hiru anai-arreba ginen, eta aitaordeak bazituen beste hiru bereak. Eta gure amarekin beste bi seme izan zituen, gainera. Zortzi ume ginen etxean, eta ez da harritzekoa itolarria izatea. Bi aldiz ihes egin nuen etxetik, eta guardia zibilek ekarri ninduten ostera, Nafarroatik, Faltzestik  aldi haietako batean behintzat. Azkenik, 1951ko abenduan alde egin nuen Donostiara, hogei urterekin.

      Ortiz y Abellan tailerrean hasi nintzen Donostian. Leku horretan lanean hastean, ordea, medikuarengana bidali ninduten, Don Emiliano Eizagirrerengana. Aztertu ninduen, eta tuberkulosia neukala esan zidan. Garai hartan heriotza zigorra zen tuberkulosia edukitzea; gaixotasun oso larria zen, sendaezina ia, ez baitzegoen sendagairik. Eta hala ere, tuberkulosi eta guzti, onartu egin ninduten tailerrean. Hilabete batzuen buruan sukar handiz oheratu beharra izan nuen arte. Lanean aritu nintzen denboran jarraitu izan nion sendagilearengana joateari, hark aztertzen ninduen, baina ezer askorik ezin zuen egin, zer neukan jakinda. Ondo jatea eta atseden osoa hartzea ziren orduan tuberkulosiaren kontrako erremedioak. Atseden hartzekotan ezin zenuen lanik egin, eta lanik egin ezean ezin zenuen jan, ez ondo ez gaizki. Beraz, aukera bakarra zen lanean jarraitzea, eta halaxe egin nuen, erabat jota geratu nintzen arte.

      Osaba Juanitoren etxean bizi nintzen Donostian, aita zenaren anaiaren etxean. Emiliano Eizagirre doktoreak etxera egiten zizkidan bisitak. Sanatorioren batera joatea izango zen niretzako konponbidea, baina sanatoriora ez zen edozein joaten, beteta egoten zirelako. Osabaren etxera egiten zizkidan bisitetan konturatuko zen sendagilea, han ez nindutela oso gogoko, ez nindutela trapu zahar bat baino gehiago zaintzen. Inork inguruan nahi ez duen krakadunaren moduan nindukaten traste zaharrak gordetzen zituzten gela itsu batean, beste traste zahar bat gehiago, etxean edukitzeko baino jaurtitzeko hobea nintzena. Horretaz guztiaz ondo ohartu bide zen Don Emiliano sendagilea, eta Andazarrateko sanatoriora joan nahi al nuen galdetu zidan isilka. Aia eta Asteasu bitartean zegoen Andazarrate sanatorioa. Don Emilianok Andazarrateko zuzendariarekin eginak bide zituen ikasketak, adiskideak ziren. Lortu zuen niretzako lekua. Nik banekien ondo nolako gaixotasuna zen tuberkulosia; banekien sendagairik ez zegoela; eta etsita nengoen, hilko nintzela. Hogeita bat urte nituen orduan, eta hogeita bost arte bizitzea asko izango zela iritzita nengoen.

      1952. urteko iraileko igande batez joan nintzen Andazarratera. Sarriegi plazan Asteasuko Agotetarren autobusa hartu eta, nire orduko ustez, azkena izango zen begirada bota nion Kontxari. Arraunlariak ziren goiz hartan. Agur Kontxari eta agur Donostiari, nire artean.

      Lan egin nuen fabrikako nire baja osaba Juanitok eta bere amak kobratzen zuten, baina behin bakarrik joan zitzaizkidan Andazarratera bisitan, kilo bat platanorekin.

      Gure amak jakin zuen Donostian gaixorik nengoela, baina hain gaizki nengoenik eta gutxiagorik ere ez; ezta sanatoriora joatekoa nintzela ere. Andazarraten nengoela jakin zuenetik, ahal zuen guztietan etorri zitzaidan, hutsik egin gabe, jakiz kargatuta: eltzekaria, fruta... Fabrikako nire bajarekin eta osabaren etxeko gorabeherekin zer gertatzen zen ohartutakoan hasi zen zuzenean fabrikara joan eta baja kobratzen. Horri esker eramaten zizkidan jakiak. Neuk ez ezik, inguruan nituenek ere jaten zuten hartatik. Ordiziako koadrilakoek ere ipintzen zuten zerbait, eta horrekin guztiarekin piloa ekartzen zidan amak.

      Ahal zen ondoen jan eta atseden hartzeaz gain, ezer gutxi egin nezakeen. Penizilinarik ez zegoen artean, blokeoagatik. Berrogeita hamabian sinatu zuten blokeoaren azkena Franco eta Eisenhowerren artean. Geroxeago estreptomizina iristen hasiko zen.

      Gogoan dut intsulina ematen zietela apetiturik ez zeukaten gaixoei. Nik ez nuen halako arazorik. Andazarrate aurrean bazegoen baserri bat, Maria izena zuen hango etxeko andreak. Sarritan joaten nintzen hara, sekulako txorizo zatiak jaten nituen arrautza frijituekin.

      Gaixoz leporaino beteta egoten zen Andazarrate, bakar bat gehiago sartzeko lekurik gabe. Baina ez ginen beti berdinak egoten. Jendea aise aldatzen zen han, batzuk hiltzen zirelako eta haien lekua betetzera beste batzuk ekartzen zituztelako. Gaur musean-edo ariko ginen laukotea mahaian eserita; hurrengo egunean berriro eseriko zinen beste saio bat egin asmoz, baina ohartzen zinen bezperakoetatik bat falta zela, edo bi agian. Hil egin zirela, alegia. Egun batetik bestera hiltzen eta desagertzen ikusten genuen jendea. Urte haietako miseria eta lazeriaren ispilu garbia zen leku hura. Donostiako osaba eta amona platano kiloarekin bisitan etorri zitzaizkidan hartan, harmailetan behera jaisten ari ginela, nik ere eskua barandan ipinita nuela, baranda hura gaixoek ukitzen zutela eta eskurik han ez ezartzeko esan zieten. Apestatuak ginen gaixook, tuberkuloso apestatuak. Ez zuten gugan itxaropen handirik. Bazen han zestoar gazte bat, sasoirik onenean zegoen mutila... Indartsu zegoela zirudien arren, egun batetik bestera hil zen. Beasaindar bat ere bai, Mata abizena zuena; neumotorax tratamendua egin zioten, baina hobekuntzarik eragin ez zionez, plastia ebakuntza egin behar; ebakuntzaren ondoren bisitan joan nintzaion, animatua ikusi nuen goiko gelan; hurrengo goizean hil zen. Arruabarrena zeritzan bat ere bazen, marrazten artista zena; Merced egunean jaia antolatu zuten mojek, eta batzuk mozorrotuta ibili ginen marrazkilariari adorea ematen, baina ez dakit zer atarramentu izan zuen. Mendaroko bat ere hil zen, eta beste asko ere bai. Eguneroko ogia zen.

      Heriotza-giroa zen Andazarratekoa. Eta hala ere, txikitan ohi nuen moduan, likarekin kardantxiloak harrapatzen ibili ohi nintzen, kardantxiloen ordez txantxangorriak harrapatu arren.

      Bazen Asteasuko baserritar bat, Korta zeritzana, Andazarrateko lorategia eta inguruak atontzera joaten zena. Guk bageneukan hara nonbaitetik agertutako ardi-zakur bat. Nonbaiten galdu egingo zen eta haraxe agertu. Jateko zerbait ematen genionez, geurekin ohituta zegoen, neurekin batez ere. Egun batez, Asteasuko Korta hori aitzurrarekin ari zela, hurbildu egin zitzaion gure zakurra. Kortak aitzurkada eman zion buruan, eta akabo gure txakurra! Seko akabatu zuen.

      — Zakur bat besterik ez zuan. Lehen ere garbitua nauk paparrean gurutzerik ez zeraman zakur bat baino gehiago!

      Erreketea izana baitzen Korta hori, eta erreketeek gurutzea eraman ohi zuten paparrean, edo Jesusen Bihotza. Horrek erakusten du zelakoa zen gerraosteko giroa, irabazleen harropuzkeria, gerra amaitu eta oso gerora ere. Edozein kakalardo izan arren, harro eta boteretsu agertzen zen irabazleen bandokoa zenean.

      Sei hilabete egin nituen Andazarraten. Denbora gutxi zen hori orduko egoeran. Tuberkulosia ez baitzen, onenera jota ere, hain bizkor eta aise gainditzen. Dena dela, ez dut esango sei hilabete haietan sendatu egin nintzela, baina suspertu bai apur bat. Handik alde egitean amak etxera eraman nahi izan ninduen. Nik ez neukan Ordiziako etxera itzultzeko asmorik, neure kontura bizitzeko erabaki tinkoa hartua baizik. Andazarratetik elkarrekin jaitsi ginen ama eta biok Billabonara, Agotetarren autobusean. Amak Ordiziarako trena hartu zuen, eta nik Donostiara. Penaz eta minez zegoen ama berarekin etxeratu nahi izan ez nuelako, baina nik ezin nuen aitaorde harekin eta giro hartan bizi.

      Osaba Juanito eta amonaren etxean jo nituen ateak. Ireki bezain bizkor esan zidaten han ez zegoela niretzako lekurik. Sanatoriotik jaitsi berria, ahul eta aterperik gabe, sendagilea lanik ez zitzaidala komeni esanez, haatik lehengo lantegira itzulirik... txarto!

      Garai hartan, sanatorioak ez ezik etxeak ere gaixoz beteta zeuden. Aurkitu nuen, ordea, lo egiteko ostatua Amara Zaharreko familia baten etxean. Tuberkulosia ugaria zen orduan. Etxeetan perretxiko antzeko bat eduki ohi zuten kristalezko ontzietan uretan ipinita; ur hori edan ohi zuten tuberkulosiaren aurkako txerto moduan. Emiliano Eizagirre doktoreak estreptomizina hartzeko aholkatu zidan. Urtebetera Bravo doktoreak aztertu ninduen, erradiografiak eta abar eginda: ostera sanatoriora joan behar nuela! Lehendik animoso ez banenbilen, lur joa geratu nintzen hori entzutean, eta pikutara bidali nituen sendagile guztiak. Denbora luzean ez nintzela biziko etsita nengoen, baina Don Emilianok agindutako estreptomizinarekin neure kontura saiatu nintzen. Egunean hogeita bi pastilla hartuz iraun nuen 1958ra arte.