Hezur gabeko hilak
Hezur gabeko hilak
1999, nobela
208 orrialde
84-86766-95-8
azala: C.R.W. Nevinson
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1998, kronika
1997, narrazioak
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Hezur gabeko hilak
1999, nobela
208 orrialde
84-86766-95-8
aurkibidea
 

—1—

Ifernuko kea! horrela deitu du norbaitek inguratzen dituen lainoa. Bekatarien gogo-gorputz satsuak planetaren errai gorietan erre eta hotzak azkartu lur zolako zirrikituetatik goiti igotzen omen da, hango sugar ikaragarriak betiko pairatzen dituztenek oraino bizidun direnei igorri ohar etsia.

      Doi ikus ditzakete beren aitzinean doazenak. Begiak ez, belarriak dauzkate gidari, hain da lainoa zarratua. Bidea estua izan eta binaka-binaka joan behar. Noizbehinkako sakre eta madarikazio unatuak salbu, solasik gabe doaz, urratsa labur, betartea ilun, beren baitara bilduak. Mintzo direlarik ere, elkarri tabakoa galdatzeko batik bat, apalki mintzo dira, lainotan dagokeen munstroa iratzartzeko beldur bezala.

      Laino itsu hau! Sekula joanen ote?

      Joanen duk. Oro joaten duk goiz edo berant! ihardetsi dio David Mandelek.

      Orenak dituk honela gabiltzala, deus ikusi ezinik, zalantza egin du Jean Etxegoienek.

      Deus ikusi ezinik? Kabalak eta bertzelako animaliak ikusten ari nauk tai gabeki. Nire lokamutsak ez badira bederen. Beha horra!

      Lagunak erakutsi aldera higitu ditu begiak Etxegoienek.

      Laino artetik ageri da ardi baten burua. Ilea bezain zuria dauka animalia hilak begi-ninia, lainoa zuloren batetik sartu eta hartaz jabetu izan bailitzan. Agian, era berean jabetu da bide hegian dautzan bertzeez ere: mando, behor eta idi hantuez, intsektuen zurrunbilo eroak ia kukutuak dituen zakur eta katu usteltzen hasiez, zerri harjoez.

      Noeren ontzia zirudik! dio Etxegoienek.

      Noeren ontzi hondoratua!

      Horixe iruditu zaidak nihauri ere azken aldian, urpean gabiltzala, arrain absurduez bete itsaso mugagabe batean.

      Poeta haiz, zalantzarik ez!

      Bai. Epikarik gabeko istorio ezdeus batean galdua... lainotan galdu poeta.

      Ez horrenbertze asalda! Laino honetan, alemanenean ez bezala, hats har daitekek hilik erortzeko arriskurik gabe. Baduk zerbait.

      Hitzok Etxegoienen solasa isilarazi dute. Mutu doaz, aitzina duenaren bizkarraldeari ongi estekaturik behakoa bata, bide hegiari emana bertzea. Mutu doaz eta izerditan, gainean daramaten hogeita hamar kiloko zama gero eta pisuago. Hala jarraitu dute, harik eta Etxegoienek erran duen arte:

      Nora garamatzaten jakin nahiko nikek.

      Festa batera ez, segur.

      Eri artean daukan zigarreta burutu du Mandelek. Musutik pasa, muturrean estutu eta Etxegoienek eskaini suari buruz okertu da. Gazte bizargorria da Etxegoien oraino, pipatzen ari dena baino hagitz gazteagoa.

      Lainoa ala gerla, zein finituko duk lehenik, David?

      Mandelek ez dio ihardetsi. Beha geratu zaio zigarretari darion kearen gibeletik. Une batez baizik ez, adierazi nahi diona adierazteko bertze.

      Berdin segitu dute, ezpainak ongi estekaturik biek, bi arrain xelebre krobitxeta baten koloreko den ozeano are xelebreago batean. Berdin segitu dute, hainbat orenen buruan herri batean sartu diren arte. Hastapenean, deus gutxi nabaritu dute lainotan: obusek porrokatu horma erori zenbait eta zaunkaz hurbildu zaizkien zakur orohezurrak. Ederra lainoak etxe eta eraikin zulatu-birrinduei eman itxura. Bizpahiru horma zutik baizik ez dituen teilatu gabeko etxe izandakoak jauregi batena har dezake halako batean, edo herriko eliz apala zernahi katedral bezain harro altxa daiteke esnezko geruzaren gibelean. Kamioien irudi iluna hauteman dute, plazatzat jo dutenera heldu direlarik. Han baratzeko diete manatu. Zizpa sorbaldaz aldatu, bizkarrean ekarritakoak lurrean pausatu eta pipatzeari ekin diote anitzek. Sei dira kamioiak eta, hurbildu zaizkielarik, gurutze gorri handi bana ikusi diete aldeetan.

      Laino hau baino gerla bera duk aiseago finituko!

      Badituk hiru urte finitzen ari dela.

      Oraingoan bai. Diotenez, Oldar Handirako ekarri gaitiztek. Bertze erreximendu anitz elkartuko zaizkiguk laster.

      Hori sinesten duka?

      Sinetsi, anarkian baizik ez! Berdina aditu genian Verdungoa baino lehen.

      Uste baino parada handiagoa izan dute pipatzeko. Oren oso batez ukan dituzte han. Motxilak-eta lurretik jaso eta lerroka ezartzeko erran dietelarik, poztu egin dira soldaduak, lainoak iragazi eguzkiak kiskalirik. Izerdi tanta lodiak lerratzen zaizkie kopetan beheiti eta larruazalari itsatsirik sentitzen dituzte atorrak eta galtzak. Zenbait, alditxartu eta ziplo erori dira lurrera hots zurruna eginik, paretaraino heldu ezinean erori eta zolaren kontra pilotak ateratzen duenaren antzekoa.

      Aitzina egin dute karrika estuetan gaindi. Irekirik daude hainbat etxeren ateak, iragaitean behatu eta hutsik direla ikusi dute. Gehienak hala daude. Batzuetan, zurezko ate astunak haizeak bultzatu eta kexu ilun manerakoa ateratzen dute. Danbateko latzak ere jotzen ditu ate gotorretan bertze batzuetan. Zaborra pilatu da etxeetako atarietan: eguzkiak erre paper horizta zimelduak, oihal puska zikinduak, zangorik gabeko kadira eta mahaiak, botila hutsak, beso edo buru gabeko andrakilak, portret zahar porrokatuak... Gerlak zapuztu hainbat bizitzaren hondarrak, bizimodu ustez baketsu baten oroigarri ezdeusak.

      Karrikak beheiti egitearekin batera, ozenagotu egin da soldaduek sortu azantza. Patarrak beharturik gero eta fiteago, azkartu egin da motxilen eta zizpen dilin-dalana bizkarren kontra. Tarrapatak karrika ospela bete du muturrez mutur. Larreetarako bidean herria uzten duen artaldearen zalaparta irudi, urrundik aditzen da erreximenduaren haroa. Leporaino zamatu mandoen apatxek erritmo motela jotzen dute harlauza hezeen gainean. Emeki daramatzate zamariak, kasuz, zola limuriaren beldur.

      Herria gibelean utzi dutela ohartu dira. Lainoak alde orotatik bat-batean inguratu eta mundua bahitu die berriz. Berriz da ozeanoa nagusitu. Burbuila baten barruan atxikiak dira.

      Gelditzeko manatu diete laster.

      Heldu gara! entzun diote sarjentari. Zatozte nirekin!

      Lainotan alimalekoa iruditu zaien eraikin baterantz eraman dituzte. Ate nagusiaren gainean granito argizko gurutze luze bat ikusi ahal izan dute, aspaldiko umelak belztu horman nabarmen.

      Horrelako bat zenuten zuek ere han?

      Gurutzea erakutsi dio Mandelek.

      Antzekoa.

      Obusen horzkadak begi-bistan dituen ikastetxe batean daude. Horma histuko pasabide baten gaindi gidatu eta barne patio batera heldutakoan, bertan egoki daitezela erran die sarjent mustaxadunak.

      Ilundu arte hemen egonen gara, gaineratu du.

      Ongi konprenitu dute. Lubakietan sartzeko gauaren geriza behar, horra zein hurbil izanen duten etsaia. Bizkarra patioko horman bermaturik duten soldaduen artean berehala hedatu da: botxeen erreketatik beraienetara metro gutxi batzuk bertzerik ez omen dira.

      Gurea baino tabako hobea ditek. Ea saltzen diguten, erran dio Etxegoienek Mandeli.

      Bai, tabakoa emanen zigutek lehena, eta gero flammenverfer horietarik bat atera eta sua ere emanen zigutek! Bazakitek horiek gizalegea zer den.

      Patioko erdigunean gaztainondo batzuk daude, adarrak jadanik soiltzen hasiak. Zuhaitz inguruan orbelez eta markolez emokatua ageri da lurra.

      Markolak lurretik jaso eta elkarri jaurtikitzen hasi da soldaduetarik zenbait. Irri karkarak entzun dira eta oihuak eta sakreak. Zuhaitzetara hurbildu direnetarik batzuek horma ondoan jarrita daudenei buruz jaurtikitzeari ekin diote. Beren hartan gelditu dira erasotu gehienak. Eskubila altxatu, sakre eta mehatxuei lotu, baina jarrita segitu dute, lekutik higitu gabe. Unatuegiak dira horretarako. Jota utzi ditu harainoko bideak. Bota lohituak erantzi eta oinutsik da hainbat soldadu. Oinak ospel, zauri eta urratuez josirik, biziki mindurik.

      David Mandelek burdinazko kaskoa begietara beheititu eta dio:

      Haurrak! Haurrak dituk! Arrangura izanen dituk gero!

      Etxegoienek egin berri duen keinu haserretuak zerbait erratera doala irudikatu arren, aho hertsirik jarraitu du, adiskidearen jarrerarekin bat egin nahiko balu bezala. Kaskoa jaitsi du begien parera. Luzaz egon dira hala, elkarri ia mintzatu gabe, ingurukoen solasei zein zurrungei belarriak hersteko isileko eginahalean, beren etxeak utzi zituztenetik egunero entzun dituzten solas ergel berberei: beti laster emanen eta sekula eman ez dieten permisionearen gainekoa, alemanak garaitu eta bakea ekarriko duen Oldar Handiaren gainekoa, emazteen gainekoak.

      Markol jaurtikitzaileak beren jolasaz aspertu eta patioko bazter bateko iturriaren bueltan bildu dira, elkarren bustitzea jolas berri. Haien oihuak entzuten dituzte lainoaren errezel mardula zeharkatzen dutelarik, gero eta apalagoak. Hormaren kontra jarriak direnen mintzoa ere gero eta apalagoa da, isiltasuneraino motela. Lotan hainbat, begiak hertsirik ia guztiak, unadurak oro egiten du bere, lainoa irudi.

      Afari tenoreko biltzar deiak iratzarri ditu. Gaztainondoen pean ofizierek antolatu eta kapitaina mintzatu zaie, eta erran, gau osoa denean herritik kilometro gutitara diren erreketara joanen direla eta hiru hilabete lehenagotik han dauden zouavoak soldadu aljeriarrak aldizkatuko dituztela.

      Kapitainak mintzaldia buruturik, afaria banatzeari ekin diote: ogi ilun baten erdia, haragi errea, ardoa —ohi baino gehixeago—, eta kafea bukatzeko.

      Salda uher hau kafea deitzea ere! hasperen egin du Mandelek.

      Deus gehiago erran gabe, horma aldera itzuli, berriz jarri eta horrela edan dute kafea, hurrupa ttipietan, ahalik eta luzeen iraun dezan.

      Zein har klase dabilkik kolkoan? kezkatu da Etxegoien lagunaren kopeta zimurtuari oharturik.

      Lainoa...

      Lainoa? Hobe guretzat, honela ez gaitiztek botxeek erreketan sartzen ikusiko.

      Aitzitik, ikusi eginen gaitiztek. Laino honen gaindi argiak eraman beharko ditiagu, galdu nahi ez bagara bederen. Xede erraza alemanentzat. Zafraldi gaitza hartu behar diagu gaur gauean.

      Mandelen eleak zeruak aditurik menturaz, lainoa altxatzen hasi da, lotinantak: aitzina! manatu eta berehala. Hotza da gaua. Belarra bustirik nabaritu dute. Ez dago ilargirik, baina zerua hain dago izarrez beterik eta hain da haien argia bizia ezen, elkarrengandik hain hurbil joanen ez balira, soldaduei urrats bakoitzean beren itzalak zapaltzera doazela irudituko bailitzaieke. Bide hegian zelai eta alor abandonatuak hauteman dituzte, oihan urrun baten beltzunea. Hotsik gabeko gaua da eta isiltasunak arras ozenagotzen du lubakietarako martxa geldoa. Bideko zola zanpa eta zanpa soldaduen botek, herrestan daramatzaten orgen karranka, metala metalaren kontra joka...

      Oren erdiz ibili dira, itzaletan itzal bilakatu nahirik, kabala ilunek osatu taldea irudi, harik eta gelditzeko manua, gizonez gizon, ahapetik eta belarri ertzean erranik, aitzinaldetik gibeleraino iragan den arte.

      Izartegi osoaren pean aiduru dauden gizonak, haratago sumatu errekak behakoaz kausitzera entseatzen dira. Hotsik gabea dute gaua, baina ez usainik gabea. Ongi ezagutzen duten bat dakarkie haizeak, azken ia hiru urteetan beren larruazalei atxiki eta xaboirik latzenak ere iraitzi ezin izan duena.

      Ahoz aho heldu zaie, oraingoan ere, ekiteko mezua. Binako lerroa banakako bilakatu, eta hala egin dute lubakietarantz. Han lotinanta dago, aitzina noiz egin soldadu bakoitzari errateko. Estua da erreken sarrera eta bi gizon baizik ezin batera handik iragan. Bata barnerantz, kanporantz bertzea, nekez ikus dezakete elkar. Heldu berriek doi nabaritzen ahal dituzte zouavoen zuri-gorria —egokiago dantzaldi baterako gerlarako baino, erran du norbaitek— lubakietatik irteten ari denaren larru beltzaxka, bertan pasatu hilabeteek utzi etsipen zeinuak sekula ez bisaietan. Harat-honat guztiak isilik egiten dira. Debekatua dute pipatzea.

      Mandel joan da lehena. Etxegoien sartzera doalarik, halako batean izarrak zartatu izan bailiren, argi zuri itsugarria zeruaz da jabetu.

      Sar, fite, sar! oihuka adiskideak.

      Jauzi egin eta Mandelen ondoan erori da. Mina nabaritu du ezker besoan. Ez da arrangura. Suziri alemanen argiaz gerizatzeko eskuina begi parean, berehala aditu behar azantzaren esperoan geratu da, deus errateko ezgauza. Baina oinaztargiak ez du trumoirik ekarri. Areago, isiltasuna potoloagoa da orain.

      Kasu! ausartu da lotinanta azkenean.

      Pasatzeari berrekin diote soldaduek, berrekin, bertze suziri batek mugimenduak oro eragotzi dizkien arte.

      Jolasean ari dituk gurekin! oraingoan bai arrangura Etxegoien.

      Bai, denak ari dituk jolasean gurekin, hangoak zein hemengoak, dio Mandelek, pasadera ondoko zokoan kukuturik dagoen lotinantari beha. Jolasean eta jokoan.

      Bata bertzearen segidan, hiru suziri gehiago igorri dituzte alemanek zeruan goiti. Frantsesek, urduri eta sakreka, erreketako lur bustia sentitu dute aurpegian, keru zahar baten zapart ustela.

      Erran diat: jolasean!

      Etxegoienen eleak trumoi batek deuseztatu ditu ahotik irten orduko. Azken suziriaren argia iraungi eta, behingoan, soldadu frantsesen mintzoari kanoi alemanen orroa zaie nagusitu.

      Firurika heltzen zaizkie kanoi pezak. Beren buruen gainetik iragaiten aditzen dituzte aldamenean zartatzen ez zaizkienetan. Leherketen oihartzunak ere heltzen zaizkie, haiek altxarazi lur eta lohia. Kanoikada bakoitzarekin batera, hortzetan darabilten zotza dute tinkatzen. Min hartzen dute legarrak jotzen dituelarik. Egarri dira, biziki, eztarria hautsez beterik ukanen balute bezala. Eta izerditan dira, nahiz eta goiti-beheiti zikintzen dituen lubakietako lohia hotza izan.

      Irudiz, Kruppenean azkarki ari dituk lanean.

      Gero eta kanoi handiagoak egiten ditiztek.

      Hamasei kilometrotatik tiro egiten ahal omen ditek berrienek.

      Eta anartean zer egiten ditek gutarrek? lagunen solasean sartu da Franju, mustaxa finekoa, beirazkoak diruditen begien jabea.

      Gutarrak? diote ihardetsi.

      Berdin jarraitu dute kanoiek gau osoz, errekazuloetako biztanle unatuak urrikalmendu gaberik zafratzen. Obus eta pezen orroak izan dituzte entzungai bakar. Pezen orroak eta kolpatuen aieneak.