Haizea mindu gabe
Haizea mindu gabe
1999, narrazioak
160 orrialde
84-86766-93-1
azala: John Howard
Jon Gaztelumendi
1961, Errenteria
 
 

 

Egun bat espetxean

 

Euskal preso politikoak badaudela ziurtatzeko moduan nago. Nik ezagutzen ditut. Beraien artean nago aspaldidanik. Neu naiz bat. Oreretakoa. Jon da nire izena.

        Duela gutxi jelkide batek esan zidan:

        — Jon, datorren astean, neu sartuko naiz zure ordez espetxean. Neuk ere hamaika urte igaroko ditut hor barrenean, zuk bezala; espetxe batetik bestera, beti urrun, gose-greba amaigabeetan sarturik, duintasunez, isilean.

        — Baina, tira, gizona...

        — Bai, datorren astean zu kaleratu eta ni sartuko naiz barrura. Abertzale batek, eta nik independentistatzat dut nire burua, Euskal Herriarengatik eman beharko lukeen gutxien-gutxienekoa da kartzela. Nahiz eta sarritan bikote harremanak apurtu; nahiz eta seme-alaben harremanak murrizturik gelditu, eta ezin igande goizetan mendira irten, orain bezala; nahiz eta ogibiderik gabe gelditu, etorkizuna presentea izan, urteak ez baleude bezala bizi, dirua ekonomatoan ordaintzeko adina eduki... eta lagunak Madrildik onartzen dizkizutenak izan...

        — Tira, gizona...

        — Bai, Jon: aberria ala hil! Ni ere euskalduna naiz. Gora Euskadi askatuta! Gora gure Sabino gudaria!

        Harritu ninduen entzundakoak. Baina ez dut horretaz hitz egingo.

        Badut eskaintzeko zerbait, gertaera xume bat, garrantzirik gabea. Historiak gordetzen eta kontatzen ez dituen horietakoa. Euriaren hotsa hurbil entzuten denean irakurri behar den horietakoa. Gauean ahal bada.

 

 

Kixkur eta Manu Valdemoroko espetxean daude udazken honetan. Espetxe ezberdinetan bizi izan dira, eta bi urte elkar ikusi gabe zeudela, Valdemoroko ziega batean sartu dituzte biak. Herri desberdinetatik iritsi direla dirudi.

        Husten hasi dira, pegarrak bailiran. Ahotik husten. Oroimen bat 500 mililitro esaldi, berri bat 300 mililitro hitz, gertaera bat 250 mililitro hots. Betetzeko eta husteko eginak baitira pegarrak, adiskideen harremanak bezala.

        Kixkurrek bota du istorioa, arratsaldeko bostak aldera. Kixkur beheko literan eserita dago, eta Manu plastikozko eserlekuan jarrita leihoaren aurrean. Larunbata da.

        — Bi mutikoren gurasoak kartzelan sartu zituzten. Gaztetxoak ziren anaia biak: batek hamalau egin gabeak zituen artean, besteak zazpi beteak.

        Aita espetxe batean eta ama beste batean zegoela esan dio Kixkurrek.

        — Eta semeek txandakatuz ikusten zituzten aita eta ama: anaia bat espetxe batera joaten zen bitartean, bestea bestera.

        Kixkurrek atsedena hartu du, hitzetan bere semearen irudiak ez baitio buruan atsedenik uzten.

        — Seme nagusia lanean hasi zen, beharrak eraginda.

        Manuk bi tiro entzun ditu, Kixkur hizketan ari den aldi berean: ta-ta! Isileko begirada azkarraz aztertu du kanpoaldea. Leihotik olibadia ikusi du. Ordenaturik daude olibondoak, baina ez galga berean. Zerua hotz. Olibadiaren ezkerretara zituak ereiteko lur saila dago. Uzta bilduta daukate nekazariek, eta lasto fardoak olibondoarena egin nahian ordenaturik daude, oso era kaxkarrean hala ere. Txori taldea ezkerretik eskuinera zihoan abiadura handiz. «Izuturik doaz, tiroen beldur» ondorioztatu du Manuk segundo-hamarrenean. Denak normal dirudi. Baina uso bat, pagauso bat, sartu da Manuren ikus-eremuan.

        — Seme nagusiak gogoz eta amorruz ekin zion lanari. Gurasoen aurrean arduratsu agertu nahian, laguntzeko eta egoerari aurre egiteko prest zegoela adierazten zuen bere jarrerak. Mutiko prestua baina, mutiko berria zen: beste bat.

        «Gurasoak izan al dituk kartzelan inoiz?» galdetu dio Manuk.

        «Ez», esan dio Kixkurrek.

        Manuk ez du gehiago esan beharrik.

        — Emozio egoera berri hark anaia gaztea kutsatu zuen. Baina anaia gaztea berriro jaiotako mutikoa zen: «Joango gara», «egingo dugu», «esango diogu» esaten zuen lehen pertsonaren izenordaina ahaztuta. «Lana egingo dugu eta irabazitako dirua gurasoei emango diegu» zioen anaia gazteak hunkiturik. Ametsak eta ilusioak, atsekabeak, egitasmotan bihurtzen ziren matematikako klaseetan.

        Manuk burua goitik behera mugituz, historia jarraitzen duela adierazten dio... usoaren ibilbideari begirik kendu gabe. Zeruan mugitzen den gauza bakarra, usoa. Sigi-saga motzetan hurbiltzen ari da espetxera. «Ukitua zetorrek» pentsatu du. Lepoaz hegoez baino indar handiagoa eginez dator usoa.

        — Anaia nagusiak lehen soldata eskuratu zuenean, anaia gaztearekin zenbatu zituen diruak ohe gainean. Azken uneraino gorde nahi zuten ustekabekoa. Gurasoek ez zekiten ezer. Zehaztasunez antolatu zuten bisita: zein asteburutan joan, nor norengana, zenbat diru sartu, eta nola esan sartuko zituzten zazpi mila pezetak beraiek irabazitakoak zirela. Barrez hasten ziren biak. Barre geldiezin hori, gozo hori, bero hori... Konplizitatearen barrea kontrolaezina da. Nork ez daki hori?

        Seme nagusiak amarengana joan nahi zuela kontatu dio Kixkurrek, amari kontatu nahi baitzizkion berri guztiak: lanarena, zenbat diru irabazten zuen, eta sartutako diruak lehen soldataz irabazitakoak zirela.

        — Amaren kezkak leundu nahi zituen semeak. Baina gauza guztien gainetik «hemen nago ama» esan nahi zion, «aurrera goaz, ez gara kikildu», «bat gara bananduta ere». Suak ez du pisurik, baina nola erretzen duen su ttikienak ere! Semeak sutzarra zuen bihotzean.

        Usoa altura galtzen doa. Baldar astintzen ditu hegoak. Espetxeko lehen hormaren gainetik igarotzen hasi denean, eskuin aldera jiratu da, haize bolada batek jota-edo. Manuk zeharka dakusa, eta orban gorria igarri dio eskuin hegal azpian. «Zauriturik zoak aurrera» pentsatu du. Ikus-eremutik alde egiten ari zaio. Usoak planeatu egiten du aldizka, eta orain forma bitxiko hodei batekin gurutzatu da. Usoak ez dio horri erreparatu. Manuk bai.

        — Bidaia eguna iritsi zenean, bazkalondoan, diruak banatu eta ideiak txukundu zituzten anaiak biek. Horrela abiatu ziren Espainia aldera, diruak eta mezuak xorro berdinean gorderik zituztela. «Esaiok dirua lasai gastatzeko!; korrika egiteko zapatillak erosi behar baditu, rekaderoz erosteko beldurrik gabe, badakik!». Azken unean, oihu eginez, «Muxu bat emaiok!, besarkada bat nire partetik!» esan zion anaia nagusiak jende multzo baten artetik. «Esaiok biziki maite dudala!». Eta anaia gazteak esaldi bakoitzari «Bai» erantzuten zion, haurrek beti esateko duten doinu horrekin.

        Kixkurri ttikitu egin zaizkio begiak. Urrutira begira balego bezala ari zaio Manuri. Manuk dagoeneko ez du usoa ikusten, erortzen dator hegoak zabal-zabalik eraman arren, espetxearen paraleloan planeatzen. Begiak erdi itxita. Usakume zeneko lehen hegaldiak oroitu ditu usoak.

        — Anaia gaztea aita zegoen espetxera iritsi zenean, besteren senitartekoekin hurbildu zen bulego bateko leihatilara. Bisitaren ordua hartu eta dirua sartzeko gestioak egiten hasi ziren. Anaia gazteari txanda iritsi zitzaionean, honek patrikara bota zituen eskuak, baina ez zuen dirurik aurkitu. Ez galtzetan, ez alkandoran, ez txamarran. Bi, hiru aldiz miatu zituen poltsiko guztiak, urduri, hamar aldiz. Baina ez zen dirurik ageri, galdu egin zituen guztiak. Dirua galdu? Non? Nola?

        Ez omen zien senitartekoei ezer esan, esan dio Kixkurrek Manuri. Ez zuen hitzik egiteko indarrik. Bakarrik, galduta sentitu zen. Bisitaren lehen txanda eman zioten, eta trantze horretan sartu zen kabinara, goizeko lehen orduetan.

        — Aitak semea aurrean ikusi orduko, eskuekin, begiekin, irribarrearekin, gorputz osoarekin agurtu zuen. Ukabilez ukitu bigunak ematen zizkion kabinako kristalari, «aupa hi, txapeldun» esanez bezala. Gau osoan bidaian egona zen zazpi urteko mutikoa zuen aurrean. Bazuen meriturik!

        Aitak ozen hitz egiten omen zion, konfiantzan. Baina semeak ez zuen apenas hitzik egiten. Gertaera xelebreak kontatzen hasten zitzaion aita eta zirikatu egiten zuen semea. Honek nekez luzatzen zituen esaldiak. Irribarre lotsatua erakusten zuen. «Zer arraio gertatzen da» pentsatu zuen aitak. Zerbait gertatzen zela suma zezakeen, baina aurrera jarraitu zuen, etxeko egoeraz galdezka batzuetan, ikastolan zer moduz moldatzen zen jakin nahian bestetan.

        Bisita amaitu zela jakinarazi zuen txirrin batek. Semeak ez zion aitari begirik kentzen. «Etorriko naiz berriro» esanez agurtu zuen. Kabinatik barrura eraman zuten aita.

        Manuk arretaz entzuten dio. Kixkurrek harrapatuta dauka nonbait, eta ez da jadanik usoaz oroitzen. Usoak, bere joanean, bero sentitu du gorputza. Gero hotz. Zalantzan dago. Udaberriaren zantzuak ote dira? Ez. Heriotzaren zantzuak dira.

        — Aita kezkatuta zihoan korridore artetik ziega aldera. Semea galtzen ari ote zen galdezka, ernegaturik, goibel. Semea irteera aldera abiatu zen, pausoa estutuz. Sarreran tramiteak bukatu bezain laster, ondoan zegoen aparkalekura hurbildu zen, eta han, auto baten kontra burua, negar-malkotan lehertu zen, etsita, lur jota, txiki-arraio eginda.

        Kixkur eta Manu bata besteari begira gelditu dira, hamar segundo, hogei, minutu erdia. Hitzik egin gabe, begietara so. Etsita. Lur jota. Txiki-arraio eginda.