Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Beltzetik zurira

 

Muturrean luma daraman Mercedes gorri (eta zahar) Ministeriokoan naramate Khan Younis errefuxiatu gunera. Sanaa itzultzailea doa txoferraren aldamenean, soineko luze eta buruko zuriekin; oso gaztea da, hogeita bost jo dizkiot. Atzeko eserlekuan Salim eta biok goaz. Ministroa naiz gaur.

         Hiru errefuxiatu esparruren ondotik pasatu gara Gaza hiritik Khan Younisera, hegoalderantz, goazela: Bureij (27.500 errefuxiatu) eta Maghazi (20.000) ekialdera, Nuseirat (51.000) mendebaldera. Mendebalderago, itsasertzean urrutira, laugarren bat begiztatu dugu: Deir El Balah (17.000). UNRWAren datu ofizialak dira hauek, baina jakina da milaka errefuxiatu erregistratu gabe daudela.

         Kanpo populatuenak Jabalian (89.000) —iparraldean, Israelgo mugatik bertan—, Rafan (79.000) —hegoaldean, Egiptorekin mugan— eta Gaza hirian (68.000) —Al Shati, hondartzako esparrua— daude. Ondoren dator Khan Younisko errefuxiatugunea, 54.500 biztanlerekin. Gainera, Khan Younis hiriko 73.000 bizilagunetatik gehienak errefuxiatuak dira. 400.000 errefuxiatu Gazako zortzi esparruetan bizi dira, eta beste 300.000 hirietan. Errefuxiatu ez diren gazatarrak 250.000 inguru dira.

         Salim nire laguntzailea, hain zuzen, hirian —Khan Younisen— bizi den errefuxiatuetako bat da. Tel Aviv ondoko Jaffatik alde egin behar izan zuten Salimen gurasoek 1948an, etxea eta laranjondoz betetako lurrak utzita.

         — Esku hutsik heldu ziren Gazara, eta hemen segitzen dugu ondorengoek. Aita-amak hil ziren. Etxearen eta lurren jabetza-agiriak gordeta ditugu, eta etxea hondatuta baina osorik dago oraindik. Neure begiekin ikusi nuen duela hamar urte.

         Hirian egin dugu lehenengo geldialdia, Arazo Sozialetarako Ministerioaren Khan Younisko ordezkaritzan. Lau gizonezkorekin eseri naute. Salim, Sanaa eta nirekin zazpi.

         — Tea edo kafea?

         — Ezer ez. Ondo nago —esan diot Sanaari, itzul dezan.

         Ez du ezer itzuli, eta niri begira, ahopeka:

         — Baietz esan behar duzu!

         — Ondo da. Ur pixka bat, orduan.

         Tea ekarri didate, eta tea amaitu baino lehenago kafe katilua jarri didate aurrean eta, bero zahar honen kontrako ur freskoa eskertuko nukeen arren, kafe beroa ere irentsi dut, jendetasunaren eztarritik.

         Errefuxiatuguneko miserien berri eman dit ordezkaritzako arduradunak, Salah Hamdanek: familiak handiak dira eta gelak oso txikiak; zortzi-hamar lagun bizi ohi da gela bakoitzean eta batzuek lastairarik ere ez dute; sukalde eta garbitasun tresneriarik ez dago; estoldarik ere ez errefuxiatugune osoan; kutsadura handia dago eta kiratsa halakoa da; neguan asko sofritzen dute, euria teilatuetan barrena sartzen delako; euri jasa handietan kanpoko bidexkak erreka bilakatzen dira; ezindu asko dago famili barneko ezkontzak ohikoak direlako; gizon bakoitza hiruzpalau emakumerekin ezkontzen da eta, beraz, aita baten seme-alaba kopurua biderkatu egiten da...

         — Eta zuek, zenbat emazte eta seme-alaba dituzue?

         Emazte bana dute. Boston artean (Salim barne), 34 seme-alaba: zortzi, zortzi, zortzi, sei eta lau.

         — Ezkonduta al zaude, Imanol? —Salimek.

         — Ez.

         — Hemen daukazu aukera! Hiruzpalau eraman ditzakezu Espainiara! Han bakarrarekin etsi beharko duzu bestela...

         — Baina zuek bana duzue, badaezpada ere.

         — Bakarra ere gehiegi da!

         Ulertu ez ditudan eta itzuli ez dizkidaten komentarioekin nahastu dira barreak.

         Intifadan gorriak pasatu zituzten Khan Younisen. Altxamendua bereziki suharra izan zen errefuxiatu esparruetan eta, ondorioz, errepresioa latzagoa. Intifadako urteetako hilabete gehienetan setiatuta egon zen errefuxiatugunea.

         — Jende asko, ume asko, betirako ezinduta utzi dituzte israeldarren balek.

         — Okerrena umeak zakarretan jatekoaren bila ikustea zen. Janaririk ez zen heltzen eta errefuxiatuak goseak zeuden. Asko hil ziren kutsaduragatik, zaborrak pozoinduta.

         Israeldarrek Gaza menderatu zuteneko 1967ko gerraz ere gomutak bizi-bizi dituzte. 18-22 urte bitarteko hogei bat gazte hormara eraman eta tiroz nola josi zituzten ikusiak daude. Gehienen familiak sakabanatu egin ziren orduan, Egiptora ihesi joan baitziren asko, eta oraindik banatuta segitzen dute batzuek.

         Gaur egun behar gorrienean bizi direnen kasuak banan-banan aipatzen hasi da Salah Hamdan, fitxa batzuk baliatuz: Aatia, 48 urte, buruko gaitza duena, bi emazte, 17 seme-alaba, horietako hiru atzeratuak, lau gela dituzte eta astoa ere etxean bizi da; Adel, 35 urte, itsua, emazte bat, zortzi seme-alaba, hiru logela...

         Zerrenda osoa pazientziaz entzun dut, ondoren errefuxiatugunea bertatik bertara ezagutzera abiatuko garelakoan.

         — Kiratsa handia da —gaztigatu didate.

 

 

Khan Younisera ekarri gaituen Mercedesa taxia zela jabetu naiz errefuxiatugunera abiatzeko 127 txikian sartu garenean. Errefuxiatu esparruak bezain populatua doa automobila, bost laguneko ordezkaritzaz: Ministerioko bi langile —batek txofer egiten du—, Salim, Sanaa eta bostok.

         Autoa utzi eta errefuxiatu esparrura zangoen gainean sartu garenean, kirats trinkoa izan da lehenengo kolpea: giroa astuna da, zikina. Haurrak izan dira bigarren kolpea: sartu orduko hogei bat ume koskor inguratu zaizkigu arropa zarpailetan, oin hutsik gehienak. Pobrearen aberastasuna, haurrak.

         Dena bihurgune diren metro erdi zabalerako bidezidorretan barrena joan gara, ume errukarrien ilara luzea atzean dakargula. Egonean dago jendea, etxoletako hormetan bizkarra jarrita, salam aleikum eginez. Etxeak ez dira etxe. Etxolak dira, etxeskak, txabolak.

         Begi-bistakoa dena errepikatzen dit Sanaak:

         — Ikusten? Egoera oso txarra da. Oso txarra.

         Txarra denez. Jo eta ma nago. Zisjordaniako errefuxiatuguneak auzo erresidentzialak dira honen aldean.

         — Hemen ez dago kalerik, jabetzen zara. Bide zabal bakarrak bulldozer israeldarrek etxeak eraitsiz zabaldutakoak dira; bestela ezina baitzuten, Intifadaren garaian, tankeek sartzea —aurpegiera goibela du Salimek sartu garenetik; ahitu zaio txantxarako soka.

         Intifada baino lehenagokoa da asmakizuna: Ariel Sharonek, 1971n, Israelgo Armadako Hegoaldeko tropen komandante zelarik (Gazaren ardura ere bazuen, beraz), errefuxiatu esparru liskartsuetako kale estuetan ibilgailu militarrek sartzerik ez zutela-eta, guneak goitik behera zeharkatzen zituzten kale aski zabalak egin zituen etxolak suntsituz. Geroztik, berriro etxeskaz bete ziren militarrek sortutako kale horiek, baina istiluen txingar zaharrak hauspotu direnero, metodo bera erabili dute israeldarrek eremuotako sua itzaltzeko.

         Mohareb Sahlul zaharraren eta bere bi emazteen etxera etorri gara. Bizileku txiroa da, solairu bakarrekoa, gainerako guztiak bezala. Tunika zuri luzea eta durbantea daramatza 56 urteko Moharebek. Askoz zaharragoa ematen du, hortz asko falta zaizkiolako akaso. Koloredun tunikak dituzte bi emazteek, Mohareb baino askoz gazteagoa bietako bat.

         Ohartu naizenerako, bitik hamar urtera bitarteko 30 bat hankagorrik inguratuta gaude, metro banako zabalera ozta-ozta duten bi bideen gurutzean, Mohareben etxearen aurrean. Atarira sartu garenean haurrak atzetik etorri zaizkigu, baina emazte gazteak kanpora bota ditu. Mohareb bere istorioa labur-labur azaltzen ari zaigula, nondik atera diren ez dakidan dozenerdi bat emakume hurbildu zaizkigu pixkanaka.

         Sei urterekin heldu zen Khan Younisera, 1948an, orain hiri israeldarra den Beershebatik alde egin behar izan zuenean.

         — Lurrak genituen han, ondasunak, eta begira orain nola bizi garen.

         "Etxea" erakutsi didate. Bi gela biluzi: altzaririk ez, horma hotz bipilak, eta zenbait manta bazter batean pilatuta. Bost seme-alaba bizi dira etxean (beste hiru kanpoan). Lehengo aldean oso ondo daude: bi gelatan zortzi lagun bizi dira orain, hamalau gela bakarrean lehen.

         Inguratu zaizkigun emakumeek zer esana badute nonbait eta arian-arian elkarrizketan nagusitzen joan dira. Berritsu ari dira, baina gutxi itzultzen du Sanaak. Ministerioko laguntzaileetako batek lagundu dio:

         — Hil egin nahi duela esaten ari zaizu hori —esan dit hizketan ari den, ari zaidan, andreari begira.

         Airea gero eta astunagoa egiten zait, arnasa hartzea zail egiteraino. Egonezina sortzen dit europar txepel sentitze honek, eta sentipena hats hartzen dudan bakoitzean okerragotzen da. Kiratsa baino zerbait gehiago bailitzan. Eguzkiak erre, izerdiak ito eta kiratsak zorabiatu, hurrengo oporretarako leku hoberik aukeratuko ahal duk, kaiku horrek.

         Berriketa, espantu eta lanturu artean, Salim buruarekin keinuka ikusi dut bat-batean. Goazen. Baiezkoa egin diot neuk ere, buruaren zirkin batez.

         Kanporantz goazela, hil egin nahi duen emakumea ondoan etorri zait, isildu gabe, erreguka bezala.

         — Bere etxea bisitatu nahi al duzu? —galdetu dit Sanaa gazteak.

         Ez dut nahi.

         — Nahi al du berak guk bere etxea bisitatzea?

         — Hori eskatzen ari zaizu.

         Gela bakarra da etxea, izkinan pilatuta dauden edredoi moduko batzuk eta koltxoiak. Hamabi lagun bizi omen dira. Hitzarekin hitza janez ari zait emakumea, hitzerdirik ez diodala ulertzen konturatu gabe, eta inork ez dit jada ezer itzultzen. Arreta jarri besterik ezin dut egin, eta erretolika irudikatu. Katiluak lurretik hartu eta erakutsi dizkidanean, jan ere gela berean egiten dutela esan didala erabaki dut. Bi egunetik behin jateko ere, nahiko lan. Gelaren kanpoan kanpin-gas baten antzeko tramankulu zaharrari begira mintzatu zaidanean, "hau da gure sukaldea" ulertu diot.

         Nahikoa eta gehiegi ikusi eta entzun dudala erabaki du Salimek, eta bagoaz berriro bere iniziatibaz. Beste emakume batek ere bere aterpea erakutsi nahi digu, baina nire kideek kanporako bidea hartu dute.

         — Zakurrak hobeto bizi dira Europan, errefuxiatuak Gazan baino.

         Jerikon eguzkiak erre egiten duela bezain egia, Salim.

         Ume dohakabeek inguratuta goaz berriro, segizioan. Nire neurrikoak izan daitezkeen sandaliekin doa 9 urteko bat. Nire aurrean ia zapaldu dudanak 3 urte izango ditu; arreba "zaharrarekin" doa, 6 bat urte. 127an sartu garenean, agur egin diegu umeei, eta agur egin digute umeek, hamabost bat une horretan.

         — Kazetaria zarela esan diegunean euren salbazioa zinela uste izan dute. Horregatik erakutsi nahi zizu-
ten denek etxea —argitu dit Salimek, oraindik aldarte ilunean.

         Fartsante bat naiz.

 

 

Badakit laguntzaile ditudan palestinarrek ez dutela kolonoen asentamenduetan sartzerik. Nire kasa joango naiz.

         — Baina gero moldatuko al zara Gazara itzultzeko? Nahi baduzu non edo non zain geratuko natzaizu.

         Salimen borondateak ez du mugarik. Ezetz. Baina ez dago lasai: koadernoa kendu eta "Gazara joan nahi dut" idatzi dit arabieraz.

         — Badaezpada ere. Badakizu, hemen taxista gutxik ulertuko dizute ingelesez.

         Khan Younisko irteeran dago Kfar Durom asentamendua, Gaza lerroko 19 kokaguneetako bat. 5.000 kolono bizi dira 19 gune hauetan banatuta. Gazako lurraren herena hartzen dute komunitate juduok eta inguratzen dituzten segurtasun eremuek; kostaren herena ere juduen mende dago. Lurraren beste bi herenetan bizi dira palestinarrak. Milioi bat.

         Gaza hirirako bidean dago Kfar Durom eta ia ateraino eraman naute lagun palestinarrek, sheerut taxian. Asentamendura heldu baino ehun bat metro lehenago palestinarren kontrolean gelditu gaituzte. Soldadu itxura duten zortzi polizia dira, eta jeep bat. Salim eta biok jaitsi gara.

         Jeepeko irratiz "beste aldearekin" komunikatu da polizia palestinarren burua, eta istant batean soldadu israeldarra agertu da auto batetik. Negoziazioetan ari dira bi aldeak eta Salim, nire pasaportea eta kazetari agiria eskuz esku darabiltzatela. Israeldarrak paperak itzuli dizkit, OK esanez, baina soldadu israeldarrak ez du nahikoa autoritate nonbait, eta palestinarra irratiz baieztapena eskatzen ari da. Israeldarra ere irrati bidezko berriketan sartu da, gogorra da negoziazioa, baina azkenean lortu da akordioa. "Sar-dadila-gizajo-hau" hitzarmenean bat egin dute israeldarrek eta palestinarrek.

         Txalet moduko etxeek eta lorategi berde zabalek osatzen dute kokagunea. Etxeek elkarren antz handia dute: horma zuriak, bi isuriko teilazko teilatuak, lorategi txiki bana atarian. Auto gutxi batzuk aparkatuta daude etxe ataritan, baina asentamendutik irteteko baino ez dituzte erabiltzen, oinezkoentzako bide estuak baino ez baitaude urbanizazio hesituaren barruan.

         Beltzetik zurira baino alde handiagoa dago Khan Younistik Kfar Duromera. Infernutik zerura ordu laurdena automobilez.

         Ez du ematen dendarik edo jendeari irekitako bestelako lekurik dagoenik. Hamar bat minutu egin dut paseoan inorekin topo egin gabe, etxe atarian zabaldutako izara tolesten gizonezko bat aurkitu dudan arte. Kippa beltza, bizar luzea, praka beltzak eta alkandora zuria daramatza. Gerrian pistola duela jabetu naiz gerturatu natzaionean. Ingelesez ez du hitz egiten baina espainolez egiten duen emakume bat, Pnina, non bizi den adierazteko moldatu da.

         — Pnina zara?

         30 bat urteko emakumeak zabaldu dit atea. Ultraortodoxoa hau ere, ilea estaltzeko daraman kapelak adierazten duenez. Presaka dabil, baina asentamenduko gorabehera batzuen berri emateko prest dago.

         — Bost minutu, OK?

         — Hamar, OK —erantzun diot txantxetan, hamabost izango diren esperantzan.

         Egurrezko mahai baten inguruan eseri gara, egurrezko eserlekuetan. Altzari gutxi dago, eta umeen panpina pare bat besaulki batean botata. Telebistarik edo musika aparailurik ez.

         Pnina Naor jatorri poloniarreko judua da, baina gurasoek Kolonbiara emigratu zuten II. Mundu Gerraren ondoren, 1944an, eta bera han jaio zenez, espainolez ere mintzatzen da. Zortzi urte zituela, 1978an, etorri zen familiarekin Jerusalemera. Orain zortzi urte, senarrarekin, Kfar Duromera.

         — Kokagunea 1948an sortu zen, baina gerraren ondoren desegin egin zen. 1967ko gerraren ostean birsortu zuten zortzi familiak. Gu hamazazpigarrenak izan ginen, orain 43 familia gara.

         — Gauza bat da Kolonbiatik Israelera etortzea. Baina beste bat, Gazara etortzea. Zergatik?

         — Senarra militarra dut eta Gazan izan zen lanean. Gazarekin maitemindu egin zen eta esan zuen: lurralde hauek guk hartzen ez baditugu, arabiarrek hartuko dituzte. Eta gu geu ez bagara etortzen, ez da inor etorriko.

         Oso gaztelera bitxia egiten du Pninak: hebreerazko hitz asko tartekatzen ditu, ulertzea oso zail egiteraino batzuetan.

         Arabiarrekin, jakina, ez dute batere harremanik.

         — Ezta nahi ere —esan dit errezeloz.

         — Baina eraikuntza lanetarako-eta arabiarrak etorri izan dira, ezta?

         — Orain ere lau arabiar ari dira lanean, sinagoga berria egiten. Baina salbuespena da, behin-behineko lanetara baino ez dira etortzen.

         Argazkia atera nahi izan diot Pninari etxe aurrean, baina ez dit baimenik eman.

         Haurra besoetan duela topatu dut, etxe atarian, haredi itxurako beste gizonezko bat. New Jerseytik etorri zen emaztearekin orain sei urte Uri. Luxuzko kartzela txiki dirudien kokagune honetara etortzearen zergatiaz galdetu diot Uriri ere:

         — Hau baino leku lasaiagorik izango da Israelen...

         — Zer bilatzen duzun. Hau oso leku barea da. Begira ezazu ingurura: lorategiak ditugu, trafikorik ez, auzokide guztiak ezagunak, umeak lasai ibiltzeko moduko espazio zabalak... Nekez aurkituko duzu munduan leku erosoagorik —besoetan duen haurrari begiratu dio Urik, lotan segitzen duela ziurtatzeko.

         Praketako gerrian sartua du pistola Urik ere. Beste erremediorik ez duelako omen darama arma.

         — Ni ere ez naiz ohitzen. Xelebrea egiten zait, adibidez, banketxean ilaran gauden guztiak pistola daramagula ohartzen naizenean. Baina, tira, eraman beharra daukagu. Beti dago erasoko gaituzten arriskua.

         Osloko akordioekin abiatu zen prozesu politikoaren ondorioz Gazako asentamenduak inoiz utzi beharko dituzten beldurrik ez du Urik, arrisku horren berri sarri entzun duen arren.

         — Benetako gerra gertatu beharko litzateke. Alegia, asentamenduko atean eduki beharko genituzke tiroka, gu hemendik ateratzeko.

         Hitz gutxitan azaltzeko moduko arrazoiak ditu Urik Gazako lurraldean iraun nahi izateko:

         — Hau lur israeldarra da, eta lur israeldarra juduen lurraldea da.