Palestina zauritua
Palestina zauritua
1998, kronika
228 orrialde
84-86766-90-7
azala: Pablo Galarraga
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1996, kronika
 

Yerushalayim eta Al Quds

 

David Cassuto arkitektoa Jerusalemgo alkateordeetako bat da, auzapez Likud-eko Ehud Olmert duen korporazioan. Jerusalem 2020 plan estrategikoaren arduradun gisa, hirigintza proiektu handien diseinatzaile nagusia da Cassuto. Florentzian jaio eta zazpi urterekin etorri zen Israelera, 1945ean.

         Jerusalem Handiari zerutik egindako argazkia du Udaletxeko bere bulegoko mahaiaren atzeko horman, eta Israelgo banderatxoa mahai gainean. Arrano sudurra nabarmentzen zaio musu zurbilean, begi urdinen zubi. Kippa berdeak estaltzen dio buru soila.

         Lau egun baino ez dira Mahane Yehudako atentatua gertatu zela.

         I.M.U: Nor da zure ustez Mahane Yehudako atentatuaren erantzule?

         David Cassuto: Ez dit axola Hamas edo Jihad izan den, kontua da hau lider palestinarren erantzukizuna dela eta euren gain hartu behar dutela indarkeria eragozteko ardura. Arafatek badaki ostiralero, meskitetan, imam arabiarrek terroristak akuilatzen dituztela, eta ez dute horren aurka ezer egiten. Arafat erantzule da meskitetan sartu, indarkeriaren alde otoitz egiten dutenak atxilotu eta kartzelan jartzen ez dituelako.

         I.M.U: Zer zentzu dauka hiri palestinarrak hainbeste egunetan itxita edukitzeak?

         D.C: Galdera erretorikoa da, badakizu zergatik. Terroristak infiltratzen ari dira gure lurretan eta hori eragotzi behar dugu. Nire ustez hermetikoki itxi behar ditugu gainera, ez orain arte bezala, alde guztietatik sartzen ari dira eta. Baimenik gabe gure lurraldean dagoen oro kartzelan sartu behar dugu, edo kanpora bota. Eta egiteko gauza gara.

         I.M.U: Negoziazioak etenda zeuden lehendik. Orain, atentatuarekin, are zailago izango da prozesuan aurrera egitea.

         D.C: Eraso terroristen erantzuleak gure esku jartzen dituztenean, Osloko akordioek agintzen duten bezala, orduan elkarrizketetara itzuliko gara. Guri gauzak egiteko eskatzen digute, baina ez dute eurei dagokiena betetzen. Gu amore ematen ari gara, lurrak ematen ari gara, gu suntsitzeko eraso gintuztenean menderatu genituen lurraldeak hain zuzen, eta beraiek ez dute euren zatia betetzen. Nire iritziz, batere elkarrizketarik ez, eta kontzesio bakar bat ere ez, Osloko akordioetan idatzita dagoena betetzen ez duten bitartean.

         I.M.U: Jerusalemgo Ras al-amud auzo arabiarrean urbanizazio judua eraikitzeko baimena eman du Udalak, baina Gobernua kontra agertu da.

         D.C: Udal garen neurrian gure betebeharra lurra prestatzea da, bikote gazteentzako etxeak eraiki daitezen. Etxebizitzak egin behar ditugu, arabiarrentzat eta juduentzat. Eta egiten ari gara, berdin arabiarrentzat eta juduentzat. Ras al-amud Olibondoen Mendiaren zati bat da, eta mendi horretan, musulmanak ez ezik, ortodoxo grekoak, katolikoak, armeniarrak... daude. Zergatik ez juduak? Juduentzat itxia den lurraldea da? Gaur egun onar dezakezu baten batek munduko zati batean sarrerarik ez izatea bere erlijioagatik? Ezta pentsatu ere! Juduen presentziak antagonismoa sortuko duela diote. Zer du txarra auzo judu bat izatea gizarte arabiar baten barruan? Edo auzo arabiar bat gizarte judu baten barruan? Zergatik ez? Ez dut ulertzen. Horrek esan nahi du ez dituztela asmo onak. Gerran segitzeko asmoa dute.

         I.M.U: Osloko akordioen arabera Jerusalemen estatusa aldatuko duen eraikuntzarik ezin dela egin argudiatzen dute palestinarrek.

         D.C: Osloko akordioetan argi eta garbi idatzita dagoenaren kontrakoa da argudio hori. Osloren arabera eraikitzen segi dezakegu, lehen bezala, Jerusalemen. Beraiek ere nahi duten guztia eraiki dezakete, baina Udalaren baimena behar dute horretarako. Eta baimenik gabe ari dira eraikitzen. Agintzen dizut suntsitu egingo ditugula baimenik gabe eraiki diren etxe guztiak. Baimena baduzu, eraiki dezakezu; bestela ez.

         I.M.U: Udalak Eki Jerusalemgo 300 etxe eraisteko asmoa duela irakurri dut.

         D.C: Dagoeneko baimenik gabe eraikitako 800 etxe topatu ditugu, eta erabakita dugu denak botatzea. Beraiek esaten ari zazkizue, kazetarioi, baimenik ez dutela jasotzen ahal. Faltsua da, gezurra erabat. Baimena eskatzen dutenen %99k eskuratzen dute.

         I.M.U: Esan dezakegu Udalak berdin tratatzen dituela arabiarrak eta juduak, eraikitzeko baimenei dagokienez?

         D.C: Erabat. Bai, noski. Ziur egon zaitezke.

         I.M.U: Nola doaz Har Homa asentamendu berriaren eraikuntza lanak?

         D.C: Azpiegiturak eraikitzen ari gara: kaleak, errepideak... Askoz pozikago izango nintzateke bizkorrago joango balira, baina horrelako lanak poliki egin behar dira, kalitatezko urbanizazioa egin nahi badugu.

         I.M.U: Nazio Batuen Erakundeak gaitzetsi egin ditu asentamendu berrirako lanak. Badirudi Nazio Batuen ebazpenek batere eraginik ez dutela Jerusalemgo Udalean.

         D.C: Batere ez. Ez dakite hemen zer gertatzen den. Gu gaitzetsi eta gaitzetsi ari dira, egiten duguna egiten dugula. Arnasa hartzen badugu, arnasa hartzen dugulako gaitzesten gaituzte Nazio Batuek. Guk badakigu lelokeriak direla.

         I.M.U: Nazio Batuetako idazkari nagusiaren txostenak dio Har Homa azken urratsa dela Jerusalem Zisjordaniatik isolatzeko.

         D.C: Guretzat garrantzitsua da Har Homa. Mapa honetan [Jerusalemenen planoa] erraz ikus dezakegu, Har Homan kokagune judua jarriz gero lerro bat osatzen dugula. Jerusalemek ahalik eta lurralde zabalena edukitzea lortu nahi dugu eta uste dut Har Homak pasagune bat emango digula Itsaso Hilerantz eta Jordan Ibarrerantz, zati hori beste herri batek ez duela moztuko ziurtatzeko. Gure interesa hori da, bai. Ez zaitut engainatuko. Gaur hori eraiki beharra dugu, negoziazioetan behin-betiko erabakietara heltzen garenean, zati hori Jerusalemgo lurraldea izan dadin; ziur izateko Jerusalem ez dutela zatituko.

         I.M.U: Demagun negoziazioek aurrera egiten dutela eta azken elkarrizketetan Jerusalemen behin-betiko estatusa zehazten dela. Nola irudikatzen duzu Jerusalem berria?

         D.C: Jerusalemek Israelgo Estatuaren eskuetan iraun behar du, zabalik hona etorri nahi duen jende guztiarentzat, juduentzat, musulmanentzat eta kristauentzat. Terrorismorik ez badago, hiria zabalik egongo da erlijio guztientzat, kultura guztientzat, baina Israelgo Estatuaren mende jarraituko duela ziurtatuz. Esango didazu: irekita dago baina Belengo urliari eta sandiari ez diozu sartzen uzten. Asmo onez datorrenean eta Jerusalementzat mehatxua ez denean, orduan sartuko da, baina asmo gaiztoz datozenak kanporatu egin behar dira eta sartzen utzi ez.

         I.M.U: Jerusalemgo erantzukizun politikoak komunitate palestinarrarekin partekatzeko batere aukerarik ez?

         D.C: Batere ez. Hiria hiri bezala administratu behar da, enpresa bat bailitzan. Bi patroi, bi agintari... ez luke funtzionatuko. Erantzule bat behar da, bakarra.

         I.M.U: Imajina dezakezu palestinar ordezkaritza Jerusalemerako zure irtenbide hau onartzen?

         D.C: Denbora beharko da. Ulertzen baldin badute nahikoa indartsu garela, orduan onartuko dute.

 

 

Faisal Husseini Arafatek Jerusalemen duen gizona da. Legearen arabera Palestinako Agintaritzak ez du batere eskumenik Jerusalemgo kontuetan eta Husseini jerusalemdarra ez da Agintaritzako kide, baina modu ez ofizialean Arafaten Gobernuaren barruan Husseini da Jerusalemgo arazoetarako "ministro". Heider Abdul Shafi eta Hanan Ashrawirekin batera, ordezkaritza palestinarreko hirukote buruzagia osatu zuen Madrilgo eta Washingtongo konferentzietan.

         Ospe handiko leinuko kide da Faisal: XIII. mendean Mekatik Jerusalemera etorri ziren Husseinitarrak. Luzaroan, belaunetik belaunera, Husseinitarra izan da Jerusalemgo alkatea eta muftia (buruzagi erlijiosoa). Faisalen aita, Abdul Qadir, 1936ko matxinada arabiarraren buruzagia izan zen eta, 1948an sionisten aurkako Kastelgo guduan hil zenean, erresistentzia arabiarreko buruzagietakoa zen.

         Zortzi urte lehenago jaio zen Faisal Bagdaden, eta Kairon hazi. Erbestean sortu eta erbestean hezi. Ikasketak bukatu ondoan itzuli zen arbasoen etxera, Jerusalemera, orduan jordaniarren mende. Haritzetik ezpala, PAEren bulegoan aritu zen lanean etorri berritan eta, 1967ko gerraren ondoren —Israelek Jerusalem osoa mendean hartu zuelarik— klandestinitatean aritu zen erresistentziarako lanean. 1979an Ikasketa Arabiarren Zentroa sortu zuen, PAEren bulego ez-ofiziala askoren —Polizia israeldarra horien artean— ustez: hainbat aldiz atxilotu eta espetxeratu zuten orduan.

         Gau eta egun soldadu israeldarren kontrol batek zaintzen duen Orient House du egoitza ofizial, Eki Jerusalemen.

         I.M.U: Zer esan dezakezu Mahane Yehudako atentatuari buruz?

         Faisal Husseini: Onartezina da erasoa, israeldarrek egin izan dituzten beste hainbat eraso bezala, hala nola Goldsteinen erasoa edo Estatu terrorismoa. Horiek denak ari gara gaitzesten erabat, palestinarrengandik etorri edo israeldarrengandik etorri. Israeldarrek atentatuaren ondorioz hartu dituzten neurriak uler ditzakegu lehen egunean, bigarren egunean, saiatzeko erantzulea aurkitzen, jendea baretzeko, babesteko ere bai... Baina palestinarren aurkako, Palestinako Agintaritzaren aurkako zigor honekin aurrera egitea ez dugu onartzen, ezin dugu onartu.

         I.M.U: Talde islamikoen eremu autonomoetako azpiegitura desegiteko ahalegin handiagoa eskatzen dio Israelek zuen Agintaritzari.

         F.H: Agintaritza ahal den guztia egiten ari da ekintza horiek geldiarazteko. Badakigu arazo honi aurre nola egin. Israel 30 urtez saiatu zen eta ez zuen lortu. Eta beraien politika ezartzea nahi dute, inora ez daraman politika. Jendea ez dugu atxilotuko bizarra duelako, meskitara joan delako edo, besterik gabe, bake prozesuaren aurka dagoelako. Gainera, nola geldiaraziko ditugu halako ekintzak israeldarrek egunero guk eraikitako etxeak suntsitzen badituzte? Palestinarrak Jerusalemdik botatzen badituzte? Urte hauetan guztietan jendea atxilotu dute, jendea hil dute... Zer ari dira egiten? Israelgo Gobernuak ez du interesik Osloko akordioetan, ez du interesik bakean. Asentamendu gehiago eraiki eta Jerusalemgo biztanleria palestinarra murriztea da beren nahia. Beren mezua zera da: hau da gure politika eta palestinarrok irentsi beharra duzue. Eta orain jazotzen ari dena jarrera horren ondorioa da. Terrorismorako girorik egokiena sortzen ari dira.

         I.M.U: Gudu berri baterako gertu egoteko ohartarazi die Arafatek palestinarrei.

         F.H: Netanyahuk egoera berria ezarri du, diru iturriak moztuz, hiriak bakartuz. Eta honi ezin diogu aurre egin besterik gabe, begira egonez. Ahaleginduko gara gure jabetzak defendatzen, gure eskubideak defendatzen: prest gaude israeldarrei aurre egiteko. Oso sinplea da: Netanyahuk giro berria behartu du eta, beraz, Arafat jendeari eskatzen ari zaio prest egoteko egoera berri honi aurre egiteko.

         I.M.U: Agintaritzaren orain arteko lanarekin palestinarrak gustura daudela uste duzu?

         F.H: Ez dut esango pozik gaudenik orain arte egindako guztiarekin. Baina egoera ez da egunkarietan agertzen den bezain txarra. Ez da hondamendia.

         I.M.U: Palestinarrak orain jasaten ari diren arazoen jatorria Osloko akordioak direla aipatu zidan Heider Abdul Shafik, zurekin batera ordezkaritza palestinarreko buruzagi Madrilgo eta Washingtongo konferentzietan.

         F.H: Arazoa ez da Oslo bera, Osloko akordioak ez betetzea baizik. Israel ipintzen ari den oztopoak dira arazo. Akordioak ez dira israeldarrak orain erakusten ari diren bezain txarrak.

         I.M.U: Israeldarrek, Har Homa edo Ras al-amud-i buruz hitz egitean, bikote gazteentzako urbanizazioak egitea bekatu ez dela argudiatzen dute.

         F.H: Eta gure bikote gazteak? Komunitate israeldarrak bikote gazteak ditu eta komunitate palestinarrak ez? Eta horiek dira juduentzako etxeak eraikitzeko leku bakarrak? Behar hutsean bizi diren auzo arabiarretan eraiki behar dituzte jende horrentzako etxe ederrak? Netanyahu jaunak edo Olmert jaunak (Jerusalemgo alkatea) pentsatzen badute eraiki dezaketela Eki Jerusalemen, onetsiko al dute Mendebaldeko Jerusalemen gure jabetzako diren lurretan palestinarrentzako auzoak eraikitzea? Ala eskubide guztiak israeldarrentzat diren eta palestinarrentzat eskubiderik ez dagoen lurraldean bizi gara? Bide honetan nahi dute bakea eraiki? Jarrera aldatzen ez badute, eta gu gizaki gisa tratatzen hasten ez badira, luzerako izango dira arazoak. Gu ez gara esklabuak, hori nahi badute ere. Gure seme-alabak duintasunean hazi nahi ditugu.

         I.M.U: Baimenik gabe eraikitako ehundaka etxe eraisteko asmoa du Jerusalemgo Udalak. Dagoeneko hasia da.

         F.H: Israeldarrek ez digute uzten eraikitzen, ez digute baimenik ematen, ezta gure lurretan eraikitzeko ere. Etxeak eraiki dituzte 150.000 israeldarrentzat Eki Jerusalemgo mugen barruan azken 30 urteotan. Ez dute ezer eraiki guretzat. Eta guk bikote gazteak ditugu, eta bikote gazteok haur txikiak dituzte, eta haur txikiek logelak behar dituzte. Eta ezin diegu logelarik eman. Beraz, Jerusalemgo mugetatik kanpo bizi beharrean daude jerusalemdar asko. Eta Jerusalemdik kanpo bizi bazara, israeldarrek esango dizute: "Hiritik alde egin duzunez, hirian egoteko eskubidea galdu duzu". Zer egin dezakete? Eraiki egingo dute, hemen bizitzeko eskubideari eutsi nahi diotelako. Uste dute presio hau eginez Jerusalemdik kanpora bidaliko gaituztela? Ez! Eutsi egingo diogu! Nahiago dugu hemen Jerusalemen bala israeldarrek hil gaitzaten, israeldarrek bidalita alde egitea baino.

         I.M.U: Noizko estatu palestinarra?

         F.H: Netanyahuk atzeratu dezake denboran estatu palestinarraren sortzea, behartu gaitzake prezio ekonomikoa ordaintzera, baina azkenean iritsiko da. Uste dut bost urteren buruan estatu palestinarra izango dugula.

         I.M.U: Nola irudikatzen duzu Jerusalem azken negoziazioen ondoren?

         F.H: Irtenbidea bi hiriburu izatea da, sarrera libreko hiri ireki batean. Bi hiriburu hiri batean.

         I.M.U: Israelek onartuko luke irtenbide hau?

         F.H: Ez dakit. Edo bide hau aukeratzen dute, elkarrekin bizi ahal izateko, elkarren pare, edo orain artekoari eusten diote, nagusiaren eta esklabuaren arteko erlazioan bizitzeari. Baina bigarren kasu honetan bi aldeok garesti ordainduko dugu.