Ez zaigu ahaztu
Ez zaigu ahaztu
1998, kronika
176 orrialde
84-86766-86-9
azala: Garbiņe Ubeda
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2021, kronika
2005, narrazioak
 

 

Salvador Arestin

 

Behiala, Buenos Airesko etxekalteentzat ez zegoen Mar de Platako kasinora joatea bezalakorik. Hiriburuko Palermo edo Belgrano auzoko jatetxe dotoreetan bife hartu ondoren auto amerikarretan abiatzen ziren barnealderantz jotzen duen errepidea hartuta, eta gaueko ordu txikietan iristen ziren Miarritze argentinar honetara. Han sosak xahututa eta txanpaina ausarki edanda —bien frappé, jakina—, goizaldean hartzen zuten itzulerako bidea, hiribururako.

        Gaur egungo errepideak zerikusi gutxi dauka ordukoarekin, Menem lehendakariak bideekiko duen setari esker 35 pesorengatik autobidez egin daitekeelako bidaia, bost bat ordutan. Tokia, ordea, ez da asko aldatu, oraindik porteñoen aisialdirako eginiko hiria baita Mar de Plata. Udatiarrak diren guztiak bezala, udan salbu triste, hotz eta desatsegina.

        Itsasoa mehatxuka dabil itsasertzean, eta Parana ibaiaren bokalean nagusi den lohitasun bera ikus daiteke hemen ere. Orain badakit ez dela jotzen duen haizea, honaino iristen den kutsaduraren ondorioa baizik.

        Eguraldia ez dago hondartzarako, baina harearen gainean dozena erdi gorputz tematzen dira orain bai orain ez berotzen duten eguzki-izpiak xurgatzen. Ondo-ondoan, agureek bazkalondokoa uxatzen dute kubo metaliko astunekin pilota txiki bat jo nahian. Kamingainean bi gaztek tomate eta gaztazko pizza jaten dute musuka aritzen ez diren tarte laburretan, eta hondartzaren erdian-edo dagoen hotel zahar batetik iristen dira hiriburuko jubilatu taldeen oihu urduriak. Aurrezki kutxaren batek antolatutako olinpiada jokatzen ari direnez, auzo bakoitzaren izena marraztuta dute kolore biziko petoetan.

        Hiriak ez du alde handirik duela hogeita hamar urte Salvador Arestinek lehendabiziko aldiz ikusi zuen Mar de Plata harekin. Salvador eta Pilarren seme nagusiarentzat hirugarren bizitokia zen: Errenterian jaio eta koskortu zen, Patagoniako Rawsonen gizondu eta hezi, eta hemen, Mar de Platan, bukatu zituen ikasketak, ezkondu zen, eta egin zen abokatu. Hementxe bahitu eta torturatu zuten. Hemen desagertarazi.

 

 

— Ni joango nintzateke Errenteriara —azaldu dit Salvador Arestin aitak—, baina andrearentzat bidaia luzeegia da.

        — Gainera, hemen ditugu bilobak, Salvadorren seme-alabak —dio Pilarrek—. Hori da gelditzen zaigun bakarra.

        Hondartza parean dagoen logela bakarreko etxebizitza txiki eta tristean semearen argazkiak du toki aukeratua: dena betetzen du. Bi galiziar hauentzat bizitzak interes oro galdu zuen 1977ko uztailaren 6an, armaturik zeuden bi lagunek Salvadorren bulegoan sartu eta semea eraman zutenean.

        — Bi beso genituen, eta bakar batekin gelditu ginen.

        Salvador aita 17 urte zituela iritsi zen Euskal Herrira, Trintxerpera. Galiziar asko bezala, marinel, Pasaiako itsasontzietan lan egitera. Han aritu zen Prantxeskasekin eta Freirerekin, eta Lekeition gero, Mendietarekin. Lan nahiko finkoa zuelarik, bere zain zegoen Pilar ekarri zuen Rias Baixasetatik, eta hurrengo urtean, 1948an, jaio zen Salvador, Errenterian, han bizi baitziren orduan.

        — Nahiko ondo moldatu ginen. Lana bazegoen, senideak genituen inguruan... gustura geunden. Egun batez, ostera, Argentinako osaba batek hots egin zigun, joateko probatzera. Garai hartan Espainian eskas zen, eta animatu egin ginen.

        Salvador eta Pilar parez pare dauzkat egongelako mahaian eserita, kafesnea eta pastak nola jaten ditudan begira. Salvador azkar mintzatzen da, xehetasun asko sartzen ditu lehen garaiak kontatzen dituenean. Pilarrek begiratu egiten dit. Ez du ezer esaten baina behin ere kliskatu gabe nabari dezaket begirada lokian, finko. Bere lasaitasun etsi horrek aitaren azalpen guztiek baino gehiago esaten dit.

        Hirurogeien bueltan daude biak, baina zaharragoak dira, baldin eta zahartzaroa ilusioa galtzen deneko garaia dela onartzen bada. Galiziarren hizkera triste, ia negarti horrek baino gehiago hunkitu nau Salvadorrek andrea babesteko duen joerak. Irudi luke bera gabe Pilar hortxe geldituko litzatekeela, itzaltzen den kandela bezala.

        Harrituta gelditu dira Euskal Herritik natorrela esan diedanean, eta emozionatu egin dira, urte hauetan guztietan inork ez dielako sekulan deus galdetu, deus esan. Pilarrek pasta gehiago eskaintzen didan bitartean —pasta mikatzak, gorrotatzen hasia naizen arto-irinarengatik, hain segur—, ezer ez dudala apuntatzen ohartarazi dit Salvadorrek.

        — Grabagailuak hartuko du dena —lasaitu behar izan dut.

        Argentinara iritsi eta berehala bakailaoaren arrantzan hasi zen Salvador, Rawsonen. Ez zebilen jende asko lanbide horretan, kostaldeak aproposak izan arren ez dagoelako han tradiziorik itsasorako. Rio Negro eta Santa Cruz probintzien artean dagoen Chubut eskualdea famatua izan da beti petrolioarengatik, Valdes penintsulan ikus daitezkeen baleengatik edo mundu osoko dinosaurioen aztarnategi garrantzitsuena izateagatik. Salvadorrek, bere esperientziarekin, aukera onak izan zituen, eta aprobetxatu zituen.

        — Hiru urte eman nituen lanean, harik eta han zebilen donostiar batek lantegia jartzea proposatu zidan arte: bakailaoa lehortzeko enpresa egin nahi zuen. Pilarri esan nion: «Arriskatzera etorri gara, ezta? Horretarako atera gara etxetik». Onartu nuen.

        Bi bazkideek arrakasta izan zuten: haiek lortzen zituzten inguruko bakailao solomo txurienak, Patagoniako barrualde lehor eta hotzetik zetorren haize zorrotzak ontzen zituelako espezial. Fama berehala zabaldu zen, eta Argentinako hegoalde honetan dagoen presondegi handienaren buruarenganaino ere iritsi zen.

        — Egun batez lantegira azaldu zen. Galdetu zuen norena zen lehortegiaren ardura eta nirea zela esan nion. Gero galdetu zidan ea presoak onartuko genituen itsasontzian eta tegian langile, inolako kosturik gabe. «Nik ez dakit presoak tratatzen, ez dut egunero labana gerrian ibili nahi», erantzun nion. «Zenbat kobratzen duzu orain? Horren halako bi jasoko duzu aurrerantzean».

        Zuzendariak lanbidea ikasteko aukera eman nahi zien presoei, handik ateratzean zer edo zer eduki zezaten kanpoan moldatzeko modukoa. Salvadorrek onartu zuen. Itsasontzi berria erosi zioten, eta presoz betetako talde harekin bakailaoa ez ezik langostinoak, txangurroak eta izokinak harrapatzen hasi ziren.

        — Presoak langileak ziren, gero! —harrotasun txinparta da Salvadorrena.

        Handik iritsi ziren Mar de Platara, beste lan hobe baten eskaintza poltsikoan. Salvador semeak bertan bukatu zituen Rawsonen hasitako bigarren mailako ikasketak, eta Zuzenbideari ekin zion Unibertsitate Katolikoan. Titulua atera eta epaitegietan lan egin zuen bederatzi urtez, eta bulegoa bere kabuz jartzea erabaki zuenean aitak utzi zion behar zuen dirua. Han, beste bi lagunekin, hasi zuen abokatu-ibilbidea. Gogor hasi ere.

        — Salvador abokatu laboralista zen, horrela esaten zioten —semeaz hitz egiteko mintzo da Pilar, hark betetzen ditu bere oroitzapenak—. Berak eramaten zituen Mar de Platako eta inguruko herrietako marinel eta nekazari askoren kontuak. Talde bat ziren, lan arloa bereziki zaintzen zuena.

        Bulegoa artean jarri berria zuen Salvadorrek Mar de Plata osoa astinduko zuen gertakaria jazo zenean.

 

 

Argentina, 1973an, egunero esnatzen zen bortizkeri giroak asaldatuta. Montoneroen edo ERPkoen ekintzei erantzuteko toki orotan ugaldu ziren talde eskuindarrak, boterearen babesa zutenak. Atentatuak, bahiketak, hilketak... ez zen giro. Mar de Platan Concentración Nacionalista Universitaria (CNU) taldea famatu egin zen berehala, erabiltzen zituen metodoengatik.

        Peronistak, unibertsitate irakasleak, abokatu laboralistak, denak egin ziren CNU faxistaren mehatxuak entzutera, ezkerreko jendea jipoitu eta markatzen zuelako maiz. Abokatu baten gidaritzapean, jarraitzaile zintzoenak fakultate askotako ikasleak zituen CNUk, baina txikia zen berez. Poliziaren informazio taldeek ematen zioten laguntza estimagarriari esker, ordea, arrakasta izaten zuten askotan bere ekintzek.

        Urte hartako apirilean tentsio politiko eta sozialak goia ukitu zuen. Ia hogei urteko erbestearen ondotik Peron itzultzekotan zen. Hainbeste urtetan amestutako unea zen peronistentzat, bukatu gabeko iraultzari berrekiteko garaiaren hasiera. Militarrak urduri zeuden, alderdi eskuindarrak ere bai...

        Argentina osoan bezala, Mar de Platako ikastetxeak borborka zeuden hainbat ideologiatako taldeen komunikatu, deialdi eta agiriekin. Zuzenbide Fakultatearen bilkura orokor batean gertatu zen ezbeharra.

        Areto nagusian hurrengo egunetarako mobilizazioak eztabaidatzen ari ziren ikasleak. Mahai gainera igota, ordezkariak proposamen berriak azaltzen ari ziren ikasleen aurrean CNUkoak gelara sartu zirenean. Tiro hotsek, zigor batek bezala, jarduna eten eta garrasiak piztu zituzten.

        Hizketan ari zen hemeretzi urteko neska fardelaren gisara erori zen lurrera. Burua lehertuta zuen.

        Kalapita handia izan zen. Hiltzaileak egun berean atxilotu zituzten, denak ere oso ezagunak zirelako fakultatean eta epaiketa urte hartan bertan hasi zen, akusazioaren aulkian abokatu laboralisten taldea eseri zela. Frogak eskandaluzkoak zirenez, hilketan parte hartu zutenak kartzelara joan ziren.

        Zigorra ezerezean gelditu zen, ordea, hilabeteetara, Peronek, boterea hartu bezain pronto, amnistia orokorra sinatu zuen-eta. Kalean berriro, CNUkoei biztu zitzaien mendeku gosea. Gau batez kartzelara sartu zituzten abokatuon etxeetara joan ziren. Ez zuten inor topatu, baina lehen abisua emanda zegoen.

        Etxean ez dira oroitzen Salvadorrek parte hartu ote zuen CNUkoen kontrako epaiketa hartan, baina ondo gogoan dute inoiz ez zutela ezer susmatu semearen jardueran arriskutsua izan zitekeena.

        — Nik etxean ez nuen sekula armarik ikusi —aipatu du aitak—, Salvador oso gizalegekoa zelako, eta apolitikoa. Behin baino gehiagotan galdetu nion nori eman behar nion botoa, nik ez bainuen ulertzen, eta berak esaten zidan ez emateko inori, denak berdinak zirela.

        — Ez zuen inoiz galdu Espainiako pasaportea, eta beti esaten zuen hangoa zela, Errenteriakoa —amaren ahots lasai eta barea berriro.

        — Semea eraman zutenetik irrigazioa falta du —argitu dit Salvadorrek—. Egunero pastillak hartu behar ditu memoria ez galtzeko.

        Bahitu baino hiru hilabete lehenago eraman zuten lehen aldiz. Pilarrek etxeko atea zabaldu zuen gau batez eta Salvador bi poliziaren artean ikusi zuen. Larritu egin zen. Semea saiatu zen lasaitzen, ez zela ezer gertatzen, baina agindu zehatza eman zion:

        — Ama, deitu lagunei.

        Gau hartan bertan atera zen libre, berekin maiz lan egiten zuen epaileak hala aginduta. Hurrengoan ez zen izan bera libratu zuen epailerik.

        Gaueko zortziak ziren. Salvador Buenos Airestik etorri berria zen. Bere bulegoan lankide batekin hizketan ari zela oihuak entzun zituen harrera-gelan, eta atera zenean bi lagun armaturik ikusi zituen, eztabaidan bere idazkariarekin. Salvador hartu eta bulego barrura bultzatu zuten.

        Harrera-gelan zeudenek eta lankideek entzun zituzten Salvadorren itaunak:

        — Identifikatu gabe ez dizuet...

        — Isil hadi, edo hementxe garbituko haugu!!

        Gero kolpe hotsa. Salvador kaskezurra irekita atera zuten gelatik. Bertan zeuden guztiak gela batean gilzaperatu ondoren, telefonoak deskonektatu zituzten eta ospa egin zuten. Bulegoaren zoruan odol arrastoa gelditu zen.

        Gau hartan bertan Mar de Platako beste hiru abokaturen etxeetara azaldu ziren militarrak. Denak eraman zituzten hiri ondoko radar-estazio zahar batera, La Cueva izena zuena. Han zegoen Marta Candeloro ere, Jorge Candeloro abokatu laboralistaren emaztea.

        — Arestin eta besteak iritsi zirenerako nire senarra eta beste abokatu bat torturak hilda zeuden jada.

        Talde osoa barruan zegoen, beraz. Gorbaten Gaua deitu zitzaion gau hari.

 

 

Marta Candeloro Mar de Platako kanpoaldeko basoan bizi da egun, zentrotik ordu erdira autoz. Taxistak bidai-agentziek eurena nahiko luketen moduko aldarrikapen turistikoa egin du bidaian. Kasinoa erakutsi dit —«Argentinako garrantzitsuena»—, argitu du eguraldia ez dela beti horrelakoa —«aldakor samarra bai, baina oraindik udaberrian gaude»—, eta argudiatu autoak ematen dituen jauziak inguru horretan egiten ari diren lanengatik direla, berehala oso txukun geldituko dela dena.

        Ez diot jaramonik egin, ezin dudalako burutik kendu hau dela Alfredo Astizen jaioterria, Arestin bezalako jendea hil zutenak oraindik kalean dabiltzala, eta jendea eguzkipean dagoela kolorea hartu nahian. Ez da gertatzen zaidan lehen aldia baina ondoeza, orain, sakona da. Ez zait erraz pasatuko.

        Kaleak asfaltatu gabe ez baleude barruti garesti eta elitista dela esango nuke, baina kaleak asfaltatu gabe daude, putzuz beteta: gehiago ematen du txabolentzako ingurua txaletentzakoa baino. Candelororen etxea, hala ere, polita da barrutik, dotorea ez nuke esango baina bai kattutteroa, beroa.

        Zigarroa piztuta aurkitu dut torturaren ondorioz eztul kronikoa duen emakumea. Señoritaren keak dekorazioaren detailea dirudi. Argi motelak, kolore gorrixkako besaulkiak, alfonbra eta apalategi marroiak... dena dago egina giro erlaxatua lortzeko. Ematen du urteek horixkatutako beira batetik ikusten dudala etxea.

        Aulki kulunkari handi batean eserita, Candeloro hauskortasunaren giza-irudia da. Beltzarana, iharra, luzea eta eroria, keinu edo esaldi bakoitzarekin hezurren bat kraskatuko zaiola dirudi, oso ahul baitago barruan jasan zuenarengatik.

        — Salvador Arestinek oso zauri sakona zuen buruan iritsi zenean. Ziegatik entzun nizkion oihuak, bertan odolustuko zela esaten zien zaindariei, baina ez zioten jaramonik egiten.

        Jorge Candeloro, bere senarra, alderdi komunistatik zatitutako talde bateko kidea zen, ideologia maoistakoa. Berak parte hartu zuen faxisten kontra Mar de Platan egin zen 1973ko epaiketan. Kolpe militarra gertatu zenean senar-emazteek pentsatu zuten Argentinatik alde egitea, giroa oso bortitza zelako, baina «ebaluazio txar baten ondorioz», emakumeak dioen bezala, barrualdeko Neuquen herrira —Patagonia eta Pampa artean— joan ziren, pentsaturik han bakean utziko zituztela. Errepresoreek, ordea, ez zituzten mugak ezagutzen. Han atxilotu zituzten biak 1977ko ekainaren 13an, eta La Cuevara ekarri. Senarra handik bi astera hil zuten tortura mahaian.

        Arestinengandik gogoratzen duena kontatzeko eskatu diot.

        — Salvador ez zen isildu gau hartan, min izugarria zuen buruan. Gauerdia-edo izango zen zaintzaile bati entzun genionean: «Hator, sendatu egingo haugu!». Torturatzera eraman zuten. Gero esan zioten mediku bat bazegoela han, sendatuko ziotela zauria: josi egin zioten, anestesiarik gabe. Basakeria izan zen.

        Lehen egun haietan inork ez zekien benetan zer gertatzen ari zen. Presoek etengabe entzuten zuten «traslado» hitza, eta poztu egiten ziren apur bat, presondegi zibilen batera joatea —hots, legeztatzea— zelakoan.

        — Gogoan dut —jarraitu du Candelorok—, egun batez gurekin zegoen neskatxak esan zigula trasladatu behar zutela, baina sekula abioiz bidaiatu gabea zenez, zerbait eman behar ziotela ez zorabiatzeko. Pozez zoratzen zegoen gaixoa. Itsasora botako zuten hegaldi haietakoren batean, erdi drogatuta gainera...

        Zaintzaileak mozkortzen zirelarik atxilotuek baliatzen zuten laxatze uneetako batean Candelorok Arestinekin jardun zuen luze. Hitz egin baino, bero pixka bat eman zioten elkarri.

        — Oso zaila da azaltzea zer bizi genuen han edo zertaz hitz egiten genuen. Senarra hil berria nuen, denok geunden torturak jota... Egoera horretan hizketaldiak beste maila batekoak dira, eta primitiboena, oinarrizkoena da ia gai bakarra: ukitu, galdetu zer moduz zauden, minik duzun... Hitz egitea zen kontua, infernu hartatik une batez sikiera ateratzea.

        Candelorok bi hilabete eman zituen La Cuevan. Beste lau komisaldegitan egon zen kalera irten baino lehen. Tortura zentrotik atera bezperan eskatu zien zaintzaileei lagunak agurtzen uzteko. Utzi zioten. Denei agindu zien jarriko zela harremanetan familiarrekin. Arestin artean bizirik zen, eta Candelorok Salvador eta Pilarrekin hitz egin zuen.

        Hori izan zen gurasoek izan zuten —duten— berri bakarra, bilaketa lehenagotik hasia bazuten ere. Aitak, Rawsongo presondegiko aspaldiko harremanaz baliatuta, espetxe guztietan galdetu zuen, baina ez zuen ezer lortu. Candelorok esan zienean Salvador La Cuevan zegoela hara joan ziren, galdetzera, baina semea atxilotuta zeukan koronelak berak dena ukatu zien.

        — Izen hori duen inor ez daukagu hemen.

        Egun batez parrokiako apaizaren deia jaso zuten etxean.

        — Esan zigun barrualdeko herrixka batean ikusi zutela Salvador, Armadarentzat lanean.

        Jarraitu zuten galdezka. Urte batzuk beranduago apaiz berak onartu behar izan zien gezurra izan zela dena, ez zuela inoiz berri txikiena ere izan Salvadorri buruz, baina laguntza eman nahi izan ziela fedea gal ez zezaten.

        Pilar, bitartean, hilabetero joaten zen Buenos Airesera, Barne Ministeriora, semearen berririk ote zegoen galdetzera. Zerrenda begiratu ere egiten ez zuten bi funtzionariok, leihatilaz bestaldetik, ezetz esaten zioten buruarekin, itzultzeko hurrengo hilabetean.

        — Bi urte eman genituen horrela, engainatuta. Geroztik gaizki gabiltza. Haiek hiltzaileak dira, ez besterik —lehor mintzatu da Pilar.

        Hitz hori —hiltzaileak—, emakume honen ahotik, bereziki gogorra egin zait. Zartako bat.

        — Zein esker txarrekoa izan zaigun herri hau! —erantsi Salvadorrek.

        Gelako leiho zabal batetik sartzen den argia gero eta leunagoa da. Zeruak adreilu baten gorria du. Bihar euria botako du.

 

 

Gelditzeko egin dizkidaten gonbidapenei ez entzunarena egin behar izan diet. Lehen autobusa hartu nahi dut. Lehenbailehen alde egin hemendik, eta ahaztu, gehiago ez entzun. Aski dut.

        Buenos Airesko bidean berriro, maldizioka ari naiz deus gertatu ez balitz bezala aurrera jarraitu nahi duen herri honen kontra. Oka eginda nago hainbeste tragediaz.