Ez zaigu ahaztu
Ez zaigu ahaztu
1998, kronika
176 orrialde
84-86766-86-9
azala: Garbiņe Ubeda
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2021, kronika
2005, narrazioak
 

 

Andres Armendariz

 

Iraultza anarkista 1920an lehertu zen Patagoniako hegoaldeko artzainen artean. Europa zeharkatzen zuen matxinada haizearen —Errusia, Alemania— eraginpean, zirku ibiltari batekin iritsitako Antonio Soto galiziarrak nagusi ingelesen kontra altxatu eta bandera gorria eta beltza haizatu zuen Puerto Gallegosen. Bere armada? Wondervögel alemanak, anarkista errusiarrak, legez kanpoko cowboy batzuk eta Chiloé irlako indiar saldoak. Idealistak, batzuk, ezer galtzeko ez zutenak, besteak.

        Proudhon, Bakunin eta Malatestaren zalea, Antonio Sotok Batzorde Gorria taldea eratu zuen lurjabeek ezartzen zituzten lan baldintza basatiak salatzeko, baina urtebetez Buenos Airesko agintea eta kolono ingelesen tirania kolokan jarri ondoren, Varela teniente koronelaren armadak errebolta zanpatu zuen. Hildako asko izan ziren. Patagonia Trajikoa deitu izan zaio garai hari.

 

 

Txile eta Argentina artean banatuta, joan den mendearen bukaerara arte inork ez zion aparteko xarmarik aurkitu mundu guztiko lainoek bilkura egiten duten lurralde honi. Magallanes eta Elkanoren espedizioaz geroztik hara iristen ziren guztiek baleak edota indiarrak harrapatzea —biengatik ondo ordaintzen zuten inguruko hirietan— beste asmorik ez zuten. Marinelentzat ere ezertarako balio ez zuen alderdi ilun, hotz eta euritsua, arriskutsua zen Patagonia. Galestarrak joan ziren arte.

        Txilera ematen duen aldea ez bezala —ohian itxi eta zaila—, Argentinako lurraldean Andeetako ibaiek zeharkatutako bailarak eta ordokiak dira nagusi. Onak, oso onak artzaintzarako. Ez dute Pampako belardien berdea, baina lautada eta muino amaiezinetan milaka burutako artaldeak goberna daitezke.

        Argentinako Gobernuak lurrak oparitzen zituenez, 1840 aldera iritsitako emigranteak —Birmingham eta Liverpoolgo meategi eta lantegiak utzita— animatu ziren: lehen ardiak Malvinetatik ekarri zituzten. Britainiar gehiago etorri ziren atzetik, lur gehienak eta onenak hartu arte. Britainiar Inperioaren azken konkista izan zen, Buenos Airesen inor larritu ez zuena, alderdi hau oso urrun baitzegoen haiengan interesa pizteko.

        Gurasoak estatubatuarrak izan arren Buenos Aires ondoko Quilmes herrian jaiotako W.H. Hudson idazleak urte luzez iraun zuen ikuspegi bukolikoa laburbildu zuen Aisialdi egunak Patagonian liburuko pasarte batean: «Hona ez da ezeren bila etorri behar, ez baitago ezer. Sentitu egin behar da, eta hunkitu. (...) Bere xarmaren sekretua ez da ezezagunaren efektua, ez da irudimena, baizik eta paisaje arras bakarti honetan, Naturak... inon baino sakonago hunkitzen gaituela».

        Patagonian kolono galestar, ingeles eta eskoziar, eta langile txiletarrak zeuden, nagusiki, XX. mendearen hasieran. Baita zenbait euskaldun ere, horien artean Angel Armendariz eta bere emaztea, Nafarroako Obanos herrixkatik etorriak.

        — Aziendadunek irabazi handiak izan zituzten 1914tik 1918ra bitarteko gerrari esker. Artilearen prezioa asko igo zen, esportazioa ere bai... garai oparoa. Gerra bukatuta, hauspoa gelditzen hasi zen, eta etekinak eskuratzen segitzeko lurjabeei zer bururatuko eta errazena: baserrietako langileen lan baldintzak gogortzea. 1920ko irailean lehen greba orokorrerako deialdia egin zuen Batzorde Gorriak.

        Aitonak Patagonian bizi izandako garaia xehetasunez kontatzen didan bitartean, Maria Angeles Armendariz zirriborroz betetako nire koadernoa aztertzen ari da. Adolfo Perez Esquivel Bakearen Nobelaren Serpaj (Servicio Paz y Justicia) erakundearen egoitzan egin dugu hitzordua. Iritsi naizenean sarreran zegoen eserita, bere poltsari itsatsita. Badirudi egoitza ilun honek eskaintzen dion anonimotasunetik aztertu nahi duela Andres bere anaiari gertatutakoaz galdezka Euskal Herritik heldu den kazetaria. Telefonoz bestaldean ahotsik gabe gelditu da hots egin diodanean. Ezer baino lehen, zenbakia nola lortu dudan galdetu dit.

        Hezkuntza Ministerioko bere bulegotik zuzenean etorri da, etxera joan gabe. Kafea hartu eta San Telmoko kaleetan paseatu dela esan dit, han bizi zelako Recoletara, iparraldera, joan baino lehen. Jertse txuria eta praka bakerotan etorri da, urrezko domina lepotik zintzilik. Iharra eta aurpegi zorrotzekoa, hizketako doinua ez du oso argentinarra, ez oso porteñoa. Are, nafar samarra esango nuke.

        Gela handi batean gaude biok eserita, bakarrik. Piedras kaletik inusturiak bezala igarotzen diren kolektiboen burrunbak Maria Angelesen jarduna eragozten du batzuetan. Gehiago hurbildu natzaio.

        — Batzorde Gorriaren deialdiak arrakasta izan zuen: ingurua ernegatu zuen, eta udazkenean zehar asaltoak, hildakoak eta sute ugari izan ziren. Soto galiziarrak, nonbait, matxinada Argentina osora zabaldu nahi zuen, baina Buenos Airesko talde anarkistako bilera batera joan zenean inork ez zion jaramonik egin. Eta hala ere kolono ingelesak arduratuta zeuden, egoera latza baitzen inguruan. Argentinako Gobernuak Britainia Handiko enbaxadaren eskaera ofiziala jaso zuen esku har zezan eta, azkenean, Zalditeriaren X. Erregimendua bidali zuen.

        Hori neguan izan zen. Soldaduak iritsi bitartean, barrualdeko baserriek eta hiri handienetako dendek etengabeko erasoak jasan zituzten hala mendietan ezkutatzen zen Sotoren taldeengandik nola miliziak osatuak zituzten kolonoengandik ere. Gau batez Armendarizen dendari eraso egin zioten anarkistek.

        — Aitona saiatu zen defenditzen Argentinan zeukan aberastasun bakarra —kontatzen du Maria Angelesek—, baina taldekoek harrapatu, kalera atera eta biluzik eduki zuten gau osoan, 50 zentimetroko elurra zegoela. Ahal izan zuten guztia lapurtu ondoren, denda txikitu zuten. Aitona hemiplejiak jota eritu zen.

        Udaberriaren beroarekin Patagonian zen Armada, buru Ignacio Iza kapitaina zuela. Izak borondate oneko keinua egin zien matxinatuei: amnistia osoa armak uzten bazituzten. Antonio Sotok eta bere taldekoek onartu zuten eskaintza, eta Iza Buenos Airesera itzuli zen.

        Handik lau hilabetera istiluak berpiztu ziren. Ingelesek behin baino gehiagotan ohartarazi bezala, buruzagi anarkistaren marroa izan zen dena, denbora irabazi eta indarrak batzeko azken saialdia. Eraso, hilketa eta sabotajeen eraginez Patagonia osoa berriro kiskali zen.

        Britainia Handiko enbaxadaren presioa gero eta handiagoa zenez, Hipolito Yrigoyen presidenteak gogorraren fama zuen teniente koronel bat aukeratu zuen azkenean Patagonia baketzeko. Agindu zehatza eman zion: iraultzaileak betiko isilarazi. Hector Benigno Varelak hitzez hitz hartu zuen mandatua.

        Mila eta bostehun hildako inguru eragin zituen, horietako asko langileak, ez zituztela hilko entzun ondoren armak entregatu zituzten langileak. Antonio Sotok, gero eta bakartuago, La Anita izeneko baserrian eusten zion, bostehun kidez inguratuta. Bi chilote bidali zituen teniente koronelarengana, negoziatzeko prest zegoela mezuarekin.

        «Negoziatu? Zer negoziatu?» erantzun zien Varelak. Errendizioa exigitu zuen, ez zituztela hilko berriro ere hitz emanda.

        Sotok gau hartan bertan alde egin zuen Txilera, jarraitzaile batzuekin. Gelditu zirenen artean —hirurehun bat indiar— erdia-edo militarrekin iritsitako lurjabeek hartu zituzten, baserrietan esklabu lan egin zezaten. Beste erdia fusilatuta hil zen. Soldaduetako batek esango zuen gero chiloteek «geldotasun benetan harrigarri batekin» onartu zutela heriotza. Antonio Soto galiziarra Punta Arenasen hil zen 70eko hamarkadan, jatetxe anarkista baten jabea zelarik.

        Aitaren ahotik entzundakoa gogoratzen ari da Maria Angeles.

        — Errepresioarekin dena lasaitu zen, baina aitona gaixo zegoen, dena galdu zuen... Amonak bi seme-alabak hartu eta Obanosera itzuli zen, senarra hemen utzita. Semeetako bat, Angel, zen gure aita.

        Obanosen koskortu zen Angel. Lan egin zuen nekazaritzan, gero diputazioan... Patagoniara itzultzea erabaki zuenean, 1958an, zazpi seme-alaba zituen. Ia arrotza zitzaion lurraldera itzuli zen aita ezagutu nahi zuelako, eta lan egiteko ere, mahastiek eta diputazioko lanek ez zutelako ematen familia osoa elikatzeko. Maria Angelesek zortzi urte zituen. Andresek hamar.

        Anai-arreba guztiak Argentinan hazi ziren, Santa Cruz eskualdean, Antartidatik gertuen dagoen inguru hotz eta urrunean. Ikasketak bukatu behar izan zituztenean Buenos Airesera joan ziren. Batzuk ikasten, besteak lan bila, etxebizitza alokatu batean zeuden bost anai-arreba 1975ean.

        Adinarengatik, Maria Angeles eta Andres oso lotuta egon ziren beti. Emakumeak gogoratzen duenaren arabera, neba aspalditik zen peronista eta 1976ko hasieran sindikatuko ordezkari hautatu zuten Austral hegazkin konpainian.

        — Militarrek agintea hartu eta biharamunean izan zuen segurtasun indarrekin lehen estropezua.

        Arratsalde batez izan zen. Felipe anaiarekin eta honen neskalagunarekin zegoen Andres, etxean. Bat-batean atean jo zuten, bortizki: poliziak ziren. Feliperen aurrean metrailadorea jarrita, Andres hartu eta eraman zuten. Felipek ikusi ahal izan zuen leihotik autoek ez zutela matrikularik eta okerrena pentsatu zuen. Handik bi egunetara Andres libre utzi zuten, sekulako jipoia eman ondoren. Lehen abisua zen.

        Bigarrena lau hilabete geroago izan zen. Hirurak zeuden berriro, orain Conyren etxean. Dirudienez, neskaren lankide bat berriki atxilotua izana zen eta bere agendako izenen artean Conyrena zegoen. Horrek susmagarri bihurtzen zuen erremediorik gabe.

        Hiru gazteei begiak estali zizkieten. Etxea goitik behera arakatu ondoren ahal izan zuten guztia txikitu zuten, eta bukatutakoan haietako batek galdetu zuen zein eramango zuten: «Neska», erantzun zuen arduraduna zenak.

        Hurrengo goizean Felipe Armendariz komisaldegira joan zen, salaketa jartzera. Gazteak, beldurraren beldurrez, azaldu zion informea idazmakinaz idazten ari zen guardiari etxera joan zirenak komisaldegi horretakoak zirela, hori uste zuela. Isun baten berri jakinarazteko erabil zezakeen tonu berarekin funtzionarioak eman zion erantzunak izututa utzi zuen Felipe:

        — Gu izan bagina, zu ez zinatekeen orain hemen egongo.

        Feliperen neskalaguna desagertu eta astebetera, anai-arrebak bizi ziren etxera sartu ziren militarrak. Zorionez, ez zegoen inor.

        Maria Angelesek lehen zigarroa piztu du, erre, gutxitan erretzen duenaren plantan. Egunotan Buenos Airesen daude gurasoei esan die etortzeko, niri kontatzeko beraiek ere bizi izan zutena, baina ez dute nahi izan.

        — Ahaztea nahiago dute.

        Arnasa hartu du jarraitu baino lehen.

        — Niretzat garai hura beldurrarekin dago lotuta, erabat. Susmatzen genuen atzetik genituela militarrak, orduoro. Etxera iristeko bi edo hiru kolektibo hartzen genituen, ibilbide diferenteak egiten genituen egunero... Anaia gazteenak ezin izan zuen jasan: Suediara joan zen lagun batekin, erbesteratu zen.

        Etxean bisita eduki eta gero, pisua utzi eta banandu egin ziren. Maria Angeles ezkondu eta bere senarrarekin joan zen bizitzera; Andres neskarekin; ahizpa zaharrena Patagoniara itzuli zen.

 

 

Videlaren Juntak urtebete egina zuen boterean Armendariztarrak jazarpen psikologikoaren ondorioak jasaten ari ziren garaian.

        Rodolfo Walshek, montoneroen prentsa-zerbitzuko buruak, orduan idatzi zuen Batzorde Militarrari Gutun Irekia txostena. Balantze aski beltza marraztu zuen: hamabost mila desagertutako, hamar mila atxilotutako, lau mila hildako, milaka erbesteratutako; langileen soldata erreala %40 urritua, urteko inflazioa %400ekoa... eta Juntako buruek 1.800 milioi dolar —Argentinako esportazioen balioaren erdia— inbertitu behar zituzten Segurtasun eta Defentsa Ministerioan.

        Datu hauek eskuetan, idazle eta kazetaria zenak adierazpen ofizialen gezurra salatu zuen: «Zuentzat azertua direnak errakuntza dira, errakuntza direnak krimen, eta ixiltzen dituzuenak lazeriak».

        Gutuna idatzi eta hurrengo egunean, 1977ko martxoaren 25ean, Esmako talde berezi batek Walshen aurrean trabeskatu zuen Ford Falcon beltza, Buenos Airesko kale batean. Montoneroa saiatu zen bahitzaileei aurre egiten. Bertan hil zuten.

 

 

Bi egun beranduago, martxoaren 27an, Andres Armendarizek etxeko atarian agurtu zuen neskalaguna. Eguerdia zen. Arratsaldean etxean elkartuko zirela hitzartu zuten.

        Gracielak hamarrak arte esperatu zuen, gertatu bide zena susmatzeak eragiten zion zimiko gero eta estuagoa barrenean. Kalera irten zenean, Andresen bila, bazekien. Joan zen biek ezagutzen zituzten tokietara, kabinetatik hots egin zien lagunei, oinez zeharkatu zituen Andresekin hainbestetan ibilitako kaleak. Goizaldean, etsita eta deseginda, Maria Angelesen etxera joan zen.

        — Andres eraman dute.

        Bi emakumeek elkar besarkatu zuten. Izua gaindituz, Maria Angeles anaiaren etxera joan zen, arropa eta gauza pertsonalenak biltzera. Txikituta zegoen. Graciela gutxigatik salbatu zen. Biharamunean Andresen bila hasi ziren. Espainiako enbaxadan, Polizian, erakunde zibil eta erlijiosoetan, egun bakar batean hogeita bost eskutitz bidali zituzten. Desagerpena gertatu eta astebetera komisaldegi batetik deitu zuten: Andresen hilketa ikertzen ari ziren.

        — Ni joan nintzen —aulkian deseroso mugitu da Maria Angeles—. Hasieran esan zidaten gorpua aurkitu zutenean sutan zela, eta guardia batek ikusi zuela. Gero taxista batek topatu zuela, eta azkenean dei anonimo batek eman zuela abisua. Garbi zegoen kolpeka hil zutela, eta gero gasoila bota eta su eman ziotela. Euria ari zuenez, ez zen erabat kiskali.

        Gorputegira joan zen, bakarrik orduan ere. Felipek jazarpen psikosi izugarria zuen neskalagunaren atxiloketaz geroztik, eta ateraino laguntzen zion arrebari, baina kanpoan gelditzen zen. Gainontzeko anai-arrebak eta gurasoak Buenos Airestik kanpo. Maria Angelesek nori heldu ez zuela jasan behar izan zituen une latz haiek.

        Andresen gorpua erabat desitxuratuta aurkitu zuen.

        — Hamar egun igaroak ziren desagerpenaz geroztik, eta erredurekin... zangoetako ilearengatik ezagutu nuen. Ez dakit zergatik, ez dago arrazoirik, baina horretantxe antzeman nion bera zela. Orduan hasi nintzen negarrez. Ordura arte eutsi nion, baina dena gertatu ondoren, daramazun guztiarekin... Gorpua ikustea azken kolpea da.

        Gurasoei esan behar zieten.

        — Anaiek bazekiten, baina ama eta aitarekin ez ginen ausartu egia hasieratik esatera. Parodia bat antolatu behar izan genuen. Azaldu genien Aste Santua zenez Andres eta Graciela oporretara joan zirela, eta istripu bat izan zutela, autoa suak hartu zuela. Prest ikusi genituenean, erabaki genuen hileta igande batean egingo genuela. Gurasoek Cordobatik etorri behar zuten, baina aitak, abioiko eskaileretan, esan zuen ez zuela etorri nahi, «beranduago» etorriko zela. Ez zion aurre egin nahi, zerbait susmatzen zuen. Hegazkin konpainiako langileek ziria sartu behar izan zioten azkenean abioira igo zedin.

        Arratsaldea aurrera doa Buenos Airesen. Argi grisa iristen da kaletik, aurpegien ertzak besterik marrazten ez dituena. Maria Angelesen begiak distiratsu daude leihorantz begiratzen duenean. Isilaldi luzea gertatu da. Bi aldiz saiatu da jarraitzen, bietan gelditu egin behar izan du.

        Poltsatik zapiak atera ditu. Ez dakit nondik, jarraitzeko indarra.

        — Andres lurperatu eta gero ni ere Cordobara joan nintzen, egun batzuk pasatzera. Buenos Airesera itzuli nintzenean abokatuaren deia jaso nuen, autopsia bazuela eta joateko. Ez zidan eman irakurtzeko, gogorregia zelako, baina zer edo zer azaldu zidan: hamar saihets zituen hautsita, hortzak eta haginak erauzita, barea lehertuta, biriketan edema larria... Whisky bat eman behar izan zidan errekupera nendin. Bulegotik eroturik atera nintzen.

        Baina ezin ezer egin, ez galdetu, ez arakatu... zaborra ez mugitu badaezpada ere. Abokatuak berak gomendatu zion hilketaren instrukzioa ahazteko, kasurik ez egiteko.

        Familia desegin egin zen gutxinaka. Felipe Ingalaterrara joan zen eta beste anaia bat Espainiara, denak ihesi.

        1983an, desagertutakoen gaia ikertzen hasi zenean, Maria Angeles ez zen azaldu senitartekoen lekukotasunak biltzen aritu zen batzordera, eurek bazutelako anaiaren gorpua, baina Garzonek epaiketa zabaldu zuenean eta Argentinako gobernuak desagertutakoen senideei dirulaguntzak eman behar zizkiela iragarri zuenean, erabaki zuen berriro ere dena mugitzea. Joan zen epaitegietara, aurkitu zituen agiri guztiak, zabaldu zituen ondo gordetako karpetak.

        Hogei urte aurrerago, autopsia irakurri zuen. Mundua erori zitzaion.

        — Garbi dago burua eta hankak lotu zizkiotela, atzetik, eta gero kolpeka hasi zirela, kolpeka gorputz guztian. Horietako batekin saihets bat hautsi eta birika zulatu zioten. Hortik etorri zitzaion edema, eta horren ondorioz hil zen.

        Orduan baino gogorragoa egin zaio orain.

        — Nik uste nuen hori guztia itxita nuela, uste nuen banuela nahikoa indar berriro dena hasteko, baina txikitu egin nau, joana gelditu naiz. Eta guk badugu gorpu bat, badugu non negar egin, baina 30.000 desagertu horien familiarrek, horiek zer?

        Gautu du, eta zigarroen garrak eta grabagailuaren argi gorriak ohartarazi digute ilunpetan gaudela. Isilik gaude biok.

        Kasetaren hotsa mekanikoki errepikatzen da. Beste zinta bat. Pentsatu dut dena ezabatuko balitz soilik jende honen aurpegiez gogoratuko nintzatekeela, beren begiradez. Baina hori kontatu ahalko banu dena konta nezakeela. Aurpegiotan dago dena.

        Mari Angeles hustuta dago. Besarkatzeko gogoa izan dut, baina ez naiz ausartu.

        Metro geltokiraino bidea oinez egin dugu. Inoiz pentsatu zuen Nafarroara itzultzea, Iruñean saiatzea bere ikasketekin, baina orain ezin du, orain baditu bi seme koskorturik. Dena haustea litzateke.

        — Egidazu faborea: Gaztelu plaza inguruko taberna horietako batean letxefrita eskatu eta hartu. Nire partez.

        Kanelak kiskail zaporea zuen.