Ez zaigu ahaztu
Ez zaigu ahaztu
1998, kronika
176 orrialde
84-86766-86-9
azala: Garbiņe Ubeda
Alberto Barandiaran Amillano
1964, Altsasu
 
2021, kronika
2005, narrazioak
 

 

Pampan

 

Herrialde zentralizatua da Argentina, hiribururantz bilduta dagoena, populazioaren erdia Buenos Airesko probintzian bizi baita. Han da komertzioa, industria, dirua... baina aberastasuna, egon, barrualdean dago, Andeetako magaleko edo ozeanoaren itsasertzeko petroliotokietan, Iguazuko turismoan eta, batez ere, Patagoniako eta Pampako aziendetan.

        Horra iritsitako emigranteen lanaren emaitzen gainean eraiki zen gaur egungo nazioa, horregatik behitaldeen kalitateaz eta okelaren zaporeaz harro hitz egingo dute beti argentinarrek, batez ere solaskidea kanpotarra bada.

        — Hau duk hau haragia! Orain ekarriko dutenari vacío esaten zaio. Espeziala, ikusiko duk!

        Aurpegia jarriko nuen, denak barrezka hasi direlako batera. Palermo auzoko jatetxean gaude, Buenos Airesen oso ohikoak diren erretegietako batean. Jatea okela festa da hemen. Hasi gara txorizo puska banarekin, gero atera dizkigute barrukiak —txahaltxoarenak—, ondoren hesteak eta solomoak... Ezin dut gehiago tripan sartu eta oraindik lehen platerean!?

        Azaldu didatenez, ebakieran dago gakoa, okelaren apartekotasunaren sekretua. Ebaki beharrean, okela bereizi egiten dela esan daiteke.

        Egia esatera, ez zait gure haragiaren aldean horrenbesterako iruditzen, lepoa egingo nuke sagardotegi batzuetakoa hobea dela, baina ez da gizaseme edukatuena jakien apartekotasunari kontra egitea. Batez ere argentinarrei. Gainera, hainbeste goraipatzen duten ardo beltz honi —«Argentinako caubernet-sauvignon!, oso goxoa!»— urardoaren tankera hartzen diodala esango banie...

        Dagoen giroa ikusteagatik, hala ere, merezi zuen etortzea. Portugaldar baten esnetegi ezaguna zena inguruko jatetxerik preziatuenetakoa da egun. Lepo dago lokala. Hamaika t'erdiak dira eta kalea jendez mukuru dago, mahaietako bat noiz libratuko zain. Iristen diren ordenan izena paratzen dute arbel txiki batean, eta ordena horretan deitzen ditu zerbitzari batek gero, tokiren bat dagoenean. Gu sartu garenerako hogei bat lagunek izena emana zuten.

        Barruan olio eta kearen usaina itogarria da ia. Landarejale bat gaixotuko litzateke sartzearekin bakarrik.

        — Bihar Trenque Lauquenera goaz. Etorriko haiz?

        Aspaldian ezagutzen dut Jorge, Sanferminetako gau zoro batean mateaz eta tangoaz hitz egiten bukatu genuenetik, bera kamisetak saltzen ari zela Parte Zaharreko kale batean. Itsusi iruditu zait ezetz esatea. Gainera, barrualdea ezagutzea ez da makala izango. Baietz.

 

 

Euskal Herrian komarkala ere izango ez zen errepideak lotzen ditu Buenos Aires Pampako hiri nagusiak diren Trenque Lauquen (Lakuen Artean araukarieraz) eta Santa Rosarekin. Ordubete inguru behar da atzean uzteko hiriburuko teilatu eta hotsak. Belarra eta ixiltasunera arteko trantsizioa benetako plazer-hotelek egiten dute hemen: Apolo, Venus, El Paraiso... Errepide inguruan daudelako eta batez ere izenarengatik bereiz daitezke ohiko hoteletatik. Desagertu direnean zeharkatu dugu marra. Orain barrualdean gaude.

        Berehala antzematen dira Carlos Menem presidenteak inflazioari eta kanpo zorrari aurre egiteko martxan jarri zuen politika ekonomikoaren ondorioak. Adibidez, Trenque Lauquenera joateko bidesariak ordaindu behar dira, autopista balitz bezala, duela hiru urte lehendakariak pribatizatu egin zituelako Buenos Airesko errepideak.

        — Zoruaren kalitatea hobea da enpresak bere gain hartu zituenetik errepidearen mantenu lanak —dio, serio, Jorgek—. Lehen jauzika egin behar genuen bide osoa.

        Orain saltoka goaz, baina tira. Bera ari da gidatzen, eta berak egingo ditu bostehun kilometroak, gelditu gabe. Astero edo hamabostero errepikatzen du bidaia, Trenque Lauquendik —hango baserri batean lan egiten du— Buenos Airesera, eta buelta. Ez dut ulertzen nola.

        Ez da bide osoan lautada handi bat besterik ikusten. Ez mendixkarik, ez muinorik, ez maldarik. Ezta errepidean bihurgunerik ere. Laua da hau gero! Garia, alpapa eta artoa, eta, tartean behin, zuhaitz multzoak —ombu, eukalitu eta pinuak— edo estatuak diruditen txekorrak. Inguruak Frantziako hego-mendebaldeko alderdi batzuk gogorarazten ditu batzuetan, baina diferentzia handi batekin: han herrixkak daude nonahi eta hemen ehun kilometro joaten dira bat bera ere ikusi gabe.

        Bazterretan ikusten dira urmael asko. Duela hamar urte uholde izugarriak, biblikoak ia, gertatu ziren probintzia osoan. Hiru urte iraun zuen ekaitzak dena —larreak, herriak, animaliak, uztak— urpean utzi zuen. Azienda gehiena hil zen itota. Ibaiak, errepideak desagertu ziren urtegi handi batek edanda. Otutzen zaizu desagerpenerako jaidura patologikoa duela herri honek.

        — Hura ez zen okerrena izan, ordea —dio Jorgek—. Hemengo lurpea gazia denez, ura lehortzen hasi zenean gatza gelditu zen azalean. Lur sail asko betirako galdu ziren. Ikusten dituk horko lurrak, zurituak? Belarrik ez da hor atzera haziko.

        Jendeak gogoratzen du nola apartatu behar izan zituzten txahal gazteenak eta onenak muino bakanetara, ura noiz jaitsiko, eta nola hil ziren hantxe, mailak gora eta gora besterik ez zuelako egin. Oraindik ez dituzte ahaztu animalien orro desesperatuak, haizeak kilometrotan zehar barreiatuta, herrietan gauez entzun zitezkeenak.

        Lurralde osoa hondoak jota gelditu zen, ez aziendarik ez errepiderik ez lurrik. Egun baserriak erabat errekuperatu ez badira ere, okela asko esportatzen ari dira Europara. Garai onak datozela dirudi.

        Trenque Lauquen barnealdeko herri tipikoa da. Itxurosoa, garbia, maila onekoa irudiz. Inguruetan etxalde izugarri handiak daudenez, ez da lanik falta. Herritarrek badute landetako jendearen arima lasai, pausatu baina harro hori. Asko dira indiar itxurakoak. Jende ironiko, bakarti, mesfidati eta oso-oso independentea.

        Astean zehar lan egin, larunbatean mozkortu eta igandean emaztearekin paseatu: horra programa. Hemen, pick-up furgoneta sabairik gabekoetan paseatu. Hartzen dute etorbide nagusia, herria alderik alde zeharkatzen duena, eta hara non egoten diren orduak eta orduak kalean gora kalean behera, abiadura motzean joan-etorri aspertua egiten. Gazteek, bitartean, joko-makinetan xahutzen dituzte pesoak eta, bozgorailuak lehertzera, zerrenda amerikarretako azken diskoak entzuten dituzte.

        Hiritik atera eta inguruko hamaika bideetako batean oharkabean haietako norbait esnatuko balitz eta non dagoen galdetuko baliote ez luke inola ere asmatuko. Landatutako ezer ez dagoen tokietan lurra ardo kolorekoa da, iluna. Kamio guztiak pistak dira, ehundaka kilometrotako pistak. Asfaltoa behin ere zapaldu gabe irits daiteke 300 kilometro hegoalderago dauden Olavarria edo Azul hirietaraino eta bidaiariak ez luke ikusiko belarra baizik. Ez dago herri edo tontorrik, erreferentziarik eman lezakeen ezer.

        Argentinan esaten dute Pampa ez dela existitzen, ezin delako zeharkatu turista batek nahiko lukeen bezala, erreferentzia konkretuen bidez. Egia da. Antzeman besterik ez daiteke egin, irudikatu. Beti geldituko dira, harantzago, milaka kilometrotako errepideak, lur puska amaiezinak edo herri deskubritu gabeak.

 

 

Trenque Lauquenen dagoen baserririk handienetakoa La Indiana da, herritik 30 bat kilometrora dagoena: 7.000 hektarea hartzen dituen lur sail izugarria.

        Ikusten den guztia bertakoa da. Txahalak eta zezenttoak, garia, artoa, alpapa eta eguzki-loreak. Jatorrizko jabeek, Italiako iparraldetik iritsi zirenean, sekulako dirutza egin zuten okela eta garia saltzen. Garai onenean, duela berrogei urte gutxi gorabehera, lau hegazkin eta 700 langile izan zituzten enpresan, baina batzuek lapurtu, besteek gaizki administratu, gehiena galdu zen. Orain aurrera ateratzen ari dira etxea, baina inola ere ez lehengo mailarekin.

        Nagusi berriak, duela hiru urte enpresaren ardura hartu zuenean, lau gauza debekatu zizkien langileei: alkohola, armak, autoak eta txakurrak.

        Lehen biak logikaz. Txakurrak, nagusi berriaren apetarengatik, antza. Autoak, errezeloak sortzen zirelako langileen artean. Autodunak gauero etxera joatea bazuenez, beste langileek senperrenak egiten zituzten pribilegiatuarekin adiskidetzeko, berekin herrira eraman zitzan lana bukatuta. Borrokak ere izaten ziren horren kariaz. Orain denek egiten dute aste osoa baserrian bertan eta larunbat arratsaldean herrira itzultzen dira.

        Uzta garaian gaude orain. Urteko sasoirik garantzitsuena. Makinek deskantsurik gabe jorratzen dituzte gari eta arto ilarak, egunero. Belarria adi-adi jarrita ere chimangoen oihuak —hemengo gabiraia— baizik ez da entzuten, baina gauez ipurtargiak bezala ikusten dira, urrunean, uzta-bilgailuen argiak.

        Aziendari goizeroko bisita egin dugu Jorgek, kapatazak eta hirurok, pick-up batean. Pistetan zehar goazela ikusi ditut, han urruti, eguna zaldi gainean ematen duten langileak.

        — Pampan txahalak izan dira beti preziatuenak —Jorge mintzo da—. Duela ez asko ia ez zegoen beste lanik baserrietan, behitaldea gobernatzea baino ez. Gaur egun, ordea, gariak ematen du diru gehien. Horregatik lurjabe eta arduradunek egunero begiratzen dute, egunkarietan, New Yorkeko burtsan gari ontzak duen prezioa, horrek baldintzatzen baitu uztak merkatuan izango duen salneurria.

        Aurten kezkati dabiltza alderdi honetan, udaberriaren hasieran ur asko botatzen ari duelako. Horrek hezetasun handia ekarri dio bai lurrari bai galburu sortu berriei. Uztaren zati bat galdu da dagoeneko. Orain aztertzen ari dira produktu kimikoren bat botatzea, dena gal ez dadin. Baina garestiak dira, gero.

        — Irabaziak kolokan leudeke —azaldu dit Jorgek—, eta aurtengoa oso garrantzitsua da La Indianarentzat. Nagusiak bi mila hektarea saldu nahi ditu, garai zaharretatik heredatutako zorrak behingoz kitatzeko. Erosle taxuzkorik ez da azaldu oraindik, eta irabaziak ez badira...

        — Baina lurra zerbait bizia da —dio kapatazak, gariaren hezetasun puntua eskuekin aztertzen duen bitartean—, eskatu adina eman egin behar zaio.

        Gariak arreta eskatzen badu, ez da lasaiagoa behitaldeen gobernua. Unaiek, egunero, hiruzpalau larretara aldatu behar dituzte animaliak, eta arreta handiz zaindu gero, gehiegi edo azkarregi jan ez dezaten. Orain, euriarekin, arriskua halako bi da, alpapa puztu egiten delako sabelean. Behia hil daiteke horrela, itota. Hori gertatu baino lehen behiaren atzetik joan behar du behizainak zaldi gainean, galopan. Bere parera iristean, labana luze eta zorrotz batekin sabela zulatu behar dio, puxika bat balitz bezala. Dena zaldi gainetik. Jakina, labana gehiegi sartuz gero, akabo puxika eta akabo txahala.

        Artaldeak, ordea, larre pobreenak diruditen sail txikietan dituzte, abandonaturik. Hirurehun bat buru izango dira, baina apenas ateratzen dieten probetxurik.

        — Lehen artiletarako erabiltzen ziren, baina gaur egun ezin gara lehiatu Australiako edo Zeelanda Berrikoekin. Hor daude, langileen otorduetarako.

        "Langileen otordua" ez da arkume errea edo saiheskiak, ez: ardi zaharra patatekin, gantzuez blaitua. Platerean berehala solido bihurtzen den saltsa usain fuertekoa. Sabel gogorrentzakoa, dudarik gabe.

        Oilaskoekin berdin gertatzen da: ezezaguna da hemen janaritarako. Konejua zer esanik ez. Ikusten dituzte bai, belazeetan korrika. Hurbilago inoiz ez.

        Etxera bueltan, eukalitu multzo baten itzalpean ikusi dugu zaldi zahar bat etzanda, ondoan igaro garenean burua jiratu duena. Izututa ohartu naiz begirada galduaz gain apatxak neurrigabe luzeak dituela, hanketan txirikordatuta, eta horregatik ezin dela mugitu. Kapatazak azaldu dit albaitariak gomendatu ziela apatxak ez mozteko, animalia hil zitekeela bestela. Eta hor dago, urtetan ahaztuta, izurriak jota balitz bezala. Hilabeteak igaro izan dira inork ikusi gabe. Furgonetan urruntzen garelarik ezin dut begirada bere begietatik apartatu, eta mendeak dituela iruditzen zait.

 

 

Arrastiri epiko baten ondotik, ondo afalduta, Argentinan nagoenetik lehen aldiz matea eskaini didate. Hitz bakar batek definitzen du: mikatza. Lehenengo galdera: «Baina benetan gustatzen zaizue?». Bigarren tragoska hobeto sartzen da eta hirugarrenean goxoa da ia. Sekuentzia bera errepikatuko da hartuko dudan guztietan.

        Oso sinplea da. Potixa batean jartzen da belarra, eta propio horretarako erabiltzen den pipa bat, infusioa bakarrik igaro dadin muturrean filtro bat duena, sartzen da bertan. Gero ur beroa botatzen da. Sei bat aldiz edan daiteke horrela, azkenean belarrak galdu egiten duelako zaporea.

        Sekretua da belarra gehiegi ez garbitzea, hau da, ura ez oso bero —inoiz ez irakiten— eta belarra ez oso zapalduta edukitzea. Argentinar gehienak txoratzen ditu mateak, eta bitxia ematen badu ere, inoiz ez da tabernetan hartzen. Zerbait intimoagoa da, etxean bakarrik edan daitekeena, etorri berriari eskaintzeko, maitalea agurtzeko edo lagunartean hartzeko. Gutxitan bakardadean.

        Mateak solasaldi sakonak pizten ditu eta ideia argi eta burutsuak eragiten —hori diote argentinarrek—. Horregatik, nahiz eta jatorria Uruguain izan, matea argentinarrekin lotzen da Europan, hauek dutelako filosofoen fama. Mate baten inguruan edozein argentinarrek grina izango du beti munduko edozein arazori buruz bere iritzia emateko, are, baita defenditzeko ere. Horretan greziarren antz handia dute.

        Oso soziala da, finean. Jorgek, Europan zelarik, dirutzak ordaintzen zituen denda esklusiboenetan belarra erosteko.

        Tximinian eukalitua erretzen den bitartean, kanpoan isiltasuna besterik entzuten ez dela, Euskal Herriaz ari gara. Jorge eta Daniel duela hamar urte Europara joan ziren, euren adineko gazte asko bezala Argentinak eskaintzen zienak itota eta mundu berriak deskubritzeko gosez. Mahats-biltzaile aritu ziren Italiako iparraldean, udare-biltzaile Frantziako hegoaldean, bitxi-saltzaile Espainian, kamiseta-egile Euskal Herrian.

        Biek gogoratzen dute, barrezka, Bilboko jaietan gorriak ikusi zituztela behin, bandera espainola zela-eta gertatu ziren istiluetan. Gaupasa eginda zeudela, espaloi batean eserita gau hartako salmenta onak ospatzen, Jorgek ikusi zuen kale batetik ateratzen zen gazte saldoa, kaputxadun. Beste aldera begiratu eta beltzak azaldu, kaputxadun. Bere ondora begiratu, eta Daniel, lo. Lehen ke-poteak gainetik pasatzen zitzaizkiela atera ziren hartatik.

        — Bi trenek elkarren aurka jo behar zuten eta gu trenbide erdian geunden —pasadizoa imintzio esanguratsuez apaintzen du Jorgek.

        Oso oroitzapen politak dituzte herriz herri eta jaiez jai eginiko ibilaldi haietaz.

        — Jaietarako gogo, aldarte hori izugarria da. Zazpi egunez denaz ahaztu eta gozatzera!

        — Izan ere, Argentinan ez dago jairik —kexu da Daniel—. Hemen Aberriaren Eguna, Banderaren Eguna edota Independentziaren Eguna besterik ez daude. Hori bai, Peronek, umore onez zegoenean, izendatzen zuen San Peron Eguna, baina hori beste istorio bat da...

        Biek gogoratzen dute, bada, Euskal Herria, eta idealizatzen. Etorriko liratekeela bizitzera, maite dutela asko giroa, garagardoak edatea lagunartean hiri handietako parte zaharretan, han ia 300 kilometro egin behar dituztelako lagun bat bisitatzeko. Baina Euskal Herrian zeudela, herriminak haiek ere jo zituen. Jende gehiago ezagutu ahala behin eta berriro entzungo ditut argudio berberak, inkonformismoa, desasosegu hori hemen egoteagatik han egon nahi nuenean, hau egiteagatik hura nahiago banuen ere. Pesimistak dira berez, ezkorrak. Dena doa gaizki, beti joan da gaizki, eta oraindik okerragoa izango da.

        Emigranteen sena nonbait: lurralde berrietan probatzeko gogoa, beste bizitza bat zerotik hasteko desioa, hemen ukatzen zaizkien aukerak han topatuko dituztela sinetsita. Baina ezin alde egin. Oso argentinarra da sentimendu hori, Adriana Varelaren tangoaren hitzak hainbat: Pasada por pasión / triste porque sí / bien, pero mal también / porteña al fin / yo busco... no se qué.

        Hitz egin dugu, gero, desagertuei buruz. Unibertsitatean sartu zirenean errepresioa onenak emanda zegoen jada. Gogoratzen dute giroa itogarria zela. Gero Malvinetakoa.

        — Hamazortzi urte nituen nik —Jorge ari da—, mobilizazioa iragarri zutenean. Etxean garbi esan nuen, deitzen bazidaten desertatu egingo nuela. Izugarria zen, giro patriotiko handia bizi zen ingelesen aurka. Jendea gero konturatu zen milicoen azken erokeria izan zela hura. Nik uste dut jende askok gorrotoa diela gehiago horregatik errepresio guztiarengatik baino.

        Kontatu dizkiet izan ditudan elkarrizketak. Danielek ixilik entzun du dena, matea eskuan. Gero esan dit, begietara:

        — Ondo da. Bukatzen duzunean biktimekin, euskal errepresoreekin hasi beharko duzu, batzuk protagonista samarrak izan ziren-eta.

        Ez diot erantzun.

        Solasaldia erremediorik gabe Argentinako egoera politiko eta sozialera lerratu da. Denek kritikatzen dute osasun publikoa, hezkuntza, Menemen metodo diktatorial samarrak eta, arnasa hartzeko astirik gabe, ohartarazten dute, zorroztasun handiko irizpideez baliatuta, oso akats larria egingo lukeela Boca Juniorseko entrenatzaileak heldu den astean jokatu behar den Boca-River klasikoan Maradona aterako ez balu, Francescoli eta Rivas txiletarraren aurrean bosteroek ez dutelako jokalari tekniko-teknikorik, nahiz eta Chemo Del Solar izugarri bizkor jokatzen ari den aspaldi honetan...

        Suaren sorgin-dantzari begira amatatzen da, ezarian, hizketaldia. Ondoko txabisketik iristen dira ahotsak: laster argituko du eta matea eta opila gosaltzen ari dira langileak. Gustatzen zait jende hau.