Abere madarikatuak
Abere madarikatuak
Antxon Gomez
azala eta irudiak: Andoni Vechio
1997, ipuinak
156 orrialde
84-86766-77-X
azala:
Antxon Gomez
1964, Gasteiz
 
Abere madarikatuak
Antxon Gomez
azala eta irudiak: Andoni Vechio
1997, ipuinak
156 orrialde
84-86766-77-X
aurkibidea
 

 

BARDEETAKO TIGRETXOAK

 

Inork ez dio gepardo-kumeari nola korrika egin irakasten

 

Esaera afrikarra

 

 
Maiatzeko eguraldi urdina. Oskarbian dilindan, harrapakina noiz azalduko zain, zeharka begira jarritako mirotza ikusi du. Mendisken gaindi barreiaturiko arteek eta ipuruek zertxobait leuntzen dute paisaia malkartsua. Haraneko terrazetan mahatsondo eta olibondoak loretan, erleen durundia nagusi da airean. Olatz Imirurik, autoaren alboan bermaturik, goizeko lehen orenez gozatzen du. Gipuzkoako kostaldekoa izanik ere, txikitatik maite ditu hegoaldeko paisaia arreak, gurasoekin ardotara hurbiltzen zen garaietatik. Nafarroako Erriberan dago, eta muino baten gailurrean paraturik behatzen dio joan beharreko herriari.

        Tontorrean monastegiaren dorre karratu eta almenadunak markatzen du herriko punturik garaiena. Handik behera, zenobioa arkupe eta kontrafuerte sendoetan mailakatua. Eraikuntza erlijiosoa baino gaztelua dirudi, eta halaxe izan zen sasoi batean. Herria zenobioaren babespean dago, kale estuetan bildua. Alkazaba baten antza du multzoak, eta azpiko maldako terrazek Magrebeko paisaia dakarkiote gogora. «Ebroko Muwalladi edo Banu Kasitarren legatua» , hausnartu du bere kolkorako. Edonola ere, buruan darabiltzan teorientzat patuaren seinale baikortzat hartu du parekotasuna.

        Fiataren motorra piztu, nagi durunditu eta aurrera jarraitu du errepideko erripak gainditu nahian. Neska gogoetan murgildurik doa. Ia astebete iragan da Jonek, Donostiako Alde Zaharreko koadrilako adiskideak etxera telefonoz jo zuenetik, beretzat informazio interesgarri bat zuela esanez. Nafarroako liburutegi eta artxibategietan barrandatzen du Jonek, beka baten bitartez doktore-tesia burutzeko asmoz. Autoak atzeneko aldapa garaitzerakoan, herri sarrerako ardo eta labore biltegiekin egin du topo. Pixka bat aurrerago, kamio bazterrean ikusi du Jonek aipaturiko Gaztelu ostatuaren txartela. Erlojuari erreparatu dio: bost minutuko atzerapena.

        Atea zabaldu eta, antigoaleko tabernen legez, denboraren igaropena duela asko geraturik dagoen sentsazioa izan du. Ilun dago, nahiz eta leihotik barneratutako eguzki izpiek egurrezko salmahai gainean erlantz lurruntsua egin. Hormaren kontra banatuta daude zurezko mahai eta aulkiak, herritarren tute jokaldi eta elkarrizketen lekuko mutuak. Mahai batera eserita dago Jon, kafesne katilu baten aurrean. Eskuartean daukan Euskaldunon Egunkaria irakurtzen saiatzen ari da argi eskasean. Olatz sentitu eta irrikor agurtu du:

        — Aupa Olatz! Beti bezain garaiz.

        — Egunon, Jon. Zer moduz?

        — Ondo esan beharko. Nahiko lan hala ere, monastegiaren artxibategiko paperekin borrokan.

        — Mairuen gorabeherak Euskal Herrian?

        — Musulmanen gorabeherak Euskal Herrian —zuzendu dio—. Mairuak, jentil eta mairiekin batera, trikuharri eta mairu-baratzak eraiki zituzten ireluak ditun, Barandiaranek bere mitologia liburuetan dixit. Zer hartu behar dun?

        — Hirea bezalako kafesne kankarro bat. Gosaldu gabe nagok!

        — Kandida, lapikoko kafesne handi bat Olatzentzat, mesedez!

        — Orduan zure lanaren mamia... —esan dio, mutilaren aurrean eseriz.

        — Musulmanen eragina eta iraupena Erresuma Zaharrean. Nafarroako azken musulmanei buruzko datuak bilatzen ditinat zehazki.

        — Eta haiek ekarritako animaliei buruzkoak ere bai?

        — Jakina, abereak zein hazkundeak.

        Bizia da Jon. Aurpegia betaurreko biribilen atzean estutua. Hain ipurterrea izanik, Olatzi harrigarria iruditzen zaio aulkiari hainbeste denbora itsatsita mantentzea bere paperekin lanean aritzen denetan.

        — Zer topatu duk niretzat, liburutegiko sagu horrek?

        — Zerbait bai.

        — Bon, kontaidak!

        — Hasteko, hemen daukan monastegiko artxibategian aurkitutako aspaldiko agiria. Garai hartako erdaraz idatzita zagon eta hau nik egindako traskribaketa dun.

        Paper zimurtu bat eman dio Olatzi. Biologo gazteak arretaz irakurtzen duen heinean, aurpegia argitzen hasi zaio.

        — Zer deritzon?

        — Interesgarria oso, benetan. Eta ez duk lehen aldia halako bat topatzen duala!

        — Ez zirudin monastegiko fraileak Done Frantzisko Asisen jarraitzaile sutsuak zirenik. Inguruko herriko udaletxeekin batera, sari ederrak eskaintzen zizkietenan ehiztariei, edozein basapiztia akabatzearren. Fraileek ez zinaten gustuko izango euren arkume eta laboreak anai-otso edo anai-ba surdearekin konpartitzea, eta zerrenda hauetan zehatz eramaten zitenan egindako sarraskien kontabilitatea: ehiztarien izenak, harrapaturiko animalien ezaugarriak (mota, tamaina, sexua...) eta ordaindutako sosak. Joan den mendera arteko datuak zauden.

        — Lur asko al zeukan monastegiak?

        — La Oliba monastegiaren menpeko izateko, jaunerri bat! Bardeetan ere bazkaren eta egurraren gaineko eskubideak zeuzkanan. Joan den mendeko desamortizazioekin kendu zizkienan lur gehienak.

        — Zerrenda hauetan garbi azaltzen duk basakatuak merke ordaintzen zituztela, otsoak garestixeago, dexente gehiago oraindik katamotzak, eta diru kopuru galanta tigretxoak garbitzearen truke. Beraz, galdera duk...

        — Zer demontre dira tigretxoak, 160 libra, alegia, 60 kilo baino gehiagoko animaliak izanik? —osatu zion itauna Jonek.

        — Hori duk! Eta bereziki kontuan hartzen baldin badugu basakatu arrunt bat lau edo bost kilo dela, eta katamotz itzelena hogeita hamabost, asko jota.

 

 

Karraskal bazterreko agerrean larratzen ari ziren orkatzak, ilargi zaharraren erlantzak eta apo-hontzaren txistuek apaindutako gaugiro laxoan. Ustekabean ordea, zuhamuxken atzetik ateratako animalia bat oldartu zitzaien demaseko abiaduraz. Bi eme eta euren kumeen saldoa arrapaladan irten zen, batek alarma-zaunka emanda. Orkatzak ezpairik gabe abiatu ziren basartera, baina ezkutuan zegoen bertze katu handi bat traska agertu zen eta taldeak sakabanatu egin behar.

        Orkatzeme batek baldar korritzen zuen apatxean min hartuta. Erasotzaileak hartaz oharturik, harengana zuzendu zuten uxada. Piztiaren erpeak alpean kolpatzean galdu zuen oreka orkatzak eta gainburuzka joan zen aurrera. Iztergain dzarrastatuari jaramonik egin barik zutitu zen, baina lau urrats eman orduko katu izpilduna, buztan luzea airean zut, bere gainera erori zen berriro. Piztiaren letaginek amildutako aberearen zintzurra zulatu zuten, eta laster bere bi lagunek ere hilzoriko gorputzean sartu zituzten betortzak.

        Gepardo emea eta bere kume koskorrak izan ziren jazarleak. Kumeek jaten segitzen zuten bitartean, burua altxatu zuen piztien amak, okelaz aseturik. Begi beilegiek estrainioki distiratzen zuten ilargipean.

        Afrikako sabanako edota Asiako estepako gertakaria zirudiena Nafarroako Bardeetan fortunatu zen, XVII. mendean.

 

 

Piarres artzainak bordako sutegi gainetik errespetuz deseskegi zuen zizpa. Arma zaharkitua zen, aho zabal eta kanoi motzekoa, haien aitarena izana, baina berak gutxitan erabilia. Artaldea otsoen edo bertze basapiztien jaukimenduetatik babesteko, gehiago fio zen artzanorez, bere punteria kaskarraz baino. Suzko arma nola erabili aita semeari haurtzaroan irakatsi nahian hasi zitzaionean, zakar aurpegiratzen zion punteria ongi egitea galarazten zion besoen driki-draka. Baina Piarresi armaren eztandak eta berun eta kezko hodeiak izua sortzen zioten. Horregatik aitak ez zuen sekulan lortu semea tiroan zaletzea, eta alborengo batek aita eraman zuenean, zizpa Uztarrozeko etxeko supazter gainean eskegi zuten apaingarri.

        Larrazken hartan, ordea, Piarresek zizpa eraman zuen artaldearekin negupasa egiteko erabiltzen zuen Bardeetako bordara. Ondoko herrian erosiak zituen sutautsa eta postak, garesti ordainduak, aspaldi kristautasunera makurtutako familia judutarraren saltegian. Denetarik eros zitekeen bertan. Piarresek ezer gutxi zekien judutarrez, apaizek predikuetan kontaturiko Kristoren sasoiko istorio exotikoak edo, haurtzaroan sotana beltzekoek dotrina ematean, enda haren berezko gaiztakeriei buruz entzundakoak. Bazekien bi gizaldi lehenago talde handietan bizi izan zirela Iruñean, Lizarran eta Tuteran auzune judutarretan bildurik, kanporatuak izan ziren arte. Dena den, berak ez zuen deus dendari beltzaran haren aurka, eta behin baino gehiagotan fidaturiko merkantzia eraman zuen dendatik. Euren burua betiko kristautzat zuten bertze dendariek baino begirune handiagoa zien judutar konbertso hark beti txanpon urriekin zebiltzan artzainei.

        Eguraldi epela zegoen negulehen ataria izateko. Gertuko idoiko lezketatik zozo arabarren txier-txier hotsa entzuten zen. Udazken hasieran ugaritzen ziren artabereak paraje haietan, Bortuak zuritzen hasi eta hango bazka murriztean. Zaraitzu eta Erronkariko haranetako artzainak, Bardeetako larreen gain aspaldidanik eskuraturiko eskubideez baliatzen ziren negutean abelxuriak Erriberara aldatzeko, hots, larrez mugitzeko.

        Bordako ateak kirrinka egin zuen irekitzean. Kanpoan, arte mardulek inguratzen eta babesten zuten. Eraikuntzaren bazter batean eskorta zegoen, belaunaldiz belaunaldi harriz eraikia. Inguruan zebiltzan ardiak, geratzen ziren hondar ezkurren bila, eta artaldea zaintzen bi artzanor, etzanda: zakur handi eta iletsuak, zuriak, orbain beltz eta marroiak buruan eta bizkarraldean; lepoaldea karlankaz babestua. Sumiseak edo euskal artzain-zakurrak, orduan ez ziren hainbertze erabiltzen artaldeak gidatzeko, artzanorak baizik.

        Saroi aitzineko zelaitxoan paratu zuen gizonak buztinezko txarroa, eta ondoren hogei urrats eman zituen gibelera. Kanoitik kargatua zuen zizpa, bolbora eta postak sartuz eta, azkenean, dena tako makiladunarekin ongi trinkotuz. Armaren kazolan sutauts gehiago bota eta jogailuaren suharria konprobatu zuen. Zizparen ipurtondo eta eskutokiari atxiki, apuntatu eta tiro! Danbatekoaz asaldaturik brinko egin zuten abelxuriek eta salto batez zutitu ziren artzanorak, putzuko zozo arabarrak hegaz goratu ziren karraka, ernegua bota zuen artzainak. Ez zuen txarroa ukitu ere egin! Eskuinaldeko artearen enborraren kortikan nabari ziren desarraren aztarnak. Aitak sarritan errepikaturiko agirikaren durundia iruditu zitzaion buru barnean:

        — Zeinen seme dorpea daukadan! Zergatik merezi izan dut nik halako premu ezgauza! Nork eta nik, soldadu erregimenduko tiratzaile hoberenetarikoa izanak!

        Piarresek zizpa beheratu eta berriro bandatzeari ekin zion. Kosta ahala kosta ikasiko zuen iskilu petral hura behar bezala erabiltzen, alajainkoa! Nahiz eta hartarako hamaika tiro egin eta borda inguruko zuhaitz guztiak txikitu!

 

 

Bardeetan erabateko mudantza izan da atzeneko hamar mendeetan, gizakiak eragina. Aleppo pinuek eta arteek baso zabalak osatzen baitzituzten orduan. Lur pobreagoetan abariztiak hazten ziren, edo ezkaidiak lur gazietan. Pare bat gizaldi lehenago etorritako musulmanek hazkunde berriak ekarri zituzten Nafarroara, baina horiek gehiago aurki zitezkeen ibaiertzeko alorretan, Bardeetako lur zekenetan baino.

        Zona basatiak ziren IX. mendeko Bardeak, eta han otsoak, katamotzak eta hartzak jaun eta jabe.

        Goian puntu ñimiño bat zen belatzari so zeuden zaldunak pentokaren gainean. Hegaztia goitik behera hasi zen, gero eta azkarrago, agerrean zehar eta haize-zakurren aurrean basoilo txikiek hegan lasai egiten zuten bitartean. Belatzak ortziaren uztaiak botatako gezia zirudien, hegaztien atzetik ekin zuenean. Azken geratutako hegaztiaren aurka harrapariak kunka egindakoan, airean barreiatu ziren basoiloaren lumak; lurrera jausi zen erdi akabaturik, eta erasotzailea gibeletik joan zitzaion osamaitzeko.

        Zaldunek trostan jarri zituzten zaldi arabiarrak eta hegitik beheratu ziren hegaztia pausaturiko tokirantz. Bertara ailegatzerako, hiru haize-zakurrak belatzaren ondoan zeutzan, beharrezko tartea errespetatuz. Animaliek aspaldi ikasia zuten hobe zela harrapakinarekiko lehentasuna belatzari onartzea, haren mokokada edo xarramiko mingarri bat jasotzea nahi ez bazuten behintzat. Ehiza talde bikaina eratzen zuten denen artean. Ehizorek hegaztiak aurkitzen eta altxatzen zituzten, eta harrapariak goitik behera jaukiz amaitzen zuen lana.

        Gizon gazte bat zalditik jaitsi eta belatzarengana hurbildu zen. Jantzi aberatsak zeramatzan soinean. Durbante batekin estaltzen zituen burua eta lepoa. Bizar beltza eta begi arakatzaileak zeuzkan, bere zela gainean ezarria zegoen aztorearenak bezalakoak.

        Bost gizonezko ziren guztira, bostak musulmanak. Banu Kasi etxekoak bi eta beste bi haien zerbitzariak, soldadu jagoleak. Bosgarrena Banu Kasitarren aliatua zen Zaragozako merkatarien senitarte boteretsu baten etxekoa, hogeita sei urteko mutil odolestua. Honen familia Banu Kasitarrekiko adiskidantzaz baliatzen zen mendialdeko euskaldunekin komertziatzeko. Erriberakoek Nafarroako erresumarekin zituzten harreman onak iparraldeko frankoenganako merkatari-bidearen gakoa zabaltzen zuen.

        Godoen erresuma musulmanek menpean harturik, eta inbaditzaileak Iruñeraino iritsitakoan, islamera konbertituriko Kasio konde nafar-bisigodoak sortutako familia zen Banu Kasitarra, Nafarroako Mairuak deituak, edo Ebroko muwalladiak. Beren eraginez euskaldun, hispanoerromatar, godo eta Ipar Afrika eta Arabiatik etorritako jendea multzo musulman batean bildu zen Ebro ibaiaren bazterrean. Hainbat mendetan, Nafarroako eta Aragoiko erresumen eta Kordobako kalifatoaren artean bizirauten saiatu ziren jende haiek. Une batzuetan euskaldunekin bat eginez, bestetan fedekide musulmanengana joz.

        Banu Kasitar gazteak, belatz handia bere eskularruaren gainean pausarazi bitartean, haize-zakurren eta hegaztiaren abilezia laudatzen zituen Zaragozako lagunaren aurrean. Beste mutilak kortesiak agindutako arretaz jarraitzen zituen azalpenak, baina egiatan berari belatzak, ehiza-zakurrak eta aztoreak bost axola. Bere zaletasunak medikuntzaren zientziari zuzenduak zeuden, senideen nahikundeen guztiz kontra. Etxekoek tratuetan aritzea nahi zuten edo, asko jota, Zaragozako guarnizioan karrera militarra egitea, baina mutilaren ametsa Toledoko Unibersitatean medikuntza ikastea zen, hango maisu judutar eta musulman ospetsuen eskutik.

        Banu Kasitar gaztea azalpenen erdian zegoelarik, mutiko horail bat irten zen karraskaletik erbi bat bezala. Arnasestuka mintzatu zitzaien zaldunei, euskaraz:

        — Jauna. Begiratzaileek orein saldo bat kausitu dute hemendik gertu!

        Euskara ulertzen ez zuen Zaragozako zalduna anfitrioiarengana bueltatu zen, eta honek bere amaren hizkuntza zen euskaratik arabierara itzuli zion mutikoak esandakoa.

        — Uste dut aukera izanen duzula nire katuak ehizean ikusteko! Zaldi gainera igo, bi orpoez alpeetan kolpatu eta arrapaladan abiatu ziren.

 

 

Zigarreta bat hartu, betaurrekoak atzera bota eta, une batez, Olatzi begira geratu da Jon. Neska beltzarana da, handia eta pixka bat potoloa. Txikitatik ezagutzen zuten elkar, Donostiako ikastola berean ikasi baitzuten. Jonek zigarretaren muturra isiotu eta mintzatzen jarraitu du:

        — Orduan, hire ustez, tigretxo horiek musulmanek ekarritako animaliak ditun.

        — Bai, baina frogak behar dizkiat nire teoriei sinesgarritasuna emateko. Begira, hik ongi jakingo duk historialaria izanda, VIII. mendean Karlos Martel buruzagi frankoak Al-Ga fiki musulman andaluziarraren armadari Poitiersko gatazkan aurre egin ziola...

        — Halaxe dun, bai. Gatazka hartan geratu zitenan frankoek musulmanen aurrerakada Mendebaldeko Europan.

        — Ba, Poitiersko gatazkan frankoak nagusituz gero, harrapakinen artean ehundaka katajineta larru atzeman zizkiaten. Hainbeste hituen, non Katajinetaren Zaldunen Ordena sortu baitzuten aitoren-seme frankoek. Karlos Martel bera izendatu zitean Ordenako Maestre Nagusia, eta lehendabiziko zaldunen artean Karlomagno eta Pepino «Laburra» zeudean.

        — Dakort. Baina nik dakidanez —moztu dio Jonek—, katajinetak animalia txiki samarrak ditun, etxeko katu baten tamainakoak. 160 librako katajinetaren kasuren bat ezagutzen ez badun behintzat...

        — Galanta duk bost librako katajineta! Beraz, gure tigretxoak ez dituk katajinetak, jakina. Kontua zera duk, ikerlarien ustez, musulmandarrek ekarri zituztela katajinetak Iberiar penintsulara. Baita mangostak ere.

        — Mangostak, Oihaneko liburuko piztia sugejale horiek? Baina ez al dira Indian eta halako lekuetan bakarrik bizi?

        — Bai, mangostak dituk horiek ere, baina ez afrikar mota berekoak. Meloncillo deitzen ditiztek gazteleraz, eta Ibeiar penintsulan zazkardietan bizi dituk Tajo ibaitik behera. Dirudienez, Afrika iparraldeko jendeak mangostak eta katajinetak saguak harrapatzeko erabiltzen zitiztean, gure katuen moduan. Egin diren azterketetan ez duk mangosta edo katajineten aztarnarik azaltzen musulmanen inbasioa baino lehen. Horregatik uste ditek biak musulmandarrekin etorri zirela. Batzuk etxeetatik ihes egin edo, bestela, apropos askatu eta basoratuko hituen.

        — Orduan zer animalia da gure tigretxoa?

        — Bazagok animalia bat tamaina horretakoa etxabere egin daitekeena, eta musulmandarrek, hasi Pertsiatik eta Ipar Afrikaraino ehizean aritzeko biziki estimatzen zutena, ehun eta hamahiru kilometro orduko abiadura hartzen baitu. Gepardoa.

        — Gepardoa? Benetan uste al dun orain dela hiru-lau mende gepardoak libre ibiltzen zirela Nafarroako hegoaldean?

        — Mangostak eta katajinetak iraun baldin bazuten, zergatik ez gepardoak? Horrexek izan behar dik hirurogei kiloko tigretxoak.

        — Eta nola jasaten zitiztenan hemengo neguak, adibidez elurra egiten zuenean?

        — Animaliek egoera larrienetara adaptatzeko ahalmen harrigarria ditek, gizakiok bezala.

        — Kasualitatea dun, baina begira zer irakurtzen ari naizen egun hauetan —eta poltsatik liburu bat atera du, Joxemari Iturraldearen Dudular, azalean arropa arabiarrekin jantzitako gizon bizarduna azaltzen duena; bere oinetan gepardo bat datza eta gizonak piztiaren lepokoa dauka esku batean eta zenbait paper bestean—. Banu Kasi bat?

        — Baliteke, zergatik ez!

 

 

Sei orein ar bikain ziren, laxo larratzen. Ehiztariak haiengandik ia hirurehun metrotara zeuden, abaritz multzoaren atzean ezkutaturik. Zaldiak askoz urrutiago lotu zituzten, bi soldadu eta Banu Kasi etxeko mutil baten zaindaritza pean.

        Zaragozako medikugaia eta aztore begiko Banu Kasitarra gepardoen gertalariaren ondoan zeuden. Mutila Pirinioetako zenbait negumineko gaua bezain beltza zen, eta lanbide hartan emana zuen bizitza osoa, aitak, aitonak eta aitonaren aitonak legez. Afrikako iparraldeko basamortuetan harrapatzen zituzten gepardokumeak, otzandu, ehizean trebatu eta gero diru aski zuten handikiei saltzeko.

        Ezaguna zen musulmanek hegazti harrapariezketan [1] zeukaten trebezia eta zaletasuna, baina baita ere gepardoekin ehizean egiteko abilezia. Ikuskizun zirraragarriak dira ihizi hauen korrikaldiak erbi edo gazelen atzetik. Faraoi garaiko egipziarrak izan omen ziren gepardoak etxekotzen lehenak. Gepardoak otzanak dira jabearekin, beste basa katuen aldean; sokatik paseoan joaten dira eta etxeko katuen antzeko zurrungarekin erantzuten diete laztan edo mainei. Horregatik, belaunaldiz belaunaldi milaka gepardo atxituak izan dira Afrikan eta Asian, ehizean erabiltzearren.

        Gepardo trebalariak lepokotik eusten zion animaliari. Arropak zikin eta urraturik zeuzkan narras ibiltzeagatik. Bere alboan makurtuta zegoen Banu Kasitarrarengana bueltatu zen, eta mutilak hortz zurizko ahoa irribarre arrenkariz ireki zuen.

        — Askatuko al dugu gepardoa, jauna? Oreinak ihesi joan baino lehen!

        Ehizerako sukarra irakiten zegoen mutilaren odolean, baina Banu Kasitarrak itxoiteko keinua egin zion. Gauza gutxi zekien zuela bi uda ailegaturiko gepardo trebatzaileaz. Afrikarra bere bost gepardoekin gurdi batean azaldu zen Banu Kasitarren lurretara lan eske. Mendebaleko Europan barneraturiko Islamaren azken mugan ez zen gisa hartako gauzarik sarritan ikusten eta harro hartu zuen etxerako. Trebalariak enfrentamendu bortitza izan zuen osaba batekin, bere harengo emakume bat zela medio. Horren ondorioz hautatu behar izan zuen atzerriko bidea, Al-Andalusko atzeneko txokoa.

        — Zer apustu egingo dugu ehizaldian? —galdetu zion Banu Kasitarrak zaragozarrari.

        Lagunak oreinei tristuraz so, nahiago zuen animalia polit haiek ihes egitea, piztien erpeetan odoldurik hiltzen ikustea baino. Hala ere interesa adierazi zuen kortesiaz:

        — Zu gepardoen nagusia izanik, hauen alde egin beharko duzu. Nik egingo dut oreinen alde.

        — Ondo deritzot, adiskidea —arras ziur zegoen garaipenaz—. Baietz gepardoek orein bat baino gehiago atzeman! Galtzen badut gure ikuiluko moxal eder bat zuretzat. Arabiarra, ez euskaldunen pottoka horietako bat, noski —erran zuen barrez.

        — Ongi. Eta gauza berbera nire partetik.

        Gepardoak askatzea agindua zion trebatzaileari. Honek eskuz eusten zuen piztia libratu zuen lehenik, eta mulu bati lotuak zeuden beste hirurak segidan. Oreinenganako hurbilketa hasi zuten, sastraka eta harriak aprobetxatuz ezkutatzeko. Euren ehizerako ohiturari jarraikiz, taldean aritzeko prestatu ziren. Trebalari afrikarrak bere eskura loturik edukitako gepardoa zen saldoburua, esperientzia handiko arra. Emeak ziren beste hirurak.

        Ehizaldietan gepardoek jeneralki ez dute kontuan hartzen haizearen norabidea, eta horrek porrota dakarkie askotan. Horregatik trebatzailea zen faktore hura kontuan hartzen zuena gepardoei lana erraztearren. Haizeak, beraz, euren alde jotzen zuen, eta oreinak ez ziren azken unera arte erasoaz konturatu; harrezkero beranduegi zen. Korrikari ekin zioten katuak ikusi bezain laster, baina jazarleek fite kentzen zieten tartea.

        Gepardo gidaria orein baten gainera salto egiteko prest zegoenean, deusetik sortuak bezala, bat-batean zaldun batzuk agertu ziren artadi bazterretik. Oreinak txiri egin zuen agerpenaren aurrean, eta txundituriko gepardoek aberea harrapatzeko interes guztia galdu zuten. Hamar zaldizko inguru ziren, burdinazko eta larruzko jantziak soinean, metalezko kasko biribilak buruan, ezpata eta lantzak eskuartean. Gepardoen belarrietan durunditu zuten euren gerla oihuek, eta galopan jarritako zaldien apoek lurra dardarazi zuten. Zelabereak ez ziren ez Banu Kasitarren arabiarrak ezta euskaldunen pottoka txiki indartsuak, frankoek erabili ohi zituzten gerlako zaldi handiak baizik.

        Oldartzaileak musulmandarren kontra jausi ziren tropelean. Gepardo trebalariak, zaldunen zalapartak estaltzen zituen aginduak oihukatzen zizkien gepardoei bere ondora biltzearren. Banu Kasitarrak gerrikoko lekatik ateratako ezpata kurboa eskuan itxaron zituen. Armarik gabeko zaragozatarra, erasotzaileei so zegoen harri eta zur.

        Dena lipar batean gertatu zen. Oinezko hiru musulmanek ez zuten batere aukerarik izan zaldunei aurre egiteko. Mutiko afrikarrak ere lantzakada bat jaso zuen bularrean; atxabitxi koloreko begiak herioz ireki ziren bularretik bizkarreraino sartu zitzaion lantzaren kirtenari begira, eta ibilga amildu zen; ia Pirinioetaraino ailegaturiko mutila hegoaldera begira zendu zen; aurrerantzean alferrik ibiliko ziren bere sendikoak osaba ezpataz garbitu eta balore handiko lau gepardorekin ihesi joandakoaren bila. Banu Kasitar gazteak bere aldetik, zaldun baten jaukimenduari txiri egin zion alde batera jauzi eginez; ezpata kurboren ahoak gerlariaren izter bat eta zaldiaren alpea jo zituen; gizona zelaberearekin batera erori eta kabalearen azpian zapaldua geratu zen.

        — Bidelapur kristauak! —argitu nahi izan zion Zaragozakoari.

        Baina adiskidea lurrean zetzan, zauri zantarra buruan, odol putzua lurrean.

        Nafarroako Erresuma, Aragoiko konderria eta herrialde musulmanen arteko mugetan, inoren eremuan bidelapur taldeak bazeuden, jatorri ezberdineko lagunek osatuak. Talde-buruak, zaldi zuri-marroi baten gainka, soldadu franko baten iskilu eta gerla jantziak zeramatzan. «Nahiz eta oso hegoaldea izan, frankoak dira batzuk behintzat», pentsatu zuen Banu Kasitarrak bere artean; «besteek ordea, euskaldunak ematen dute. Frankoak eta euskaldunak ez dira elkarrekin ondo konpontzen, baina gosearekin txakur deslaiak ere biltzen dira artaldeak erasotzeko!». Buruzagi haren aginduak jarraituz, bakarrik geratutako etsaiaren kontra oldartu ziren zaldunak. Mausari batek, hala ere, ezin izan zuen hamabost metro ere ibili zela gainean, zalditik irristatu baitzen ezpata kurboa sabelean ankerki sarturik. Baina segidan, arma galdurik, aztore begiko musulmandarra bandidoen iskilupean zanpatua izan zen.

        Sai saldo baten moduan gorpu hil berrien gainera amildu ziren zaldizkoak, arropak eta poltsak gutiziaz arakatzera. Lantegi hartan ari zirelarik, artaditik jaurtikitako bi gezik airean ziztu egin eta zelabereen ondoan jagole zegoen frankoaren bularra zulatu zuten. Gainerako bandidoak ohartzerako, tragazen hodeitxoa jausi zitzaien baso bazterretik punteria hilkorrez jaurtia. Euren zaldiak zaintzen geratutako Banu Kasitarraren eta bere bi soldaduen kontraerasoa zen. Zaldi arabiarretan itzegon, dardoek zauritu gabeko lau lapurren aurka oldartu ziren. Mausarien buruzagia zegoen bizirik zirautenen artean, ezkutu obalantzekoa tinko eutsiz, bere gainera zetorkion Banu Kasitarrari lantza luzea zuzenduta. Lantza bakoitzak aurkakoaren ezkutuan jo zuen eta bi zaldunak erori egin ziren. Eta bitartean, ezpatakadaka beste bi soldadu musulmanak eta hiru bidelapurrak ere.

        Gepardoak txunditurik zeuden, gizakien arteko triskantzari beha. Gerlarien deiadarrak, zaldi zaurituen irrintziak... anabasa hartan euren trebatzailearen hitz gozoak entzuten ez zituztenez, gepardoen buru egiten zuen arra eta hiru emeak trostan urrundu ziren.

        Haien atzean, bizirik geratzen zen soldadu musulman bakarra eta Banu Kasitarra, hankaz gora jarritako basakatu baten amorruz bere burua defenditzen zuen bandidoen buruzagiarekin borrokatzen ziren hilotzez zipriztinduriko ordekan. Ezpatak lepazaina moztu zionean ikusi zuen atzeneko irudia: bere taldeko biren ihesaldia: bera eta bere gerlariak sarraldi hartara bultzaturiko euskaldun bide erakusleak!

        Bi musulmanek euretarren gorpuak zaldira jaso eta sai eta otsoen bazkarako utzi zituzten etsaienak. Oskarbian, putre beltz eta arreen eraztuna marrazten ari zen, pazienteki oturuntza txandaren zain.

 

 

Desarrak egur pusketa birrintzean, artalde ondoan zeutzan artzanorek ez zioten kasurik egin nagusiak eragindako trumoiari. Ohitzen hasiak ziren Piarresen ariketekin. Hobetu zuen punteria egunetik egunera, sutauts ugari erre izanaren ondorioz.

        Zizpa berriro bandaturik utzi eta, bere punteriaz konforme, egurra pikatzeari ekin zion. Zeregin hartan behintzat trebea zen umetatik. Aitaren betiko erretolika eta gutxiespenei ihes egiteko, etxe ondoko garaixe atzean gordetzen zen egurra txikitzera, bere amorrua aizkorakadez itotze aldera. Handik hartu zuen gaztetatik aizkorarekiko trebezia.

        Beharrean ordu erdi zeramanean, zaunka koleratsuak entzun zituen. Sastrakatik agertutako gepardo batek bereganatu zuen zakurren arreta. Halakoetan or zaintzaileak gepardoei jarraika abiatzen ziren, eta honek tarte batez bere atzetik erakarriz gero, ziztu bizian urruntzen zen jazarleengandik ezkutatzeko. Bien bitartean bertze gepardo bat bizkor oldartuko zen ardi baten gainera, abelxuri taldearen gibeletik heldua. Zakurrak artaldera bueltatzerako, gepardoak eramana edukiko zuen ardia, eta artabereak sakabanaturik egongo ziren, piztiek ohilduta.

        Egun hartan, ordea, Piarresek zizpa bandatua zeukan eskura. Lehen gepardoak bereganatua zuen zakurren arreta eta etsaiari aurre egitera zihoazen biak. Bertze gepardoa gibeletik zetorren artaldera tximista bezala, baina inolako ardirik oratu baino lehen, tiro egin zuen artzainak. Urrutiegi zegoen piztia eta postek huts egin zuten, baina eztandari esker, sastrakako gepardoa korrika jiratu zen.

        Piztia akabatzeko galdutako aukera madarikatu zuen Piarresek. Ahotik bandatzen zen iskiluarekin ez zuen behar adina astirik izanen ihizia ezkutatu baino lehen ostera tiro egiteko.

        Bortuetako artzainentzat aski ezagunak baldin baziren otsoen, hartzen eta katamotzen pikardiak, aparteko ikara sortzen zieten katu handiek. Artaldeekin Bortuetatik Erriberara negua igarotzera beheratzen zirenean, bazekiten paraje haietara joz gero, piztia estrainio haiei aurre egin beharko zietela. Handik kilometro batzuetara zegoen monastegiko fraileek ere, katu pikardatuek ardi eta ahuntzei egindako kalteez asperturik, diru sari politak eskaintzen zituzten haien buruen trukean.

        Piarresek irri egin zuen bere aitak katu handiei zien beldurraz gomutatutakoan. Aitak, soldatapeko gudari izanak, makina bat gatazkatan parte hartutako gizonak, semea hainbertze gutxiesten zuenak, lertxun hostoek haizetxoarekin bezala egiten zuen dar-dar piztia izpildunen aipamen hutsarekin. Gogoan zuen udako afaloste bateko solasaldia:

        — Zenobioko fraileek eta Bardeetako Batzarrak —erran zuen aitak— diru saria eskaini dute katu handi horietakoren bat hiltzearen truke.

        — Ongi etorriko litzaizkiguke ba guri sos horiek —erantzun zion amak—. Txirotasun honetatik burua zertxobait altxatzeko aukera izanen dugu.

        — Isil hadi, andrea! —erretxindu egin zen aita—. Patari horiek giristinoez mendekatzeko lehengo mairuek igorritako Infernuko Deabruak ditun! Gizona harrapatuz gero, haiekin eramaten diten Sueleizera.

        — Tira, tira!

        — Zer nahi dun, diru zikin horrengatik mamuek ni betiko galtzea, ala?

        Jendeen ustetan, piztiak sasoi batean han bizi izandako mairuen izpirituak ziren, eremu haietan sekulako harat-ho nat ibiltzera kondenatuak, giristinoak edo haien aziendak kaltetzeko beti prest. Ezjakintasunak eta Elizaren sasimaneiuak katurik otzanena ere sorgin eta alde txarreko adurrarekin lotzeko kapaz baziren, ez zeukaten zalantzarik piztia arrotz haien izaera deabrutartzat jotzeko. Piarresek ordea, ez zien beldurrik, ederki asko baitzekien basapiztiak bertzerik ez zirela, eta ez giristinoek zanpaturiko musulmanak mendekatzera itzulitako mamuak. Halako ipuinak Zaraitzu eta Erronkariko artzainek neguan euren Bardeetako txaboletan asmaturikoak ziren, edo bertako laborariek iganderoko meza ostean eliza atariko elkarrizketan ahapeka kontatutako burugabekeriak.

        Eta kontua zen, Piarresek erabakia zuela berak akabatuko zuela haietako katu handiren bat, eta bere abelxuri azienda patarien erpeetatik babesteaz gainera, jokoan zegoen diru sariaren jabe ere eginen zela. Erronkariko haranean begiz jotako zelai eta alorrak erosteko moduan izanen zen laster, sosak baliaturik.

        Orduantxe, hegabera andana hegan azaldu zen borda aurrean, eguraldi txartzearen seinale. Argi zegoen, elurra zekarren, eta hura izango zen patariak atzemateko artzainaren aliatua.

 

 

Elurrak beztitu zuen paisaia geruza isil xuriminaz. Animalien arrastoak garden marrazten ziren gainean, ehizerako erraztasuna emanez azeri, katamotz eta otsoei. Giro jelatsua zegoen, eguzki zuriak hodei tartetik ortzi zati bat zohargitzen bazuen ere. Zuritasunean nabarmendu zen artzainaren figura, narruzko frakak eta bizkarrean zeraman iraskoa zituen salatari. Zaraitzun eta Erronkarin baliatu ohi den euritarako jantzia da iraskoa: ilea kanpo aldera duen ahuntz narruz egina eta xedez bizkarrari lotua.

        Piarresen aurrean zihoazen bere bi artzanorak. Aitzinean usnatzen zihoana Urki zen, zakur pijoa, aparta. Behin, Bortuetan, artaldea babestearren otso bikoteari aurre egin eta ihesi bidali zituen, nahiz eta borrokan larri zauritu, lepoko karlankaz babestuta egonik ere. Bertze batean hartz bati aurka egin zion bere gibeletik zihoan Bizkor artzanor emearekin batera, eta baita piztitzarra abelxurietatik aparte mantendu ere, harik eta artzaina izeizko tortxa batekin armaturik haiei laguntzera heldu zen arte.

        Urtarril hartan, ordea, bertzelakoa zen zakurren zeregina. Piarresek, gepardoen eguneroko ohiturak eta ibilbideak aspalditik kontrolpean zituenak, katuen arrastoan jarri zituen. Hiru gepardoek elurretan utzitako aztarnak abaritzez eta sastrakaz estaliriko muinotxorantz zihoazen zuzen-zu zen, eurengandik ez oso urrun. Muinoa hogeita hamar metro gora zegoen ordekatik. Ehun eta hogei metro luze eta laurogei zabalean. Bertakoek Azeri Burua deitzen zuten, imajinazio pixka batekin pentokaren eta luki baten buruaren arteko traza antzeman baitzitekeen.

        Artzainak zizpa zeraman eskuartean eta aizkora gerrikoan. Kapela hegal zabaleko batek gizonaren aurpegia ia erabat estaltzen zuen, elur leinuruetatik babestearren.

        Samako izerdia xukatzeko gelditu zenean bistatu zituen gepardoak muinoko harritzar baten gainean. Katemeak ere erne jarraitzen zituen euren zulora hurbiltzen ari ziren bi zakur eta gizakiaren ibilerak. Piztiaren begiak are handiago eta beilegiagoak ziruditen paisaia zurituan; ilajea harroa eta laztua zeukan hotzaz; ez zuen elurra maite, baina hala ere konpontzen zen bere burua eta kumeak aurrera ateratzeko lain okel lortzen. Marraka ozena atera zen gepardo emearen eztarritik, eta berehala altxa ziren alboko bi kumeak. Gizonak agindua eman zien zakurrei, eta zizpari ongi oratuta, aurrerantz ekin zion. Atzean geratu ziren Bizkor eta Urki, nagusiari eta gepardoei beha, edozein unetan hastear zegoen borrokan parte hartzeko prest. Aitzinera jarraitzen zuen Piarresek, geruza zurian gaindi, piztiengana nekez eta astiro hurbiltzen. Patariaren marraka gero eta mehatxugarriagoa zen bere babeslekua topatu eta bortxatzera zihoan gizakiaren aurka. Alboko bi gepardo gazteen lepo eta bizkarraldea estaltzen zituzten zurdak harrotu egin ziren. Kolore beilegiko hiru begi pare artzainarengan iltzaturik zeuden, etsaia begi barneko sugarren bidez erraustu nahiko balukete bezala.

        Urduritasunagatik, eskuartean zeraman iskiluari gero eta astunagoa zeritzon, baina gehiago ahal zuen bere kemenak. Piztia pikardatuei tiro egiteko metro urriren faltan, salto batez jaitsi zen emea talaiatik. Amaren atzetik joan ziren kumeak eta gizonaren bistatik ezkutatu zituen sastraka elurtuak. Artzainak, orduan, zizparen ahoa uztez gepardoak zeuden lekura zuzendu eta iskilua desarratu zuen. Deskargarekin ia batera aditu zituen katuen oinaze oihuak. Abaritzak mugitzen ari ziren, baina ezin jakin zezakeen zenbat gepardo jo zituen. Mututu ziren marruak, zazkardia leunago zirkintzen nabaritu zuen beherantz.

        Piarresek bere burua deitoratu zuen ziurtasunik gabe tiro egiteagatik. Artzanorak deitu zituen txistuka eta segituan inguratu zitzaizkion. Arriskua usaindurik, urduritasuna adierazten zuten adausi ozenez, gizonaren inguruan saltoka eta muino aldera haginak erakusten.

        Zizpa bandatzeari ekin zion esku dardartiz. «Hagitz argia da katamotz erraldoi hori bere kumeen defentsan!». Ehiza ez zihoan berak eginiko igarpenen arabera: tiro zehatz bat ama garbitzeko eta, ondoren, kumeak zakurren laguntzaz atxitu; apika, baten bat bizirik harrapatzeko parada izanez gero, herriek eta zenobioko fraileek eskaintzen zuten diru saritik gorakoa izan zitekeen katuen balioa. Baina finean, pentsatutako harrapaketa egitearen ordez, tigretxo zaurituei aurre egin behar.

        — Darraionarentzat da ehiza! —errana zion aitak.

        Eta bi aukera zeuzkan: gepardoen bila joatea edo piztiak beregana etortzen uztea. Bigarrena hautatu zuen.

        Hamar minutu baino gehiago igarotzen utzi zuen, baina gepardoak ez ziren inondik inora ageri. Eri erakuslea tenkaturik hozmintzen ari zitzaion katuaren metalean. Elur leinuruak begiak itsutzen zizkion. Aitak sarritan errandako bertze atsotitz bat gogoratu zuen: «Katua, oinik busti gabe, arrantzale». Argi zegoen piztiek, zauriturik egon ala ez, ez zutela nola hala erasotzeko asmorik. Katu pikardatuak ezagun zuen Piarresek eskuartean zeraman iskiluren boterea, eta ez zuen bizia alferrik jokatu nahi aurrez aurreko oldartze batean.

        Baina han egon behar zuen bere kumeekin batera, non edo non, erasotzeko prest.

        — Non hago, katu txarra! Infernuko piztia madarikatua! Heldu orain nire ardiak lapurtzera! Irten behingoz, deabrua!

        Artzainaren deiadarrak eremu isilean hedatu ziren erantzun barik. Izadiak berak ere hilik zirudien goiz hartan. Etzanda zeuden artzanorak, isil-isilik, erne. «Horiek ez dute aldegin, ezinezkoa da zakurrak ohartu gabe abariztitik irten ahal izatea». Piztien presentzia sentitzen zuen, sentsazio esplikaezina, ehiztaria eta ehizgaia biak batera izatearen senak piztua, bizkarrezurra agerre elurtuaren hormaizeak baino gehiago izozten ziona. Non edo non, han, sastrakan, gepardoen begiak berarengan finkaturik zeuden, amorruz eta gorrotoz.

        — Irten hortik eta aurre egidan! Aitak ezin izan zinan, baina nik bai, akabatuko haut!

        Bere aita... Oroitzapen lausoak heldu zitzaizkion. Miretsi eta gorroto zuen gizona. Gogoan zuen haren beldur superstiziosoa, gerlatan hainbertze etsai hil izanaz harrotzen zen soldadu ohiaren laborria. Ostatuan eta artzain bilkuretan hain ausart azaltzen zen aita...

        Zaratak errealitatera bueltatu zuen kolpe batez. Katuari sakatu zion instintoz eta hotsak entzundako lekurantz desarratu zuen iskilua. Hura izan zen goizeko bigarren hankasartzea, elurrez demasa zamaturiko abaritz baten krakatekoa bertzerik ez baitzen izan. Hutsaz jabeturik, tiroarekin patariaren jaukimendua eragin zezakeela oharturik, lehengoa baino zaztada hotzagoa nozitu zuen bizkarrean.

        Arma bandatzeari ekin zion presaka. Lantegi hartan ari zelarik, jauzi batez irten zen gepardo emea sastrakatik; elurretan hondoratu zen lipar batez; baina berehala atera zen arin eta artzainarenganantz egin zuen lehen jauzia, eta gero bertze bat eta bertze bat. Azkar zetorkion piztia, jauzi bakoitzean abilago, bizkorrago. Artzanorek, bat bederak bere aldetik, gepardoarengana jo zuten, katuaren erasoa oztopatzera, baina patariak zirt-zart egin eta erraz gailendu zituen, etsai nagusiari oldartzeko. Piarresek albo batera baztertua zuen zizpa, gerrikotik hartua aizkora, eskua kirtenaren inguruan indarrez itxirik. Zakurrak baldarregiak ziren lirain zetorren ihiziari jarraitzeko.

        Gepardoaren begi beilegiak artzainaren urdinetan pausatu ziren, piztitasunaren ispilu. Gizonak ez zuen sekulan pentsatu Herio hain ederra izan zitekeenik, halako begi biziak eduki zitzakeenik...

 

 

— Hemen zagon —Jonek kartoizko kutxa bat ipini du mahai gainean—. Monastegiko liburutegiko arduradunak, Aita Petritegik utzi zidan. Gaurko bakarrik, ez pentsa! Leitzako semea dun frailea, oso jatorra.

        — Zer duk?

        — XVII. eta XVIII. mendeen artean Frai Otsoa de Nafarrete izeneko fraile batek egindako lana.

        — Ez duk izen serioa...

        — Monastegi inguruko parajeetako landaretza eta faunari buruzko ikerketa ugari egin zitinan. Hark egindako marrazkiak zauden koadernoetan, zenbait hondaturik, zoritxarrez. Aparteko marrazkilaria zunan, artista bat! Hosto, lore eta fruituekin marrazten zizkinan landareak, eta batzuetan kolore eta guzti. Koadernoak kasualitatez topatu nituenean gogoratu nindunan hitaz... tigretxoen seriea eta...

        — Tigretxoen seriea?! —harritu da Olatz.

        Hontzak, basurdeak, katamotzak, sugeak... orotarik dago Frai Otsoa de Nafarreteren koadernoetan: marrazkiak, neurriak, ohar zehatzak. Eta guztien artean bitxienak, hiru lamina: «Piarres Ordunak 1694 (zenbaki erromatarrez) urtean hildako tigretxo emea eta kumea». Bistan direnez, gepardoak!

 

 

«Urtarrilak hamazazpi zituela, igandez, gure Jainko Jaunaren egunean, gau itxia bezain itsua, hilzorian azaldu zitzaigun monastegiko atarira Piarres Orduna Erronkariko Uztarrozeko artzaina, bere bi artzanorez lagundua. Lurralde honetara Jainkoak igorritako zigor bat bezala, hainbat gizalditan gurean eta auzokoen aziendetan pikardietan ibilitako tigretxoetako bat narras zekarren, hartarako baldar moldaturiko lera bat erabilita. Piztia artzainaren aizkorakadez eta zakurren ausikiez txikiturik zegoen. Gizona eta bere bi abereak egoera tamalgarrian zeuden atzaparka eta haginkaden kausaz. Bizkarrean zekarren zorrotxoan, bertze tigretxo baten atzaparra ere topatu nuen. Piarres Ordunak bere ekintzagatik zor zitzaion diru saria eskatu zigun konortea galdu aitzin. Zaurien eta izozketaren eraginez, astebete eskas iraun zuen bizirik. Denbora hartan, amesgaiztoek eta sukarrak eragindako aluzinazioak pairatu zituen Piarres Ordunak, non begi beilegidun piztia batekin borrokan egiten zuen behin eta berriro.

        »Artzainak sukar-ametsetan erraten zigunari jarraikiz, Azeri Burua deritzon parajera hurbildu ginen hiru fraile eta alboko herriko laborari eta artzain anitz zizpaz, sardez eta lantzez armaturik. Nahiz eta haraino iristeko elurtza gainean nekez ibili behar izan, borroka beldurgarriaren aztarnak kausitu genituen, eta baita artzanorek akabatutako bertze tigretxo gaztea ere, erpea aizkorakada batez moztua zuena. Piztiaren gorpuan posta zauriak zeuden, Piarres Orduna malerusak egindako tiro batek eraginak. Ene uste apalean, patari gaztea aurrez tiroz zauriturik zegoelakoz harrapatu zuten Piarres Ordunaren artzanorek, betiere emearekin egindako borroka eta gero. Hirugarren tigretxoak ihes egitea erdietsiko zuen, guk bederen ez genuen artzainak aipaturiko hirugarren tigretxoaren neholako arrastorik ikusi, oinatzak salbu.

        »Piarres Ordunak ongi merezitako diru sariaren herena Uztarrozeko elizari igorri zitzaion bere arimaren alde otoitz egiteko, eta bi heren artzainaren alargunari eta seme-alabei, ohi denez sariaren erdia Monastegiak eta bertze erdia Bardeetako batzordeak ordaindua.

        »Horrela bada, tigretxoak oro galduak izan dira gure lurraldean, Jainkoari esker eta artzainen eta gure aziendaren zaintzaren ardura duten fraile anaien lasaitasunerako. Iazko udan, hainbat nekazarik, sarraskiengatik arrunt ezaguna zen tigretxo arra kausitu zuten hemendik hiru ordura dagoen paraje batean, eta mendi guztiaren bueltan sastrakari sua emanez kiskali zuten bertan. Piztia hura Piarres Ordunak hildako tigretxo emearen arra izan zitekeen.

        »Tigretxoen agerpen albisteak arrunt gutxitu dira, eta oso noizean behin entzuten da zurrumurruren bat, erranez Bardeetako idoietan oinatzak begieman dituztela, patariren bat oraindik bizirik geratzen den seinale. Piarres Ordunak aipaturiko hirugarren tigretxoa agian? Jainkoak bakarrik daki deabruaren berri.

        »Hala eta guztiz, hondakinak aztertu eta ene begiekin ikusi dudanez, badirudi tigretxoak ez direla izaki deabrutar edo magikoak, hemengoak ez diren katuak baizik. Dena dela, piztiei larruak kendu eta gorpuak erre aitzin, suertaturikoari buruz dakidana idatziz paratu eta erretratu batzuk marraztu baino ezin dut egin, ene jakitate mugatuaren erruz».

 

 

Urtetan izandako negumin gorrienean, jelazko ganibeta zen Ziertzo haizeak bazterrak astintzen zituen egun askotako ausoa txandakatuz. Arturo Kanpion idazleak antzeko negu batez idatzi zuen: hain gogorra izan zen urte hartakoa, ezen Nafarroako Erriberan (lehendik bertze guztia erreta) mahatsondoak moztu behar izan zituzten, etxeak zer edo zerekin berotzeko. Bardeetako agerretan basurde aldra bat elurtza gainean penatzen eta hondoratzen zebilen; abereen ohiko kurrinka harroak tristeak ziren hormaturiko elurra uxartzen, zerbait jangarriren bila. Animalia franko tragatu zuen hotzak, etxekoak zein basatiak. Euren gorpuak bisutsak estali zituen bedatsearen zain, piztia gosekilek irentsi ez zituzten hilotzak behintzat. Otsoak mendi multzoetatik lautadetara jaitsi ziren izotzari eta goseari ihesi; Nafarroan behinolatik ikusi gabeko taldeetan bilduta, neguak detxematuriko artaldeak jaukitzen zituzten eroturik, artzainen zizpen tiroei ezaxol. Artzanor bat baino gehiago otsoen ausikikapean eroria eta segituan klaskatua izan zen, artabereak narru-zorro hutsak ziruditen patariengandik defenditzean.

        Gepardo emeak, harpetxo-habiaren aitzineko talaian eserita, basurdeen ibilera penagarria behatzen zuen arroilaren bertze aldetik. Bere hezur zaharkituak sufritzen ari ziren hotzarekin, eta udaberririk ezagutuko ez zuela sentitzen zuen jadanik. Janariari zegokionez, ez zuen atzeneko unera arte eskasiarik izan, oreinak eta bertze basabereak bularreraino hondoraturik ibili ziren elurrezko larreetan; seko ahulduta, estropozo egiten zuten bere erasoen aurrean

        Muturra aurreko zangoen artean pausaturik, begirada bizilekua izandako Bardeetan gaindi, gepardoak memoria zamalkatzen ziharduen. Hamalau urte iragan ziren, gepardoak lekorekoak ziren lur haietan bakarrik geratu zenetik, ama eta neba gizaki batekin eta bere zakurrekin borrokan galdu zituenetik. Negu elurtua izan zen ordukoa ere... Euskal Herriko azken gepardoa zen bera. Loak hartzear zegoen habiaren babesean, eta irudiak pilatzen ari zitzaizkion gogoan.

        Oskarbian eguzki beroa. Gepardo lepokodunak Magrebeko basamortuetan, eurak izan ezik hango edozein animalia baino azkarragoak ziren gazelei segika. Gepardoei begira, arropa argiz jantzitako gizakiak gameluen gainean, ehizerako belatza handiak eskularruzko ukabiletan. Gepardo gehiago Afrikako sabanan antxintxika, basurde tankerako zerriei erasoka, eta haien atzean kaskoa zurituriko sumendi itzela lautaden erdian zut.

        Arbasoen bizipenak ote ziren irudiok, bere senean grabatuak?

        Bardeetako azken gepardoak amets egiten zuen, belarrezko itsasoetan zenbatu ezinezko eliak osatzen zituzten zebra, ñu, bufalo eta gazelekin. Eta ostruka hankaluzeekin. Eta euren abere taldeak belardietan zehar larrez aldatzen zebiltzan azal beltzezko gizakiekin... Gogoak ekialdera bidaiatu zuen, Irango mesetako estepa eta basamortuetara. Antilope eta erbien ehizaldiak. Bertan gepardoekin ehizatzeko zaletasun handia zuten printze eta jauntxo pertsiarrek, eta hain ospetsuak diren tapiz koloretsuen bidez ezagutarazi zioten mundu osoari.

        Ziertzoak habi barrura bultzatzen zuen elurra piztiaren gorputza estaltzen hasi zen bitartean, gepardoak oskorriarekin egiten zuen amets, lautada leun laztantzen zuen brisara epelarekin; ortziaren mugagabetasunaren kontra, milaka buruko basabere-elien zilueten aurrean, jolasean zebiltzan bi gepardo kumeekin... berak erdituko ez zituen kumeak.

        Amets afrikarretatik sortua balitz bezala, ziertzo mingorriaren boladei jaramonik egin gabe, saizuria azaldu zen bat-batean, habi gainera pausatzera. Hegaztiarengandik erlantz beroa sortu zen, ortzi ubeletik mara-mara erortzen ari ziren elur malutak xir-xir desegiten zituena haren argitasuna ukitu orduko. Gepardo emeak aspaldi sentitzen ez zuen epeltasuna gozatu zuen hezurretan, arbasoen lur afrikarreko berotasuna. Eta gozotasun hartaz inguraturik itzali zitzaion bizia.

        Saizuria elur ekaitz goibelean murgildu zen berriro, baina gepardo emearen habi inguruan sorturiko lurmenak egun asko iraun zuen. Udaberria aurreratu bailitz, lili txiki batzuk hazi ziren gepardoaren gorpuaren aldamenean, izotzari desafio eginez luzaroz bizirik iraun zutenak.

 

 

Jon eta Olatz neskaren auto ondoan daude, arratsaldepasaren ostean.

        — Hobe dun ilundu baino lehen aldegitea.

        — Arrazio duk. Bihar klaseak goiz hasiko ditiat ikastolan. Gainera Manexekin elkartzekotan geratu nauk lehen orduan, liburu batzuk bueltatu eta gepardoez... badakik...

        — Manex Imiruri, hire lehengusua?

        — Horixe bera.

        — Nafarroako Gobernuarentzat lan egiten duenetik ez dinat ikusi. Lehen gehiago azaltzen zunan Donostiako Alde Zaharrera. Zertan dabil orain?

        — Liburu bat prestatu nahi omen dik, Abere madarikatuak: hainbat animalia garai batean errespetatuak eta gurtuak izatetik nola madarikatuak izatera pasa diren, eta horrelako kontuak. Otsoekin eta igarabekin jardun zian eta hartzari buruzko datuak biltzen ari duk orain, uste diat.

        — Gustura irakurriko dinagu.

        — Seguru?

        — Tira, hi behintzat ez ahaztu Elhuyar ale bat bidaltzen, hire gepardoen historia argitaratutakoan.

        — Eskerrik asko, Jon. Laster arte.

        Kotxea errepidean desagertu baino lehen, Jonek monastegirako bidea hartu du. Atariko arku azpitik pasatu eta elizaren aldameneko korridore batetik aurrera jarraitu du artxibategi aldera. Alboetan harrizko zutabeak daude, kapiteletan irudi erlijioso, mitologiko eta jendeen eguneroko bizitzari buruzkoak nahasten. Baina ez da ohartu haietako kapitel batean katu pikardatu bat azaltzen dela, orein baten bizkarra zarrastatzen eta letaginak aberearen lepaldean amorruz sartzen. Patariaren tamainari erreparatuz gero, oreinekin alderatuta, ezinezkoa da katamotza izatea, handiegia baita eta, gainera, katamotzen buztan motzaren ordez oso isats luzea baitu. Harrizko irudiak gepardo baten antza dauka. XIII. edo XIV. mendeko artisau batek paraje haietan ezaguna zen gepardoa zenobioaren apaingarri landutakoa?

        Jonek barre isila egin du bere baitan. «Frai Otsoa de Nafarrete!» pentsatu du, «ez da, ez, izen serioa...», eta artxibategiko eskailerak binaka igo ditu abesti bat txistu eginez.

        Kanpoan, herri zaharraren gainean, arratsaldeko atzeneko goranzko aire korrenteez baliaturik, Afrikatik arribatu berriko saizuria itzulinguruka zintzilikatzen da udaberriko ganga urdinetik, paisaia latz haiek bezain behinolako.

 

[1] Zetreria edo hegazti harrpariekin, bereziki aztore eta belatz handiekin, egiten den ehiza. Oso garatua erdi aroan aitonseme, errege eta printzeen artean.