Gasteizko hondartzak
Gasteizko hondartzak
1997, narrazioak
298 orrialde
84-86766-76-1
azala: Lander Garro
Xabier Montoia
1955, Gasteiz
 
2021, narrazioak
2017, nobela
2013, nobela
2004, nobela
2004, nobela
2000, poesia
1999, nobela
1998, kronika
1992, ipuinak
1991, nobela
1988, poesia
1985, poesia
1983, poesia
Gasteizko hondartzak
1997, narrazioak
298 orrialde
84-86766-76-1
aurkibidea
 

Atergabeko izua

Beldurtia izan naiz beti. Umetatik. Ekaitzaren beldur, iluntasunaren beldur eta beste haurren beldur ere bai. Jaio nintzenetik nire itzala baino itzuriezinagoa izan dut laborria. Lasarte aldera sagarrak lapurtzera joan eta gainerakoek ihes egiten zutelarik, hantxe geratuko nintzen ni, zangoei eragin ezinik, izerdi hotzetan, ikarak orkatiletatik oratuta, harik eta baserritarra etorri eta, sagarrondotik jaitsiarazi ondoren, belarritik tiraka bideraino eramaten ninduen arte. Berdin gertatzen zitzaidan nesken gonak altxatzera jolasten ginenetan ere: gonari heldu eta halaxe gelditzen nintzen, atzamarrak bertan itsatsirik; eta, noski, hartan harrapatzen zuten bakarra neu izan eta neronek baino ez zituen zaplateko eta irainak jasotzen.

      Benetan zera bitxia da beldurra.

      Beldurgabe eta ausartak izan nahiko genuke. Izua eta bere menpekoak mesprezatu egiten ditugu. Eta dena den, zinezko beldurra inoiz sentitu duenari, hura ez desiratzea zaila izango zaio. Ez du aitortuko, ezta bere buruari ere. Baina deika ariko zaio ezinbestean. Drogaren modukoa baita; zainetan barrena edukiko dugu ohartu orduko eta betirako bere egingo gaitu. Odoljarioan eramango dugu, burmuinetan, bizkarrezurrean, giharretan, kirio bakoitzean sumatuko. Sabelean zulo bat daukagula irudituko zaigu, barrenak jaten ari zaigun animaliaren bat daukagula. Horra hor beldurra deika. Asezin. Gero eta gehiagoren eskean. Denborarekin pilatzen hasiko zaizkigu hasierako izu txikiak, laborri potoloa elikatzeraino.

      Benetan zera bitxia da beldurra. Hark bultzaturik, ausardiarik zoroenetara irits daiteke koldarrena, eta koldarkeria beltzenetara ausartena. Kontrakoa iruditu arren, ez dago-eta bien artean alde handirik.

Jazinto Trokoniz ezagutu behar nuen egunean ere beldur nintzen. Bezperatik urduri. Hamasei urte bete berriak nituen orduantxe eta, eskolan ondo ibiliagatik, hamalauetatik lanean niharduen, familiaren premiak hartaraturik.

      Florida kaleko harakinarekin aritu nintzen hasieran, baina harekin ezer gutxi ikasi nuen langintzaz. Okela etxez etxe partitzeko erabili ninduen batik bat. Zumezko saskia paper marroian bildutako xerrez eta haragi xehetuez bete eta kalera. Antzeko lanak egin behar izan nituen Paz kaleko Lopez de Munain janari-dendan ere. Pozik ihardun nuen harenean, mundu berri bat deskubritzera eraman baininduen: aberatsen mundu distiragarria, Dato eta inguruko kaleetakoa. Tamalez, handik atera ninduen amak, hobeto ordaindutako beste lan bat aurkitu zidala esanez. Kaleko libertatetik eta etxe dotoreetako distiratik kartzelara igaro nintzen bat-batean. Nagusi berriak estu lotu ninduen hasieratik. Tabernetara ardoa banatzen zuen biltegi baten jabea zen, eta igandeetan izan ezik gainerako sei egunetan argia ikusi gabe edukitzen ninduen: bodegan, upeletatik ardoa gomazko hodiaren bitartez atera eta botiletan ipintzen. Nik adina tragoska jo duen lagunik gutxi, seguru. Baina hura ere bukatu zen.

      - Hamazazpi urte dauzkak eta oraindik ofiziorik ez! -kez katuta zegoen ama.

      Horregatik eraman ninduen Jazintorengana, haren lanbidea ikas nezan.

      - Ebanista fina da Trokoniz jauna -esan zion amak aitari-. Hark irakatsiko dio ongi.

      Pintoreria kalean zuen lantokia, etxe zahar bateko sotoan. Berrogeita hamar urte izango zituen ezagutu nuenean. Gizon garaia, sudur luzea, ile urdin baina ugarikoa. Bostekoan nabaritu nion indarra.

      - Heu haiz orduan Ricardo, Angelines Abeziaren semea -kemenaz heldu zidan eskua-. Ongi etorria geurera!

      - Eskerrik asko, jauna.

      Tabakoa atera eta eskaini egin zidan. Dudan egon nintzen une batez, baina onartu egin nion. Elkarri begira erre genuen, isiltasunean. Une hartan jakin nuen elkar ondo hartuko genuena.

      Zigarreta bukatutakoan erakutsi zidan tokia. Berdez margoturiko ate batek bi gela bereizten zituen. Aurrealdean, geu geunden hartan, zura lantzen zuen. Arotz lanmahaiak hartzen zuen leku gehiena. Ikatzez egindako marrazkiak zeuden paretetan: hosto eta abartxoak behetik gora kiribiltzen, ezker-eskuin itzalak sortuz grisetik beltzera. Agerikoak ziren maisu izango nuenaren eskuaren abilezia eta tenplea. Ohe sendo bateko burualdea apainduko zuen zurezko pieza jarri zidan aurrean.

      - Egurra ezagutzen ikasi beharko duk lehen-lehenik. Eta ukitzen ondoren. Hortik hasten duk dena. Ez zagok beste sekreturik.

      Ez zidan gezurrik esan, baina sekreturik bazegoen. Ate berdea zabaldu zuen, aurrera pasarazi eta argia egin zuen ilunpean. Txunditurik laga ninduen nire begientzat agerian geratu zenak. Gela animaliez beteta zegoen: katuak, zakurrak, azeri bi, dortoka bat, txoriak eta hegaztiak, sugeak, hiru zezen-buru, otso bat eta... eskolako liburuetatik eta zinematik baino ezagutzen ez nuen... krokodiloa! Krokodilo kume bat.

      Harrizko bilakatu nintzen, ez aurrera ez atzera. Eta Jazinto barnera zedin alboratu nintzenean, zerbait sentitu nuen bizkarrean. Itzuli eta infernuko espantu deiadarra egin nuen; txipiroi saltsa bezain beltz eta ni baino lau buru garaiago zen hartzaren letaginak eta atzaparrak mehatxatzen ari zitzaizkidan. Baina nire izuaren orroari esker, ez zen hartza mugitu ere egin; ez zen ezer gertatu.

      - Ederra duk hartza. Ez duk hala, Ricardo? -galdetu zidan, nire oihua entzun izan ez balu bezala-. Taxidermiaren gela duk hau.

      - Ta-xi... -totelka errepikatzen saiatu nintzen.

      - Taxidermia. Benetan arte hunkigarria, Ricardo... Hilak bizitzara ekartzea.

Dakizkidan gauza garrantzitsu gehienak Jazintok irakatsi zizkidan. Maisu hitzaren esanahia, adibidez. Huraxe erabiltzen zuen gure amak nire nagusia izendatzeko.

      - Zer esan dizu maisuak? -galdetzen zidan sarritan, eskolatik etorri berriko mutikoari galdetzen zaion moduan.

      Eta hala zen. Maisua. Gure eskolan ezizen bana zeukaten irakasleek: Fumantxu esaten genion bati, zinemako beste hura bezain bihozgabe eta ankerra baitzen, eta txinatarrarena bezain luzea bere mustatxa; Txarlot beste bati. Baina Jazintori Maisua zegokion. Egunari egun deitzen diogu eta gauari gau, inori ez litzaioke bururatuko bestela izendatzea. Gauza bera gertatzen zen Maisuarekin. Esaten al dio inork lainoari mailu edo euliari egunsenti?

      Zernahi aipatu eta beti jakingo zuen hartaz zer edo zer: izarrez, mekanikaz, emakumeez.

      Jazinto mutilzaharrak, ikasletzat ez ezik, semetzat ere hartu ninduen. Ez dakit zer ikusi zuen nigan. Ez dakit nire lan egiteko era izan ote zen edo nire tentua. Edozein izanda ere arrazoia, kontua da, estimu egin zidala eta bere konfiantzazko solaskide bihurtu ninduela.

      Ahaztuta daukat gure hizketaldietan nola sartu zen politika, baina oroitzen naiz inori aditzera ematen ausartzen ez nintzena aitortu niola behin, batere beldurrik gabe.

      - Ba ni Francoren aurka nago.

      - Ausarta gure mutila! -besterik ez zidan esan eta isilik jarraitu zuen lanean, isilik hurrengo egunera arte.

      Eta gerraz hitz egin zidan biharamunean. Zigarreta pare bat piztu zuen eta elkarrekin erre genuen.

      - Otxandion hil zidaten anaia.

      Gudaria zen. Gudari hitza orduan entzun nuen lehendabizikoz. Eta Euskadiko armadaren berri eman zidan. Hitzik galdu gabe entzun nion, dena baitzen berria niretzat. Ordura arte, eskolan irakatsi zigutena zen gerraz nekien guztia. Etxean halako konturik aipatu orduko, isiltzeko aginduko zuen gure aitak.

      Jazintok zabaldu zizkidan historiaren ateak.

      - Neuk ere lubakietan ihardun nuen tiroka, anaiaren aurka ordea. Gerrak Gasteizen harrapatu ninduen eta faxistek beharturik soldadu hartu ninduten beren armadarako. Gutarren kontra tiro egin behar izan nuen eta nik beti behar baino gorago tiratzen nuen inor ez jotzeko.

      Bilboko erorketa gogoratzen zuen eta Goikoetxea traidorea madarikatu.

      - Goikoetxeagatik izan ez balitz, oso ezberdinak izango ziratekeen gertakariak.

      Pasadizo haien harian jakin nuen zein den gure Aberria, nor zen Sabino Arana, zer den Demokrazia, zein den gure Alderdia eta Jose Antonio Agirre gure lehendakaria; hari esker jakin ahal izan nuen zertan zen abertzaletasuna. Mexikon eta Argentinan argitaratutako liburuak ekarri zizkidan irakurtzeko, gure herriaren historiaz eta kulturaz. Eta igandeetan gure mendiak ezagutzera joateko gonbidatzen hasi zitzaidan.

      Argiak urratu orduko, trenera igo eta Landa aldera; hurrengoan Abetxukotik aurrera jarraitu eta Gorbeiara... Baina parajeak baino erakargarriago egin zitzaizkidan orduan txangoetan ezagututako lagunak, burdinazko gurutze bana zeukaten mendi tontorretan biltzen zen gizateria, helduak zein gazteak. Eta ez denak gizonezkoak. Baina bai denok abertzaleak eta Francoren aurkakoak. Aberri Egunetan San Bittorrera biltzen ginen mendizaleok, Ullibarri-Jauregiko geltokian trenetik jaitsi eta, hariztian barrena lehenik, haren segidan pagadian gaindi gero, malda zorrotza igo eta Bagalazeraino heltzen ginen. Eta handik Itxogainara. Sua piztu, mokadua jan, tontorretik lautada miretsi eta azkenik San Bittorren baselizara.

      Alderdian nola sartu nintzen ahaztuta daukat. Ahalegina eginda ere, ezinezkoa zait Jazintok bere militantziaren berri eman zidan unea oroitzea. Zerbait naturala izan zen, kimua lore bilakatzen den antzera. Mendi-txango, erromeria, kanta, ezkutuan miretsiriko ikurrin, liburu eta aldizkari klandestinoen berezko jarraipena. Gauari egunak jarraitzen dion bezala.

      Eta beldurra? galde lezake norbaitek. Beldurra hantxe zegoen. Alboan nuen uneoro. Ikurrina paratu edo gauez hormaren bat margotzera gindoazelarik, bihotz taupada urduri bakoitzean suma nezakeen. Eta orduan, halakorik ez nuela berriz egingo agintzen nion neure buruari. Baina lana burutu eta libre segitzeak ematen zidan poz mugagabeak minutu batzuk lehenagoko izua ahantzarazten zidan. Eta jakina, hurrengoan ere han egongo nintzen, ikaraturik baina han. Baita hurrengo guztietan ere.

      Goiz batean, lanera iritsi eta atea nire gibelean giltzapetu zuen maisuak, larrialdietan baino erakusten ez zuen aurpegieraz.

      - Etorri -heldu ninduen besotik.

      Atzeko gelan sartutakoan ez nuen deus berezirik igarri. Lanabesak hedaturik mahai gainean, animaliak apaletan trinko-trinko; betiko itxura hartu nion. Baina maisuaren bisaiak ez zuen dudarako aukerarik eskaintzen. Garrantzi handiko zerbait esan behar zidan, zer edo zer itzela. Hitzik gabe, hegalak zabal-zabalik zituen arranoa aulkiaren gainean utzi, erroi pare bat alboratu eta egunkari zaharren metak erdi ezkutatzen zuen zurezko kutxa ireki zuen.

      - Mahaia garbitu -agindu zidan kutxaren barnealdera okertuta.

      Mahaia estaltzen zuen nahas-mahas hartan tokia egin eta harenganantz itzuli nintzelarik, makina puska astuna zeukan besoetan. Arnaskeran antzeman nion egiten ari zen ahaleginaren handia.

      - Ba al dakik zer den hau?

      - Ez.

      - Gure arma. Makinatxo zoragarri honi esker ehundaka panfleto argitaratu ahal izango diagu.

      Makinatxoak lanean ziharduen laster. Eskuak tintaz zikindurik, orrialde haietako asko bota behar izan genuen hasieran. Bota baino, erre, erre egiten baikenuen alferrikako lana, idazki haien kopiarik Poliziaren eskuetara halabeharrez ailega ez zedin. Haiekin harrapatuz gero, urte mordoa eman beharko genuen kartzelan, hamarretik gora ziur. Dena den, hurrengo urteak ziega ziztrinen batean pasatzeko arriskua baino, kartzelara iritsi aurretik pairatu beharko nukeena zitzaidan beldurgarriagoa.

      Banuen ordurako kontu piloa entzuna Poliziaren torturabide lazgarrien gainean. Maisuak kontatuta, banekien zortzi bat urte lehenagoko grebaren berri. Banekien milaka langile irtenak zirela kalera eta atxiloketa ugari izan zela. Jazinto bera izan zen atxilotuetako bat, eta bera gogor torturatu ez bazuten ere -Arakan musika bandako zuzendari zuen lehengusuari esker, nonbait-, ikaragarriak izan ziren bere kideek jasan zituzten torturak. Guardia Zibilaren kuarteletan zein komisaldegietan istripu txikiak izaten ziren. Irristatu eta eskaileretan behera erortzen ziren atxilotuak, lepoa hautsi eta ospitalerako bidean hil. Beste batzuek berriz, labaindu beharrean, beren burua botatzen zuten, ziotenez, egindako makurkeria eta krimenak ez aitortzearren.

      Azkar menderatu genuen. Egunez inprimatzen genuen, eta makinaren istilua entzun ez zedin, gorrak ere aditzeko moduan jartzen genuen irratia. Gainera, ametsetan ere entzuten genuen ardaila malapartatua aski ez balitz bezala, Juanito Valderramaren eta haren moduko abeslari andanaren kantu gorrotagarriak aditu behar izaten genituen denbora osoan, besterik ez baitzegoen sasoi hartan irratian. Espainia eta Espainiako emakumea, ardoa edo beste edozein gauza kantagai zuten lelo haietan, notak aspertzeraino luzatzen zituzten ahots haietan, Euskadi galbidean jarri zutenen oihartzunak entzun genitzakeen. Pasodoble haiek gure herria zapaldurik zutenen zinezko ereserkiak ziren. Hargatik gure herra. Behar genituen baina. Gure lantegiko irratiari etengabe zerion hura entzunda, inork ez zigula susmo txarrik hartuko uste genuen. Viva el pasodoble torero, beraz.

      Noizean behin, panfletoak jaso eta hurrengoak egiteko behar genuena ekartzeko norbait igortzen zigun alderdiak. Panfletoak animalien barruan sartzen genituen. Betiko zerrautsaren ordez, makinatik irten berriak ziren orrialdetxoak genituen orduan betegarri. Lan hura aldiko lana besterik ez genuen, urtean hiruzpalau bider asko jota, alderdiak bazituen-eta bere aldizkari eta gainerako argitalpenak zabaltzeko beste bideak. Urtetan ihardun genuen hartan. Eta urte haietan guztietan izuturik bizi izan nintzen.

      Kaleak poliziaz gainezka zeuden. Hala iruditzen zitzaidan behintzat. Nonahi sumatzen nituen. Orpotik nituen segika. Oinetakoen lokarriak askatu eta lotzera makurtzen nintzelarik, soslaiz atzera begiratzeko baliatzen nintzen. Edozein tokitara joateko ez nuen egundo bide bera birritan ibiltzen. Dendetako erakusleihoen aurrean gelditzen nintzen, kristalean islatzen zenari kirik eginez.

      Eta beldurrarekin batera, beste zerbait ere sentitzen hasi nintzen adinean aurrera egin arau.

      Kalean ibiltzen ziren guztiak ez ziren poliziak, noski, baina ez zirenez ere ez nintzen batere fio. Sirenotsa aditzearekin batera Ajuria inguruko kaleak betetzen zituzten langileak -talde txikietan, gabardina nabarrak soinean, bizarra egin gabe-, aurrezki kutxa eta bankuetatik hiruretan irten eta lepobueltan korbata janzten zuten bulegariak, batetik bestera ibiltzen ziren gizontxo haien gainean ere isuritzen hasi nintzen pixkanaka ordura arte poliziarako osorik gordetzen nituen amorrua eta herra. Fubolaz beste, ezerk arduratzen ez zuen gizatxar artalde hura, txakurrak bezain premiazko zituen erregimenak eta haiei esker zirauen zutik artean Europako diktadura ia bakarrak. Haiengandik ahalik eta urrunen egon nahi nuen, etxean, mendian, edozein lekutan.

      Jazintok ere, nahiz eta koldarra ez izan, nire antzera sentitzen zuela esango nuke. Neuk bezalaxe, alboan nahiago zituen animaliak, txintik atera gabe beti leial zitzaizkion begi tristeko bere animaliak. Gehiago ikasten zuen haiengandik, itxuraz bizirik zegoen gizateriatik baino. Noski, bazekien begiratzen. Gizon-emakumeen artean bezala, animalien artean ere ez dago bi berdinik, eta hortaz, ondo begiratzen jakitea derrigorrezkoa du taxidermistak. Animaliaren larruazala soinetik txukun bereizteak, artsenikoz edo gatzez behar dena baino luzeago ez edukitzeak, zurezko edo burdin harizko egitura egoki baten gainean ezartzeak mesede eskasa egingo diote taxidermistari, baldin eta disekatzeko garaian animaliaren aurpegieran asmatzen ez badu animalia bakoitzak bere-be rea duen eite berezia ematea. Eta ez da erraza.

      Jazinto Trokonizek animaliak maite zituen. Sutan jartzen zen norbaitek disekatu aurretik guk akabatzeko ekarriz gero.

      - Gezurra zirudik. Nafar astapotro hark ere bazeukaan honek baino bihotz handiagoa -ilundu zitzaion betartea, Gipuzkoa aldetik etorri eta Gamarrarako bidean zabaldutako lantegi baten jabeak ekarri zigun hontza zuriaren itxura penagarria deitoratuz.

      Guretarra omen zen giputza, baserritar aberastu berria. Nafarra aldiz, aspaldi, ni bertan hasi baino lehen, norbaitek bere txakurtxoa akabatu eta malkoetan ekarri zuen requete izandako margolaria; behin baino gehiagotan entzuna nion kontu bateko protagonista.

      Baina halako bezeria genuen, jende makur eta kirtenaz osaturikoa. Ehiztari ahoberoak izaten ziren asko, berunez jositako hegaztiak ekartzen zizkigutenak. Jendilaje haren ondoan erraldoi ikusten nuen nik maisua, duinago eta gizonago agertzen zitzaidan, biziagoa zen bere inteligentziaren distira.

- Etxera noak, ohera. Buruko minak nagok -esan zidan nekatu aurpegiaz, ilundu aurretik-. Hik itxi.

      Maisua joan eta ordu erdira, atzealdeko gelan katagorri batekin lanean niharduelarik, kaleko atearen txirrina entzun nuen. Handik aurrerakoa lainotsuago azaltzen da nire gogorapenetan, benetan gertatu ordez, amets batean gertatu izan balitzait bezala, ikarak sortutako ametsean.

      Atea zabaldu eta traje ilunez eta halamoduzko gorbataz jantziriko gizon parea izan nuen buruz buru. Ezer esan ahal baino lehen, barrurantz bultzatu eta aulki batean jesarrarazi ninduten, poliziak zirela esatearekin batera.

      Hura entzun eta instantean izerditan nengoen. Dardarka neuzkan belaunak. Nire amesgaiztorik gaiztoena, aspalditik izutzen ninduen unea iritsi zitzaidan azkenean. Eta une hura nire kabutan askotan bizia eta aztertua banuen ere, berehala konprenitu nuen alferrikakoak izango zitzaizkidala hausnarketa guztiak handik aurrera.

      "Hik ez dakik ezer!" bihotz eman nahi izan nion neure buruari.

      Esaldia errepikatzen ari nintzelarik, paparretik heldu zidan bietako batek, argalenak. Bere hats mindua nabaritu nuen aurpegian, tipulak eta ardo merkeak eragindakoa.

      - Uztak, uztak oraingoz! Izan gaitezen zibilizatuak -es katu zion bere kideak.

      Hura ere, bestea bezala, bibote finekoa zen; gizenagoa ordea.

      Askatutakoan, nire alkandoraren goiko bi botoiak esku ahurrean gelditu zitzaizkion argalari.

      - Beno, Ricardo -nigan finkatu zituen bere begi burlatiak-, ados egongo zara, ezta? Hobe dugu gurea modu zibilizatu batean konpontzea!

      Ez nion erantzun. Ezin nuen. Txikitan bezala, beldurrak paralizatuta nindukan, mingaina edo nire gorputzeko beste edozein atal mugitu ezinik. Lasarteko sagarrondo hartatik behera begiratzean sentitzen nuen bertigo bera sentitzen ari nintzen orduantxe ere.

      - Nire laguna barkatu beharko duzu -jarraitu zuen-. Ez da pertsona txarra, baina astapotro samarra dela ezin ukatu. Berari buruzkoak entzunda zaude beharbada. Jose Luis du izena.

      Ezin azal daiteke izen hura aditutakoan gorputza alderik alde astindu ninduen dardarizoaren bortitza. Komisaldegiko sotoetatik pasatutako guztiak izu ikaretan jartzen ziren haren izenaren entzute hutsaz. Neu orduan bezalaxe.

      - Igarri zaizu baietz, lehenago ere entzun duzuna. Baina dagoeneko esan dizut, gurekin normal hitz egiten baduzu, ez duzu zertan beldur izan. Hitz egingo al dugu, beraz?

      - Bai -apal erantzun nion hortz tartetik.

      - Baietz esan al duzu?

      - Bai, bai -erantzuna berritu nion ozenago.

      - Ondo bada. Has gaitezen! Badakigu pnvkoa zarela...

      - Ni...?

      Besterik esateko ez nuen astirik izan. Jose Luisen eskua gainean neukan berriro.

      - Ricardo, Ricardo. Ados ginelakoan izan naiz orain arte. Zer gertatzen zaizu? Ez al zara konturatzen Jose Luis ni baino eraman gutxiagokoa dela? Tira, nik pazientzia handia daukat eta atzera galdetuko dizut: pnvkoa zara, ezta?

      Eztarriaren inguruan ixten nabaritzen nuen Jose Luisen eskua, gero eta estuago, burdinazkoa izango balitz bezala. Ezin nuen arnasarik hartu. Izerdia kopetan behera jarioka ari zitzaidan.

      - Ricardo? -potoloaren ahotsa iritsi zitzaidan, kantari bezala, txantxetan bezala.

      Orduan egin nuen pott.

      Handik aurrera oso azkar joan zen dena. Dena aitortu nien: alderdikoa nintzela, propaganda bertan argitaratzen genuela... Makinatxoa ere erakutsi nien eta panfletoak nola sartzen genituen animalia disekatuen barruan.

      - Hori al da dena? -galdetu zidan potoloak.

      - Bai...

      Isilunea sortu zen gure artean. Hain luzea, ze, burumakur nintzela eta galdera gehiago (erantzun ezingo nituen galdera gehiago) egingo zidaten beldur, burua altxatu nuen eta poliziei begiratu. Nahasita, haiek ere burumakur zeudela ikusi nuen. Eta hala egon ziren begira ari nintzaiela jabetu ziren arte.

      Jose Luis zeritzanak hartu zuen txanda:

      - Bi egun dauzkak Euskal Herritik aldegiteko! Ulertzen al didak? Bi egun! Ez haugu berriro ikusi nahi!

      Ez nuen ezer ulertzen. Ez al ninduten haiekin eraman behar? Ez al ninduten atxilotu behar? Zergatik Euskal Herritik aldegin behar hura?

      Ez zidaten deus gehiago argitu. Areago, kaleko ateraino heldu eta hura zabaldu zuten arte, isilik segitu zuten.

      - Eskerrak emaizkiozu Jainkoari poliziak ez garen! Susmoa genuen traidore salatari bat genuela alderdiaren barruan. Zoritxarrez, orain badakigu hala dela, Poliziaren satorra zu zaitugula, Lekuona-eta saldu zituena. Pena ematen diguzu...

      Hantxe geratu nintzen, mutu, lotsaturik, lur jota, oker zeudela komentzitzen batere ahalegindu gabe. Zertarako? Nork sinetsiko zidan? Torturatu gabe, ia kolpe edo bortizkeriarik gabe hainbat lagun eta alderdikideren askatasuna eta bizitza bera ere arrisku gorrian jarri nituela, inolako baliorik eduki al zezakeen nire hitzak?

      Eman zizkidaten bi egunak soberan izan nituen nire puskak bildu eta, inor agurtu gabe, erbesterako bidea hartzeko.

Denboraren iragaiteak oroimena uhertzen omen du. Ez beti. Ez nigan behintzat. Maracayko estreinako taxidermista izatera behartu ninduena gertatuz geroztik, egunero izan dut gogoan. Horregatik errepikatu ahal dut hitzez hitz alderdiak bidalitakoek esandakoa. Eta horregatik ez da egunik pasatu nire traizioa damutu izan ez dudana. Tamalez, horretan ez du denborak laguntzen. Hondakin nuklearren antzekoa da damua, horiek bezain kutsagarria, eta horiek bezain luze irauten du, milaka urte, bizitza oso bat: nirea, adibidez.

      Jazintoz ere oroitzen naiz sarritan, nahi baino gehiagotan, egia esateko. Oroimen guztien artean berea baita niretzat mingarriena. Hura nire burura azaltzean, ekartzen dizkidaten animaliei egiten diedana egin nahi izango nieke nire pentsamenduei ere: zati eta atal ustelgarriak erauzi eta egoki eta eder mantenduko dena besterik ez gordetzea, errespetatu eta maite izan nuen maisua betirako gordetzea, alegia.

      Nire baitan urtetan hazi diren susmoak aldiz, sasi eta belar okerren antzekoak dira: zenbat eta gehiago moztu, gero eta kementsuago agertzen dira ostera: zergatik bidali zituen alderdiak bi lagun haiek gure sotora? Nahiz eta Jazinto gaixorik egon, berdin-berdin geratu ohi zen berandu arte bertan. Zergatik ez egun hartan? Zerbait ote zekien? Eta garrantzitsuena dena: Lekuona eta elako gainerako guztiak nik saldu ez banituen, nork saldu zituen?