Zapata-ren oihana
Zapata-ren oihana
1997, kronika
180 orrialde
84-86766-75-3
azala: J&P
Iņigo Aranbarri
1963, Azkoitia
 
2018, narrazioak
2014, nobela
2011, nobela
2008, nobela
2006, saiakera
2000, poesia
1998, poesia
1994, nobela
1989, poesia
1986, poesia
 

 

LA REALIDAD

 

 

—1—

 

Lacandona ez duzu oihan samurra. Lurrezko pistek nekez egiten dute mendi maldetan barrena, eta oro zaizu den baino itxiagoa. Atzean geratu da zubia. Lur jabeek, kanpotik euren lurrak kentzera atzerritarrak zetozela esanda, pista ibilgarri egiten duen zubitxoa eraitsarazi diete maizterrei. Beso, enbor eta denbora asko behar izan da berriro eraikitzeko. Baina malda beherak ordokia esan nahi du, komunitate bat zeharkatzen duen erreka, fruituen pisuz makurtzen diren landareak, behorrak belaunetarainoko uretan. Umeak eta helduak bide ertzera irtenda kamioiak agurtzen. Eta inoiz amaitzen ez den bidea aurrean, chicozapote gero eta gailegoen artean. Eta kafe landareak hauen itzalean. Ez alferrik, Chimalapas eta El Ocote-koekin batera, Ipar hemisferioan geratzen den azken oihan tropikala duzu behiala La Soledad-eko Basamortua deitu izan zen hau.

        1993ko udazkenean, eta Las Margaritas inguruko mendarte guztiak militarrek hartuta zeudela inauguratu zen ospitalea. Handik hilabete batzuetara, EZLNren eskuetara igaroko zen. Izena ere aldatu zioten: Che Guevara. Denbora gutxirako ordea. 1995eko otsailean, herria, eta honekin batera ospitalea okupatu zituen Armada federalak. Harrezkero, sasiak jandako herria duzu Guadalupe Tepeyac. Herri guztia duzu ihesian: bi mila lagun.

        Horregatik, orain zapatisten oihan den honetan ere, bada orain arteko agurrak destaina bihurtzen diren lekurik. Moreliatik bederatzi ordura (baina 24 ordu pasa La Garrocha edo Roberto Barrios-tik, bidea eta kamioia lagun), ospitalearen aurrean utzi behar dira autobus handiak. Erizainek iseka barrez hitz egiten dute matrikulak hartu eta jendea filmatzen duten gizonekin. Kaleko arropak dituzte, baina militarrak dituzu. Ospitale berriak zuri-gorri-berdez erakusten dizu izena: Solidaridad. Hizkuntzaren krudeltasunak ez dizu zalantzarik uzten. Guadalupe Tepeyacen zaude.

        Atzean, oihanaren argigune batean geratu da lehen Aguascalientesa, 94ko udan EZLNk zibilez osatutako Biltzar Nazional Demokratikoaren (CND) eskuetan utzi zuen bilgunea.

        — Eromena izan huen.

        Eta Raulek badaki zer dioen: haietarik zen. Zapatistek 6.000 lagun ekarri zituzten konflikto gunera. Jaten eman zieten, lozakuak zabaltzeko teilatua, babesa.

        — Eta pertsona bihurtu gintuen leporainoko lokatza.

        Antolaketa aldetik inoiz neurri honetako armada matxinatu batek antolatu ahal izan duen konbentziorik zailena izan zenuen lehenbiziko Aguascalientes hura. Hilabete behar izan zen oihana garbitzeko, seiehun gizon-emazte lanean, hamalau ordu egunean. Hogei teilatupe antolatu zituzten, sei mila lagunentzako enbor aulkituak, hamalau sukalde, ehun autorentzako aparkalekua, liburutegi bat eta «atentatuentzako gunea».

        — Orain ez dago ezer.

        Orain mundu guztian ezagun egin den oihana dago. Orain beste ordu erdiko bidea dago, kamioi txikietan baino ezin egin daitekeen bidea La Realidad zapatistaraino. Orain Armada dago bide ertzean, heliodromoak, palmera hostoz kamuflatutako kasernak. Erizain ile-hori bat musukatzen ari den soldadu gazte bat dago. Eta beste kaserna bat aurrerago, eta soldadu bat zaintzan, inork ikusten ez duela eskua altxatzen dizuna, agur egiten.

        — Mexikon Armada ez duk inoiz golpista izan. Bazegok zapatismoari sinpatia dion soldadurik.

        Bai, baina ez didak dena esango, Raul. Armada mexikarrak ez dik itzal onik 68ko Olinpiadetan Diaz Orgaz-en gobernuaren kontra Tlatelolco plazan protesta egiten zuten ikasleen kontra tiro egin eta hirurehun lagun hil zituenetik.

 

 

—2—

 

Zazpigarren aldia da ume bera datorkidala, egiten duen beroarekin drauka batean edango banu ere beste nonbaiten egonez gero. Baina ezinezkoa dut bigarren pekatu bat egitea iraultza zapatistari.

        — Ez, ez diat Coca-Colarik nahi.

        Antolaketatik ohartu dira, eta luze gabe goizetik hasi dira gaztigatzen ez erosteko edaririk umeei, norbaitek zerbait eman nahi izanez gero oholtzapean uzteko, komunitateak berak banatuko dituela-eta dauden beharren arabera.

        Ume asko dituzu saltzaile. Morelian ez bezala, komunitateko umeak Coca-Cola zein palmorri beroan eskainiko dizuten tamalera, jan edo edan daitekeen edozer saltzera hurbiltzen zaizkio kanpotarrari. Eta saltzaileak asko badira eskale bakar bat ez dabil Moreliakoaren aldean hiri duzun Aguascalientes honetan. Duintasun zapatista deitzen zaio horri hemen.

        — Coca-Cola?

        Jende asko falta da. Errekan behar dute izan, komunitateak gizonezkoentzat eta emakumezkoentzat —elkarrengandik bananduta— prestatu dituen eremuetan. Beroa handiegia zaio jendeari jantzi beharreko gutxieneko arropei buruzko oharrak ulertzeko.

        Bazkari ordua ere gertu da eta jende asko da Guadalupe Tepeyaceko emakumeek prestatu duten jantokietako mahaietan eta janaria hartzeko ilaratan.

        Tacho komandanteak mikrofonoa hartu du:

        — Hurbildu zaitezte, hurbildu. Toki asko dago hemen eta.

        Bi bandera mexikar ikaragarrik zaintzen duten oholtzaren aurrean egurrezko aulki tolesgarri asko paratu dute, bakoitzarentzat bat, argituko dizute antolaketatik. Baina bero da, 38-40 graduren bueltan dabil, eta jendeak nahiago du aulkiek osatzen duten plazaren arkupe diren teilatupeen itzala. Hamaketatik, arbolapeetatik, behin eta berriro errepikatzen den erregua da Tacho komandantearena.

        — Mesedez eskatzen dizuegu guztioi, itzaletan zaudeten guztioi, ez dadila inor teilatupean gera, har dezala bakoitzak eserleku bat plaza honetan...

        Urduritzen hasita, garaiz joan eta leku onenetan daudenek lagunduko diote. Imintzioz hasieran, oihuka geroxeago:

        — Ez gara turistak, zapatistak gara!

        Hutsune handiak daude, baina Tacho komandanteak ez du hitz bat bestea baino ozenago egingo:

        — Anaiok, arrebok, mesedez eskatzen dizuegu, ahalik eta era gozoenean, ahalik eta era samurrenean, esaiezue zuen lagunei, esan zuen hizkuntzatan hurbil daitezela. Denok dugu toki bana. Hurbil zaitezte. Denok dugu toki bana hemen.

        Jendea hasia duzu hurreratzen. Polizia Zapatista logela funtzioa betetzen duten teilatupe denetatik pasatuko da, han ezin egon daitekeela adieraziz. Beste batzuek errekara joko dute, han leudekenak ekartzera. Hizkuntza guztietako itzultzaileez betetzen dira mikroak. Hizkuntza batetik bestera emango dira oharrak. Ez duzu zalantzarik, segurtasun neurri legez ulertu nahi duzu hau guztia. Beroak beste erretzen du denborak. Ez da inor ikusten teilatupeetan. Inor ere ez jantokiko mahaietan. Bakoitza dagokigun aulkian gaude eta bero da.

        Tacho agertokitik jaitsi eta erdiko pasalekura abiatu da. Jendeak ukitu egin nahi du, esku asko estutzen du. Komandantzia Indigenako maiteena duzu, samurrena. Gitarra bizkarrean duela hurbildu izan ohi da, gero gauean kanturen bat edo beste emateko. Bere begiek irribarre noiz egiten duen ondo erakusten dizute.

        Berriro oholtzara igota, oraindik ez gaude denok geure lekuetan, esango du.

        — Badira beren lekuetan ez dauden anai-arrebak oraindik.

        Ez da gutxi anai-arreba deitzea. Compañero/a-ra heltzen ez bada ere, compadre eta comadre-tik gora dago.

        — Segurtasunagatik da, uler ezazue —aitortuko du azkenean.

        Eguzkipean daudenen artean gero eta handiagoa da haserrea, egonaldia luzeegia ari da gertatzen. Erreka aldetik datozen PZek keinua egingo diote sarreratik.

        — Azkartxo hasi dituk poliziarekin —esan du norbaitek zure atzean.

        Hasieratik oholtza gainean zeuden mahaietako ordezkariak ere jaitsiaraziko ditu, aurrez aurre geratzen den teilatupean sartuko gaixoak, medikuekin.

        — Orain uste dut denok geure lekuetan gaudela —eta ahotsa hasieran bezain apala irudituko da—. Denok dugu leku bat munduan. Denok dugu leku bat hemen. Ikusten duzue zer kostatzen den. Hori da, ez besterik, guk Mexikoko gobernuari esaten dioguna.

        Gogoz bezala lehertzen dira txaloak eskuetatik. Bi ordu pasako lana behar izan du Marcosek hitz-joko maite izango duen La Realidadera heldu diren guztiak bertan biltzeko. Hau duzu errealitate zapatista. Askorentzat ikuskizunaren sarrera baino ez da izan. Gehiago dago, eta denak ziur daude Tachok agertokia uzten duenean bestearen bila joateko izan dela.

 

 

—3—

 

Prentsa salbu, ez da inor aulkietatik kanpo. Eta denbora pasa, astia duzu mendi zarratuekin jolasteko. Guatemalako muga ikustera egiten duzu haien atzean. Eskuadra eta kartaboiz marrazturiko muga ezin artezagoaren atzean jendez beteriko paisaia dago. Han dira zapatisten anai-arreba maiak: kitxeak, ixilak, kaktxinkelak, tzutuhilak, pokomtxiak...

        Oihu batzuk eta jendea urduriegi hauei erantzuteko. Argazkilarien kamerak adieraziko dizute sarrera. Urrunera jotzen dute, eta batzuk hasiak dira esertzeko dioten oihu artean zutitzen, lagunei erakusteko argazkiaren bila edo besterik gabe, kapusaidunak hobeto ikusteko asmoz. Badatoz. Badator. Zaldi eta zaldunen sarrera ez duzu prestatu gabea.

        — Dakarten iraultza bezalakoa, pauso lasai baino segurukoa —diost Raulek presakako apunte batean.

        «Luzera begirako iraultza», deitzen dute hemen EZLNrena. Sustrai indigenetatik baino ezin uler daitekeen «Aginduak betez agindu» adierazgarria.

        Pauso ikusgarriagoa zaldunena baina. Eta kapusai guztien artean jendeak ondokoari bakarra erakusteko luzatzen du eskua. Luzea da besteen artean, eta pipa ketsuak egiten du nabarmen. Paldo luzea darama ezkerreko eskuan, xingola gorri beltzak dituen estandartea.

        Aurrean duzun mexikarrak Gora Marcos! errepikatuko du oihu batean, baina jendea gehiago dago ikusteko beste ezertarako baino. XX. mendeko azken mitoaren aurrean zaude. Che-ren aurrean, Zapataren aurrean egoterik izan ez zutenen azken aukera da.

        — Gora Marcos!

        Oholtzaren atzealdea estaltzen duten pankartetako baten gainean jarriko du estandartea. Handia duzu, segaila. Burua ateratzen die Tachori eta apurka-apurka ezagunagoak egin diren Moises eta Triniri. Jantzietatik hasita da desberdin, zapia bera, bisera izartsua, kolorea orobat. Tachok Marcosek hitz egingo duela iragarri du.

        — Iñigo, fija hadi, beti behatzen ziok jendeari.

        «Zein irribarre polita duen kapusaipean! Esku finak ditu, pianistarenak» diotsue neska batzuek atzean, lilura hori ere sortzen baitu. Eta ahotsa bezain tenplatuak —otuko zaizu— hitz egiten hasi orduko.

        — Barkatu berandutu izana. Baina oztopo handiak topatu ditugu bidean. Tachok zioen helikopteroak zirela; Moisesek erraldoiak, baina egia esango dizuet, multinazionalak izan dira.

        Keinu literario ulerterraz batez hasteak ez du Raul harritzen. Jakina da Marcosek oihanera ekarri zituen hamabi liburuen artean Cervantesen On Kixote izan duela maitea, hala aitortu izan du behin baino gehiagotan. Liburu berau oparituko dio ezkerreko politiko italiar bati. Fitzcarraldorekin bezalaxe, egoki datorkio erroten pasartea zapatismoa eta eromen ederraren arteko hari mehea azaltzeko. Tachok eta Moisesek ez diote sorik egingo. Ohituta behar dute Sup-aren ateraldietara.

        Komandanteordeak ez du luze hitz egingo, ongi-etorria emateko baino ez du hartuko hitza. Tachok La Realidad, Oventic, Ricardo Barrios, La Garrocha eta Moreliako mahaietako ordezkariei deituko die, beren lekua har dezaten, agertokian oraingoan. Morelian kulturaz bezalaxe politikaz, gizarteaz, ekonomiaz eta indigenismoaz hitz egin da haietan. Argazkirako gertu legez, mahaietakoak alde bietan, erdi-erdian paratuko dira Komandantzia Indigenakoak, eserita Trini, Moises eta Tacho, metrailetak mantalean, zutik atzean Sup-a estandartea eskuan. Estetikaz ere irabazten dira etsaiak. Eta egia da... ikusleetako bakoitzarekin egotera egiten dute Marcosen begiek.

        Ez dira bost minutu pasa mahaietakoak hauetan hartutako erabakiak azaltzen hasi direnetik eskailerak zaintzen dituen soldaduak paper muturra ematen dion arte. Marcosek esku banatan dituen erloju biei behatu eta zaldi gainera igoko da, Tacho, Moises eta Trini han utzita.

        Jendea zain dago, etorri den leku beretik joango den. Ez da handik pasatuko. Oihanean desagertuko da, oholtza atzeko bidezidorrean behera.

        — Coca-Colarik?

        — Ekartzazu bat —diotsat azkenean umeari hiru pesoak eskuan.

        Arratsalde luzea izango da gaurkoa, sorbaldak estali beharko ditut erre ez nadin, eta pentsatu ere pentsatu beharko dut itxaroten gaur ikasi dudan edo lehendik nekien. Itxaroten! Komeni da. Iraultza honekin ez daukazu jakiterik.

 

 

Francisco Javier Mina

 

        Napoleon-en kontra aritu izan zen su berarekin dabil Espainiako Fernando VII.aren aitzi. Cadiz-en 1812an onartzen den konstituzio liberala koloniena ere bada, hala aldarrikatzen du Mina nafarrak lau haizetara. Ingalaterrako Galveston-en batuko ditu armak eta gizonak, eta 1817ko apirilaren bosta da Soto la Marina jotzen duenerako, Fray Servando Teresa de Mier duela lagun.

        Potosi-rekin batera Ameriketaren aberastasuna batzen duen Guanajuato aldera egingo du. Han ibili da Hidalgo, han dabil Morelos. Baina independentziaren aldeko matxinatuek ez dute konstituzioarena beren gerra.

        Zuhaitz beltzenen itzalean fusilatuko dute erregetiarrek Minaren irribarre goibela.