Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—24—

 

Pausaturik, dutxaturik, gosaldurik eta beltzaturik Mauleko Europa ostatuko eguteran aurkitu nintzelarik, larunbat eguerdia omen zen hartan —alabaina Xiberoko Botzako mintzalariak ez zuena errana neskenegüna ginatekeela egün orotako?— ohartu nintzen denboraren neurmena osoki galdua neukala. Erriberako eremuen zabaltasunean higatzen zen orduen joanaren zehaztasuna, ilunaren eta argiaren arteko gudukak soilik finkatzen zidan. Ez nuen funtsean seinale gehiagoren beharrik. Halatan, etxean, agenda beltza hostokatzean konturatu nintzen San Ferminetara abiatuz geroztik bizpahiru aste pasatu zirela, Ühaitza Galerietako zubipean lerratu zen bezalaxe. Inoiz gelditu gabe.

        Arnegira heldu bezain laster aroaren freskurak harritu ninduen eta aspaldiko partez, arratsaldea bero izan arren, hotza nabaritu nuen hezurretan kilikari. Tafallatik gora ikusten nituen Pirineo gainak gris hain gris, non argitasun primalaren ihes goiztiarraz antsiaz damutu nintzen. Ibañetara hurbildu arau, Erriberaz dolutzeko astia ukan nuen. Han, lagunak, adiskideak, urratsen hatzak, Uritzen memoriaren oldarrak uzten nituen, zeren aurkitzeko hemen? Zeruaren gris gohazu honen? Nola iraunen nuen argi eskasez? Arnegiko plazan, auto-stop eginez, Garazira eramango ninduen traturraren sahetseko jargian kokatu nintzenean, gristasunarekin bakea sinaturik nuen ordea.

        Garaziko herriko etxe aitzinean abandonatu ninduen traturrak, turista gorrailen erdian arrotz. Mintzamena trabatua neukan, aditzik ez zitzaidan ateratzen eta telegidatu panpiña baten pare oinez abiatu nintzen Garaziko Jai-Alaiaren bidegurutzeraino. Erhia altxatzen nuen auto bat iragaiten zenero, kemenuts eta lotsaz hanturik. Gristasuna onartua baldin banuen, geratzen zitzaidan bihotzaren barnean, Zeldaren parean banpez aurkitzeko halako beldurño zozoa. Ziruditan ardura, urrunetik aisago maitatzen zirela kideak, eta errealitateak ametsaren zurrunbiloa mila pusketan hauts zezakeela. Halarik ere kotxe zuria gelditu zitzaidalarik, ez nuen sartzeko limarrik dudatu.

        Arratsapal usaintsua jastatzen nuen autoko leihotik, ertzetarik biribilketan jiten ziren belar idor edo soro epaitu berrien perfumeek bihotza uxkailtzen zidaten, kilometro bakoitzean herri berdearekilako lotura sendotuz. Erriberan hastapenean orlegitasunetik berezirik bezala sentitu nintzen eta, orain, Garazitik Lartzabalerateko norabidean kolore zatiak berbiltzen saiatu behar nuen. Gidaria bere ofizioaz mintzo zitzaidan, salmenta helburuak eta derrigorrezko errendamenduak aipatuz. Ez nion kasurik ematen, helburu-zenbakituetaz axolarik ez nuen eta premiazkoa zitzaidan gauza bakarra justizia soziala zen. Oxkaxe tinitik agertu zitzaidalarik Zuberoaren zilarra, gizonaren hitzak hutsean urtu ziren.

        Burdin-iturrietan edateko lehia piztu zen nigan eta egarri bitxi horrekin autotik jautsi nintzen Mauleko plaza arrosean. Gabezia guziak ezabatuak nituen, osotasun batean ulertzen nuen neure izate makurra. Gaztelurantz altxatu nuen burua, ikurriñaren presentzian ixtorio luzearen bukaeraren begiz segurtatzeko. Orduan loaren deiak harrotu ninduen, bizkar-zakua eskuan nuela etxera zaluki zuzendu nintzen. Gaua aharrausika zetorren eta amor eman nuen, biluzi ezinik, ohean etzanik.

        Inguma traketsek nahasi zidaten gogoa. Ostegunean Zentronikon nintzen, gin-kas hurrupatzen eta bakalau musikaren erritmoan dantzatzen, mundua bezain zaharrak ziren erritmoak neuretzen, egiaren errateko. Biharamuna autobusean gastatu nuen, izpiritua debalde eta gorputza arranpaz konkorturik. Iruñeko aldagunean, geltokian berean egon nintzen, Nafarkaria Egunkariako gehigarrian agertzen zen Katalina Etxamendi itoiztar biztanlearen aburuen irakurtzen:

        «Ai, utziko baligute... Azkeneraino erresistituko dugula, hortaz ez izan dudarik. Lanak hasieran daude oraindik eta bizitzan gauza asko pasatzen dira. Nik bakean utz gaitzatela besterik ez dut nahi».

        Joanaren estakurua zen Itoiz eta agian komisaldegian tinkaturik nintzen unean, aitzakia horrekin desagertzea hein batetan barkatzen niola errepikatzen nuen. Zaraitzuarraren ausentzia bezainbat kezkatzen ninduen lotarik, biharko Zeldaren presentziak. Basamortuak hedatzen zitzaizkidan buru-zokoan, izerdi perla tematsuen oroitzapenak, ardo uhargien nostalgia eta eguneroko gristasunaren aurkako oldarrak. Hondarrean desir nuen norbaitek, Uritzentzat bezala, neure memoria harro zezan, eta orozbat norbait hura Zelda baizik ez zen izaten ahal.

        Gogapenen ozka horretan nindagoen larunbat goiz hartan, eguzkia motelki laino astunekin jostatzen zebilenean, Europako terrazan Zeldaren haiduru. Bapatean behialako argitasuna piztu zen, Zelda Xiberoko Ikastolen ator koloretsua soinean hurbiltzen ikusi nuelarik jendez emokatu plazatik. Minutu urri hartan, Radio France Pays Basqueko soinu metalikoen ordez nahiagoko nuen Benito Lertxundiren gaueko ele isilen baladaren bat aditu, hiriko bozgaragailuek biderkaturik, bortu mazelaz mazela ozentsu. Aulkitik zutitu nintzen, bezperako durduzak ezeztaturik eta ausentziaren trukezko presentzia biziki estimatuz. Zelda parean neukala erran nion:

        — Maitea —hitza eskapatu zitzaidan uholde galernazuaren maneran—, aspaldiko!

        — Ez naüzü besarkatzen ere? —galdatu zidan Zeldak, aitorpenaz den-mendreneko harridurarik agertu gabe.

        Isil bulta bat jarri zen gure bien erdian, bizpahiru asteko urruntasunaren izkinen leuntzeko gisan. Elea askatu zitzaidan:

        — Heldu naiz luze ibiliz...

        — Ütz itzazü kantoreak eta emadazü pott bat!

        Zeldaren matela eztian ezpainak pausatu nituen eta gorputzean behera ikara laztana isuri zitzaidan. Zuriñe erregin dohakabeak edatera eman iraganaren saldak bezain on egin zidan Zeldaren aurpegiko larruaren hunkitzeak. Oroimena zainetan neukan: Ibañeta zolan autobusa gelditu zelarik eduki nuen agerrindeaz jabetu nintzen. Dolamenezko auhenak behatu nituen Orreagako kaperatik hegaldatzen, han, harrizko hilkutxaren inguruan mantalet eta kapeletez jantzi ehun emazte adindu zeudela Antso Azkarraren Tuteratik Orreagarateko azken bidaian negarrez. Ehortzetaren miresten ari nintzela, kolpetxoa nabaritu nuen sorbaldan, eztul bi eta ahots lakarra:

        — Urrent ozu gore ixtoria! Zaureki nozu ahamendrikrat! Libertate dei ohek bigoteik altxatzian, ni nokezuz ohiuz, zaure bizi-nahian! Ohit zite ohortzaz! Orai xoan bear zot erresuma bageko herrialdrat... Agur.

        Joanaren antzera, misterioski urtu zen ezpazio magikoan Zuriñe lurraldeaz eta emazte ohoreaz biluzi erregina gaixoa. Bizkitartean Zelda airos, eder, arin eta elekari neukan bixtan. Hasperenka erran nuen:

        — Zuriñe...

        — Zuriñe? Eta Joana?

        Xifriturik nintzen. Nondik jakin zuen Zeldak zaraitzuarra Nafarroa behere hartan gurutzatu nuela? Nik uste nuen geriza itsuak jartzen nituela ixtoria bakoitzaren artean, batak besteaz deus ikas ez zezan. Zirudienez, debaldetan. Galdera hutsetan galtzeko betarik gabe, lainoki eta jeloskeria arruntaren xenderetarik aldenduz, Zeldak segitu zuen:

        — Bai, atzo goizan fatürrak fax bat ekarri dizü etxerat. Bi aste hotan üdürialat ontsa gozatü düzüe alkar! Oizü: irakur ezazü zihauk!

        Fax paperezko gutun meharra eman zidan, eta hitzen kordela xehea mentalki argitu nuen hobendun sentitzenago nintzela:

        «Laztana: pasa diren egunetan zorion frango jastatu dugu biek; Uritzen memoriaren iratzaraztea lortu dugu baiki. Ez nuen erreusitze hori ospatzen ahal zurekin behar bezala. Itoizen akanpada antolatu dute Eguzkiko eta Koordinakundeko kideek. Damu dut zinez. Horrela da bizitza... egin zazu gura duzuna! Estimatzen zaitut paketa: jin zaite ekainaren hastapenean Bardeetako Martxara, Zeldarekin. Han ikusiko gara!».

        Idatzi eleen oihartzunak burrunbatzen zuen nigan; amultsutasuna hurrupatzen nuen eta odola zainetan burbuilaka nabari nezakeen. Ez nekien ateka gaitz horretarik nola atera. Fax mekanika sotilen madarikatzea baino ez nezakeen egin. Bizkitartean Zelda so zegokidan ihardespen arrazional baten haiduru. Justifikazioa mamitzekoa nuen laster, bestela ez nintzen datorren urteko Bardeetako Martxara maite ninduenaren konpainian abiatuko. Durduzatuz ahoa ireki nuen:

        — Badakizü, Erriberan suertatü zeitan inkesta ez züzün aisa, eta nihau ez nündüzün deusetan aitzinatürenko. San Ferminetan atzaman düt Joana Garalda, Itzaltzukoa, aspaldiko ene lagüna!

        Begiak apaldu zituen. Jarraitu nuen Uritzen istripua aipatuz, nola Bardeetan gau osoa iragan nuen, Zuriñe ezagutu eta luze bezain nekos izan zela, landderosa ere bai, zafraldi bi bildu nituela Tuteran, behin ospitaleko atarian eta gero komisaldegian —begira zauri idorrak!— eta hondarrean heldu ginela istripua planteatu zuen Bill kaliforniar inbaldituarekin 'zibilizatuki', hau zen arma kakoil baten mehatxupean solastatzera. Bitxiki, Zeldaren aurrean burua garbitu beharrak, ideiak, denborak eta guneak ozkan jarrarazten zizkidan. Bapatean ulertu nuen ez nuela gehiago Zelda bera abandonatzeko gogorik, armaren erabiltzeak nazka hazten zidala eta lan finkoa kausitzekoa nukeen neskarekin 'zoriontsu' iharduteko. Ene uneko delibero eroaren berri eskaini nion:

        — Zelda, ene libertateak ez dizü zure pairamena balio: serioski lanean plantatüko nüzü.

        — Lanean edo xomajean berdin zitzazüt, eneki egoiten ziren ber —moztu zuen Zeldak neure xede ederren haria—. Aize hegoaren gisa ebilten zira esküin eta ezker, maite naüzüla errepikatzen deitazüt hürrünetik sekülan erresponsable izan gabe!

        Isiltasun taigabea hedatu zen gu bien artean. Behakoa plazara altxatu nuen: turistak bazihoatzin, beltzatzeko krema usaina denetan barreiatuz, aparkalekuetarik zabalduxea zen Maison du Patrimoineraino urriki. Zenbait gorrail ziren, besteak ilun eta azkenak oraino zuri-zuriak. Frantses zerratuak plomuzko zerrailuaz kateztazen zuen Mauleko arrabote alegera, mon pais tropikal ahaide bresiliarrak itsas haraindiko bahia beroetara izpirituz eramaten zituela. Bikoteak eskuz-esku zebiltzan, ondarearen etxearen itzalean musu arinak elkarri emanez, haurrek fresbee ausartez plaza trabatzen zuten eta gida-liburuak erosirik udatiarrak karrika emokatuetan urtzen ziren. Inbazione hitzak kaskoa mailukatu zidan, bahiketa kulturalak gero eta triste sentitu nintzen. Zelda otoiztu nuen, naufrago kolektibo honen tormentetarik salba nindezan, amodioaren estirak leunduz.

        — Zelda...

        — Ertzo nüzü, parka, maite zütüt bai nik ere! —murmuratu zuen eta auzia arras ez latsatua izanagatik, gai-aldaketa ekarri nuen mahai izkinara, zerbitzariak bi porto haboro pausatzen zizkigun bitartean.

        — Nola iragan dira Mauleko besta horik?

        — Mozkor galanta hartürik pürü: egon nüzü bebi-jü txülülatzen gaü orotan; biharameneko belitzea zerbait züzün...

        — Pentsatzen ahal düt bai.

        — Badakizü —irria ezpainetara jiten zitzaion— Mauleko besten antolatze batzordeko nagusiaren gainen kontatzen dela ixtorioñi bat.

        — Ahaa...

        Porto godaleta eztiki balakatzen zuen Zeldak. Misterio bat bailitzan eleen arteko hutsunea markatuz hasi zen erraten:

        — Ostatüz ostatü, zokoz-zoko ebili düzü sosez okitürik den gizon hura, konpainia onean, kontseilüko kideeki hots! eta gisala bost libera berri baizik ez ditizü enplegatü: kafe baten, berearen pakatzeko doia. Hogei zentima galdü ditizü musaren idekitzean!

        — Biba hura! Biba Maule! —kantatzen nuen pastoral entxerretan bezala, algara aberatsaz beztitzen genuela hautetsi zenbaiten zekentasuna.

        Karrikako bozgaragailuetarik Etxahun-Iruri mertzenario ohiaren abestia hautematen genuen:

                jolies filles

                qui frétillent

                dans les bras de leurs chers amants

                farandoles

                qui s'envolent

        — ...les fêtes de Molion, ponpon!

        — Bagutza! —ahozkatu zidan Zeldak, arraileriak aski iraun bailuan.

        Eguteratik zutitu ginen, aurpegi gogorrak, hertsiak, larderiatsuak zituzten jendeen erditik bidea zilatuz. Karrikan, besoa neskaren gerriondoan inguratzeko edo musu baten lepogibelean pausatzeko gutizia zapaldu nuen. Gizon-emazte izan bagina, keinu eztiak zilegituko zizkigun 'giz'arteak eta menturaz txalotuko ere, hainbeste kexu, gerla, sarraski, dibortzio jasaten baitzen, ederra zelako ikustea oraino bakarrek bazekitela elkarren maitatzen. Ez zen etxit gure kasua. Anartean, Zeldaren mututasun mistikoak amodioa xuxurlatzen zuen eta desiraren zizten amiñi bat jabaltzeko, Lamin famatuak saltzen zituen magasinaren paretik iragaitean, Zentronikoko gau zohardian ikasi jota kantatzen hasi nintzaion:

                Iba a la mar y se baña

                Eres como aquel canario

                        que va a la mar y se bañaaaa

                Y con el pico remueve la arena

                        y no enturbia el agua

                La arena y no enturbia el agua

                Y eres como aquel canario

        Zintzurra larrutuz bukatu nuenean, Zeldaren hatsa hurbil nabaritu nuen, aitormen orduetan nola:

        — Ejer düzü: potta nahi düt!

        — Heben?

        — Lotsa zira ala?

        — Joan gitean etxealat.

        Musika xoxolek faltsuki airosten zuten hiriko kaleetan barna, kongeladoreetarik atera eta mikro-uhindun labeetan bero arazi taloak saltzen zituzten denden itzaletarik pasatuz, pegarrak eta makila ferratuak %20ko beherapenarekin proposatzen zizkiguten saltokiei uko eginez, ikurriña neguan mutzutzen eta udan amidonaturik saldei erakargarri moduan erabiltzen zutenen ataletarik ihes, bi hilabetez «euzkaras gira» papertxoak txilintxautzen zituzten bitrinak madarikatuz, Aveyroneko esnearekin osotu herriko ardi-gazna urrintsuak eskaintzen zituztenak deabru izendatuz, Taiwanen josi Mauleko egiazko espartinak birindika aurdikitzeko gogoa menderatuz, bidaia hondar mugetaraino eramaten genuen.

        Mauleko kantonamenduko kontseilari orokorraren animaleko autoaren buhakoak Bidegain lantegi ohiaren hormen kontra zapalastatu gintuen: politikariek ez gintuzten inoiz hatsaren hartzera utziko, batez ere 'euskal' larruaren pean eskuindar amorratuaren haragia agertzen zutenek. Trinkili-trankala, Peko Arrüaren 76 zenbakian neukan bulegora iritsi ginen. Sano eta salbo.

        Etxeko atea ostiko batez klaskarazi nuen, Leninen potreta dardaraziz. Hark ere inarrosaldi onaren premia zeukala erratera nindoalarik, Zeldaren ezpainak nereetan lerrakari sentitu nituen. Ez genuela elkarretarik berezi behar izan zen ukan nuen azken pentsamendua. Erribera zabaldu zitzaidan gogoaren limes zelakoa apurtuz. Bardeetako usain idorrak harrotu ninduen, ibiltaria nintzen, deuseren jabe, etxerik gabe, aditza kementsu eta hitza poeta kaxkarren ezin-aitortuaren oihartzun egile. Dena konpli, ahozka, izkriba zitekeen, hitz egokien laguntzarekin perpausen antolatzeko kuraia kausitzen baldin bazen. Eta bizitzeko nahikunde bortitza, hor zegoen, gure baitan lo, memoria hilaren antzera.

        Uritzen amnesia sendatzeko gai nintzenez gero, nereaz arduratzeko ordua etorria zela iduritu zitzaidan. Erhi punta trebeek norabidea eta betekizuna seinalatzen zidaten. Gau oroz maitale berdinarekin oheratzeko adinean nintzen engoitik.

        Erribera neukan bihotzean, argi eta berme eske. Burumuinetan kokatu basamortuak salbatuko ninduen jagoitik. Distantzia zenbakitu arrazionalak estado zapaltzaileek ordaindu geografoek kalkulatzen zituzten. Hurbiltasunaren mamia, urruntasunean zegoen.

        Zeldaren besoartean nindagoen.

                ... Amorezko pena bañooo,

                Hegan, hegan, hegan, zikoina zeruan.