Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—20—

 

Zentronikoko kanpin arrada beteko edan-gelan kafesnea kroizantekin manatu genuen. Goseak ez ninduen bakean uzten, eta estomaka karrankan dolorez ari zitzaidan. Joanak ahal bezain eztiki hitz lasaigarriak xuxurlatzen zizkidan, baina Jason Gonzalez de Mendavia medikuak eman erremedioak ziren minaren ezabatzeko hoberenak. Ordea, pastila xuriek loeria ematen zidaten eta iratzarririk irauteko, kafe bortitza behar nuen. Noiz behinka, sabelaren zola —ez zen desiraren urrakoa naski!— zilarrezko laban batez sarraskitua nabaritzen nuen: bezperako zafraldiaren ondorio latzak jasaten nituen.

        Kanpineko jabeek gosaltzeko bilduak ziren jendeak gozoki zerbitzatzen zituzten bitartean, Joanaren parean hilotz bezala nindagoen, Lolaren etxean jakinaren laburtzen: gero eta uhargiago bilakatzen ari zitzaigun Uritzen istripuaren inguruko inkesta madarikatua. Funtsean, solasez solas ikasten genuen apirilaren lauko gau hartan zer gertatu bide zen, Argedasko ateetan. Bill izan zitekeen ixtorioaren gakoa, baina nor eta non bizi zen Bill hura? Ikerketa honetan ihardespen bakoitza galde kezkagarri bihurtzen zen. Bukaerarik ez balitz?

        Estomaka orroaz hasi zitzaidan. Joana ikusi nuen zutitzen nere sahetsera hurbiltzeko, eta trenputxar zorian sohakoa, edan-gelako hormetan dilingaturik ziren Erriberako AEKren iragarki koloretsuetan bermatu nuen. Zaraitzuarrak besoetan tinkatu ninduen eta azkenean hatsa har nezakeen. Joan zen neska ordaintzera eta lasterka autora eraman ninduen, eguzki berotik salbatzera. Autoan kokatu orduko lokartu nintzen eta begia ireki nuelarik, jadanik Reina Sofia ospitaleko aparkalekuan ginen. Joanak erran zuen:

        — Artamen beharra baduzu bai zuk ere?

        — Ez naiz hain gaizki. Sabelean min dut.

        — Sendatuko zaitut gaur —gehitu zuen Joanak, autoko motorra itzaliz.

        Erne atxikitzen ninduen musika ere isildu zen.

        Izpiritu barreiatua haiatu nuen, egitekoak zerrendatuz: Uritzi eskatu Bill izeneko gizonik ezagutzen edo behintzat entzuterik bazuenez hasteko. Gerokoak gero noski, nahiz gerotik gerora ibiltzea ez zen sobera baietsia gure herrialdean. Autotik jaustean, konturatu nintzen, zurraldia jaso nuen tokian berean beroak nardatzeko partez, on baizik ez zidala eragiten: amaren sabelerantz itzularazten ninduen. Joanaren hatzetan pausatzen nituen urrats dudakorrak eta halaz heldu ginen Uritzen gelara. Inork ez zigun aitzinamendua trabatu, ez ateko zaindariek, are gutiago sarreratokiko sekretaria panpoxak.

        Uritz bere aitarekin zegoen elestan, gu ganbaraz jabetu ginenean. Uritzen behakoan harridura irakurri nuen, iragan hurranaren memoria bailuan. Ahots ikaratiaz galdatu zigun:

        — Zer nahi duzue oraino?

        — Uritz —ahapezkatu nion—, goazen zuzen harira: zer zen zeneraman maleta hartan?

        — Maletan? Ez neukan maletarik nik!

        — Ai... Ahantzia nuen amnesikoa zinela! Dena dela, egizu indarño bat: maleta hark zer gordetzen zuen baldin badakizu, Billengana iritsiko gara...

        — Bill? Non dago Bill?

        Aitak semearen zalantza sentitu zuen eta lauazkatzera bezala etorri zitzaion, eransten zigula:

        — Bill, gaixoa, kaliforniar mutiko bat da. Duela zortzi urte lazki kolpatu zena San Ferminetan, Navarreriako iturri puntatik saltatzean. Lagunak mozkorrak ziren eta bera ere ez zegoen oso gurbil. Lurrean lehertu zen. Orduz geroztik zangoetarik paralisiaturik dago.

        «Mehexi» asaldakorra marmarikatu nuen nerener, Navarreriako iturritik airatzen zirenak urgulutsu andanatzat neuzkalako, eta denbora berean bitxi zitzaidan, aitasemeek neure zafraldia kudeatu zuena hain ontsa ezagutzen zutelako. Zergatik bada ez nuen inkesta ero hau Bill nor zen eskatzetik hasi? Jakin beharko nuen alabaina hatsarretik Bill horren izatea. Debaldetan zen dena, bidea molde batez egitera derrigortu baininduen Uritzen amnesiak. Aitari buruz bihurdikatu nintzen:

        — Uritzen adiskideetarik da Bill?

        — Bai eta ez —jarraitu zuen Jasonek—. Bardeetan landareak eta hondar erromanikoak aztertzean ardura gurutzatzen zuen Bill gure semeak.

        — Besterik ez?

        — Ez dut uste. Bardea Beltzen maldan egoten da, Antso Abarka geldiunean behera doan xenderan, Santa Engrazian hain zuzen ere.

        — Santa Engrazia?

        Kaskoa bete zorri geratu nintzen. Hazkaroka zerabilkidan gogo lehorra, berdetasunez jaukitu zitzaidan eta Ehüjarren gora ibiltzen itxuratu nintzen: itzalpez itzalpe, ibai kantariaren ertzetik, paradisurantz. Ekain hondarrean Zelda toki kuttunera eraman nuelarik, handik itzultzean haserretu egin ginen Maulera orduko, Zelda nekatua baino nekatuago zelako:

        — Bortüan ebiltea ez zeitala laket! Nahiagorik itxasoan! Ertzo zira Amaia!

        — Ejer düzü Ehüjarre: bizitzearen ikurra...

        — Emazte Mentxak taldekoa zira bai zü —orroaturik, bizkarrez urruntzen segitu nuen Zelda eta iduritu zitzaidan une hartantxe azken aldikoz ikusten nuela amodiora deitzen ninduena.

        Negar ttanka batek busti zidan begia eta erabaki nuen, baina berantegi, ez nituela neure gustu txarrak lagun prosimoetan prosimoenari ere hertsatu behar. Zintzurra korapilaturik tanpis etsitua errepikatu nuen mila bider.

        Joana eta Jason aurrean begiztatzean, berdetasunaren samurtasunak ihes egin zidan, horailari, haize beroari, eguzki sutsuari eta tamariz tustei eremuaren uzteko. Funtsean Santa Engrazia edo Santa Grazia biak kide ziren, bata bestearen osagarri nonbait. Buruhona nahasirik neukan eta erraietako doloreagatik Jasoni erran nion:

        — Billekin mintzatuko gara.

        — Hark ez liro ulu bat kalit —zehaztu zuen Jasonek.

        Bixtakoa zen, paralitiko aulkitan zenak ez zuela deus gaiztorik obratuko. Ordea, obratzea bat zenez, mana zezakeen. Salatzekoa niona Jason zapalduari, Lola erizainak Bill zeritzona kukuxkatu zuela apirilaren lauko gauean Reina Sofia ospitaleko aparkalekuan? Uritzen gorputza zekarren anbulantziarekin batera? Paralitiko kaidera ez baldin bazen izan, menturaz, Lola ez zela ezertaz oroituko, eta gainera Joanak Argedasen gure karroari minguru-zinguruka itzal berdinak sumatu zituela. Neronen sekretuak neuzkala iritzi nion eta Jasoni agertu nion:

        — Agian Bill, Uritzen istripuarekin junta dezakegu. Zanpatu nautenen manatzaile izan daiteke kaliforniar enbalditua. Orduan zeozer gehiago baldin badakizu erran lotsarik gabe.

        Begiak biribildu zituen Jasonek, ezinezkoa aditu bailuen. Zartatzear zegoen. Pariatzekoa zen, erdietsi laidozko telefono-aldiak berriz gogoratzen zituela eta mehatxua beretako ere har zezakeela. Beretako eta oraino suertez bizirik zegoen semearendako. Lotsa bazebilkion zainetan itogarri, hatsanga:

        — Ezin dut sinetsi! Baina, baina...

        — Arma bat beharko dugu —erantsi zuen Joanak, gizonaren destrenpuaren arintzeko bezala.

        So tzarra plegatu nion zaraitzuarrari:

        — Arma bat? Zerendako? Erran dizut ez nintzela Kinsey Millhone: ez naiz pipa animal batekin ibiliko ni gero!

        Joana kexatu zitzaidan brauki, haserreaz gorri-gorriturik:

        — Ez, ez zara Millhone, ez zara Harry inspektorea, are gutiago Ranbo... Uste duzu ala wonderwoman zarela! Bill hori peligrosoa izan daiteke. Arma eramango dugu. Puntu.

        Muturtu nintzen. Armak, denen iduriko sekuritate gehiago ekartzen zuen, baina aldi berean, arriskua ere bai. Nere inkesta txarpilak gaur arte armarik gabe kudeatu nituen, kabale galduen kasuan adibidez, akuilu xixtadun baten laguntza baliatzen nuen arren. Arriskuetan jartzea ez nuen gogoko, ez lanean, ez ikerketetan, ez amodiotan. Ardura nahiago nuen ihes abiatu urrats bat bortxaz egin baino. Nere dudak itxuraz Jasonek partekatzen zituen. Ordea ahozkatu zuen hotz:

        — Etorri neure kabinetera. Han behar duzuena emanen dizuet.

        Jason, Uritzen gelatik atera zen, eta gu haren ondotik, Uritz lotan abandonatuz. Mandoan tematzen nintzen, kasko gogorretarik nintzelako. Joana trankilago zebilen, eta hain anple agertzean, espero nuen colt baten maneiatzen jakingo zuela. Pentsamendu horiek neuzkan buruan ospitaletik Jasonen bulegorainoko bidean.

        Eguerdiko eguzkiak zuzenka jotzen zuen, lurra, esperantza eta biharra errez. Basamortu desiraz nindagoen, hondarrezkoak edo haragizkoak. Errauts-ametsetan nintzelarik, ilargi marra uhargiak sohakoa bahitu zidan, memoria leku batetik bestera garraiatuz. Ixtantean Tuteratik Maulera zein Atarratzera banindoan hitz soil edo agerpen hutsak tiriaturik.

        Jasonek gure herotsak entzun zituzkeen eta kontsultaz haratagoko gune batetarik deitu gintuen:

        — Aurrera! —kantatu zigun eta emeki-emeki ilunpeari ohitzekoak ginen, kanpoko argitasunak itsuturik heltzen ginelako.

        Argiturri ubelak irentsi gela batean aurkitu ginen. Han, Jason, tegia irekirik, guretako egokiena zen armaren hautatzen ari zen, pausatuki mintzo zitzaigula:

        — Hau, Nevadan artzain higatu otto Pettek hiltzean oparitu zidan winchesterra duzue! Beti gatazkan ari ziren, omen, ardi eta behi zaintzaileak, eta ottok idazten zidanaren arabera, koioteak oihuka edo rattle-snaken zintzarradak hautematean, arma honen kanoia tinkatzen zuen, zenbaitek Biblia baino fermukiago.

        Amerikaren aipamenak airosten zidan memoria-zoko zimeldua. Euskaldun orok nola, nik ere lehia bakar bat neukan: Baionan untziratzea, New York pareko Rhodes islandera heltzea, berrogei eguneko 'bahialdiaren' ondotik Trans American Railwaysko trenean aterbetzea eta arratsapal uhargi usaintsuan Arizonako desertuko geltoki herdoilaturen batean jaustea, goseak hilik, zorriz hanpaturik eta irauten ikasirik nukeen. Koioteen deiadarren beha iragango nuke gero, gauaren hondarra.

        Bizkitartean, Jasonen armen bildumak ez ninduen Joanak bezainbat interesatzen. Amerikak! Billek zekarren landderra ere amerikanoa zen. Ainindeza estralurtiarren nuklear hatsak hurrupa, Fox Mulderren arrebaren gisa, Bill amerikanoak zekarren landderretik xixtuan urrunduz. Baina horrelakokeriak Minesotan baizik ez ziren gertatzen, eta Jasonek bere kolekzionea komentatzen zarraikan plazer izpia ahotsean, Joanaren ardura sustatuz:

        — Arma bolboradun hau aitatik semera pasatu da bost mendez gure familian. Nafarroa kolpatu duten guzien aurka erabilia izan da. Baina zuentzat honako hau aukeratzen dut: aitonak Gares aldeko Gamazadetan honekilan tiro egin zuen. Arina da, zehatza eta ekargarria.

        Joanaren eskuetan jarri zuen eskopeta traketsa Jasonek. Keinu latza marrazten zuen neskak arma haztatzean: zinez pizua zirudien. Laster, colt arrunta deitzen nuena neure ahurretan zegoen. Armaren oin izoztuaren atxikitzeaz harritu nintzen. Jasonek gehitua entzun nuen:

        — Horrela, hobeki ibiliko zarete! Kargatua da!

        Coltarekin zinominoka hasi nintzen: altxa, apal, gora, behera, ezker, eskuin, Jasoni eta Joanari buruz aldizka, oharkabean armaren mihia kilikatuz, esplikatzen ez nekiela colt baten erabiltzen, ez nintzela kapable bi metrotara elefante baten ohiltzeko, ddestuka, bi kideen begirada larritua ulertu ezinean. Azkenean, Joana atrebitu zen:

        — Amaia... Kasu... Sugizu... Hilen gaituzu. E... Madazu arma hori fite!

        Ez zidana medikuak errana arma kargatua zela! Nihaur konturatu nintzen armaren arriskuaz eta zurbaildurik, Joanari luzatzeko partez, Jasonek coltarekin batera eskaini zidan larruzko opotsean gorde nuen. Eskuen danbara jabaldurik, besapean jagoitik neraman opotsari usatzekoa nintzen. Jason eta Joanaren zainak hustu ziren. Joanak debaldezko balentriak moztu zituen:

        — Goazen Santa Engraziara!

        — Zerbait jan beharko nuke —ohartarazi nion inoxenteki—. Badu hogeitalau oren ez dudala deus ahoratu!

        — A zu! Muskarian bazkalduko gara beraz.

        Medikuak xantza on desiratu zaigun, eta kontsultako ate berezia hertsi zuen. Destinuaren meneko ginen hemendik aitzina. Gibeltzerik ez zegoen: Billekin hitz egin ondoan, agian Uritzi zer gertatu zitzaion jakingo genuen eta partikulazki maletaren misterioa argituko genukeen. Sekretuki, Gaztanbiden gora Parte Zaharrera bideratzen ginenean, espero nuen Bill hura baba cool saldoko norbait zatekeela. Joanak aldiz, airarazten zituen eleen arabera iduri zuen gerlara abian zela: Santa Engrazian egitekoa Clausewitch taktizianoaren hitzekin azaltzen zidan, irri gogoa nigan piztuz.

        Tuterako parte zaharrean sartzean, ekia itzal bila zebilela ikusi nuen goratasun gehiegirik ez zeukaten teilatuetan zehar. Beroak ontzen zidan izpiritua orain, eta eguzki leinuru bakoitzaren bidez erraietako doloreak ahanzten nituen. Egiaz armaren jabegoak sikologikoki itxuraldatzen ninduen eta beste norbait nintzela sentitzen nuen: segurrago, azkarrago, ausartago. Ordea, plantan kalkulatzekoa nuen noiz eta nola atera Jasonen familiako oroitzapena.

        Muskaria zeritzon ostatuan pintxo urintsuak klikatuz eta irratian jotak lerratzean, nabaritzen nuen ezkerreko bularraren aldamenean armaren fereka hotza. Zerbitzariak baso biribiletan ardoa banatzen zigun eta airostasun aieruak bete ninduen: Jose Jarauta 'Joselico' Monteagudoko laborariak Gamazaden garaian sortu jota baten oihartzuna jin zitzaidan gogora:

                Vivan las cuatro provincias

                Que siempre han estado unidas

                Y nunca se apartarán

                Aunque Gamazo lo diga!

        Begirada iluminatua bota nion Joanari. Hala zen alabaina: lau probintziak, edo seiak, edo zazpiak, edo gaur egun bezala, hemen bat, bestea hor eta gaineratikoa han nonbait, mugaz bestaldean, zatikatuak ginauden. Independentzia osoa atsolutoki guretzekoa genuen.

        Besapean neraman colta lekuko.

        Edanik eta aserik.