Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—16—

 

Lurra jadanik ilunak bereganatua zuen, lohorditik iratzarri nintzenean. Joanak eztiki gidatzen zuen eta pausatu ahal izan nintzen lasaiki. Banuen segur beharra: bezperako zeruen altzairu urdin koloreek eta eremu hutsen idor-usainek bildua ninduten, izpiritua bekaizki gatibatzeraino. Begiak zerraturik eraman denboran euri zaparrada hotzak imaginatu nituen eta itsas ertze mugagabeak hiri batetik bestera hedatzen.

        Lantzer samurren nahikundeak salbatzen ninduela errepikatzen nuelarik nerener, Joanak abiadura urritu zuen justo-justoa Arguedas idatzirik zeraman bide-seinalearen parean. Behin hola, denbora-pasa, hostokatu nuen entziklopedia mardulean, hiriari buruz irakurria jin zitzaidan gogora. Ospea herriari, inguruz inguru zeuzkan harkaitz biluzietan, aitzinako jendeek aterbe gisa, berentzat edo uztaberrientzat egokitu hartziloetarik zetorkion. Zaraitzuarra osoki bipil zegoen eta 'survival operation' zelakoaren kudeatzeari ekiten zion, nere ordez:

        — Goazeman Ongarrira. Han auhalduko gara biok maitea!

        — Tenorea dugu bai. Zer da Ongarri hori?

        — Ongarri, Argedasko euskaldunen eta euskaldun-nahien biltokia da. Goazen orain, gaua gainean dugu!

        Oroitu nintzen XII-XIII. mendeetan galdu zela euskara leku hauetan. Irri gutizia neukan, konturatzean, katea herdoilak irentsiagatik ez zela sekula puskaka hausten: mintzoaren oihartzuna desagertzen zen tokietan gogoa bermatzen zen, nekezia ainitzen erdi-minetan, baina bermatzen zen, memoriaren harrogarri, betidanik euskaradun izan ziren guneetan bezain edo baino sotilago. Memoria? Hitzak kasko-zokoa inarrosi zidan: inkestarako oldarkunde berdina desiratzen nuen. Arrats honetan, itxuraz, Uritzen amnesia ahantziko nuen, zerbait finkotara helezina eta Ongarri biltxokoan zainak lasaituko zitzaizkidalako esperantza neukan.

        Joanak autoa plaza biribil batean aparkatu zuen. Jautsi ginenean, neskak segurtasun atsolutozko musu bat eskaini zidan eta ixtant batez zoriona —ala beldurra?— hedatu zen nigan. Soak alde orotara barreiatzen nituen gero: Argedasko etxe horailak eta karrikak, Bardeetako larrazkeneko edo udaberriko haize ertzoak airarazten zuen errautsaz estaliak bezala ziren, eta azken egunetan nola, sentitzen nuen nihaurek ere, larruaren irekiduretan pausatzen zitzaizkidala basamortuko lur-pikorrak. Ortzean ageri zen, erre gintuen eguzkia sartzen, gorri, sutan, zirkulu perfekto. Gaua zohardi eta urdin-latz zatekeen. Laupabost zikoina xuri-beltz, ahamenka, zirurikan zebiltzan gunearen abandonu sentimendua izarrartean alegeratzeko asmoz. Bide nagusian iragaiten ziren auto zenbaiten herotsak baizik ez zuen ilunabarraren isiltasuna apurtzen.

        Karrikako bake iduripenetik, Ongarri jendetsuan kokatu ginelarik harriturik egon nintzen, eta ez bakarrik gerrian Joanaren esku-ahurra beroki balakari nabaritzen nuelako. Alabaina, zurezko kontuarrean biltzen ziren durduzaz eta kemenez euskaraz edatekoaren manatzen saiatzen zirenak, gizon eta emazteak; haurrak lasterka hara-honaka jautzika ibiltzen ziren, oihu eta kantaka. Zintatik, Potato taldearen reagge airosa entzun zitekeen: «En Vitoria-Gazteiz donde hacen la ley, capital artificial de un pais singular...», barnean zegoen alaitasunari uztartzen. Joanak gauza seriosetara lerratzeko ordua zela jujatu zuen:

        — Zer hartzen duzu?

        — Ardo bat. Hemen Erriberan ohartu naiz, biziki ona zela.

        — Gorria ala beltza?

        — Gorria. Omenalditik edo Kaskanteko Malon de Etxaidetik.

        — Ezagule fina —marmazikatu zuen eta ostatuan zerbitzu-txandan zenari manua luzatu zion.

        Haiduru egon ginen, musikaren hariari josirik elkarri beha. Joanaren begietan dilindatu nuen biharraren esperantza zilarra, sabela amodioaren deiaren labanak larrutzen zidan bitartean. Hasperen bat askatu nuen, eta neskaren besoartera ez erortzeko, Zeldaz kezkatu nintzen: basa baten antzera irauten nuen, larrua lur purruska lehorrez horniturik, herririk herri ninderamaten harremanen zapping erraldoian zinpurtzen. Argi baino argiago agertu zitzaidan orduan, Uritzen memoria osatu ondoan, nere Zeldarenganako lehien zerrenda oinarrietan sendotzekoa nuela. Baina gai bakoitza bere aldian.

        Zinikoa bilakatzen nintzen berriro eta nere kezka txilintxau geratu zen, Joanak ardo-godaleta buru-kolpe deigarriz ezpainetarazi zidanean. Hurrupa freskoa irentsi bezain zalu, mundutiar indigena sentitu nintzen, ez nuen ondorioz inoren beharrik. Ongarriko bideo-pantailan Negu Gorriak-en Herrera de la Manchako kontzertuaren erakusten hasi ziren, eta segidan, Gaztelako lautada desolatuen abendu hondarreko hotza hezurretan sartu zitzaidan, defentsa-pertsonalerako eraiki murrailak oro deseginez: «Hemen izango bazinaaa...» errepikatu nuen taula gainean nehon ez zegokeen kantariarekin batera. Joana, jasaten nuen trenputxarraz konturatu zen, dudari arte izpirik gabe erran baitzuen:

        — Hara Kepa! Bardeetako espezialista, Itoiz koordinakundeko partaidea! Presentatzen zaituztet.

        — Alo...

        Kepa zelakoarengana eraman ninduen Joanak. Aurkezpenak alegeraki egin zituen neskak eta hiruak triki-trauka solasari lotu gintzaion. Kepak omen ontsa ezagutzen zuen Uritz eta bazekien Ospitalean zela momentu honetan: elea arduratzen gintuen ildora plegatu genuen.

        Uritz eta Kepa, biak ibiltzen ziren Bardeetan hedatu aztarna prehistoriko eta erromanoen ondotik. Lurralde gazi apaletako loreak eta abereak ikergai zituzten, besteak beste. Kepak aitortu zigun baita ere, militarrek arrestatu artean libro, Uritzen moldean intsumisioari emanik zela. Egunak zenbatuak zituen eta aipatzen zizkigun Iruñeko kartzelan jadanik giltzapetuak ziren bere borroka-kideak.

        Kepak ardo-bolada bat gehiago eskatu zuen. Burumuina malgotzen zidan ardoak eta Kepak kontatzen zigunaren limarrik galtzeko xederik ez nuen. Mutikoak bitxi kausitzen zuen Uritzek pairatu istripua, eta urratsa doi-doia eskas zen, atentatua jasan zuela pentsatzera heltzeko, Keparen arabera. Ideia ederra eta xinplea zen.

        Baina nork nahi zuen Uritz bizigabetu? Kepak hipotesia zenbait aitzinatu zituen: armadak?, polizia sekretuak? Nehork ez zuen begi onez ikusten ipar eta hegoaldea hunkitzen zuen intsumisio oldarrak Erribera bere zezan. Iturri ofizialei zegokienez, Erriberan ez zen euskaldunik eta gaineratiko herrialdeetako praktika politiko guziak Erriberan zutabe ez zitezen, sistemak oztopo gaitzak jartzen zituen:

        — Hiltzeraino? —ahozkatu nuen Keparen haria moztuz.

        Zergatik ez segurtiaz arrabildu zuen zelako haria orratzaren zilora. Ofizialki Erriberan denak espainolak ziren, edo izpiritu zabaltasun zerbait adierazteko moduan, judu-mauregi-espainol. Euskalduntasunak ez zuen beraz neholako biderik hemen. Keparen hitzak hautematean, gogoratu nintzen Paueko erdi-aroko historia irakasle baten Nafarroari buruzko agerpenetaz: juduak, arabeak eta kastellanoak zituen arbeleratzen, eta umore onean zelarik, mihi motelez, nafartarrei leku izpia zilegitzen zien. Haren iduri zientifikoki ez zen sekula euskaldunik egon Nafarroan. Ideologia baten eramaile izan ez balitz agian, erakasleak XVI. mendeko Joan de Aminduzeren euskarazko olerkia irakatsiko zigun. Baina Historia Ofizialean ideologia zen nagusi, eta hala bereizten gintuzten, bata-bestetik arrozten, eta menderen mendeetan gureak ez ziren hizkuntzetan eraiki behar genituen elkartasunerako zubiak, Ebro gaineko Antso Azkarrarenaren antzekoa, burdina biluzizkoak.

        Ahalgea ezabaturik, Joanaren bilairea amultsuki musukatuz, gorri bolada bat gehiago mana —eta ordain— zezan gomendatu nion. Beha geratu zitzaidan:

        — Mozkorra zirate.

        — Justo. Arraila. Horditua. Etendua. Baketua.

        — Ederra zara... —xuxurlatu zidan Joanak, eta neskaren gezurrak maite nituen, Uritzi zer agitu zitzaion ezin zilatuz nindabilan une honetan.

        Hiru baso xumeak arradatu zituen anartean kontuar gibeleko gizonak, eta ikusi nuelarik zaraitzuarrak mila pezetako billetea ateratzen zuela, salbatua nintzela kontsideratu nuen. Uritzekin bilatzen zituen aztarna prehistorikoetara bideratua genuen Kepa:

        — Kortesko atalaian bi mila hilkutxa aurkitu ziren eta hemen berean, Kastejon eta arkeologoek Argedasen atzeman zituzten brontzegaraiko lehen akanpamendu galantak. Badakizue Trasimeno italiako Onbriako guduan Hannibal gudaburu punikoak vascones zenbait eraman zituela Caius Flaminius kontsul erromatarraren saldoen suntsitzen laguntzeko? Jesukristo sortu baino lehenagoko 217. urtean pasatu zen bataila hura. Erriberak oso harreman onak zeuzkan Kartagoko botereekilan. Gero, erromatarrak etorri ziren eta Sertoriusen denboran hau guzia ager vasconum deitzen zen. Lurraldeari Muskaria deitzen zioten tokiko biztanleek.

        — Muskaria Tutera zaharra zela uste nuen! —galdetu nion isilezina zen Kepari.

        Leku frangok deitura hori zeukala ihardetsi zidan, eta orduan pentsatzekoa zela herrialdea ere horrela izendatzea iraganaldi urrun batean. Erantsi zuen:

        — Egia da erromatarren menpean Tudela villae soila zela, eta ondoko urtesailetan Erriberako hiri nagusia bihurtu zen. Afalduko gara ezta?

        Keparen orainaldira tipustapasean erortzea bitxi suertatu zitzaidan. Ardoaren dirdirak liluraturik, Erriberan lehenago zebiltzen armadak bata bestearen ondotik ibiltzen asmatu nituen: puniko larru-beltzak, erromatar urgulutsuak, Amrus lbn Yussufen Tudela hiriaren garaitzailearenak, gaiteroak iragarle, Gaztelako erregearenak Nafarroa zitzifrikatu zutelarik, Blokus Kontinentalaren segurtatzeko Napoleonen frantses armadak eta, azkenik, Mola generalaren gizon odoltsuak. Gerla beti gerla, eta gaurko gerilla bukagabea: Nafarroa, eta orozbat Euskal Herria, betidanik bere nortasunaren zaintzeko gudukatu beharrean izan zen.

        Ni ere orainaldiratu nintzen emeki-emeki, eta baliatuz Joana, alaitasun keinu handiak marraztuz jende talde batekin elestan ari zela, Kepari eskatu nion:

        — Aireko bat zartatu dea, Erriberan, apirilaren 4 hartan?

        — Ez dut ezer jakin. Ez dakit nola esplika Uritzen istripua!

        — Ez nauzu asko laguntzen.

        — Ahal dudana dagit. Afaltzera! Migak apailatu dizkigute!

        — Migak?

        Erakusten nuen ezjakinkeriak nahasi zuen Kepa. Joana, tarrapataka jin zitzaidan zehaztapen zenbaitekin, Keparen lasaigarri. Neskaren arabera, Bardeetara artzainak eta ardiak trumilka zetozenean gisala, bizimolde xuhur baten eredua osatu zuten eta ohizko nomadei eskumenean zeuzkaten apurrekin afariak kozinatzea laket zitzaien. Ogi-mamia xehekaturik, txorizoa, margarina, pantzeta, oliba olioa, tipula, baratxurua eta gatza biribilkatzen zituzten zartagin batean. Mahats molkoak bihikatzen ziren ekia txabolan sartzen zela, ardilanak bukaturik, ase ederren egiteko lehiarekin. Joana, artzain ADN katearen eramailea bera, ezin ebakia zen gaiari zegokiola. Ausartu nintzaion:

        — Eta ona da?

        — Bai noski. Gaurregun migak supermerkatuetan eros ditzakezu. Argedasko Floristan harategikoek aurradelaturik. Biziki onak dituzu. Zure artzain-nostalgiak katestatzen zaituelarik, hozkailua ideki eta «Migas Floristan - Tipo Bardeneras - Calentar y Servir». Adiskideak adiskidetzen dira migekin, ardo ezti batekin bezala.

        — Dakust.

        Mahai luzean jarri ginen. Ongarri biltxokoko sukaldetik zartain handi batean, ketan, dir-dir, miga horailak ekarri zizkiguten, sutondoan txistorrak erretzen ari zirela. Usainak hartu orduko, gosea nabaritu nuen eta ingurukoen maneran hasi nintzen atseginez jaten. Gozoa zen. Bortitza zen. Lurralde minbera eta ainitzetan zauritu honen parekoa ahosabaian.

        Biltoki hertsi tepoan herotsa goihenean zegoela, sukaldetik bere amaren gibeletik, hiruzpalau urteko neskato ttipi, bixi, sotil eta bihurri bat kantan hurbiltzen miretsi nuen. Ile beltx laburrek aurpegi biribila alaitzen zuten. Begiak ere ikatzaren idurikoak zituen. Nere sahetsean beldurrik gabe ttottotu zen. Ezpainak bihurdikatuz galdatu zidan:

        — Nor zaraa?

        — Amaia ni... Eta zu?

        — Zuriñe.

        Esku xeheak arropa urdinaren pleguan biribilkatzen zituen. Irriz karkazailka ari zen oihuka «Hau Amaia da! Hau Amaia da!». Neskatoko beltzaranaz maitemintzen ari nintzen arraro zitzaidan arren handiekin erdaraz eta umeekin euskaraz solastatzea. Euforia uholdeak zeharkatu ninduen. Ardoaren eraginez agian! Bardeetako gauetan eta Uxuen gurutzatu Zuriñe Nafarroako erreginaz oroitu nintzen. Haurra altzoan jarri zitzaidan eta lurrik gabeko erreginaren historioaren kontatzeari ekin nion:

        — Duela bost mende, Peñaflor gazteluan bakardadez erotu zen Zuriñe printzesa. Mosen Pierres Peraltako kondestableak han zerratu zuen, infidel izan zitzaiolako. Gaixo Zuriñe.

        Zuriñe gaurkoak ez zituen nere agerpenak segitu, eta bereari balitz bezala, kanta baten entzunaraztea proposatu zidan. Boz ahulez, ostatuko harrabotsean altxatu zen Euskal Herri osoko ikastoletan ibiltzen ziren haur guziek ikasten zuten lehen abestia:

                Pinto, Pinto gure txakurra da,

                Pinto bere izena du

                Txuri-beltza da ta ez du ausikitzen

                Begi bat ixten du jostatu nahi badu...

        Txaloka lehertu nintzaion. Matelan pott bat pausatu nion. Jota zaharra eskainiko bailuen, eskuttoak gerrian plantatu zituen, lan ontsa egina irudikatuz. Gero, airoski amarengana joan zen eta honek etxeratzeko tenorea gertu zegoela ulertarazi zion. Ama-alabak Ongarriko zaratatik desagertu ziren.

        Joanaren ondora abiatu nintzen. Trenpu gaitzean zegoen, migaz ase ondoan. Belarrira erran nion:

        — Goazen Tuterara.

        — Zertara? Ez gara ongi hemen?

        — Baiki, baina amodio-minez niagozu.

        — Mozkorra zara. Eta Zelda?

        — Gerokoak gero. Arren, neska, goazeman.

        Zaraitzuarrak, egin nuen bezalaxe funtsean, ardo hondarra azken ttanttaraino hurrupatu zuen eta bere lagunak, Kepa barne, oparoki agurtu zituen. Zur eta lur nindagoen, nere borondateak ez baitzuen inoiz horrelako ondorio presaturik erdietsi. Zoriona zena nitan hedatzen, Erribera hotzikaratuan nola?