Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—15—

 

Uxueko Andramaria elizako erdiaroko horma azkarren itzalpe freskotik ilki nintzelarik, Zuriñe erregina deserrituarekin solastatu ondoan, lozakar batean bezala nindagoen, denborak eta lekuak elkarren baitan urtuak izan bailiran. Halatan, neke zitzaidan Joanaren haiari zuzenki ihardestea. Begiak, elizaren zutoinondo zizelkatuetan lerratzen uzten nituen, harrizko mahats molkoak jastatzearren. Beti harrigarri zen, orainaren zurrunbilora nola jautz egiten zuen iraganak.

        Ekitoltzean ginelarik berriz, oroitu nintzen entziklopedian behin irakurririk Uxue, Uxua ere izan zitekeela, eta hiriska, eguzkiaren kilika madarikattuak zaintzen zuela, Mikel Laboaren kitarra soinuak bihikatu «Uxua udan» melodiak nostalgiaz eta geldotasunez bete ninduen. Joana, aitzinean bazihoan lerden, eta nik, atzetik, historia bipiltzen nuen nerener: Napoleon higuingarriaren garaian, armada frantsesek Uxue xehekatu zuten; bazena soldadoen artean Baigorriko edo Garaziko gizon iletsuetarik? Galdera agortu zuen beroaren ziztadak, eta pentsuaren debaldeak baztertuz, xumeki, Joanaren urratsean finkatu nituen nereak.

        Herri tapalakatutik kanpo bizi zen beraz Migelin artzain bardeneroa, Galipentzuko norabidean, oilategi baten ertzetik pasatuz, ostatuko emazteak Joanari eman xehetasunen arabera. Metal arinezko aterbean, lumakiak kikirri-kakarra airosetan hautematen ziren, poalla ugari metatuen pixa urrin hezeak airearen idorra bulkatzen zuela. Joanaren parera haupatu nintzen.

        — Hau zinezko oilategia!

        — Baa, euskal herriko 'oilategi literarioen' antzekoa.

        — Justo! 'Oilategi literarioak' kirats berdina baldin badu, ez da estonagarri, delako gizon handi hura friuntan agertzea, noiztenka!

        — Zuk esan! Bada bai gure literaturan oilanda gazte moko fier soberaxko, oilarrak bakean lo egin dezan!

        Zeru urdinegiari so geratu gintzaizkion, irriz, ñiñikak zurbail eta larruak ikaran. Denbora erreal bihurtu zitzaidan ondorioz, eta Migelinena zatekeen borda erdi-hautsira heltzen ari ginen.

        Ongi-etorri gisa, zakurrak bi zaunka erlastu eskaini zizkigun. Harriz eta Erriberako lokatzez altxatua zen txabola. Hegatza aldiz kañaberaz ehaindua zen, eta teila arrosez estalia. Inguruz inguru, sumur lodiek sustengatzen zuten aixolbea. Ordea, ageri zen, bazela aspaldi jabeak ez zuela etxea konpondu: bazter orotan poxuluan ziren harri eroriak, haize ertzoak lerrarazi errautsak eta hautsak; oinarri zenbait jadanik dudan zeuden. Zakurra isilduxea zegoen. Barnetik, leihoak hertsirik izanagatik, irratian pasatzen zen zangobaloi partidu baten oihartzunak aireratzen ziren. Besterik ez zen entzuten.

        Txabolaren sargiara hurbildu ginen. Marraka bat hauteman genuen. Lotsak harturik, elkarretaratu ginen. Zer zitekeen bada? Etxearen gibelaldera zuhurki bideratu ginenean, pazoin bati loturik ahuntz mehakoila ikusi genuen, lasaiki, sabina hostoak martzilikatzen ari zena. Ahuntza, begiak biribildurik beha egon zitzaigun, eske bezala. Gogotik iragan zitzaizkidan Bardeeri buruzko liburu ia guzietan azaltzen ziren artzain eta ardi-saldo oparoen argazkiak: haietan gehienetan, bizpahiru ahuntz zenbatzen ziren, ardien gidatzale eta gau-apalean biltzale. Artaldeak, udaberrian lorios itxuratu nituen, Bardeetan loratzen ziren mila lili edo zuhaixka motaren jaten, hara-honaka, jautzika, unerik zoriontsuena bedatsea bailitzan. Bardeak primaderan tipus-tapasean kasik urik gabe orlegitzen ziren, berdearen ehun doinuak haizearen huxtuak iratzarririk.

        Migelinen txabolaren atzetik, Uxueko eliza ortzaizaren jabe miretsi nuen eta udak min egin zidan. Joanaren eskua nerean tinkatu nuen: izerdiak nahastekatu ziren, biak 'montañesak' ginen alabaina, eta zail baino zailago zitzaigun Erriberako bero dorpeari ohitzea.

        Buru-keinu batez elkar ulerturik, Migelinen bortarantz itzuli ginen. Egur erre urratuan hiru kolpetxo ozenarazi genituen. Erhi sotil batek irratia apaldu zuen, eta duntzetan atea ozendu zenean, animaleko gizon zardai iduriz flako batek sarrera luzatu zigun:

        — Aurrera —erran zuen Migelinek.

        Ezpain trinkoek farre bat marraztu nahi zuten, baina kezka ezezagunak irrirainoko bidea debekatzen zien. Ilunbean kausitu ginelarik, gizonak durduzaka galdegin zigun:

        — Zertara zatozte?

        — Migelin artzaina zara?

        — Bai...

        — Aspaldian zure bila gaituzu —aitortu nion—, apirilaren lauko gauaz oroituko zarelakoan.

        — Jar zizte hor berean!

        Piñu usaintsuzko mahaia erakutsi zigun. Gainean, desordenuan, Diario de Noticias bat zegoen, gaizki tolesturik, eta haren ondoan, bezperako entzierroaz argitaratu zuten eranskin berezia: amerikano gazte bat larriki zauritua izan omen zen: odoletan, hesteak airean ageri zen egunkariaren azalean. Desgostuak erraiak bultzatu zizkidan eta ahur ikaratiaz, eranskina izkina batera aurdiki nuen. Gohaindura gainditzearren, begiak gero, neguko gau karroindatuetako sutegi hondarretara lehiatu nituen: ezpal ikaztuak, kedarra sahetsetan, eta gerrena plat! Su abandonatuaren altzoan kostillak, pantzetak, txistorrak eta baratxuriak kiskailtzeko burdinazko tresnak dilindan zeuden, ordu egokian erabiltzekotan. Kanpoko beroa ez balitz, bake hotzaren itxura ematen zuen Migelinen sukaldeak. Migelinek preseski, isiltasuna ebaki zuen:

        — Zerbait edanen duzue? Ardaue? Ure?

        — Ardo xorta bat bai —ihardetsi nion, freskurak jada gorputza beretzen zidala ohartzean, Joanaren besogainean pausatzen ari zen oilo-larrua kontutan hartuz.

        Golkoaren trabatzera jin zitzaidan 'oilategiaren' metafora uxatu nuen, eta Migelinek basoak ardoz betetzen zituen artean, artzainarentzat neukan eskaera zuzena errepikatu nion:

        — Apirilaren lauko gauaz oroitzen zirea?

        Gizona mutu egon zen. Basoen kristalak eta botilaren tutunak elkar joka zegiten kuska-musika uhargia baizik ez zen aditzen. Desesperatzen ari nintzen, banekielako ez nuela gizonaren mintzatzera bortxatzeko ahalmenik. Joanaren aurpegian laguntza zerbait bilatzen saiatzu nintzen, baina debaldetan, neskak 'gaiaren bihotzetik' oso urrun zirudielako, Itoizko balizko uretan itorik bezala.

        Hitz-eskasiak iraun zuen. Indar guziak bildurik, artzain adinduaren ahotsa bapatean argi altxatu zen:

        — Bai, gau hartaz ontsa oroit naiz. Argedas gain haietan nintzen ardi saldoarekin. Ilargia gora zen orduan zeru zoruan. Erriberako argizagia, mauregiek utzi daukuten irudia badakizue! Eta...

        — Eta?

        — Argedastik Tuterarako bide puska rekta hartan auto bat entzun dut, ziztu bizian zetorrena Tutera aldetik. Gune horretan, autoak abiadura handian ibiltzen dira: zenbaitek ehunta larrogei baino gehiago egiten dute, eta ez da harrigarri...

        — Zer?

        — Harrigarria zen kotxea ezagutu nuelakoan: ardura Bardeetan erromatarren eta historia zaharreko aztarnak ikertzen dabilan Uritz Gonzalezena zen. Uste dut, hark ere, neure ardiak ezagutu zituela eta azkenean nintzen patar zolan gelditzeko asmoz autoaren abiadura baraxten hasi zen. Orduan...

        — Istripua?

        — Nola dakizue hori zuek?

        — Segi...

        — Nonbaitik heldu zen suzko bola bat lerratu zen larraitzean, autoa mila zatitan hautsiz eta errez. Zurezko bihurtu nintzen. Xalori manatu nion artaldearen zaintzea.

        — Nor da Xalo?

        — Nere txakur maitagarria, eskerrak nerekin dudala, xahartzen ari naiz orain. Beraz, ardiak Xalorekin utzirik, erabaki nuen biderantz abiatzea, laguntzarik edo behar baldin bazen istripuaren lekuan. Malda apurrean behera jautsi nintzen, gaua izanez erreposki, eta hondarrean, ez naiz lehen bezain zainarta, istripuaren unera hurbildu nintzelarik, ez nuen deus berezirik ikusi.

        — Ez zira nehorekin hortaz mintzatu? —galdetu nion, Migelinek azalpena bururatu zuenean.

        Ixtant batez artzainaren txabola hitzuts bilakatu zen. Gizonak ordea aski laster solasa askatu zuen:

        — Ezetz! Nola nahi duzu? Pentsatu dut geroztik amets gaizto bat egin nuela, nekatua eta zaharkitua nintzelako, eta ez diot inori ezer aipatu. Doi-doia bitxi kausitu dut, Bardeetako Erronkariarren kañadan zehar Uritzen ez gurutzatzea, baina gazte lanpetua ere zen, ixtudioak, irakaskuntza. Egunkarietan bestalde ez dut deus irakurri horri buruz. Gero ardiak Zaraitzura eraman dizkidate eta ni hona jin naiz udaren iragaitera. Uritzi zerbait agitu al zaio?

        Migelini egia zor nion. Eleak ongi ahozkatuz, azalpen zehatzean urtu nintzen:

        — Bai, Tuterako ospitalean da, apirilaren lauaz geroztik, memoria oso galdurik. Istripuaz ez da den-mendrenik oroitzen. Suzko bolaz bai haatik.

        — Gizagaixoa! Arrokagainetik jaitsi naiz eta han bidean, ez dut fitsik atzeman. Alta, ez naiz ertzoa!

        — Ez, bixtan dena.

        Erriberri inguruko mahastietako ardo kantariz bete basoa ezpainetaratu zuen Migelinek. Zintzurrezurra igika nabaritu nion. Hurrapa ozentsu baten ondotik, hitza soltetu zitzaion:

        — Nola jakin duzue lekuko nintzela? —kezkatu zen artzaina.

        Erran nion, ahal bezainbat lasaitzearren, Uritzek zuela bere eri-ohantzean «Migelin artzainak dena ikusi du» etengabe errepikatzen.

        Gutien ustean, gizonaren aurpegia alegeratu zen:

        — Orduan, nitaz ohartu da. Bazekien gauaz Argedas aldera hurbiltzen nintzela.

        — Zer zen suzko bola hura? —galdetu nuen hondarrean, aspaldian golkoan traban neuzkan aditzak erabiliz.

        Buruko bilo urri zurituak harrotu zituen Migelinek. Hasperenka higatu zen, durduza nagusi:

        — Ez nekike! Ez dut herots bitxirik hauteman, salbu kolpe izugarri hura eta gero, jautsi naizelarik... Funtsean, pozik nago Uritz bizirik delako. Gazte jatorra da. Intsumiso horietarik hots! Gure Errepublika suntsitu zuten, indar barbaroaren menpe amor eman genuen, eta gazte hauek hila iduri zuen ezko-argia berpizten digute. Mola generalaren armadakoek bost artzain lagun torturatu zituzten eta Lodosako kanalaren ur nahasietan ito. Nik Frantziara ihes egin nuen doi-doietarik!

        — Frantziara?

        — Bai, San Juan Piedepor eskualdean eraman nituen berrogei urte exilioan.

        Hunkigarri zitzaidan Migelinen aitorra. Ordea, hunkigarritasunaren mugak nigan, haserre bekaitzarenak jotzear zituen: alabaina, nola onart nezakeen Garazi kuttuna Frantzia hutsa izatea Hegoaldeko baten buruan? Ahantzixea nuen Joanak begi-klixka batez ez kexatzeko deia egin zidan. Solasaldi eztian jarraitu nuen ondorioz:

        — Hortako duzu beraz gure kasik euskara molde bera!

        — Ezterenzubi gain haietan artzain nintzen. Errozaten.

        — Zu orduan...!

        — Emaztea Orbaizetakoa nuen. Hura minbiziak ebatsi zautanean Otsagira itzuli nintzen. Han arras arrotz nintzela oharturik, artzain lanetan segitzea deliberatu nuen Bardeetan, uda-partea Uxuen iraganez.

        Hitzak banan-banan ahitu ziren. Hiruek basoan zetzan ardo maltsoari ekin genion. Perikok eta Migelinek, mende erdi hurran baten artekarekin, ixtorio berdina kontatzen ziguten. Beste mende erdi hurran bat iraun behar zuena herri zauritu honen bakardadeak? Zein zen Gerla Zibilaren, Exilioaren, Intsumisioaren eta Uritzen istripuarekilako lotura? Eskaerak ihalauska zebilzkidan gogoaren zokoan.

        Konprenitzekoa zen naski, Migelinen diskrezionea Argedasko errekontruari zegokionez. Ez nuen halarik ere ulertzen zergatik ez zion artzainak deus erran Uritzen aitari. Agian mutikoaren aita ez zuen elaire, medikuak eta artzainak elkar ongi-joaiten ez ziren mundu zehatz batean errotzen ginelakoan. Artzainak eta notableak, Paloteadoan baizik ez ziren juntatzen, urtean behin, Tuterako San Juan auzoko jaietan.

        Joanaren behako samurra jo nuen, apirilaren lauko gauean suzko bolak Uritzen autoa kuskatu eta kiskaili zuen eran. Migelinen eleak beren heinean baikorki hartu nituen. Jadanik nekiena baino ez zuten indartzen. Zerbaitetara heltzekotan, oinarri sendoetarik bederen abiatuko nintzen. Artzainaren txabolako leihotik, kanpoan, eguzkia beherantz zihoala ohartu nintzen. Zaraitzuarraren sohakoan Tuteraldera bideratzeko xedea irakurri nuen. Gizonaren begietara lerratu ziren instantean nereak. Migelinek ahots apalez eskatu zidan:

        — Poliziak zizte?

        — Ez. Detektibe rurala naiz, eta hau —Joana erakutsiz— neure laguntzailea. Uritzen aitak kontratatu nau ixtorio dorpe honen zilatzeko.

        — Istripua agitu da, zinez?

        — Bai Migelin, eta ustez, zorri-zaku galantean sartu dugu esku-ahurra. Laster erreko gara.

        Karkaza adindu batek inarrosi zuen Migelin bizkar konkortua. Despedidako seinalea eman zidan Joanak. Agurtzerakoan artzainak gomita luzatu zigun:

        — Beste behin etorri bazkariterat!

        — Bai, jauna!

        — Eskukaldia beharrean, badakizue orain non nagoen! Egia jakin nahi dut nik ere!

        Joanaren karroan kokatu ginelarik, txabolako atean, gizon zardai flako baten itxura gatibatu nuen izpirituan. Berrogeita hamar urteko historia ankerraren urrakoak agerian zeuzkan Migelinek gorputzaren itzalune guzietan. Bortxazko isiltasunaren mendekaritzat zeuzkan hark Uritz bezalako gazteak, haria eten ez zelako marka.

        Autoan aterbetu orduko, kantan hasi nintzen, Joanaren belarriak larrutuz:

                Aunque soy de la Ribera

                De Navarra tan querida,

                He sido siempre y seré

                Hija fiel de Euskal Herrial

        Loak gatibatu aitzin, entzun nuen Joana erraten, abesten nuen jota hau Arrufat 'Txakoli'rena zela, jende-aurrean bere baritono botzez eskaintzen zituenak, txaloak gordean merezituz. Nafarroan ez ziren —eta ez dira— denak erreketeen aldekoak.

        Migelin, adibidez.