Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—11—

 

Zaldunen Ejeako bide-juntatik urrunean, Ebro ibaiaren altzoa ageri zen eguzkiaren beroak tapalakaturik bezala. Hiriak eta herriak ortzaizean hedatzen ziren, bizi-hari ahulak marraztuz. Ameriketako osaben sosaz altxatu dorreak —agian aitzineko mauregien otoitzuneen minaret ohiak— ziren eremu ordoki erre hartako punta-gorenak.

        Erriberan hurbiltasunaren itxura zeukan urruntasunak, eta alderantziz. Genuen ohizko distantzien hunkimenak arras bereziak ziren gatzaren eta lurraren betiko higamenaren zelaietan.

        Erregebide ertzeetan lerratzen ziren, sumendien ahotik nola, Bardea-mihiak, gorri, gorrail, hori eta horail. Ekaiak sutan zirudien: airea hatsartzearren, bizikletan neraman abiadurak doi-doia arintzen zituen noizbait magma izan zenaren buhako iraiztuak. Infernuaren zazpigarren zirkuluan nintzen, Danteren konpainian, Uritzen istripua zerk eragin zuen bilatzen, Joana eta Zelda gabe. Ideia horrek tristetzeko partez, lurrertzean Argedas luzatzen miresten nuelarik, are indar gehiagoz aurrera tematzera behartzen ninduen.

        Hatsa labur sentitzen nuen. Aspaldi bazen, San Ferminetara etorriz geroztik funtsean, macadam puskak oinez harrotu ez nituela. Urratsaren bezainbat hatsaren samurtasunaren eskasa nabaritzen nuen. Alabaina, 'etxeko' mendi eta munho orlegietan barna, ardura euripean, bizpahiru kilometro korritzen nituenean, ongi sentitzen nintzen aski laster, egunean zeharreko aiherkundeak, lehia bekaitzak, bizimin ziztak oro ezabatzen zitzaizkidan. Hargatik, Argedas eskumenean neukalarik, uste nuen ez nuela deuseren premiarik.

        Egiaren errateko, ez nekien zuzen zer xerkatzen nuen: Uritzen aitak 'gobernatzen' ninduen. Bere semearen memoriaren inarrosteko eta baikorki zeozertara heltzeko xehetasun frango ments nituen. Argedas eskualdean hatz bat kausituko nuelako esperantza banuen, bixtan da, baina agiantza biziki ttikia zen, orain, gertakariaren ondotikako laugarren hilabete honetan. Ordea, buruan neraman galdera ez nuen ihardespenik gabe uzten ahal. Halatan, erabakia nuen, behingoz metodikoki aritzea, bidearen bi sahetsen arakatzea, ikusteko, debruen ziruntan bazebiltzen auto-herotsen artean iraganaren hatsartze debekatuaren entzuteko.

        Ebro erreka nagi eta zabala ezkerretarik nuen. Noiztenka, uraren azaleko freskurak bereganatzen ninduela ziruditan, kopetan behera, betiletan mila kotera epel, izerdia perlaka lerratzen zitzaidanean. Idorrean landu baratze eta irris elgeetan galtzen nintzen. Hemen omen irrisa xuria edo beltza sortzen zen, eta ni irris-jale amorratuetarik nintzen, partikulazki hainbeste urte Txinako auzunean higatu ondoan. Anartean, hegietarik ur xuhurraren usain lehorra zetorkidan eta haize zoroak airarazten zituen errautsak zintzurrean kokatzen zitzaizkidan. Eztulka hasten nintzenean, ttilikaño bat edaten nuen bizkarreko zakuko botilatik.

        Traturrentzat asmatu ipularretik nindabilan, eta Olatzekilako bezperako hitzetaz gogoratu nintzen. Harridura agertu nion emazteari:

        — Erriberan, laborariei pentsatu dute bidearen egitean! Ez da horrelakorik oizu gure eskualdeetan!

        — Amaia! —txokatua ahozkatuz moztu ninduen Olatzek, irriz karkazailka lehertuz eta segituz—: Begira Amaia, traktoreentzat dela idatzia da noski, baina gerla-hegazkinen pausatzeko pista bat da hori!

        Egiatan, une horretan oso inoxentea sentitu nuen neure burua, eta Bardeetako tiro-poligonoa hurbil izatean, bai ageri zen, Argedasko bidea aireportu erosoa zela armadako arduradunentzat.

        Olatzek erantsi zidan:

        — Nafarroako autopistek ere beharrean helburu berdina daukate.

        Zeru geldoaren urdintasun ankerrak bildu zidan izpiritua, eta bizikleta bulkatzen nuen arau eskaera eroak nahasi ninduen: abiadura handian zebiltzan beribilek sekulan lurreratzear zegoen hegazkin militar bat kuskatuko balute zer? Uritzek aipatu suzko bola hura phantom bat izan balitz?

        Mutiko gaixoa ez zen zorigaitzez ezertaz oroitzen, eta nik ez nuen pilik balio sekretu militarraren zigilupean jarriak ziren aferetan. «Banu, Balego Ta Balitz» xuxurlatzen nuen, militarrak ez nituela asko maite gainera erantsiz.

        Ortzetik sua zarion Erriberari. Suaren inguruko hitzak zirela medio, sutu, erre, kiskaili edo ikaztu elementuak bilatzekoak nituela onartzen nuen ondorioz: bide ertzeko belar, harri, zuhaixka, erro, xingila, ondo, hosto, buztin-mokor eta gaineratikoetan, suaren markak hots. Seinaleak. Ez beste munduko altxorrik. Aitzinatzea zedarrituko zidan zerbait. Ate bat. Leihotxoa gutienez.

        Argedaserainoko azken kilometroetan oinez nindabilan. Zeozer bitxi harrapatzen nuelarik gelditzen nintzen, bizikleta nagiki aurdikiz; lurra eta belar idorrak eskuz orraztatzen nituen, erredura errauska. Hastapeneko meta susmagarrietan ardura, Bardeetan motoz edo 4x4ez ibiltzen zirenek botatu aluminiozko Coca-Cola kaixatxo zangopilatuak, pik-nik hondarkinak, zein zigarreta erdi-suntsituak kausitzen nituen. Orohar, Ama Naturak urteen botereaz baizik irensten ahal ez zituen perrexakeriak.Horrela joan zen nerea, Argedas hiriaren sargiaraino; han, itzulikatu nintzen, eta aldi hartan, Ebro eskubian neukan, Tuterarantz isurten.

        Uzta oraindik mehea izan arren, ez nintzen desesperatzen. Basamortuko Zuhurren eleak zerabilzkidan gogoan dantzan, eta ez baldin banuen ezer atzemaiten Tuterarako bide-sahetsean, Migelin artzainak nolazpait argituko nindukeen.

        Espero nuen Migelin ez zatekeela Agata Abadearen idurikoa, honek hogeita hamasei hilabetez ahoan harri bat atxiki baitzuen, isiltzen ikasteko. Kanpoko bero erraldoiak izpiritua moteltzen zidan eta kontestutik atera solasek burua kilikatzen zidaten: Poemen abadearen ateraldiak freskura amiñi bat zekarkidan. Poemen kideekin hizketan ari zen eta zion abadeek zenbait gaietarik urrun egon behar zutela, libertatea jastatzearren. Dizipulu izerditsuak galdetu zion: «Zein dira bada?». Zaharrak ahoan bilorik gabe ihardetsi zion: «Bizimodu erraza eta debaldezko ohorea partikulazki». Serapion zelakoaren metaforak ere harrotu zidan gogoa: «Norbaitek toki batean bizi nahi baldin badu, tokiko egoeraren hobetzeko xede barik, arbol eiharraren pare, lurrak leku hartan bizitzea ukatuko dio».

        Zilarrezko aditzek labaintzen ninduten, eguzkiaren eraso jarraikiak bezainbat. Ez nuen aurreratzeko atzakiarik harrapatzen eta zuhurritz arraroak nahastekatzea zen orduko nere egitekoa. Pentsamendua errealitatera ekarri zidan Ebro ertzetik pasatzen zen trenaren herots hantuak. Harritu nintzen, alabaina Serapion eta ermita sibaritoen konpainian autoen zaratak ahantzixeak neuzkalako. Basamortuz beterik nindabilan.

        Zeruan ekia eguerditan zegoen. Traturrentzat egokitua zen ipularrean, irris elge ureztatuen parean hain zuxen, asto batekin zebilen laborari konkortua gurutzatu nuen. Tuterako Plaza Berriko hura bera? Zena zela, aurpegia beltzaran eta ximur zeukan, eskuak zainart eta gorputzez zabala zen. Karroan, kuiaz, alkatxofaz eta esparragoz mukurutu mimenezko sareak zeramatzan. Zigarreta lodixka bat zeukan ezpainetan tilingo. Agurtu ninduen:

        — Hola!

        Agurra nolahala itzuli nion. Astoaren traka-traka urriak urruntzean, gizonarekin ez gehiago mintzatu izanaz damutu nintzen. Begiz segitu nuen eskipaia berezia ttitta ilun bilakatzen eta tristura latzak kateastaturik, erran nuen nerener:

        — Hara, Europako Ekonomi Elkarteko teknokratek ahurraz errastatuko dutenetarik bat...

        Bihotzean doluaren antzeko zerbait hazi zitzaidan. Militarrak, poliziak, teknokratak bixtakoa zenez ainizten ziren eta gisa horretako nekazariak desagertzen. Errentabilitatearen kuotetara heltzea erdiesten ez zutelako. Hariaren hertsitik ni ere konturatzen nintzen, goiz zapalgarrian efikazitatea etsai neukala. Jason Gonzalez de Mendaviak, menturaz, hobe zuen beste norbaiten kontratatzea.

        Mundua mugaren bi aldeetan itzaltzen zihoala niolarik, oinaz kuskatu nuen arte-erro batetarik airatu zen errauts beltzak banpez geldiarazi ninduen. Bilatzen nuen seinalea, atea, leihotxoa ote zen? Arte xumea lurretik atera nuen eta eguzkitara begira geratu nintzaion: erredura ez zen naturala, suaren eragina nabaritzen nion, eta suak egurra nola suntsitzen zuen banekien. Etxean, neguko argi zirrinta karroindatuetan suaren piztea tokatzen zitzaidan noiztenka: labean, Euskaldunon Egunkariaren orrialde batek eta xirminduek osotu ohantzean buxkak metatzen nituen, egur eskailak gero, eta sutzen nuen guzia alegeraki, surik ez zegoen garaiei ebatsi unearen sentsazioarekin. Arte umeak erredura berdina pairatua zuen.

        Kukubilkatu nintzen erroak jagoitik kanpoan zeuzkan zuhaixkaren ingurumenean: belar idorrak hazi ziren baina doi-doia ikaztu lurra gordetzen zuten. Harri mokor gottor baten gainean jarririk, bizkarreko zakutik gunearen karta ilki nuen. Lekuari izena eman nion: Rincon del Salado edo, nere hizkuntzan, Gatzagia.

        Xendera batetarik abiatu nintzen laster, ubide geldoaren urrina usnatuz, erredura noraino hedatzen zen mirazkatzeko. Halatan ohartu nintzen, eremu zabal batean bazirela suaren musuen aztarnak, ihi punta eta banbutze amilduetan adibidez. Barneratago, metal zati kiskailiak bildu nituen, dirdiran, nixtan, leun, denboraren higadurak ausikiak. Eskuratu puskak zakuan sartu nituen, zer gerta ere, agian indize baliosak zirelako.

        Ebro hegiraino jarraiki nuen, belarretan huxtuka, sugeen beldurrez. Ikara hotza sentitzen nuen larru-gainean. Lotsa gatik aitzina nindoan eta erreka agorra zeharkatu nuen, oihal zati bat harrapatu ondoan. Bergarako sotoan, buztinean kokatu oin-hatzak irakurri nituen. Iduri zuen, eta idorteak horretan laguntzen ninduen frango, norbait ibili zela xahatzen, aztarnen ezabatzen, ikatzak eta odolak juntaturik sortzen zuen ekai arraroaren gordetzen.

        Bozkarioz egin nuen erregebiderainoko aldea. Ideiak buruan elkar joka ari zitzaizkidan eta burbuilaren jabaltzeko, oroitu nintzen, Bergarako Sotoan izan zela zentral nuklear baten plantatzeko detsa, Ebro ibai hegian justo. 1979ko maiatzaren 19an, Tutera, Argedas, Baltierra, Kadreita eta Kaskanteko auzapezek testu amankomuna agerrarazi zuten. Perikok bezperan erakutsi agiriaren zatia neukan kasko-zokoan baltsan: «Nos pronunciamos para la paralización del proyecto de central nuclear en el Soto de Vergara» zioten lehen partean, ausartziaz bezala segituz: «Pedimos la desaparición del polígono de tiro de las Bardenas y el aprovechamiento de sus posibilidades agrícolas». Zentrala ez zen eraiki eta tiro poligonoak berean zirauen.

        Bakardadeak zoriona areagotzen zidan. Urrats bakoitzak mundua biribilketa zoroan bultzatzen zidala onartzen nuen. Egoera horren maitalea nintzela nola uka? Puskilak bizkar-zakuan, Argedasko bidera hurbildu nintzen, Erribera Queensland zelakoaren parekoa zela imaginatuz: indigenen lehien aurka ari ziren han eta hemen berdinki, militar guneak, zentral nuklearrak, airekoen lurreratzeko egiturak, gasoduktoak, aintzirak eraikiz, jendeetaz kasurik egin gabe. Aurkariak kalitzen zituzten denetan, edo bortxaz isilarazten, publikoaren begietan desbaliostatzen, borroka zuzenen muinak xurgatuz. Zenbaitek kondatzen zuten, Australia barnealdeko bushak zilatzen zituzten autobideetan kabale —kanguru, walabi, emeu edo nandu— bezainbat aborigenar lehertzen zituztela, gauez gau Midnight Oil taldearen soinuak entzunez zebiltzan kamioi gidariek.

        Amets Arotik jiten zitzaidan laguntza eskertzekoa nuen, belar baten tinian ttantta gorriska bat ikusi nuelako, sohakoa apaltzean: odola, odol xorta idortua. Norena zen? Sakelako mokanesaren pleguetan erreposki kabitu nuen agian indizerik emankorrena zatekeen 'gauza'. Segur nintzen istripuaren lekua harrapatua nuela. Hemendik goiti istripua zerk eragin zuen zehaztea neukan helburutzat. Migelin behar-beharrezkoa nukeen.

        Iduritu zitzaidan bapatean bide-sahetseko uzta hobe nuela hor berean uztea. Alde batetik, arratsaldean Bardeetan zehar bidaiatzearren egokiago zen, arin ibiltzea; eta bestetik, seguritate aitzakiak kausitu ninduen aspaldiko partez. Orduan, erregebide bazterreko lur harroan zilo ttikia egin nuen eta 'gauza' denak han ehortzi nituen, biharamunean xerka etorriko nintzelako xedearekin. Oroitarri gisa, behialako arte-xume errea berriz landatu nuen. Mokanesean neukan belar-odol-ttantta ordea sakelan atxiki nuen.

        Jason Gonzalez de Mendaviari bihar emanen nizkion indizeak oro, eta bereziki odol-ttantta, medikua zenez gero ahal bezain laster azter zezantzat.

        Gogoeta baikorretan nindabilan artean, haize beroen eremutik ateratzean eta VTTa lurretik altxatzen ari nintzelarik, Nissan Patrol bat gelditu zen nere parean. Barrutik guardia zibilak zirela sumatzen nuen lau gizon jautsi ziren punpean eta armak eskuan inguratu ninduten:

        — Alto! Que haze tu aqui?

        — No konprendo...

        Saldoaren nagusia zirudiena hurbildu zitzaidan. Papotik lotuz inarrosi ninduen:

        — Todo dizen ezo! Dame tu bolsa!

        Bizkarrean zintzilikan neraman zakua luzatu nien. Agiantzen nuen hargatik, 'indizeen' ehorzten ez nindutela kukuskatu. Karta bat, ogitarteko bi eta hiru pinta ur: ez zuten besterik atzeman zakuan. Batek armaz gogorki bultzatu ninduen:

        — A onde vah?

        — No konprendo!

        — Pueh... No te quedah en eze zitio: tah prohibido...

        — Bale —ihardetsi nielarik, zenbaiten begiak biribildu ziren.

        Armek eguzkitan eskaintzen zuten dirdira mehatxagarriaz oroituz, bizikletaren gainean jarri nintzen, ikaran, dardarka, zakua sorbaldan. Argedaserantz hartu nuen, han baitzuen erregebideak Bardeetarako xendera mandrunaztatua juntatzen.

        Zango-sagarrak dildilka ari zitzaizkidan. Nissan Patrolak pasatu ninduen handik laster eta ezin niron esplika zergatik agertu ziren guardia zibil haiek nere 'bizitzan'. Bazekitena zer bilatzen nuen? Nonbaitetik jakin behar zuten alabaina? Batez ere indar errepresiboen partetik ez nuen menturaren ahalmenean sinesten. Edo euskaldun askoren moldean amiñi bat paranoikoa nintzen. Historiak gintuen paranoiko bihurtu: hein batean geriza bat zen.

        Beldur inkontrolatuaren antzekoa sentitzen nuen buruaren zokoan. Anartean eguzkia sartalderantz zihoan, zerua urdinago eta garbiago utziz. Errautsaren erresuman nintzen.

        Ortzean, zirurikan, kezka izpirik gabe, zikoinak edo amiamokoak miretsi nituen. Hegaztien miresmenak, beti bezala, lasaitasun apurraz sosegatu zidan bihotza.