Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—10—

 

Goiz arrosak iratzartzea ekarri zidalarik, Bardeetaz amiñi bat gehiago banekien. Perikorekin solastatu aitzin, lurralde berezi haren nere ezezagutzak putzuaren hondo asmaezina hunki zezakeen erraz. Egiaren errateko, Olatzek, zazpiak aldera, Nafarroako Gobernuak atera karta erraldoiaren hedaduran lo kausitu ninduen; alabaina, gauaren samurrak balakaturik, Letheren erresumetan barna abiaturik nintzen, eta goizaren lasterrak harrapaturik bezala nindabilan. Larrua, Bardeetako haizeek altxatu errauts horailez estalia sentitzean, akidura-txertoz kemenusten ari nintzen, kafea edan aurretik sumatzen nuen nere zainhiltasuna neurtuz. Baina orohar ongi nintzen: bezperan, Beterriko atarian Perikoren gomita onartu nuen, zaraitzuarraren desagertzeak ez baitzidan gogo handirik ematen Jason Gonzalez de Mendaviaren apartamenduan aterbetzeko. Konpainia beharra neukan, mintzatuz bezain ikasiz.

        Kafearen usainak sudur-mazelak kilikatzen zizkidan bitartean, eguneko egitekoak ametsaren zurrunbilotik jalgi nituen: Bardeetara joanen nintzen alafede, Pako artzainaren hatzetarik, Migelin lekuztatzeko asmoz. Menturaz, Reina Sofiara bideratuko nintzen, Uritz hizketatzera eta gero nintzen Bardeetan galtzen saiatuko.

        Buruko desordrea pixkat antolatu nuenean, bapatean Zeldaren begitartea jazarri zitzaidan. Agerpenak iraun zuen segundu doietan, Zeldaren amoltsutasunak katestatu ninduen: maite nuen nola amodioaren jastatzeko gauaren erdian deitzen ninduen, eta zein molde erakargarrian ohean biluzirik igurikatzen zuen ilunbearen mendetik heldu zitzaiona, izarrintzaren kidegotik edo euri zaparrada hotzen urrinaz jantzirik. Zeldaren nahia orduan hil ala bizikoa zitzaidan, nihauren biziaren baldintza soila bailitzan.

        Hasperen luzea askatu nuen. Olatzek eztiki agurtu ninduen goiz hartan. Xedeak eta Zeldaren premia, biak baztertu nituen eta atzo, herenegun, mendeak zuela, Iparraldera beren haurren bisitatzera zetozen aita, ama, amona eta aitona ugarien begitarte sakonetaz oroitu nintzen. Autobusak husten ziren Sanandres plazan zortzi orduko elkarretaratzearen zilegitzeko, eta arratsapalean berriz betetzen, lekuak huts utziz. Orain aldiz, salbuespenak salbu, hariak ebakirik ziren, eta behialako giroaren hondarrak Angeluko Carrefour zentro komertzialeko atalen artean baino ez zitekeen usna. Gogoa iraganean igerika zebilkidalarik, neska oihu alegerak ozendu ziren patiorantz:

        — Ama! Ama!

        Olatzek bi neskatoak bere altzoan hartu zituen eta goratik erran:

        — Gosalduko gara hemen bertan. Dutxatu gei baldin baduzu, bainugela libre dago...

        — Kaferik gabe deus ez naiz! —ihardetsi nion.

        Eta Olatzen urratsetarik sukalderatu nintzen, iturri xuxurlariaren gomendioan Bardeetako mapak, dokumentoak eta Migelin artzainaren lokalizatzeko paperetan etzan ideiak oro abandonatuz. Olatzek eskaini kikerako isuri beltza hurrupatu nuen, salbaturik. Gorputzeko molekulak banan-banan inarrosten nabaritu nituen eta azkenaren aharrausiak egunarekin tematzeko prest aurkitu ninduen. Dutxara joan nintzen.

        Urak bururaino eraman zuen kafeak hasi gorputzaren esnatzeko lana. Ohartu nintzen beldur ertzo batek erraiak biribilkatzen zizkidala: bakarrik nindabilan, landderosa izan zitekeen inkesta horretan, bakarrik Joanagandik eta Zeldagandik urrun. Ideien harrotzeko igitzea komeni zitzaidala segurtaturik, idortu eta beztitu nintzen tarrapataka, patioko mahaian jarriak zirenengana lehiatzeko. Han beste kafe are beltzago bat ezpainetan behera lerrarazi nuen.

        Berantxago, Olatzek, lasaiki gosaldu ondoan Tutera hiri-erdira autoz lagunduko ninduela proposatu zidan. Baiezko arruntaz erantzun nion, bixtan dena. Ez nuen, urriaren 15a baino lehen, Nafarroa Oinez aztalkatzeko gutizia askorik eta agian gerorako ere indarrak zaintzekoak nituen. Tuterako plazara heltzearekin, Olatz eta haurrak besarkatu nituen, bihotzean ximiko batekin. Sentimental nazkagarria nintzen, mintzatzeko ahala 'oparitzen' zidaten solaskideak kausitzen nituen ber. Hargatik, uneko kontzientzia txarra baztertuz eta jadanik ekiaren oldarrak jasaten nituela, karrika izkinako kabina telefonikora zuzendu nintzen.

        Jasonek eman txartel batean seinalatua zen taxi-linearen zenbakiak marraztu nituen. Pentsamendu zilarretan galdu nintzen bizkitartean, aireko zaratatsuak, aborigenak, navahoak, ghettoko aurpegiak eta basamortuak nahastekatuz. Linearen beste puntako ahotsak zazpi minutako epea eskaini zidan eta pentsamenduaren plazer bekaitzari lotu nintzaion: arratsaldean Bardeetara abiatuko nintzen Pakoren bila, eta nere bihotzeko desertuaren ispilua edo miraila zatekeen gatzez eta hondarrez moldatu hura. Karrikatik lau tuta larderiazu entzun nituen eta zangoek eman ahala, taxiaren aixolbean kokatu nintzen.

        Berotasunak, euriak hegatzetan adina jotzen zuen. Izerdia kopetan behera, besapeetan eta gune-gordeenetan perlatzen sentitzen nuen. Bero iduripena, taxiko aire-kondizionatuak jabaldu zidan:

        — Reina Sofiarantz! —apalki nion manatu txoferrari.

        Brist-braust, Plaza Berriaren ingurua egin zuen, eta imaginatu nuen Pepe izena ontsa zihoakiola, eguraldia —bazena zerbait errateko ekia nagusi zen aroaz?— eta estadoa edo komunitate forala inarrosten zituzten eskandalu finantzial-politikoak, doi-doia ulertzen nuen hizkuntzan aipatzen hasi zitzaidalarik. Tuteratik ilkitzean, gaia bigarren mailara jautsi Osasuna taldearen berriez osotu zuen:

        — Tienen que ganar, vamos a zirikearlos, que no zikinen la fama de todos los navarros, porque ante to o somos navarros...

        — Klaro... —ahulaz ihardetsi nion, bapatean gogoratuz, Erriberan zuela bost mende jende xeheak erabiltzen zuen euskararen hondar zenbait, kastellanoan urtuz salbatu zirela, entzuten nuena lekuko.

        Pepek nafar-izatea aztertzeko betarik ez zidan uzten, jarraian Frantziako Itzulian balentriaka zebilen Indurain goresten ari zelakoz. Ospitalaren parera heltzearekin, Osasuna, Indurain eta eguzkia ahantzi zituen, ahozkatzeko:

        — Ahora, muski-muski, ya que llegamos...

        Klinikako aparkalekuan gelditu zen, eta berrehun pezetako zorra kitatu nion «agur» arinaz despedituz. Burrunbaz desagertu zen taxia ortzaizean. Reina Sofiara bideratu nintzen.

        Ospitalean sartzean beti harritzen ninduen garbitasunaren eter usainak. Herioaren usainak agian? Trenputxartzear nindagoen eta, urrats dudakorraz, ongi-etorri bulegoko andere panpoxari Uritzen gelako zenbakia eskatu nion. Deplauki eman zidan arrapostu:

        — 205...

        — Euskaraz badakizu?

        — Pixkoat; zergatik?

        — Nahi nuke jakin noiz, nork eta nola ekarririk izan zen Uritz ospital honetara duela lau hilabete, apirilaren 4an hain zuzen.

        — Uritz Gonzalez de Mendavia?

        — Bai, hura eta bera!

        Bulegoko mahaiaren izkina batean zeukan ordenagailuan Uritzen izen-deiturak sakatu zituen, eta txirrina hots zizkolatsua aditu nuen top-secret hitzak pantailan agertzen ziren unean. Andereak eskatu zidan:

        — Familiakoa zara?

        Ez nekien zer egin. Azkenean, nere naturaren aurka ekitea erabaki nuen, gezur galantaren biribiltzez:

        — Bai... Frantziako kusina bat.

        — Ezin dizut ezer esan!

        Amor eman nuen, tanpis elea marmarikatuz. Axolarik ez neukan, goiz edo berant jakingo nukeen, betebehar zehatzik eta lan planifikaturik gabe niharduen garai hauetan, denbora ez baitzen nere etsaia. Izpiritua, gogoeta sotilaz baketurik, Uritzen gelara igo nintzen, gau batez, ordenagailuaren peko armairuan begiztatuak nituen txostenei behako klandestinoa botako niela zin eginez.

        Uritzen ganbaran Jason gurutzatu nuen. Nezkien xehetasun apurrak irakatsi nizkion, semeak aipatzen zion Migelin artzainaren lokalizatzeko nuen ahalmena, behereko emazte gordinari luzatu nion galdera, Perikok tiro-poligonoari buruz eman argitasunak, Bardeetara joateko neukan asmoa.

        Sakonki begiratu ninduen:

        — Neri ere ez didate txostena ikusten utzi. Pentsa zuri! Nola aurkeztu zara?

        — Uritzen Frantziako azkazietarik nintzela erran diet.

        Irriz lehertu zen Jason. Uritzek berdinki karkara bat askatu zuen. Mutiko flakoaren ohe kantoinean bermatu nintzen doi bat gaitziturik, ez baitzen irriz zinpurtzeko egoera.

        — Oroit zaitez zer gertatu zen gau hartan?

        Isiltasunak gelako pareta zurbailak hormatu zituen. Uritzen sohakoan beldurra irakurri nuen. Akidura bat. Mututasuna. Eztikiago berriz, galdea errepikatu nion:

        — Otoi, oroitzen baldin bazara sendatua zara Uritz! Gorputzaren artatzea gero, denbora kontua baino ez date...

        — Suzko bola bat... Migelin artzainak oro ikusi du...

        Begitartea eskuetan kukutu zuen Uritzek. Bigarren elementua ezagutzen nuen eta jada pistaren bat baneukan. Suzko bolarena aldiz, lehentze nukeen entzuten: suzko bola, Argedasko bide zuzenarekin uztartu nuen, eta ximixtaren pare, erabaki nuen erregebide zati hura bederen oinez miatzea, istripu zaharraren hara-honatak zilatzearren. Infernuko auspoen meneko nindabilalarik, erizain lerden eta kexuak kanpo ezarri gintuen Jason eta biok.

        Uritzen aitak Tuterara eraman ninduen. Gizagaizoa ilun sumatzen nuen, inkesta ez zelakoz berak nahi adina aitzinatzen. Justifikatzeko beharrak kiribildu ninduen:

        — Ez naiz ofiziozko detektibea: ez daukat adiskiderik poliziategietan, alderantziz, naski. Normalean errazagoak eta sinpleagoak diren aferetan murgiltzen naiz: behi, behor, ardi errebelatu edo ohaide heterodoxak bilatzen, jabe, senar zein emazteen manupean.

        — Bai, ulertzen dizut Amaia, baina behintzat egizu ahal duzun guzia!

        — Horretan saiatzen naiz.

        Autotik jautsi nintzen, kezkaz beterik, Keiles parkearen parean. Baratzean zehar buru-makur nindoalarik, bezperan Beterrin hizketatu Edurne, haur polit eta sotila eskutik zeramala, solastatu nuen:

        — Ez dea sekulan euririk hemen?

        — Ziertzoaren ondotik bai noiztenka.

        — Ziertzoa?

        — Bai, haize basa bat, iparretik buhatzen duena.

        — Haizi ertzoa beraz!

        — Baliteke... —erranez urrundu zen ikastolako andoreñoa, Nafarroa Oinez aipatuaren antolatzeko bilkura batera ikastolara zihoala erantsiz.

        Nik anartean, euri xorta epela gogo onez hartuko nuen.

        Parke publiko berriko jargia batetan luzatu nintzen. Katedraleko zeinuek hameka joaldiz alegeratu zuten hiria eta pentsuaren biltzen hasi nintzen, Altzaiko apezak erakatsi laxamendu teknikak segituz. Gorputza lasaitu nuen, haragizko ekaiaren izatea bera ahanzteraino, izpiritua hustuz, zeruan errege zegoen suzko bolaz bete artino. Pentsamenduak gainditu ninduen orduan.

        Suzko mihiek balakatzen ninduten: Uritzen burumuinetan sartzen entseatu nintzen, baina oihal zuri zabal batek argitasuna itzali zidan. Telepatiako ahalak ahulak zituen nomada bat baizik ez nintzela onartzen nindagoen, mentalki «Joana, bihar Aragoi tabernan, zazpietan» xuxurlatu nuelarik.

        Menturaz hobe nuen xendera klasikoetarik ibiltzea, indizeak, sekretuak eta xerkatze-lanak barnatzea, zerbaitetara heltzeko. Ordea, extasiatik esnatu nintzelarik, Joanari egin nion deiak harritu ninduen, eta nerener goraki gehitu nuen:

        — Ni han haiduru egongo natzain, zer gerta ere!

        Jasonek eskaintzen zidan Gaiarre karrikako etxera joan nintzen, ezkaratz-moldeko gela batean aitzineko egunean merke alokatua nuen mendikleta han zegoelako. Orain arteko inkesta guzietan baliagarri izan zaidan tresnari amoltsuki behatu nion. Bizikleta hartu baino lehen, sukaldera igan nintzen, bizkar-zakuan Perikok gomendatu ur eta jatekoak plantatzeko. Alabaina Bardeak lur idorrak ziren, eta kontuz aztalkatzekoak, ni bezalako 'hiritar' batentzat. Ehüjarre ez bide zela latzago komentziturik, zakua eskuratu nuen, bizikleta kanpora atera eta 'partitzeko tenorearen' zeinukadak nitan joka nabaritu nituen.

        Tutera zeharkatu nuen. lbiltzearekin hazten zen aireak freskatzen eta akuilatzen ninduen. Plaza Berritik Gaztanbide karrikan behera, Iruñeko paseabidera iritsi nintzen eta, handik bazterrak lanetan izan arren, Erromatar Zubiaren sarrera miretsi. Hormetan bizkitartean, atzoko eta egungo herri-borroken herexak irakurtzen nituen: «Irailak 27 Huelga orokorra», «Bozka HB», beste alderdi politikoen gomitak ere manera berean, bakoitzaren logopean, «Presoak Etxera», «Nuklearrik Ez» eguzki irrifartsu baten azpian eta tindu gorri higatuz idatzi «Desmantelamiento del poligono de tiro».

        Maite nuen Euskadiko murruetan, liburu tragiko batean nola, isilarazien eta zapalduen dazibaoen leitzea, oinazearen mila marra zirelako pintaketa gautiarrak, herrialde ttiki baina hain zabal honetako guneak hari uhargiz josten zituztenak. Elkartasun oinarri gordeak hots!

        Erriberako hiri nagusia, amorosentzat egokia zela neritzon, zubi gainetik emeki-emeki pasatzean: Txinako auzuneko egunetan, igande arratsaldeetan, axolagabetasunak garaitzen zuenean, hango Zubi-Berri mitikoaren habietan kabitzeko ohitura genuen eta musuen herotsak ibaiaren isuri dudakorrarekin ezkontzen ziren. Zeldari ez nizkion azaldu, orain nereak baino ez eta errealitate minberatik urrunduak ziren oroitzapen horiek. Zeruari so egin nion eta nere itzala bizikletaren aurrean hedatzen ikusiz, 'mineralaren garaiak' bukatuak zirelako segurtasuna eduki nuen.

        Lur gaziak antzutu ez duena

        Herri honen gogoa, Erribera