Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—4—

 

Mundua txikia zen. Ilusiorik gabekoa. Hirutan hogei metro karratu aski genituen bizirauteko, maitatzeko, gorrotatzeko, lanegiteko edo aspaldiko lagun-minarekin gozatzeko. Amodiozko ohantze galantak ziren Gaztelu Plazako jargi publiko hertsiak eta beso lauen eremua handia bilakatzen bide zen. Lotarik pentsamenduka nindabilala ohartu nintzen, Joanaren hatsa, haize hego epel itxuratuz. Zaraitzuarra aldiz aharrausi ozenka iratzartu zen, goiz egosiari itseska. Mundu txikiaren ametsa azaldu nion:

        — Zer ari zara zu mundu txipi ixtorio?

        — Ametsa nuen halakoa...

        — Utzi debaldezko gauza horiek oro!

        Beti bezala, umore gaitzean jeikitzen zen Joana. Interes guti zeukan txikitasun aipatuan, eta kafea arrunt 'behar' zuela jakinarazi zidan, ukaraian ordularia hor zeukala segurtatzen zen bitartean.

        — Goazeman Txokora.

        — Txokolat-esnearen hurrupatzera!

        — Justo neska—erran zuenerako, Gaztelu Plazan zehar abiatuak ginen, gure eskale-erromes-herresta ttottogiak dolurik gabe abandonatuz.

        — Egunkariak ekar itzazu!

        — Baietz arren —ihardetsi nion Joana Garalda anderearen manuari, eta terrentan, burua halako kotoizko ingurumen lainotsuan galdurik, Joanaren urratsak segitu nituen.

        Txoko ostatuan gure gisako herbailak baziren. Guziek kafe azkarraren 'beharra' zeukaten, eta bitxiki, bakarrek oraino, ahots erlastuz, jotaño baten emateko kemena aurkitzen zuten isiltasun errendituan.

        Zerbitzaria gutaratu zen.

        — Bi kafetxo mesedez! —eskatu zuen Joanak harroki.

        Zerbitzariak elkorrarena egin zuen, ez zuela tutik ere entelegatzen ulertaraziz begi niñikak biribilduz. Joanak espantuak sartu zituen, eta ahosabaian gorderik zatxikan gaztelerazko lau perla atera zituen:

        — Dos kafezikos por fabor!

        Aurpegi zabaleko gizona, airean nola lasterka joan zen kontuar gibelera, —gerrila linguistikoan garaile sentimenduarekin ote?—, eta zruu-zruu kafe egiteko makina martxan jarri zuen «Mi amooor, amooorcico miooo» xuxurlatzen zuen kantariaren zintari bultzada bat eskainiz. Aski maite nituen San Fermin egunetako goiz zurbailak eta konturatu nintzen edozein soinu xoxolori oso harkor nintzela, ezpainetan, ostatuan aditzen nituen «Mi amooor...» hitzak lohordiaren atarian zegoen Joanari murmuratzeko gutizia errea neukalako.

        Joana, agian haiduru, so geratu zitzaidan. Egunkariaren gainaldeko izkinaren plegatzeari ekin zion zaintsu:

        — Zeldaz mintza zakizkit.

        — Zeldaz?

        — Bai...

        Ez nekien nondik has. Maitasuna zauri bihurtzen zidan Joanak eta zerbitzariak kafeak ekarri zituenean, goilara mekanikoki isuri ilunean esku batez itzulikatuz eta besteaz sukrea purruskan hedatuz, azalbide nekeari lotu nintzaion:

        — Zelda ederra da, ile luze beltzak ditu, orotara lehiatzen den behakoa, mendiak uxkail litzazkeen irri bat, eta maite dut, erran nahi dut maite ere nauela.

        — Zergatik ez da zurekin etorri Iruñera?

        — Lanean ari da aste honetan. Ez zuen nahi nihaur jin nindadin, zer edo zeren beldurra zeukan, eta ni bihotza urraturik tematu naiz. Hobendun sentitzen naiz, hura gabe zurekin izateaz.

        — Pasatuko zaizu.

        — Eiki —soila ahozkatu nuen, Joanak eztiki begistatzen ninduen artean.

        Barne-barne neraman nahaspiloa aditzen zuela iduritu zitzaidan. Mahaian nagiki lerratzen zitzaidan eskua balakatu zidan. Beste behin mundu txikiaren ingurutxo dantzatik kanpo geratu nintzen.

        Kontuar sahetseko horman tilingotu telefonoa deika entzun genuen, errealitate latzaren seinalea bailitzan. Urrutizkinaren zintzarrada zizkolatsua hamar bat aldiz jasan genukeen. Nehor ez zitzaion hurbiltzen bake apurra ematearren. Hamahiru. Hamabost. Azkenean, zerbitzariak, nardaturik, baxeren xahatzea abandonatuz, mekanika nazkagarria hartu zuen. Gizonak gero ostatuko tepoa inarrosi zuen:

        — Alguien se llama aqui Amaia Ezpeldoi?

        Joanari behatu nion. Izozturik. Nork zekien hemendik nindabilela? Zutitzear nindagoen, durduzaturik. Eta kaideratik bermatu nintzenean, zerbitzariak gaixtoki neurtu ninduen, bere denboraren zatirik baliosena ebasten ari banintzaio bezala. Besagia beharriratu nuen.

        — Bai?

        — Amaia Ezpeldoi?

        — Prefosta! Nola dakizu Txokon naizela?

        — Axolarik ez du, behar zaitut mintzatu.

        — Nor zara?

        — Ziudadelako harresietan. Ordu batean. Laster arte!

        Zenbait segunduren buruan linea moztu zen, ttu-ttu-ttu saminari lekua zilegituz. Telefonoko gizona euskara ikasi berrian elestatu zitzaidan, hitzak oro ontsa apailaturik, perpaus guziak uholde bakarrean ilkiarazteko maneran. Ikarak katestatu ninduen. Deiaren unean Joana so egon zitzaidan, hura ere urduri. Mahairatu nintzelarik kexatu nintzaion:

        — Joana, nori erran duzu Txokon ginela? Ontsa gira orain!

        — Ez diot inori deus agertu...

        — Bai zera!

        Muturtu zen, piskat lehenago hain airos ikusi nuen neska. Egiaz, haserreak, itsusteko partez, begitartea edertzen ziola konturatu nintzen. Zeldarengana iheska hegaldatu zitzaidan izpiritua: maite nuen Zelda, Joana bezainbat edo gehiago naski, eta hautatzeko premiak erdizkatzen ninduen. Erabaki nuen orduan, bakoitza bere aldian, biak... Pentsubidea ebaki zidan Joanak:

        — Zer nahi zuen telefonoko horrek?

        — Oren batean Ziudadelan izan gaitezen.

        — Zu eta ni?

        — Untzi berean gabiltza, ez?

        Telefono-ukaldiaren erruduntzat neukan Joana, eta ez nekusan aitzakia aski bortitzik bera ere, berak abilki kozinatu saltsan ez sartzeko. Kafeak eta kroizan malgoak ordaindu genituenean, erakusten nuen irri maltzurrak nonbait neska trabatzen zuen. Eguerdi baitzen jadanik, zalu jalgi ginen ostatutik.

        Karrikaratu orduko, Txokon leku ongi gerizatuan ginela onartzekoa nuen, bai herots eta bai freskura aldetik. Kanpoko airearen berotasuna biltzen zen alkohol urrin likitsarekin eta gohaindura kulunkakorra eragiten zigula nolaz ez aitor? Hala ere, gu berdinki, kalean punpe eta jauzika zebiltzanen gisa usinduak ginen, eta lehen gau-pasaren herexak genekartzan soinetakoetan fermuki josirik. Baina norberak ez du bere burua ikusten, are gutiago sentitzen.

        Agur lainoaz haiatzen genituen etorri berriak: galtza-atorra oraino zuri-zuriak zituzten, gerriko gorriak planta ederrean eta zapatak nixtan. Autoa Behenafarroako etorbideko kantoin batean aparkatua zuten, eta extasia gunera —anaiak lerrakeen eran...— iristen ziren, emeki bezain segurki, esperantzaz beterik. Hemen, besta-giroa ez zen sekula apaltzen, egunero, orduro, jende-uhin gurbilak hurbiltzen zirelako. San Ferminak indar-jale erraldoiak zitezkeen eta horrek egiten zien ohore. Nekadura arrunta baino urrunago eramaten ziren gorputzak, gogoetak eta itxaropenak.

        Sarasate pasealekuan barna Ziudadelarantz gindoazenean, Joanak bere ondora bulkatu ninduen, eta Antsoren baten harri-tailuaren maldan, musu luzea eskaini zidan. Laket nituen haren ezpainak nereetan lerratzen. Oldartzeko astirik ez nuen ukan eta hondarrean utzi nuen destinuaren zoriona nigan isurtzera. Doi-doia oinak lurrari gurinez lotzen zirelako itxura neukan. Ibili ginabiltzan, istantean nonbait jartzen baldin baginen 'izpiritua' huts geratuko zitzaigulako beldurrez. Irus nintzela errepikatzen nuen, baina aldi berean kezkaturik: nork ote nahi ninduen solastatu? Zertarako? Nola bazekien X deituko nuenak San Ferminetan nintzela? Zein joko zeraman Joana Garaldak? Ez zuena honek, alegia deus ez, X zelakoari guzia salatu?

        Joanak preseski, musuak elea askatu baliro bezala, Itoiz Koordinakundearen harat-honatak azaltzen zizkidan: hamar urteko borroka, herriak, lurrak eta etxaldeak urak gaindi ez zitzan, etxeak, karrikak eta hilerriak. Kattalin Etxamendi amona aipatzen zidan sutsuki: zazpi mendetan eraiki Toarena baserria itoko zuen urtegiak, Gorraiz eta Lizarraga sendiak betiko desterrura kondenatuz. Nere sentiberatasuna inarrosten zuten Joanaren agerpenek eta gogoratzen nintzen, Eugiko aintziraren ertzetik iragaitean, zenbaitetan, arratsapala jausten zenean, miresten ahal nituela urperatu etxe eta eliz dorrea, uhargi, zehargi, zohardi. Ahurra tinkatu nion hatsa bahiturik:

        — Otoi Joana...

        — Baina oro egia duzu gero!

        — Baietz... Hara, Ziudadelan gara.

        — Urduri iduri duzu.

        Ziudadelako harresietara karreatzen ninduen lotsak. Ordulariari behako bat bota eta dardarka Joanari murmuratu nion:

        — Gauden hemen haiduru Joana.

        — Uste duzu X hori jinen dela?

        — Zertako ez? Errana du... —gehitu nuen, nahiz eta gizona, hala baitzen, aski herabeki mintzo nabaritzen zen telefonoan.

        Dudarik gabe, keinka larrian zegoen eta ez ziokeen berak antolatu hitzorduari uko eginen. Ziudadelako belardi idorrean etzan nintzen, Joanak altzoa eskaintzen zidala buruaren pausatzeko. Goaitari eman gintzaion nagiki. Neska seaska-kanta amoltsuaren xuxurlatzen hasi zen, eta abestiaren xarmei iheska galtzen nituen indarrak.

        «Ai amatxo ez dut hazi nahi / Ai amatxo negua dut zai» marmarikatzen zuen Joanak, klasikoak ongi ezagutzen zituela frogatuz. Orduan, ximixtaren pare, oroitu nintzen Xixterra ostatuaren atetik nola segitu nituen Haitz eta Joana urruntzen; gomita hurbilagatik, pentsatu nuen ez nituela sekula berrikusiko. Ordea, mundua txikia zen, eta gure bizitzan barnako bideetan, bizpalau aldiz gurutzatzeko ahala sortzen zitzaigun. Ahal urriak bekan baina noiztenka eskura nitzazkeelako, zoriontsu nintzen orduan.

        Bapatean, Ziudadelako sarrera nagusitik bestalier plantarik ez zeukan adin segurreko gizon bat begiztatu nuen. Hiru zatitako jantziaz beztiturik, iduri zuen ez zuela beroaz axola izpirik. Eskualde orotara beha zetorren. Norbait bilatzen zuela ageri zen. Arbola baten atzean gorde zenean, izuak bildu ninduen: nora zebilen gizona? Zutitu nintzen banpez. Itzal uzkurrarengana abiatzear nindagoen, Joanak bitxiki, hura ere kantatzetik gelditua, galdatu zidalarik:

        — Nora zoaz?

        — Gizona! Hantxetan dago!

        — Ez dut deus sumatzen nik...

        Lotsa partekatzen genuen oraingoan. Joanaren kezka dardaratsuak nerea biderkatzen zuen. Gizona bere aterbetik atera zen, eta bisean-bis aurkitu ginen biak luze gabe:

        — Zuk nauzu Txokora deitu?

        — Bai. Behar gaituzu lagundu!

        — Nor: gu?

        — Gu? Andrea eta biok. Gure seme bakarrak istripu misteriotsu bat jasan du eta geroztik amnesikoa bilakatua da, larriki kolpatua izateaz gain. Reina Sofia eritetxean dago.

        — Reina Sofian? Non da hori?

        — Tuteran... Edo nahiago baduzu Tudelan.

        — Erriberan.

        Joanaren begiak jo nituen. Gizonak ez zuen elearen aiseziarik, baina oso mintzamolde zaindua zerabilkion ezpainetan. Parean neukanaren jatorria ez nezakeen zehatz. eta nerener 'euskaldun berrien' kategorian sailkatzea erabaki nuen. Gizonak eskua paltopean sartu zuen eta karta bat jalgiz erran zidan:

        — Bihar gaueko zazpietan, parte zaharreko Tabernan.

        Errazki ari zen gizona. Tuterako parte zaharra ez nuen piliskarik ere ezagutzen; Oñati, Gazteiz, Bilbo, Donostia, Bermeo, Mundaka edo Ordizia aipatu balu, ongi, baina Tutera? Ez nintzen behin ere Iruñea baino beherago jautsi Nafarroako erresuma erre horretan barna. Gogoaren lasaitzeko gizonak eman karta aztertu nuen. Irakurtzeari ekin nion: Doctor Jason Martinez de Mendavia, Gaztanbide 15, Tudela, Navarra eta telefono zenbakiak. Burua altxatu nuenerako ohartu nintzen gizona desagertu zela, eta ahantzixea neukan Joanaren sahetsean nindagoela.

        Historio honek nere San Ferminak eta amodiozko egonaldia andeatuko zizkidalako iduripen gogorra ukan nuen. Tristura latzak hartu ninduen, baina aspaldi zen ez nuela neure alorrean lan egin eta biharamunean Tuteralat bidaiatzea planteatu nuen. Joanari agertu nion xedea. Neskak ez zuen deus ahozkatu. Hargatik, eskua luzatu zidan, festarako deia biribilduz:

        — Takoneran leku ainitz bada gozoki bazkariteko!

        — Arren bihotza, goazen orduan —ihardetsi nion zintzurra korapilaturik, ustegabetarik harrapatu nuen Joanagandik urruntzen baininduen Tuteralat abiatzeko erabakiak. Ahuletarik nintzen: ez nekien «ez» erraten eta horregatik madarikatzen nuen destinua.

        Hiria zeharkatu genuen. Zuhaitz lerdenen itzalean hedatzen zen ostatu batean kausitu ginen, akituak eta gosaio. Jarririk ere ez ginen funtsean hain gaizki. Hiri-erdiko jendalde zaratatsuetarik urrun, kasik bi-biak bakarrik. Ametsa. Maite nuena eta maite ninduena.