Amorezko pena baņo
Amorezko pena baņo
1996, nobela
208 orrialde
84-86766-72-9
azala: Asisko Urmeneta
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2021, nobela
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

—2—

 

Pilar Faras beti oroituko zen Reina Sofia ospitaletik deitu zioten goiz argitsu hartaz. Orduan iduritu zitzaion bihotza zartatuko zitzaiola, burumuina nahaspilatuko eta hatsak ihes egingo ziola. Telefonoaren besagia belarrian eratxekirik aulkian jarri zen, erdiesten zuen berriaren ondorioak neurtzearren. Begi hegian zeuzkan malkoak.

        Alta ospitaleko deitzaileak oso eztiki erraten zion, semearen bisitatzera etortzen ahal zirela, medikuek salbu zela ziotela, baina arazo bat bazegoela: mintzamena eta memoria biak arras ezabaturik zituela Uritzek. Uste zuten paralisiaturik egongo zela, Argedasko bidean zuela lau gau ukan zuen istripuarengatik. Deitzaileak erantsi zion, orain kaidera erosoak bazirela eta mutiko gazteak kasik normalki bizitzen jarraitzen ahalko zuela. Hori entzutearekin, Pilar negarrez hipaka lehertu zen eta haserrez pausatu zuen urrutizkinaren besagia.

        Zur zizelkatuzko jargian egon zen unearen luzetasuna ez zezakeen muga andereak. Bapatean karrikako airearen jastatzera jausteko premia nabaritu zuen. Automata moldean etxea hertsirik, eskaileretan behera abiatu zen, eta krudel kausitu zuen karrikako apirileko argitasuna. Espaloian geratu zen, ezagun zuen hirian arrotz. Senarraren kontsultara zuzendu zituen urratsak azkenik.

        Aireak Bardeetarik udaberriko usainak zekarzkien, idor, berde, horail, astun eta aldi berean ezti. Karrikan gora zebilen, egunerokotasunaz baino axolarik ez zuten beste etxekandereen taldeen artetik. Keiles pasealeku berrian zehar, zaharretxearen ertzetik, Plaza Berrira heldu zen, hango dorretan kabitzen ziren amiamoko edo zikoinak miresteko denborarik hartu gabe eta Gaztanbide etorbide xinaurritsuan aurkitu zen hondarrean. Jasonek han zeukan kontsulta.

        Behagelan zanpez sartu zen Pilar, haiduru zirenen begitarte harrituak zenbatuz. Ezadostasun handia ageri zen medikuaren atean jo zuelarik. Haiduru zegoenetarik bat altxatu zen, irakurtzen zuen aldizkari arrosa bortizki lurrera erortzen utziz:

        — Aizu! Bakoitzak bere txanda hemen!

        — Arrazoi duzu. Zertara dator honako hau! —gehitu zuen batek, baina Pilarren aurpegi xifritua ikusiz, sentitu zukeen egoera larrian zebilela anderea.

        Medikuak bere emazteari atea ireki zionean, kexu-ele uhinak jabaldu ziren. Pilarrek urduritasuna epe laburrean komunikatu zion gizonari:

        — Zer pasatzen zaizu?

        — Uritz... Uritz da...

        — Zer du Uritzek?

        — Istripua, duela lau egun, Argedasko bidean. Reina Sofian dago. Paralisiaturik egongo dela erran didate. Zatoz laster. Goazen.

        Medikuak kontsultan sarrarazi zuen emaztea. Pilarren zainen kordokaren arintzeko doia whisky eskaini zion. Lasaitasuna bildu zen istant bat lehenago destrenpuak harrotu gelan. Anartean Jasonek ospitalera telefonatu zuen xehetasun eske. Pilarrek ikusi zuen emeki-emeki Jasonen aurpegia hirotzen, histen, tristetzen. Hasperenka ari zen galdezka:

        — Nola gertatu da?

        — Ez dizut ezer salatzen ahal; badakizu, sekretu medikala da —ihardetsi zion hariaren puntatik behialako deitzaileak, eta Jasonen eskariak hutsean hausten ziren.

        Lore mediterraneoz edertu zokoan dilingo zeukan paltoa hartu zuen Jasonek, emaztea sorbaldetarik loturik, kontsultarik atera ziren biak, elkar sostengatuz bezala. Pilarrek behatu zituen senarraren hitzak:

        — Zatozte berantxago. Joan beharra daukagu. Barkatu...

        — Baina? Baina? —errepikatu bezain etsiegien artetik xendra zilatuz karrikaratu ziren senar-emazteak.

        Ez zeramaten solasik, eleak debaldezkoak bailiran. Zeruan zirurikan zebiltzen zikoinak zituzten lekuko.

        Jasonek autoa ziztuan gidatzen zuen eguerdi aldean, mugimendutsu zegoen hirian barna. Tuterako kaleak hertsiak ziren eta kasu ez eginez gero metalak erraz plegatzen ziren. Pilar beldurrez kiribiltzen ari zen sahetseko jargian, baina ez zion senarrari lasaiago ibiltzeko kontseilurik ematen. Noiztenka Jasoni begiratzen zion eta amodioa lehentze urratu zuten haraintzineko gaua jin zitzaion gogora: Jason oso seguru zegoen, berak aldiz ez zekien zehazki zer zen larruaren jotzea. Atseginik gabe sentitu zuen Jasonen zakila malgotzen eta hazia azpi artean leunki bezain beroki isurtzen. Maitasun doi horren igalia izan zen Uritz duela hogei urte. Uritz, eduki zuten seme bakarra. Esperantzetan zegoela ezkondu zen Pilar arropa ilunetan.

        Ospitaleko aparkalekuan ziren jadanik. Eritetxeko harrera-bulegora joan ziren lasterka eta han Uritz non zen otoiztu zuten. Goiz-parteko deitzailea izan zitekeenak ahots hilez erran zien:

        — 205. gelan. Mediku nagusiari jakinaraziko diot hor zaretela.

        — Zergatik ez gaituzue abisatu?

        — Mintzatuko zara mediku nagusiarekin —ahozkaturik, erhiaz Uritzen gelara lehiatzeko eskailerak erakutsiz isildu zen harrera-bulegoko neska panpoxa. Jasonek amorrua zeukan bihotzean.

        Logelako atea zabalik zen. Gorputz bat begimendu zuten biek, luzadan etzana, hodiz kartzelatua, ttanttakakoa airean, gorputz biluzia, mihise arinaz estalirik. Mututasunak hormatu zizkien ezpainak hurbilagotik Uritzen aurpegi errea ikusi zutelarik: semea zen, seme bakarra, seme ausarta, ausartegia. Elkarri so geratu ziren Jason eta Pilar, sendimendu berdina partekatzen zutela: hobendunak ziren, zorionaz hobendun bezainbat zoritxarraz. Errudun izateak ospitaleko murruak hertsatzen zituen, mundua murrizten, hatsa zapaltzen.

        Mediku nagusia zirudienak egoerari zihoakion agur motelaz helatu zituen burraso errautsiak:

        — Istripua ukan du. Argedas parean. Abiadura dela kausa. Zuen semea da?

        — Bai —ihardetsi zuen Jasonek—. Ez dugu ezer jakin, istripurik izan zenez ere ez. Normalean egunkarietan agertzen dira gisa horretako berriak. Noiz gertatu da?

        — Apirilaren lauko gauean. Duela bost egun beraz.

        — Zergatik erredura horiek?

        — Autoa zartatu zaio —marmarikatu zuen medikuak; eta kanpora zihoala, Jasonek besoa inarrosi zion:

        — Medikua naiz eta egia behar dut.

        Zuriz jantzi gizona irri umila (umilegia ote?) marraztuz urrundu zen, betetzeko frango bazuela erantsiz. Bizkitartean Pilarrek Uritz zuen behamuga. Negarrez urtzear zegoen, mutikoaren betazalak urriki igitu zirelarik. Ohe ondora punpatu zen emaztea, jautziaz senarra deiadarkatuz:

        — Ez gaitu ezagutzen.

        — Ez, ez da gutaz oroitzen.

        — Nola biziko gara?

        — Agian unean unekoa da: memoria itzul daiteke, paralisiaturik baldin bada aldiz —perpausa moztu zuen Jasonek, emaztearen malkoei bereak juntatzeko.

        Haurra argiratzean bezalako oinazea zela baimendu zuen Pilarrek eguerdi sapadun hartan jasaten zuena.

        Handik hara, bizimoldea aldatu zuten Jason eta Pilarrek: ospitaleko pasaleku etertsuak ukan zituzten egunerokotasunaren aterbe. Uritzek aitzinamendu zenbait zegizkien baina hain asmaezinak hargatik, non aitetamak ez ziren berant baizik ohartzen, semea hobekitzen zihoakiela. Bi hilabeteren buruan hitz arruntak ahozka zitzazkeen. Burrasoak ez zitzaizkion arrotz eta hoditxo itsusi haiek mutikoaren gelatik kenduak izan ziren. Nekez baino nekezago, Uritz ttottotzen zen ohe hegian, zango ginarretsu zirenak flako eta inutil, amak ekartzen zizkion pasteltxoen milikatzeko.

        Uritz ez zen gogoratzen zein plantaz zegoen ospitaleko gela hotzean, maiatz bukaerak kilikatzen zituen kanpoetan ibiltzeko partez. Ametsetan lurralde horailak jaukitzen zitzaizkion eta laster, laster, lasterka hatsanga zebilela itxuratzen zuen momentuan iratzartzen zen Uritz, antsiatsu, egarri, bakar. Lurralde horailak, loak hartu aurretik, ETBn programatu western ingurumenen antzekoak ziren: dena lehor, pista erlausdunez estaliak, haizetsu, txabola eroriak, malkarrak, larraitzak, zuhaitz makurtuak, saiak ortzean eta zaldunak lauhazka ortzaizean hurbiltzen. Eta usaina, idorrarena.

        Anartean Jason Gonzalez de Mendavia, Uritzen auto istripuari buruzko xehetasunak biltzen saiatu zen: komisarian zeukan eskolako lagunarekin hitz egin zuen autoaren herexak zein garageetan ikusgai ziren ikasteko. Bidenabar, aspaldiko lagunari eskatu zion istripua Guardia Zibilari seinalaturik izan zenez. Aste bat eman zion ihardespenaren biribiltzeko. Argedas parera joan zen belarrean suzko erredura hondarrik bazegoenez ikertzeko, eta goizero ospitaleko mediku nagusia trabatzen zuen bere aita desesperatu oharpen minberekin.

        Medikuak leunki baztertzen zituen Jasonen karbak, ama nardatuak, baratze publikoetan, haur mukuzu aspergarriari lekiokeen gisa. Zergatik ez zituzten istripua agitu zen gauean berean ospitaletik deitu zen burua jaten zion kezka larria. Zer ziren misterio horiek oro? Nolaz ez zen nehon errekontruaren hatzik aurkitzen? Semearen memoria galtzeak ez zuen badezpada gertakariaren osatzea errazten. Etsitzear zegoelarik, Uritzen gelara joaten zen eta lanetik landako orenak hari beha iragaiten zituen, emazteak telefonoz afaltzera bultzatu arte.

        Pilar ez zen etxetik ospitalera baino ibiltzen; jadanik laguntzat zeuzkan auzoko emakumeek aspertzen zuten urrikari baitziren, laguntzaile izan ordez. Sohako bakoitzean inbalier baten ama zela sentiarazten zioten. Aurpegi arduratuegiak gohaingarri kausitzen zituen eta horregatik sukaldetik doidoia ateratzen zen. Isilik egoten zen, karrikara leihotik begira: oihu egin nahiko zukeen, ordea ezintasuna barnean indarrez zihoakion gehien bat. Kontsolamendu apurra atzeman zezakeen, kaleaz bestaldean altxatzen zen elizaren dorrean jostatzen ziren zikoinen intziri eta hegaldietan.

        Jasonen aldetik ikerketak ez ziren hobeki aitzinatzen: komisariako langile zen eskolakide ohiak agertu zion paperetan nehon ez zela istripuaren berririk azaltzen, orain bi hilabeteren buruan aztarnarik ez zela gehiago nehon begimenduko ere, eta Uritzen sendatzearen helburuaren inguruan bermatzea zegokiela.

        Ospitaleko mediku nagusiak erran zien Uritz agian oinez abia zitekeela goiz edo berant, memoria aldiz nekez berreskuratuko zuela. Esperantza zerbait airatzen zen bizkitartean.

        Behin Jason Gonzalez de Mendavia, kontsultan mekanikoki lanean zegoenean, oroitu zen Iparraldean zuen lehengusuak aipatu istorio batetaz. Jose, Errepublika suntsitu zuten garaian ihes joan zen mugaz haraindira eta bizia han orratu zuen: ezkondu zen eta haur saldo baten aita bilakatu zela jakin zuen Jasonek zuela guti, familiako biltzar batean. Josek kondatu zion noizbait zaldiak galdu zituela Errozate gain haietan eta bilatzen etsiturik norbait deitu zuela, detektibe rural bat, eta hark zaldi errebelatuak harrapatu zizkiola, ondoko herriko laborari baten bordan. Jan eta lo trukean ari izan zen detektibe arraro hura, eta saritzat maiz bi gasna zeramazkien.

        Kusiarekin harremanetan jarri behar zuela erabaki zuen kontsultatik ateratzean. Etxera orduko Joseren zenbakia marraztu zuen telefonoan. Emaztea so geratu zitzaion harriturik. Seipazazpietan jotzera utzi zuen txirrina eta etsitu baino lehen, besagia pausatu aitzin Pilarrenganat zuzendu zen:

        — Jakin gabe ezin dugu iraun...

        — Nori telefonatzen zenion?

        — Joseri. Hark jendea ezagutzen du eta gogotik lagunduko gaitu —ahozkatu zuen, eta istant baten buruan Joseren ahots lodia ukan linearen puntan:

        — Baaai... Nor da?