Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

H blokeetan

 

Sinn Feineko egoitzaren paretik abiatu gara, bi furgonetatan, Maze kartzelarantz. Egunero bi aldiz egiten dute joan-etorria bi ibilgailuok: goizeko hamaiketan abiatzen da lehen txanda, ordu bata t'erdian bigarrena. Lehenengoan goaz, eguerdian Sean Lynch IRAko presoa bisitatzera.

        Falls errepidean gora, Andersonstown auzunea zeharkatu eta autobidean sartu gara. Hogei lagun goaz furgonetan. Ez dut inor ezagutzen.

        Gidariaren alboko bi eserlekuetan doazen bi gazteak koadrilakoren bat bisitatzera doazela imajinatu dut. Aldamenean ditudan senar-emazteak bietako baten anaia ikustera joango dira; osaba eta aita ikustera, beraz, eurekin doazen hiru haurrak. Besoetan ume jaio berria daraman neska eta haurraren aiton-amonak oraindik alabatxoa ikusi ez duen presoari erakustera, seguru. Nor bere kontura doazen hiru emakume gazteak, airean joango zaien ordu t'erdia senarren edo senargaien alboan pasatzeko asmoz. Hamar urteko anaia bikiak, amarekin, aita bisitatzera. Glasgow Celticen kamiseta daraman potoloa betiko lagunarekin betiko kontuez aritzeko gogoz doa Mazera. Edo polizi galdeketan bere izenik aipatu ez zuelako komandokide ohiari berriro eskerrak ematera agian.

        Biki ilegorriei tarteka lehertzen zaien barrea izan ezik, isiltasunean egin dugu bidaia. Aurki aurrez aurre izango duten lagun, senar, maitale, neba, aita, seme, osaba, anaiari zer esango pentsatzen. Ordu erdi aski izan da Belfast Mendebaldetik Maze kartzelara heltzeko. Maze edo Long Kesh.

        Long Kesh deitzen diote errepublikarrek Maze kartzelari, 1970. hamarkadan orain espetxea dagoen lekuan zegoen Long Kesh internamendu eremua gogoratzeko. Komunitate protestanteen eta katolikoen arteko liskarrak piztu berriak, Armada britainiarra Ipar Irlandara orduantxe iritsita, auzipetu gabe giltzapetzeko lege berezia jarri zuen indarrean Londresko aginteak, eta ehundaka irlandarrek ezagutu zuten orduan Long Kesh internamendu eremuetako hotza.

        Presondegia eraiki zutenean Maze jarri zioten izena, baina Long Kesh esan diote beti errepublikarrek. 1981. urtean Bobby Sands eta beste bederatzi preso errepublikar heriotzaraino eraman zituen gose grebaren lekuko izan ziren Long Kesh kartzelako hormak.

        Gaur, 1995eko udan, 680 preso politiko daude Long Keshen: 359 errepublikarrak dira, eta 321 lealistak. Ipar Irlandako kartzela nagusia da, gatazkaren ondorioz giltzapean dauden gehienak biltzen dituena. Ipar Irlandako beste hiru espetxeetan (222), Hego Irlandan (24), Britainia Handian (31) eta Estatu Batuetan (8) daude gainerako preso errepublikarrak (644). Preso lealista guztiak (690 orotara, errepublikarrak baino gehixeago beraz) Ipar Irlandako lau presoendegietan daude.

        Espetxe atarian gaude, baina aurrean ez dugu gotorleku sendorik ikusten. Autoentzako aparkalekua, bisitarientzako taberna-jantokia, eta lekuari kontzentrazio eremu itxura ematen dioten alanbre hesiak kartzela inguratzen duten hormen gainean. Zerutik begiratuta —argazkian ikusi izan dut—, H formako zortzi eraikuntza bereizik osatzen dute presondegia. Ezagunak dira, Long Kesheko H blokeak, 1981eko gose grebaz geroztik.

        Presoei paketeren bat eman nahi dietenak aparteko gelara joan dira, eta kartzela barrura sartzeko ilaran jarri gara esku hutsik etorri garenok. Mostradorearen atzean dauden RUCeko bost polizia —kaleko polizien uniforme berdina dute—, bisitarien izen-abizenak hartu, presoaren zenbakia galdetu, bisita eskatuta dagoela baieztatu eta, arazorik ez badago, barrura sartzeko baimenak ematen ari dira. Inorekin arazorik ez airean, azkar ailegatu da gure txanda.

        — Nor bisitatzera zatozte?

        — Sean Lynch.

        — Ea... —goitik behera zeharkatu du papera atzamarraz—. Nire zerrendan ez dago bisitarik Sean Lynchentzat. Zein zenbaki daukan ba al dakizue?

        — Bai, A0095 —Humbertok buruz ikasi du Lynchen zenbakia.

        — Ez. Zenbaki horrekin ez dago inor hemen. Zein bloketan dagoen ba al dakizue?

        — Ez —biok batera.

        Sinn Feineko bulegoan dena konponduta dagoela esan digutela adierazten ahalegindu naiz, umil. Baina parez pare daukadan poliziak ez dit jaramon handirik egin. Bulegokideengana jo du.

        — Aizue, ba al dakizue Sean Lyinch zein bloketan dagoen?

        — Zazpian uste dut. Itxoin... —guri begira jarri da, mostradorearen bestaldetik—. Nongoak zarete?

        — Espainiarrak —Humbertok ez du dudarik egin.

        — A! España! Que tal estan? Hablo un poco español.

        Gure bisitarako baimenik ez da inon ageri, baina ez dio axola, udan Fuengirolan izandako poliziak konpondu digu arazoa. Deiturak hartu dizkigute, eta gela txiki banatan sartu gaituzte segidan, bisitari guztiekin egin bide duten gisara. Bi polizia daude bertan. Izen-abizenak galdegin eta gainean daramadan guztia eskatu dit batek, besteak azaleko miaketa egin didan bitartean. Ez zen zaila grabagailu txiki bat ezkutuan sartzea, pentsatu dut. Diru, boligrafo eta karnetak plastikozko poltsan sartu eta papertxo bat eman didate.

        — Irteeran papertxo han erakutsi eta zure gauzak itzuliko dizkizute.

        Humberto eta biok itxarongelara sartu garenerako mugimendua dago: tarteka polizia bat etorri eta izen batzuk oihukatzen dituenean —presoen izenak dira, izen bakarraren deiari bisitari batek baino gehiagok erantzuten baitiote—, dozena bat lagunak utzi egiten dute egongela.

        Poliziaren ahotik Sean Lynchen izena entzun ahala, lau metroko hormez eta alanbradez hesituriko kalera irten gara, zain daukagun furgonetan sartzeko. Leiho itsuak ditu ibilgailuak, eta barruan goazen hamabi lagunak elkarren aurpegiei begiratu beste lanik ez daukagu, txangoak iraun duen bost minutu eskasean. Isiltasuna erabatekoa da.

        Zazpigarren blokera eraman gaituzte. Presoen izenak oihukatu ditu polizia batek hemengo itxarongelan ere, banaka baina. Hogei bat minutuko itxaronaldiaren ondoren, heldu da gure txanda. Presoaren izena ozen esan, bisita gelarako bidea adierazi eta gurea zortzigarren mahaia dela jakinarazi digute.

 

 

Hamabost bisitalekuko areto handian sartu gara. Zazpi alde batera, zortzi bestera, eta pasiloa erdian. Metro t'erdi alturako horma mehek bereizten dituzte bisitalekuak; arrosa kolorekoak dira paretak, baita mahaiak eta aulkiak ere. Mahai handia eta zortzi aulki bisitaleku bakoitzak.

        Sartu garenerako lehen sei mahaietan presoarekin hizketan ari dira bisitariak. Zazpigarren mahaian dagoen neskari gu sartzearekin batera heldu zaio laguna eta denbora gelditu duen besarkadan korapilatu dira. Kristalik ez dago presoaren eta bisitarion artean; libre da elkar ukitzea.

        Pasiloaren bestaldean bi preso agertu dira, urrutitik guri begira. Bat beharrean bi datoz, itxuraz, gurekin hizketan egitera. Hobe. Gure eta haien begiradek topo egin dute segituan, eta zutik gaude guregana heldu direnerako. Bostekoa ematearekin batera aurkeztu ditugu geure buruak.

        — Eta ni Sean Lynch naiz, eta hau Padraig McCotter. Preso errepublikarren zuzendaritza taldekoak gara biok. Officer commanding (buruzagi nagusia) naiz ni —plastikozko zorroan ekarri dituen Fanta, Coca-Cola eta txokolatetxoak mahai gainean utzi ditu—. Fanta ala Coca-Cola?

        Bobby Sands gogorarazi dit Seanek ezinbestean. Preso errepublikarren arduradun nagusia, officer commanding zen Bobby Sands gaztea gose grebari ekin zionean. Kartzela honetan bertan. Irribarre herabea du Seanek, ume aurpegia esango nuke, ilea horia, argal samarra, eta beso gihartsuak. Hogeita hamabost urte baino gehiago ez ditu izango. Padraig zaharragoa da —berrogei bai—, eta sendoagoa; aurpegian zimur gehiago nabari zaizkio, ile beltza, eta kraskatua du ahotsa. Gizon gogorragoa, itxura batean.

        — Zenbat denbora daukagu?

        Erlojuari begiratu dio Seanek, eta Humbertori gero.

        — Ordu eta laurden, ordu bi t'erdiak arte.

        Nire ezkerretan eseri da Sean eta aurrez aurre daukadan Humbertoren eskuinean Padraig. Grabagailuen eta boligrafoen faltan, edari latak eta txokolatinak dauzkagu mahai gainean.

        Irlanda bitan zatitzen duen mugan bertan jaioa da Sean Lynch, Clones herrian, Hego Irlandako Errepublikan, Monaghan konderrian. Hego Irlanda administratiboki, Ulster probintziakoa historikoki, Ipar Irlanda britainiarretik kanpo dagoen hiru konderri ulstertarretako bat baita Monaghan. Inguru nazionalistan hazia, 1981eko gose grebak eman zion mugimendu errepublikarrean buru-belarri sartzeko azken bultzada, bere belaunaldiko makina bati bezala.

        Padraig, jaio orduko zen mugimendu errepublikarreko kide: Belfast Mendebaldeko Andersonstown auzune nazionalistan jaio zen eta, hamabi urteko mutikoa zelarik, Armada britainiarreko land-roverrei harriak jaurtitzea zuen dibertimendua. 1976. urtean atxilotu zuten lehen aldiz, preso errepublikarrek burusi-protestari ekin zioten urtean hain zuzen.

        Preso arruntaren uniformea jazteari uko egin zioten, eta jantzi bakartzat burusia izan zuten hilabete luzeetan Padraigek eta bere lagunek 1976an; 1977an blanket protest (burusi-protesta) dirty protest (zikinkeria-protesta) bilakatu zen: kaka eta pixa ziegan bertan egin eta hormetan zabaltzen zituzten hondakinak; 1980ko urrian zazpi presok lehenengo gose grebari ekin zioten, abenduan beste 23k hasi zuten baraualdia, baina abendu bukaeran bertan behera utzi zuten, baldintzak hobetuko zirelakoan. Ez ziren hobetu ordea, eta 1981eko martxoaren lehenean utzi zion Bobby Sandsek jateari. 66 egun geroago, Sands hil zenerako, beste sei preso ere gose greban zeuden, eta bat hil orduko beste batek lekukoa hartuko ziola erabakita zeukaten. Biharamunean, beraz, Joe McDonellek ekin zion gose grebari. Urriaren 3an preso errepublikarrek gose greba uztea erabaki zutenerako hamar kide hil ziren. Helburuak lortu gabe zeuden artean, baina Elizaren eta senitarteen presioek eraman zituzten protesta bukatzeko erabakia hartzera. Borroka ezin gogorrago hark, berandu izan arren, eman zuen fruiturik.

        — Ofizialki ez daukagu stasus politikorik, baina praktikan bai —Fanta lata astindu du Seanek hizketari utzi gabe, hutsik dagoela ziurtatzeko—. Administrazioak onartu egiten du kartzela barruko lidergoa, eta eguneko 24 orduetan guk kontrolatzen dugu geure bizimodua.

        Sean Lynchek eta Padraig McCotterrek, beste hiru kiderekin batera, Long Keshen dauden 360 preso errepublikarren zuzendaritza osatzen dute. Astero bilera egiten dute eta Lynchek, arduradun gisa, blokez bloke ibiltzeko aukera dauka, nahi duen preso guztiekin hitz egitekoa. Kartzela barruko baldintzekin oso gustura daude, eta harro.

        — Urtetako borrokaren ondorioa da. 1981eko gose grebaren ondoren ez zuten gure bost eskaeratatik bakarra ere ofizialki onartu, baina berehala hasi ziren baldintzak aldatzen...

        — Eta gaur egun orduko eskaeretan aldarrikatzen genuena baino askoz gehiago lorturik daukagu.

        Bost aldarrikapen egin zizkioten Margaret Thatcherren Gobernuari gose grebalariek: norberaren arropak janzteko eskubidea, kartzela barruko lanak egin behar ez izatea, presoen artean antolatzeko eskubidea, denborapasarako bitartekoak euren esku izatea, eta 1976an hasitako protestan galdutako zigor-barkamenak zuzpertzea.

        Ez espetxe uniformerik ez burusirik ez daukate soinean Seanek eta Padraigek orain. Belfast Mendebaldeko Jaialdia gaelikoz iragartzen duen kamiseta zuria du Seanek, eta Hego Irlandako selekzioarena izan daitekeen elastiko berdea Padraigek.

        Hiru urte egin zituen gatibu Padraigek, 1979ra arte. Kanpoan egin zituen, beraz, gose grebaren garai latzak, eta 1986an itzuli zen presondegi honetara. RUCek goizeko lauetan atxilotu zuen Padraig, etxean beste kide batekin zelarik. Biak tiroz zauritu zituzten atxiloturik eraman aurretik. Hamasei urteko zigorra ezarri zion epaileak Padraigi —zer leporatu zion ez digu argitu—, eta bederatzi hilabete barru kalean izango da. Astebururo kalera irteten da orain, zigorraren azken urtea betetzen ari diren guztiak bezala.

        Urte berean atxilotu zuten Sean Lynch. «Mirariz» dago bizirik, Armada britainiarraren SAS unitate berezi baten operazioan atxilotu zuten-eta. Irlandan SAS esatea, heriotza esatea da. Berekin zihoan kidea hil egin zuten eta Sean oso larri zauritu.

        — Zortea izan nuen. Besterik ez.

        Shot-to-kill (hiltzeko tiro egin) politika izan dute ardatz SASeko zerbitzu bereziek urtetan: 1983an bi IRAkide hil zituzten Coalisland-en, 1987an IRAko zortzi kide eta oinezko bat Loughgall-en, 1988an hiru IRAkide Gibraltarren eta beste hiru Drumnakilly-n, 1990ean IRAkotzat jo zituzten hiru gazte Fallsen, 1991n IRAko beste hiru kide Coagh-en... Inor gutxi atxilotu dute SASeko eliteko indarrek; hil asko.

        — Zorte txarra izan zuten nirekin. Besterik ez.

        Hogeita bost urteko zigorra betetzen ari da Sean eta, bake prozesuak egoera aldatzen ez badu, urte mordoska bat egingo ditu preso.

        — 2000. urtea hemen ezagutu beharko dut.

        Luze mintzatu zaizkigu politikaz, gerraz, bake prozesuaz. Interes handiz jarraitzen ari dira bake prozesua, informazio ona daukate —komunikabide guztietarako aukera dutelako baino, kanpoko lidergoarekin jario oneko harremana dutelako—, presoek konfiantza osoa dute mugimendu errepublikarreko lidergoarekin, suetena erabaki zuzena izan zen...

        — Baina kartzelan 17 urte egin ondoren orain kalean den Jim McCann-ek esan digu, bake prozesuaren garaian ez lukeela inolaz ere espetxe barruan egon nahiko. Gerra-ekintzekin moralari eustea erraza dela alegia, eta suetenaren itxaronaldia luzeegia dela presoarentzat, zailagoa dela moralari eustea. Ezagutuko duzue Jim McCann!

        — Noski, lagun handia dut —isilik geratu da Sean une batez, irribarrez, bere lagun Jimek guri aitortutakoa hausnartzen—. Ez da egia osoa. Gerrako ekintzek morala igotzen duten bezala, prozesu politikoak ere moralari euts diezaioke.

        — Armak hartzea eta borroka egitea estrategia politiko baten barruan hartutako erabakia izan zen, eta suetena deitzea estrategia horren barruan gertatu beharreko gauza bat zen. Lehenago edo beranduago, armak utzi eta negoziatzen hasi beharra zegoen.

        — Egia da, hala ere, preso batzuk urduri daudela. Denbora gehiegi igarotzen ari da eta gauza gutxi gertatzen. Kontuan hartu behar da, gainera, 1972ko eta 1975eko suetenen esperientzia txarrak jendearen memorian daudela, eta inork ez du orduan gertatutakoa gertatzerik nahi.

        — Nola bizi izan zenuten suetenaren iragarpena kartzela barruan?

        — Egia esanda, IRAren agiria irakurtzea shocka izan zen. Urte askotan borroka modu bati lotuta egon, eta borroka modo hori aurrera eramateko dena eman ondoren, borroka armatua bukatu dela irakurtzea eta barneratzea ez da erraza.

        Sean hizketan ari zaigun bitartean Padraigek atzera begiratu eta, pasiloan aurrera eta atzera dabilen funtzionarioetako bati deitu dio.

        — Tony, utzidazu boligrafo bat mesedez.

        Eskua jakaren poltsikora eraman eta boligrafoa atera du zaindariak, presoari emateko. Txokolatina biltzeko paperetako bat hartu du, eta guri luzatu.

        — Idatz itzazue zuen izenak paperean. Ahaztu egingo zaizkigu bestela.

        Padraigek ez du zaindaria berriro deitzeko beharrik izan. Hiru minutu ez dira pasa Tony boligrafo eske etorri zaionerako. Konfiantza sumatu dut presoaren eta zaindariaren arteko harreman laburrean. Tentsiorik ez behintzat.

        Ordubete luzea egin dugu Irlandaz hitz egiten, eta Euskal Herriaren txanda heldu dela erabaki du Padraigek. Galdera sorta luzea dute bederen eta, Irlandan oso gutxik bezala, badaukate Euskal Herrian gertatzen denaren berri: zein egoeratan daude presoak han? Independentzia lortzeko zer posibilitate daukazue? Zer joeratakoa da zuen egunkaria? Euskal Herrian interesik ba al dago hemen gertatzen ari denari buruz? ETAk eta HBk zer pentsatzen dute mugimendu errepublikarrek bake prozesuarekin hartu duen bideaz?

        Euskaraz baino errazago erantzun ditugu galderok gure ingeles baldarrean. Eskerrak futbolaz ere badakiten.

        — Zein taldetakoak zarete?

        — Athleticzaleak, biok. Newcastle UEFAtik kanporatu genuen iaz.

        — Hori ez al da Howard Kendallek entrenatzen zuen taldea?

        — Horixe bera.

        — John Toshackek ere euskal talde bat entrenatzen zuen, ezta?

        — Reala, bai. Hori Donostiakoa da. Gurea Bilbokoa. Eta zuek, errepublikar guztiak bezala, Glasgow Celticekoak izango zarete, noski.

        — Ez, ez, ez...

        Barre egin dute biek, eta ez digute aitortu zeinen jarraitzaile diren. Talde ingelesen bat, seguru. Manchester United edo. Futbolak alde guztietan sortzen baititu kontraesanak.

        — Ez dizuegu azaldu kartzela barruko gure azken borrokak futbolarekin izan zuela zerikusia...

        Estatu Batuetako Futbol Mundu Txapelketaren atarian zirela, gaueko partiduak ikusi ahal izateko baimen berezia eskatu zuten preso errepublikarrek. Gaueko bederatzietan hastekoak ziren norgehiagoka batzuk, eta hamarretako ziega barruan egotea zen legea. Ziegan beranduago sartzeko baimen eskaerari uko egin zion presondegiko zuzendaritzak.

        — Guretzat munta handiko kontua zen. Irlandako selekzioa sailkatuta zegoen.

        Mundu Txapelketa hasteko astebete falta zela ekin zioten protestaldiari: gauez ziegara joateko ordua heltzen zenean, egongelan bertan geratzen hasi ziren, mugitu gabe. Arrastaka eraman behar izaten zituzten euren ziegetara.

        — Bi egun falta zirela, gainera, telebista bat ezkutatu genuen, presio handiagoa egiteko. Merezi izan zuen, lehenengo partidua ikusteko bada ere: Italiari 1-0 irabazi genion. Ikusi zenuten partidua?

        Hego Irlandako selekzioaren garaipena ospatzen ari zirela, artean ez zekiten ekainaren 18ko gau hartan bertan UVF talde lealistako komando batek sei lagun hil zituela Loughinisland-eko taberna batean. Irlanda-Italia partidua ikusten ari ziren Barney Green, Eamon Byrne, Patrick O'Hare, Adrian Rogan, Don McCreaner eta Malcolm Jenkinson ere.

        Baina nahiago izan dugu bisitaren azken minutuetan kirolari buruz hitz egiten jarraitzea. Joan zen artean futbol gaelikoko Ulsterko finala ikusi genuela esan diegu. Clonesko zelaian, Seanen jaioterrian.

        — Telebistaz ikusi zenuten?

        — Ez, ez, bertara joanda. Txundituta geratu ginen. Egundoko jendetza.

        — Bai futbol gaelikoan bai hurlingean jokalari izandakoak gara biok.

        — Baina ezagutzen al dituzue ba arauak? Ulertzen al duzue jokoa? —Seanek egundoko inbidia duela ezagun du.

        — Partidua segitzeko adina bai. Ez dituzue arau zailegiak. Joko nahiko primarioa da, ezta?

        Ados daude, eta barre egin dute. Atsegin dute irlandarrak astakirtentzat hartzea. Guk inbidia ematen jarraitu dugu, Lee Clegg soldadua askatu ondorengo kale istiluak telebistaz ikusi genituen galdegin digutenean.

        — Zuzen-zuzenean ikusi genituen, etxe ondoan bertan gertatu baitziren.

        — Non bizi zarete ba?

        — Fallsen, Donegall Roadeko bidegurutzean.

        — Bai zera! Fallsen? Gerraren erdian, orduan!

        Harro gaude, Fallsen bizitzea egundoko balentria bailitzan. Eta bertatik bertara ikusitako denak azaldu dizkiegu, IRAko bi kideak halakoak sekula ikusi gabe baleude bezala.

        Gustura entzun digute. Fallseko saltsaren erdian bizi garela jakiteak konfiantza ematen die, antza denez. Ordu t'erdia joan da ordea, eta ordura arte funtzionari pare bat baino ez bazebilen, zortzi batera sartu dira aretora. Beste presoen bisitariak agurtzeko baliatu dituzte Seanek eta Padraigek azken minutuak.