Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Eskuz futbolean

 

Ez da giro Clones-en. Hogeita hamar mila lagun etorri gara muga ondoko Clonesera, futbol gaelikoko finala ikustera, eta gainezka dago herria. Herritik kilometro batera hasi gara oinez, eta poliki-poliki prozesioan gatoz estadio aldera. Ikaragarria da zalaparta, batzuen eta besteen aldeko oihu etengabeak eta bozina-zaratak direla medio. Bandera saltzaileak eta hamburgesa dendatxoak bazter guztietan: norgehiagoka aurretik jan eta edan beharrekoak irensten ari da jendea. Alkoholik ez dago salgai, baina ongi hornituta etorri dira koadrilak, gazteenak batik bat.

        — Etsi beharrean gaudelakoan nago, Humberto —hamburgesa denda txiki bati begira gelditu naiz.

        — Hamburgesa triste bat jan behar al dugu?

        — Fish and chips, nahiago baduzu, baina sabela engainatu beharra daukagu.

        — Fish and chips ez, mesedez.

        Oilasko hamburgesa, patata frijituak eta Coca-Cola bana hartu ditugu. Irlandarrak dirudigu. Garagardo lata poltsaka bakarrik falta zaigu euren pare jartzeko. Eta bandera. Denek daramate bandera. Zurigorria Tyrone konderriaren selekzioko jarraitzaileek, zuriurdina Cavan-ekoek.

        Ulsterko bederatzi konderrietako selekzioak aritu izan ziren norgehiagoka: Ipar Irlandako seiak (Antrim, Down, Armagh, Derry, Tyrone eta Fermanagh) eta Errepublikako iparraldeko hiru (Donegal, Monaghan eta Cavan). Cavan eta Tyrone ez ziren finalera heltzeko faboritoak. Donegal, Down eta Derry izan ohi dira Ulsterren nagusi, baina aurten ustekabea eman dute zurigorriek eta zuriurdinek. Bietako bat izango da Ulsterko txapeldun.

        Irlandako lau probintzia historikoek —Leinster, Munster, Connacht eta Ulster— txapelketa bana egiten dute euren konderrietako selekzioen artean, eta lau irabazleek Irlanda osoko txapelketa jokatuko dute irailean, Dublineko Croke Park-en. Harako txartela jokoan dute, beraz, Cavanek eta Tyronek.

        Goiz irten dugu Belfastetik, Cloneserako garraiobide zuzenik ez baita: Armaghera eraman gaitu lehenengo autobusak, Monaghanerako autobusa hartu dugu gero, eta auto-stop egin bertan Clonesera heltzeko. Zortea izan dugu, azken kilometroetan ekarri gaituena Belfastetik zetorrenez, bueltan ere berak eramango baikaitu. Zita egina daukagu partidua bukatu ondorenerako.

        Egundoko ikusmira piztu du Ulsterko finalak. Hogeita hamar mila lagun sartzen dira Cloneseko estadioan, eta sarrerak aspaldi agortu ziren. Belfasteko Casement zelaia baino handiagoa da Clonesekoa.

 

 

Casement Park da Belfasteko joko gaelikoetarako zelai nagusia, Fallsen mendebaldera dagoen Andersonstown auzunean, taxi beltzen ibilbidearen barruan. Estadioa txikia da Clonesekoaren aldean. Hamabost mila lagun inguru sartuko dira bertan: harmaila bakarra du, zelaiaren albo batean, eta gainerantzean zelaia inguratzen duen mendi-malda da harmaila. Ulsterko hurling finala ikustera joan ginen orain hamabost egun. Berdindu egin zuten: Antrim-ek 1-13, Down-ek 3-7. Azken minutuan lortu zuten berdinketa etxekoek.

        Taxi beltzean heldu ginen bertara finalaren egunean, arratsaldeko hirurak baino ordu laurden lehenago, Antrimeko kolore zuri-horiez jantzitako lau gazterekin batera. Sarreragatik bost libra ordaindu, atarian preso errepublikarren alde eskean ari zirenei libra bat, eta aurrera. Barruan ere baziren Saoirse presoen senideen elkarteko kide gehiago, lazo berdearen truke borondatea eskatzen batzuk, eskuan zeramaten plastikozko kubora besterik gabe txanponen bat botatzeko besteak.

        Ezagun zuen, partidua hasi aurretik ere, komunitate katolikoaren festa zela. Bandera irlandar handiaren ondoan, Ulster probintzia historikokoa, Antrimeko eta Down konderrietakoak eta GAAkoa (Joko Gaelikoen Elkartea). Nahasita zeuden Antrimeko bandera zuri-horiak eta Downeko gorri-beltzak. Gehixeago ziren etxekoak, baina txikia zen aldea, ez baitziren urrutitik etorri Downekoak; Belfastekin muga egiten du hegoaldean Down konderriak.

        Partiduaren aurretik zelairatu zen musika bandak Irlandako hita koloreduna zeraman buruan. Eta Irlandako ereserkia jo zuen bitartean zutik eta isiltasun osoan iraun zuten jokalariek nahiz ikusleek. Epaileak pilota gora botatakoan hasi zen zalaparta. Eta makil festa.

        Hockeyan erabiltzen diren makilen antzekoak, egurrezkoak, baliatzen dituzte hurling jolkalariek. Futbolekoaren tamaina bertsua du zelaiak, eta atea futbolekoaren eta rugbikoaren nahasketa da: gola sartzeko atea dago, sare eta guzti, eta entseiua egiteko zutabe altuak ere badira bi alboetan. Atezainak eta zelaiko hamalau jokalarik parte hartzen dute talde bakoitzean. Euren helburua: ahal bada gola sartzea edo, bestela, pilota atearen gainetik baina zutabeen artetik pasaraziz entseiua egitea behintzat. Golak hiru puntu balio du, eta puntu bakarra entseiuak.

        Hurlingean, kasik dena libre da. Pilota makilaz jotzen da gehienetan, baina eskuz, ostikoz edo nolanahi ere bai. Pilota eskuz har daiteke, baina ezin da eskuan hartuta korrikarik egin: pilota makilaren gainean eramanez egin dezakete korrika. Aurkaria gerarazteko, sorbaldaz-edo oztopa daiteke bestearen korrikaldia, baina besoez edo zangoez ez. Jokoz kanporik ez denez, aurrelariek aurkako atezainaren ondo-ondoen jokatzen dute, eta atzelariak ez dira hauengandik metro erdi baino gehiago urruntzen. Ahal duten bitartean, noski. Eta penaltietan, atezainak bi atzelariren laguntza dauka jaurtiketa gelditzeko ahaleginean.

        Munduko talde-kirolen artean bigarren azkarrena da hurlinga, izotz hockeyaren ondoren. Zelaian jokatzen direnen artean bizkorrena, alegia. Pilota, belar hockeyan ibil tzen denaz bestera, airean ibiltzen dute gehienetan, lurretik jaso eta eskuaz pilota airera bota ondoren ematen baitiote kolpea makilaz. Paseak, berriz, eskuz eman eta eskuz jaso ohi dituzte, makilaren laguntzaz batzuetan. Kaskoa daramate jokalari gehienek.

        — Makilkaden beldur direlako izango da, pilotakaden beldur baino.

        Halaxe jardun zuten Antrimek eta Downek, norgehiagokaren 70 minutuetan, 1-13 eta 3-7ko emaitzarekin berdindu zuten arte.

        Gol bakarra baina hamahiru entseiu egin zituzten etxekoek (hamasei puntu beraz), eta hiru gol baina zazpi entseiu besterik ez Downeko gorri-beltzek (puntu kopuru bera). Handik astebetera jokoa errepikatu eta erabaki zuten Ulsterko txapelduna Down zela: 1-19 / 2-10 irabazi zion etxeko selekzioari.

 

 

Bestelakoa da giroa gaur Clonesen. Jendetza askoz ere handiagoa da, eta jarraitzaile-taldeak bereizita daude multzo handitan. Zelaiak inguru guztian zementuzko harmailak dauzka, eta eserleku bakoitzak bere jabea, albo bateko goiko aldeko belargunean izan ezik.

        Ikaragarria da giroa. Kirol gaelikoen artean zaharrena eta bereiziena hurlinga den arren, futbol gaelikoak pizten du ikusmin handiena.

        Hurling finaleko giroari zerion usain politikorik ez da sumatzen hala ere. Clones Irlandako Errepublika da: mugan dago, Ulster da, baina Monaghan konderrian dago, Hego Irlandan alegia. Eta Hego Irlanda ez da Ipar Irlanda. Bazter batean bada presoen aldeko pankarta bat, baina besterik ez. Bi taldeen izenak gaelikoz irakurri ahal ditut markagailuan: Cabhan eta Tir Eoghain.

        Zelai berean jokatzen dute hurlinga eta futbola, eta joko-arauak oso antzekoak dira. Hamabost lagun talde bakoitzean, hiru puntuko gola sartzea edo punto bakarreko entseiua egitea da helburua. Baina makilarik gabe jokatzen dute, jakina.

        Zangoa eta burua bezala eskua ere erabil dezakete. Aurkaria gorputzez geldiaraztea libre da, baina heldu ez. Eta ez dago jokoz kanpokorik. Baloia urrutira jaurtitzeko eskuz hartu (astirik baldin badute) eta ostikoz jotzen dute. Urruti samar dagoen kide bati pasatzeko baloia ukabilez jotzea da onena, eta laguna oso hurbil badago bi eskuez elkarri ematea. Baloia eskuan dutelarik, debekatuta dago lau pauso baino gehiago ematea. Baina lau urratsen ondoren bote bakarra ematea nahikoa da berriro beste hainbeste urrats egin, berriro botea eman, eta korrika jarraitzeko. Oso jokaldi berezkoa dute, bestalde, botea eman beharrean baloia norberaren oinera bota eta, baloiak zelaia ukitu gabe, oinarekin gora botaz baloia berriro eskuratuta korrika segitzea. Eskularruz jantzita jokatzen dute futbolari askok.

        Gola oinaz, eskuz, buruz edo nahi denarekin sar dezakete... baina bada muga bat. Baloia eskuan eramanez gero, gola ezingo du norberak eskuz egin: edo ostikoz sartu beharko du edo lagun bati pasa eta, honek bai, eskuz errematatu ahal izango du, beti ere baloia heldu gabe.

        Tyronekoek aurrea hartu dute eta, puntu bakoitzeko bandera guztiak batera haizatzeko ohitura dutenez, harmailak zurigorriak dira aspaldian. Gero eta apalduago sumatzen ditugu alboan dauzkagun Cavaneko jarraitzaileak, baina ez dute erabat etsi... minutu pare bat falta delarik, Tyroneko jarraitzaileak zelaira jauzi egiteko prest ikusi dituzten arte.

        Harmailetatik zelaira jaitsiak dira ehundaka gazte, belarretara. Zelaia inguratua dute eta cornerretako izkinetara zelai barruraino etorri dira. Txilibitoa jo du azkenean epaileak, eta han joan dira bandera zurigorridunak zelai erdira jokalariak besarkatzera. Berderik ez da sumatzen zelaian: zurigorria da orain.

        — Goazen gu ere behera! Tyronekoak izango gara gaur!

 

 

Clonesen bandera zurigorri artean geratzea txarra ez, baina Oliverrekin hitzordua egina genuen Belfastera bere autoan itzultzeko. Zain izan dugu aparkalekura heldu garenerako, eta berehala abiatu gara Iparralderantz.

        — Ze, gozatu al duzue partiduarekin?

        — Asko. Bizia eta gogorra izan da —ispiluari begira mintzatu natzaio, atzeko eserlekutik.

        — Partidu ona iruditu zait niri. Baina nork daki! Futbol gaelikoan ikusi dugun lehena da. Kalitatezkoa izan al da?

        — Ez da txarra izan. Hobeak ikusi ditugu, baina eskasagoak gehiago. Jokaldi ikusgarririk ez da izan, baina aspergarria ere ez.

        Joko gaelikoen zale amorratua da Oliver. Belfasten bizi da —irakasle Queen's Unibertsitatean— eta, gaur bezala bakarrik egonda ere, hurling edo futbol partidu interesgarriena jokatzen den zelaira joaten da igandero.

        — Bi kiroletan jokatu nuen gazteago nintzenean —40 urteak hurbil izango ditu—. GAAko kidea naiz, eta futbol europarra —soccer esaten diote amerikarrek bezala— eta rugbia ez zaizkit batere axola.

        — Irlanda osoko selekzio nazionala duen kirol bakarrenetakoa izanda, Ipar Irlandako nazionalistak rugbizaleak izango zinetela uste nuen.

        — Ez da selekzio nazional bakarra, baina egia da Irlandaren bi zatiak batzen dituen selekzio garrantzitsuena dela. Baina Ipar Irlandako katolikoak ez gara sekula rugbizale izan. Ni neu, kirolzalea naiz, baina ez ditut rugbiko-arauak ezagutzen.

        Hurling, camogie, futbola eta handball. Lau dira kirol gaelikoak. Hiru, funtsean, camogie emakumezkoen arteko hurlinga baita azken finean, arau aldaketa txiki batzuekin.

        Handball, izenak dioen bezala, esku-pilota da.

        — Zuen herriko pilotaren oso antzekoa —ondo ahoskatu du pelota hitza Oliverrek, gazteleraz.

        — Hurling eta futbolaren berri izan dugu prentsan, telebistan nahiz bertatik bertara, baina handball-en gainean ez.

        — Ez da hirietan jokatzen. Baserri giroko kirola da gehiago.

        Jokoen jatorria zaharragoa den arren, kirol gaelikoak biltzen dituen erakundea, GAA, joan den mendearen erdialdean sortu zen, Liga Gaelikoak biltzen zituen hizkuntz eta kultur mugimenduen sorreraren garai berean. Irlandarren nortasun nazionalari eusteko borroka politiko nahiz kulturalaren testuinguruaren barruan ulertu behar da GAAren sorrera.

        — Nik eta nire ingurukoek hurling eta futbol gaelikoa jokatzearen arrazoia nortasun nazionalaren kontzientzia da. Jokatzea eta ikustea atsegin dugu, noski. Baina euren aldeko aukera egitea gure nortasuna adierazteko modu bat da. Gainera, GAA 32 konderrietako erakundea da, Irlanda osorik hartzen duena, partizio politikoa kontuan hartu gabe.

        Belfasteko prentsari begiratua botaz gero ere berehala antzematen da nork egiten dion jaramon kirol gaelikoei. Irish News nazionalista moderatuak egunero orrialde bat badakar gutxienez joko gaelikoei buruz, baina Belfast Telegraphe neutral-itxurako unionistak zutabetxo bat eskaintzen dio astelehenetan bezperako partidu nagusiari, eta besterik ez astean zehar. News Letter lealistak lerro bakar bat ere ez sekula. Kirol gaelikoak protestanteek oso begiko ez dituztela baiesteko aukera izan dut aste honetan Belfast Telegrapheko gutunen sailean: Ulster TV kateak futbol gaelikoari igandero ordubete eskaintzea gogor gaitzesten zuen irakurle batek, Ipar Irlandako komunitate bakarrak jokatzen zuen kirolari telebista publikoak halako arreta jartzeari onartezina irizten ziola argudiatuz. Gainera, soldadu edo polizia britainiarrek GAAren jokoetan parte hartzea espreski debekatuta dutela salatzen zuen.

        — Egia da, bai, eta sarritan erabiltzen dute gure aurka. Baina zer nahi dute egitea? Poliziak eta soldaduak gure aldageletan sartzen uztea? Urte luzetan gure komunitateari eraso egin besterik egin ez dutenak, eta gaur ere horretan ari direnak, ezingo ditugu ba beso zabalik onartu! Eta gainera, nork bermatuko luke euren segurtasuna?

        Irlandarren independentzia-borrokaren historiara jo behar da debeku horren jatorriarekin topo egiteko. Irlandako Errepublikaren independentzia eta irlaren partizio politikoa ekarriko zuen garai gatazkatsuan (1916-1921), Armada britainiarrak infiltratuak sartu zituen GAA erakundean, komunitate nazionalistaren eta mugimendu errepublikarraren bihotzean sartzeko modu zuzenetako bat bezala. Ordukoa da araua. Eta azken 25 urteotako gatazkak ez du debeku hori altxatzen batere lagundu.

        — Denontzat onargarria den konponketa politikoa lortzen ez den bitartean ez dugu debeku hori kenduko.

        Inoiz baino jende gehiagok jokatzen du kirol gaelikoetan, sekula baino jarraitzaile gehiago ditu, komunikabideei inoiz baino arreta handiagoa jartzen diete... Ez du zalantzarik Oliverrek, osasun onean daude berak hainbeste maite dituen kirolak eta luzaroan bizi ezinik ez dute.

        — Eta hauek, aldiz, ez daukate ezer —bide ertzeko etxe batean zintzilik ikusi duen bandera britainiarrari begiratuz jarraitu du hizketan—. Pena ematen dit komunitate protestanteak. Historiarik eta tradiziorik gabeko jendea baita. Guk baditugu kirolak, badugu hizkuntza, baditugu dantzak, musika... Zer daukate eurek? Ezer ez! Eta historiarik eta tradiziorik ez duena ez da ezer!

        Barruak lasaitu ederra hartu dio Oliverri azken kilometroetan: esan beharrekoak esan dizkigu, eta guk entzun.

        — Croke Park-era joateko asmorik bai? Sarrerak lortzea ez da erraza, baina interesa badaukazue lagunduko nizueke. Futbol gaelikoko eta hurlingeko finalerdiak eta finalak jokatzen dira Croke zelaian irailean. Ikaragarria izaten omen da festa.

        — Eskerrik asko, baina irailerako Euskal Herrian izango gara.

        — Croke Parkeko festa ezagutuko bazenute, asmatuko zenukete aitzakiaren bat ordura arte Irlandan geratzeko. Etxe parean utzi gaitu Oliver 'taxistak'. Telefonoak hartu dizkiogu elkarri, noizbait guinness festa ederra egingo dugula hitz emanda.

        — Guinnessa ere irlandarren historiaren eta tradizioaren parte baita, ezta Oliver? —adarra joz agurtzeko adina konfiantza egin dugu Clonesetik Belfasteko bidean.

        — Eta historiarik eta tradiziorik ez duena ez da ezer!