Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Lee Clegg kalean!

 

— Askatu egin dute Lee Clegg! —Imanolen telefono deiak kolpe batez esnatu nau.

        — Txantxetan ala? Ez dira ausartuko! Bake prozesua kili-kolo geratuko litzateke.

        — Altxa ohetik behingoz eta begiratu leihotik. Dendatik etxera nentorrela, nire aurrean bi furgoneta bide erdian gurutzatu eta su eman die gazte talde batek. Blokaturik utzi dute Donegall-eko bidegurutzea.

        Dozena bat ke-ildo nabari da Belfast Mendebalde eta iparraldeko teilatuen gainetik. Sanjuan biharamuneko traza dauka hiriak. Falls inguruko kale eta errepideak autoez eta kamioez osaturiko suzko barrikadez beterik daudela dio BBC irratiak:

        — Goizeko sei t'erdietan utzi dute libre Lee Clegg soldadu britainiarra. Karen Reilly hamazortzi urteko neskatilaren hilketagatik betirako kartzela zigorra ezarri zioten. Clegg eta beste soldadu batzuek Opel Astra urdin bati gelditzeko agindua eman zioten Belfast Mendebaldean jarritako kontrol batean. Autoak stop egin ez, eta tiroka geldiarazi zuten soldaduek. Gidariaren aldamenean zihoan Ballymurphyko neska zerraldo utzi zuten.

        Irratiak ahaztu egin du, joyrider izenez ezagunak diren kotxe lapurretan jarduten duten ehundaka gazteetariko bat zela Karen Reilly. Auzune errepublikarretako gazteen artean oso hedaturik dagoen ohitura omen da inoren autoak hartu eta osteratxoa ematea. Gauez izaten dira lapurretak, gauez izaten delako trafikorik gutxien, eta une horixe profitatzen dute autoz batetik bestera habaila bizian ibiltzeko.

        Turf Lodge eta Ballymurphyko karriketan barrena entzuten da, eskuarki, kotxeen burrunba. Gazte irlandarren denborapasa arriskutsua. Gurpilen marrak ezabatu eta kanbioari astindu ederrak eman ostean, autoa utzi eta etxeratzen dira joyriderrak. Hala izaten da gehienetan. Haatik, bidean polizien edo soldaduen kontrolarekin topo egiten dutenek komisaldegirako bidea hartzen dute, edo Karen Reillyren kasuan bezala, heriotzarakoa.

        Reillyren heriotza izan zenetik hiru urte eman ditu giltzapean Lee Clegg Paraxutisten Konpainiako soldaduak. Epaia berraztertu ondoren, Patrick Mayhew Ipar Irlandako estatu-idazkari britainiarra buru duen epaimahaiak —Betirako Kartzela Zigorren Berrikuspenerako Batzordeak—, hasierako epaiari muturrekoa eman eta Clegg kalean uztea erabaki du.

        Epaimahaiaren irudiko, hilketa baino zoritxarreko istripua izan zen soldaduari gertatutakoa. Errepublikar eta irlandar nazionalistentzat aldiz, britainiarren moral bikoitzaren eta justiziaren irizpide bereziaren azken isla baino ez da.

        Donegall Roadeko bidegurutzean BT telefono konpainia britainiarreko furgoneta eta kamioi handia sugarretan daude. Hirugarren auto bat ere badago bidean trabeskatuta. Azken hau oraindik osorik. Imanolen kaleko taxi geltokitik kapela gorriko mutil lodikotea irten da, gasolina ontzia esku artean. Atzetik lauzpabost mutil gehiago. Horietariko bat Gearoid M, Sinn Feineko goi kargu ospetsu baten semea. Egun batzuk lehenago ezagutu genuen Springfield errepidean izan zen manifestazioan.

        — Gure haserrearen lekuko zarete. Esan mundu osoari zergatik egiten ditugun honelakoak. Gaur ere begi bistan geratu da nazionalistak bigarren mailako herritarrak garela britishen aldean.

        — Ez duzue norbaitek salatuko zaituzten beldurrik? Kale guztia zuei begira dago eta baten batek mingaina luzea izan dezake.

        — Fallsen inon baino seguruago sentitzen naiz. Era batera edo bestera borroka berean gaude denok. Eta traidoreek badakite hemen lekurik ez daukatela. Garbitu egiten ditugu, besterik gabe.

        Bisera gorrikoak antolatu du Donegalleko ekintza —bisera gorri franko izan dela jakin izan dugu gero—. Hirugarren autoa kiskaltzen jarri dutenean entzun dira sirenotsak. Ziztu bizian aldegin dute Donegalleko komandokideek. Norbera bere etxera seguruenik. Gearoid M.ek diosala beroa egin digu gure paretik igarotzean, bere lana primeran bete duela adierazi guran-edo.

        Suetena iragarri zenetik estreinakoz, poliziek balen aurkako txalekoa daramate soinean. Imanolek eta biok bake prozesua kinka larrian dagoelako seinaletzat hartu dugu txalekoaren detailea.

        — Ikusten nortzuk dauden jende artean?

        Poliziak land rover-etatik jaitsi eta bidea eragozten duten kamioien sua itzaltzen hasi besterik ez, eta biseraduna eta Gearoid poliziaren lana ikuskatzen dagoen jendetzara batu direla ohartu gara, harrituta. Gertatutakoarekin zerikusirik izan ez balute bezala daude, izozki bana zurrupatzen, ezer ez dakitenarena egiten. Kalekoak ere indiferentziaz portatu dira.

        — Honekin nahikoa izan ez baduzue —Gearoid hurbildu zaigu berriro—, hemendik lasterrera barrikada berria egiteko asmoa daukagu. Whiterock errepidean. Gaur ez zaizue lanik faltako zuen egunkarirako.

        Whiterock errepidean ez dago taxi bulegorik. Hango mutil-kozkorrek ez dute operazio-zentruen premiarik, ezta inolako logistikarik ere. Helduagoren batek furgoneta edo kamioren bat geldiarazten badu, eurek egingo dute gainerakoa trebezia paregabez.

        Gearoid M.ek handik pasa nahi duen esnezalearen furgonetari alto eman dio:

        — Gure herriaren borrokarako behar dugu zure furgoneta.

        — Baina, hau...

        Esnezale gihartsuak ukabilkada baten laurdenaz despatxatuko luke nahiko balu, baina birritan pentsatu eta amore eman du.

        Lehoi nagusiak ehiza harrapatzen duen eran, Gearoidek autoa konfiskatu eta lehoikumeen atzaparretan utzi du mokadu goxoa. Intifadaren bertsio irlandarra. Izkina guztietatik gazte mordoska bat hurreratu da barrikadari su ematera. Aldez aurretik merkantzia lurraren kontra apurtuko dute, arerioaren prentsak esne-lapurrak esan ez diezaien.

 

 

Hirurak eta hamarrean abiatu gara manifestazioan, Sinn Feinen egoitzaren paretik. Manifestazioaren buruan sei zinegotzi, ez pankartarik ez ezer. Seitik hiru ezagutzen ditugu: Alex Maskey, Joe Austin eta Tom Hartley. Hiruzpalau metro atzerago dator jende multzoa. Lehen bost ilaretakoak —gure adiskide Eric eta Malachy tartean— elkarri besotik helduta datoz, segurtasun hesia osatzen. Ehundaka lagun bildu gara, milatik gora agian. Ez dago gaizki, eguerdian deitu eta arratsaldean egina izateko.

        — Zer nahi dugu? —Tom Hartley hasi da garrasika.

        — Presoak kalera! —denok batera.

        — Noiz nahi dugu?

        — Orain!

        Ez da manifestazioan beste sloganik oihukatu. Baina hormetako graffiti egin berrietan Lee Clegg da protagonista: «Lee Clegg kalera, denok kalera».

        — Hirigunera sartzeko asmoa ote dute? —-ez dakit Imanolen irribarrea istiluen beldurragatik den edo istiluen egarriaren seinale.

        Falls utzi eta hirigune aldera jo dugu manifestazioan, ezagutzen ez ditugun kaleetatik barrena.

        Hogei-hogeitabost metro zabalerako Grovesnor errepidera heldu garenean aienatu dira gure zalantzak: Poliziak hiriguneko sarrera itxi egin du. Bost lerrotan jarrita dauzkaten berrogeita hamar jeep-ek eta ehunetik gora poliziek kalearen zabalera osoa blokatu dute. Plastikozko bala jaurtitzaileak daramatzate aldean. Bideo kameraduna eta argazkilaria ere ez dira falta polizien artean.

        Polizi-barrikada ehun metrora dugularik gelditu da manifestazioa. Hizketa lasaian ari dira aurrealdean Sinn Feineko buruzagiak, zer egin erabakitzen-edo. Manifestarien multzotik irten eta bi aldeen tartean dagoen kazetarien lubakira biltzeko baliatu dugu atsedena.

        La astekariko Colon erreportariarekin egin dugu topo.

        — Zer gertatuko da orain?

        — Auskalo. Edozer gauza.

        Bazter batera erretiratu gara kazetariak, aurrera egitea erabaki dutela ohartu garenean. Sinn Feineko buruzagiak aurre-aurrean doaz, lehen bezala. Eta elkarri besotik helduta zetozen bost lerroek bakarra egin dute. Pauso luze eta bizkorrean poliziengana hurbiltzean, eguneko slogana oihukatu dute arestian baino ozenago:

        — What do we want?

        — Prisoners out!

        — When do we want it?

        — Now!!!

        Enfrentamenduak berehalakoa zirudienean, gelditu egin da manifestazioa polizi-lerrotik bost metrora. Alex Maskey zinegotzia polizi arduradunarengana hurreratu da. Minutu eskaseko solasaldia. Alex Maskeyk kazetariak eta manifestariak bildu eta protesta ekitaldia bukatu dela jakinarazi du.

        Kamioi, furgoneta eta auto kiskaliak zenbatuz egin dugu etxerako bidea: 20tik gora badira Sinn Feinen egoitzatik gure etxe parerainoko kilometro t'erdi inguruan. Fallsen hiru barrikada gune daude: zortzi ibilgailu birrindurik Sinn Feinen egoitza aurrean; handik kilometro erdira, Culturlann zentroaren inguruan, dozenerdi bat; eta Donegalleko bidegurutzean beste dozenerdi bai behintzat. Kilometro bat gorago, Andersonstown auzunean bi autobus errepidean trabeska jarri eta kiskali egin dituztela esan digute.

        Taxi beltzek lanean jarraitzen dute.

 

 

— Zuek, euskaldun parea, zikindu zuen esku zuriak! Zertara etorri zaretela uste duzue! —mehatxua egin digu Eric adiskideak, koktel molotovez beteriko hogeita lau botilako garagardo kaxa daramala.

        Malachyk gu bakean uzteko esaten dio Erici.

        Arratsaldeko ekintzak bukatu osterako egin dugu gauerako zita Eric eta Malachyrekin.

        — Gauez izango da benetako dantza. Kazetari on batek ezagutu beharko lukeen dantza-saioa —proposatu digu bikote istilu zaleak.

        Eta dantzaldiari koreografia ederra egokitu zaio gau mugitu honetan. Ilargiaren printza amatatzen dute Armada britainiarreko helikopteroetatik erortzen diren argi errainuek. Lau helikoptero dira Fallseko aire-eremuaz jabetu direnak. Beste horrenbeste kriseilu zeruan eskegita.

        Helikopteroen fokoen azpian Ericek eta Malachyk beren barrikada antolatzeari ekin diote setatsu eta gogobete.

        — Mutilak, bidea moztu beharra daukagu —diotso Malachyk inguratzen dion gazte taldeari, Eric traktore batekin agertu denean.

        — Barrikada altxatakoan, bakoitzak har dezala koktel molotov bana Polizia erortzen denerako, eta haien kontra jaurti.

        Argibideak emanda, bukatutzat eman dute Ericek eta Malachyk Beechmount auzuneko lana, eta Fallsetik gora jo dute hurrengo auzuneko ekintza antolatzera. Dagoeneko Fallsen hasieratik Beechmountera dagoen kilometroan bizpahiru barrikada muntatu dituzte.

        — Koldarrok, hor geratu behar al duzue gau osoan? —Ericek guri.

        Beechmountetik Andersonstownera beraz. Eric eta Malachy aurretik, arnas-estuka; gu biok atzetik.

        Andersonstownera iristeko bost bat minutu baditugu, Milltown hilerri entzutetsuaren aurreko polizi-komisaldegi ondotik igaro garenean. Kalean ez da deus ikusten. Helikopteroen burrunbak eta polizi-sirenotsek urratzen dute gauaren isiltasuna. Eta bat-batean tiro hotsak entzun ditugu.

        — Azkar mutilak, azkar!

        Buelta eman eta etorri garen bidetik itzultzeko keinua egin dugu guk, haien agindua hauxe zelakoan. Oker. Eric eta Malachyk tiro hotsen jatorriaren bidetik segi dute trostan.

        — Gu bai kokolo parea!

        — Hauek ogia busti nahi dute piper saltsan. Goserik bai? —atzera egiteko gonbitea sumatu diot Imanolen galderari.

        Baiezkoa ematear nagoelarik, Malachyren oihuak gure tentsioak baino gehiago astindu gaitu.

        — Agudo mutilak! Zertara etorri zarete hau ikustera ez bada?

        Andersonstowneko barrikada jadanik eraikita dago.

        — Berandu iritsi dira gure lagunak. Norbaitek aurrea hartu die.

        — Sikieran, hemen Ericek ez digu eskuak zikintzeko agindurik emango.

        Auzuneko bidegurutzea bitan banatzen du Andersonstowneko barrikadak. Gu gauaen aldean, harriak eta koktel molotovak jaurtitzen ari den talde multzoarekin bat egiten dute Eric eta Malachyk. Beste aldean, lehenxeago entzundako tiro hotsen jatorria argitu digu RUC Poliziak: plastic bullet, plastikozko pilotak.

        Emma Groves-en etxe paretik ari dira gazte errepublikarren koktelei erantzuten.