Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Errepublikarra eta protestantea

 

Suzanne Bunting bizirik atera zen hiru paramilitar unionistek duela hogeita bat urte bere etxean egin zioten erasotik. Ohi denez, gaueko ordu txikietan burutu zuten erasoa, etxekoak lotan zeudela. Suzannek jadanik orbaindurik dauzka hiru balek hesteetan eragin zizkioten zuloak. Ixten zailagoa den beste orbainik badu: zerraldo utzi zuten Ronnie senarra.

        Fallsen bizi den jatorri protestanteko errepublikar apurretarikoa da Suzanne. Irlandako dantza tradizionalen saioa ikusten ari den errepublikar multzoaren artean topatu dugu, Felons Club tabernan. Bezeriagatik, talde paramilitar lealisten helburua da. IRAko preso ohiak eta hauen senitarteko eta lagunak besterik ezin dira bertara sartu. Tabernak gotorlekua dirudi, aurrealdean burdinazko ateburuko kamera oroikusleak gure bisitaren berri eman dio ataritik kontrolatzen ari den zaindariari, ateaz bestaldeko atezain pareak sarrera eman edo ukatzeko. Asturuak Milltowngo hilerriaren eta RUCeko komisaldegiaren aldamenean jarri nahi izan du taberna.

        — Suzanne Buntingekin geratu da elkarrizketa egiteko —bisitaren nondik norakoen berri eman die gidaritzat hartu dudan Martin O'Callaghan Sinn Feineko kideak.

        — Eta nor da berori? Nondik dator?

        — Euskalduna da, kazetari lanetan ari da Irlandan eta hemengo gatazka ezagutzera etorri da.

        — A!, ETA, pin pan pun... Aurrera, barru-barruraino.

        Tabernako jendetzaren marmarrarekin duten lehian garaile dira Christy Moore kantari irlandarraren «The city of Chicago» abestiaren doinu goxoak. Duela 150 urte milioi t'erdi hildako eragin zuen gosetetik ihesi —gehienak gaelikoz mintzatzen ziren nekazariak— Estatu Batuetara eta Australiara abiatu ziren milioi bat irlandarren oroimena egiten du Mooreren kantuak. Milaka lagunen ihesbidea moztu zuten Atlantikoko olatuek, eta itsasuntziek hilkutxa deitura hartu dute harrezkero.

        — Nire senarra, Ronnie —Suzanne astiro hasi zait hizketan—, Irish Revolution Sozialist Party (IRSP) alderdiko kidea zen. 70eko hamarkadan oso ezaguna egin zen bere jarduera eta borroka politikoaren ondorioz.

        Alderdi poltiko nazionalista eta marxista da IRSP. Sinn Feinek legez, Irlanda Batuaren alde egiten du, baina xede hori gauzatzea garrantzitsua bada, kapitala eta elizak —katolikoa zein bestelakoak— borrokatzea ez du aise alboratuko. Irish National Liberation Army (INLA) talde armatuaren beso politikoa da IRSP. Sinn Feinek Londresko Gobernuarekin zituen negoziazioekin bat ez zetorren talde batek sortu zuen INLA, Seamus Costello izaki disidenteen buru, 1977an Dublinen hil zuten arte.

        Ez da IRAn emandako zatiketa bakarra. Hiru urte lehenago, 1977an, banaketa berria ezagutu zuen mugimendu errepublikarrak. Gobernu britainiarrarekin negoziatzeko tregua deitu zuen IRAk. Orduan ere McGuinness eta Adams negoziazio taldeko kideak ziren, beste batzuen artean. IRAko adar batek ez zuen begi onez ikusi elkarrizketa prozesua, eta talde armatua bitan zatitu zen: IRA Probisionala (Provos) —azken honen segida da gaur egun IRAtzat jotzen dena— eta IRA Ofiziala. Gerora Workers Party edo Langileen Alderdia jaio zen, IRA Officials-en beso politiko gisara.

        — Major Ronald Bunting —ia itaundu barik isuri zaizkio oraindik barrua irakinarazten dioten egun haietako oroitzapenak— buruzagi unionista historikoaren semea zen nire senarra. Eta horrek zaildu egiten zuen bere egoera pertsonala, sekula santan ez baitiote barkatuko protestantea izanik errepublikar bilakatu izana. Ordura arte nire gurasoekin bizi ginen auzune protestantean, baina hanka egin behar izan genuen pertsonaia ezaguna egin zelarik. Protestante unionistentzat katolikoak baino gorrotagarriagoak gara errepublikaren eta Irlanda Batuaren alde egiten dugun protestanteak.

        Bunting bikoteak Fallsera etorri behar izan zuen, bertan harrera ona izango zutelako segurantzaz eta errepublikarren artean babestuago sentituko zirelakoan. Babestuago bai, baina seguru inon ez. Handik bi urtera, 1980ko azaroaren 15ean pairatu zuten erasoa.

        Gerora, buruzagi politiko errepublikarrek edo mugimendu errepublikarrean lan aktiboa egin dutenek bezalatsu, birritan aldatu da etxebizitzaz. Egun Poleglass auzunean bizi da: langabeziaren astindu zakarra gogor sentitzen den eremuan.

        — Gurasoen etxera itzultzeko asmorik ba al duzu?

        — Gogoa bai, baina asmorik ez. Azken hogei urteotan, Ronnie hil zutenetik hona, birritan besterik ez ditut hemendik hamabost minutura dauzkadan gurasoak ikusi. Dena den, ongi pentsatuta, nahiago dut gauzak dauden moduan uztea. Gurasoei zer pentsatzen dudan, zein lagun ditudan eta non bizi naizen argituko banie izugarrizko atsekabea hartuko lukete. Ez dute sekula ulertuko.

        — Badago Ipar Irlandatik at estereotipo bat, zeinaren arabera protestantea izanik ezin zaitezkeen nazionalista irlandarra izan.

        — Badaude Irlanda Batua lortu nahi duten protestante apur batzuk. Azken laurogei urteetan britainiarrek eragin duten protestanteen eta katolikoen arteko zatiketa da horren arrazoia. Baina Irlanda Batuaren alde ez dagoen katolikorik ere bada. RUC Ipar Irlandako Polizian, esaterako, %7 katolikoak dira. Herritarren artean ez dago katoliko lealistarik, haiek ez baitute Gobernu lealista bere bezala errekonozitzen, ez Sinn Feinekoek ez SDLP alderdi sozial demokratakoek ezta IRSPkoek ere.

        Bat-batean, ordurarte gure solasaren lagun eta konplize izan dugun musikotsa etsai bilakatu zaigu. Bolumenak gora egin du eta niretzat ezezaguna den doinua nagusitu da tabernako bi solairuetan. Malgukia bailuen, jendea zutitu egin da. Suzannek ere esaldiaren haria eten eta altxa egin da. Mundu guztia kantatzeari lotu zaio. Irlandako ereserki nazionala da. Taberna ixteko ordua.