Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
Suetena Belfasten
Imanol Murua Uria
Humberto Unzueta
1996, kronika
200 orrialde
84-86766-66-4
Imanol Murua Uria
1966, Zarautz
 
1998, kronika
 

 

Ptolomeoren mapa

 

Uste baino fundamentu handiagoa atera digu Ian Paisley-ren prentsa bulegariak: atzo hots egin zigun gaur goizean hitzordua daukagula adierazteko. Galdera mordoska prestatu eta Ravenhill-en gara berriro, «Espainiako euskarazko periodiko garrantzitsueneko» bi berriketariak.

        Zurezko altzari fineko bulego batera pasarazi gaituzte, eta erreberendoaren zain geratu gara, elkarrizketa hain azkar lortu izanaren arrakastarekin harrituta. «Itsasotik itsasora ere menpean izango dugu» irakurri dut bulego mahaiaren atzeko paretan eskegita dagoen koadroan.

        Baina ez da Paisley bulegora sartu zaiguna.

        — Sentitzen dut baina Paisleyk ezingo zaituzte hartu. Lanpetuta dabil, badakizue. Arthur Noble naiz, alderdiko zuzendaritzako kidea. Neronek erantzungo ditut nahi dituzuen galdera guztiak.

        Paisleyren adinaren ingurukoa da, altua bere buruzagia bezala, ez hain sendoa. Ez da artzaina izango, kale-jantziz etorri da behintzat. Elkarri bostekoa eman, eseri eta, gure galderei itxaron gabe, hizketan hasi zaigu.

        — Ezer baino lehen, Historiari buruzko argibide funtsezko batzuk eman nahi dizkizuet, gezur asko baitabil hor zehar. Lehenik eta behin, zalantza izpirik gabe, Ipar Irlanda        ko protestanteen arbasoak, gure arbasoak, irlandarrak heldu baino lehenagotik gaude irla honetan.

        Oso poliki ari zaigu, argi ahoskatuz, ingeles akademikoan. Inori baino hobeto ulertzen diogu, ahalegin handirik gabe.

        — Britainiar irlen maparik zaharrenak, Ptolomeo astronomo eta geografoak marraztu zuenak adierazten du bi irla hauei Britainia Handia eta Britainia Txikia esaten zitzaiela. Ptolomeok erakusten digu protestanteen arbasoak, ulster scot-ak izenez ezagutuak, hemen zirela bigarren menderako, irlandarrak hirugarren mendean heldu ziren bitartean. Eta irlandarrek tematsu segitzen dute esanez Historia euren alde dagoela. Zentzugabekeria hutsa! Gu heldu ginen lehendabizi!

        Gaur egungo gatazka zirt-zart konpontzeko behin-betiko argudioak ematen ari denaren tinkotasunez ari da Arthur Noble, etenik gabeko hizjario lasaian. Ez dut uste politikari ezezagun honen elkarrizketa argitaratzeko modukoa izango denik, baina pozten naiz itxura egiteko bada ere grabagailua piztu izana.

        — Irlandarrek hirugarren mendean menperatu zuten irlaren iparraldea, eta ulster scot-ak kanporatu Eskozia aldera. Horrelaxe sortu zen Eskozia. Scot hitzak, jatorrian, irla honetako bizilaguna esan nahi zuen. Beraz, Erreformaren garaian Eskoziatik eta Ingalaterratik irla honen iparraldera etorri zirenak euren arbasoen lurraldera itzuli ziren. Gertakari historikoak dira hauek, ez naiz ezer asmatzen ari. Hau azaltzen ari natzaizue, honek argiro erakusten duelako eskubidea dugula hemen bizitzeko, eta ez dugula hemendik aldegingo, ez diegula irlandarrei irla hau emango, ez baitira irlaren jabe.

        Argudio historikoen soka ez da bukatu: Saint Patrick ez zen katolikoa, ez zuen zerikusirik katolizismoarekin, eta Adrian IV aita santuak indarrez inposatu zuen erromatar katolizismoa 1173. urtean, Henry II Ingalaterrakoaren eskutik. Edo ezpatatik, zehatzago.

        — Zuek irlandarrak baino lehenago heldu izanak hemen bizitzeko eskubidea ematen dizue. Baina irlandarrek, zuek baino beranduago heldu zirela-eta, ez dute eskubide bera?

        — Eskubide bera daukate, baina guk eskubide hori ez dugula esateko eskubiderik ez dute, erromatar katolizismoa inposatzeko eskubiderik ez dute, irlaren zati hau aldarrikatzeko eskubiderik ez dute. Eurek badaukate euren Errepublika.

        Katolikoen eta irlandarren aurkako mila argudio entzun ditugu hurrengo orduerdian Arthur Nobleren ahotik, ia batere galderarik egin beharrik gabe: Irlandako Errepublika legez kanpo sortutako estatua da, Bigarren Mundu Gerran Dublingo Gobernuak Hitler sostengatu zuen, orain IRA sostengatzen du...

        Talde paramilitar lealistei buruz zein jarrera duen galdetu dio Humbertok.

        — Era guztietako terrorismoak gaitzesten ditugu, talde protestante terroristak barne. Alderdi demokratikoa gara, terrorismoaren kontrakoa. Hala ere, eta honekin ez naiz ari protestante terroristen aldeko aitzakiak jartzen, esan beharra dago talde protestanteak kontra-terroristak direla. Erantzuna da. Jendea etsita baitago. Gobernu britainiarra ze demontre egiten ari den galdetzen du jendeak, protestanteen iritziei jaramonik ez diela egiten ikusten du, terrorista katolikoei amore ematen diela ikusten du... eta badira protestanteen artean azkenean terrorista bihurtzen diren extremistak. Guk euren jarrera ulertzen dugu, baina gaitzetsi egiten dugu.

        Negoziazioak irtenbiderik ez duela ekarriko behin eta berriro esan digunez, irtenbiderako proposamenak zein diren galdetu diogu behin eta berriro. Ingeles garbian mintzatu arren, ez diogu proposamenik ulertu. Ez dauka. Interesgarria izan dela solasaldia. Ongi etorriko zaigula Ian Paisley elkarrizketatzen dugunerako.

        — Paisley? Aste honetan oso lanpetuta dabil Paisley jauna.

        — Ez daukagu presarik, hilabete batzuk egingo ditugu hemen.

        Uste baino fundamentu txikiagoa atera digu Ian Paisleyren prentsa bulegariak.