Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Kristalaren lezioa

 

Zubi altxagarria jasorik zegoen orain ere.

        Eguzkiak bere azkenetan lainoen artetik indartsu izan nahi bazuen ere, haize hotza zegoen. Eta adokinak bustita oraindik. Autoko leihatila itxi zuen. Herdoildurik zegoen leihatila zabaltzeko giderra eta bi eskuekin eragin behar izan zion itxiko bazuen. Alokairuko Chevrolet madarikatu haiek. Giderrari eragin ahala, zubi altxagarria ere emeki-emeki jaitsi zen, Klarak gider herdoilduaz eragingo balio bezala zubiari ere, errepidearen bi aldeak elkartuz. Inoiz hiltzeko modua aukeran eman baliote, zubi altxagarri batean hiltzea eskatuko zukeen: errepidea bitan zatituz, gorantz, eta bere autoa ibaia itsasoarekin elkartzen den putzu sakonera erortzen. Berehala damutu zen txorakeria hura pentsatu izanaz.

        Zubia igarotzen ari zela, kunetara lerratu eta errebolberra uretara bota zuen. Gibelean utzi zuena imajinatzen saiatu zen: erizainak patiora aterata ariko ziren erradiografia bana hartuta zerura begira, eklipse madarikatu haren beha, gaixoen burezurrei ateratako erradiografiek axola izango baliete bezala, haien garunetako tabako eta amapola landaketen esanahiaz jabetuta baleude legez. Garbi zegoen, ordea: ez zeuden erizainak erradiografiei begira. Irratiak garbi esan zuen amonaren aldaka hautsiaren erradiografiak ere baliagarri zirela eklipse bitxi eta errepika ezin hura begietan kalterik sortu gabe ikusteko. Hartantxe ari ziren erizainak, eklipsearen beha.

        Ez, ez zegoen egin zuenaz damututa.

        Autoko leihatila herstean, euli bat geratu zen Chevrolet beltzaren barruan biz-biz biraka. Kristalaren aurka talka egin zuen euliak, ez behin bakarrik, baizik eta birritan edo hirutan. Ez da aise ikasten kristalaren lezioa. Leihatila ireki eta atera zen azkenik eulia autotik. Eta kristalaren bestaldean hain diferente zirudien euliak, hain ezberdin. Hain erle agian.

        Joek une hura baliatuko zuen patioan zulatzen utzi ez zioten alderdia arakatzeko, telefono lurperatuen bila. Gizajoa konbentziturik zegoen oraindik, telefono haren bila, dei haren zain, errebantxa haren aiduru.

        Patioko zuhaitz bakarraren mendebaldeko adarretako hostoak hasi ziren gorritzen udazkenagatik. Edo ez. Ez zen udazkenagatik agian: iheslari frustratuetako batek tunela egitean zuhaitzaren sustraien kontra zauri bat egin eta mendebaldeko sustraia odolaz gorriturik geratu zelako baizik. Edota Joek obsesiboki bilatzen zituen lurpeko telefonoak benetan existitu eta lurperaturik zeudelako, eta telefono lurperatuak erietxeko apargailu gorrien kolore berekoak zirelako akaso, sustraiek topo egin zutela azkenik lurpean telefono gorrien kable kiribilduekin. Dena zen hipotesi bat; eta itxi parentesiak eta piztu zigarro bat. Gauloises.

        Hiria belauniko, arnasestuka zetzan, beti itzultzen zen euriaren pean. Arrain freskoaren usaina zerien orain kaleei, euripean, trenbideko trabes paralelo infinituraino luzatzen zirenek arraina karriatzeko zurezko kutxa apurtuz eginak ziruditelako, akaso. Denbora luzez estatuak bailiran geldirik egotera entseatzen diren mimo horietako batek soilik eusten zion karriketan bereari, margo zuria euriak deblauki ezabatu eta bere azpian zuen benetako hienaren aurpegia agerrarazten zuen arren. Are mugiezinago zirudien mimoak inguruko jendearen presa obsesiboa ikusita.

        Ez. Ezin esan damuturik zegoenik. Damua hektarea dezente eskatzen zituen sentimendua zen. Dena den, negargura izugarria sentitu zuen. Ez zeraman musuzapirik soinean, eta bakarturik sentitzen zen alokairuzko Chevrolet arrotz haren barruan. Hurrengo semaforoan malkoak xukatzeko zerbait bilatu zuen autoaren eskuinaldeko apaltxoan. Alde batetik errepideen mapa eta beste aldetik mapamundi erraldoia zena topatu zuen, musuzapirik ezean.

        Mapa bat topatu zuen ezer baino lehen, eta semaforoa berde jarri zenerako, salbuespenezko egoeran, malko uholdepean zeuden, Bolivia, Peru eta inguruko herrialde guztiak. Soinu bitxi bat entzun zen, pasillo luze baten bukaeran aluminiozko ate bat hertsiko balitz bezala. Katu bat dago pianoaren barruan, Klara Miao! Zentzugabeko aurresentipen bat irudikatu zuen lipar batez bere aurrean: haizeak toffee paper marroikarak barreiatzen zituen hostoen ordez. Panamako kanalean behera irristatzen ziren orain malkoak paper urdinaren gaineko kartografia zehatzean.

        Irratia piztu zuen. Modako kantu bat saxo tenore batekin.

 

                Islandian badago tximeletarik?

                Baioixe

                Zuriak dira denak tabakoa liatzeko papera bezain

                zuriak

                eta beraz ezin ikus ditzakegu

                izotzagatik elurragatik

                ezin ikus ditzakegu Islandiako tximeletak

                zuriak, zauriak

                ikusezinak dira Islandiako tximeletak

                ez dute ikasi behar

                aspaldi ikasi zuten aspaldi ikasi

                beirazko izotzaren aurka talkatzean errenditzen

                Baioixe baioixe

                tabakoa liatzeko papera bezain zuriak diren Islandiako

                tximeletek ez dute ikasi behar

                hiru direnik bizitzako zauriak, hiru:

                lehenengo zauria itsasoa da

                bigarrena zerua baina

                hirugarren zauria ez da urdina

                hirugarrena ez da urdina, ez da urdina, ez da urdina

 

        Zer axola dio. Islandia edo Alaska zubi altxagarri beraren bi aldeak baino ez dira. Hirugarrena ez da urdina... Ezin izan zuen Sara Vaughanen ahotsa luzaroago entzun, Hirugarrena ez da urdina, urtetan zehar hainbeste hunkitu izan zuen kantu hark bere malko jarioa gehitu baino ez zuen egiten.

        Eta Klararen begietako trenbidea ere gero eta gorriago, puma baten begi ertzak irudi, telefono lurperatuen eta patioko zuhaitzaren eta ezpainen eta garuneko amapola landaketen gorri. Baina erleek ez dute kolore gorria bereizten, beltzaren parekoa da gorria erleen begi daltonikoetara. Erle putak. Buzoi publikoetan bizi diren erle madarikatuak. Erleek ez lukete posta kutxa publikoetan bizi behar. Denok ginateke zoriontsuago erleak posta kutxa publikoetan bizi ez balira. Autopistara altxatu zen autobidearen espiralean barrena, El Salvador, Nikaragua eta bereziki Costa Ricarekin aurpegiko azken malkoak lehortuz. Malko bakarti bat Txile meharrarekin enkapritxatu zen, goitik behera hau blaituz. Rotterdam-Hego Irteera zioen bidegurutzean, kontrola jarria zuen Poliziak. Banan-banan ari ziren auto guztiak arakatzen. Bere aurrean bi auto zeuden, urdinak biak. Baina hirugarrena ez zen urdina. Hirugarrena ez. Errebolberra ibaira botatzea ideia ona izan zen. Lasai egotea zeukan, marihuana bila-edo ariko ziren. Zer gerta ere, bere biktimarena zen ezpainetako zantar hura leihotik bota zuen eta gibelispiluan begiratu zion bere aurpegiari. Zelako itxura penagarria. Autopsia bat ematen zuten bere ezpainek. Oraindik mindurik zuen lepoa tentetu, mapa berreskuratu, eta zintz egin zuen Kanadaren gainean, poliziek, bere aurreko Renault urdineko maleteroa miatu eta Klara Miaori altoa emanez, autotik ateratzeko keinua egiten zioten bitartean.