Beluna Jazz
Beluna Jazz
1996, nobela
162 orrialde
84-86766-65-6
azala: Iņaki G. Holgado
Harkaitz Cano
1975, Lasarte
 
2023, poesia
2022, poesia
2018, nobela
2015, narrazioak
2011, nobela
2005, narrazioak
2001, poesia
1999, nobela
1994, poesia
 

 

Boliviako pareta pitzatuak

 

Ezin esan Bolivia auzunean ostatu hartu zuten Nice Katiluko apartamentu estu hura beste munduko gauza zenik. Paretak pitzatuak zeuden goitik behera eta bonbilla biluzi haiek lanpara bihur zitzaketen feltrozko oihal zurrunen arrastorik ez zen inon. Sabaiko bonbillak pendularki mugitzen ziren korridorean norbait oinez ibiltzen zen bakoitzean. «Petrolioa bilatzeko bonbillak», esan zuen txantxetan Ieregik hara heldu bezain pronto, Rotterdameko portu erraldoiko petroliontziak gogoan. Horma zuriak nikotina geruza batek hartzen zituen sabairaino, hormako igeltsua ore fin eta hori batez estaliz.

        Gramola behintzat bazebilen. Gramolaren ondoan berunezko hontz txiki bat zegoen, kolore urdin biziko begi irekiak zituena. Bazuen irudi hark zerbait beldurgarri bilakatzen zuena. Klarari ordea, gustatu egin zitzaion halere iruditxoa eta handik joatean oroigarri gisara eramateko asmoa agertu zuen. Gainerakoan, ez zegoen han gauza handirik, apartamentuko paretetan, altuera ezberdinetan eskegitako Van Goghen koadroen kopia merkeak salbu. Mesanotxearen gainean beste bonbilla biluzi bat, wolframio hariaren mugimendu bibrakorrek ekilibriorako kable arriskutsu bilakatzen zutena eltxoendako. Hobe hura ez piztea eulien borrero bihurtu nahi ez bazuten. Mesanotxean hiru disko: Kenny Dorham, Miles Davis eta Thelonious Monk. Apartamentua txikia izanagatik ere, sabaia behintzat altua zuen eta metro kubikoen aniztasun hark itogarritasuna kendu eta abegikorrago egiten zituen gelak. Nikolasek hartu zuen gelarik txikiena, atzealdekoa, eta Klarak eta Bobek hartu zuten bestea.

        Egongelan eseri ziren, Nikolasek pentsioko sukaldetxoan kafea prestatzen zuen bitartean. Gauza batzuk ez ziren sekula aldatuko. Egongelako gortinak irekitzean, leihotik hiria bistatu ahal izan zuten: zubi altxagarria alde batean, urruti antzean egon arren garbi bereizten zen, eta katedral gotiko zatar hura bestaldean, gotiko dekadentearen kopia hutsa, hiriko turistentzako katalogoek ere zuritzerik lortzen ez zuten katedral neogotiko itsusia.

        Leiho ondoan telebista txiki bat ere bazen. Kafea hartzen hasi bitartean piztu zutelarik, lehiaketa bat egokitu zitzaien parean.

        «Ikus-entzule elektrikoak, alerta! Gure lehiaketa hastera doa. Baina hasi aurretik, zein xanpu erabiltzen duzu, adibidez zerorrek, andrea? Edozein xanpu erabiltzen al duzu? Ez, noski, ez horixe, nik eta nireek olioa ez gehiegi eta ez gutxiegi, neurri-neurrian duen Blay Oilarraren xanpua erabiltzen dugu...».

        — Zelako lerdejario aurpegia —esan zuen Nikolasek katilurik ez zegoela-eta aienatu ondoren—. Tozak zabor fotograma mordoa. Telebistako programetara joaten diren ikusle pasibo horiek harritu izan naute beti. Hain da absurdoa. Askotan pentsatu izan dut hor atzealdeko ikusle horiek hiri handietako espaloietako kartoien azpietatik erreklutaturiko homelessak ote diren, zopa bero bat eta gau baterako arropa garbia eskaini eta txukun orraztu ondoren hortxe paratzen dituzten gizagaixoak. Txalo batzuen truke zopa beroa. Ez legoke gaizki. Hala balitz telebistak zerbaiterako balioko luke, arranopola, ez legoke batere gaizki. Funtzio soziala, zopa beroa, zerbait litzateke.

        Gortina irekiak zituen leihotik argi izpi berdekarak barneratzen ziren. Nikolasek, katilurik ezean, beirazko edalontzietan ekarri zien azkenik kafea.

        — Kontuz heldu, hermano, kristala infernuko pertza baino beroago dago-eta.

        Ez zegoen munduan kafea Nikolasek bezain ona prestatzen zuenik. Nikolasentzat erritu bat zen kafea prestatzearen hura, errezo baten antzeko zerbait. Bakarrik utzi behar izaten zuten beti sukaldean honek kafea prestatzen zuenetan. Kafe aleak eiheratxoan xehatzeak bazuen terapeutikotik anitz, kafe ale haiek gustuko ez zituen bere bizitzako tuberkulutxoak-edo izan behar zuten, hala imajinatzen zuen Bob Ieregik, eta eiheratxoarekin kafe ale hauek xehatu ahala, egundoko lasaitasunak erne behar zuen bere buruan, egunak emandako hondakin ahaztu beharrekoak hauts bihurtzen zituelarik, ez mentalki bakarrik, baizik eta benazko eta erreal zen mugimendu fisiko batekin: bere eskumuturrarekin errotatxoari eraginez, Nikolas Holoborodkok bakarrik ezagutzen zuen neurriko kadentzia batez. Irakitear zegoen urak sendagai eta elikagai beharrezko bilakatuko zuen hauts ilun hura. Benetan beltza ateratzen zitzaion, gainera. Ieregirendako misterio bat zen belztasun hura nola lortzen ote zuen; bere baitarako zegoen, hildako blues kantariren baten errautsak erabiltzen ote zituen txikoria gisara. Kafea egiteak betetzen zuen Nikolasendako, Bob Ieregirendako burmuineko amapola landaketak elikatzeak betetzen zuen funtzio bera. Ahanztura, suizidio txiki hori. Gauza gozoagorik.

        Argi berdexkak sala osoa hartu zuen. Tronpeta-zorro irekiraino heltzen ziren argi keinadak, belar luze eta estuak bailiran. Musika tresnak lotan zegoen piztiaren antza hartzen zuen, edozein unetan, bere kasa zutitu eta oihuka has zitekeen piztiarena.

        — Niko aluita hori, ggozoak bebetan hie oggi-zerra hauek! Jainbkoaren ezpaibnak bainno xamurraggoak!

        — «Jainkoaren ezpainak»? Um, sujerentea duk mood bati izenburua jartzeko.

        — Tira, hermano, jainkoarenak... jainkoarenak, Klararenak esateko beste era bat baino ez duk...

        — Begira ezazu edalontzira, lerdea darizu-eta kafera.

        — Oporto botilatxo bat falta zaigu orain gosaria ongi bukatzeko, ez zaizue iruditzen?

        Beirazko edalontzi jada hutsen hondoan kafe kondar lokaztu bat geratu zen, koilaraz zapazturiko erle murtxikatua bailitzan. Bob Ieregi aulkitik altxatu zen ardoaren bila. Telebistak pizturik jarraitzen zuen, bere presentzia aldizkari pornografiko batean testu idatzi batena bezain estimatua bazen ere. Txuri-beltzezko irudiak horituta ageri ziren, alabastro geruza batez iragazirik baileuden, galsoro bat balitz bezala pantaila hura.

        «Entzule elektrikoak, adi, hiru ateko No-Frost izozkailu elektrikoaren jabea nor den jakingo baitugu une batetik bestera. Baina aurretik, galde diezaiegun gure lehiakideei zer duten gogokoen gosaritarako...»

        — Oportoa! Oportoa dugu guk gogoko gosaritarako, bazkaritarako, eta baita afaritarako ere! Hiru ateko No-Frost izozkailutik atera berria den vintage oportoa! —Bobek alegera kendu zion kortxoa botilari—. Alehop! Ekarri zuen edalontziak, hau behin irekiz gero hustu egin behar da-eta; osterantzean, alferrik galdu egiten da.

        Bobek errana entzunik, Klarak eta Nikolasek mesfidantza samurreko —jainkoen ezpainen samurtasunaren adinako mesfidantzaz— begirada bat elkartrukatu zuten, oportoa edalontzien beira finaren ibai meandroetatik ezpainetaratuz.

        Hurrengo egunera arte jo behar ez zutenez, erretzen eta hizketan igaro zuten arratsa, baina hirurak ere nekaturik zeudenez, aurki oheratu ziren. Gauak trostan harrapatu zituen. Bonbilla kulunkari haren peko ohean jarrita, belauniko eta aurrez aurre elkar biluztu zuten Bobek eta Klarak. Botoi bakoitza bi hatzekin deslotu, alkandoraren beso bakoitza bi hatzekin heldu eta irristarazi. Klarak eskutada gatz hartu eta Boben ezpain urtsuetan sartu zizkion bere hatz meheak, Bobek gatza dasta zezan. Ondoren, biak erabat biluzik zeudela, vodka botila mesanotxetik eskuratu eta trago bat edan ostean, bere kokotsean behera, lepoan behera, bularretan behera, isurtzen utzi zuen vodka, Bobek, Klararen gorputzean goitik behera miazka zitzan vodkak sorturiko meandro eta ibaiak, Klararen azal tinkoan ezpain eta mihi nahastuz hiru puntako eraso labainkorrean, bi eskuak Klararen hatzei katigatzen zizkiela. Gauak trostan harrapatu zituen eta haiek gaua. Trosta polikian Klararen lepoa atzerantz, ile beltzarana korapiloetan nahastua aurrerantz, betazalak hertsirik. Boben eskuak Klararen gerria katigatuz. Zarama kamioiaren zarata. Intziriak. Trostan harrapatu zuten gaua eta gauak haiek ere, trostan.

        Lehenengo gau haren erdian, amesgaizto batek izerdi patsetan esnarazi zuen Bob. Oheko malgukiek sekulako kirrinka atera zuten bertatik jaiki zenean. Klara zerraldo zetzan, ahuspez, ile beltzarana alde batera, biluzik, bular zuri eta mamitsuak koltxoiaren aurka zapaldurik eta izterrak distirati, gauaren beroan.

        Bob Ieregik komunera inguratu eta iturritxoa ireki zuen. Ura konketako zulotxoan beherako zurrunbiloan desagertu ahala, egundoko hoditeria zarata entzuten zen. Nice Katiluko apartamentuko iturritxoa irekitzen zuten bakoitzean, hor azpian nonbait, piztiaren bat elikatzen zutela pasa zitzaion burutik Ieregiri. Esku ahurrean ura hartu eta konketako ur-begitik behera —badaezpada ere— ahalik eta ur gutxien amildu zedin saiatuz, aurpegia freskatu zuen bizpahiru aldiz. Gero, besoak konketa gainean tenkatu eta lepoa tentetu zuen ispilu hautsian bere begi puztuei so egiteko. Baina ez zion ispiluak ezer berezirik bueltatu, bere aurpegia, ez besterik. Bainuontziaren ertzean eseri zen. Lasaitu orduko, zerbait ikusi zuen ziztu bizian bainuontziko zulotik atera eta herdoil kutsuko bainuontzi zurian gora igo ezinean irrist egin eta behera amiltzen. Hiru hazbeteko arrabio bat zen. Ia atera zitzaion bihotza alkandora barrutik. Altxatu eta jauzi batez bestaldera zuzendu zen, konketaren aldera, aterantz.

        Ez zen ostera bainuontzira zuzenean begiratzera ausartu eta ispilurantz so egin zuen zeharka. Oraingoan ordea, ispiluak bainuontzi zuria bueltatzen zion bere lasaian, ez zen bertan arrabiorik: pentsio merkeetako bainuontzi zuri orok duten herdoil arrastoa bakarrik.

        Erdi lotan zegoen eta auskalo ikusi zuen hura benetan zer zen. Eta zerbait izatekotan, non ote zegoen orain? Bainuontziko zulotik behera desagertu ote zen, etorritako bidetik? Ala agian, bere hankapetik igaro eta arrabioaren azalaren kolore bera zuen egurrezko lurrean kamuflaturik zegoen orain geldirik, biktimaren baten zain? Klararen bularrak oroitu zituen koltxoiaren aurka zapalduak, batere izararen babesik gabe, bi eskuez bizkarraldetik astiro laztan-erasotzeko tentazio hura. Pasilloko lur kraskatsuan barrena bonbillen mugimendu pendularra buru gainean sentituz, presaka abiatu zen bere gelarantz, ez halere bainuontzia eta konketa, berunezko tapoi banarekin estali baino lehen, zer gerta ere.

        Mesanotxeko erlojuan ordua begiratu eta erre gabe zeramatzan orduak zenbatu zituen behatzekin egurrezko lurra kolpatuz.

        Erloju hark derrigor egon behar zuen atzeratuta. Ez zen posible hain ordu gutxi igaro izana. Isilik sartu zen berriro izarapera.