Katebegi galdua
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
azala: Gary Kelley
Jon Alonso
1958, Iruñea
 
2023, nobela
2016, saiakera
2006, narrazioak
2003, nobela
2001, rapsodia
1998, saiakera - nobela
Katebegi galdua
1995, nobela
244 orrialde
84-86766-61-3
aurkibidea
 

 

—3—

 

Agure ximur bat espero zuen tokian gizon kankailu biziz beterikoa azaldu zen, adinean aurrera joana, kasko gaineko elurrak, besteak beste, argi erakusten zuen bezala, baina sasoi onean oraino. Fraideak bostekoa eman eta arku ojibadunez osaturiko klaustro dotoretik zehar gidatu zuen, aurkezpen gisa hitz hauek esaten zizkiola:

        — Gure herriko mirakulurik handienetako baten aurrean zaude —instant batez geldituz eta klaustroa esku alimale ireki batekin bere osoan erakutsiz—. Nork esan zuen munduko kultura zabala ez zela sekula gure mendi maitatuetara iritsi? Gotiko berankorrak ez du klaustro hau, bere txikian, bezalako erakusgarririk ludi osoan.

        Ezak ez zuen ezer gotikoaren aurka.

        — Halaxe iradoki dit atezainak —esan zuen, zerbait esateagatik.

        — Bokazioak murrizten ari dira. Gainera, Kuko jartzen ez dutenean ernegatu egiten da —esan zuen Egozkuek, solaskidearen ironia neurtua naturaltasun osoz hartuz—. Nire etzangela xumera joango gara, gaizki iruditzen ez bazaizu.

        Ezari ez zitzaion gaizki iruditu.

        Etzangela xumetzat bataiatutakoa komentuko hirugarren solairuan —azkena, dorreak aparte— zegoen, berrogeita hamar metro karratu harrapatuko zituen azaleran, bi metro t'erdi luze goitik behera, eta logela, komuna eta lantokia biltzen zituen. Paretak zuriak ziren, altzariak klasikoak eta estuak, baina egur noblekoak, eta leihoak —gaztainondo guztien aitona izan zitekeen zuhaitza zuen barruko patio txiki bati begira— zabalak, argia oparo igarotzen uzteko modukoak. Lantokiko ezker paretak obrazko apalategia zuen, goitik behera, eta liburuz beterik zegoen, salbu eta konpaktoak entzuteko tresna sofistikatua eta makina bat konpakto biltzen zituen apal estrategiko bat. Lau bafle txiki zeuden eskegirik lantokiko goiko lau izkinetan, eta zerbait entzuten zen. Horri erreparatu zion Ezak beste ezeri baino lehen. Egozkue entzuten ari zen musikaren bolumena igotzera presatu zen:

        — Verdi. Aida. Rammenta. Non fia che tardi. In armi ora si desta il popolo nostro; tutto è pronto già... Vittoria avrem... —kantatu zuen Amonasrorekin batera, eta ez erabat gaizki— solo a saper mi resta qual sentier il nemico seguirà... * Gizabanakoaren eta boterearen arteko gatazka. Beste konpositoreek ez bezala, Verdik beti lotzen zituen kantua eta gatazka dramatikoaren garapena. Bai, libretoa Ghislanzoni-rena da, egia da, baina gauza jakina da ez zuela bertso bakar bat ere ukitu Verdik gertaera-segida bati esanahi dramatikoa eman zion arte, eta orduan ere Roncole-ko Nekazariaren zuzendaritzapean. Ez al da gauza ikaragarri ederra opera? Izugarri maite dut.

        Ezak ez zirudien oso komentzituta.

        — Operari dekadente deritzot.

        Apaiza haritzezko mahaiaz bestaldean eseri zen eta mahaiaren ertzapeko botoi bat sakatu. Orduan erle-burrunba bezalako bat entzun eta konpaktoen atzeko igeltsua albo batera mugitu zen, kutxa blindatu txikia ageri zelarik. Ondoren, abadea jaiki eta kolkotik zintzilik zeukan giltzatxo bat hartu zuen eskutan, gorputza kutxaren gainean apalduz. Kutxako atea ireki zenean, denbora guztian mahai gainean egondako afitxe zahar bat barneratu zuen, ondoren kutxa itxiz eta lehengo tokian eseriz.

        — Aitortuko dut nolabaiteko erlikia-biltzailea naizela. Paper bitxiak, nire gustu eta zaletasunen aldetik ikusirik esanahidunak direnak, edo balio apur bat daukatenak. Ikusi duzun kutxatxoan, komentu honetako tokirik seguruenean gordetzen ditut nire erlikiak. Orain gorde dudan kartela Aida Europan, Milanen, zehatz esanda, lehen aldiz eman zeneko iragarkia da. 1872ko otsailaren 8a. Zuzendaria, Franco Faccio. Maria Waldmann Amneris-en paperean, Teresina Stolz, Aidarenean. Baina operari dekadentea irizten diozula gelditu gara. Ongi da. Zer, orduan? —konpaktoak eskutzarrarekin seinalatuz— Stevie Ray Vaughan? Brassens? Oskorri? Ron Kavana? Led Zeppelin? Faiport Convention? Hertzainak? The Kinks? Siniestrokoak grazioso samarrak dira, baina apur bat ganberro. Evaristok zeozer kantatzen du hainbeste katu marrantaturen erdian, baina inozoegia da, bere mingotsean. Zin egin dut ez dudala berriro Negu Gorriak entzungo taldeko bat irribarre egiten, halabeharrez eta ustekabean bada ere, ikusten ez dudan arte. Hala ere, gauza bakarra dut ezin jasana: Kaxiano sekula entzun gabe Flaco Jimenez ikustera tropelka joaten diren modderno horiek. Eta rocker bat, egiazkoa baina, entzun nahi baduzu, Wilko Johnson. Dena den, alferrik ari gara; amets erromantikoen goi arnasa harrapatzea helburu duen batentzat, Prokofiev-en Romeo eta Julieta bezalakorik ez dago.

        — Martxa militarrekin ohitu naute.

        — Orduan Luciano Goñik bidali zaitu.

        Ezak, gogoz kontra izanik ere, beleak potroak zituela aitortu behar izan zion bere buruari.

        — Ez al didazu zerbeza bat eman ahal izango?

        — Heineken? Löwenbrau? Spaten?

        — Trappistein.

        Egozkuek zerbait marmar egin zuen ahopeka. Fraide baten aurrean egon izan ez balitz, Ezak besteak ahopeka «putakume arraioa» esan zuela sinetsiko zukeen. Egozkuek mahai gaineko telefonoa hartu zuen, Ezari begirik kendu gabe.

        — Hermano Alberto, bi San Miguel, mesedez.

        Ezak, Egozkuek telefonoa ibiltzen zuen bitartean, mahaigaineko ordenadoreari egin zion so. Fraideak telefonoa eskegi zuen, bere aizkolari eskuekin aferari garrantzia kendu nahi zion keinua eginez:

        — Mac bat. Berrehun mega. Ekrana koloreduna. Ez da asko. QuarkXPress-en azken bertsioaren zain nago, ez dakit sartuko zaidan, baina. Ekonomoak izorratu dit Word 6.0a. Ez dit asko inporta, pirateatua zen eta.

        — Ez nau Luciano Goñik bidali.

        — Ez zinukea hobe, zuhaur etortzia, nihaur igorri gabe komisionea... —erdi abestu zuen, bertsolarien moduan, fraideak, ironia begietan.

        Ezak ez zekien, eta ez zuen zertan jakinik, besteak Xalbador zenak grabatu zuen bertso zahar baten pasartea kantatu zionik, baina funtsezkoa, ez ziola sinesten, alegia, ulertu zuen.

        — Goñik ez nau inora igortzen. Mozkortu egiten nau. Egin nahi izaten nau.

        — Ongi da. Zer jakin nahi du berorrek, zehazki?

 

* Oroi zaitez. Ez zaitez berandu ibil. Gure herria matxinatzen ari da, armak eskutan; dena prest dago... irabazi egingo dugu... etsaiak zer bide hartuko duen jakitea baizik ez du falta.