Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Barkoxetik

 

(Zeruko Argia, 1972-09-10,
Larresoro ezizenez)

 

      “Zübü bat trebesa zazie, eta kotan goiti Etxahunia düzie barreiaturik”.

      Zuberotar doinu azkarrez eta laster esana, horrelako zerbait azaldu zaigu. Urrunxko utzia dugu Barkoxe. Burgia auzunetik mendebalderantz abiaturik, bide baketsu batetik goaz Arhaneko Kaperaren aldera (Chapelle de la Madeleine omen). Baserriak ugari dira, eta ez dirudite hutsik.

      Etxahunia non den bi aldiz galdetu dugu; eta erantzule izan diren bi baserritarrek, bi leku desberdinetan, argi eta garbi azaldu digute Etxahuniaren aztarnak non ikus daitezkeen. 1862an hil zen Etxahun; baina Etxahunen oroitzapena ez da bazter haietan galdu.

      Eta zubitxoa trebesatu, beraz, eta aldapa batean, ezkerretan, hari xixtrodunezko hesi batez inguraturik eta belar gaiztoek ausarki erasorik, hantxe dautza, bai, isilik, ia estalirik, Etxahunia izandakoaren murru hondakinak. Atalburuan fetxa harrigarri bat: “1863”. Etxahun bera 1862an hil zen. Zergatik 1863, hortaz? Haritxelharrek berak ez du garbiki esan. Eta xehetasun honetan ere Etxahunen zoritxar eta madarikazio etengabeen atal bat ikusi beharra bide dago: Etxahun hil ondoan eraikia Etxahunia...

      Bazterretako isiltasun guztizko hura azaldu ezinezkoa iruditu zait. Hiruzpalau kilometrora, beherean —eta ez Larrasketak zioen zazpi-zortzira— Barkoxeko etxeak sumatzen dira. Anitz muinok, hemen eta han jauzkari, xarma harrigarria kutsatzen dio hango ikuspegiari. Belardi gizen zabalak zuhaitz ilarek inguratzen eta ebakitzen dituzte, Kanbilluko mazelak nabartuz. Baserriek, habia ilunen antzera patarretan kokaturik, arbelezko teilatuak erakusten dituzte Barkoxeko eskualdeari, Urzari, Aspe eta Baretosko ibarrei bezala, bere doi jator berezia erantsiz.

      Eta ni neure kolkorako mintzo: “… bazter zerutar hauetan, ordea, odolez oratu da, eta oinazetan berriztatu, gizonaren paturik zaharrena eta trajeriarik mingarriena: Pierre Topet olerkariak maite zuen emakumea besteri utzi behar, eta bestek maite zuen emaztea, berriz, laido eta atsekabe iturri izanagatik ere berak jasan behar etxean...”. Egoera arrunta omen, jasan beharra eta hil beharra ere giza egoera arruntak diren moduan.

      Etxahunia zaharrakatuta dago, barreiatuta; Etxahunen bizia bezain zoritxarreko gertatu da Etxahuniaren segida: ijitoen babesleku izan ondoren, gaur... osinaga! Eta ni beldur batzuetan, askotan, gehiegitan omen, Topet eta Etxahunia bera ez ote diren Zuberoaren eta Euskal Herriaren suntsiketaren zantzu mingotsa. Ezen Etxahuniaren inguruetan Arhane, Madeleine bihurtu baita; Ustasu, Geus; Uhatzandi, Saison; Isuazi, Eysus; Ürrüstoi, Arrast; Inhasi, Feas; eta Berorize, Montory... Eta neronek frogatu dudanez, Berorize non den gaur nehork ez daki.

      Etxahuniatik aurrera aldapa gogortu egiten da. Handik metro gutxira 1834ko fetxa daraman baserri eder baten aztarnak ageri dira, erdizka mandio gisa erabiliak. Harri horiek ere Etxahunen lekuko izan ziren.

      Erretzu eta Madalenaren artetik joaki, liluragarria da benetan Atharratzerako bidea. Ezkerraldean, basa eta gogor, gailur zorrotzez egina, Auñamendiko katea ageri; eta beherean, sakabanaturik, arbel beltzezko baserri harrigarriak.

      Ez dio zorrik, halere, ene ustez, behereko bideak; alegia, Barkoxetik hasi eta Berorizetik Atharratzera doanak. Bihurgune itzaltsu batean, Baretusko mugan, Landarako bidarte ahantzia ikus daiteke. Tarteka, beti ilun, beti isil, beti arbel beltza estalgarri, baserri arkaiko bat. Noiz edo behin, bibotea trinko, euskal usaina aditu nahi dutenei baserritar bat lanean ari. Aspaldiko ez zaizkie Josibaiko 14 km bakarti horietan barrena ibili izanak damutuko.

      Bazterrak ederrak dira, bai.

      Baina Haritxelharrek berak bere liburu bikainean azaltzen duenez, ahoz aho eta bertsotan guganaino heldu den oroitzapena oraintsu ahitu da. Zergatik ahitu, bada? Barkoxtar eta zuberotar gazteak euskara zeharo baztertzen ari direlako.

      Adineko jendeak, hau egia da, euskaraz ari dira beren artean. Baina gazteak frantsesez. Barkoxe, Eskiula, Atharratze, Maule, eta Etxahunek orain dela ehun bat urte osoki euskaldun ezagutu zituen herriak, gaskoitzen ari dira. Euskara, bere horretan, traba zaie zuberotarrei, eta ez mintzabide. Ezjakintzaren tresna, eta ez jakintza bide. Are gutxiago irabazpide. Eta zuberotarrek euskara ahaztea erabaki dute.

      Etxahunen bertso apartak, horrela, belaunik belaun zuberotarren pozgarri izan ondoren, gaur liburuetan bildurik irakur daitezke, baina nekez Barkoxeko edo Atharratzeko gazteen ahotan, gazte jendeak ez baititu... konprenitzen! Etxahun arrotz ari da gertatzen bere sorterrian; eta Etxahuniaren hondakinak, horretara, suntsitu zen herri baten lekuko gerta daitezke laster bakardade zoragarri hartan.

      Suntsiketa kutsu bera hartzen ari da Burguko kaperan, harrizko atalburuan, irakur daitekeen oroitarri hau: “Barkochek Mariaren Concepcione Thonagabiari cholera demboran bere sokhorriçaliari. 1855”. Itzalitako herri baten aztarna huts laster? Nork konprenituko?

 

* * *

 

      Zer diot, ordea, konprenituko? Ezta ikusiko ere atalburu hori! Basabürüan (Zuberoa Garaian) 1940tik 1950era arte jaio direnen artean, bertan bizi ezinik, % 82ek egin diote alde Zuberoari.

      Barkoxe, beraz, arroztu egiten ari da; baina baita hustu ere. Zuberoa guztian 18.000 lagun bizi dira gaur. Probintzia oso bat izana, gaur Euskal Herriaren % 0,73 bihurturik!

      Lizeoan muntatua, Atharratzeko Erakusketa ikusgarriak ematen du datu hori; eta beste mila horrelako ere bai. Nekez sumatu ditzakete horrelako arazoak Bizkaiko mendebaldean bizi direnek. Zuberoako kezka nagusia, ordea, bazterren hustuketa da: zuberotar jendeketa behera doa aspaldi honetan, guztiz behera; eta baserriak residence secondaire bihurtzen hasi dira. Nor erosle? Zuberotarrak berak? Ez horixe! Zuberoa, horrela, kanpotarren ehiza-leku eta bakantza-eskualde huts ari da bihurtzen. Eta Zuberoako Sindikatu berriak, horretara, herrialdearen salmenta horren kontra jokatu nahi du ausarki. Aurkariak gutxi dira oraindik; baina gaur arte inor ez. Zuberoan turismoa izan baita hitz magikoa.

      Nola eutsi? Nekez. Diru bahiturak lortzeko 26 hektarea izan behar dira (ez baita gutxi). Hitz batez: baserritarrik ahulenek ez daukate dirulaguntza lortzerik. Aski dute, dio Atharratzeko Erakusketak, jendarme egin eta etxetik uxatu dituen sistema defenditu...

      Bizimodua zailegi da; eta emakumeek ez dute mendira ezkondu nahi. 59 artzain bizi dira Basabürüan mutilzahar, ezin ezkondurik, eta goiko alderdietako bakardade garratz hotzean bakarrik borrokan ari.

 

            lanak gütü biziazten

            lanak gütu hilazten

 

      irakurri dugu (behin bederen euskaraz!) Atharratzeko Erakusketan.

      Eta segidan: les écoles de nos villages, non rentables, sont fermées... donc obligation pour les parents d’envoyer les enfants hors de leur village. Eskolak hesten ari; negu minean ere haurrak urrutiraino bidali behar.

      Mauleko trena kendua izan da. Oloroe-Atharratze autobus lotura ere kendua. Kotxerik ez dutenek zer egingo? Hanka! La montagne est belle... lorsqu’il ne faut pas y vivre; mendia ederra da... bertan bizi behar ez delarik!

 

* * *

 

      Zuberoa txikia da. Baina zuberotarren bihotzak asaldatzen hasi dira.

      Alde batetik, ekonomiaz batez ere arduraturik, geds taldea sortu da Atharratzen; eta argitaratzen duen Jeiki kazeta, dohainik zabaldua, gogorra da, ausarta, egiatia (eta % 100ean frantsesez idatzia, dena esateko). Honen eragina Zuberoako Sindikatuan hasi da nabaritzen; turismokeriaren kontra, Iratiko txalet mordoaren kontra, Duboscq diputatuaren kontra.

      Erdalkuntzari buruz ere, garrasi zorrotzak entzuten hasi dira. Mauleko Le Miroir de la Soule kazetan (1972-VIII-12ko banakoan), Pierre Udoy zuzendariak izenpeturik, egiazko deiadar bat agertu da “euskara salbatzeko”. Udoyk, ohar batzuk egin ondoren, honela dio: Pour sauver le basque, il faut entreprendre une tache impossible: changer les esprits.

      Eta izpirituak aldatzen hasiak dira, ez da dudarik. Arhaneko kaperako paretetan ikusi dugu. Eta Garindainen ere agertu da, ozenki, abuztuaren 14an Euskal Kantuaren festan. Frontoi berria gainezka; eta entzuleria, gaztez osatua, ezin beroago: 1.700 lagun! Gauza bertsua Ligin, hementxe azaldu nuenez, orain dela aste batzuk. Eta kantua ez da beti gexa:

 

            Basaburian Montori,

            han bazen jaun bat beillari...

 

      Bost kordako zuberotar tanbuia ez da gaur Zuberoan erabiltzen. Urzarin (Ossaun) bai, ordea. Bearnon, beraz. Tradizio mota hori galdua da.

      Garindainen sumatzen denak ekarriko ahal digu uzta hoberik!