Kronikak
Kronikak
Txillardegi
Testuen apailatzea: Koldo Izagirre / Juan Luis Zabala
2022, kronika
208 orrialde
978-84-17051-82-2
Azala: Katiuskak argazki estudioa
Txillardegi
1929, Donostia
2012, Donostia
 
 

 

Ikustaldi bat Bruselako Unibertsitatean

 

(Zeruko Argia, 1968-09-08,
Larresoro ezizenez)

 

      Ikasleek okupatutako ulb [Université Libre de Bruxelles] delakoa ikusi dut. Eta joana ez zait damutu: ikustaldi bat baino gehiago balio zuen.

      Okupat aille-en buruzagi bat gela nagusiko erdian oheratuta aurkitu dut gaueko hamar eta erdietan: etzanda, beraz; baina esna. Bere ezkerraldean telefono bat isilik, telefonoa etenda egon baita ikasleen aginduz. Bi irakasle ohearen eskuinaldean eserita, eta hamar bat gazte inguruan: neska eta mutil, patxadan berriketan. Zoko batean bi ikasle batera piano bat jotzen ari (“jo” hitza funtsezko adierazkizunaren arabera hartu behar da kasu honetan...). Okupaldia azkenetan zegoen: handik bizpahiru egunetara Leclercq sekretarioak ikusiko zituen lekuak. ulbak istilu handiak ezagutu ditu, eta hitzaldi beroak; baina ez da inoiz egon Nanterrekoaren eta Sorbonakoaren mailan. Azkeneko okupatzaileen artean, bizartsu asko, eta galtzetan jantzitako neska batzuk. Gehienak eta gogorrenak atzerritarrak: ikasleen ordenuko taldean 20 lagun izanik, 14 bide ziren atzerritarrak, buruzagia barne. Parisen eta Bruselan, Maiatzeko “erreboluzioa” kanpotar ikasleek bultzatu bide dute.

      Pareta guzietan erreboluzio-esanak nagusi, gehien-gehienak frantsesez.

      Pasillo batean, gezi baten gainean, argibide gaizto hau: Les pissotičres se trouvent au Conseil d’Administration. Beste batean, umore handian: Violons les murs vierges. Aurrerago, utopia betean: Ne travaillez plus... Umorea eta gupidarik gabeko ziriak beti nahasirik. Pareta guzi-guziak letreroz josirik. Harritzekoa ez da: Bruselako Unibertsitateak iraun baitu luzeenik azkenean “libro” modura.

      Letreroen muinean, nik uste, bi kezka nagusi, eta desberdin samarrak: 1. Kapitalismoa hankaz gora botatzeko gogo bizia; 2. Teknika-aurrerapenak aski ez izatearen susmoa.

      Hitzez hitz denak hemen itzultzea ezina zait: luzetasunaz gain, hitz askoren gordinkeriak debekatuko lidake. Esaera askoren ondoriotzat, ordea, hau irakurri nuen gutxi gorabehera pareta-zoko batean: “Badut, beraz, automobila; badut telebista! Badut hori guzia azkenean. Baina, zer? Lehen bezala, nire bizimodua tentel baten bizimodua da”. Eta hauxe da, nik uste, gertaeren gakoa: gure zibilizazioak ez du gazteria betetzen, eta ez gutxiagorik ere.

      Hau oso larria da, oso sakona da. Maiatzeko gertaerak ez dira izan barne-gertaerak, “intra-gertaerak”, gure gizartearen barreneko eskabideak; gure gizarte osoaren kontrako lehertze bat baizik. ulbko pasilloetan zehar irakurri ditudan letreroek ukatu egiten dute goitik behera gure gizartea, eta, alde honetatik, erreboluziozaleak dira. Ez dut inoiz irakurri irain bortitzagorik Belgikako partidu guzien kontra pareta haietan irakur zitezkeenak baino. Gauza bera beste sail askotan: dena kondenatu da.

      Harrigarriena, halere, Ikasleen baikortasuna iruditu zait: dena hankaz gora bota nahirik ere, dena konpontzeko itxaropena beti agerian. Kotxea, telebista eta abar lortu ondoren ere, “tentelen” bizimodua omen daramagu; baina itxaropena ez omen da galdu behar: Erreboluzioa eginez konponduko ditugu denak.

      Lehen jendea komentura edo mortura edo Himalaiara joaten zen halakoetan; gaur barrikadetara. Lehen ziurtzat zeukaten zuhurrek munduaren ezin konpontzea; gaur ziurtzat daukagu konpon daitekeela. Kapitalismoaren kontrako Erreboluzioa egin ezkero (erreboluzio bakar bat egin omen daiteke) dena konponduko da. Hau ez sinistea alienaturik egotea omen da.

      Badago “fede” horretan, nire ustez, oso aldakuntza sakon bat: xx. mendeko ikaslea baikorra da, inoiz baino baikorrago beharbada. Gure gaitz guziak ekonomia-moldabidetik datozela sinisten baitu.

      Baina norkeria horren gehiegikeriak, halere, nabarmenegi daude.

      Evald Schorm-en film berriak, Le Retour de l’enfant prodigue frantsesez, Txekoslovakian egina, ez burges-erresuma batean beraz, ulban eta Nanterren salatu den hutsune berbera salatu du Txekoslovakiaz pentsatuz. Kapitalismoaren zapaltzeaz bestaldera, hortaz, europar gizonak biziaren problematasun sakon berbera aurkitu du.

      ulban, eta bestetan, utopia eta eginkizuna, ameskeriak eta sozialismoa, nahasirik agertu dira; eta honek barregarri utzi du mugimendua eskuindarren artean. Oso tamalgarria da. Salatu diren akatsak, salatu den burokrazia batez ere, egoki salatua izan da: geuk ere salatzen dugu.

      Itxaropenak, ordea, zentzugabeak direnean ustekeria bihurtzen dira; eta, gerora, hamaika etsipenen guraso. Ametsei obrakizun iriztea, ez da inoiz izan ez bide burutsua eta ez prestua. Egia lehenik.

      Gizonaren arazoak eta kezkabideak ez dira denak kapitalismoaren ondorioa. Hau ez da egia. Kapitalismoaren bidegabekeriak osoki kondenaturik ere, kapitalismoaren arrastorik ez utzirik ere, gizonaren barne-egarrian besterik dagoela esateko momentua iritsia da. Gizonaren problema ekonomia-moldabideen problema baino zailagoa da; eta sozietatearen problema ere bai. Ekonomia-demokraziarik gabe ez dago zuzentasunik: hau garbi dago.

      Baina utopismoa utopismoa da, ameskeria ameskeria; eta barkatu ezina da gezurra ereitea.