Eraikuntzarako materiala
Eraikuntzarako materiala
2021, nobela
256 orrialde
978-84-17051-80-8
Azala: Lander Garro
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
2004, narrazioak
Eraikuntzarako materiala
2021, nobela
256 orrialde
978-84-17051-80-8
aurkibidea
 

 

IV

 

 

2019ko azaroaren 8a

Aitak amari soldaduskatik idatzitako gutunak ekarri ditu Arratek Iztietako garajetik, bi sorta dira, goma banarekin lotuta, “guk aurkitu genitzan utzi zituen hor”. Azken urteotan garajean altzariak egiteko atondu zuen tailerraren argazkia erakutsi dit, zehazki zein tartetan zeuden adierazteko. Dena zegoen biharamunean itzultzeko prest: proiektuen planoak “Arrate” eta “Eider” izenekin, txikle pakete bat, arkatz eta puntafinak kristalezko pote batean, lanerako erabiltzen zituen arropak aulkiaren bizkarrean zintzilik, transistore bat antena luzatuta...

      1976ko otsailekoa da lehena, hogei urte zituen. Aitak idatzitakoak dira guztiak, amaren erantzunak falta dira. Arrate oso hunkituta dago. Amari bere aurkikuntzaren berri eman dionean ez omen du interes handirik agertu. Hasi zait pasarte batzuk irakurtzen baina nik ez dut ezer sentitzen eta ezin naiz adi egon, dakidana baino askoz gehiago jakiteko beldurragatik akaso.

      Har ditzakedan galdetu diot, bakarka irakurri nahi ditudala.

      Guztira hamazazpi gutun dira, aurrealdean, hiru pezetako diktadorearen begiradapean, nire amaren izena eta antzinako bere helbidea, batzuetan “señorita” baten ondotik; atzealdean aitaren izena eta abizena, helbiderik ez, batzuetan postariaren oharra: “Indicar dirección”.

      Bat-batean, kosta egiten zait ulertzea norenak diren: aitarenak edo amarenak, bidali zituenarenak edo hartzailearenak, denbora honetan guztian txukun gordeak izan dituenarenak edo non zeuden ere ez zekienarenak.

 

 

Lehenengo sorta:

 

 

1976ko otsailak 22

      Kaixo, maitea:

      Gaur larunbata da eta karta bat[1] eskribituko dizut, eta ez telefonoz deitu, nahi nukeen bezela; izan ere, edozertarako serbizioan egotea tokatu zait eta ezingo naiz kalera atera bihar arratsera arte, baina zuri deitzeko beranduegi. Notizia txar bat eman behar dizut: jura bandera martxoaren 14an da eta handik zuzen joango gara Ceutara. Uztailean emango digute lehenengo permisoa, hilabetekoa, tartean beste agindurik ez bada. Esan digutenean, jota utzi naute; zu ere hala geratuko zinen jakin duzunean. Hau gero eta okerrago jartzen ari da, gero eta aspergarriago. Bi hitzetan esanda, potrotaraino nago soldaduskaz. Espero dut orain kartak hobeto hartzea, bestela ederra daukagu. Dagoeneko Lisardoren bi karta hartu ditut; Navarrorenik, ordea, alerik ere ez. Azkeneko kartan diozunez, badira bi aste Juantxo ikusten ez duzula; ez ahal zitzaion ezer pasako.

      Aste honetan liskar bat euki dut konpainiako kabo batekin, eta esan diot lau hostia emango nizkiola paisanoz ikusten nuenean. Ez nekien nungoa zen, eta berak ere ez ni nungoa nintzen; gipuzkoarra naizela jakin duenean, nere lagun mina egin da. Basaurikoa da eta Elorrion bizi da; bera ere euskalduna da. Tira, neska, nahikoa dugu nere gaineko matraka honekin; nahiago dut alkarrekin bageunde bezela segi, soldaduskako konturik gabe. Kartetan diozunez, ez duzu oso ongi pasatzen igandeetan, baina ez dut uste egi-egia izango denik, ze zu ere dibertituko zara ahal den neurrian, ni bezela. Gustatzen ez zaidana da ni hemen nagoelako zuk ongi pasa ezin izatea. Saiatu behar duzu ahalik eta ongien pasatzen; badakit kapaz zarela. Egidazu kaso, eta dibertitu, ze bestela oso gaizki pasa behar duzu. Datorren larunbatean, ateratzen banaiz, telefonoz deituko dizut, baina ez da gauza segurua. Tira, gaurkoagatik eman dizut nahikoa matraka. [Ezpain batzuk] haundi bat bidaltzen dizut kartaz. Laster arte.

Juan Mari

 

 

1976ko martxoak 28

      Kaixo, Ana:

      Ikusten duzunez, zure karta hartu orduko hasi naiz zuri linea batzuk eskribitzen.

      Aurreko kartatik honetara ez dago ze kontaturik, ze hau asperzulo bat da. Aurreko kartan ez nizun ezer esan otorduen gainean; nola kuartel honetan ariketa asko egiten diren, ongi janda egon behar dugu, eta, horrexegatik, otorduak ez daude batere gaizki.

      Atzo atera ziren 14 eguneko permisoarekin ezkondu guziak; itxuraz, denetarako preferentzia daukate hemen, kuartelean. Adituko zenuen ume bat daukaten ezkonduak etxetikan gertueneko kuartelera bidaltzen dituztela soldaduska egitera.

      Dena dela, nahiko ongi ari naiz moldatzen; izan ere, ihes egiteko dauden txoko guziak ezagutzen ari naiz. Teorika egin edo mezetara joan partez, musika aditzen edo kartetan jarduten gara.

      Ahaztua neukan zure anaia Joseren ezkontza, eta horregatik ez nuen zoriondu; berandu bada ere, eman zorionak nere partetikan. Kristoren atxurra[2] harrapatu omen zenuen; ez da batere harritzekoa, Trinirekin egondu bazinen.

      Gaur, igandea denez, Ceutan buelta bat ematera aterako naiz arratsaldean, nahiz eta ez duen merezi: herri arrunt txikia da eta ez dago ateratzerik inundikan ere. Alde guzietatikan muga egiten du Marruecosekin, itsaso aldetikan kenduta. Ateratzen naizenean, garagardoa edo whiskia[3], bakarrik edaten dut, ardoa baino merkeagoa da eta. Hemen dauden gauzen artean merkeenetakoa whiskia da, 150 pezeta Johnny Walker botila, eta tresnak (erlojuak, fotografiak ateratzeko makinak, radiokaseteak…) hutsaren truke. Jendeak 6.000 pezetan erosten ditu fotografiak ateratzeko makinak, peninsulan 15.000 edo 18.000 pezeta balio dutenak.

      Eskerrik asko gure izebaren zuzenbidea bidaltzeagatik. Harritzekoa da etxekoek nere kartarik ez hartzea, zuri eskribitu nizun egun berean eskribitu nien eta. Ia inposiblea da haiekin hitz egitea.

      Esaten didazu Larunen izandu zinela, baina ez zeinekin; ezta nere kuadrillakoekin hartuemanean segitzen duzun ere. Hala espero dut. 25 egun behar omen dira fotografiak errebelatzeko; beraz, ez dakit noiz izango dudan bidaltzeko aukera, nahiz eta badakidan nahiago duzula ni aurrez aurre ikusi.

      Tira, bihotza, segi ongi; ikusiko duzu ze azkar pasatzen den denbora. Eskuminak zure familiari. Zuri, berriz, ez dakit nola esan adio. Laster ikusiko dugu alkar. Laster arte edo musu pila bat.

Juan Mari

      Oharra: astelehenera arte ezin dizut karta bidali, seilurik ez daukat eta. Ahal baduzu bidali hiru pezetako batzuk eta biko bakarren bat. Eskerrik asko.

 

 

Ceuta, 1976ko apirilak 29

      Ze moduz zaude, kuttuna?

      Atzo hartu nuen zure karta eta lelotuta gelditu naiz esaten dizkidazun gauzekin. Banekien gauzak gaizki zeudela herrian, baina ez nuen uste hainbesterainokoa izango zenik[4]. Egiten didazun galderari kontestatuz, ea kartak irekitzen dizkiguten, ba bai; beti ez, baina askotan bai.

      Ni nahiko ongi nago, ahal den neurrian. Astelehenean hasi nintzen zuri karta bat eskribitzen, baina erdiraino ere ez nintzen ailegatu, serbizioa euki bait nuen. Seguru asko hau hartzen duzunerako kontatuko zizun nere amak (ikusten dudanez oso lagunak egin zarete), Aste Santuan Córdobako bi herritan egin ditugun gauza guziak. Kontatu ez niona da herri batetik bestera gindoazela, desfilatzera, autobusa kurba batean kaminotikan atera eta erdi iraulita gelditu ginela. Barkuan ere izandu genuen pasadizo xelebre bat. Eta ez gaizki pentsatu. Ikusten ari ginen delfinak saltoka eta, bat-batean, nun erortzen den inglesita bat kordea galduta; eskuadrako beste bat eta biok joan ginen altxatzera. Eseri genuen aulki batean eta brigada ere laguntzera etorri zen. Handik gutxira brigadari ere lagundu behar izan genion. Izan ere, itsasoa oso gaizto zegoen.

      Joan den igandean, eguna ospatzeko, babarrun jana egin genuen, permisoarekin etxean egondako batek ekarritako babarrunekin. Oso ongi atera zen, eta ongi bukatzeko, whiski eta cognac botila batzuk ekarri genituen. Gero, kalean segitu genuen festa. Guretzat egun egokia zenez, zurrutari eman genion; ez dakizu nolakoa harrapatu genuen. Gauean ezin nuen ohea egin, ezin tente egon, eta laguntzera etorri zitzaizkidanak ni baino okerrago zeuden. Imajinatuko duzu ze estanpa. Tira, azkenerako egin genuen ohea eta bertan etzan nintzen, hirugarren literan. Ohetik telebisioari begira geratu eta ia erori nintzen goitikan behera, eserita lo seko gelditu bait nintzen.

      Gaur pena haundia eman dit gurekin zebiltzan batzuk joateak, datorren hilera arte ez bait dira bueltatuko.

      Astelehenean etxekoen karta hartu nuen. Valencia aldean nola pasa zuten kontatzen didate; primeran pasa omen zuten. Ea horrela animatzen diren udan gehiago ateratzera; badakizu nere amari zenbat gustatzen zaion, eta orain arte ezin izandu du.

      Kuadrillako askori eskribitzen dizkiet kartak, baina Iñakik bakarrik kontestatzen dit; eta Iraetak, mila pezetako batekin batera. Atzo Pascualen[5] karta hartu nuen, eta ordu erdi egondu nintzen parrez lehertu beharrean, jartzen zituen txorakeriekin. Aste Santuan Labastidan egondu zirela, eta egundalako atxurra harrapatu zutela. Pascual prozesioaren atzetikan garrasika: “Viva la Macarena”. Imajinatuko duzu ze estanpa.

      Bihotza, denbora aurrera dihoa eta laster ailegatuko da permisoarekin joateko eguna; plan ederrak ditut ongi pasatzeko.

      Musu pila bat,

Juan Mari

      Oharra: ahal baduzu bidali ongi zauden fotografi bat; izan ere, bidali zenidan hartan ia ez zara ageri.

 

 

Ceuta, 1976ko maiatzak 11

      Kaixo, nere bihotzekoa:

      Berriz eskribitzen dizut, nahiz eta ezer ez edo deus gutxi dudan zuri kontatzeko. Diozunez, oso gaizki atera naiz fotografian, eta egia da. Argaltzen ari naiz eta, batez ere, fotografia gaizki dago; dena erreta atera zen eta koloreak ez dira nabaritzen.

      Ana, ikusiko duzu gutxinaka gutxinaka denbora aurrera dihoala eta bi hilabete falta direla, juxtu-juxtu, ni horrera joateko. Gainera, hemendik aurrera bizkorrago pasako da, ze eguraldi ona hasiko da eta hondartzara joateko aukera izango duzu, hain gustuko duzun gauza. Espero dut ni joaterako igerilari on bat egina egotea, Santa Klararaino karrerak egiteko.

      Egizu kontu: beste hamar karta eta zurekin naiz, trago bat hartzen eta igandetan Juantxorekin eta ateratzen, lehen egiten genuen moduan. Tira, eta Altamiran egingo dugun gauza on piloa ere bai. Hil hori gozamen hutsa izango da, Gipuzkoan zehar afariz afari eta dibertsioz dibertsio.

      Tira, maitea, utzi egin behar zaitut, ze zenbat eta gehiago eskribitu melankolikoago jartzen naiz. Kartan musu pila bat, estutuak eta ipini nahi ez dudan gauza mordoa bidaliko nizkizuke, baina, inposiblea denez, eskuminak ematearekin konformatu beharko.

      Zure maitea,

Juan Mari

 

 

Ceuta, 1976ko maiatzak 18

      Atzo hartu nuen zure karta eta gauza dexente kontatzen dizkidazu; nik ezin ba halakorik egin, hemen sekula ez bait da ezer gertatzen. Diozunez, Maribelek haurra galdu du. Kolpe latza izango zen berarentzat.

      Joan den igandean arroketan ibili ginen bainatzen eta arrantzan, eta ura oso ona zegoen. Medusa ugari zeuden, baina kontu pixka batekin ibili ginen eta ez zen ezer pasa. Gainerako egunetan beti bezela egoten gara. Arratsaldetan kuadrilla ederra juntatzen gara eta merienda egiten dugu.

      Permisoarekin joaten naizenean, beste ezer baino lehen, botila batzuk sagardo erosiko ditut honera ekartzeko, trago eder batzuen falta haundia dut eta.

      Amorratuta nabil, gainera, gu ez beste guziek permiso egunak euki dituztelako.

      Tira, neska, utzi egingo zaitut. Denbora asko baino lehen eskribituko dizut berriz. Ziento bat musu eta besarkada bat.

Juan Mari

 

 

Ceuta, 1976ko ekainak 12

      Kaixo, eder hori:

      Lehen lehenik jakizu maniobretan egondu garelako ez dizudala eskribitu lehenago.

      Hasteko esango dizut maniobra egun hauek primeran pasa ditugula. Neri errekonozimendu sailean tokatu zait, Land Rover batean txofer. Otorduak geronek preparatzen genituen, eta denda, gogoak ematen zigun tokian jarri… Aizu, gu geurera. Egia esan, gustura geldituko nintzen mendian permiso egunak ailegatu arte, nahiz eta gauza batzuetarako endredo haundiak dauden, esate baterako, ura, han ez bait da ugaria: kilometro bat ibili behar premian zinen aldiro.

      Asko eskertzen dizut bidali zenidan dirua[6]; zuku haundia atera diot.

      Gaur aldegin dute apirileko lizentziatuek, eta horien artean, Errenteriako bat. A ze inbidia eman didaten paisanoz jantziak, eta ez arropa zikin honekin.

      Tira, maitea, esango duzu arpegi gogorra dudala gutxitan eskribitzen dizudalako, baina ez zait gustatzen eta ez zait okurritzen ze jarri.

      Laster, gero eta gutxiago falta da, zurekin izango naiz herrian. Ikusiko duzu harrapatzen dizudanean. Musu pila bat,

Juan Mari

 

 

Ceuta, 1976ko uztailak 5

      Kaixo, laztana:

      Lau letra besterik ez seguru asko gustatuko zaizun zerbait esateko. Uste baino lehenago joango naiz permisoarekin: hilaren 12an, astelehen gauean, edo 13 goizean ailegatuko naiz. Hasi zaitez prestatzen, ze idisko bat bezela nihoa. Permiso egunen batean, eta ez ahal zara haserretuko, ezingo naiz zurekin egon; izan ere, orain joatekoak garenon artean parranda eder bat antolatu dugu; espero dut konprenitzea.

      Beste hau ere gustatuko zaizu: 34 egunetarako goaz, eta ez 30etarako, beste batzuk bezela. Ez da alde haundia, baina hobe pixka bat deus ez baino.

      Musu pila bat, zure laztana,

Juan Mari

 

 

Ceuta, 1976ko abuztuak 18

      Kaixo, polita:

      Larunbaterako eskribitzea agindu nizun eta horra, bete egin dut.

      Bidaia amorragarria izandu zen, ahazteko modukoa. Horretarako ze hoberik eta egundalako melokotoia harrapatu genuen. Baina mozkorra pasatakoan lehen baino okerrago geunden: gorputzaldi txarraz gain, oraindik amorratuago Ceutako bazter zikin honetan geundelako.

      Urarekin hala moduz gabiltza. Lehen baino gehixeago dago, baina ez da nahikoa.

      Janari dagokionez, imajina dezakezu. Hain da ona, ze gaur asteartea da eta, ailegatu ginenetik, oraindik ez dut probatu.

      Igandean arroketara joan ginen bainu eder bat hartzera; gozada hutsa izandu zen. Baina bainua hartu eta gero, arroketan etzan ginen, eta hori izandu zen txarrena, pentsatzen hasi bait nintzen ze ongi egondu naizen hil honetan eta orain beste zazpi hilabete egin beharko ditudala hemen, zu berriz ikusi arte.

      Sentitzen dut aldegin bezperan ez ginelako afaltzera joan; neri ez zitzaidan burutikan pasa ere egin, baina Juantxok esan zuenean konturatu nintzen gogoak zeneuzkala; arpegian nabaritu nizun. Barkatu[7].

      Suquiatarrak ez dira oraindik etorri kuartelera nere bila, agindu zuten bezela. Harritua nago, baina beharbada etorri ere ez dira egingo, ze agintzea oso errexa da, baina betetzea ez hainbeste.

      Ez dakit ze pasatzen zaidan, baina egun hauetan lorik ere ezin dut egin zutaz pentsatzen. Akaso zurekin egon berria naizelako hilabete oso bat, edo bestela ez dakit zergatikan.

      Kontua da sekula baino erreago nabilela.

      Tira, maitea, honekin utziko zaitut zure kontestazioaren esperoan; hura hartutakoan eskribituko dizut berriz.

      Musuak pilaka eta estutu haundi bat.

      Maite zaitut,

Juan Mari

 

 

(Bi postal gutunazal batean, 1976ko irailaren 5eko datarekin. Lehenengoan kobazulo bat barrutik, argiztatuta, estalaktitez josia. Atzean Cueva de Nerja (Málaga) jartzen du eta azpian Sala de los fantasmas. Bigarrenean bi mendixka lotzen dituen ubide ezinezko bat):

 

      (1/2) Nerjatikan eskribitzen dizut. Malagako herri bat da, eta aste bukaera honetan etorri gara ikustera. Hiru laguni eman digute pasea eta lagatako kotxe batean gabiltza. Primeran ari gara pasatzen. Torremolinosen, Marbellan eta beste leku batzuetan egondu gara. Nola ez neukan paisano jantzirik, utzi egin behar izan didate. Orain dela ordu erdi (2/2) atera naiz kobetatikan. Ikusten duzunez, zoragarriak dira. Gero Tibodira joango gara, atrakzio parke batera, Mari Triniren kontzertua dago eta. Hemen oso eguraldi ona daukagu eta bainu jantzian gabiltza egun guzian. Ja ez zait tokirik geratzen, eta laster eskribituko dizut karta. Zure maitearen musu pila bat. Maite zaitut,

Juan Mari

 

 

Ceuta, 1976ko irailak 13

      Kaixo, nere maitea:

      Hemen naiz berriz zurekin. Hartu al zenituen bidali nizkizun bi postalak? Nik hartu nituen Punto y horaren bi aleak; berandu, baina seguru.

      Lehengoan etxekoekin hizketan aritu nintzen; edozein egunetan deituko dizut zuri ere. Seguru asko nere gurasoek esango zizuten ze asmorekin zebiltzan ni permisoarekin Juantxoren ezkontzara joan ahal izateko. Zer da eta dena gaizki atera, beranduegi bait zen paperak egiteko. Gurasoek ezagutzen duten enpresaren bateko eskrito bat bidali behar zidaten, esanez esamina batzuk egin behar nituela lantokian gora egiteko, pentsatuz hala hamabost eguneko permisoa emango zidatela. Soldaduska bukaeran errekuperatzekotan, baina hori ez zitzaidan inporta. Bat dela eta bestea dela, beranduegi egin zen: gurasoek paper hori bidali, hona ailegatu, komandantziara eraman jeneralak onartzeko, azkarrenik ere hilaren 20a izango zen, eta Juantxo eta Kontxiren ezkontza 18an da. Agian aurrerago egingo dut eta herrian azalduko naiz. Jainkoak daki ongi aterako zaidan.

      Periodiko batean leitu dut ze pasa den Hondarrabian[8]: ez dute barkaziorik.

      Lehengoan Lisardok eskribitu zidan esanez 55 eguneko permisoa zeukala, alu zikinak. Hemen mundu guziak du suertea, nik izan ezik. Gaur joan dira, lizentziatuak, uztailekoak. Lehen baino ere amorratuago utzi naute; izan ere, seguruenik, sei hilabete nerekin egondu diren batzuk ez ditut sekula gehiago ikusiko.

      Tira, neska, oraintxe ez zait ba beste ezer okurritzen kontatzeko.

      Ongi pasa dezazula ezkontzan.

      Laster ailegatuko da gurea eta beste inor bezain zoriontsuak izango gara. Ikusiko duzu. Ez zaitut sekula ahazten, bihotza. Musuak pilaka asko asko maite zaituen honen partetik,

Juan Mari

 

 

2019ko azaroaren 16a

Atzo lurperatu genituen aitaren errautsak haritz baten oinetan etxeko belardian. Nik magnolia grandiflora bat nahi nuen, amak eta Arratek haritz bat; niretzat loreak behar zituen, haientzat indarra. Landareak maite zituen baina mendi eta basoekiko ez zuen inoiz interesik agertu. Nik erosi nuen arbola. Jatorri arabiarreko dendariak amerikarra eta hemengoa eskaini zizkidan. Dudarik egin gabe hartu nuen hemengoa. Aitarentzat, dendariarentzat eta niretzat hitz horrek gauza ezberdinak esan nahi zituela badakit. Edonola ere, dagoeneko onartu dut hitzek ez dutela deus askorako balio aitarekikoa adierazteko: baldarki inguratzen naiz, eta sentitzen dudana hitzetan harrapatzera iritsiko naizela uste dudan unean berean deskalabrua gertatzen da. Ez gara orain mizkin jarriko gerra askoren iturburu diren deiktikoetako batengatik: hemen, atzo, gu.

      Bera laztantzen jarraitu ahal izateko ari naiz idazten, jakinik ez naizela urrunagora iritsiko.

 

      Ilundu aurretik juntatu ginen ama, Arrate, Carlos, Lander, haurrak eta zazpiok. Hoy no quiero estar lejos de la casa y el árbol kantua ipini zuen Landerrek zuloa egiten genuen bitartean.

      Eguraldi zakurra zegoen eta errautsak itsustu egin ziren berehala, elur zikina iruditzeraino. Errautsen parte zuria kaltzioa dela uste dut. Kaltzioa eztanda egindako izarretatik iritsi omen zen lurrera. Aspaldi da ez dudala haiei begira egoteko denbora hartu.

      Aita ikusi dut desagertzen zaratarik atera gabe.

      Heriotza ez da existitzen, gizakion asmakizun bat da, entzun dut. Ikusi dut ospitaleko azken egunetan muxua bilatzen anemona korronteen mende igerian nola. Ikusi dut neure burua zuhur, muxuekin negozioa egiten. Ikusi dut mozkor bat baino askoz gehiago izan zela. Ikusi dut inoiz ez zidala besarkadarik eman, ez zidala inoiz alkandoraren lepoa egokitu, betile bat masailetik kendu, urratu bat sendatu, ez nuela inoiz harrapatu niri harrotasunez begira, ez genuela inoiz elkarrizketa bat izan, bakar bat ere ez. Ikusi dut etxeak egiteko beharrezko guztia saltzen zutela, baina etxea bizileku bilakatzea norberaren lana dela.

      Espero izan gabe, eskerrak eman dizkiot.

      Errauts gutxi batzuk tuper batean gorde ditugu, Benicassimen zabaltzeko. Argiak nondik jotzen dien distira apur bat egiten dutela iruditu zait. Eskuak sartu ditut bertan eta laranja bat jan dut gero. Hatzak miazkatu ditut, mingaina azkazalen eta mamien artean sartuz. Gazia eta mingotsa da nire aita. Orain nire barruan dago ni inoiz bere barruan egon nintzen moduan.

 

 

2020ko urtarrilaren 21a

Aita gabeko lehenengo Gabonak izan dira, nahiz eta aita bizirik zegoenean eta gramatikalki zuzena izanagatik ez nukeen esango Gabonak aitarekin zirenik. Arnasa hartzen zuen arren ez zegoen. Lehena zen beti erretiratzen. Mahatsak kanpaien aurretik edo ondoren jaten zituen, jaten bazituen, kanpaiekin batera inoiz ez. Azken urteotan behintzat ez zen mahaira mozkorra eseri. Edanda zegoenean bereziki tristeak ziren Gabonak; ondoren ere bai.

      Zein gizon puskatua zen orain bakarrik jabetzen naiz. Eta ni ez nintzen gai izan min hura erauzteko, ez nire jaiotzaren bitartez, ez nire bizitzaren bitartez, ez nire seme-alaben bitartez ere.

      Ama ongi dago. Inoiz izan ez duen bizitza bizitzen ari da. Laster Siziliara doa, gero Sevillara eta handik Saloura erretiratu zenean egindako lagunekin. Andre kuadrilla bat, gehienak alargunak, zoroak. Esaten dituzten astakeriak kontatuz barre eginarazten dit. Identitate berri bat sortzen ari da haien arrimuan: ausarta, zuzena, harroa, umoretsua, alaia. Ez nuen uste oraindik posible zenik. Ez du etxean bakarrik egon nahi eta ia egunero bazkaltzen edo afaltzen du kalean haiekin.

      Aitaren heriotzak elkartu egin gaitu.

 

 

2020ko urtarrilaren 27a

Bere landareak ureztatzen segitu, sustraiekin bultzaka ari direnei eremu zabalagoa eskaini, ihartutako hostoak erauzi, ongarritu... aitaren sabel-hiztun izaten jarraitzea da.

      Beldurra galdu diot heriotzari. Ez da ezer gertatzen, literalki. Aitaren heriotzak ez du mundua aldatu, ezta nirea ere, ez behintzat jaiotza batek, kaleratze batek, gaixotasun batek, dibortzio batek, lan berri batek, zaletasun batek, adikzio batek, etxe aldaketa batek edo teknologiaren garapenak baino gehiago. Ez da deus gertatu, hori da beldurgarria.

 

 

2020ko urtarrilaren 30a

Ezinegona sortzen dit haritza sustraitu ez denaren aukerarekin pentsatzeak.

 

 

2020ko martxoaren 28a

Bi aste dira koronabirusa dela eta etxean itxita gaudela. Asko sufrituko nukeen aita bizirik balego, aukera asko lituzke-eta gaixotu eta gaizki hiltzeko.

      Gereziondoa erdi irekitako lorez gainezka dago. Oraindik zabaldu ez diren lore batzuk daude, baina laster zuri-zuri egongo da eta Japonian esnatzea bezalakoa izango da.

      Aitaren omenez landatutako haritza kimuz bete da. Lehertu daitezen irrikan nago. Hosto berriak berde argiak dira.

      Faltan hartzen dut, ez dakit zer eta ez dakit nola. Inork ez nau inoiz hain baldintzagabeki maite eta babestu izango.

      Zuhaitzaren bideo bat egin dut eta Arrateri eta amari bidali diet. Arratek bihotz apurtu bat bidali du Mexikotik. Amak negar egin du. Orain aitaren argazkiak jartzen ditu beti Whatsappeko profilean. Eskatu dit ostiralean lore batzuk jartzeko aldamenean, aitaren urtebetetzea litzateke eta. Ez dakit zenbat urte beteko lituzkeen, ez dut inoiz haren adina gogoratzen, edateari utzi ondorengo bizitza urteak baizik ez nizkion zenbatu.

      Ez dut bere haragizko gorputza faltan hartzen. Bere maitasuna senti dezaket, bizirik zegoenean bezainbat.

 

 

2020ko martxoaren 30a

Etxetik bost minutura baso bat dago. Ez nuen ezagutzen, beti hondartzara joaten naiz eta ibiltzera. Orain, etxetik urrundu ezin garenez, horra goaz. Gaur bakarrik joan naiz, goizeko zortzietan. Ez zebilen inor. Hondartzan ez bezala, ez zait mendian bakarrik ibiltzea gustatzen. Soinuak entzuten ditut eta gelditu egiten naiz jatorriaren bila: katagorria, zozoa edo sugandila ote den bereizten ez dakit. Luzaz egon naiz bidearen erdian, zain, egonarria izatea hori dela sinetsita, baina presa daukat, zer den, nola izena duen, bere jokabidea nolakoa den ezagutzeko. Ez dakit mendiak hartzen dituen formak izendatzen, ezta zuhaitzak, loreak, hegaztiak, parasitoak, perretxikoak, landareak ere. Oraindik hitzak behar ditut bizitzara lotzeko, binkuloa sortzeko. Nahi gabe, metafora tuntunak egiten ditut lurretik ateratzen diren sustraiekin edo ehiztarien etxolekin, ulertu egin nahi dut, ulertzeko ezer ez dagoen tokian. Lore txiki indigoei begira gelditu naiz, haien edertasuna banpirizatu nahi dut, sorta batean nola bildu pentsatzen hasi naiz, kaosean bakarrik direla eder ohartu gabe, ez direla inoren etxe edergarri izateko sortu, dena ez dela denaz aparte beste ezer. Ez dago ikasbiderik, ez dago misteriorik, ezagutzen ez nuen baso txiki bat da, etxe ondoan egon dena beti, eta bertan ez naiz piztia bat baino gehiago.

 

 

2020ko apirilaren 6a

Maitek deitu dit, asaldatuta, denda salgai jarri dutela esan zaiela langileei. Ama oporretan dago lagunekin eta itzuli arte ezer ez esatea adostu dugu. Gezi bat sentitu dut besoan. Bera ere negarrez ari zen.

 

 

2020ko apirilaren 8a

Konfinamenduaren laugarren astea. Ongi gaude.

      Peru kanpoan zela Anniek hots egin dio, Jean Luc erori egin dela eta altxatzeko laguntza behar duela. Ziztuan etorri da Peru nire bila eta bizilagunengana joan naiz. Ez da erortzen den lehenengo aldia. Mozkor-mozkor eginda zegoen. Palmondoaren ondoan etzanda aurkitu dut.

      — Zaharra eta lodia dagoelako gertatzen zaio —esan dit Anniek—. Brikolaje lanetan tematzen da eta ez da konturatzen dagoeneko ez dela gai.

      Jean Lucek irribarre egin dit, baina ez dakit ezagutu nauen.

      — Dibortziatu egingo naiz, nahiz eta ez nagoen ezkonduta. Baina kokoteraino nauka, zain dezatela bere alabek.

      Altxatzen lagundu dut. Lokaztuta dauka atzealde guztia, hosto eta belarrak ditu txima zurietan. Ehun kiloren bueltan egon arren nahiko arin zutitu da. Logelarantz abiatu gara, bazar arabiar bat dirudien etxe labirintikoa zeharkatuz: kilim alfonbrak, anforak, ispiludun kuxinak, argazkiak nonahi, fantasia...

      — Niri, telebistan hau bezalako saio intelektualak begiratzea gustatzen zait, baina honi...

      Logelan telebista piztuta dute, bolumen altuegian. Ezkutuan dauden letrak asmatu behar diren lehiaketa horietako bat, erdian erruleta bat eta bi lehiakide. Ohe zuri handia, maindireez gain estalki ugari dituena, denak krema edo zuri kolorekoak. Burko eta kuxinak ere zuriak dira. Zortzi hautsontzi bete zenbatu ditut, bakoitza tabako pakete batekin aldamenean.

      Annie lotsatuta zegoela banekien arren nik zoriona sentitu dut Jean Luci atzealdea astindu diodanean ohean esertzen laguntzeko. Zoriona lepotik heldu didanean atzerantz ez erortzeko. Zoriona zapatak erantzi dizkiodanean. Laguntza behar zuelako, laguntza eman diezaiokedalako. Aitarekin sekula egin gabea nintzen eta ez aukera faltagatik. Arropa eta guzti ohean etzan denean ilea orraztu diot hatzekin. Berak nire eskua ukitzeko keinua egin du, baina erreflexuak galduta, bere kopeta ukitzen amaitu du.

      Sukaldean aurkitu dut Annie. Xuxurlan hitz egiten du eta horrek beragana gerturatzera behartzen zaitu, sekretu bat kontatzen ariko balitz bezala. Duela urte pare bat izandako iktusaren ondorioz modu apur bat nahasian hitz egiten du gainera. Oso adi egon beharra dago haria jarraitzeko, eta nahi gabean, hainbestekoa da gertutasuna eta arreta, kateatu egiten zaitu. Kikara bat te luzatu dit.

      — Agian inoiz aipatu dizut pied-noir bat naizela. Ba niri konfinamendu hau Aljeriako gerra baino beldurgarriagoa zait. Gerran bazenekien etsaia nor zen, baina orain eta hemen ez, ez da inor, edo okerragoa dena, denak dira.

      Begi berdeak ditu eta aurpegiera eder-ederra, urkilek zeharkatutako mototsa, aktorea izan zitekeen, baina okulista izan da duela gutxi erretreta hartu duen arte.

      — Aitak hondartzara eraman gintuen igande goiz batez, anai-arrebok eta lehengusuak. Baina ni ez nintzen joan nire lehenengo hilekoa izan nuelako. Joan ziren poz-pozik, eta bum!, hondar azpian zeuden granada batzuk lehertu ziren. Inori ez zitzaion ezer gertatu baina niri beste inori baino gutxiago, reglak salbatu ninduen ezer ez gertatzetik.

      — Deitu nahi duzunean —esan diot.

      Desiatzen nago laguntzeko, aitarekin egoteko.

      Irteeran, pomelondotik ale batzuk hartzeko esan dit. Kakodun makila bat ekarri du. Begira-begira gelditu zait berak entsaladan erabiltzen dituela esaten zidan bitartean, azala eta pulparen artean gelditzen den mintz zuri mingotsa kentzeak lana ematen duela, baina pazientzia lantzeko zeregin ezin hobea dela, mandalak koloreztatzea baino gehiago, bera ez dela haur bat, ez duela utziko modek infantilizatu dezaten, utikan koloretako margoak eta lerrotik atera nahi ez duten pertsonak.

      Dozena bat pomelorekin itzuli naiz etxera. Orain jan egin beharko ditugu, nahiz ez zaizkigun gustatzen.

 

 

2020ko abuztuaren 4a

Iztietako garajearekin egin dut amets. Agian bertara joan behar nuke zerbaiten bila. Hango usaina, hautsa, iluntasuna, anabasa, erruina saldoa... zerbait kontatu nahiko balit bezala. Hura zen aitaren benetako tokia, han zen libreen.

      Haritzera gerturatu naiz, baina ez zait esateko ezer bururatzen. Victor Hugok gaubeila espiritistak egiten zituen bere seme Charles medium zela. “Mahai hiztun”en bidez Shakespeare, Platon eta Molièrerekin hitz egin zuen, bertan entzundakoak koadernoetan bildu eta guganaino iritsi dira.

      Hugok izpirituetan sinesten zuen, demokraziaren sortzaileek esklaboak zituzten jabetzan, askatasuna eta berdintasuna aldarrikatzen zuten iraultzaileek gizonak baino ez zituzten gogoan. Zerk lotsaraziko gaitu gu? Transzendentzian sinetsi izanak? Maitasunean? Kolektiboan sinetsi ez izanak? Elkartasunean? Lotsarik eduki ez izanak?

 

 

2020ko abuztuaren 10a

Apaizetan ikasi zuen, “beleetan”, esaten zuen berak. Jo egin zuten, gorroto zituen. Eta hala ere, amabirjina eta gurutzea zeramatzan lepotik zintzilik. Duela ez hainbeste bere amari zintzilikatu zion bietako bat. Amona hil zen egunean, berreskuratu nahi izan zuen, baina ez zeraman jarrita. Aita sinetsita zegoen amonaren zaintzaile Dianak gorde zuela berarentzat. Ez zion inoiz barkatu.

      — Nik ez daukat —esan zion Dianak—. Botaka egiterakoan komunetik behera eroriko zitzaion, zure amak maiz egiten zuen botaka.

      Biharamunean, hiletan, bere burua lanerako eskaini zuen zahar jendearen eta haien seme-alaben artean. Aitari haserrea handitu zitzaion:

      — Gure amaren gorpua oraindik bero dagoela aritu da bere burua eskaintzen...

      — Bere lana da —esan nion bere matxismoa eta arrazakeria aurpegian lehertzen zitzaidanean sentitzen nuen amorruarekin.

      — Lapurtzea ere bere lana al da?

      Egun hartan ez genion hitza elkarri gehiago zuzendu. Isiltasunarekin konpontzen genituen beti hitzez konpondu ezin zirenak.

 

 

2020ko abuztuaren 13a

Zaloarekin bazkaldu dut aspaldiko partez. Gero, Botanikara joan gara enegarren kafea hartzera. Aitari buruz idatzi nahi dudala esan diot. Bere aita ere alkoholikoa zen, baina ez du inoiz horri buruz hitz egiten, neuk bezala. Bere aitaren prozesua gurearenaren oso antzekoa izan zen: esofagoko barizeak zituen eta Norvegian oporretan zegoela iktus bat izan zuen.

      — Memoria historikoa da egin nahi duzun hori —esan dit.

      Beti da interesgarri berarekin hitz egitea, azkarra bezain zoroa baita.

      Gorbatxoven erorketaren ondoren vodkaren kontsumoa igo zela esan dit, droga bakoitzak bere identitatea daukala, bere historia.

      Norvegiatik bueltan medikuak Zaloaren aitari esan zion hautatu egin behar zuela: familia edo alkohola.

      — Ez zitzaidan dikotomia aproposa iruditu, ez da hautu kontua.

      Nik esan diot baietz, badela, alkoholaren aldeko hautua egin zuela bere aitak, nireak bezala.

      (Oraindik ez diot barkatu, konturatzen naiz).

      Tabernan barreiatutako landarediari begira gelditu gara. Beharrezkoa da Donostiako mizkinkerian itxuran ordenarik gabe hazten diren landare hauek egotea.

      — Historiak erru parte bat du eta borondate faltak beste bat.

 

      Ezagutu ditut edateari utzi dioten gizonak. Haien alabek ez zuten nik baino gehiago balio, ezpada alderantziz. Ikusi ditut alaba horiek beren aita edale ohiekin kaletik berriketan irriz, ikusi ditut beren aiten besoetatik lizunki zintzilikatuta, ezer pasatu ez balitz bezala, alaba itsusi horiek, ni baino itsusiagoak, alaba murritz, domestikoak, zeinek nik baino gehiago merezi zuten euren aiten begietara, zeinek nik baino gehiago merezi zuten.

 

 

2020ko abuztuaren 14a

Ama bere lagun alargunekin terraza batean, hildako senarrei buruz hizketan. Batek dio bere senarra oso ona zela. Amak ez du ontasunean sinesten, ez dela existitzen esan dit maiz, ume-umetatik, ona izan nahi izatea ergelen gauza dela.

      — Nirea ere ona zen... Bueno, pero travieso.

      Ez du inoiz hitz egin lagunekin aitaren adikzioaz. Iktus batek akabatu zuen, hori da bertsio ofiziala. Eta eskuzabal sentitzen den egunetan, “egindako bihurrikeriei” egozten die errua.

      Erantzun horretan kondentsatzen da beraien arteko maitasun, menpekotasun eta konplizitatearen misterioa. Nork bere errelato propioa egiten du, nork bere eufemismo propioekin.

 

 

2020ko abuztuaren 17a

Hil egin behar izan zuen nik maitatu ahal izateko, berekiko maitasuna aska nezan, behin hilda ez ninduelako traizionatuko.

 

 

2020ko irailaren 2a

Hau ez da idaztea, hau berarekin egotea da ni beste norbait izanda.

 

 

2020ko irailaren 17a

Peru eta Mikeleren urteak. Aita hemen egon izan balitz Mikelek sekulako besarkada emango ziokeen eta nik bere gorputzaren bitartez sentituko nukeen. Amak, opariekin batera, aitak nobio garaitan idatzi zion olerkia oparitu die. Gogoz omen daki eta bakoitzaren izena daraman postal banaren atzealdean idatzi du ahaztuta nuen grafiaz:

 

            Si el mar fuera tinta

            y el cielo papel

            no sería suficiente

            para escribir mi querer.

 

      Une batez pentsatu dut aitak idatzia zela. Gero, bilatzailean sartu eta ikusi dut Faun izeneko talde batek aire zeltak dituen kantu bat egin zuela poema horrekin 2002an, baina ez dut aurkitu norena den. Ez diot deus esan amari, ez dut zapuztu nahi.

      Peruk eta Mikelek frantses klasean aitona-amonei idatzitako olerkiekin gogoratu naiz. Ekartzeko eskatu diet. Irakurri ahala gaztelaniara itzuli ditut amarentzat. Harriduraz entzun ditu, berak halakorik merezi izango ez balu bezala.

      Lehena Peruk amonari idatzitakoa da, bigarrena Mikelek aitonari:

 

 

            « Poème sur ma grand-mère »

 

            Ma grand-mère, je l’aime beaucoup

            elle a les cheveux blonds comme un cheval

            elle a les yeux bleus comme un loup

            et quand elle me crie elle se sent mal.

 

            Ma grand-mère elle aime beaucoup la télévision

            Des films de la Deuxième guerre mondiale.

            Sa maison est comme un film d’action

            et rester avec elle est géniale.

 

            Ma grand-mère elle aime beaucoup nettoyer

            pour que sa maison sente bon.

            Quand elle meurt, elle devrait être sous terre

            pour pouvoir aller comme une taupe au Japon[9].

 

 

            « Mon grand-père »

 

            Mon grand-père il travaille dur

            il aide a tout le monde

            a toi aussi il va t’aider bien-sûr

            mon grand-père aime les cheveux blonds.

 

            Mon grand-père m’aide beaucoup

            il est le seul qui me comprend

            mon grand-père est comme un loup

            il aime trop boire du cidre.

 

            Mon grand-père, je l’aime fort

            il me manque énormément.

            Peut-être même s’il est mort

            il continue à aimer la menthe[10].

 

      Nik ez dut inoiz haiei buruz ezer polita idatzi ezta idatziko ere, segur aski.

      Gorputz bateko distantzia behar nuen honaino iristeko.

 

 

2020ko azaroaren 10a

Lehengo astean, koaderno baten bila nenbilela, ezagutzen edo oroitzen ez nuen aitarekin agertzen naizen argazki batekin egin nuen topo. Dagoeneko betiko gure etxean bizi gara, sofan eserita gaude, nik bospasei urte izango ditut, mugituta agertzen naiz; bera geldi, niri begira, guapo.

      Apal baten gainean utzi eta gaur ohartu naiz ez dagoela niri begira, begirada niri zuzenduta duela baina ez nauela ikusten, ez dagoela hor nirekin.

 

 

Bigarren sorta:

 

 

Ceuta, 1976ko urriak 2

      Kaixo, polita:

      Hemen naiz berriz zurekin. Gaur Ceutan sekula baino euri gehiago ari du; badirudi ez duela sekula atertuko.

      Igandean Malagan izandu ginen hiru lagun, aste bukaerako pasearekin. Larunbatean Torremolinosera joan ginen, berbenak bait zeuden; egia esan, ez zuten kaka zaharra balio. Hori bai, marikoi ugari, bizitza guzian ikusiko ditudanak baino gehiago. Hurrengo goizean, ostatu batean lo egin eta gero, Torre del Mar-era joan ginen; Almeriara bidean dago, eta han pasa genuen egun guzia.

      Bazkalondoan zaldi batzuk alkilatzea bururatu zitzaigun. Egizu kontu, lehenengo aldia zen. Alkilatu zizkigun gizonak esan zigun bazpare gia bat jarriko zigula, galdu edo erortzen baginen edo. Hasieran bai, egiten genion kaso, baina gero, pixka bat ikasi orduko, galopean ekin eta atzean uzten genuen. Primeran pasa genuen. Permisoa dudanen batean berriro etortzen banaiz, zaldi bat alkilatzeko asmoa dut. Errazagoa da galopean ibiltzea, hau da, lasterka, poliki baino, boteka joaten bait zara; lasterka, berriz, nahi gabe ere, galopeko erritmoan joaten zara.

      Zure kontuetara etorriz, zain nago noiz esango zera hori jaitsi zaizun edo ez. Espero dut ezer ez izatea, falta bat bakarrik[11].

      Ia bi hilabete dira permisoarekin etorri nintzenetik. Badakizu horrek ze esan nahi duen: bost hilabete besterik ez eta kito garai nazkagarri hau.

      Maite eta desio zaitut,

Juan Mari

 

 

1976ko urriak 7

      Kaixo, bihotza:

      Atzo hartu nuen zure karta, irailaren 28koa, eta, ikusten duzunez, dexenteko atzerapenarekin etorri da. Gaur eskribitzera jarri naiz, linea gutxi batzuk behintzat.

      Errebajatua nago, txorkatila bihurritu bait nuen; horregatikan ezin naiz atera zuri telefonoz deitzera.

      Dena dela, kuarteleko telefonoa emango dizut, zerbait gertatu eta deitu behar badidazu edo: 956-511357. Deitzekotan, deitu goizeko 8etan, eta esango dizute berriz zer ordutan deitzea daukazun.

      Kartan diozu analisi bat egin duzula eta positibo atera dela. Seguru egongo zara atera denarekin, ezta? Alde batetikan ez dit inporta. Bakar-bakarrik, ni hemen egotea eta zu hor[12]. Horretaz aparte, etxearekin eta beste gauzekin sortu zaigun arazoa, sosik gabe gaude eta.

      Nik konpainiako brigadarekin hitz egiteko asmoa dut, pasatzen dena argi esplikatu eta ea permisoa ematen didan.

      Esaten didazu oraindik inori ezer ez esateko, ez zaizula nabari. Nahastu samarrik nabil, gauzak nola dauden jakin gabe ez bait dakit hemendikan nola jokatu. Zerorrek esan behar zenidake zer esan, zer egin behar dugun eta noiz.

      Dena dela, ea asteartean, jaieguna bait da, kalera atera eta telefonoz deitzen dizudan, gauzak gehiago argitzeko, horrela, kartaz, inposiblea da eta.

      Uste dut Kontxi eta Juantxori ere zerbait aipatu beharko zeniekeela, agian badute zerbaitetan laguntzea.

      Atzo hartu nuen haien karta eta esaten didate primeran pasatzen ari direla.

      Tira, kuttuna, espero dut laster izatea zure berri. Maitasun haundiz, adio,

Juan Mari

 

 

Ceuta, 1976ko urriak 15

      Kaixo, polita:

      Espero dut ongi eta gorabeherarik gabe segitzea. Izan ere, gauza asko aditu ditut horko egoeraz eta uste dut oso“gris” egongo dela.

      Kartan azaldu dizkidazu zure asmoak: zerbait hartzen ari zarela ez eukitzeko[13]. Hasteko, pentsatzen dut okerrerako dela, eta denborarekin kalteren bat izan dezakezula gorputzean.

      Bestalde uste dut ongi atera ezkero dena konpondua legokeela, baina ez zait iruditzen modurik egokiena. Eta gauza okertu eta umea gaizki aterako balitz? Hori okerragoa litzake!

      Esan nizun neri ez zaidala inporta ezkontzea, biok ere gurasoekin hitz egin eta gero. Badakit gogor samarra egingo zaizula, baina horixe iruditzen zait konponbiderik onena. Dena dela, beharbada karta hau ailegatu baino lehen, telefonoz deituko dizut, ea argiago hitz egiten dugun.

      Nere kontuetara etorriz, uste dut kontatu nizula gauzak erosi eta nolako meriendak preparatzen ditugun. Eta hala, txerri bat bezela ari naiz gizentzen. Oraintxe baditut 82 kilo, lehen 75 edo 76tikan pasatzen ez banintzen ere. Martxa honetan baietz harrapatu 100 edo 120.

      Ez dakit etxean hartzen dituzten nere kartak. Nik eskribitzen diet, baina oso gutxitan hartzen ditut haienak.

      Ea larunbatean edo igandean hitz egiten dudan haiekin, zer gertatzen zaien jakiteko.

      Tira, bihotza, utzi egin behar zaitut, argiak itzaltzera dihoaz eta. Ea laster izaten dudan zure berri.

      Izugarri maite zaitut, zuk uste baino gehiago. Musu pila haundia eta besarkada bat,

Juan Ma

 

 

Ceuta, 1976ko urriak 25

      Zer moduz zaude, eder hori?

      Gaur, astelehena, linea batzuk eskribitzera jarri naiz, nahiz eta, egia esan, ez dudan eze askorik kontatzeko.

      Larunbatean, zurekin hitz egin eta berehala hartu nuen bidali zenidan Punto y Hora errebista. Leitu dut eta oso interesantea dago. Ikusten dudanez, oso egun “dibertigarriak” pasa dituzue; honezkero giroa lasaitzen hasita egongo da, ala?

      Atzo deitu nuen etxera eta a ze kasualidadea: Bilbaoko feria muestrasera joanak ziren, eta Jesus Mari bakarrik zegoen etxean. Gurea kontatu nahi nien, baina ez nuen aukerarik izandu.

      Gero Kontxiren etxera deitu eta Juantxo eta biak bazkaltzen ari ziren bertan. Kontxik hartu zidan telefonoa, eta ez zuen sinesten Ceutatikan ari nintzenik. Ez zitzaion ba buruan sartu Errenterian nengoela eta haiek ikustera joan behar nuela! Nahiago nuke hala balitz. Gero Juantxorekin aritu nintzen hizketan, eta arraro samar sumatu nuen, haserre bezela, egia esateko. Gurea kontatu nion eta ez zuen sinetsi.

      Gurera itzuliz, kapitainarekin hitz egin beharrean nago datorren hilerako permisoa eskatzeko, baina ez dut uste logratuko dudanik, permiso denak emanak bait daude. Bete-betean ahaleginduko naiz.

      Oraingoz etxearena iruditzen zait problema nagusia; akaso aurrerago konsegituko genuke, nola edo hala; ikusi egin behar.

      Laztana, izugarri botatzen zaitut faltan. Hor egon nahi nuke, zurekin. Ikusiko duzu denborak nola egiten duen aurrera, geldi, baina aurrera. Lau hilabete pasatxo eta libre egongo naiz infernu honetatikan.

      Tira, nere bihotzekoa, utzi egingo zaitut, etxekoei ere eskribitu beharrean nago eta.

      Besarkada estu bat eta musu bat edo mila, horixe nahi nuke orain beste ezer baino gehiago.

      Maite zaitut,

Juan Mari

 

 

Ceuta, 1976ko azaroak 5

      Kaixo, polita:

      Herenegun hartu nuen zure karta eta kontentu samar jarri naiz kontatu didazunarekin. Juantxo eta Kontxirekin afaltzen egondu omen zara eta oso ongi pasa omen duzu; pozten naiz. Baita zurekin ongi portatu direlako ere. Esaiozu Juantxori oraingoan aurrea hartu diodala, eta gure semeak edo alabak egurra emango diola haienari, zaharragoa izango bait da.

      Etxekoei, berriz, oraindik ez diet ezer esan. Behin eta berriz deitu diet esateko, baina ez ditut etxean harrapatu. Igandean, behin harrapatuko etxean eta ama oso kezkatua zegoen anaiak kotxearekin istripu bat izan zuelako eta izeba gaizki zegoelako, erresidentzian.

      Enteratuko zinen hil egin dela. Anaiak esan zidanean, efektu haundia eragin zidan. Badakizu nolakoa zen izeba. Beti txantxetan eta parrez… Asko sentitu dut.

      Bihar deituko diet berriz eta, suertea lagun, gurea kontatuko diet gurasoei. Ea zer pasatzen den.

      Zu ze moduz? Lehen baino pottolago egongo zara, hori seguru. Hil honetan joatea espero dut, eta dena konpontzea, baina ez dakit ze egunetan; joan, joango naiz, zaude seguru.

      Ana Mari, agian askotxo eskatzea izango da, baina, ahal baduzu, bidali diru pixka bat; bueltatuko dizut horrera joaten naizenean. Izan ere, etxekoei ez diet ezer eskatu nahi bertaratu arte.

      Tira, maitea, bihotza, kuttuna, nik ahal dakit zer gehiago esan, musu pila bat,

Juan Mari

 

 

Ceuta, 1976ko abenduak 28

      Kaixo, maitea:

      Eguberrietan gaude eta gorriak ikusten ari gara. Gabon gauean goizeko 02:30ak arte egondu ginen kuarteleko sala batean, euskaldun denok batera. Gutxigatik ez gintuzten kalabozoan sartu hain berandu arte egoteagatik. Egizu kontu, horrelako egun batean ere ez digute pakerik ematen. Potrotaraino nago hemengo guziaz.

      Gainera, gehiago izorratzeko, esan digute tokatzen zaigun azken eguna baino egun batzuk beranduago lizentziatuko garela, maniobra batzuetara joan behar bait dugu Murtziatikan gertu.

      Espero dut zuk ongi segitzea. Kartetan ez didazu ezer kontatzen horretaz. Espero dut ezer ez gertatzea eta bueltatzen naizenean sekula baino fuerteago estutu ahal izatea.

      Etxekoek oraindik ez didate ezer aipatu. Ez dakit egun hauetan zerbait hitz egin duzuen edo ez. Hurrengo kartan esatea daukazu.

      Hartu zenuen bidali nizun felizitazioa? Ez da eze asko, baina gutako batzuen artean eskuz egina da.

      Nago oraingoan ahaztu egin zaizula; nik behintzat ez dut hartu azken Punto y hora. Bidali ez baduzu, berdin zaio.

      Tira, kuttuna, utzi egin behar zaitut, festak ongi pasa eta nitaz pentsatuko duzulakoan. Izugarri botatzen zaitut faltan. Mila musu, polita.

Juanma

      Oharra: fotografi bat bidaltzen dizut, ikus dezazun nolako mozkorra harrapatu nuen.

 

 

Ceuta, 1977ko urtarrilak 21

 

      Kaixo, maitea:

      Herenegun hartu nuen zure azken karta eta Punto y Hora errebista; egia esan gero eta gauza interesante gutxiago dakar, baina daukagun ia gauza bakarra da hango kontuen gainean.

      Gustatu al zitzaizun bidali nizun erregalua? Ez da eze asko, baina ikusi, gustatu eta bat erosi nizun. Ez dakit modan ote dauden. Nahi ez baduzu ez jarri, eta bestela, gorde.

      Espero dut honezkero pentsatuko zenuela ze izen jarriko diogun; nere partetik, badakizu, batere eragozpenik ez edozein jartzeko[14]. Pentsatua badaukazu, esango didazu hurrengo kartan.

      Duela egun batzuk hilabeteko permisoa eskatu nion tenienteari, otsailerako, baina ez zidan eman; esan zidan dagoeneko aukeratuak daudela joango direnak. Normala, beti bezela, koipetsu nazkagarriak. Egunen batean bukatuko da soldaduska eta orduan ez dut beharko inolako permisorik. Laster ailegatuko ahal da egun hori.

      Jeneralaren etxetikan ari naiz eskribitzen, han bait nago serbizioan. Hotzez hila nago; izan ere, honakoan euria ari zuen eta arropa zopa-zopa egina daukat. Gainera, atetikan ziztuan sartzen da haizea. Uste dut bertan seko geldituko naizela oraingoan.

      Tira, polita, utzi egingo zaitut, ea berotzen naizen, izoztua nago eta. Karta hau eskribitzen ari naizenean, bakarrik 52 egun geratzen zaizkit.

      Musu pila bat,

Juan Mari

      (Gutunaren behealdean, ezkerretara, boligrafo urdinez marraztutako lauburu mendre bat).

 

 

2021eko urtarrilaren 5a

Aitaren haritza oker hazten ari da zurkaitza gorabehera.

      Hiltzen naizenean aitak ez du ikusiko maite ninduen jendea negarrez, ez du ikusiko maite nauen jendea inguruan izatea lortu dudala, ez du jakingo hil egin naizela.

      Hiltzen naizenean aitak ere hiltzen jarraituko du eta zuhaitzak hazten.

 

 

 

[1]   Grafia eder-ederra du: eskuin aldean gelditzen den airean hartzen dute atseden hizkiek, i-en gainean bizitzaz beteriko burbuilak ipintzen zituen puntuak jarri ordez, sabela duten hizkiek edozertaz betetzeko moduko hutsuneak dituzte bai goian eta bai behean, efe eta te hizkien diagonalak luzeak eta irmoak dira, baina ez erasokorrak; dena eraikitzeko zegoen.

            Sintaxia ona da, esaldien eta paragrafoen arteko joskera gardena, eta are harrigarriagoa zaidana eta maiz nire ikasleen barrunbeak susmatzeko sarbidea eman izan didana: puntuazioa. Bere arnasketa entzun dezaket, arnasa hartzen duen bezala idazten duen mutil bat baita, komak eta puntuak behar diren lekuan ipiniz ia beti, ezohiko ale bat, gaur egun.

            Arazoa, beraz, edukizkoa da.

[2]   Familia errelatoaren arabera, ama mozkortu zen lehenengo aldia eta azkena izan zen bere anaiaren ezkontzako hura.

[3]   Oraindik zirrikituak baino ez ditu betetzen. Isilean, galeriak zabalduko ditu, barrunbeak okupatuz, lur azpiko ibilgua konbokatuz eta guztia pitzatuz. Busti arte ez dugu ulertuko sentitzen genuena hezetasuna zela.

[4]   Ez dakit zertaz ari den. Izan daiteke martxoaren 18an Angel Berazadi etak bahitutako enpresariaren bila Poliziak Gipuzkoa osoan zehar, Errenterian barne, ezarri zituen kontrol zorrotzak, atxiloketak eta galdeketak aipatu izana amak bere azken gutunean, baina neurriz kanpokoa iruditzen zait aitaren erreakzioa. Enpresa atarian bahitu eta hogei egun geroago hil zuten Barakaldon Elgoibarko Sigma josteko makina enpresako zuzendaria, apirilaren 8an, hain zuzen ere, baina “herria” dioenean aita ez da Euskal Herriari buruz ari, ez zion inoiz hala deitu, baizik eta Errenteriari buruz, eta orduan nire hipotesiak ez leukake heldulekurik. Ez bada enpresari euskaldun baten bahiketak ordura arte barrikadaren zein aldetan zegoen argi zeukan gazte enpresakumeari iparrorratza dantzan jarri izana eta hortik ezinegona. Bigarren hipotesia: dirudienez amak komunikazioak irakurtzen dituzten galdetu dio bere azken gutunean. Bera baino zaharxeagoa zen aitaren lehengusu bat etan zegoen. Handik bi urtera atxilotu zuten. Posible da amak bere azken gutunean berari buruzko zerbait klabean kontatu izana, klandestinitatera pasatu zela, adibidez, edo bere bila joan zirela etxera, ez dakit. Espetxean eman zituen hogei urteetan ez zen inoiz bera ikustera joan eta ez zion inoiz gutunik idatzi, nahiz eta haurtzaro edo nerabezaroari buruzko anekdotaren bat kontatzen zuen apurretan beti ibiltzen zuen ahotan kariño handiz. Presoaren ama eta gure amona beti elkarrekin zeuden arren, hau ere ez zen inoiz bera ikustera joan, ezta nire osaba-izebak ere. Aske atera eta gutxira kalean topatu nuen. Bera inoiz ikustera joan zen ez dakidan gizon arrunt talde baten uberan zihoan, tabernen erronda eginez. Elkarri begira gelditu gintzaizkion. Nik bera herrian zeuden presoen argazkietatik ezagutzen nuen. Haren mespretxua jasotzeko gertu, neure burua aurkeztu nuen oso gutxitan erabilitako formularen bidez: “Juan Mariren alaba naiz”. Prentsatik ezagutzen ninduela esan zidan, airean idaztearen keinua eginez erpurua eta erakuslearekin. Oso lotsatia iruditu zitzaidan. Ez genuen elkarri esateko deus gehiago eta taldeko gizonetako batek txistu egin ziola probestuz, urrutiratu egin zen, zealdoka, gaur arte.

[5]   Bera bezalako beste bat, baina honek ez zion erdigunean edateari inoiz uko egin. Emazteak dibortzioa eskatu eta alabak hitz egiteari utzita ere jarraitu zuen, egun argiz. Behatu egiten nuen nola edaten zuen taberna batean tokatuz gero, arratsalde hasieran akonpainaturik eta iluntzerako bakarrik, nola hurbiltzen zen mahaietan zeuden ezagunak molestatzera, nola ateratzen zen tabernatik sartu zena baino okertuago. Aldirietan, aurrez pentsatuta eta azpikeriaz edatea eskertzen nion aitari isilka.

            Pascual ere zatika joan zen hiltzen, baina fisikoki: lehendabizi hanka bat moztu zioten, gero bestea. Nire adin bertsukoa zen alaba ikusten nuen kalean, begirada apal, gorputza uzkurtuta; beti agurtzeko konpromisoa hartua nuen neure buruarekin, ez abandonatzekoa, urrutitik eustekoa, elkartasun keinu hutsal bat.

[6]   Harritu egin nau, eta poztu, irakurtzeak nire ama dela aita diruz hornitzen duena, ama familia txiro batetik eta, harekiko kontrastean, aita familia aberats batetik etorrita. Batzuetan izan dut gorputzaren tolesen batean susmo bat gordeta xuxurlatzen zidana beraien artekoa ez ote zen amaren amarru bat izan ezkontzaren bidez klase sozialez igotzeko, eta ni, aldeetara begiratu gabe aurrera jarrai zezaten talko usaineko uztarria.

[7]   Barkamena eskatzen bazekien.

[8]   1976ko iraileko bigarren hamabostaldiko Punto y Hora-n argitaratua: “(...) Perturren aldeko manifestazioa estropaden ondoren egin zen. Kontxak distira egiten zuen eta itsas bazterra paseariz gainezka zegoen. Ordu bat eta erdietan manifestazioa osatua zen eta minutu gutxi batzuk geroago erantzun armatua etorri zen: indar uniformatuen hedapen ikusgarria, kalez jantzitako poliziek babestuta. Manifestariek kaleak autoekin itxi zituztenean, Poliziaren unitateek ez zuten eragozpenik izan espaloira igo edo kontrako norabidean ziztu bizian ibiltzeko. “Sekretek” beren lana egiten zuten, dokumentaziorik aurkeztu gabe jendea atxilotuz, atxilotuei pegatinak irentsaraziz eta pistolak erakutsiz. Gero ez zen erakustea bakarrik izan. Gazte talde batzuk mehatxatuta sentitu zirenean, zenbaitek beren pistolak erabili zituzten. Ofizialki emakume bakarra zauritu zen. Badirudi ez zela bakarra izan, baina egoera horietan ez da erraza zauritutakoak zenbat izan diren zehazki jakitea. Hildakoak bai. Horiek zenbatu daitezke oraindik. Juan Carlosen monarkia ezarri zenetik, hogeita hamasei biktima izan dira manifestazio eta istiluetan. Jesus Maria Zabala izan zen azken hildakoa, hilaren 8an, Hondarribiko jaietan.

        Bi tiro hurbil-hurbiletik

            Alardea normaltasunez igaro zen. Absentzia ugari nabaritu ziren aurreko udetan jendetsua izandako “turisten” konpainian, hala ere, ikusle kopuru ikusgarriak hartu zuen parte. Egunkariren batek berrogeita hamar mila lagun bildu zirela argitaratu du. Alardean desfilatu zuten askok eta ehunka gaztek ikurrinen pegatinak zeramatzaten, haatik, alkatearen nahien kontra joandako indar publikoek ez zuten esku hartu. Gauez, Alardea deseginda, berrehun bat gazte agertu ziren Portu inguruan, amnistia eta Perturren askatasuna eskatuz. Oraingoan ordena-indarrak ez ziren zain gelditu. Ez da erraza zehaztea, gertatutakoak denboran hain hurbil egonda, manifestariren baten inguruko gorabehera konkretu bat izan zen edo manifestazioaren beraren aurkako erreakzioak eragin zituen ondorengo gertaerak. Kontua da ordena-indarrak gas-bonbak eta gomazko balak jaurtitzen hasi zirela. Sortu zen anabasaren erdian, terrazetan zegoen jendea lokaletan aterpetzen hasi zen, zenbait manifestarik barrikadak antolatzen zituzten bitartean. Lekuko askoren arabera, ordena-indarren jarduna oso bortitza izan zen, helburu zehatzetan zentratuz, gainontzekoak apur bat deskuidatuz. Ekintza hauetako batean, Guardia Zibilaren indarrak San Pedro kalean barrena sartu ziren manifestari batzuen atzetik. Guardia zibil bat kulatarekin gazte bat jotzeko zorian zegoela, beste batek, Jesus Maria Zabalak, kafetegi bateko terrazan zegoenak, aulki batekin eraso egin zion gaztea babesteko asmoz. Bertsioak ez datoz bat kolpearen gogortasunari dagokionez. Edonola ere, X Zabalaren atzetik joan zen, harrapatu eta bi tiro eman zizkion hurbil-hurbiletik. Bat bizkarretik sartu eta bihotzaren azpitik atera zitzaion, heriotza eraginez. Irundar ezagun batek X jazarri zuen, zeina eszena abandonatzen ari zen, eta “hiltzaile” deitu zion. Beste batek, hirurehun metro egin zituen Guardia Zibilaren indarrak zeuden lekuraino, eta han, polizia batek atzitu eta lasaitasuna eskatu zion, hildako bat egon zitekeenik ukatuz. Gabriel Alonso, bera izan baitzen hirurehun metroak egin zituena, Real Madrileko defentsa ezagun ohia, polizia hura gertakaria jazo zen lekura eramaten ahalegindu zenean, “inkontrolatu” bat tartean sartu zen: “Bat hil dugula? Martxa honetan denak akabatu beharko dira”, eta esatearekin batera jo zion buruan kulatarekin. Gabriel Alonso burua odolduta erretiratzen zen bitartean, Istiluen Kontrako Brigada berriro oldartu zen publikoaren kontra San Pedro kalean. Jesus Maria Zabalaren gorpua bertan zetzan oraindik, lurrean hilik.

        Hondarribia doluz esnatu zen

            Biharamunean Hondarribia doluz esnatu zen. Krespoi beltzek lutoz janzten zituzten balkoiak, dena itxita zegoen, eta jendea taldeka ibiltzen zen, apenas hitzik egin gabe, lorez eta ikurrinez estalitako tumuluaren aurretik desfilatzen, zeinaren aldamenean batzuek iratzarrita eman baitzuten gaua. Tumuluaren aurrean otoitz egin ondoren, ehunka lagun goizeko hamaiketan deitutako bilkura berezira joan ziren Udalera (…).

        Isiltasuna mila zatitan lehertu zen

            Bezperan, Zabala gaztearen heriotzak sortutako haserreak eraginda, hainbat herritar Carlos V paradorean afaltzen ari ziren agintariengana joan ziren azalpen eske. Azalpenak ez ziren oso sinesgarriak izan, baina gobernadoreak manifestazio bat onartu zuen, ustez. Biharamunean izango zen, arratsaldeko zortzietan, tokiko agintariek hala eskatu eta ordena bermatuz gero. Eskaera egin zen, baina ez zen erantzunik jaso. Udalbatzak osoko bilkurara joateko hitza eman zuen baldin eta baimena iritsiko balitz. Ez zen iritsi. Iritsi zena bortxa izan zen. Ahalmen beldurgarrikoa. Tumuluaren inguruan bildutako jendea plaza betetzen ari zen. Zazpiak pasatxoan bota zuen zaparradak zalantzan jarri zuen zortzietan deitua zen manifestazioaren arrakasta. Baina jendeak ez zuen alde egin. Erlaitzen edo zuhaitzen azpian babestu zen, eta denak han zeuden indarra heldu zenean. Jendeak isiltasuna gorde zuen. Armada txintik atera gabe lerrokatu zen galtzadan. Handik gutxira, isiltasuna hamaika puskatan zartatu zen, hamaika tirotan, hamaika oihu pozoitutan, hamaika lasterketa zorotan, hamaika taupada ikaratutan. Handik minutu eskasera, Hondarribiko erdiguneak hiri setiatu bat zirudien eta tumulua, zeinaren inguruan hamar bat lagun izukaitz egon ziren, besteak beste [Eduardo] Txillida, eraitsita gelditu zen. Ordubetera, Hondarribiko udalbatza bildu zen eta, aho batez, dimisioa aurkeztu zuen”.

[9]   “Nire amonari buruzko poema”: Nire amona asko maite dut / ile horia du zaldi batek bezala / begiak urdin otso batenak bezala / eta oihu egiten didanean gaizki sentitzen da. // Nire amonak asko maite du telebista / Bigarren Mundu Gerrari buruzko filmak. / Bere etxea akziozko film bat bezalakoa da / berarekin egotea izugarria da. // Nire amonak asko maite du garbitzea / bere etxeak ongi usaindu dezan. / Hiltzen denean, lur azpian egon beharko luke / sator baten moduan Japoniaraino joan ahal izateko.

[10] “Nire aitona”: Nire aitonak gogor egiten du lan / mundu guztiari laguntzen dio / seguru zuri ere laguntza emango dizula / nire aitonak ile horia maite du. // Nire aitonak asko laguntzen nau / ulertzen nauen bakarra da / otso bat bezalakoa da / gehiegi maite du sagardoa edatea. // Nire aitona biziki maite dut / izugarri hartzen dut faltan. / Agian, hilda egon arren / menta maitatzen jarraitzen du.

[11] Hondamendiari hitza hartzen utzi ez banio, benetan posible balitz kontakizun kronologiko bat egitea, denbora ez balitz artifizio bat gehiago, hemen hasiko litzateke kontakizun hau. Baina zu nire jainko sortzailea zara eta ni oin ohar bat naiz momentuz. Gure arteko intimitate handiena zure gorputz barruan zain egon nintzen garaia izan zen, zure barrabilen epelean, zure barrua bilakatzen ari zen eremu arrotzean bizitzetik libratuko ninduen Isuri Bedeinkatura arte.

            Dagoeneko hor nago, orainaren esperoan dagoen erreserbista, izan nintzen ume arriskutsua, bilakatu naizen adin ertaineko emakume arrunt nahia eta nire barruan bizi den atso latentea daude kulunkan zure eskrotoaren sehaskan.

            Hor egon naizela badakit, zure gorputzaren epelean, bizitzatik eta heriotzatik libre, nire begien aurrean erre diren basoak inoiz pospolo batean egon ziren bezala.

[12] Urruntasuna premonizio bat besterik ez zen izan, baina zer ez, irakurtzen jakinez gero?

[13] Bizitzaren inertziak salbatzen gaitu ia beti.

[14] Disko-azal batean ikusi omen zuen amak lehendabiziko aldiz Eider idatzita eta, epikotasunik gabeko bere estiloari leial, belarrira ongi ematen zuela iruditu zitzaion.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Liburu hau beste bat zatekeen J.S. Bachen Nekaldia San Mateoren arabera lana entzuten idatzi izan ez banu. Artean ez nekien, baina Kristoren sufrikarioa eta heriotza irudikatzen du San Mateoren ebanjelioaren arabera.