Eraikuntzarako materiala
Eraikuntzarako materiala
2021, nobela
256 orrialde
978-84-17051-80-8
Azala: Lander Garro
Eider Rodriguez
1977, Orereta
 
2019, saiakera
2017, narrazioak
2007, narrazioak
2004, narrazioak
Eraikuntzarako materiala
2021, nobela
256 orrialde
978-84-17051-80-8
aurkibidea
 

 

III

 

 

Karl Marxen iritziz bere baitara bildutako sumina da lotsa. Urteak eman zituen lotsaren mekanismoak aztertzen, bere potentzialtasun iraultzailearen xerka. Lotsagabea lotsarazi nahi zuen, masarengan lotsaren metxa piztuz gero iraultza etorriko zela sinetsita: egia esan behar zitzaion, nahiz eta mingotsa eta jasanezina izan, hain zuzen ere horrexegatik.

      Lotsa ezagutza tresna bilakatu, lotsaren bidez baino ezin da porrotaren atzean kukututa dagoen amorrua hauteman: “Une horretan lehoia uzkurtu egingo da, oraindik ez dago jauzi mortala egiteko pronto, baina orro egiten ari da”.

      Lotsabakoak lotsatu, beren buruaren beldur izan zitezen.

      Lotsak berekin du jabetzea, norbere buruaren gaineko kontzientzia hartze biolentoa, egia jasanezina. Lotsa amorru bilakatzen denean buru-argitasuna omen dakar, amorruak adorea eta adoreak borrokarako grina, patua irauli eta miseriari aurre egiteko ukabilak.

      Lotsa, porrotaren eta erresistentziaren arteko pasabide afektiboa.

      Alaba marxista izan da zurekin, ez zuen aukerarik galtzen beretzat zein higuingarria eta ezdeusa zinen adierazteko, horretarako hitzaz inoiz baliatu ez bazen ere. Epifania bat izango zenuela sinetsita zegoen, baina gajoak zugandik ez zuen lortu mingain klaska bat baino gehiago. Behin, baina behin bakarrik, aurrez aurre hitz egin zizun. Zu desintoxikatzetik atera eta gero izan zen. Ordurako aldirietan edaten zenuen, eta alaba lasai ibil zitekeen herritik, baita Biteri kaletik ere. Baina arrats hartan Juli tabernan ikusi zintuen. Amak esanda zekien aurrezkien puska handi bat gastatu zenutela Opuseko Clínica Universitarian, eta aste baten buruan han zeunden, kazadora besotik zintzilik, alkandora zuriaren mahukak jasota, kopari eragiten. Alaba herrian bizi zen, baina ez zuekin. Amari eman zion albistea lehenik, ardo zuria edaten ikusi zintuela (“Ez ote zen ura izango?”. “Gernu koloreko ura?, ez”). Etxera iritsi bezain pronto emazteak kargu hartu zizun. Eta zuk ukatu. Eta alaba salatariaren etxeraino joan. Etxeko atalasean izan zen elkarrizketa. Alabak ez zintuen sartzera gonbidatu, atea jiratu zuen pisukidea lupetz hartara eror ez zedin. Ezagun zen edan zenuela, nahiz ez zeunden mozkorra. Bestela ez zenukeen bularraren gainean eskua jarrita egingo zin. Ura zela frogatzeko hatsa bota nahi izan zenion alabari aurpegira. Alabak mesedez eskatu zizun edateari uzteko, ahots hauskorrez.

      Mesedez.

      Ergelek eta santujaleek erabiltzen zuten hitza zen.

      Lehen aldia zen zure aurrean hauskor agertzen zena, eta hala ere.

      Handik urte batzuetara, etxeko eskaileretan behera erori zinen egunean utzi zenion edateari. Batzuek gehiegikerian baino ez dute aurkitzen ezagutza. Auskalo zer ikusi zenuen erorketa hartan, ez baitzen lehena izan. Eguberri bezpera zen alabak besaulkian aurkitu zintuenean aurpegia desitxuratuta, aspaldiko partez sobrio.

      Ia bost urteko bestondoa etorri zen gero.

      Etxea ere aldatu zen. Mozkorraldi Handia amaituta, eszenatoki berria eskatzen zuen etorkizunak. Hormetatik latigoa eta maskara afrikarrak desagertu ziren, airezkoak ziruditen altzariek ordezkatu zituzten egongelako ilun handiak, barra eraistearekin batera joan zen baltsa bilakaturiko besaulkia betiko, eta alaba ez zen han egon une historiko hura, Garaipenaren Eguna, bere begiez ikusi eta hondakinen gainean tu egiteko. Aurrerantzean egongelan sartzean parez pare ikusiko zintuen, ez lehen bezala eskortzoan. Aurrerantzean elkarri begiratu beharko zenioten bai ala bai: gizon bat, txabusinan, larruzko txapinetan sartuta, sofan hondoratuta; ama ere baden alaba bat, atariko ispiluan ilea atondu eta kauterizazioaren marka miazkatu duena.

      Zer?

      Ezer ez.

      Muxu bat ematera makurtu da zugana, ezin du ebitatu alkohol usaina bilatzea oraindik, beldur horrekin hartzen du arnasa. Masailean behera erortzen zaion ilea apartatu du zure ezpainak eta bizar egin berria sentitzeko, eta zuk, ukabilak sofaren kontra itxita, besoak, lepoa, ezpainak luzatu dituzu sofaren ahutzetatik askatzeko.

      Amodio bezperan desioa ezkutatzen duzuen bi maitale zarete.

      Ilea moztu dut.

      Diozu.

      Oso neska jatorra da.

      Diozu.

      Asko gustatzen zait nola mozten duen.

      Diozu.

      Berak ezagutzen zaitu.

      Diozu.

      Alabak lepoan eta paparrean erantsita gelditu zaizkizun iletxoak kendu nahi lizkizuke gertutik azkazal ertzarekin, alabak ile-apaintzailearen eskuak izan nahi du, ile-apaintzailea izan nahi du ispilu aurrean zuri finkatzailea nola eman erakusten, kirtendun ispilu batekin garondoa erakutsi ahal izateko zu eserita egon zaren aulki birakariaren posizio zehatza bilatzen, ile-apaintzailea entzun nahi du zure autentikotasunaz, irtenaldiez eta karismaz miraz berriketan, ile-apaintzailea umiliatu nahi luke berak inoiz izan ez duen hurbiltasun hori duelako hilabetero zurekin hogeita bi euroren truke.

 

 

Zure eskuak bi mahats aihen: latzak, hatz koskor irtenekoak, okerrak. Oin txikiegiak dituzu duzun garaierarako, oinarria falta balitzaizu bezala hasieratik. Zure masail belztuak, auskalo nora joateko, nondik ihes egiteko mapa. Barre egitean bekainak kaiotzen zaizkizu. Lepoa aurrerantz luzatuta ibiltzen zara, zugandik ihesi.

      Edateari utzi zenion garaian utzi zenion alaba aireportuetara eraman eta ekartzeari. Agian ez zegokizula pentsatu zenuen, ez zenuela berrogei urte betetzera zihoan alabaren tipuletan sartu nahi, agian urrunegi gelditzen zitzaizkizun aireportuok eta nekatuta eta osasunik gabe zeundela jabetu zinen. Alabak min sentitu zuen lehenengo aldiz zein ordutan joan behar zenuen galdetzeko deia iritsi ez zitzaionean, bere burua mozkorra zegoen gidari baten esku utzi nahiago zuen mozkor ohiaren hutsunea sentitu baino.

      Aldiz, igandero, hutsik egin gabe, haren etxera joaten zineten emaztea eta biok. Inoiz ez zinen esku-hutsik iritsi, eta ogia eta opilez gain, egunkariak eramaten zenizkien. Alabari beti iruditu zitzaion, egunkariak poltsatik ateratzeak ematen zizun plazeragatik, harro zeundela etxe hartan zuen egunkariak ez bezalakoak irakurtzen zirelako.

      Alabak suitzar opila irentsi du. Lehorra dago, baina berdin zaio, zuk ikus dezazun nahi du zer nolako benerazioa dien zure dohainei.

      Ez zenuen irin zuria utzi?

      Galdetu dio amak.

      Begirada zitala bota diozu emazteari.

      Jan ezazu nahi beste, Errenteriako suitzar opil onenak dira.

      Alabak bigarren bat hartu du. Begiratu egiten diozu jaten, irriñoarekin. Bukatu duenean barre egin duzu. Trapua eman diozu azukreztatutako ahoa garbi dezan. Zu harro zauden hein berean dago hura damututa, hain izan da trauskila erakustaldia.

      Gero, lepoa luzatu eta baldosa jarri eta egurrezko sabaiak lixatu zenizkion etxea inguratzen duzu, azeri baten antzera.

      Belarra moztu behar duzu.

      Erretenetako hostoak kendu behar dituzu.

      Esekitokiari toldo bat jarri behar diozu. Nik ekarriko dizut baina zuk jarri beharko duzu.

      Esaten diozu suhiari.

      Belarra moztu behar du.

      Erretenetako hostoak kendu behar ditu.

      Esekitokiari toldo bat jarri behar dio. Nik ekarriko diot baina berak jarri beharko du.

      Esaten diozu alabari.

      Jiratzen zarenean, suhiak, emazteak eta alabak elkarri begiratzen diote, eskuak astinduz, beroegi dagoen metal bat ukitu izan balute bezala. Inork ez dizu kontra egiten, inork ez du su-etena puska dezazun aitzakiarik eman nahi, printze tripontzi apetatsu bat izaten uzten dizute besteen etxeetan ere.

      Zanga bat egiteko aitzurketan ari zarenean edota sare metalikoa lurrean sartzeko mailukadak ematen dituzunean, emazteak diagnostikoaren eboluzioa ematen dio alabari.

      Badirudi hobeto dagoela.

      Dio igande batean.

      Badirudi okerrago dagoela.

      Dio hurrengoan.

      Nekatutakoan, sukaldera sartzen zara, lokatz arrastoak utziz lurrean, eta ur basokada bat edaten duzu, alkohola edaten zenuen egarri berberarekin. Gero, sofan esertzen zara eta bilobei hots egiten diezu telebista piztu dezaten.

      Nirea bakarrik ulertzen dut.

      Esaten duzu.

      Besteek zuk hasitako brikolaje, baratze-lan eta bestelako zereginen zipriztinak jasotzen edo intriga domestikoetan dihardute.

      Kezkatuta dago, baina ez du esaten, jainkoak libra dezala. Hor ibiltzen da egunean ez dakit zenbat aldiz triparen diametroa neurtzen, modelo bat dirudi.

      Dio emazteak.

      Alaba arropak tolesten eta karriatzen dabil etxetik, ohi ez duen ganorarekin.

      Ikusi al dituzu gereziondoak?

      Esan dizu, zure aldamenean eseri ahal izateko koartada bila egongelako mahaigainean kuxin-azalak tolesten. Alabak zure mira inguratu nahi du, zer esan nahi duen ez dakien baina zurea den legatua esku onetan dela erakutsi nahi dizu, landareekin ez ezik zuhaitzekin ere ausartu dela, lur eremu bat erosi eta baso bat landatzeko tentatuta dagoela esango lizuke, erretiratzen denean beren itzala gozatzeko.

      Ikusi ditut, ederrak daude, sagarrondoak ordea itsusi, gorrina dutela esango nuke.

      Diozu, kezkatuta.

      Alaba Egiptoko zazpi plagen erantzule sentitu da.

      Eskuak igurtzi dituzu, mingaina klaskatu duzu:

      Lagun bati deituko diot. Xanti Erkizia, Donostiako Udaleko lorezain nagusia da. Etortzeko esango diot, ea zer egin daitekeen.

      Telebistan ron iragarki bat, zuri-beltzean, kamera geldotuan. Son kubatar bat jotzen ari dira kalean, traje zuriz eta soineko distiratsuz jantzitako gizon eta emakume ezin ederragoak zeruari irri eginez, alkandorak zilborreraino zabalik, begizta solte, tiranteak ukondoraino irrist eginda, bizitzari lotuta, dantzan, mozkor batek inoiz edukiko ez lukeen psikomotrizitatearekin.

      Eskuak izterren alde banatan dauzkazu, halako batean bazoaztela diozun arte.

      Bagoaz?

      Galdetu diozu emazteari.

      Bagoaz.

      Erantzun dizu emazteak.

      Bagoaz!

      Esan diezu bilobei.

      Bagoaz.

      Alaba eta suhiari.

      Alde egin aurretik atzeko belardira joan eta arbolatik hartutako sagar herdoildu deforme bat jaten itzuli zara.

      Ederra. Beste pare bat hartu dut biderako, inporta ez badizu.

      Ez dago ez emoziorik ez ñabardurarik zure hitzetan, jakinarazpen bat soilik, egiari eskatzen zaion neutraltasuna.

      Eskua zabaldu duzu. Alabak bere etxeko sagarrak ikusi ditu zure eskua den sehaska zahar horretan. Hunkiturik dago eta eskerrak ematekotan egon da, baina garaiz ohartu da bere erokeriaz eta isildu egin da.

      Ea zure lagun hori etortzen den, lorezaina.

      Esan dio.

      Donostiako lorezainen jefea.

      Zehaztu duzu.

      Elkarri diozuen maitasuna adierazi diozue beste inork dezifratu ezingo duen moduan, eta orain alabak zuk alde egitea nahi du. Gaitza ez ezik sendabidea ere partekatzen duzue. Leihotik ikusi zaitu autora sartzen, zapata-zolak espaloi ertzarekin garbitzen auto barrena ez zikintzeko.

 

 

Azken Bestondoan tailer bat itxuratu zenuen anai-arreba guztiek autoak gordetzen zenituzten kobazulo heze eta labirintikoa den Iztietako garajean. Zure amaren izen-abizenak handiz idatzita dituen denda umetokia bada, bere izena eskrituretan soilik agertzen den Iztietako garajea hesteak dira. Alabarentzat beti izan da leku misteriotsu bat eta alabaren seme-alabentzat baita ere: indar gutxiko fluoreszenteek argitutako malda piko bat jaitsi behar da 400 metro inguruko soto batera iristeko. Zuk eta zure anai-arrebek han gordetzen dituzue dagoeneko etxean nahi ez dituzuen objektuak: bizikleta herdoilduak, ontziteriak, ileordez eta mozorroz gainezka egiten duten poltsak, hiruzpalau gas bonbona, biniloz beteriko kutxak, vhsz beteriko kutxak, kasetez beteriko kutxak, magnetoskopioak, irratiak, teleskopio bat, mikroskopio bat, bospasei kanabera, aparejuak, potin bat, campingaz bat, lerak, kranpoiak, mendirako makilak, maskara afrikarrak, sehaskak, gitarra bat, salbamenduko flotagailu bat, kalkulagailu mekaniko bat, sagardo botila eta ardo txanbil hutsak, zumitzak zartatuta dituzten saskiak, puzgarriak, puzgailuak. Dendan etorkizunerako objektuak saltzen diren bezala, hemen, saldu ez direlako iluntasunean harrapatuta gelditu diren bainurako ispilu, manpara, bidetak eta azuleju hondarrak gordetzen dira. Erabiltzen dituzten autoen atzean, Dyane 6 deskapotable beix bat eta Mini urdin bat daude eserlekuak poltsaz lepo, eta poltsetan: eskiatzeko jantziak, eskiak, orotariko kaskoak, klake egiteko zapatak, sokak.

      Garajeko zutabeetan kartulinazko ituak daude, balinek mailatuta.

      Garaje-trasteleku hori da zure mausoleo sakratua. Zure familiaren erruinak ikusgai daude intimitatean, klan osoaren maitale eta zaletasun ohiez jositako historia irakur daiteke itsuka objektuok ilaran jarrita, txokora pasatutako ametsetatik monobolumenen errealitatera.

      Auto guztiek dute giltza jarria. Haurra zenean, martxan jartzen uzten zenion alabari, banaka-banaka. Lau-bost urterekin autoz auto ibiltzen zen, motorra piztean sortzen zen burrunbarekin izututa eta jarraian zetozen zure algarekin baretuta. Berari esker barrez gogoratzen zaituen aldi bakarretakoa da. Martxan jartzen zituen barrez ikusi nahi zintuelako, nahiz eta ordaindu beharreko peajea beldurra izan.

      Bertan gotortzen hasi zara lanetik irtendakoan, berandura arte. Idazmahai lanak egiten dituen taularen gainean, irrati bat ipini duzu, flexo bat, txikle pakete ugari, orri solteak, erregelak, kartaboiak, arkatzak, Milan goma borobildu bat. Zerra elektriko handi bat erosi duzu. Sarjenta zahar batzuekin eusten dituzu moztera zoazen oholak. Azuleju edo adreiluak eutsi dituzten paleak dira zure lehengai nagusia, baina baita edozein egur soberakin ere. Harro erakutsiko dizkiozu piezak alabari. Argi gutxiegirekin eginak izateagatik mugituta dauden argazkiak bidaliko dituzu mobiletik piezaren aurpegi ezberdinekin.

      Ederra.

      Erantzuten dizu hark, ez harridura ikurrik ez ñabardurarik, jakinarazpen bat soilik, zuri ikasi moduan, egiari eskatzen zaion biluztasuna, nahiz eta gero lagunei erakutsiko dien objektu galeria eta bakarka ere begiratuko duen munduaren abiadurak uzten dionean.

      Inork nahi ez dituenekin egingo dituzu gerora denok nahi izango dituztenak: mahaiak, oheburuak, mesanotxeak, sukalderako orgatxoak, apalategiak, jardinerak. Egiazko erlijio bakarra aurkitu zenuen: alkimista, ardoa ur bilakatzen ikasi zuen antikristoa.

      Begira zer egin duen nire aitak! Nabaritzen ez den arren, birziklaturiko paleekin egin ditu.      Alabak lagunen txaloak behar ditu, berak bezala txikitatik zealdoka, pixa eginda eta begiradarik gabe ezagutu zaituztenen onarpena. Batzuek etxerako zerbait eskatuko diote. Alaba ezin harroago dago zure altzari bat egon litekeelako haien etxean, beste norbait bilakatzeko zorian zeundelako besteen etxeetan ere.

      Zer nolako kopeta duen X-k, egin zenidan mesanotxea ikusi du eta berak ere bat nahi duela. Esan diot ezin duzula, lan asko daukazula, baina galdetu egingo nizula hala ere...

      Esaten dizu alabak kabitu ezinak sortzen dion estutasunez.

      Gustatu bazaio egingo diot, baina itxaron egin beharko du.

      Erantzuten diozu zuk eztarria zorionak itxita.

      Zuretzat ezezaguna den jendea bere etxera joaten denean alabak esaten die:

      Aitak egin dizkit.

      Zure eskuekin egindako idazmahaia, oheburua, botileroa, komoda, etxola aurkezten dizkie zu inoiz aurkeztu ez zaituen moduan. Ez daki politak diren ala ez, baina bizirik dauden izakiak dira beretzat eta estetikaz aparteko parametroetan neurtzen da haiekiko atxikimendua.

 

 

Oraingoan liburutegi bat eskatu dizu alabak. Neurriak eskatu dizkiozu, baiezkorik edo ezezkorik esan gabe. Alabak geziz adierazitako neurriak idatzi ditu orri zimel batean eta argazkia bidali dizu sakelakotik. Gezi horiek perspektiban egindako apalategi bilakatu dira zugana iritsi orduko. Hiru bista egin dituzu, argazkia atera eta sakelakotik bidali dizkiozu alabari.

      Oniritziaren zain.

      Idatzi duzu.

      ok, aurrera.

      Erantzun dizu alabak.

      Egurrarekin lanean hasi aurretik akabera mota ezberdinak erakutsi nahi dizkiozula eta, astegun batean bere etxera agertu zara ezustean, afaltzen ari diren bitartean. Aurretik ez duzu telefonoz deitu, txirrina ere ez duzu jo. Agertu zarenean bilobek hankak besarkatu dizkizute, zuk buruak laztandu dizkiezu eta xingola batekin itxitako goxoki poltsa bana atera duzu kazadoraren poltsikoetatik Ez dute afaltzen segitu nahi izan. Alabak errieta egin die, zuk irribarre murritz bat egin duzu. Mahai gainera, plastikozko poltsa hautseztatu batetik, akabera desberdineko bospasei pieza atera dituzu: zuriz lakaturikoa, egur kolorekoa, zuriz pintatua eta atzera propio higatutakoa, egurraren korapiloak bistan uzten dituena...

      Ez kezkatu zenbakiak ulertzen ez dituzulako, garajean idatzita ditut legendak. Nik ulertzen dut neure burua, ez kezkatu.

      Esan duzu, nahiz eta alabak ez dien erreparatu piezek azpian dituzten zenbakiei.

      Amari lakatua gustatzen zaio. Berari estilo modernoa gustatzen zaio, badakizu.

      Ez da bakarrik suhiari ez diozula begiratzen, esaldian ere ez duzula txertatzen baizik. Suhiari ez zaiola axola dirudi, alabak lasaitua hartu du eta eskerrak eman dizkio sekretuki. Mahaiaren ertz banatan bermatu dituzu eskuak, piezetan jarrita larritasunezko begirada.

      Nik badakit zein den nire gustukoena, baina ez dut tartean sartu nahi.

      Alabak arraina amaitu gabe utzi eta banaka-banaka aztertu ditu egur zatiak lanpararen argitik gertu. Korapiloak bistan dituena aukeratu du.

      Hau?

      Galdetu die bi gizonei.

      Harrotasuna ezkutatzeko nahikoa ahalegin egin gabe esan diozu zuri ere hori gustatzen zaizula gehien.

      Alabak bikotekideari begiratu dio.

      Niri ere gustatzen zait. Baina hau ere ez dago gaizki, ezta?

      Esan du beste pieza bat seinalatuta.

      Mahaitik aldendu zara, nahigabetu egin zarela iruditu zaio alabari.

      Banoa.

      Esan duzu itzulingururik gabe. Dezepzionatuta dirudizu.

      Harraskara hurbildu eta baso bat bete duzu urez. Gizon bat ilbeheran zaren arren, edatean zuzendu eta luzatu egiten zara.

      Haurrak agurtu eta joan egin zara, gau minean bi bozina kolpe utziz.

      Zein harreman xelebrea duzuen.

      Esan dio bikotekideak alabari.

      Obszenoa.

      Pentsatu du alabak, baina isildu egin da. Nahigabea berak edo bere ingurukoek edo sukaldean ikusi duen zerbaitek eragin dion edo bere asmakizuna den ebatzi nahi du.

      Arrisku baten eraginpean egon denaren antzera, urruntzen zarenean arinduta sentitzen da, baina nahastuta. Eskuei begiratu die. Emakume heldu baten eskuak dira, ez bereak. Komunera doa, bera omen den hori ikusten du ispiluan. Izua sentitzen du ile luze hori ikusita (alabak beti eraman izan du mutiko ilea), soinekotik erdi agerian gelditzen diren bular horiek (zer protesi grotesko dira!). Kosta egiten zaio bere oraingo gorputzera etortzea, jendeak ikusten duen horretara. Bularrak ukitu eta estutu egiten ditu ukitzen dutenak bere eskuak eta ukitutakoak bere bularrak direla sentitu arte. Sartu den denbora atari horretatik itzultzeak leher eginda uzten du, daukan adinaren bikoitzarekin ateratzen da, hainbeste ezen eta egongelan telebistari begira goxokiak jaten ari diren eta bainua hartu behar duten haur horiek bere bilobak izan zitezkeen.

 

 

Emaztearen, alabaren eta suhiaren laguntza behar izan duzu liburutegiaren atal guztiak etxeraino igotzeko. Lurrak erreko balu bezala ibiltzen zara, oin osoa bermatu gabe eta, hala ere, alimaleko indarra erakusten duzu oholak sorbalda gainera igoz eta jaitsiz. Lehendik ere betea ez zenuen aurpegia haragi gabe gelditu zaizu eta orain kokospean daramatzazu izan zinenaren piltzarrak. Apalategia osorik etxera sartzea lortzen duzuenean ahituta zaude. Bi aste lehenago barize esofagikoen ebakuntza egin dizute: odoletan has daitezkeen zainak ixten dizkizute heriotza ekar liezazuketen odoljarioak eragozteko. Harrotasunez ukitzen duzu sabel puztua, sakrifiziotik onik irten zarela adieraziz bezala, irakurtzen du alabak.

      Igandetik igandera aztertzen zaitu, fruitu bat balitz mardultasunez gainezka legokeen zure sabelaren diametroa geroz eta iharragoak diren zure besoenetik gehiago urrundu ez dadin zainduz. Beti ipinita duzun perfumearen azpian zer dagoen usnatzen ahalegintzen da zure aldamenetik igarotzean. Partikula horiek sudurreratu eta izkina batera doa, biziotsu bat nola, hormaren kontra jarri eta gordetzen duten egia zein den, bizitza edo heriotza, argitzeko. Ahots mehar bat baino ez duzu. Haserretu egiten zara entzuten ez zaituztenean, eta alabak, mahuka zabaleko sazerdotisaren paperean, isiltasuna eskatzen du hitz egiteko imintzioa egiten duzun apurretan.

      Suhiak esan dizu nahikoa egin duzula, berak muntatu eta josiko duela liburutegia hormara.

      Erantzuteko lanik ere ez duzu hartu. Desairez begiratu diozu. Autotik zure erreminta kutxa igo duzu, eta ezpainak iltzez beteta, erasorako prest dagoen animalia mitologikoa dirudizula, apalategia muntatu duzu.

      Alabak biandak eta ur hotza ekarri dizkizu erretilu batean. Suhiak peoi lanak egin ditu. Zakar hitz egiten diozu, zakar hitz egiten diezu denei, nagikeriarekin, gauzak esan egin behar izateagatik. Txintik atera gabe onartzen dute zure tratu txarra, badakitelako beraiekin zerikusirik ez duen infernu batetik ari zarela hizketan, zure gorputza haiekin dagoen arren. Trebea zara oholak batetik bestera mugitzen eta mailuari eragiten, harrigarria da hor nonbait gordetzen duzun indar basatia. Basakeria horrek beldurra eta lilura sortzen dizkio alabari, irudipena du biolentzia hori barruan utzi izanak akabatu zaituela, baina atera izan bazenu, nola eta noren kontra erabiliko zenukeen esatera ez da ausartzen.

      Bukatzean, alkoholik gabeko bi garagardo edan dituzu eta sofan eseri zara, arnasestuka. Ezpainak garbitu dituzu beti patrikan daramazun oihalezko mukizapiarekin.

      Txukun geratu da, ala?

      Suhiak eta alabak mira adierazi dizute, emaztea zure obra trapu heze batekin garbitzen ari da.

      Lur jota zaude. Neskatoa tripa gainera igo zaizu eta zure kokospeko azalekin jolastu da, beti egiten du hori.

      Ze guai den, aitona.

      Dio.

      Segizioa zuei begira dago, liluratuta. Neskatoak galdetu du:

      Baina hiltzen ari zara?

      Irri-karkaila handi batek ihes egin dizu. Begiak zabaldu dituzunean emazteari, alabari, suhiari begiratu diezu soberan gelditu zaizun irriñoarekin, gainean zangalatrau duzun biloba eskuetatik hartu eta “Ez” esan diozu, koxkorragoa den audientziarentzat sinesgarri izan nahi ez duen doinuarekin, kausa on baten izenean gezurretan harrapatua izan denaren harrotasunarekin, eta lepoa haiengana bihurrituz begia kliskatu diezu.

 

 

Alabak ez zuen hatz bakar bat ere mugitu jakin zenuela jakin zuenean. Zure alaba atrofiatua ez zen zuen etxera maizago joan eta, zuek berera joaten zinetenean, ez zen maitekorragoa izango, ez zuen nahi-eta ikus zenezan familia-konstituzioa urratu zuenik, ez zuen nahi zuk susmatzerik ezer arraroa bilbatzen zenutenik zure bizkar. Zure alaba ez baitzen iheslari bat, lagunekin edota familia politikoaren baitan txeratsua izaten ikasi zuen arren, ez zen transfuga bat. Zure alaba leiala zen, eta ez zizun esango Benicassimera zurekin joan nahi zuenik, berrogei urte disimulatu eta seme-alabak anai-arreba bilakatuta zure albora, terrazako plastikozko aulkietako elkarrizketa mutuetara, atzera zure alaba izateko azken aukera probestera. Zure alaba ez zen sarkina, ez zizun inoiz minari edo heriotzari buruz galdetu.

      Gaixotu egin behar izan zenuen sendatzeko. Heriotza arrekonkon eraman behar izan zenuen behingoagatik lurrari atxikitzeko. Ez zenuen deus arranditsurik egin, hala ere, ez bazen erakuslea eta erpurua kakotuta jandako azken txuletaren lodiera adieraztea. Ez zenion lanera joateari utzi, paper eta banku artean pasatzen zitzaizun eguna, eta, eguzkia joandakoan, garaje-zulora sartzen zinen, besteen etxeetarako altzariak egitera. Harategirako txandari bezala itxaron zenion heriotzari eta zure zenbakia atera zenean mostradorera hurbildu eta harakinari begietara begiratu zenion lehenengo aldiz.