Bihurguneko nasa
Bihurguneko nasa
2021, narrazioa
136 orrialde
978-84-17051-78-5
Azala: Xabier Gantzarain
Uxue Apaolaza
1981, Hernani
 
Bihurguneko nasa
2021, narrazioa
136 orrialde
978-84-17051-78-5
aurkibidea
 

 

Kaptatzaile

 

 

Estás para que te capten.

Piropo herrikoia

 

Whoever you are... I have always
depended on the kindness of strangers.

Tennessee Williams

 

 

Madrilgo zerua eskuzabal esnatu zen, urdin-urdin, eguzki ederraz. Haize goxoa zebilen eta soineko leun-leuna neraman nik, marra zuri-beltzekoa, luzea, erosoa; kirol-zapatilak, ile busti sentsazioa (ziur ez neramala hala), hegan egiteko gogoa. Bakarrik nengoen, asteburua zen. Zortzi ordutik oso gora lo egin, kolesterol mordoa gosaldu, eguzkitako betaurrekoak atondu eta gazazkoa behar zuen egunera abiatu nintzen, paseoan, hirian barna. Hodei zuri bat ikusi nuen, haurrentzako marrazki biziduna balitz ardi bihurtuko zatekeena. Fuencarral kalera iritsi, eta han zeuden, taldetxotan, bakoitza gke baten dortsala soinean eta karpeta eskutan.

      — Momentutxo bat, guapa?

      Irribarre automatikoa irten zitzaidan, ezusteetarako keinua, desegokia zenbaitetan, baina abiapuntu bat ematen dit, neutroagoa da serio geratzea baino. Orduko hartan konforme nengoke keinuarekin; egoera identifikatutakoan irribarrea luzatzea zitekeen ohiko erreakzioa, beti aplikatzen dut antzeko lanetan ibiltzen direnentzat (mota guztietako paper banatzaileak: beti hartzen ditut, hurrengo zakarrontzian botatzeko. Klase adeitasuna). Ia nerabea zen, hogeita hamarrak ondo paseak nituen nik: Guapa? Zaplaztekoa barkatu nion, paternalismoa nire aldera ekartzeko, baina irribarrea eten nuen.

      — Oooo, erretzailea zara? Itzali egin behar zenuke. Hain neska ederra.

      Zupada izorratu zidan. Eztularen bulkadak ez zuen biderik aurkitu eta kea, eztarrian itxita, labankadaka hasi zitzaidan. Gorri-gorri jarri nintzen. Belaunei heldu nien: tira, esku batez, bestea itxita nuen, bermutarentzako txanponen gordailu.

      — Utzi egin behar zenuke.

      Ez nukeen besoa gehiegi luzatu beharko zigarroa karpetan itzaltzeko. Putalocaka utziko nukeen: ikusi egin nezakeen, azpikontratatutako lankideenganantz lasterka txikian. Tentetu nintzenean planifikatu gabeko irribarre erdia nuen ahoan: mutilak bularrerantz eraman zuen karpeta. Antza, zerbait irristatu zen nire begiradatik bere karpetara. Alde egin zuen, agurtu ere egin gabe, atzerantz, nire aurpegiari so, ekuazio bat askatzen ari denaren begitartez.

      Banuen atzerantz bultzatzeko melena luze bat, eta haize epela ez zen gelditu. Beste ardi zuri-zuri bat hurbildu zen lehenago ikusitakora.

      — Egun on! Gustatzen zaio dantzatzea neska eder honi?

      Irribarrea ataskatuta geratu zitzaidan, ez zidan begiratu ere egiten hitz egin bitartean; erridikulu sentitu nintzen, han, zutik, nik bera gelditu banu bezala, Callao erdian, irribarrea norabide guztietan alferrik galtzen. Altua zen, gorantz begiratu behar nion (ez zait ia inoiz gertatzen), esku handiak zituen, beltza zen, traje txaketa itsas urdina, kamiseta zuria... Bat-batean, ez nuen neska argal delikatua ematen, tuberkulosiak jotako eta beste espezieren bateko izaki zurbil eta akastuna baizik. Ahoa ireki eta irentsi behar ninduke, eboluzioa azaltzeko horma-irudi didaktikoren batean. Nire arrazismoak txikitu egiten nau.

      — Hemen duzu horretarako lokal onena.

      Zerbait eman zidan, paperen bat. Hartu nion, begiratu zidan. Goitik behera, ez zuen beste modurik.

      — Nahi duzu haraino laguntzea?

      — Ez da ordu ona dantzan hasteko —sutan nuen aurpegia, begirada haren pisuarekin ezin izango banu bezala.

      — Gauean lagunduko dizut orduan.

      Gogo gabe esan zuen, ingurura begira, ea norbait interesgarriagoa hautematen zuen. Espazio gehixeago hartzen duen gorputzen bat. Ez ninduen ikusiko asko saiatuta ere. Egun osoa nuen aurretik, baina jarraitzeko ordua zen.

      — Presaka nabil.

      — Ados, egun ona izan.

      Nitaz ahaztu, eta beste neska batenganantz zuzendu zuen pausoa. Momenturen batean, irribarre-aspertsore lanetan nenbilela, ardi itxurako hodeiak elkartu egin ziren, eta masa zuri dentsoa eratu: ostarteek hodei urdinak ziruditen, zeru zurian. Hotzik ez, hala ere.

      Gazazko aldartea berreskuratzeko tartea izan nuen, bostehun bat pausokoa. Preciados kalea pasarela bat izan zitekeen, baina guztiz kontrakoa da: erakusleihoek edozein modelo ikusezinduko lukete, erdi erorian ibiliko litzatekeena eskaleen, eskuetan beti zerbait jausteko zorian daramaten haurren, haien gurasoen, ilaren, terrazen, kale-musikarien, gkeetako kaptatzaileen, kale-saltzaileen... artean. Ondo begiratu behar da norantz zapaldu.

      Hurrengo hutsegitea nire errua izan zen. Barrura begira nenbilen eta ez nekien, hor kanpoan, begiak zertan zebiltzan. Argi dago norbaiti begira zeudela, eta norbait hori neska dortsalduna zen, printzipioz beste emailegai bat aukeratu zuena. Gaztea, ederra, beraz, argala, ile luzekoa; hortik beherakoak ez zeuden Preciadosen. Mesoneros Romanosera bidaliko zituzten, gero zeharka begiratuko zieten estrategiak fintzeko bileran, “zenbat pertsona gelditu zaizkizu?”, helburuak, falta zaizkizun dohain guztiak, antsietatea... Eta estrategiak funtzionatzen zuen, nire begiek ere bera hautatu baitzuten, ez eltzeitsuak eskutan minbiziaren aurka dirua biltzen eta pegatinatxoak jartzen ari ziren andre dotoreak.

      — Egun on, minututxo batzuk zure laguntza behar duten haurrei buruz hitz egiteko?

      Begien eta burmuinaren arteko traturen bat izan zen loratu zitzaidan irribarrea, ez nintzen kontziente nire ezpainen posizioaz. Zirak zeramatzatela ohartu nintzen.

      — Euria egingo du?

      — Barkatu?

      Zerura begiratu nuen. Ostarteak oso txikiak ziren, eta hodeiak ez ziren hain zuriak ordurako. Eguna laburtzen ari zitzaidan, gaza olana bihurtzen: presa oihal astuna da.

      — Iragarrita zegoen euria egingo zuela? Horregatik daramatzazue zirak?

      Ingurura begira zegoen jada, eta atzerantz pausoak ematen. Berdin zitzaidan, ez zitzaidan interesatzen.

      — Egun on, minututxo batzuk zuen laguntza behar duten haurrei buruz hitz egiteko?

      Bikote bati ari zitzaion, noizean behin niri begiratzeko aukera ematen zion jarreran, aurre egin behar balit laguntza bikoitza izate aldera edo. Agur egin nion eskuaz.

      Zenbat urrun nintekeen, zenbat urrundu nahi nuen nire aterpetik, euria egingo zuela jakinda? Ateri eutsiko zion ni Prado museora iritsi arte? Geldi nengoen Sol plazaren sarreran, terraza soinujoledunak gainditu ondoren. Bide beretik itzultzea, bai, baztertu nuen, ez nituen berriro kaptatzaile berberak ikusi nahi.

      Andre bat ari zitzaidan hurbiltzen, dortsal berdea, itsulapikoa, eguzkitako betaurrekoak, zirarik ez. Dirua eskatzeari utzi beharko zion euria hasten bazuen. Nolabaiteko elkartasun sentsazioa sortu zidan: beregana iritsi baino lehen, etorri ginen kaletik etorrita ere, denok egin genuen topo jada kausa beraren aldeko erle biltzaile taldeekin. Haiek alde batera utzitakoak edo konbentzitu gabeak ginen. Agian soinekoan horrelako gomets bat jarriko balidate, errazago libratuko nintzateke ezustean hartzen ninduten kaptatzaileez.

      — Egun on...

      Ez nion jarraitzen utzi. Txanpon izerdituak sartu nituen eltzeitsuan. Eskuak libre gelditu zitzaizkidan. Bermuta hartzeko hartu nituen, baina ez nituen beharko.

      — Euria egingo duela iruditzen zaizu?

      — Ez dakit, neska, ezetz espero dut.

      Pegatina jarri zidan soinekoan. Apur bat makurtu nintzen horretarako.

      — Nik ere bai.

      — Badakizu bazkide egin zaitezkeela?

      — Pentsatu izan banu, bai, baietz esango nuke, “ziur badagoela aukera erakunde horretako bazkide izateko”, hori pentsatuko nuke, eta ez nuke beste ezer egingo.

      Tantaren bat erori ote zen iruditu zitzaidan. Montera kalean gora itzultzea erabaki nuen, gometsa paparrean. Mila bat pauso eman ahal izan nituen lasai xamar: Compro Oroko gizon sandwichek ez dute inor gelditzen, gehienez papertxo bat ematen dizute. Aterperantz abiatzea erabaki nuen euria hasi aurretik iristeko, baina hasi egin zuen, barra-barra. Lasterka egitea izan zen lehen erreakzioa, irribarreak bezain erreakzio automatikoa, baina pauso lasaira itzuli nintzen berehala. Bustita nengoen jadanik, iritsitakoan ez nuen berotzeko modurik izango: haizea ez zetorren hegoaldetik, ekialdekoa zen bat-batean, zerua gris-grisa zegoen, A Spoonful of Sugar kanta ahoan, Pradorantz jarri nuen burua. Riveraren aretoan hartuko nuen atseden. Soinekoak ez zuen pisurik bustita ere, dutxa sentsazioa nuen, buruan behera, eguna gazazkotzen ari zen berriro. Bakanen batzuk lasterka pasatzen zitzaizkidan ondotik; gehienek kalearen ertzetako aterpeetatik begiratzen zidaten. Dortsala zeraman batek barne.

      Kalearen gailurrean, Gran Via gurutzatzeko semaforoan geratu nintzen zain. McDonald’s-aren sarreran hartu zuten babes oinezko askok, Gran Viako bi heavyek barne. Semaforoa berdetu eta pasatzen hasi nintzenean, peto berdeko mutil lerden bat ikusi nuen nire ondoan lasterka, ile kizkurra euriak masailean itsatsita, begirada grinatsuz, nigandik nahiko gertu. Pausoa bizkortu zitzaidan, azkar pentsatu behar nuen; abestiko txoritxoen txorrotxioa imitatzeari utzi nion, noski.

      — Ze sustoa —irribarrea aktibatuta zegoen txaleko berdea bereizi nuenetik, ze sustoa, gezurra esan baino lehen.

      — Ezin zintudan pasatzen utzi.

      — (Irribarrea)

      — Ekologia interesatzen zaizunaren aurpegia daukazu.

      Begi bat itxi zuen: ironiaz ari zela adierazteko? Alegia, adierazi nahi zidan saldu nahi zidana saltzea ni pasatzen ez uzteko aitzakia zela. Baina, berez, bere egitekoa da nik hori sinestea, berez, kontrakoa egin nahi duen arren. Ez? Tira, irribarre egin nuen.

      Martxa maratoi batean geundela zirudien, ni oinez joango nintzatekeen baina egoera normalagoa izateko lasterka egin behar genukeen. Une batean, Gran Vian behera gindoazela, besoak zabaldu zituen zerurantz. Zertan ari da? Ziur kaptatzaile izan aurreko ikastaroan esan ziotela horrelakorik ez egiteko.

      — Kontatzeko istoriotxo bat edukiko nuke orain bazkide egingo bazina.

      Burua alde batera okertu, bera ez zegoen aldera, ile bustia erortzen utzi, buru kolpe batez apartatu; dena irribarre egiteari utzi gabe, dena erantzun egoki bat ontzeko lana ez hartzearren.

      — Asko ari zara urruntzen kanpamentu nagusitik, ni etxera noa.

      Callaora iristen ari ginen Gran Vian barrena, Pradora joateko bidearen aurkako norabidean. Museora eramatea intimoegia zatekeen.

      — Presa daukazu?

      Euripean, galderak bazuen bere grazia. Beste irribarre bat. Gorputza begiratu zidan, disimulurik gabe: soinekorik ez banu bezala nindoan. Tarte zuriak guztiz gardendu ziren uraren ondorioz, eta marra beltzek azalean margotuak ziruditen.

      — Etxera laguntzen badizut entzungo didazu?

      — Entzun, zer?

      — Zer eskatzen dizugun ekologiaren alde.

      — Korrika egin nahi nuke.

      — Egin, ba.

      Berak ere hala egin zuen. Irudi normalagoa ematen genuen lasterka, bustitzea inporta balitzaigu bezala.

      — Zu gke horretakoa zara?

      — Ekologista naiz.

      — Baina hori kasualitate hutsa da, ez?

      — Ez gaude hemen niri buruz hitz egiteko.

      — Ikastaroan esaldi hori iradoki zizutenean, ez zen testuinguru honetarako.

      — Ez jarri horrela.

      — Histeriko deitzea ez da bezeroak lortzeko modu onena.

      — Bezeroak?

      — Ordaintzaileak? Diru-emaileak? Nahi duzuna. Ez daukat inori emateko dirurik.

      — Tira, ba ekologiaren alde zure egunerokoan zer egin dezakezun kontatuko dizut.

      — Ez dut behar.

      — Zer egiten duzu, ba, zure egunerokoan, ingurumenaren alde?

      — Birziklatu egiten dut, bost minutuan dutxatzen naiz, argiak itzaltzen ditut geletan ez nagoenean, ez dut berogailua 20 gradutik gora jartzen eta, noski, ez ditut leihoak irekitzen berogailua pizten dudanean. Bigarren eskuko arropa erabiltzen dut.

      Gelditu egin zen, arnasestuka. Ni ere bai.

      — Zu zaharragoa zara hemengo kaptatzaile gehienak baino.

      — Bai, ia berrogei urte ditut. Hogeita hemeretzi.

      — Hemen bizi naiz.

      Noizbait Ferrekin partekatu nuen pisuaren aurrean geunden, Pez kalean. Euritan zegoen belaunei helduta, nire kaptatzailea, blai eginda: adina aurpegira igo zitzaion. Neke handi baten azpian oreka berreskuratzen ari zen. Nirea da.

      — Zu non bizi zara?

      — Limon kalean, beste bi lagunekin.

      — Ez zeunden lanean, ez?

      — Zer?

      — Sustoa eman didazunean, ez zeunden lanean. Etxerako bidean zaude.

      — Ez. Bai. Kar, kar, kar. Ez nengoen lanean, ez, bukatu berri nengoen. Eta bai, etxera nindoan. Baina bazkide egin zaitzaket hala ere.

      — Zure lan eremua ez zen Gran Viako metro irteera.

      — Ez.

      — Orduan, non?

      — Non, zer.

      — Non egin duzu lan?

      — Rastroan.

      — Ez dago gaizki. Honantz beharrean Prado aldera egin banu, jarraituko nindukezun?

      — Bai.

      — Etxean daude zure pisukideak?

      — Ez.

      Irribarre egin nuen, ezpainez eta bekainez, eta berak ere bai —itxuraz, lortu nuen keinuak nik nahi nuena adieraztea—. Beraz, irribarre egin genion elkarri. Jarraitzeko keinua egin zidan buruaz eta lasterka mantsoan hasi zen. Aurrera egiteari utzi zion korrika balihoa bezala mugitzeari utzi gabe; berriro begiratu zidan. Ni geldi nengoen, nolabaiteko herabetasuna antzezten. Gelditu egin zen. Euritan geunden. Van Dykek besoa eskaini zidan igel jauzi bat egin ondoren (urduri jarri nintzen: identifikatu du kantatzen ari nintzena eta pelikula jarraitzen daki?), nik onartu egin nion, eta beste eskua jaso nuen eguzkitako bolantedunari heltzeko. Ain’t it a glorious day? Right as a mornin’ in May. I feel like I could fly. Have you ever seen the grass so green, or a bluer sky? Komedia erromantiko batean sentitzen zuen bere burua. Kanpotik begiratuta asasinatzeko gogoa ematen genuen. Perfektua zen. Biok geunden pelikula berean. Ez? Ia musu eman zidan, eta pertinentea zatekeen. Lasterka hasi zen nire eskuari helduta. Etxera ninderaman. Ziur berogailua zeukala. Ez zion erreparatu soinekoa baino ez neramala jantzita, ez nuela ez gauzaz betetako poltsarik, ez poltsikorik. Ezta inongo giltzarik ere, noski.