Euri zitalari esker
Euri zitalari esker
2021, nobela
376 orrialde
978-84-17051-68-6
Azala: Ainara Azpiazu Aduriz, Axpi
Itxaro Borda
1959, Baiona
 
2024, poesia
2012, nobela
2009, nobela
2007, nobela
2005, nobela
2001, nobela
2000, poesia
1998, poesia
1996, nobela
1996, nobela
1994, nobela
1991, poesia
1986, poesia
1984, nobela
 

 

XVIII

 

 

Nolwen etorri zen hiru jendarmerekin. Arrotzak bagina bezala egin zuen. Ez zidan sorik bota ere. Egia erran, ez nuen horrelakorik espero, baina egoera larria zenez, txintik atera gabe onartzea zegokidan. Aulkietan sokaz lotuak atxiki genituen gizonak askatu zituzten, halaber burumakur zetzan anderea, eta lerroan, eskuak burdinez tinkaturik, loiroan aiduru zeukaten kamionetaren barnera bultzatu zituzten. Bortitz. Nolwenen ahots zirraragarria aditu nuen:

      — Eta mutikoa? Mutiko bat bazen, ezta?

      — Muriel Berrondo langile sozialarekin dago, mediku azterketak egiten, bere logelan. Ez da ongi, batere...

      — Pentsatzekoa da ez dela erraza beretzat. Amaia Ezpeldoi, plazer dut zure berriz ikustea... aspaldiko partez!

      — Besarkadarik ez?

      — Distantzia fisikoaren metro eta erdiaren istorioa kontatzen dizut?

      Ez zuen balio akitu zedin. Mundu guztian zehar terrenta berdina zen. Laster, lanjerosa izan zitekeen bata besteari bekoz beko hitz egitea bera, hemendik eta handik, mikrobioak zein birusak erasoan geneuzkalako. Irri egitekorik ez zen arren, biok, algaraz, elkarren besoetara lehertu ginen.

      — Milesker, Nolwen, ez dut ahantziko gaur enetzat obratu duzuna.

      — Deusetaz. Lan ona egin duzu...

      — Egin dugu hondarrean, Peio Elizalde eta Fernandekin. Eraginkorragoak izan gara batera. Bakarka baino hobe da, dena den...

      — Eta Maddi, lokalizatu duzue?

      Hori zen gure aste eta erdiko punturik ilunena. Gure oin zolak minberatzen zituen harritxoa. Maddi gaizoaren hatzak argiki segitzen ahal genituen Piteier baserriraino, baina irudiz, hemendik eskapatu zenez geroztik, nehork ez zekien nondik zebilen. Peio Elizalderekin partekatzen nuen ene teoriaren zalerik sutsuena nintzen: bazen urtea eskas ez zutela bideo pornografiko berririk bildu eta Maddi akabatu zuten, familian, ni vu ni connu, eta bertan ehortzi. Ez nintzen biziki baikorra Maddiren destinoarekiko.

      — Etxe inguruko lurrak irauli behar genituzke, hilotza hemen dagoela susmatzen dudalako...

      — Jendarmerian galdekatuko ditugu, gogorki, mintzarazteko medio indartsuak erabiliz, jakizu ez direla isilik egongo... Bitartean, zuk bilatzen jarrai ezazu, zure lagunekin.

      Ordenak ziren, ahots zuriz emanak. Nolwen Kergelen nire maitale ohia, antza, lanera etorria zen eta ez enekin lehen bezala jostatzera. Amets eroa lepoko oihal izerditsuaz tapatu nuen eta detektibe rural gisako profesional zuzen moduan ihardetsi nion:

      — Hala bedi, bihotz.

      “Bihotz” elea hain samurki ahoskatu nuen segundoan, niregana bihurtzen ikusi nituen hamalau begi-nini. Neurri batean kontent nintzen ene “errazu hitz bat eta sendatuko naiz” erako jukutria ez-biolentoaz. Nolwenen matelak gorritu ziren, bermeildu, karmindu, gaizki zegoela ageri zen, toki ezegoki batean outing likitsa egin banio bezala. Mendeku txikia zen, merkea, eta berehala damutu nintzen. Isiltasun dorpeak hormatu gintuen. Loirotik abiatu eta pinuen arteko bidetik zulatuz, atxiloekiko kamioian sartu zen Nolwen. Erretrobisorean nekusan bere irudia ahurraz agurtzen saiatu nintzen. Bere begirada beroa zen eta ez zirudien hain kexu ere. Afera buklatuko nuenean deituko nion: zin dagit.

      Peio Elizalderekin egon nintzen baserriko ezkaratz zakar hartan. Fernandek alde egin zuen. Beretzat istorioa bururatua zen. Ez zuen deus gehiago ekarriko. Herritar zintzo baten plantan ekin zuela iruditzen zitzaion eta aski harro zen horregatik:

      — Ene pinu-ur bilketara itzuliko naiz, Amaia, oihanaren bakeaz gozatzera, goizetik arrats ene karkasa zaharra inarrostera eta noizean behin ene andre zenaren hobira, otoitz egitera...

      — Atharratze gaineko Madalena mendiaren mazeletan bizi naiz Joana ene lagunarekin, zatoz igandean, bisitaz, bazkalduko gara eta hango bazterrak erakutsiko dizkizut...

      — Detektibeaz gain, gida turistikoa ere bazara?

      Ene nortasun-txartela eskuetan uzten nion bitartean, argi zegoen nitaz arraiki trufatzen zela. Mexikar narkoen maneran estu tinkatu ninduen sorbalda bakarrean. Partitzeko tenorea zeukan. Humanitatearenganako amodio tsunamiak eraman ninduen berriz Peioren aldamenera. Joana Garraldari telefonatu behar nion, berriak eman, kezka ez zedin, han bakarrik bortü gain berde eta haizetsü hartan.

      — Maitea, galdua bezala naun, Maddiren gibeletik Labriteko baserri honetaraino heldu eta ez zekinat haboro ikerketa honen oihala nondik nora urra...

      — Aurkituko dun bidea, ez naun hiretako beldur!

      — Lurpean eta zeru gainean ez baldin bada, non dago Maddi?

      — Bizirik nonbait, agian...

      — Joana, gauza bat, Fernand gonbidatu dinat igandeko, bazkaltzera... Peio Elizalde ere bai: zer dion?

      — Ahantzi zain Dora, Mango eta bizpahiru lagun ere jinen direla gure etxe-sartzea ospatzera?

      — Atx ho!

      — Lasai, laztana, gehiago eta hobeago... loriatuko gaitun, loriatuko garenez, pott, ciao!

      Muturrera itxi zidan deia Joana Garraldak. Ausarta zen. Eskertzekoa nolabait. Zurez, harriz eta lokatzez eraiki etxe zaharraren auhenak eta kraskak oro hautematen nituen, gaitzitua sentitu nintzen minutu hartan. Peio Elizaldek ez zuen debaldeko gogapenik. Xerka eta xerka zerraikan, armairuak birundaka husten, xokoak miatzen, liburu bakanak ireki eta aurtikitzen, indizerik txikiena harrapatu asmoz. Sentimentalegia nintzen eta, ene aldamenean, Peio bezalako pragmatiko hotz eta gogorraren presentzia eskertzen nuen. Garrasi bat aditu nuen, Maddi sei bat urtez preso egon zen ganberatik:

      — Amaia, so egizu zer atzeman dudan...

      — Zer ba?

      — Ordenagailu bat eta interesatuko zaizkizun bideo labur hauek... ez dira pornografikoak, bestelakoak dira...

      — Erakuts!

      Bi minutuko puskak ziren. Eskasak. Mugikor batekin filmatuak. Jose eta Jason ageri ziren Jeep batean, zuhaitzen erditik lehiatzen, laidoka eta airera tiroka, norbaiten atzetik, errabiaz. Norbait hori Maddi baldin bazen eta gaua kartzelan iraganen zuketen bi gizonek aurkitu ez baldin bazuten, bizirik zegoela erran nahiko zuen. Peiori so egin nion eta, ez dakit zein barne-jaidura itsuk bultzaturik, ezpainak musukatu nizkion, gosaioki. Laguna harritu zen bistan dena. Behatz puntaz ferekatu nituen nire ezpainak:

      — Barkatuko al didazu, Peio?

 

 

Landetako bide zuzen eta aspergarrietan behera abiatu ginen. Haize arin batek ferekatzen zituen arroiletako iratze tematsuak eta han-hor altxatzen ziren artelatzen hosto berde ilunak. Peiok aitzinera begiratzen zuen, ez desbideratzeko bezala, eta nik, noiztenka, soslaia ikusten nion, lepoa ezkerretara bihurtzen nuenean. “Lasai, ez dun deus gertatu” nioen enekiko, musu ebatsi horrek hazi zidan uherdura ezin ulertuz. Eskerrak telefonoaren txirrina entzun nuela, neurri batean salbatu ninduen. Muriel Berrondo zen, hura ere Baionako norabidean, medikuarekin eta Julien mukizuarekin:

      — Ukan ditut egin ditugun azterketen ondorioak... eta uste dut baserri horretan abereak bezala bizi zirela, elkar gaizki tratatzen zuten etengabe eta mutikoa erdi mutua dela erantsi dezaket.

      — Ez liteke txarto argiagoa bazina!

      — Egia, zaude, hasieratik hasiko naiz. Baserrian geundela haur hotza ikertu dugu eta duda izpirik gabe behin baino gehiagotan bortxatua izan da, kolpeak jaso ditu eta gorputza uspelez estalia dauka. Egoera negargarrian dago. Ez du asko hitz egiten, baina marrazki zehatzak etzaten ditu paperean...

      — Eta?

      — Aita mamu beldurgarri baten moduan irudikatzen du. Jasonez gain, Jose ere errudun dela gehituko nuke. Uste dut zure laguna den Nolwen horrek, alde horretatik, desegin beharko lukeela etxe hartan bizi zirenen kontakizun zurruna... zurrunegia.

      — Eta ama deitzen zuena?

      — Isilik egon da biolentzia episodioek irauten zuten denbora osoan. Julienek begi bakun geldo bat itxuratzen du otsoaren gainean, zuri-beltzean, amaren ziklope begia hots.

      Ez nuen astirik eduki eskerrak bihurtzeko, bihotzez, lortzen nituen berriak terribleak ziren arren. Peio Elizalde ohartu zen ene kemen beherakadaz, bat-batean desegokia zitzaidan musuari pentsatzeari utzi niolako. Piztiaz, deabruz eta mehatxuz hantu ilunpera erori nintzen, mutikoaren itzaletik. Pertsona horiek haurra sexu-jolas tresna eta merkantzia gisa erabiltzen zuten. Peiok aurkitu bideo pornografiko zenbaitetan, burua txano beltzez jantzirik, mutiko baten presentzia sumatzen zen. Julien zitekeen eta Peiori autoa bide hegian aparkatzea eskatu nion.

      Atea zabaldu orduko, makurtu eta neukan gibelmin apurra bota nuen, sabela dolore eta ahoa mikatz. Peiok gerritik atxikitzen ninduen, erraiak ere belaze motzera aurtikitzen nituen bitartean.

      — Zer pasatzen da?

      — Julien bortxatua izan da txikitatik, agian ere atzeman ditugun bideoak egiteko baliatua. Ideiak berak disgustua hazten dit, jasanezina zait, ez da nire buruan sartzen umeei, haurrei, mutiko eta neskatxei minik egitearen ideia. Badakizu, erantsi nuen, hertzeak doi batez jabaldu zitzaizkidanean, filmetan, fikzioan halaber soportaezina zait, egiazki, nazka ematen dit...

      — Dulert, Amaia, egiten dutenarentzat pagatuko dute garrazki. Igo zaitez autora, Baionan izan behar dut arratsaldeko lauretan, faltarik gabe. Abokatuaren bulegoan dut hitzordua, emazte ohiarekin. Dibortzioko agiriak izenpetzeko edo...

      Izerdi hotzaren uhinak bizkarrezurrean gora hupatzen nabaritu nituen. Izuaren atzamarrak ziren. Muriel Berrondok aski neutralki kontatu gertakarien eta nire erreakzio biszeralaren arteko leizea neurtu nuen. Bere lanaren egiteko ez nintzen nehoiz gai izango. Detektibeok, halaber, saltsa garratz frankotan sartzen genuen sudurra, afera zenbait arras sordidoak zirelarik. Askotan hilotz ustel urrinak betetzen zituen nire zainak eta molekulak. Egoera larrian aurkitzen nintzen orduan eta, dutxatu arren, ez nezakeen larruari loturiko kiratsa ken. Castetsko ordainleku erraldoian sartzerakoan, oreka fisiologikoa berraurkitu nuenerako, mugikorraren hotsa oihartu zen. Maddiren ama zen aldi honetan:

      — Amaia Ezpeldoi anderea?

      — Bai...

      — Aspaldian ez didazu berririk eman, dirua hartu bai, baina ez duzu nik manatu lana batere aitzinatu. Auzitara eramango zaitut...

      — Emakumea? Zer diozu? Zure telefono zenbakirik ez didazu utzi, beti zuk deituko ninduzula... Jakizu, badugu zerbait eta ez da loriatzekoa, behar dugu elkar ikusi, laster.

      — Maddi aurkitu duzu?

      — Ez, ez dugu aurkitu, baina bizirik dago...

      — Beharrik bai, bizirik dela, zer derasazu?

      — Baionan bil gaitezen hemendik ordu batera. San Izpirituko Errepublika plazako iturriaren ondoan. Han igurikiko zaitut.

      Agurrik gabe moztu zuen solasaldia Maddiren ama xifrituak, ez zen horregatik beratzen, umeltzen, gisako bilakatzen. Urguilutsua zen, ohorearen zentzu zorrotza zeukan, nahiz eta itxuraz traputzar ematen zuen. Alaba are ederkiago ezkondu zitzaion eta horrek tulunbio sozial latza urratzen zuen bi emazteen artean. Ezpaina plegatu nuen, ironikoki. Peioren beso gainean pausatu nuen eskua, lagunkiro:

      — Plazer bat izan da, nahiz eta elkarrekin kausitu duguna infernuko zazpigarren zirkuluko solairurik hitsena izan. Maddiren bila joan behar dugu. Arrastirian, ohiko lekuan?

      — Bai, Aturri gaineko zubipean. Non uzten zaitut?

      — Hemen, ongi da...

 

 

Dutxa hartu nuen Maubec karrikako ene apartamentu txikian sartu orduko, zikin fisikoaz eta moralaz garbitzeko bezala. Banuen beharra, zinez. Ur hotza isurtzen utzi nuen luzaz, gorputza eta arima itotzear. Ikara larriak nabaritzen nituen eta uhin bederak Piteier baserrian ikusi itsuskeria bakoitzaren irudia hedatzen zidan burumuineko pantaila lauan. Espezie humanoan neukan fede naifa histen zihoakidan. Haurrei eta ume hotzei erasotzea... zerbait zen gero... zer zuten gizakiek tripa zokoan? Nola justifika zitezkeen krimen zital horiek? Zelan? Ez nuen erantzunik, gohaindura larria baino.

      Idortu, orraztatu eta jantzi baiko, etxe-mudantza egiteko prestatuak nituen kartoien gainean jarri nintzen. Musika eman nuen, Itoizen Ezekielen prophezia alegia, eta bakarrizketan ekin nion, ahots goraz:

      — Infernu honetatik urrundu behar dut, ahalik lasterren. Zer erranen diot Maddiren amari? Gorotz hori guztia botako diot sudur pera? Gertatu denaren ardura nagusia bailitzan? Ez, umilago izango naiz, esplikatuko diot, hitz laburrez, noraino heldu garen, zein diren falta zaizkigun urratsak Maddirengana heltzeko, non dagoen ere ez dakigula...

      Ezekielek salbatuko ninduen. Ustez bederen. Sineste apurra nuen. Hutsaren gainean iltzatzen eta aitzina lehiatzeko akuilatzen ninduen aldi berean, ikerketa eraman nuen egun astun guztietan buruan neukan abestiak. Gaur ere, Maddiren desagertzearen misterioa zulatuko nuen, zakutik edo zorotik, eremuko dunen atzetik. Bizkitartean, ezer ez nuen, eskuak basamortu eta ideiak murritz nituen. Makinako kafe presatua edan eta etxetik jaitsi nintzen Errepublika plazako hitzordu lekura hurbiltzeko. Kebab saltzaile, ile eta bizar ebakitzaile edo mugikor denden aurretik lerratuz iritsi nintzen, nagiki bezala, kaputxa buruan, sorbaldak kulunkatuz, San Izpiritu auzoko jendaila arruntenen pare. Pasatzean, beti, hausnar berdinak larrutzen ninduen: epe laburrean kartier honetan ikusten nituen neskatila distiratsuak eta emazte elekariak oro sator zuloetan sartu ziren. Ateratzen zirenean, kaskotik oinetarako, Raqqan bagina bezala, burka eta nikab beltzak eramaten zituzten soinean.

 

            Eta euri zitalari esker bizi da

            Ikusi zituen gurpil sutsuak

            Arranotu zaizkio, amoratu

            Eta bazter batean aurkitzen da

 

      Hala zen, munduaren bazterrean aurkitzen nintzen ni ere, Errepublika plazara heltzean, kasko zokoa mexikar narkotrafikante telesailetako itxuraz hantua. Sinaloan nintzen, Culiacanen, Sonoran, Jaliscon, Michoacanen edo Durango aldean. Baionako San Izpiritun nintzen eta, iturriaren aldamenean, Maddiren ama zegoen ene aiduru. Urrats urrika hurreratu zitzaidan:

      — Berriak badituzu? Non da Maddi?

      — Nahi duzu kontatzea?

      — Zergatik uste duzu hain gizenki ordaintzen zaitudala?

      Jendea bazebilen Errepublika plazan. Betikoak. Polizia munizipalak barrandan. Indarra erakusten. Legea eta bortitza zein aldetan zeutzan jakin genezan guztiek. Gure aitzinetik pasatu zen urdin bikote bat. Boza apaldu genuen:

      — Jason Moreauren baserrian atzeman dugu zure alabaren azkeneko aztarna. Eztei erraldoiak egin zituen, baina ez zuen bizitza zoriontsua ukan. Semea munduratu zuen esposatu eta ondoko urtean.

      — Semea? Zer derasadazu? Ez dut fitsik konprenitzen... amatxi egin nau beraz? Eta ez dit sekula deus erran bere gutunetan. Hilabetean behin idazten zidan, badakizu...

      — Bai, badakit, baina ez zen libre, bere hitzak eta mugimenduak kontrolatzen zizkion Jason senarrak eta honek, Jose bere lagunarekin, bideo pornografikoak biltzeko erabiltzen zuen.

      — Baina? Baina? Ene alaba ez da horrelakoa!

      — Alta...

      — Non dago? Ikusten ahal dut? Eta semetxia... duda pizten didazu, bizirik da bederen?

      — Bai, anderea, zure alaba bizirik da, baina ez dugu oraino lokalizatua. Duela zenbait aste, Piteier baserriko bere kartzelatik ihes egin zuen, Jasonen amak atea ongi gakotzea ahantzi zuelako!

      Negar gutizia neukan, istorio latza harilkatzen nion artean. Hezetasunak begiak itoko zizkidan eta zintzurra trabatuko. Ez nuen kraskatzeko eskubiderik. Peioren ezpainak irudikatu nituen eta Joana Garraldaren sabel malgu beroaren aizolbea, ordena horretan. Harritu nintzen. Eskua altxatu eta itxura-ingumak haizatu nituen. Egonezinaren aztarnak joan zitzaizkidan. Berriz prest nintzen errealitate zitalari buru egiteko:

      — Aurkituko dugu Maddi edo Marie-Cecile, hala deitzen zioten Labrit eskualde hartan. Ez kezkatu horretarako. Gaineratikoak berak kontatuko dizkizu.

      Ez nuen atxikiko ez nukeen promesik egin behar. Maddi ez baldin banuen atzematen, emaztea zainetatik jauziko zitzaidan eta menturaz tristuraz hilko zen. Familiak halakoxeak ziren, hasieran, haurrek ez bazituzten gurasoek hartu bideak hartzen, betirako kanporatzen zituzten eta bukatzen zuten haur prodigo horien itzulera amultsuki desiratzen. Zikiro besta nasaiak antolatzeko prest ziren, ardoa eta haragia ausarki, bekatua barkatu gabe, gutxienez bekatu horren aztarna ezabatzeko, sendiaren ohorearen izenean. Maddiren ama urrats horretarako mardo nabaritzen nuen. Baina non zegoen Maddi?

      Behin, Bidarraiko mendi-aterpetik bi nerabe desagertu ziren. Iparlan gora eta behera ibili arren, ez nuen gordetzen ziren lekurik zehaztu. Bi mutikoak, beren lehen emozio sexualak dastatzeko premian, mundutik urrundu ziren. Bi egunez atzetik bila debaldetan ari izan ondoan, hondarrean erabaki nuen Baionako zupeko egoitza sugetsuetan bulegoa zeukan Susana Moon astrologo eta tarot tiratzailearengana jotzea. Ama birjina izerditan urtzen zen tokian zeudela erakutsi zuten Susanak atera kartek, herioarena bi eguzkik inguratzen zutela. Hala zen, gau hartan bertan bi mukizuak harrapatu nituen, biluzik, elkartuak, Harpeko Sainduaren itzalean, onik eta neurri batean zoriontsu. Maddi zegoen lekua finkatzeko ere Susana Mooni laguntza eskatuko nion?

      Algaraz lehertu nintzen, Maddiren ama urruntzen segitzen nuela. Zubi aldera hartu zuen. Konturatu nintzen ez nekiela oraindik ere zein zen bere zuzenbidea. Hori bai, dirua bazuen, larderia, eta enekin nahi zuena zegien. Ez bat, ez bi, Susana Mooni deitu nion. Oren erdi baten buruan igurikitzen ninduela erantzun zidan. Diru-kutxa batean laurogei euroko eragiketa egin nuen eta zupera abiatu nintzen oinez, Doneztebe bidean gora. Bihotza pisu neukan, airea behar nuen eta Susana Moon estimatuaren sosegu astrologikoa. Izarrak alde jarriko zizkidan. Egoitza gorakoien maldara heldu eta 14 zenbakiko atetik sartu nintzen, modako burukoak eta jantziak zeuzkaten gazte zaratatsuen artetik nekez urratuz.

      Susanaren gelara lerratu nintzen oihal pisuzko erridauak higiaraziz. Ilunkara zen, new age musika entzuten nuen eta intsentsu usainez betetzen zitzaizkidan sudur zuloak. Birla uhargi bat eta zazpi argizari ikusten nizkion aldamenean. Bere aitzinean jarri orduko, zigarretaren keak eta nikotinak erre ahotsez erran zidan:

      — Atz, zü, ez zira egoerarik hoberenean... arrazu düt ala ez?

      — Prefosta, arrazü düzüla...

      Ahantzia nuen Susana Moon jatorriz zuberotarra zela, Barkoxeko Larraja auzoan sortua, Paristik pasatua, azkenean Baiona iparrean errotzeko. Bertan, Mamoud marabut ospetsuarekin batera zebilen lanean, amodio eta bikotekide galduak xerkatzen, zortea onera bideratzen eta minbizi zenbait hidroxiklorokinaz sendatzen saiatzen. Urrea balio zuen Susana Mooni egin telefono deiak eta hitzorduak irauten zuen oren laurdena laurogei eurotan uzten zizun, adiskide prezioa, zioen bezala!

      — Zü itzal baten gibeletik ebilten zira... itzalki hori, oihan batetik, izenik ez düan hiri batera joan düzü eta han dabilazü nora jo jakin ez. Tzerkatzen zütü... kartak bereitz itzazü ezkü ezkerraz...

      — Dar-dar niagozü... —xuxurlatu nion, baina kartekin bi meta egin nituen durduzatu gabe. Susanak inguratu zuen heriotzaren irudia, bere sega zorrotz eta hezurki zurbilarekin. Behialako ikara areagotu zitzaidan.

      — Ni nüzü hilen?

      — Pentza! Horrek erran nahi dizü zure aitzineko bizi moldearen dolüa egin beharko düzüla, zerbait berri azmatzeko... tira ezazü bigarrena, ea, zer dügün hor?

      Eguzki eder bat atera zen, ilunpean. Susanaren boza aho-putzu zabal hartatik isurtzen zen, hitzak zehaztuz, zintzur karrakaz azpimarratuak. Baketu nintzen, sosegatu.

      — Atzamanen düzü bilatzen düzüna.

      — Segür zira?

      — Bai, laurogei euro. Ezkerrik hanitz.

      Zuberotarrak gogorrak ziren aferak egiterakoan. Ordaindu nuen, gogoz kontra, ez nuelako biziki maite konfinatzea aski ongi lortzen nuen moltsaren zerrailuak irekitzea. Bihotzean ximiko bat nabarituz abandonatu nuen Susana Moonen apartamentu misteriotsua. Bidean galduak sentitzen ginenean, beti eta egundainokoan, baliabide magikoak irudikatzen genituen, iragarleak, belagileak, sorginak, ele ederzaleak telebistetako aurkezle mugiezinak eta oinarrizko baliatzaile sektarioak. Edonola ere zepoan eta xederetan gatibu genbiltzan. Hori nioen nirekiko, Aturri azpiko autobideko zubi pera nindoala zuzen, Peio Elizalderekin finkatu zitara.

      Hausnar jostariari ekin nion bidean, autoen zarata eta nanopartikula likitsen itsasoan urturik: eta nik zer egin nezakeen dirua asko eta agudo irabazteko lehian, ez nuen abiltasun berezirik, autoko bateriaren kanbiatzeko ere koinatuaren laguntza behar nuen, une horietan emazte batek gizon baten premia zeukala ondorioztatzera iristen nintzela. Porrota zen enetzat, ohikoan, urguiluz hanturik, emazteak ez zuela gizon premiarik errepikaz nenbilelako, aldamenean Joana Garralda bezalako butch bat zeukano. Butch talentutsua, egiazki. Nik zaborrak biltzen eta, jendeek ez ikusteko gisa, zoko gorde batean metatzen baizik ez nekien. Eta bizitza marmarrean pasatzen nuen, funtsik ez zuten pentsamenduak txirikordatzen, hori zen ene humanotasun ezaugarri bakarra.

      Taka-taka heldu nintzen Aturriko zubiaren maldara. Ibaiertzeko lokaztegi urrin epelak bete ninduen. Zeru hodeitsuan, ubarroiak zihoazen launaka eta, urrunetik, kaioak zinkurinez entzuten ziren. Aparkaturiko kamioi pare baten erditik, bulta hartan bertan itxoiten zegoen Peiorengana ernatu nintzen. Irriak trukatu genituen. Sua piztu berria zuen, bazterretan atzeman kartoi eta egur puska idorrekin. Zikinak nonahi botatzen zituen jendeak, sasitzarrez emokatu arroiletan edo hurbileko oihan trinkoetan. Zuzendu ezinak ginen.

      — Berririk baduzu?

      — Ez, baina Susana Moon tarot tiratzailearengana joan naiz, lagunduko ninduela agian, Maddi non kokatzen zen asmatzen...

      — Eta? Zer eman du zuen ikustaldiak?

      — Aitor dut misterioa loditu baizik ez didala egin, herioaren eta eguzkiaren kartak jalgi dizkit, dorrea bukatzeko. Ez dakit deus gehiago, baina “Tzerkatzen zütü!” erran dit... zerbait ateratzen ahal da alde horretatik, ez duzu uste?

      — Zerbitzu sekretuetan ez dugu sekula magorik erabiltzen gure ikerketak bururaino eramateko.

      — Bai, zera!

      Algara ozenez lehertu zen. Arto irinez adelatu sei talo bazituen eginak eta xingar xafla bana erretzen zebilen. Ardo botila erdi betea zeukan saihetsean. Mundua zuri-beltzean begietsiko bagenu, Dead Man film erraldoiko Nobody eta William Blake pertsonaien modukoak izango ginateke, Baionako ez-leku horretan, arrats apalean: lasaiki eleka, ke usainez eta plazerez itoak, etorkizunik gabeko orainaldi mamitsu batean sustraituak. J’adore xuxurlatu nuen behin baino gehiagotan. Han ez zen eskasik, Neil Youngen soinu banda baizik.

      Aturri gaineko zubiaren zutoinak troxatzen zituen janari gozoaren usainak. Ur azalean laino mihise arina jaisten ari zen. Beraztu nintzen bat-batean, eta Peiori begira geratu nintzaion: estatuaren operazio zikin ezberdinetan zohitua zen eta aurpegian zeraman sakaila ilunak Tony Montana aire bat ematen zion.

      — Zer duzu, Amaia, eni so?

      — Gizon arraroa zara...

      — Guztiak garen bezala, ezta?

      — Bai, arraroak eta apartekoak. Basamortuaren minean bagina legez gaude hemen, kanpamendu zoharreko suaren inguruan bilduak, haize murmurren ordez, autobideko kamioien eta kotxeen burrunbak lagun ditugula...

      Isilik egon zen Peio. Ez zitzaidan sekula bere espioi berezi menturaldiez mintzo. Egiazko agente sekretua zen. Urdaiazpikoarekin taloa prestatu zidan, arraposki. Taloa preseski ene gozamen bekaitza zela salatu nion, jatekoa ahora eman bitartean. Basoak ardoz bete zituen erdiraino eta txin-txin. Ez genuen deus gehiagoren beharrik: aterpea, janaria, edaria eta adiskideen arteko metroko distantzia fisikoa. Telefono baten txirrina hauteman zen. Norena zitekeen? Biok gure sakelak miatu eta ohartu ginen nirea zela orroaz deika. Aldi honetan ere zenbaki ezezagun bat. Hartu nuen:

      — Nor da?

      — Ilse... gogoratzen zara nitaz? Wittig Barren juntatzen ginen denbora batez, Miarritzen... ez duzu ahantzia agian?

      — Zer berri dakarzu?

      — Badakizu langile sozial gisako psikiatra lanetan plantatu nintzela Akize alde honetan. Badut, ene aitzinean, bere ama Garazi eskualdekoa dela berresten didan emazte zarpaildu bat. Batzuetan Laura Palmer dela erraten dit, besoetan daukan egur puska semea duela eta antzeko zozokeria franko. Eta besteetan nahi du Marie-Cecile deitu diezaiodan. Ez dut deus ulertzen. Nortasun arazoa dauka argiki. Beharbada ezagutuko duzu etxetik falta den norbait, entzun duzu zerbait, horretara nator, Amaia, jakiteko soilik...

      — Interesgarria, zinez interesgarria.

      Kasko zokoa marruskatzeari ekin nion: ama garaztar baten alabaren bila nindoan eta agian xerkatzen nuen Maddi hura izan zitekeen Ilseren aitzinean zetzan emaztekia. Nola jakin? Ba ote zuen seinale berezirik? Oroitzen saiatzen nintzen. Peiok gaueko kanpalekuaren ohantze eta lo-zakuak hedatzen zituen artean, Maddiren amak eman argazkiak aztertu nituen, mugikorraren pantailan, banaka. Berezitasunik ba al zuen? Zorigaitzez deus ez zegoen... baina denborarekin eta begiak sutuz, matelaren erdialdean, malko baten mikro-tatuajea ikusi nion. Horixe zen gakoa, kakoa, krakoa.

      — Negar anpulu baten marrazkia badu begi azpian?

      — Zaude...

      Lauzpabost segundoko epea mendea iruditu zitzaidan. Pazientziaren irakaspenak barneratzeko egokia. Nahigabekoa. Bihotza banbaka aditzen nuen eta, hondarrean, Ilseren zintzur karraka ozendu zen urrutizkinaren sabeletik:

      — Bai, badu, zergatik?

      — Astebete atzetik nabilkiola! Maddi da edo Marie-Cecile, sei urte hauetan Landetako Labrit herriko Piteier baserrian senarrak eta amaginarrebak preso atxiki dutena...

      — Bizirik da, baina barnez erabat hautsia eta kanpoz andeatua.

      — Zuzen da burutik ordea, benetako seme bat munduratu zuelako duela zenbait urte. Mutiko horrek bere amonari ama deitzen dio eta tratu txar larriak jasan ditu dagoeneko.

      — Hauxe mirakulua! Zure afera eta nire arrangurak, biak, trenkatzen ditugula ahapaldi bakarraz...

      — Baiki... uste dut Susana Moon eskertzera joan beharko dudala...